222. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko urriaren 14koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Zizur Nagusiko Udala entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Zizur Nagusiko Udala entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31007942012001) aztertu da, Erregistro honetan 2013ko abuztuaren 8an sartu zena, eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko uztailaren 4an izenpetu eta 2013ko urriaren 10ean zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2013ko urriaren 14an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

Aurkibidea

1. artikulua. Xedea.

1. bis artikulua. Neurriak enpleguaren alde eta zerbitzu publikoen kalitatearen alde.

2. artikulua. Indarraldia, salaketa eta negoziazio epeak.

3. artikulua. Konpentsazioa eta absortzioa.

4. artikulua. Jarraipen batzordea eta lanaren antolaketa eta giza baliabideak.

5. artikulua. Lanaldia, ordutegia, ordu malgutasuna eta jaiegunen egutegia.

6. artikulua. Lanbide-sustapena, langileen hautaketa eta mugigarritasun funtzionala.

7. artikulua. Plantilla organikoa eta espediente pertsonalak.

8. artikulua. Mailak.

9. artikulua. Eszedentziak, kontratua etetea eta lanaldi murrizketa.

10. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.

11. artikulua. Oporrak.

12. artikulua. Baimenak eta lizentziak.

12. bis artikulua. Eskubideez baliatzea eta ebazteko epea.

13. artikulua. Ordainsari oinarrizkoak eta osagarriak.

14. artikulua. Aparteko orduen osagarria.

14. bis artikulua. Neguko Bidezaintza Plana.

15. artikulua. Dietak.

16. artikulua. Jantziak eta ekipamendu pertsonala.

17. artikulua. Babesa eta segurtasuna.

18. artikulua. Prebentzio plana eta osasun laguntza.

19. artikulua. Gidabaimena berritzea.

20. artikulua. Prestakuntza.

21. artikulua. Aurrerakinak.

22. artikulua. Erretiroak.

23. artikulua. Eskubide sindikalak.

24. artikulua. Bilerak egiteko eskubidea.

25. artikulua. Diziplina araudia.

26. artikulua. Enplegu publikoaren sustapena.

27. artikulua. Osasun laguntza.

28. artikulua. Funtzionario bihurtzea, nahi izanez gero.

29. artikulua. Aldi baterako ezintasunerako osagarria.

I. eranskina. Berdintasuneko barne plana Zizur Nagusiko Udalerako.

II. eranskina. Sexu jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko eta horren kontra jarduteko protokoloa.

III. eranskina. Lan ingurunean jokabide erasokorrei aurrea hartzeko eta horien kontra jarduteko protokoloa.

ZIZUR NAGUSIKO UDALAREN ETA HAREN LAN KONTRATUDUN FINKOEN ETA ALDI BATERAKOEN ARTEKO LAN-BALDINTZEI BURUZKO HITZARMENA

2013-2014

1. artikulua. Xedea.

Hitzarmen honetan ezartzen diren arauen xedea da Zizur Nagusiko Udaleko lan kontratudun finkoen eta aldi baterakoen lan harremanak, sozial zein ekonomikoak, erregulatzea. Arau horien osagarri izanen dira Langileen Estatutuan ezarritakoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta, orobat, Nafarroako Gobernuaren eta sindikatuen artean baldintza ekonomikoei eta sozialei buruz funtzionarioentzat eta administrazio kontratudunentzat baldintza ekonomikoei eta sozialei dagokienez sinatzen duten akordioa: lanaldia, ordaindutako lizentziak eta baimenak eta ordainsariak.

Herritarren Zerbitzuen Alorrean enplegu proiektu gisa kudeatzen diren kontratu modalitateetan (enplegu sozial babestua, RIS enplegua eta antzekoak), salbuespen gisa erakunde publikoek edo beste ente batzuekiko itunen bidez emandakoetan, alderdi ekonomikoari dagokionez horietan bertan ezarritako eta araututako baldintzak izanen dira aplikatzekoak.

Kontratuen bidez gauzatzen direnez, betebeharrak eta eskubideak sortzen dira aplikazio eremu osoan.

Hitzarmen honek berariaz uzten ditu indarrik gabe, eta, hortaz, ondoriorik gabe ere bai, kasuan-kasuan aplikatu ziren aurreko akordio guztiak.

Orobat, hitzarmen honetako alderdi partzialen eta zehatzen inguruan negoziazio singularra egin daiteke, alderdietako batek hala eskatuta, eta baldin eta administrazio publiko guztien langileei dagokien araudia aplikatu behar bada (Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoa, Mendekotasunari buruzko Legea eta etorkizunean udaleko langileei egoki dakiekeen beste edozein), betiere aldaketek langileei hobekuntzak ekarriz gero.

Genero-berdintasuna:

Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdina eta aukeren berdintasuna da akordio honen printzipio gidarietako bat, oinarrizko tresna dena enpleguan generoa dela-eta diskriminazio zuzena eta zeharkakoa ezabatzeko, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren kontra egiteko eta lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko.

–Emakumeen eta gizonen arteko tratu berdinak berarekin dakar sexuarengatiko inolako diskriminaziorik ez izatea, zuzenekorik nahiz zeharkakorik, eta, bereziki, amatasun-egoeraren, familia-betebeharrak hartzearen eta egoera zibilaren ondoriozko diskriminaziorik ez izatea (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 3. artikulua).

–Sexuarengatiko zuzeneko diskriminazioa honako hau da: antzeko egoera batean, sexuaren ondorioz pertsona batek, beste batekin alderatuta, tratu ez hain ona izatea, orain, iraganean edo etorkizunean aukera hori izatea (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.1 artikulua).

–Sexuarengatiko zeharkako diskriminazioa honako hau da: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo praktika batek sexu bateko pertsonentzat desabantaila zehatz bat ekartzea beste sexuko pertsonen aldean, salbu xedapen, irizpide edo praktika horiek modu objektiboan justifikatzen badira xede legitimo batekin, betiere xede horiek lortzeko bideak beharrezkoak eta egokiak badira (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 6.2 eta 6.3 artikulua).

–Pertsona baten sexua dela-eta haren duintasuna gutxiesteko eta giro beldur eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoz egiten diren jokabide guztiak sexuan oinarritutako jazarpentzat hartuko dira. Sexuan oinarritutako bereizkeriatzat joko da, halaber, eskubide bat edo eskubide-igurikimen bat eskuratzeko, aldez aurretik egoera jakin bat onartu behar izatea, egoera horrek berarekin dakarrenean sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.2, 7.3 eta 7.4 artikulua).

–Sexu jazarpena, hau da, pertsona baten duintasunaren aurka egiteko asmoa edo ondorio hori duen edozein sexu jokaera, hitzezkoa nahiz fisikoa, batez ere giro beldur eragilea, degradatzailea edo iraingarria sortzen badu. Sexuan oinarritutako bereizkeriatzat joko da, halaber, eskubide bat edo eskubide-igurikimen bat eskuratzeko, aldez aurretik egoera jakin bat onartu behar izatea, egoera horrek berarekin dakarrenean sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7.1, 7.3 eta 7.4 artikulua).

