2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORIKAIN
Orikaingo mendiko pista eta bideen erabilera eta sarbidea
arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Orikaingo Kontzejuak, 2012ko urriaren 30ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Orikaingo mendiko pisten eta bideen erabilera eta sarbidea arautzen dituen ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia 2012ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 22an, eta jendaurrean egoteko legezko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Orikainen, 2013ko urtarrilaren 8an.-Orikaingo Kontzejuko burua, Javier Jorge Pérez.
Ordenantza, Orikaingo mendiko pista
eta bideen erabilera eta sarbidea arautzen dituena
Orikaingo landa bide publikoen sareak berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.
Pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea eta giltzadun zutoin baten bidez ixtea. Xedea hirukoitza da: Orikaingo natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.
Behin betiko onetsi ondoren, debekuaren eta ixtearen adierazleak jarriko dira.
Helburua horixe dela, Orikaingo Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honek, indarra duen araudiari jarraikiz, Orikaingo landa bide publikoen erabilera eta sarbidea arautzen ditu eta, gainera, erabilera komun berezi edo pribatiboagatiko tasa bat ezartzea aurreikusten du.
2. artikulua. Landa bideen kategoriak.
Erabilera nagusia zein duten, Orikaingo landa bide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:
1.-2 metro zabal edo zabalagoak diren bideak.
a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen dituenak, nekazaritzako eta/edo oihangintzako ustiapen pribatuetara joateko.
b) Pista nagusiak, mendietako eremu zabaletara iristeko erabiltzen direnak, edota inguruko herrietara iristeko. Gauza bat baino gehiagotarako erabiltzen dira: oihangintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza...
c) Bigarren mailako pistak, sare nagusiaren osagarri direnak, eta mendi, basoberri, belardi eta beste zenbait tokitara iristeko aukera ematen dutenak.
d) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.
2.-2 metro zabal baino meharragoak diren bideak: bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.
3. artikulua. Zaintzea.
Orikaingo Kontzejuak zainduko du 2.1.a), b), c) eta d) ataletan zehazten diren landa bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen ondarearen aldetik interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).
2. artikuluaren 1. atalean definituriko landa bide publikoetan, Orikaingo Kontzejuak prebentziozko mantentze lanak baizik ez ditu eginen.
Hiru metroko zortasun eremua errespetatuko da bidearen kanpo aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan jasotzen den gisara.
Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada, Orikaingo Kontzejuak eginen du eta lan horien kostua partikularrari kobratuko dio.
4. artikulua. Ibilgailu motordunak.
Orokorrean, debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, ondoko paragrafoan xedatzen dena kontuan hartuko bada ere.
Mendiko pistetan, ibilgailu motordunen zirkulazioak arau hauek izanen ditu:
Bestelako baimenik ukatu gabe, honako ibilgailu motordun hauek ibiltzen ahal dira Orikaingo Kontzejuko mendiko pistetan:
a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak, eta/edo nekazaritzako ustiapenekin ikusteko dutenak.
b) Basoko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.
c) Edozein administrazio publikoren ibilgailu ofizialak.
d) Mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren oihan lanetan erabiltzen diren ibilgailuak (oihan aprobetxamenduekin, oihaneko beharrekin eta oihaneko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira oihan lanetan).
e) Nekazaritzako eta abeltzaintzako zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak, zeregin horiek egiten diren lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean.
f) Administrazio publikoenak ez diren ibilgailuak baina naturguneetan zaintza lanetan aritzen direnak.
g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateenak ere.
h) Ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean.
i) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei sostengu egiteko ibilgailuak.
j) Pistak erabiltzeko eta horietatik pasatzeko eskaera egin eta Orikaingo Kontzejuaren baimena lortzen duten ibilgailuak.
5. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.
Orikaingo gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo Orikaingo Kontzejuaren baimena duten bestelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira.
6. artikulua. Baimenak.
1.-Orikaingo Kontzejuak emanen du Orikaingo pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Orikaingo herritarrek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste pertsona batzuek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.
Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.
2.-3,5 tonatik goitiko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Orikaingo landa bide publikoetan barna ibiltzeko, salbu eta 4. artikuluan zehazten direnak badira. Baimen hori Orikaingo Kontzejuak eman beharko du.
3.-Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.
7. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.
1.-Orikaingo mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 20 kilometro orduko izanen da edozein ibilgailu motarentzat, dela motorduna dela motor gabea.
2.-Istripurako arriskuak apaltzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.
8. artikulua. Jarduera debekatuak.
