225. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANUE

Asotsak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Anueko Udalak, 2013ko martxoaren 13an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea asotsak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2013ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 16an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Olaguen (Anue), 2013ko azaroaren 4an.–Alkatea, Raúl Pascal Egozcue.

ANUEKO UDALAREN ASOTSEI BURUZKO ORDENANTZA

Zaratak edo dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren arabera 10.000 biztanletik beherako udalerri nafarrek nahitaezkoa ez badute ere asotsei buruzko ordenantzak onestea, Anueko Udalak, Nafarroako Arartekoaren errekerimenduari jarraikiz, ingurune hobea eta herritarren bizi kalitatearen babesa bilatuz, asotsei buruzko udal ordenantza hau onestea erabaki du.

1. artikulua. Ordenantza honek arautzen du Anueko (Nafarroa) udal mugapean zaratek eta dardarek eragindako nahasmenduen aurka ingurumena babesteko udal jarduketa.

2. artikulua. Udalari dagokio ordenantza hau betetzearen gaineko kontrola gauzatzea, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak har daitezela galdatzea, mugak adieraztea, beharrezkoak diren ikuskapenak agintzea eta agindutakoa betetzen ez denean zehapenak ezartzea.

3. artikulua. Udal mugapean ezarritako aginduak nahitaez bete beharko dituzte zaratak eta dardarak sortzen dituzten instalazio, aparatu, eraikin, obra, ibilgailu eta garraiobide guztiek eta, oro har, halako jarduera, egintza eta jokaera guztiek, betiere herritarrei eragozpenak edo arriskua sortzen badiete edo inguruneko egoera naturala aldatzen badute, edozein dela ere titularra, sustatzailea edo arduraduna, eta lekua publikoa edo pribatua, irekia edo itxia izan.

4. artikulua. Eraikin guztiek bete beharko dituzte Hots Baldintzei buruzko Eraikuntzaren Oinarrizko Arauetan (NBE-CA-88) zehazten diren hots baldintzak, bai eta aurrerantzean sartzen diren aldaketak eta eraikinen isolamenduari buruz ezartzen diren beste araudi batzuk ere.

5. artikulua. Motordun ibilgailuen jabeek edo erabiltzaileek motorrak eta gasen ihesbideak egokitu egin beharko dituzte xedapen orokorretan eta araudi aplikagarrian arlo honi buruz ezarritako agindu eta mugen arabera.

Debekatuta dago, orobat, lehiaketak edo erakustaldi zein probak egitea, sortzen duten asotsak herritarrei kalte egin badiezaieke, aldez aurretik Udalaren baimena izan gabe.

Bai herriko bide publikoetan bai herrien artekoetan debekatuta egonen da “gasen ihesbide librea” duten motordun ibilgailuak ibiltzea.

6. artikulua. Herritarren lasaitasuna nabarmenki oztopatzen bada, zenbait eremu edo bidetan motordun ibilgailu batzuei gaueko ordu jakin batzuetan ibiltzeko debekua ezartzen ahalko zaie.

7. artikulua. Eremu publikoan eta jendea ibiltzen den eremuetan edo eraikinen barnean sortzen den asotsak muga batzuk bete beharko ditu, arlo horretako araudiari jarraikiz, herritarren bizikidetza egokia izan dadin.

Arreta jarri beharko da edozein ordutan sortzen den asotsari buruz, baina, bereziki, gaueko atseden orduetan, eragile hauek direla eta:

a) Pertsonen ahots altuegia edo pertsonen zuzeneko jarduera.

b) Etxeko animaliek sortzen dituzten hots eta asotsak.

c) Musikako edo soinuko aparatu eta tresnak.

d) Etxeko aparatuak.

e) Makinek edo aparatu mekanikoek sortutako asotsak.

8. artikulua. Aldi baterako lanak, esate baterako eraikuntza publiko edo pribatuko obrak, ezin izanen dira egin 22:00etatik 08:00etara bitarte, baldin eta besteen eraikinen barneko hots mailen hondoko maila handiarazten badute. Eguneko gainerako orduetan, orokorrean, erabiltzen diren ekipoek ezin izanen dituzte gainditu, metro eta erdiko distantzian, 80 dB(A)-tik gorako hots mailak. Horretarako, bidezkoak diren neurri zuzentzaileak hartuko dira.

Salbuespena da gaueko orduetan premiazko obretan lan egin beharra ezinbesteko edo arriskuko arrazoiak tarteko; salbuespen, halaber, eragozpenengatik egunez egin ezin daitezkeenak. Udal agintaritzak espresuki baimendu beharko du gaueko lana, eta bete beharreko hots mugak ere zehaztuko ditu.

9. artikulua. Eremu publikoan salgaien zamalanak egitea eta kutxak, edukiontziak, eraikuntzako materialak eta antzeko gauzak maneiatzea debekatuta egonen da 21:00etatik 08:00ak arte, lan horiek ordenantza honetan ezarritako hots mailak gainditzen dituztenean. Eguneko gainerako orduetan kontu handiz egin beharko dira, ahalik eta eragozpen gutxien sor dadin eta behar-beharrezkoak soilik izan daitezen.

Salbuespen dira hondakin solidoak biltzeko lanak, nahiz eta Udalak arreta handiz jokatuko duen herritarrek ahalik eta eragozpen gutxien izateko.