–Lana eta familiako bizitza bateratzea: familiako arrazoiak direla-eta baimenak emateko sistemak ezartzea, baita guraso baimenak eta haurrei eta adinekoei arreta ematekoak ere, eta lan ingurunean egitura eta antolaketa bat sortzea gizonek eta emakumeek errazagoa izan dezaten lana eta etxeko nahiz familiako ardurak bateratzea. (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko terminoen glosarioa. Europako Batzordea).

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasuna lortu nahian, garrantzitsua da emakumezkoak subjektu aktibotzat hartzea gizartean; hartara, gizartean parte hartzen dutela eta haren zati direla ahaztuta ez dira mespretxatu edo desagerrarazi behar eguneroko mintzairan. Hori oinarritzat hartuta eta erabili beharreko idatzizko eta ahozko mintzairari dagokionez, akordio honek eta Udalaren eta sindikatuen ordezkarien artean dauden lan harreman guztiek mintzaira inklusiboa eta ez-sexista erabiliko dute.

–Genero indarkeria: genero indarkeria da emakume izateagatik emakumeen kontra erabiltzen dena, haien gainetik gizonek duten botere hartu-emana, desberdintasun egoera eta diskriminazioa islatuz.

Generoan oinarritutako edozein indarkeria egintza biltzen du, ondorioz kalterik edo sufrimendurik ekartzen badu, edo ekar badezake, emakumearen osasun fisikoan, sexualean edo psikologikoan, eta horren barrenean egonda egintza horien mehatxuak, hertsadura edo askatasuna arbitrarioki kentzea, bizitza publikoan nahiz bizitza pribatuan izan.

Genero indarkeriatzat hartzen da:

a) Indarkeria fisikoa; emakumearen gorputzaren kontra indarrez egiten den edozein egintza biltzen du, lesio fisikoa edo kaltea sortzeko arriskua dagoenean, ezkontideak eginda edo antzeko afektibitate harremanarekin hari lotua dagoenak edo egon denak, elkarrekin bizi gabe ere. Halaber, emakumearen kontrako indarkeria fisikotzat hartuko dira gizonek familiaren ingurunean edo ingurune sozialean eta/edo lanekoan emakumearen kontra egindakoak.

b) Indarkeria psikologikoa; mehatxu, umilazio edo laidoen bidez, obeditzeko edo men egiteko galdatuz, hertsaduraren, irainen edo bakartzearen bitartez, errudun sentiaraziz edo askatasuna mugatuz, emakumearengan desbalorizazioa edo sufrimendua eragiten duen jokabide oro biltzen du, ahozkoa zein ahoz kanpokoa, ezkontideak eginda edo antzeko afektibitate harremanarekin hari lotua dagoenak edo egon denak, elkarrekin bizi gabe ere. Halaber, emakumearen kontrako indarkeria psikologikotzat hartuko dira gizonek familiaren ingurunean edo ingurune sozialean eta/edo lanekoan emakumearen kontra egindakoak.

c) Indarkeria ekonomikoa; emakumearen eta bere seme-alaben ongizate fisikorako edo psikologikorako baliabideak nahita kentzea biltzen du, legez arrazoituta ez dagonean, baita bikotearen elkarbizitzan erdibanako baliabideak banatzeko diskriminazioa ere.

d) Sexu indarkeria eta sexu abusuak; erasotzaile baten bortxazko edozein sexu egintza biltzen du, edo emakumeak onartzen ez dituenak, eta, horren barrenean, indarrez edo larderiaz onartu gabeko sexu harremanetara bortxatzea eta sexu abusua, kontuan izan gabe erasotzaileak duen ala ez hartu-emanik biktimarekin, eta, hala bada, hori ezkontzakoa, bikotekoa, afektibitatekoa edo familiakoa den.

1. bis artikulua. Neurriak enpleguaren alde eta zerbitzu publikoen kalitatearen alde.

1. Aldi baterako enplegu publikoa finko eta iraunkor bilakatuko da. Horretarako eta 6.2.1 artikulua betez, indarreko plantilla organikoan dauden lanpostu huts hauek sartuko dira lan publikoaren eskaintzan:

–2013ko LPE: 6. arloko lanpostu huts guztiak (Hirigintza Zerbitzuak): Obra Zerbitzukoak; eta 8. arloko lanpostu huts guztiak (Ikastetxeak): Erreniega IPko eskolazainak.

–2014ko LPE: 5. arloko lanpostu huts guztiak (Herritarren Zerbitzuak).

2. Giza baliabideak antolatzeko 2012an onetsitako azterlana oinarri harturik:

–Lorezaintza Zerbitzua berrantolatzea, egungo betebeharrei heltzeko beharrezko egitura ezarriz (ofizialen -3- eta beharginen kopurua), eta lanpostu eta/edo maila bakoitzaren ardurak eta eginkizunak zehaztuz. Ofizialen hiru lanpostuak beharginen igoeraren bidez beteko dira.

–Obretako ofizialak (3) C mailan sartzea.

2. artikulua. Indarraldia, salaketa eta negoziazio epeak.

Bi urteko indarraldia (2013 eta 2014) izanen du hitzarmen honek, eta adierazpenik egin beharrik gabe luza daiteke urteka, non ez duen salaketarik egiten alderdietako edozeinek, betiere mugaegunean baino hiru hilabete lehenago.

Aldeek onesten dutenean hartuko du indarra hitzarmenak, eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hitzarmena salatzeko, idazki bat aurkeztu beharko da Zizur Nagusiko Udalaren Erregistro Orokorrean, alkateari zuzendua.

Langileriaren Batzorde Informatiboak bilera egin eta bertan hitzarmenaren salaketa egiten denetik hilabeteko epean, gehienez ere, eratu beharko da negoziazio batzordea. Jakinarazpena jasotzen duen aldeak erantzun beharko dio negoziazio proposamenari eta bi aldeek negoziaziorako egutegia edo plana ezarriko dute.

Gehienez zortzi hilabeteko epea izanen da hitzarmen berria negoziatzeko, aurreko hitzarmenak indarra galtzen duen egunetik aurrera.

Negoziaziorako gehieneko epea iraganik akordiorik lortu gabe, negoziazio batzordea estatuko edo autonomia erkidegoko lanbidearteko akordioen bidez ezarritako prozeduren menpe geldituko da, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 83. artikuluan aurreikusitako horien menpe, alegia.

3. artikulua. Konpentsazioa eta absortzioa.

1. Akordio honetan itundutako baldintza guztiek multzo organiko bat osatzen dute, eta indarra hartu aurretik zeuden guztiak ordeztu, konpentsatu eta irentsiko dituzte urteko kopuruan eta, oro har, edozein dela ere haien izaera, jatorria edo izena.

2. Zehazki, ordainketen edozein kontzeptu dela bide, legezko xedapenen bitartez ezartzen diren igoerak hitzarmen honetan ezarritakoarekin konpentsatzen ahalko dira urteko kopuruari dagokionez.

