225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko urriaren 25ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Garesko Servicios Arga-Valdizarbe, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Garesko Servicios Arga-Valdizarbe, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31004872011998) aztertu da, Erregistro honetan 2013ko uztailaren 4an sartu zena, eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko ekainaren 28an izenpetu eta 2013ko urriaren 22an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2013ko urriaren 25ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

‘’SERVICIOS ARGA-VALDIZARBE’’ ENPRESAREN ETA BERE LANGILEEN ARTEKO HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA

A) Izaera orokorreko lan baldintzak,
enpresako langile guztiei aplikatzekoak

1. artikulua. Hitzarmenaren eremua.

Lan hitzarmen kolektibo honek Sociedad Servicios Arga-Valdizarbe, S.L. enpresaren eta bere langileen arteko lan harremanak arautzen ditu.

2. artikulua. Indarraldia.

Hitzarmen honek sinatzen den egunean berean hartuko du indarra, eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak. Iraupena 2016ko abenduaren 31 arte itundu da, eta urtez urte luzatuko da, salbu bi aldeetako batek hitzarmena salatzen badu iraupenaren mugaeguna edo luzapenetako edozein bukatu baino hiru hilabete lehenago, gutxienez.

3. artikulua. Interpretazioko batzorde mistoa.

Hitzarmen honen ondorioetarako, hitzarmenaren arloko aplikazioan edo/eta interpretazioan sor litezkeen zalantzen gainean ebazteko, interpretazio batzorde mistoa izendatu da.

Batzordea langileen ordezkariek (hiru) eta enpresaren ordezkariek (hiru ere) osatzen dute, hitzarmenaren negoziazio batzordeko kide izandakoen artean hautatuak.

Bi aldeek hitzartu dute hitzarmen honen interpretazioaren edo aplikazioaren inguruan zalantzarik edo desadostasunik izanez gero batzordeari txostena egiteko eskatuko zaiola jurisdikzio eskudunean erreklamaziorik aurkeztu aurretik.

Alderdi batek eskatzen duenean bilduko da batzordea, eskaera egin eta zazpi eguneko epean. Eskaera egiteko, idazkia aurkeztuko da enpresaren helbidean. Batzordea bildurik, egokia den erabakia edo ebazpena hartuko du zazpi eguneko epean. Erabakiak hartzeko beharrezkoa da batzordea osatzen duten kideen erdia gehi bat ados jartzea.

Hitzarmenaren batzorde mistoaren eginkizunak eta jarduerak ez dira inoiz ere oztopo izanen jurisdikzio eskudunen aurrean egintza legalak askatasunez aurrera eramateko.

4. artikulua. Ordainsariak.

Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek kobratu beharreko ordainsariak I. eranskinean ageri dira lan kategoria bakoitzerako.

2013rako ordainsari guztiak izoztu eginen dira.

Maila handiagoko arau batek eragozten ez badu, enpresak ez ditu plantillako soldatak murriztuko hitzarmen honen indarraldian. Langileen Estatutuaren 82-3 artikuluan jasotako gainerako gaietan, araudi horretan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

2014ko martxoan negoziazio batzordea (enpresaren ordezkariek eta langileen ordezkariek osatua) bilduko da, 2014., 2015. eta 2016. urteetarako ordainsariak berrikusteko. Hartzen diren erabakiak atzeraeraginez aplikatuko dira, 2014ko urtarrilaren 1etik. Hitzarmenaren indarraldiko urte guztietarako akordiorik lortzen ez bada, negoziazio batzordea berriz ere elkartuko da 2015eko martxoan, gainerako urteetarako soldatak berrikusteko. Nolanahi ere, 2016rako soldatak berrikusteko negoziazioak 2015eko azkeneko hiruhilekoan hasiko dira beranduenez. Halaber, hiriko hondakin solidoen bilketa zerbitzuari atxikitako peoi espezialisten lan egoera berrikusiko da.

Hiriko hondakin solidoen bilketa zerbitzuari atxikitako langileen kasuan, peoi espezialisten kategoria baldin badute, betiere urte bukaeran ordu kopuru antzekoa gidatu badute, hilabetez txofer lanen zenbatekoen batura proportzioan banatuko da peoi espezialista guztien artean, nahiz gidatu nahiz ez gidatu, eta ondoriozko zenbatekoak lanak egin eta hurrengo hilabeteko nominan ordainduko dira.

5. artikulua. Aparteko orduak.

Ezarritako lanalditik gora egiten diren orduak, aplikatuko den arau orokor gisa, atseden orduekin konpentsatuko dira (geroago zehaztuko den balorazioarekin), non eta enpresaren iritziz konpentsazioa ezinezkoa ez den, zeren horrelakoetan konpentsazioa soldatan gauzatuko bailitzateke.

