23. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

28/2013 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duena, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren babesean.

Nafarroako Gobernuaren 2013ko urtarrilaren 16ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan agertzen diren zorpetze-eragiketak hastea xedatu zen (392.102.954 euro gehienez). Orain Nafarroako Zorraren 18. obligazio-jaulkipena egiten da, 20.000.000 euro, osotara; epea sei urtekoa da.

Gobernuaren aipatutako erabakiak, 3. puntuan, ahalmena ematen dio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari, eskuordetze bidez, jaulkipenaren interes tasa finkatzeko. Halaber, erabaki horren 4. puntuan ezartzen da kontseilari horrek eman beharreko foru agindu baten bidez jaulkipenaren baldintzak zehaztuko direla, besteak beste, jaulkitzeko egunari eta prozedurari, harpidetzeko epeari eta interes tasari dagozkienak, eta ahalmena ematen zaio kontseilariari erabakia betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak:

Nafarroako Zorraren jaulkipenak behin betiko ezaugarri hauek izanen ditu:

Zenbateko nominala: 20.000.000 euro.

Diru-sarrera "Nafarroako Zorraren Jaulkipena" izeneko 112003 11430 9000 000000 kontu-sailari aplikatuko zaio, 2013ko diru-sarreren aurrekontuan.

Instrumentazioa: bono arruntak, bakoitza 100.000 euroko balio nominalekoa, konturako idatzoharren bidez adieraziko direnak.

Jaulkipen data: 2013ko otsailaren 5ean.

Amortizazioa: parean, 2019ko otsailaren 5ean.

Jaulkipenaren prezioa: %100.

Interes tasa: finkoa, %4,929 urtean (Egun/egun).

Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzeko otsailaren 5ean.

Aseguruaren komisioa: 30.520 euro, 2013ko gastuen aurrekontuko "Zor publikoa eta bestelako maileguak jaulki, aldatu eta kitatzeko gastuak" izeneko 112003-11430-3010-951100 kontu-sailaren kargura.

Ordaindu beharreko zenbatekoa: 19.969.480 euro.

2. artikulua. Jaulkipenaren aseguramendua.

Finantza entitate esleipen-hartzaileek jaulkipenaren zenbateko osoa bermatuko dute; horretarako, dagokion kontratua izenpetuko dute.

3. artikulua. Likidezia.

Nafarroako Zorrak Zor Publikoaren Merkatuan kotizatuko du idatzoharretan.

4. artikulua. Tratamendu fiskala.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat interesek sortutako etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen legezko araudiaren arabera. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ezta konturako diru-sarrerarik ere, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Jaulkipenaren produktua eta gastuak.

Jaulkipen honen produktu guztia 2011ko maiatzaren 16ko Erabakian ezarritako helbururako erabiliko da.

Jaulkipenari lotutako gastuak 2013ko gastuen aurrekontuko "Zor publikoa eta bestelako maileguak jaulki, aldatu eta kitatzeko gastuak" izeneko 112003-11430-3010-951100, kontu-sailaren kargura izanen dira.

Jaulkipenaren interesak 2014tik 2019ra bitarteko ekitaldietako gastuen aurrekontuetan bidezko den kontu-sailari aplikatuko zaizkio, bi ekitaldi horiek barne.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko urtarrilaren 28an.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1301364