3. Era berean, hitzarmen honetan ezarritako urte osoko ordainsariek, indarra hartutakoan, dauden sariak irentsi eta konpentsatzen dituzte, zein den ere haien izaera, jatorria edo izena.

4. Plantilla organikoko lau lanpostutan (31002, 46001, 46002 eta 48004 zenbakikoak), konpentsazio osagarria egokituko da indarreko araudian beste ordainsarietarako xedatutakora. Egokitze hori gauzatuko da plantilla organikoa aldatzeko espedientea behin betiko onetsi ondoan, hura xurgatzeko tramitatuko baita.

4. artikulua. Jarraipen batzordea eta lanaren antolaketa eta giza baliabideak.

1.–Jarraipen batzordea.

1.1. Jarraipen batzorde bat osatuko da, hitzarmen honetako arauen interpretaziorako, arbitrajerako eta beteko direla begiratzeko. Batzorde hori alkateak eta enpresa batzordeko buruak (edo haiek eskuordetutako pertsonek) eta udaleko langile finkoen ordezkari batek osatuko dute. Kide bakoitzak boto bat izanen du. Sindikatuen ordezkaritzaren botoa ponderatua izanen da, sindikatu bakoitzaren ordezkaritza egiaztatuaren arabera.

1.2. Bilkura bakoitzean parte hartzen dutenen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak.

1.3. Hitzarmena interpretatzerakoan edo aplikatzerakoan desadostasunik egonez gero bilduko da Jarraipen Batzordea, edozein alderdik eskatuta. Bilera egiteko eskatu zenetik 15 lanegun pasa ondoren hura egiten ez bada, alderdi eskatzaileak zilegi izanen du erreklamatzea agintaritza eskudunean edo Justiziako epaimahaietan, bidezkoa zein den.

1.4. Jarraipen batzordeari kontsulta eginda, haren irizpena erabakitzailea izanen da, eta aktan jaso beharko da. Edonola ere, alderdiek, libreak eta independenteak izanik, edozein unetan ustez dauzkaten eskubideak erabiltzen ahalko dituzte, behar den denboran eta moduan, agintari edo jurisdikzio eskudunaren aurrean, legez indarra duten xedapenen arabera.

1.5. Aipaturiko batzordeak hitzarmen honen xede diren gaiei buruz eta hura interpretatzeko edo garatzeko hartzen dituen erabakiak akordioan sartuko dira eta haren izaera juridiko bera izanen dute, erregistratu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Azken tramite horiek akordio batzuetan bakarrik beteko dira, Batzordearen iritziz beharrezkoak direnetan, hain zuzen ere.

1.6. Saiatuko da emakumeen eta gizonen parte-hartzea orekatua izan dadin Jarraipen Batzordean. Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoak (martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa) ezartzen du sexu bakoitzak gutxienez %40ko parte-hartzea izan behar duela.

Orobat, laneko, bizitza pertsonaleko eta familiako ardurak bateratzeko, Jarraipen Batzordeko bilerak lan orduetan eginen dira.

1.7. Hitzarmen honetan ezarritako lan baldintzen funtsezko aldaketa egiteko, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 41.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta Estatutu horren 82.3 artikuluan aipatzen den lansarien araubidea ez aplikatzeko negoziazioan sor daitezkeen desadostasunak modu eraginkorrean ebaztea izanen da Jarraipen Batzordearen lana.

Era berean, batzorde paritario bat izendatzeko lana beteko du, bertan ordezkatuta legean ezarritako gaiez eta esleitzen zaizkion beste guztiez, bereziki Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 85.3.h) artikuluan jasotakoez iritzia eman dezaketen alderdi negoziatzaileak.

2.–Lanaren antolaketa eta giza baliabideak.

2.1. Lana antolatu eta zuzentzea Zizur Nagusiko toki administrazio honen gobernu organoari eta zuzendaritza talde eskudunari dagokie, bere burua antolatzeko duen ahalaren ondorioz edo toki entitate honek bere borondatearen arabera bere menpeko zerbitzuak antolatzeko eskubidearen ondorioz.

Azken batean, toki administrazio publiko honek antolatzeko ahalmena baliatuta, zerbitzuak arautzen ahal dira egokiena irizten den moduan, lanpostuak esleitutako eginbeharren arabera sailkatzeko ahala barne.

Aurrekoaren harira, giza baliabideen kudeaketa antolatzeko tresnen artean, lanpostuen zerrendak dira entitate honek antolatzeko duen tresna nagusia, barneko egituraren antolakuntzaren eredua taxutzen baitu, egin beharreko lan zehatzaren arabera langileak antolatuz eta sailkatuz, zerbitzuen betebeharrekin bat.

Lanpostuen zerrendaren bidez arrazionalizatu eta antolatzen da funtzio publikoa; halaber, funtsezko tresna da langileen arloko politika orokorrerako, bertan ekonomia eta aurrekontuak aintzat hartzen baititu.

Orobat, lanpostuen zerrendak arauemaileak dira, eta bereizi egiten dira hartzaile askotariko eta zehaztugabea duten baina eduki arauemailerik ez duten egintzetatik.

2.2. Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Udalean ordezkaritza duten sindikatuek eskubidea dute lan baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenen arabera, eta laneko araudiak Langileen Batzordeari gai honetan aitortzen dizkion eskumenak errespetatuz.

5. artikulua. Lanaldia, ordutegia, ordu malgutasuna eta jaiegunen egutegia.

1. Urteko benetako lanaldia, ororentzat, 1.592 ordukoa izanen da.

Dagokion foru arauak hitzarmen honetan adierazten denaz besteko urteko lanordu kopurua ezarriko balu Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat, automatikoki aplikatuko litzaieke kopuru bera Zizur Nagusiko Udaleko lan-kontratudun finkoei eta aldi baterakoei.

Hitzarmen hau interpretatu, arbitratu eta betetzen den zaintzeko ardura duen Jarraipen Batzordeak hiru txandatan lan egiten duten langileen kasuak aztertuko ditu, eta langile horiek 45 urte betetakoan gaueko txanda uzteko aukera izan ahal duten begiratuko du, osasun arrazoiak direla medio eta medikuaren txosten ofiziala ikusita.

Bai langilearen osasunerako bai zerbitzua ongi emateko egokiak diren neurriak, behin-behinekoak edo behin betikoak, hartuko dira. Dena dela, une batzuetako beharrengatik edo behar beste langile ez izategatik, zilegi izanen da ohiko zerbitzura itzultzeko eskatzea, harik eta neurri hau berriz aplikatzeko modua izan arte.

2. Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta orokorrean, goizeko orduetan, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da.

Ikastetxeen kasuan, atsedenaldia antolatzean ikasleen segurtasuna eta kontrola bermatuko da.