Lanaldi luzapenak aparteko ordutzat hartzeko, arduradun nagusiak edo taldeburuak espresuki agindutakoak behar dute izan eta hark sinatuko ditu ondoren behar diren parteak.

Aparteko orduen konpentsazioa soldatan gauzatzen den kasuetan, balio hauek ezarri dira:

a) Astegunetan egindako aparteko orduek lanordu arruntari dagokion soldata halako 1,75 balioko dute.

b) Gauez egindako aparteko orduek (22:00etatik 6:00etara) lanordu arruntari dagokion soldata halako bi balioko dute.

c) Jaiegunetan egindako aparteko orduek lanordu arruntari dagokion soldata halako 2,25 balioko dute.

6. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasuna.

Eritasun arruntaren edo laneko zein lanetik kanpoko istripuaren ondorioz langile batek aldi baterako ezintasuna izanez gero, enpresak Gizarte Segurantzako prestazioa osatzeko laguntza emanen dio, bajan dirauen denbora osoan soldataren %100 osatu arte.

7. artikulua. Kilometrajea.

2013. urterako, kilometrajearen prezioa 0,2883 euro/km izanen da, eta, bi dezimalekin borobilduta, 0,29 euro/km. Oinarria, lau dezimalekin, urtero eguneratuko da, kontuan hartuta aurreko urteko hitzarmenaren berrikusketa orokorrak (2014koa 2013koarekin, 2015ekoa 2014koarekin eta 2016koa 2015ekoarekin).

Enpresaren beharrengatik lanen baterako nork bere ibilgailua erabiltzen duten langileek kilometrajeagatik 0,29 euro kobratuko dute kilometroko.

8. artikulua. Lizentziak, absentziak eta erraztasunak.

8.1. Norberaren aferetarako egunak:

–Norberaren aferetarako 3 egun arteko baimen ordaindua, betiere zerbitzu beharrek horretarako bide ematen badute.

–Norberaren aferetarako egun bat gehiago emanen da urtero, enpresan 10 urteko zerbitzualdia betetzen den bakoitzean. Egun hori hartzeko eskubidea sortuko da hamar urteko antzinatasuna betetzen den urte berean.

8.2. Beste baimen eta lizentzia ordaindu batzuk.

–Langilearen ezkontza: 16 egun natural.

–Seme-alaben, anai-arreben, koinatu-koinaten eta gurasoen ezkontza: egun natural bat, ordutegiak hala eskatzen badu.

–Seme-alaben jaiotza edo adopzioa: 4 egun natural, lizentzia eragin duen gertaeratik beretik hasita.

–Ezkontidearen edo seme edo alaba baten heriotza: 5 egun natural.

–Gurasoen, aiton-amonen, anai-arreben, aita-amaginarreben eta biloben heriotza: 3 egun natural, eta egun bat gehiago Nafarroatik kanpo gertatzen bada.

–Suhi-errainen, koinata-koinatuen eta ezkontidearen aiton-amonen heriotza: 2 egun natural.

–Ohiko bizilekua aldatzea: egun natural bat.

–Gizarte Segurantzako espezialista baten kontsulta, familia medikuak aginduta: behar den denbora.

–Eginkizun publikoa betetzeko: behar den denbora.

–Azterketak egiteko: behar den denbora.

–Odola emateko: behar den denbora (gehienez 3 ordu eguneko).

8.3. Baimen ordainduak, ebakuntza kirurgikoagatik edo ospitalizazioagatik.

–Bigarren mailara arteko odol edo ezkontza ahaideen ebakuntza kirurgikoa, ospitalizaziorik behar ez duena, baita kirurgia handi anbulatorioa ere: bi egun natural, eta egun bat gehiago Nafarroatik kanpo gertatzen bada.

–Bigarren gradu arteko odol edo ezkontza ahaideen ebakuntza kirurgikoa, 48 ordutik beherako ospitalizazioa eskatzen duena, edo 48 ordutik beherako ospitalizazioa: egun natural bat.

–Bigarren gradu arteko odol edo ezkontza ahaideen ebakuntza kirurgikoa, 48 ordutik gorako ospitalizazioa eskatzen duena, edo 48 ordutik gorako ospitalizazioa: 2 natural, eta lanegun bat gehiago Nafarroatik kanpo gertatzen bada. Baimen hau langileak hartuko du, eskubidea sortu duen pertsona ospitaleraturik dagoen bitartean, eta nahiz egun solteetan nahiz jarraian hartuko dira, baina betiere egun osoak hartuz.

Kasu guztietan, langileak, ziurtagirian, frogatu beharko du eskubidea sortu duen gaixoa ospitaleratua zegoela edo ebakuntza izan zuela baimen egunetan.