Ordenantza hauen 4. artikuluan ezarritakoaz gainera, berariaz debekatuta daude taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren turismo jarduerak, baita ibiltariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak ere. Salbuespen gisara, Orikaingo Kontzejuak baimena ematen ahalko du taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.
9. artikulua. Pisten inbentarioa.
Ordenantza hauek behin betiko onetsi ondoren, Kontzejuak pista guztien inbentarioa eta planoa eginen ditu.
10. artikulua. Bideen erabilera berezia. Lizentzia, tasa eta fidantza.
Bideen erabilera berezia da pisu gordina 20 Tm baino handiagoa duten ibilgailuek egiten dutena, nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioetan obrak egitean, etxebizitza berriak eraikitzean edo oihangintzan aritzean.
Arriskugarritasuneko eta intentsitateko zenbait inguruabar izateagatik erabilera publikoko ondasunek erabilera berezi hori izan dezaten, lizentzia eskuratu beharko da aldez aurretik, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 122.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Erabilera horretarako Kontzejuaren lizentzia behar da; beharrezkoa izanen da jakitea jabea edo sustatzailea nor den, kamioia zein den, zenbat tona egiten dituen eta zenbat bidaia egin behar dituen. Hartara, Kontzejuko langileek agerraldia eginen dute bidea erabili aitzin eta bidea erabili ondoan.
Tasa ordaindu beharko da bideen erabilera bereziagatik; haren zenbatekoa ordenantza honen I. eranskinean zehaztuko da.
Orobat, 3.000 euroko fidantza edo banku-abala pausatu beharko da Kontzejuko bulegoetan, erabiltzen den bidean eragiten ahal diren kalteen berme.
11. artikulua. Arau-hausteak.
1.-Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna.
2.-Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da, eta zehazki:
1) Abiadurari, pisuari eta kargari dagokienez ordenantza honetan adierazten diren mugak ez betetzea.
2) Ordenantza honetako 4. artikuluan aipatzen diren kasuetan eta jarduketetan, ibilgailuak Kontzeju honen baimen espresurik gabe ibiltzea.
3) Mendian barna sartzea, bide eta pistetatik kanpora, lege honetan aurreikusten diren salbuespenak salbu.
4) Ibilgailu motordunetan taldeka ibiltzea, baita antolaturik daudenean ere.
5) Delako bide eta pista horietan eta Kontzejuko karriketan barna oihangintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea, baita kate bidezko ibilgailuen joan-etorria ere.
12. artikulua. Zehapenak.
Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; gehienez ere 300 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarri bezala.
Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.
Isunen zenbatekoa eta eragindako kalte-galeren ordaina administrazioaren premiamendu bidean galdatu eta gauzatuko da.
13. artikulua. Araubide juridikoa.
Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.
I. ERANSKINA
Tasa, bideen erabilera bereziagatik
1.-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz, tasaren zergapeko egintza da tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia.
2.-Ordenantza honi dagokionez, tasaren zergapeko egintza hau da:
a) Oihangintzako produktuak bide eta pista horietatik ateratzeko egiten diren joan-etorriak, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Salbuespena da etxerako egur loteen aprobetxamendua.
b) Eraikuntzako materialak, ondasunak eta ekipoak pista eta bide horietan barna garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.
Zura garraiatzen denean, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuaren markaketa-orrietan, horren ondoriozko oihan aprobetxamendu partikularren kontzesio erabakietan jasota dauden horietan, zer bolumen agertzen den, halakoxeko tasa ordaindu beharko da.
Eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasunak eta ekipoak garraiatzen direnean, tasa ordaindu beharko da haien tonajeagatik.
3.-Hona hemen tasaren zenbatekoa: euro bat berrogei zentimo (1,40 euro) tona bakoitzeko, zura nahiz eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasunak eta ekipoak garraiatzen direnean.
4.-Halaber, pasatu baino lehen eta ondoren, pistaren egoera aztertuko da. Azterketa hori halako lanetarako kualifikatuta dagoen eta Kontzejuak izendatzen duen enpresa batek egin beharko du, eta lan horren kostua pasatzeko eskaera egiten duenaren kargura izanen da.
Hala bada, eskatzaileak, dagokion tasa ordaintzea galarazi gabe, berregite edo konpontze gastuen kostu osoa ordaindu beharko du, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 2ko 2/1995 Foru Legearen 105.5 artikuluan ezarritakoarekin bat. Gastu horiei fidantzaren bidez erantzunen zaie. Konpontze gastuak fidantzaren zenbatekoa baino handiagoak badira, Orikaingo Kontzejuak gainerakoa administrazio bidetik kobra dadila eskatuko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 117. artikuluko 4. lerroaldeari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: L1300209