3. Urteko lanordu kopurua, 1.592, honelako lanaldietan banatuko da:

a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaez aritu beharko da 8:00etatik 15:00ak arte; gainerako 20 minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:40tik 8:00ak arte eta 15:00etatik 15:20 arte.

b) Herriko festen bezpera (altxaferoa): asteguna eta goizez egokitzen denean, lanaldia 3 ordukoa izanen da. Jendea hartzeko gutxieneko ordutegia 9:00etatik 11:00etara bitartekoa izanen da eta bulego guztiak 11:00etatik aurrera itxiko dira.

c) Herriko festak: bezperako 11:00etatik aurrera; festa eguntzat hartuko dira: Zaindariaren eguna eta herriko festetako bi egun gehiago. Aipatutako azken egunetakoren bat ezin bada hartu, uztailaren 7ra aldatuko da.

d) San Andres: azaroaren 30a, San Andres eguna, jaieguna izanen da.

e) San Fermin: sanferminetan (bezpera barne), lanaldia 9:00etatik 13:00etara bitartekoa izanen da.

4. Jaiegunen egutegia: Nafarroako Gobernuak urtero finkatuko du hitzarmen honen eraginpeko langileen jaiegunen egutegia, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Hala ere, 5.3.a) artikuluan aipatzen diren 20 minutuen izaera malgua aldatu ahal izanen da, ezarri ahal diren barne koordinazioko mekanismoak abian jartzen direnean, baina horrek ez du behin betiko aldatuko atal honetan ezartzen den ordutegi orokorra.

Halaber, nahi den izaera puntual eta iragankorrez, Udalak lanaldiaren edo ordutegiaren bestelako banaketa adostu ahal izanen du, antolamendu beharren arabera, baina horrek ez du behin betiko aldatuko 5.3.a) artikuluan ezartzen den ordutegi orokorra, eta, gainera, langileari 72 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio.

Edonola ere, organo eskudunak urtero emanen du ebazpena, eguneko lanaldia zehazteko, urteko jaiegun egutegiari egokiturik.

Urtero lan egutegia finkatuko da eta bertan azalduko dira asteko atsedenaldiak, jaiegun ofizialak, probintziakoak eta herrikoak.

6. Lanaldia egokitzea: Lanaldiaren iraupena eta banaketa egokitzeko eskubidea, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko eskubidea benetan erabiltzeko, langileak Udalarekin adosten dituen baldintzekin. Jarraipen batzordeak zehaztuko du zein diren irizpideak bateratzeko neurriak hartzeko eta eskaera bakoitza aztertuko du, aukera berdintasuna bermatuz langile guztiek horiek eskuratzeko orduan.

6. artikulua. Lanbide-sustapena, langileen hautaketa eta mugigarritasun funtzionala.

1.–Sustapena.

1.1. Langile finkoen igoerak esan nahi du hitzarmen honen 8. artikuluan zehaztutako maila bateko langileak goiko mailetara igotzea, bai eta maila berean gora egitea ere.

1.2. Maila igoerarako, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluak eta xedapen osagarriek diotenari jarraikiz, lanpostu hutsak erreserbatuko dira hautaprobetan.

Kasu horretan eta lanaldia murrizteaz pertsonak zaintzeko baliatu diren langileentzat, antzinatasuna urte naturaletan kalkulatuko da, hau da, denborak berdin-berdin konputatuko du lanaldi osoan eta lanaldi murriztuan egin.

1.3. Maila bakoitzean mailaz igotzeko, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 18., 33. eta 34. artikuluek eta xedapen osagarriek xedatutakoari jarraituko zaio.

1.4. Langile finkoei lekualdatze lehiaketetako deialdietan, sartzeko deialdietako igoera txandetan eta departamentuen eta erakunde autonomoen barnean langileen mugigarritasun prozeduretan parte hartzeko aukera bermatuko zaie, edozein dela ere horien araubide juridikoa: funtzionarioak, estatutupekoak edo lan-kontratudunak. Kasu horietan, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 10. xedapen gehigarrian eta xedapen osagarrietan xedatuari jarraituko zaio.

Baldintzak eta baremoak ordezkari sindikalekin negoziatuko dira.

1.5. E mailako edo taldeko lanpostuen lekualdatze lehiaketetan parte har dezakete, orokorrean, maila edo talde horretako langile finko guztiek, edozein dela ere lehen zuten lanpostua.

1.6. Gainerako mailetako lanpostuen lekualdatze lehiaketetan, ahaleginak eginen dira ahalik eta enplegatu gehienek parte har dezaten, lanpostuaren ezaugarriek eta eginkizunek horretarako bide ematen badute.

1.7. Aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, Udalak bete nahi dituen lanpostuak beheragoko mailako edo maila bereko langile finkoei eskainiko dizkie, gaitasun, iraupen eta antolamendu alderdiak baloratu ondoren eta indarreko legeetan ezarritakoari jarraituz. Kasu horiek honako honi jarraikiz arautuko dira: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 24.2 artikulua zati batean garatzen duten apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuari eta abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduari; hura Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei badagokie ere, Zizur Nagusiko Udaleko langileei ere aplikatuko zaie.

1.8. E eta D mailetako langile finkoak D eta C mailetara igo ahal dira, hurrenez hurren; igoera 5 urteko antzinatasuna lortzean gertatuko da baldin eta eskatutako titulazioa badute, eta 8 urtekoa lortzean titulazio hori ez badute, aplikatu beharreko legediarekin bat. Antzinatasun hori 1.2 puntuan zehaztu bezala kalkulatuko da.

Igoera horretarako deialdiak urtero eginen dira, halako moduan non aurreko lerroaldean ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileak, behar diren hautapen probak gainditu ondoren, goragoko mailetan sartuko diren.

Mailaz igo diren langileek Udalari atxikirik jarraituko dute; deialdiko maila eta kategoriari, hala nola eskatutako ikasketei egokitutako lan eta eginkizunetan ariko dira eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten ari zirenak beteko dituzte.

1.9. Behar diren mekanismoak ezarriko dira, administrazioak bere burua antolatzeko dituen ahalmenak eta zerbitzuen premiak babestuz, langile finkoen mugigarritasun horizontala errazteko, besteak beste lanpostu guztien mailakako integrazioa, bakoitzaren titulazioan, izendapenean eta garatutako eginkizunetan oinarrituta.

1.10. Lanpostu hutsak mailako igoera murriztuaren bidez beteko dira, horrela egin daitekeen zerbitzuetan.

2.–Langile finkoen hautaketa:

Langile finkoak hautatzerakoan abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan eta xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraituko zaio. Lan publikoaren eskaintzaren aurretik, bidezkoak diren lekualdatze lehiaketak eginen dira.

Behar direnak eginen dira plantillaren egonkortasuna eta, kasua bada, mugikortasun horizontala errazteko, Udaleko giza baliabideak birkokatuz edo/eta langileak beste lanpostu batzuei atxikiz, zerbitzu hobea emateko helburuarekin. Zehazki, lanaldi osoko lanpostu finko hutsik dagoenean, haiek lanaldi partziala edo lanaldi jarraitugabea duten langile finkoei eskaintzeko prozedura aztertuko da, halakorik balego.