8.4. Lanaldi murrizketak.

–Bularra ematea. Egunero ordu bateko baimena, eta ondoren lanaldiaren murrizketa, gehienez ere 9 hilabetez. Baimen hori lanaldi osotan metatzen ahalko da, 15 egun osatu arte.

–Lanaldiaren murrizketa, ordainsaririk gabe, 8 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko. Gutxienez zortziren bat eta gehienez lanaldiaren erdia.

8.5. Baimen, lizentzia eta eszedentzia ez ordainduak.

–Ordaindu gabeko baimena bestelako kontsulta medikoetara joateko, baldin lanalditik kanpo ezin bada: behar den denbora.

–Ordaindu gabeko baimena ezkontideari edo seme-alabei laguntzeko, kimioterapia eta erradioterapia tratamenduetan.

Langile guztiek ordaindu gabeko eskubidea izanen dute ezkontideari edo seme-alabei laguntzeko kimioterapia edo erradioterapia tratamendua jasotzen duten egunetan, baldin tratamendu horiek langilearen lanaldian badira, eta, betiere, tratamenduko saioen egunak ezagutzen direnean arduradunari horren berri ematen bazaio, edo gutxienez 24 ordu lehenago. Denbora hauek izanen dira:

–Kimioterapia saioetarako: gaixoari saioa aplikatzen zaion egun natural osoa, edo behar den denbora, langileak aukeratzen duena.

–Erradioterapia saioetara joateko: behar den denbora.

–Baimen berezia: langile orok du hilabetera arteko baimen berezia hartzeko eskubidea, ordaindu gabea, horretarako arrazoia frogatzen baldin badu, betiere enpresaren iritziz. Baimena harturik, ezin izanen du beste baimenik eskatu harik eta gozatutako baimen berezia bukatu eta urtebete igarotzen den arte.

–Lizentzia berezia: langile guztiek izanen dute eskubidea ordaindu gabeko lizentzia berezia hartzeko, gutxienez hilabeterako eta gehienez hiru hilabeterako. Lizentzia harturik, ezin izanen du besterik eskatu harik eta gozatutako lizentzia berezia bukatu eta bi urte igarotzen diren arte.

–Eszedentzia berezia: langile guztiek gehienez 3 urte bitarteko eszedentzia berezia hartzen ahalko dute seme edo alaba bakoitza zaintzeko, seme-alaba hori naturala edo adopzio edo harrera bidezkoa izan.

Era berean, bi urte bitarteko eszedentzia berezia hartzeko eskubidea izanen da 2. mailara bitarteko ahaide bat zaintzeko, odol edo ezkontza bidezkoa izan.

–Borondatezko eszedentzia: enpresan urtebeteko antzinatasuna duen langile orok eskubidea du borondatezko eszedentzia hartzeko, gutxienez 6 hilabetekoa eta gehienez 3 urtekoa.

Beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, aurrekoa hartu ondoren, langileak beste bi urtez bederen lan egin beharko du enpresan.

Itzulitakoan, enpresak lehengo lanpostuan jarriko du langilea, eszedentziaren mugaeguna baino 15 egun lehenago jakinarazten badu, betiere.

9. artikulua. Aitatasun-amatasuneko prestazioa.

Haurra jaio, adoptatu edo harreran hartzen den kasuetan, langileak kontratua hamahiru egunez eteteko eskubidea izanen du, jarraian, eta aldi berean haur bat baino gehiago erditu, adoptatu edo harreran hartzen bada, etenaldiak bi egun gehiago iraunen du. Baimen hori hartzen ahalko du jaiotzaren ondoriozko baimena (legezkoa edo hitzarmenekoa) bukatzen den unetik amatasunarengatik egiten den kontratuaren etenaldia bukatu bitarte edo etenaldi hori bukatu eta berehalakoan.

10. artikulua. Jantziak eta ekipamendua.

Lan baldintza zikin eta higiene gutxikoetan edo arropa bereziak beharrezkoak diren beste edozein egoeratan ari ohi diren langileei behar dituzten jantziak emanen zaizkie, arduradunaren eta prebentzioko delegatuaren txostena ikusita betiere.

Ur zerbitzuko eta HHSko langileei, ikusmena urritua badute, enpresak behar bezala graduatutako betaurrekoak emanen dizkie.

11. artikulua. Prestakuntza.

1. Enpresak garrantzi handia ematen dio plantilla osatzen duten pertsonen prestakuntzari eta gaitzeari, haien hobekuntza profesionala lortze aldera, ahantzi gabe giza eta adimen arloko oinarrizko prestakuntza.

2. Langile guztiak behartuta daude enpresaren iritziz interes berezia duten prestakuntza, ikasketa edo birziklatze ikastaroetara joatera.

