225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2163/2013 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, irailaren 13ko 454E/2013 Ebazpena indarrik gabe uzten duena. Ebazpen horren bidez, batez ere langabeentzako 2013rako diru-laguntza publikoak emateko deialdi osagarria eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistemaren esparruan, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Agindua aplikatuz (abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatua). Agindu horren bidez enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistema arautu zen prestakuntzaren arloan.

Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 454E/2013 Ebazpenaren bidez, batez ere langabeentzako 2013rako diru-laguntza publikoak emateko deialdi osagarria eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistemaren esparruan.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu du 2013rako finkatutako defizitaren helburua betetzeko, hau da, Foru Komunitatearen BPGaren %1,2.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 18 artikuluak behartzen du aurrekontu-gauzatzeari buruzko datuen jarraipena egitera eta gastu publikoa doitzera, ekitaldi itxieran aurrekontu egonkortasunaren helburua betetzen dela bermatzearren.

Aurrekontu-ekitaldi itxieran betebehar hori beteko ez dela aurreikusi denez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak urriaren 18ko 352/2013 Foru Agindua onetsi du, gastua kontrolatzeko neurriak hartzen dituena defizita bete dadin, Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 9an hartutako Erabakiak ematen dizkion ahalmenak erabiliz. Erabaki horren bidez, 2013ko ekitaldirako exekuzio-arauak onetsi ziren, 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren luzapena arautuko dutenak.

Aipatu foru aginduaren xedapen zatiko 2. puntua betez, bidezkoa da lehen aipatu den irailaren 13ko 454E/2013 Ebazpena indarrik gabe uztea.

Horrenbestez, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren (martxoaren 20ko 19/2013 Foru Dekretuak aldatu zuen foru dekretu horren) bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuek 13. artikuluan emandako eskudantziak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 454E/2013 Ebazpena indarrik gabe uztea. Ebazpen horren bidez, batez ere langabeentzako 2013rako diru-laguntza publikoak emateko deialdi osagarria eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistemaren esparruan.

2. 755.061,00 euro askatzea 2013ko gastuen aurrekontuko “Enplegu Plana. Enplegurako lanbide prestakuntza, langabeentzat batez ere” izeneko G/170002/15200/4709/242103 kontu-sailetik.

3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Zerbitzuari eta zerbitzu horretako Kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2013ko azaroaren 8an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1315667