2.1. Hutsik hiru urtean egon baino lehen bete beharko dira behin betiko lanpostuak, oposizioaren bidez.

2.2. Oposizioaren alde praktikoa puntuazio osoaren %50 izanen da. Era berean, zati teorikoaren edo teoriko-praktikoaren balorazioan (%50), pisu handiena bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duten gaiek izanen dute: gai orokorrak %15 inguru baloratzea eta lanpostuari dagozkion gaiak, berriz, %35 inguru.

3.–Mugigarritasun funtzionala.

3.1. Udalaren barneko mugigarritasun funtzionala izateko eskubideak ez du beste mugarik izanen lan horietarako behar diren ikasketen edo lanbide tituluek eskatzen dutena baizik.

3.2. Lanbide maila edo kategoria baliokideei ez dagozkien eginkizunak betetzeko mugigarritasun funtzionala bakarrik onartuko da teknika edo antolaketaren aldetik arrazoiak daudenean eta arrazoi horiek konpontzeko beharrezkoa den denborarako bakarrik, hori dena langileen duintasuna eta haien lanbide-prestakuntza eta maila-igoera galarazi gabe. Goragoko kategoriako lan batean aritze hutsak ez du behin ere finkatuko ez soldata, ezta goragoko kategoria ere.

3.3. Osasun arrazoiak direla-eta, langileen lanpostuen aldaketak egiten ahal dira, baina zentro ofizial batek txostena eman beharko du aurretik:

–Lan nekagarri, toxiko edo arriskutsuetan aritzen diren langile finkoak, 55 urte betetzean, haien gaitasunei hobeki egokitzen zaizkien beste zeregin batzuetara aldatuko dituzte, bigarren jarduerakoak deitutakoetara, betiere dagokien zerbitzuaren barruan. Segurtasun eta osasun batzordean neurri horren aplikazioa aztertuko da, langileak horren beharra duenean arrazoi fisiko edo psikologikoengatik edo arrisku psikosozialengatik.

–Dagokion epaimahai medikoak horretarako aholkua ematen badu, adin horretara iritsi baino lehen hasiko dira langileak bigarren jarduerako lanetan.

4.–Desgaitasuna duten langileak.

4.1. Udalak enplegu publikoko eskaintzetan lan-kontratudunen lanpostu finkoen %5 gordeko du desgaitasuna duten langileentzat, indarrean diren legeak betez.

4.2. Hori hala izanik ere, Udalak konpromisoa hartzen du baliaezintasun iraunkorra ezintasun iraunkor osoaren graduan onartua duten langileak euren hondar-gaitasunarekin bateragarriak diren lanpostuetan birkokatzeko.

4.3. Artikulu honetako 4.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz birkokatu diren langileak izanik, ezgaitasuna lan-istripu baten ondorioa edo eritasun profesional baten ondorioa ez bada, euren jatorrizko lanpostuari dagokion ordainsaria jasoko dute, jasotzeko eskubidea duten ezintasun pentsioaren zenbatekoa kenduta, hala badagokie.

Nolanahi ere, ukitutako pertsonari kobratzen ari zen ordainsariak osatzeko nahikoa den lanaldi partziala egiteko aukera ematen saiatu beharko da.

4.4. Artikulu honetako 4.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz birkokatu diren langileak izanik, ezgaitasuna laneko eritasun baten ondorioa edo lan-istripu baten ondorioa bada, lanpostu berriari dagokion ordainsaria jasoko dute, baita jasotzeko eskubidea duten ezintasun pentsioaren zenbatekoa ere. Bi ordainsarien batuketa euren jatorrizko lanpostuetan jasoko luketena baino txikiagoa balitz, puntu honetan ezarritakoa ala aurreko puntuan ezarritakoa aplikatzea aukeratu ahal dute.

5.–Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzea.

5.1. Lan kontratua mugagabea ez duten lan-kontratudunak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 95. artikuluan eta haren xedapen osagarrietan, bereziki ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren IV. tituluan, ezarritakoaren arabera hautatuko dituzte.

5.2. Udaleko lan-kontratudunen ordezkariei kontratazio horien garapenaren berri emanen zaie une oro.

5.3. Aldi baterako lan kontratua, aurrena, lan kontratudun finko bihurtzeko hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenei eskainiko zaie. Lortutako puntuen hurrenkerari jarraituz kontratatuko dira langile horiek.

Aukera hori agortzen denean, probak eginen dira aldi baterako kontratuak egiteko izangai zerrenda bat eratzeko.

5.4. Behar direnak eginen dira plantillaren egonkortasuna eta, kasua bada, mugikortasun horizontala errazteko, Udaleko giza baliabideak birkokatuz edo/eta langileak beste lanpostu batzuei atxikiz, zerbitzu hobea emateko helburuarekin.

5.5. Foru Administrazioko sindikatuek kontratazio zerrenden kudeaketaren inguruan sinatutako akordioa aplikatuko da (abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, 2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa).

5.6. Premia gorrien kasuan baino ez da zuzenean Nafarroako Enplegu Zerbitzutik kontratatuko (NEZ).

5.7. Behin-behineko langileak gehienez ere plantillaren %5 izan daitezela planteatzen da helburu gisa, eta hori soilik bajak, oporrak, baimen ordaindu gabeak, eszedentziak, lanaldi murriztuak, amatasuna eta aitatasuna, zereginen metaketa, lan edo zerbitzu jakinak, plantillako lanpostu hutsen ondoriozko bitarteko lanpostuak eta diru-laguntza duten programak estaltzeko. Urtero lanpostu hutsak lan publikoaren eskaintzan aterako dira, sinatutako udal konpromisoaren arabera, eta Jarraipen Batzordean negoziatuko dira; halaber, horien deialdia Udalaren beharrizanak oinarri hartuta eginen da.

6.–Sindikatuen ordezkarien parte-hartzea.

6.1. Langileak hautatzeko prozeduretan, langileen ordezkariek prozesuan parte hartzeko ordezkariak izendatuko dituzte (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren onesten duen 113/1985 Foru Dekretuaren 21. art.).

6.2. Udalak sindikatuen ordezkariei edozein prozeduraren babespean egiten dituen aldi baterako kontratuen berri emanen die, lan zein administrazio araubidean dela ere.

7.–Kontratuaren forma.

7.1. Kontratuak kontratazio mota bakoitzerako eskumena duen legediaren arabera eginen dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren IV. titulua bete beharrez.

7.2. Indarreko legediak lan kontratuen modalitate batzuetarako ezartzen dituen aipamen berariazkoez gain, espresuki adierazita egonen dira honakoak:

–Zein taldetakoa den.

–Lanpostua eta haren plantilla zenbakia.

–Probaldiaren iraupena.

–Lansarien egitura eta zenbatekoa, langile finkoenak bezalakoak izanen direnak.