Enpresak matrikula gastuak eta, hala behar izatera, baita bidaia gastuak ere ordainduko ditu.

Enpresak sustaturiko ikastaroetara edo prestakuntza jardunaldietara nahitaez joan beharko dute langileek. Enpresak eginahalak eginen ditu ikastarook lanorduetan izan daitezen. Aurrekoa ukatu gabe, antolakuntza beharrak direla eta, ikastarook lanordutik kanpora ere egiten ahal dira, langileen ordezkariei jakinarazi ondotik. Azken kasu horretan, konpentsazioa baimen ordaindua izanen da, ordu bat orduko.

Denbora kontatzerakoan, prestakuntzan emandako denbora baino ez da kontuan hartuko, joan-etorriak barne. Ulertuko da joan-etorriak Garesko Mankomunitatearen egoitzatik eginak direla. Kanpoan gelditzen dira egonaldiak, gehigarriak, etab.

12. artikulua. Eskubide eta berme sindikalak.

Langileen delegatuek 15 ordu izanen dituzte hilero karguari dagozkion kudeaketak eta jarduketak egiteko. Kreditu hori hiru hiletik behin kontatuko da.

Langileen delegatuek eskubidea dute argibideak lanorduetan emateko langileei.

13. artikulua. Aparteko eskersariak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek aparteko bi eskersari kobratzeko eskubidea dute (uztailean eta abenduan). Horien zenbatekoak kategoria bakoitzarentzat hitzarmen honen I. eranskinean ezarritako soldata kontzeptuen gainean kalkulatzen dira (antzinatasuna barne), baina ez, ordea, langileren batek bakarka ezarriak dituen soldata kontzeptuen gainean.

14. artikulua. Osasun azterketa.

Langile guztiek dute urtean osasun azterketa bat egiteko eskubidea, legeetan ezarritako probak bilduko dituena, besteak beste ikusmenaren eta entzumenaren probak.

15. artikulua. Segurtasuna eta higienea.

Langileek beren lanerako behar duten segurtasun materiala enpresak emanen die.

Era berean, enpresak lanpostuz aldatuko du lanagatik osasuna hondatu zaion langilea, lanpostu egokirik baldin badago eta zentro ofizial bateko txosten medikoa ikusi ondoren. Osasuna hondatu zaion langile orok lanpostuz aldatzeagatik ez du galera ekonomikorik izanen, ez du lanbide kategoria galduko eta ez du horren ondorioz inolako kalterik izanen.

16. artikulua. Aurreikuspen sozialeko fondoa.

Enpresak aseguru poliza bat izenpetuko du, jardunean diren langile guztiak babestuko dituena heriotzako eta baliaezintasun iraunkorreko arriskuetatik.

Heriotza, lan istripu baten ondorioz: 46.119,37 euro.

Laneko istripuaren ondoriozko ezintasun erabatekoa: 69.179,05 euro.

Polizan aurreikusten diren diru-kopuruak urtero eguneratuko dira, aurreko urteko hitzarmenaren berrikuspen orokorrekin.

17. artikulua. Absentismoa.

Urtean 93,63 euroko saria ezarri da, laneko absentismoarekin zuzenean lotua. Sari hori langile bakoitzari ordainduko zaio, lanpostuan ari izandako denbora kontuan hartuta. Aipatzen den saria eguneko 0,41 euroan hainbanatuko da. Zenbateko hori eritasun bajarik izan gabe lanera huts egindako egun bakoitzeko deskontatuko da. Eritasun arruntaren ondoriozko lanerako ezintasunean, zortzigarren egunetik aurrera hasiko da deskontatzen. Aurreko lerroaldean xedatutakoa ez da aplikatuko laneko istripuaren ondoriozko ezintasunetan.

18. artikulua. Aurrerakinak.

Nominaren kontura aurrerakinak ematen ahal dira, hileko soldata adinakoak. Ematen diren aurrerakinak ondorengo nominan konpentsatuko dira, enpresak eta langileak aurrerakina itzultzeko beste mota bateko epeak adostea galarazi gabe.

19. artikulua. Erantzukizun asegurua.

Enpresak erantzukizun aseguru bat itunduko du, enpresako edozein langilek bere laneko jardueraren ondorioz izan dezakeen erantzukizunari aurre egiteko.

20. artikulua. Enpresan sartzea eta barne igoera.

Sortzen diren lanpostu hutsak edo lanpostu berriak barne igoeraren bidez beteko dira. Eskatzen den titulazioa langileetako batek ere ez badu edo inork ez baditu probak gainditzen, lanpostuok kanpo deialdiaren bidez beteko dira, gaitasun, merezimendu eta publikotasun printzipioei lotuz, betiere.