10. artikulua. Ezin izanen da instalatu makina, aparatu edo organorik mugimenduan, bereizirik edo beste edozein instalazioren zati dela, paretetan, sabaietan, forjatuetan edo eraikinen egiturazko beste elementu batzuetan, aparteko kasuetan izan ezik, zeinetan frogatuko baita bizilagunei ez zaiela inolako eragozpenik sortzen, behar diren elementu zuzentzaileak instalatu direla edo etxebizitzekiko isolamendua edo kokalekua egokia dela.

Aurreko artikuluan aipatu elementuen lurreko instalazioa dardaren kontrako elementu egokiak tartekatuz eginen da; horien egokitasuna erabat frogatu beharko da kasuan kasuko proiektuetan.

11. artikulua. Aire girotuko, aireztapeneko edo hozkuntzako instalazioen ekipamenduek, hala nola haizagailuek, erauzgailuek, kondentsazio eta lurruntze unitateek, konpresoreek, ponpek, hozte dorreek eta antzekoek eta ur hornidurarako ponpaketa motorrek ez dute sortuko, kasuan kasuko eraikinetan, ondokoetan edo hurbilekoetan, arlo honetako araudian ezarritako mugetatik gorako hots mailarik.

12. artikulua. Etxebizitzen barneko asotsen mailak, 7. artikuluan aipatu jardueretakoren baten eraginez iristen direnean, muga hauek izanen ditu:

08:00etatik 22:00ak bitarte: 45 dB(A).

22:00etatik 08:00ak bitarte: 30 dB(A).

13. artikulua. Eraikinen titularrek beharrezkoak diren hotsgabetze neurriak hartuko dituzte, horien hondoko asots mailak ez ditzan aipatu mailak gainditu.

Udalak aukera izanen du, ofizioz, jardueren edo eraikinen hots mailak neurtzeko, ordenantza honetan ezarritakoa urratu dezaketela uste duenean.

Edonola ere, aldameneko eraikinen edo mugakideen artean gatazkak daudenean, eragozpenak jasaten dituen bizilagunak frogatu beharko du Udalean, 135/1989 Foru Dekretuak ezartzen duen hots maila neurtzeko aktaren bidez (dekretu horren bidez hotsak edo dardarak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dira).

14. artikulua. Kanpoaldeko ingurumenean onargarriak diren gehieneko maila hauek ezarri dira:

08:00etatik 22:00ak bitarte, 55 dB(A).

22:00etatik 08:00ak bitarte, 40 dB(A).

Eremu publikoan jaiak, obrak edo antzekoak egiten direnean, Udalak aldi batez aldatzen ahalko ditu aipatu diren gehieneko mailak, betiere beharrezko neurriak hartuz bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.

15. artikulua. Arau-hauste administratibotzat joko dira ordenantza honetako arauak urratzen dituzten egintzak eta ez-egiteak, asotsak sortzen dituzten guneei dagokienez. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, ondoko artikuluetan ezartzen denaren arabera.

16. artikulua. Asotsen arloan, arau-hauste arintzat jotzen da 3 dB(A)-tan gainditzea arlo honetako araudiaren arabera onargarriak diren gehieneko hots mailak.

Arau-hauste larritzat jotzen da:

a) Arau-hauste arinak berriro egitea.

b) 3 dB(A)-tik 10era bitarte gainditzea ordenantza honetan gehienez onartzen diren hots mailak.

Arau-hauste oso larritzat jotzen dira:

a) Arau-hauste larriak berriro egitea.

b) Gehienez baimendutako mugak 10 dB(A) edo gehiago gainditzen dituzten hots mailak.

17. artikulua. Bidezkoa denean erantzukizunak eskatzea alde batera utzi gabe, ordenantza honetan hots kutsadurari buruz ezarritako arauak hautsiz gero, zehapen hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinei 50 eurotik 100era bitarteko isuna ezarriko zaie.

b) Arau-hauste larriei 100 eurotik 300era bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriei 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

18. artikulua. Zehapen bakoitza mailakatzeko, inguruabar hauek baloratuko dira, denak batera:

a) Arau-haustearen izaera.

b) Arau-hauslearen ahalmen ekonomikoa.

c) Egindako kaltearen larritasuna osasunaren eta gizartearen arloan edo gauzetan.

d) Asmo txarraren norainokoa.

e) Behin baino gehiagotan egin den.

Ibilgailu, jarduera edo eraikin baten titularra berrerorletzat joko da aurreko hamabi hilabeteko epean kontzeptu beragatik zehapena edo ohartarazpena jaso badu behin edo gehiagotan.

19. artikulua. Ordenantza honetako aginduen ondoriozko jarduketak bat etorriko dira prozeduraren, inpugnazioaren eta, oro har, araubide juridikoaren arloan Toki Administrazioari aplika dakizkiokeen xedapenekin.

Ordenantza honetako aginduak aplikatzeak ez du galarazten Estatuak edo autonomia erkidegoak beren eskumenak erabiliz arlo honetan ematen dituzten beste arau batzuk aplikatzea.

Aplikatu beharreko zenbait manu edo aginduren artean kontraesana dagoenean, murriztaileenak aplikatuko dira.

20. artikulua. Ordenantza honetan zehaztutakoaren araberako arau-hausteen erantzule izanen dira arau-hausteak egiten direneko ibilgailu, jarduera, etxebizitza eta lokalen titularrak, edo, egileak, arau-hausteak haiekin lotura zuzena duenean.

Iragarkiaren kodea: L1315558