8.–Artikulu honetako 1. puntuko igoera edo lekualdatze deialdietan nahiz lan-kontratudun finkoak edo aldi baterakoak hautatzeko deialdietan, ondoko neurri hauek hartuko dira kontuan:

–Saiatuko da epaimahaiak osaera paritarioa izaten.

–Aztertuko da gai-zerrendan genero arloko politikak eta/edo mintzaira ez-sexista erabiltzeko balorazioa sartzea idatzizko probetan.

–Deialdian prestakuntzako baremo bat baldin badago, baremo horretan genero arloko prestakuntza sartuko da kasuan kasuko lanpostuarekin ikusteko duten gaien artean.

9.–Izendapen libreko langileen hautaketak, halakorik balego, merezimenduen eta gaitasunaren printzipioak izanen ditu oinarri. Beti saiatuko da bi sexuetako hautagaiak proposatzen eta txosten batekin justifikatuko da hautaketan hartutako erabakia.

7. artikulua. Plantilla organikoa eta espediente pertsonalak.

1. Zizur Nagusiko Udalak bere plantilla organikoa onetsi beharko du; bertan Udala osatzen duten lanpostuak zerrendatuko dira behar bezala sailkatuta:

a) Atxikiak dauden maila, haietako bakoitzaren zenbaki ordinala eta, hala behar izanez gero, haietan sartzeko egiaztatu behar diren berariazko betekizunak.

b) 13. artikuluan ezarritako ordainsari pertsonal oinarrizkoak eta osagarriak.

c) Langileen sailkapena eta antolamendua, garatu beharreko lan zehatzaren arabera.

d) Eskatzen den euskara maila.

2. Zizur Nagusiko Udalak bere lan-kontratudun guztiei espediente pertsonala irekiko die eta bertan inguruabar pertsonal guztiak eta euren inguruan egiten diren ebazpenak azalduko dira.

3. Zizur Nagusiko Udalak urtero eginen du zerrenda bat eta bertan mailak, kategoriak, soldatak, osagarriak eta gainerako alderdi ekonomikoak zehaztuko dira.

4. Udalak urtero azterlan bat eginen du eskaintzen dituen eta sortu behar dituen zerbitzuen jardunbide egokirako zenbat langile behar dituen ikusteko.

5. Antolaketa azterlanei, lanpostuen balorazioei eta antzeko aferei buruz Udalak enpresa pribatuekin edo Nafarroako Gobernuarekin egiten dituen kontu guztietan, kontsulta eginen zaie ordezkari sindikalei. Balorazio horietan generoaren ikuspuntua sartuko da. Balorazio horien emaitzen ondorioz plantilletan aldaketarik sortuz gero, haiekin negoziatuko dira.

6. Udalak, urtero, sindikatuen ordezkariekin kontsultatuko du plantilla organikoa, baita egin litezkeen aldaketak eta LPE ere, osoko bilkuran onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Negoziazio horien barruan, dauden hutsuneak betetzeko behar diren lanpostuak sortzeko aukera eztabaidatuko da.

8. artikulua. Mailak.

Zizur Nagusiko Udaleko langileak, deialdiaren betekizunekin bat etorriz, sartzeko eta nagusiki bete beharreko eginkizunetarako behar duten titulazioarekin sartuko dira, honako maila hauetan:

–A maila: maila honetako langileek lizentziadun, ingeniari edo arkitektoaren unibertsitateko titulua beharrezkoa duten zuzendaritza-lanak edo lanbide eginkizunak beteko dituzte.

–B maila: maila honetako langileak, unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo Lanbide Heziketako hirugarren mailako tituluen jabe izanen direnak, A mailako eginkizunetan laguntza eta sostengu lanetan arituko dira, bai eta euren titulazioari dagozkion lan profesionaletan ere.

–C maila: maila honetako langileak betetze lanetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.

–D maila: maila honetako langileak laguntza lanetan edo antzekoetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.

–E maila: maila honetako langileek menpeko laguntza-zereginak beteko dituzte.

9. artikulua. Eszedentziak, kontratua etetea eta lanaldi murrizketa.

1.–Borondatezko eszedentzia.

1.1. Borondatezko eszedentzia deklaratzea, langile finko batek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:

a) Zerbitzuak ematen hasten bada beste administrazio publiko batean edo langilearena ez den beste administrazio baten menpekoa den eta berezko nortasun juridikoa duen entitate batean, bai eta jabetza hartzeko unean beste administrazio publikoa batean zerbitzuak ematen ari baldin bada izaera finkoarekin.

Halaber, Administrazio Publiko beraren baitan, maila bereko edo desberdineko beste lanpostu bat, unitate organikoko burutza edo zuzendaritza direnak izan ezik, eskuratzen duen lan-kontratudun finkoak bietako bat aukeratu beharko du, eta beste lanpostuan borondatezkoa eszedentzian deklaratzea eskatu dezake.

b) Alderdi politikoetan edo erakunde sindikal edo profesionaletan zuzendaritza karguetan aritzeko, baldin eta kargu horietan aritzea eta funtzio publikoan lan egitea bateragarriak ez badira.

c) Lan-kontratudun finkoaren interes partikularrengatik. Jatorrizko lanpostua hemezortzi hilabetez gordeko da, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute eta interesdunak egiaztatzen baldin badu eskaera egin aurreko bi urteetan, gutxienez, jardunean edo horren antzeko lan egoera batean aritu dela.

d) Familia elkartzeagatik borondatezko eszedentzia eman dakieke langileei, benetako zerbitzuak emateko baldintza bete gabe, baldin eta haien ezkontidea beste herri batean bizi bada behin betiko lanpostu bat eskuratu eta horretan aritzegatik funtzionario gisa edo lan-kontratudun finko gisa, edozein administrazio publikotan.

1.2. Borondatezko eszedentziak ez du denbora mugarik izanen, hura ematen den kasu guztietan.

1.3. Behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izanen dute jardunera itzultzeko eskatu egoera horretan urte bat bete arte. Itzultzea erabaki ondoren, hilabeteko epean gauzatu behar da. Hala egiten ez bada, lan-kontratudun finkoak galdu eginen du langile izaera.

1.4. Borondatezko eszedentzian dauden lan-kontratudun finkoek gorde eginen dituzte lehendik dituzten maila, gradua eta antzinatasuna, baina ez dute soldatarik jasoko eta egoera horretan emandako denbora ez zaie inolako ondoriotarako kontuan hartuko.

2.–Eszedentzia berezia.

Lan-kontratudunek eskatuta, eszedentzia berezia onartu ahal da, kasuan-kasuan ezartzen den eperako, honelako kausa hauek egiaztatuz gero:

2.1. 3 urtera bitartekoa, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera-fasean, behin-behineko egoeran badaude ere. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

2.2. Hiru urterako, gehienez, langilearen kargura dagoen odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat zaintzeko, bigarren gradu artekoa –hori barne–, baldin eta adinagatik edo desgaitasun, istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lan ordaindurik ez badu.