Zernahi arrazoirengatik 1. mailako ofizial baten ordez kategoria txikiagoko langile bat aritzen bada, 1. mailako ofizialaren pareko soldata ordainduko zaio, eginkizun horretan diharduen denbora guztian.

21. artikulua. Erretiro partziala (errelebo kontratua).

Langile interesdunak eskatuta, erretiro partzialak onartuko dira, Gizarte Segurantzaren araubidean ezarritako baldintzak eta betebeharrak betez gero.

22. artikulua. Erretiroa.

Langile batek erretiroa hartzen duenean, enpresak honenbesteko laguntza emanen dio behin bakarrik:

–Erretiroa 60 urterekin hartzen bada: 421,89 euro.

–Erretiroa 61 urterekin hartzen bada: 369,15 euro.

–Erretiroa 62 urterekin hartzen bada: 316,42 euro.

–Erretiroa 63 urterekin hartzen bada: 263,68 euro.

–Erretiroa 64 urterekin hartzen bada: 210,95 euro.

–Erretiroa 65 urterekin hartzen bada: 158,21 euro.

Laguntza horiek hartzen ahalko dira langileak erretiroa hartu eta enpresatik erabat askatzen badira. Zenbateko horiek 2013. urtean aplikatzekoak dira. Hitzarmenaren indarraldiko gainerako urteetan eguneratuko dira, hitzarmenaren berrikuspen orokorrekin.

23. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasuna kontatu eta ordaintzeko, eskala honetan ezarritakoari kasu eginen zaio. Hamargarren hirurtekoa bete ondoren, eskalan agertzen den diru-kopurua ez da aldatuko pilatzen diren hurrengo hirurtekoetan. Aipatzen diren zenbatekoak urtero igoko dira hitzarmenaren berrikuspen orokorrekin, hitzarmen honen 4. artikuluan ezarri bezala.

–1. hirurtekoa betetzean: 41,17 euro hilean.

–2. hirurtekoa betetzean: 69,24 euro hilean.

–3. hirurtekoa betetzean: 96,06 euro hilean.

–4. hirurtekoa betetzean: 116,67 euro hilean.

–5. hirurtekoa betetzean: 137,26 euro hilean.

–6. hirurtekoa betetzean: 150,99 euro hilean.

–7. hirurtekoa betetzean: 164,70 euro hilean.

–8. hirurtekoa betetzean: 178,43 euro hilean.

–9. hirurtekoa betetzean: 192,16 euro hilean.

–10. hirurtekoa betetzean: 205,88 euro hilean.

24. artikulua. Gidabaimena kentzea.

Langilearen errua izan gabe, enpresako ibilgailua gidatzen ari dela, zerbitzuko ibilbidearen beharrengatik edo akats mekaniko batengatik langileari gidabaimena kentzen bazaio, enpresak lansaria eta lanpostua errespetatuko dizkio, ausarkeriazko zuhurtziagabetasuna edo asmo txarrik izan ez bada betiere, bitarte horretan enpresak beste lanposturen batean egokitzea galarazi gabe. Gainera, enpresak behar diren baliabideak jarriko ditu langileak lanpostura joateko aukera izan dezan.

Era berean, aurreko puntuan adierazitako egoerengatik langileari isuna jartzen bazaio edo punturik kentzen bazaio, enpresak konpromisoa hartzen du isuna ordaintzeko, puntuak berreskuratzeko ikastaroagatik dagokion zatia ordaintzeko eta, era berean, langileek ikastaro horietan ematen dituzten orduak konpentsatzeko, orduz ordu.

Gidabaimena kendu bazaio ibilgailu partikularra gidatzean, eta ausarkeriazko zuhurtziagabetasunik edo asmo txarrik izan ez bada behintzat, enpresak beste lanpostu batean egokitzeko konpromisoa hartzen du, lanpostu berriko ordainsariak ordainduz. Gidabaimena berreskuratzen duenean, lehengo lanpostura itzuliko da.

Langileek gidabaimenean galdutako puntuak lehenbailehen berreskuratu beharko dituzte, artikulu honen lehenengo eta hirugarren puntuetan ezarritako onurak baliatu nahi badituzte.

25. artikulua. Diziplinazko neurriak.

Besterik ezean, diziplina araubideari buruz Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A. enpresaren hitzarmenean ezarritako arauak aplikatuko dira, eta arau horietan xedatu ez den orotan, berriz, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 24ko 1/1995 LEDaren IV. eta V. kapituluetan bildutako arauak.

B) Lan baldintza berariazkoak,
ur zerbitzuan diharduten langileei aplikatzekoak

26. artikulua. Lanaldia eta egutegia.

