225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

356/2013 FORU AGINDUA, urriaren 22koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurrean jartzen duena foru dekretu baten proiektua, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak.

Otsailaren 4ko 12/2010 Foru Aginduaren bidez, agindu zen foru dekretu baten proiektua prestatzeko prozedura has zedin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuan prezio publikoen bidez finantza daitezkeen jarduerak eta zerbitzuak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 61. artikuluari jarraikiz, kontseilari eskudunak zilegi du erregelamenduzko arauen proiektuak jendaurrean jartzea, arauaren ezaugarriengatik egokia iruditzen bazaio. Alegazioren bat aurkezten bada, behar bezala baloratuko da eta espedienteari erantsiko zaio.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak prestatutako txostenak agerian utzi du foru dekretuaren proiektuak, haren edukia dela eta, interesdun ugari ukituko dituela, zeren prezio publikoen bitartez finantzatu gogo diren zerbitzuek herritar guztiei eragiten baitiete, eta edozein pertsonak eska ditzake noiz edo noiz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 18.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak finkatuko dituela prezio publikoak izan ditzaketen jarduera eta zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta haiek ematen edo egiten dituen departamentuak edo erakundeak proposatuta.

Departamentu edo erakunde autonomo bakoitzak araudien berrikuspen horri banan-banan heldu beharko balio arauzko xedapen ugariren ondorioz sortuko liratekeen eragozpenak saihesteko, komenigarritzat jo da arau bakar batean biltzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek egiten dituzten zerbitzu eta jarduera guztiak, prezio publikoak eskatzea zilegi denean.

Hori dela eta, gogora ekarri behar da tasa eta prezio publikoei buruzko lege horren 17. artikuluaren arabera, prezio publikoak izanen direla zuzenbide publikoko araubidean egindako zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ordaintzen diren diru kontraprestazioak, baldin eta zerbitzu edo jarduera horiek sektore pribatuan ere egiten badira eta administratuek borondatez eskatzen badituzte; horretarako, foru lege horren 5. artikuluak zehazten du administrarien eskaria ez dela borondatezkoa izanen legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dutenean jarduera edo zerbitzua egin behar dela, edo eskatutako ondasun, zerbitzu edo jarduerak ezinbestekoak direnean eskatzailearen bizitza pribatu edo sozialerako.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 5eko 259/2013 Foru Aginduaren bidez jendaurrean jarri zen gai honi buruzko hasierako foru dekretuaren proiektua. Nolanahi ere, aipatu proiektuari egindako zenbait aldaketaren ondorioz, derrigorrezkoa da proiektua berriro ere tramitatzea, eta horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, hiritar guztiek jakin dezaten zein diren aldaketa horiek, bai eta beren legezko eskubideetan eraginik jasan dezaketen erakundeek eta elkarteek ere.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru dekretu baten proiektua, zeinek ezartzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak.

2. Hamabost eguneko epea ematea, foru dekretuaren proiektua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, beren legezko eskubide eta interesetan ukituak izan daitezkeen herritarrek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko Departamentuan.

Iruñean, 2013ko urriaren 22an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

.../2013 FORU DEKRETUA, .......ren ....koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak ezartzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 18.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak finkatuko dituela prezio publikoak izan ditzaketen jarduera eta zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta haiek ematen edo egiten dituen departamentuak edo erakundeak proposatuta.

Departamentu edo erakunde autonomo bakoitzak araudien berrikuspen horri banan-banan heldu beharko balio arauzko xedapen ugariren ondorioz sortuko liratekeen eragozpenak saihesteko, komenigarritzat jo da arau bakar batean biltzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek egiten dituzten zerbitzu eta jarduera guztiak, prezio publikoak eskatzea zilegi denean.

Hori dela eta, gogora ekarri behar da tasa eta prezio publikoei buruzko lege horren 17. artikuluaren arabera, prezio publikoak izanen direla zuzenbide publikoko araubidean egindako zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ordaintzen diren diru kontraprestazioak, baldin eta zerbitzu edo jarduera horiek sektore pribatuan ere egiten badira eta administratuek borondatez eskatzen badituzte; horretarako, foru lege horren 5. artikuluak zehazten du administrarien eskaria ez dela borondatezkoa izanen legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dutenean jarduera edo zerbitzua egin behar dela, edo eskatutako ondasun, zerbitzu edo jarduerak ezinbestekoak direnean eskatzailearen bizitza pribatu edo sozialerako.