2.3. Eszedentzia berezi bakarra hartu ahal izanen da subjektu eragile bakoitzeko. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia berezi baterako bidea ematen badu, azkenengo eszedentziak aurrekoaren bukaera ekarriko du.

2.4. Eszedentzia mota hori langile bakoitzaren eskubidea da. Subjektu eragile berak bi langilerentzako eskubidea ahalbidetzen baldin badu, Udalak eskubidea izanen du aldi berean erabili behar duten eszedentzialdia mugatzeko, zerbitzuaren beharrekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

2.5. Kasu guztietan, eszedentzia berezia emateko, langileak deklaratu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik egin behar.

2.6. Eszedentzia berezian dauden lan-kontratudunek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sorraraziko. Dena den, antzinatasunaren ondorioetarako, egoera horretan ematen duten aldi osoa aintzat hartuko zaie. Eskubide pasiboen ondorioetarako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

2.7. Eszedentzia berezia duten langileek eszedentzialdia bukatu eta hurrengo egunean hasi beharko dute lanean jatorrizko lanpostuan.

2.8. Eszedentzia bereziko epea bete ez bada ere, interesdunek edozein unetan eskatzen ahal dute jarduneko zerbitzura itzultzea. Itzultzea erabaki ondoren, hilabeteko epean gauzatu behar da. Hala egiten ez bada, lan-kontratudunak galdu eginen du izaera hori.

2.9. Aldez aurretik itzultzen den bakoitzean, aurreko 2.8 atalean aurreikusi bezala, langileek eska dezakete, horren ondoren eta behin bakarrik, subjektu eragile beraren ondoriozko beste eszedentzia berezi bat, gehieneko iraupenera arte gelditzen den denborarako.

3.–Nahitaezko eszedentzia.

3.1. Nahitaezko eszedentzia egoeran ezarriko dituzte ondorengo hauek:

a) Zerbitzu berezien egoera bukatuta, hautatu edo izendatuak izan zireneko kargua utzi eta hurrengo hogeita hamar egun naturaleko epean euren jatorrizko lanpostura lanera itzultzen ez diren langileak.

b) Bateraezinezkotzat jotako jarduera batean aritu eta hari uko egiten ez dioten langileak.

3.2. Nahitaezko eszedentzian diren langile guztiei 1.4 puntuan (borondatezko eszedentzia) ezarritakoa aplikatu ahal zaie.

4.–Genero indarkeriaren biktima direnen eszedentzia.

4.1. Genero indarkeriaren biktima diren emakumezko langileek, haien babesa edo gizarte laguntza osorako duen eskubidea eraginkorra izateko, aurretik gutxieneko zerbitzu aldia eman beharrik gabe eskatu ahal izanen dute eszedentzia egoera, eta ez zaie eskatuko egoera horretan irauteko eperik.

4.2. Lehendabiziko sei hilabeteetan eskubidea izanen dute betetzen zuten lanpostua erreserbatzeko, eta aldi hori kontuan hartuko da antzinatasunaren, karreraren eta aplikatzekoa zaien gizarte aurreikuspeneko araubideko eskubideen ondorioetarako.

4.3. Epaitegiko jarduketek hala eskatuta, hiru hilabeteko luzapenak baimendu ahal izanen dira, gehienez ere hemezortzi, lehenago adierazitako ondorio berberekin, biktimaren babeserako eskubidearen eraginkortasuna bermatzeko.

4.4. Eszedentzia honetako lehenbiziko bi hilabeteetan emakumezko langileak eskubidea izanen du ordainsariak osorik jasotzeko, bai eta, egoki denean, bere ardurapean dituen seme-alabengatiko familia prestazioak ere.

5.–Jarduneko zerbitzura itzultzea.

Lanpostua gorderik ez duten langileak zerbitzura itzultzeko, lanpostua hutsik gelditu beharko da eta ondoren adierazten den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio:

1. Borondatezko eszedentzia hartu dutenak, 1.1 atalaren b) paragrafoan (borondatezko eszedentzia) aipatu karguak betetzeagatik.

2. Borondatezko eszedentzia hartu dutenak, 1.1 atalaren a) eta c) paragrafoetan (borondatezko eszedentzia) aipatuak.

3. 1 atalaren b) paragrafoan (nahitaezko eszedentzia) aipatzen den nahitaezko eszedentzia hartu dutenak.

6.–Kontratua etetea.

6.1. Langile batek bere udaleko beste lanpostu bat eskuratzen duenean, deialdi publiko batean txanda irekian nahiz murriztuan, hautapen probak gainditu ondoren, lanpostu berrirako ezarritako probaldia gainditzen ez badu lehen zeukan lanpostura itzuli beharko du.

6.2. Desgaitasun fisikoak nahiz psikikoak euren kargura dituzten langileek eskubidea izanen dute kontratu etenaldia izateko, desgaitasuna duten horiek adingabeak diren bitartean edo beste kasu berezietan behar duten denborarako. Etenaldia ez da kontuan hartuko ez antzinatasunerako ezta beste edozein ondoriotarako ere. Etenaldia amaituta, udalera itzultzeko eskubidea izanen dute 2.7 lerroaldean (eszedentzia berezia) ezarritako baldintza beretan.

7.–Lanaldi murrizketa.

%50era bitarteko lanaldiaren murrizketa (ordainsarietan behar den murrizketa eginda) araudian aurrerantzean sortzen diren kasuetara egokituko da, eta honako arau hauei jarraikiz emanen da:

7.1. Lanaldi murrizketa aukeratzen ahal dute inguruabar hauetako batean dauden lan-kontratudun finkoek:

a) Legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu duenean hamabi urtetik beherako haurren bat edo legez aitortutako desgaitasuna duen pertsonaren bat.

b) Langilearen ezkontideak edo bikotekide egonkorrak edo odol nahiz ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek desgaitasunen bat badu.

c) Langileak zaindu behar duenean adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat (odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa).

d) Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumezko langileek, egiaz babestua izan daitezen eta gizarte laguntza integrala izan dezaten, eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko, hura beharrezkoa denean, ordainsaria hein berean murriztuta, edo beren lan denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malguaz baliatuz edo lan denbora antolatzeko aplika daitezkeen beste bide batzuk erabiliz, Udalak kasu horietarako ezartzen dituen baldintzekin.

7.2. Lanaldi murrizketa onar daiteke, halaber, zerbitzuaren beharrek bide ematen badute, ondoko kasu hauetan:

a) 55 urteko edo hortik gorako langilea izateagatik. Kasu horretan, Udalak konpromisoa hartzen du ordainsari guztien %100 ordaintzeko.

b) Langileak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, edo osasun arrazoiak direla-eta denbora luzea pasa ondoren lanera itzultzen bada, lan arriskuen prebentziorako zerbitzuak hari buruz emandako txostenaren arabera.

c) Langileak, legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu badu hamabi eta hamasei urte (biak barne) bitarteko haurren bat.

d) Langilearen interes partikularrengatik.