Hitzarmenaren indarraldiko urte guztietan 1.670 orduko lanaldia izanen da.

Lan egutegi bat eginen da, behin jaiegun ofizialak ezagutu ondoren, eta langileei komunikatuko zaie, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen.

Edonola ere, eta guztientzat 35 orduko lanaldia astean legez ezarriko balitz, arau hori aplikatuko litzateke, bertan ezar daitezkeen baldintzetan.

Lan egutegiko “zubiak” hartzen ahal dituzte langileek, aldez aurretik eskatuta eta arduradun nagusiarekin ordu horiek nola amortizatu adostu ondoren. Alabaina, zubiak hartzeagatik ezin da mantentze zerbitzua murriztu, ez eta erabiltzaileentzako laguntza ere.

Mantentze-lanetako eta matxurak konpontzeko ataletan, lanaldia aldatzen da urte-sasoiaren arabera. Horrela, neguan, hau da azaroko hirugarren astelehenetik otsaileko hirugarren astelehenera arte, lanaldia 8:30etik 16:00ak bitartekoa izanen da. Urteko gainerako egunetan, lanaldia 8:00etan hasiko da eta 15:30ean bukatuko. Aurrekoa aplikatuta urteko ordu kopurua baino gehiago edo gutxiago ateratzen badira, 1.670 ordu arteko orduak urtean proportzionalki banatuko dira, eguneko lanaldia handituz edo txikituz.

Aurrekoa gorabehera, enpresak eskubidea du lanaldia aldatzeko, urteko sasoi bakoitzeko eguzki-orduetara egokitzeko.

Ordutegiaren barnean 20 minutuko atsedena har daiteke lanaldi bakoitzean ogitartekoa, kafea, etab. hartzeko. Atsedenaldi hori benetako lan denboratzat hartuko da.

27. artikulua. Prestasuna.

Kontuan hartuz Servicios Arga-Valdizarbe, S.L. enpresari esleitu zaion eginkizuna zerbitzu publikoa dela, ezinbesteko kasuak, matxurak, langileen ordezkapena, presako konponketak behar dituzten matxurak eta antzekoak gertatzen direnean, beren garrantziagatik atzera ezin daitezkeenak, egoera horiei konponbidea emanen dieten langileak behartuta daude beren lanpostuan berehala agertzera, behin lokalizatu ondoren.

Zaintza taldeko edo guardiako langilerik baldin badago, horiexek egon behar dute prest, gainerako langileen aurretik. Lanalditik kanpoko presako lan horietan ematen diren orduak aparteko ordutzat hartuko dira. Zaintza zerbitzuan edo pertsona-bilagailuaren zerbitzuan egoteagatik, 2013. urtean, 129,54 euro ordainduko dira zerbitzu horretan benetan egondako aste bakoitzeko. Kopuru hori hitzarmenaren indarraldiko urte guztietan eguneratuko da, hitzarmenaren urteko berrikuspen orokorrekin. Aste batean astelehenetik ostiralera jaiegunik badago, egun horietako prestasunaren konpentsazioa lanegun batekoa halako bi izanen da. Laguntza-telefonoaren edo bigarren guardiaren zerbitzuagatik 105,98 euro ordainduko dira, zerbitzua benetan ematen den aste bakoitzeko, eta hitzarmenaren urteroko berrikuspen orokorrekin eguneratuko da.

Teleaginduko guardietarako, aurreko hitzarmenean ezarritakoari hauxe erantsi zaio: “astelehenetik ostiralera bitarte jaiegunik duten asteetan, jaiegun bakoitzeko jaiegunetako ordu bat konpentsatuko da, eta gaueko ordu laurden bat murriztuko da.

Langile guztiak behartuta daude lanaldia luzatzera, beharrezkoa denean.

Mantentze-lanetako langileak lokalizatzeko moduan egonen dira pertsona bilagailuen bidez edo antzeko beste sistema batzuen bidez.

Guardialdiak aste osokoak izanen dira eta mantentze-lanetako langileek eta matxuren konponketan ari direnek txandaka eginen dituzte. Arduradun nagusiak erabakiko du guardiak nola egin, eginkizun horretarako langileen prestakuntza eta gaitasuna kontuan hartuz eta lana zuzenki banatzen saiatuz.

Ematen den zerbitzua aste osokoa ez bada, benetan emandako egunetan hainbanatuko da, baina larunbatak eta igandeak gainerako astegunak halako bi baloratuko dira.

Enpresa saiatuko da inongo enplegaturik ez dadin pertsona bilagailuaren zerbitzuan egon lau aste baino gehiago jarraian, aparteko eta ustekabeko egoeretan edo ezinbesteko kasuetan ez bada.