Horrenbestez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren aldeko txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko ...aren ...ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen helburua da ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak.

2. artikulua. Prezio publikoen bitartez finantza daitezkeen zerbitzu eta jarduerak.

–Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasuneko higiezinak lagatzea, bertan haren organo edo instituzioen zerbitzuak, bulegoak edo gelak daudenean.

–Erreprografia edo digitalizazio zerbitzuak, baldin eta jatorrizkoak maileguan hartzen ahal badira edo ez badituzte paregabetzat hartzen.

–Argazkilaritza kopiak ematea, baldin eta jatorrizkoak maileguan hartzen ahal badira edo ez badituzte paregabetzat hartzen.

–Maileguan hartutako kopia eta jatorrizkoen bidalketa gastuak ordainaraztea.

–Txartelak, agiriak eta antzeko dokumentuak ematea, bai eta haiek bikoiztea ere lapurtu edo galduz gero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuak eskuratzeko bide ematen badute.

–Argitalpenak edo aldizkariak saltzea.

–Izena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak antolatutako ikastaro, jardunaldi, topaketa, lantegi edo beste edozein jardueratan.

–Zergadunei laguntzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen-likidazioak prestatzen, haiek aurkezteko aurreikusitako borondatezko epetik kanpo.

–Liburutegien arteko mailegu zerbitzua, baldin eta maileguan hartutako liburua ez bada paregabetzat jotzen.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak antolatutako ikuskizunetan eta jaialdietan sartzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko museoetan sartzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko museoetan ikus-entzunezkoak egitea.

–Lanbide Heziketako ikastetxeek berezko dituzten hezkuntza jardueren bidez sortutako produktuak saltzea edo zerbitzuak egitea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpean irakaskuntza ez-derrigorrezkoa ematen duten ikastetxeen zerbitzuak, irakasteko jardueren ondorioz.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko haur eskolek egiten dituzten zerbitzuak.

–Materialak ematea Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan erabiltzeko.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko ikasleen eta kirolarien egoitzek egiten dituzten zerbitzuak.

–Osasun laguntzak edo prestazioak, pertsonei zuzenean emanak, osasun garraioa barne, larrialdiko laguntza, laguntza espezializatua, oinarrizko laguntza, prestazio farmazeutikoa, prestazio ortoprotesikoa, produktu dietetikoen prestazioak, eta errehabilitazioa, laguntza edo prestazio horien kostua ordaintzera behartuta dauden hirugarrenei erreklamatu ahal zaizkienean, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 83. artikuluan aurreikusi bezala, edota Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeigarren xedapen gehigarrian (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretua), Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren 2.7 artikuluan, bai eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ere.

–Eraikuntzako materialen kalitatea kontrolatzeko saioak egitea.

–Ardoaren produktuak eta edari espirituosoak aztertzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Laborategi Enologikoan.

–Mendekotasun egoeran daudenei, adinekoei, desgaitasuna dutenei, gaixotasun mentala dutenei, adingabeei eta bazterketa sozialean daudenei edo gelditzeko arriskuan daudenei arreta emateko zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren barruan sartuak.

–Familiei arreta emateko zerbitzuak.

–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak eta instalazioak erabiltzea.

–Izena ematea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak antolatutako programa, jarduera eta auzolandegietan, berariaz gazteei zuzenduta daudenetan.

Xedapen indargabetzailea.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko artxibo zerbitzuen eta eskola egoitzen prezioak eta derrigorrezkoak ez diren hezkuntzen tarifak finkatzen dituen ekainaren 5eko 202/2000 Foru Dekretua eta Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen zerbitzu batzuetan prezio publikoak ezartzen dituen uztailaren 3ko 116/2002 Foru Dekretua, baita foru dekretu honetan ezarritakoa urratzen duten xedapenak ere.

3. artikulua. Prezio publikoen zenbatekoa finkatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 18.2 artikuluan xedatuarekin bat, prezio publikoa zer organok jasoko duen, haren departamentuari dagokio zenbatekoa finkatzea, organo horrek proposatuta, non prezio publikoa ez den erakunde autonomo batean jasotzen, kasu horretan erakunde autonomoari baitagokio erabakia hartzea, bere departamentuak baimena eman ondoren.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F1314742