Lanaldi arruntetik kanpoko abisuei erantzuteko langileak bere autoa erabili behar badu, kilometrajeagatik 0,29 euro kilometroko ordainduko zaio, bere etxetik lantokirako joan-etorriengatik. Horretan emandako ordu horiek aparteko ordu izanen dira. Horretan ematen diren ordu horiek aparteko ordu izanen dira.

C) Lan baldintza berariazkoak,
hondakin bilketaren zerbitzuan diharduten langileei aplikatzekoak

28. artikulua. Lanaldia eta egutegia.

Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean 1.670 orduko lanaldia izanen da.

Lan egutegi bat eginen da, behin jaiegun ofizialak ezagutu ondoren, eta langileei komunikatuko zaie, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen.

Edonola ere, eta guztientzat 35 orduko lanaldia astean legez ezarriko balitz, arau hori aplikatuko litzateke, bertan ezar daitezkeen baldintzetan.

Asteko lanaldiak 37 ordu eta erdi izanen ditu, 7 ordu eta erdi egunean, goizez eta etenaldirik gabe, astelehenetik ostiralera, salbu eta kontratuz astelehenetik larunbata arte lan egiten duten langileen kasuan. Aurrekoa aplikatuta urteko ordu kopurua baino gehiago edo gutxiago ateratzen badira, 1.670 ordu arteko orduak urtean proportzionalki banatuko dira, eguneko lanaldia handituz edo txikituz.

Ordutegiaren barnean 20 minutuko atsedena har daiteke lanaldi bakoitzean ogitartekoa, kafea, etab. hartzeko. Atsedenaldi hori benetako lan denboratzat hartuko da.

29. artikulua. Jaiegunen konpentsazioa.

Jaiegunetan, lanaldi osoz, lana egin beharra gertatuz gero (Larunbat Santuan, zubi foralean, etab.), langileek, ezarrita dagoen diru konpentsazioaz gainera, opor egun bat gehiago izanen dute lan egindako jaiegun bakoitzeko. Egun gehigarri horiek hartzeko, enpresari jakinarazi behar zaio zazpi egun lehenago eta egun hori ez dute hartzen ahal langile batek baino gehiagok batera.

30. artikulua. Jaiegunetako irteerak.

Jaiegunetako irteera bakoitzeko 32,02 euro ordainduko dira. Langile batek bere ibilgailua erabiltzen badu etxetik lantokirako joan-etorria egiteko, 0,29 euro kobratuko du kilometroko.

D) Lan baldintza berariazkoak,
bulegoetan diharduten langileei aplikatzekoak

31. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmenaren indarraldiko urte guztietan 1.670 orduko lanaldia izanen da.

Lan egutegi bat eginen da, behin jaiegun ofizialak ezagutu ondoren, eta langileei komunikatuko zaie, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen.

Edonola ere, eta guztientzat 35 orduko lanaldia astean legez ezarriko balitz, arau hori aplikatuko litzateke, bertan ezar daitezkeen baldintzetan.

Asteko lanaldiak 37 ordu eta erdi izanen ditu, 7 ordu eta erdi egunean, goizez eta etenaldirik gabe, astelehenetik ostiralera, salbu eta kontratuz astelehenetik larunbata arte lan egiten duten langileen kasuan. Aurrekoa aplikatuta urteko ordu kopurua baino gehiago edo gutxiago ateratzen badira, 1.670 ordu arteko orduak urtean proportzionalki banatuko dira, eguneko lanaldia handituz edo txikituz.

Lan egutegiko “zubiak” hartzen ahal dituzte langileek, aldez aurretik eskatuta eta arduradun nagusiarekin ordu horiek nola amortizatu adostu ondoren. Alabaina, zubiak hartzeagatik ezin da mantentze zerbitzua murriztu, ez eta erabiltzaileentzako laguntza ere.

32. artikulua. Oporrak, enpresako langile guztientzako xedapenak.

Langile guztiek 27 laneguko oporraldia izateko eskubidea dute. Urte bakoitzeko urtarrilaren 31rako langile guztien oporraldiek finkatuta egon beharko dute. Oporrak noiz hartuko-eta desadostasunik izanez gero langileen artean, enpresak hartuko du gai horri buruzko erabakia.

Geroko aldaketak onartuko dira, baldin eta 15 egun lehenago abisatzen bada eta horretarako aukera baldin badago. Horrelakoetan, ataleko gainerako langileen oporren egutegiak errespetatuko dira.

Oporrak hasi aurretik gertatutako lan istripu, eritasun arrunt larri edo lanbide eritasun bategatik, aurreikusitako epean hartzen ez diren opor egunak aldatzen ahalko dira hitzarmenaren indarraldiko urte bereko beste egun batzuetan hartzeko, horretarako aukera baldin badago, eta betiere ataleko beste langileen oporren egutegia errespetatuz.

Enpresaren oporren egutegian finkatuta dagoen langile baten oporraldia haurdunaldiaren, erditzearen edo titia ematearen ondoriozko aldi baterako ezintasun egoerarekin edo haurdunaldiaren ondoriozko etenaldiarekin bat etortzen bada, langileak eskubidea izanen du oporrak etenaldia bukatu ondoren hartzeko, urte naturala bukatu baldin bada ere.

Oporrak hasi baino 10 egun lehenago izandako eritasunagatik aurreikusitako epean hartzen ez diren opor egunak aldatzen ahalko dira hitzarmenaren indarraldiko urte bereko beste egun batzuetan hartzeko, horretarako aukera baldin badago, eta betiere ataleko beste langileen oporren egutegia errespetatuz.

Langile guztiek eskubidea dute urte bateko oporrak hurrengo urteko urtarrileko bigarren astea bitarte hartzeko.

Hiri hondakin solidoen atalean, sareen mantentze-lanetan eta bulegoetan ari diren langileen kasuan, ez da onartzen 2 langile baino gehiago oporretan egotea aldi berean.

Hori gorabehera, enpresak ematen dituen zerbitzuei aurre egiteko adinako langile egonen dira lanean uneoro.

33. artikulua. Berdintasun printzipioa.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek bete-betean bat egiten dute emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioarekin, eta bazterkeria oro gaitzetsi eta lanean aukera-berdintasuna izateko eskubidea aitortzen dute. Hori guztia Emakumezkoen eta Gizonezkoen arteko Benetako Berdintasuna lortzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan araututa dagoen bezala. Horregatik, lege horretan xedatutakoarekin bat, enpresa behartuta dago lan arloan tratu eta aukera berdintasuna errespetatzera, eta hori helburu, behar diren neurriak hartu beharko ditu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko lan bazterketa guztiak saihesteko. Neurri horiek langileen ordezkariekin negoziatu beharko ditu, lan arloko legedian ezarrita dagoen bezala.

Enpresak konpromisoa hartzen du martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan lanaldia murrizteko eskubideei buruz, amatasun eta aitatasun baimenei buruz eta abarri buruz, ezarrita dagoena betetzeko.

34. artikulua. Behin-behineko kontratua.

Produkzioaren inguruabarren ondoriozko kontratuak hamabi hilabete arte iraun dezake, hemezortzi hilabeteko tarte batean, Langileen Estatutuak dioen bezala.

35. artikulua. Lanaren antolaketa.

Enpresak eskubidea du bere jarduera behar bezala antolatzeko, zerbitzuaren eskakizun berrietara egokitze aldera.

36. artikulua. Enpresaburuaren subrogazioa.

Ur eta hondakinen zerbitzuen arloko goragoko esparruko hitzarmenekin bat, bidezkoa da subrogazio klausula hau txertatzea.

Gertatuko balitz kudeaketa, delegazio, lagapen, errentamendu eta abarren mandatua amaitzea, zeinetarako SAVALSL enpresak Izarbeibarko Mankomunitateko uraren ziklo integralaren eta hiri hondakin solidoen zerbitzua ematen baitu, eta, ondorioz, zerbitzu hori ematen duen enpresaren titulartasuna aldatuko balitz edo zerbitzuaren esleipen-hartzailea beste enpresaren bat edo entitate publikoren bat izanen balitz, azken horrek subrogazioa egin beharko luke eta SAVALSLeko langile guztiak hartu beharko lituzke, haien antzinatasuna, oinarrizko soldata, antzinatasuna eta gainerako eskubideak (lanekoak eta sindikalak) oso-osoan errespetatuz eta gordez, hitzarmenean, enpresa itunetan eta baldintza pertsonaletan aitortu bezala.

I. ERANSKINA

Ordainsariak

Arduradun nagusia: 37.544,50 euro; 5.473,44 euro; 43.017,94 euro.

Arduraduna: 37.475,90 euro.

Bulego Teknikoko burua: 38.319,12 euro; 4.269,72 euro; 42.588,84 euro.

Sistemen ingeniari teknikoa: 34.728,16 euro.

Ingeniari teknikoa: 34.728,16 euro.

Taldeburua: 27.804,28 euro; 4.529,28 euro; 32.333,56 euro.

1. mailako ofiziala: 27.804, 30 euro.

Peoi espezialista: 22.669,50 euro.

Peoiak: 18.681,74 euro.

Kontabilitateko administrari ofiziala: 28.436,94 euro; 893,04 euro; 29.329,98 euro.

Administrari ofiziala: 28.436,94 euro.

Administrari laguntzailea: 22.568,99 euro.

Iragarkiaren kodea: F1314953