Lanaldi murrizketaren kasu honetan eta haren balizko luzapenetan ez da inolaz ere baimenduko emandako denbora epea baino lehenago bukatzea, non ez duen langileak amatasunagatik edo aitatasunagatik ordaindutako baimena hasten edo ez zaion zerbitzu aktibokoa ez bezalako administrazio egoera aitortzen.

Lanaldi murrizketaren kasuetan, Udalak %100eko kotizazioa ordainduko dio Gizarte Segurantzari, portzentajerik ez galtzeko erretiroan. Egoera aplikatzekoa izanen litzateke lanaldi murrizketaren kasu hauetan: 55 urtetik gorakoak, norberaren eritasuna, bere ardurapeko adinekoak zaintzea, liberazio sindikala eta 12 urtetik beherakoa edo desgaitasuna duen adingabea zaintzea, eta genero indarkeriaren biktimak.

7.3. Eskubide hau ezkontideetako batek erabil dezake soilik.

7.4. Lanaldi murrizketa lortzen duten langileak denbora tarte horretan ezin izanen dira beste ezein lanbide jarduera edo lanpostu ordaindutan aritu.

7.5. Organo eskudunak ebatziko du lanaldi murrizketa, interesdunak eskatuta, eta harekin batera familia-liburuaren edo eskaera arrazoitzen duen ziurtagiri ofizialen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

7.6. Lanaldiaren murrizketa, oro har, egunero gauzatuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.

Edonola ere, Udalak konpromisoa hartzen du lanaldia murrizteko beste bide batzuen aplikazioa errazteko, urteko konputua erabiliz eta ez egunekoa, posible izan dadin bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzea, kasu zehatz bakoitza Jarraipen Batzordean aztertuz, betiere zerbitzuaren beharrek aukera ematen badute.

7.7. Lanaldi murrizketak berarekin dakar langilearen ordainsari guztien murrizketa proportzionala, familia-laguntzarena salbu.

7.8. Era berean, kotizazio sozialak eta dagozkien deskontuak lanaldi murriztuari dagozkion ordainsarien arabera kalkulatuko dira, 2.a) atalekoa salbu.

7.9. Lanaldia murrizteko epea bukatu baino lehenago luzapena eskatzen ahalko da, baldin eta murrizketa emateko inguruabarrak aldatu ez badira.

8.–Aurreikuspen sozial osagarriko sistemen kotizazioa.

Lanaldi murrizketaren, eszedentzien eta pertsonak zaintzeko baimenen kasuetan, dagozkien aurreikuspen sozialeko sistemetan kotizatuko da, ordainsarien %100.

10. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.

1.–Eskubideak.

Jarduneko lan-kontratudunek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Benetako okupazioa izateko, hau da, zein lanpostutarako izendatu duten, hartan aritzea.

b) Lan igoera eta prestakuntza izateko, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat.

c) Beren intimitatea errespeta dadin eta beren duintasuna aintzakotzat har dadin, sexu kutsuko irain fisikoen edo hitzezkoen kontrako babesa barne dela.

d) Urteko opor ordainduak izateko, 11. artikuluan ezarritako moduan.

e) 12. artikuluan ezarritako baimen eta lizentziak izateko.

f) Lana egitetik gelditzeko, eritasun edo istripu kasuetan.

g) Osotasun fisikorako eta segurtasun eta higiene politika egokirako.

h) 9. artikuluan ezarritako eszedentziak hartzeko.

i) 13. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ordainsariak jasotzeko.

j) Osasun laguntza eta gizarte laguntza izateko.

k) Grebarako eskubideaz baliatzeko, sindikatuko kide egiteko askatasunerako, negoziazio kolektiborako, gatazka kolektiboko neurriak hartzeko, enpresan bilerak egiteko eta parte hartzeko, Administrazio Publiko guztietako lan-kontratudunentzat izaera orokorraz ematen diren xedapenekin bat.

l) Aurreko lerrokadetan jaso ez diren baina Estatuko edo Foru Komunitateko legeriak lan-kontratudunei aitortzen dizkien gainerako eskubideak.

Aurreko atalak aipatzen dituen eskubideez baliatzea hitzarmen honetan ezarritakoari lotuko zaio.

2.–Betebeharrak.

Jarduneko lan-kontratudunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Lanpostuaren betebehar zehatzak betetzeko, fede onaren eta arduraren arauekin bat.

b) Haien nagusi hierarkikoek beren zuzendaritza ahalmenez baliatuz emandako aginduak eta jarraibideak betetzeko.

c) Interes orokorrak objektibotasunez betetzeko, lanpostuari dagozkion eginkizunak fidelki, zorrozki eta inpartzialtasunez betez.

d) Lanbideko sekretua errespetatzeko.

e) Produktibitatea hobetzen laguntzeko.

f) Errespetuz eta zuzentasunez tratatzea nagusiak, lankideak, menpekoak eta administratuak, eta azken horiei erraztasunak ematea beren eskubideak eta betebeharrak bete ditzaten.

g) Zerbitzuan ez dauden lankideak ordeztea, nagusiak barne.

h) Lantokira garaiz iristea eta legez ezartzen den lanaldia hertsiki betetzea.

11. artikulua. Oporrak.

1. Lan-kontratudunek, zerbitzu aktiboko urte bakoitzeko, eskubidea izanen dute hogeita zazpi laneguneko opor ordaindua hartzeko, edo zerbitzu denbora gutxiagokoa izan bada, proportzionalki zor zaien oporraldia.

Lanaldia orotariko araubidearen arabera banaturik ez daukaten langileei dagozkien oporrak lanaldiaren iraupenaren arabera doituko zaizkie, kasuan-kasuan lantokian egiaz egon beharreko urteko lanaldia kontuan hartuz.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoko langileen 27 laneguneko opor ordainduei egun gehiago ezarriko balizkie, Zizur Nagusiko Udaleko lan-kontratudunei ere opor berberak ezarriko litzaizkieke.

2. Opor horiek urte naturalean hartu beharko dira, eta hartzeko eskubidea urteroko abenduaren 31n galduko da. Opor egun horiek hartzeko epea hurrengo urteko urtarrilaren 15ean amaituko da.

Aurreko atalean xedaturikoaren salbuespen gisa, langileek eskubidea izanen dute oporrak hartzeko erditze, adopzio edo harreraren eta haurdunaldiko eta edoskitze naturaleko arriskuaren ondoriozko lizentzien ondoren eta gurasotasun baimenen edo lanaldi osoko edoskitze aldiaren ondoren, erregelamendu honetan xedatu bezala, opor horien urte naturala bukatuta ere.

Opor horiek hartzen ez dituzten langileek ez dute diru-ordainik izanen non eta ez hartzea zerbitzuko beharrengatik izan ez den.

Oro har, langile guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren erdiak udan hartzeko, ekainaren 15etik irailaren 15era. Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera.

3. Ikastetxeetan aritzen diren langileek arauzko oporren erdia ikastegiko irakaskuntza-aldietan hartu ahal dute, aukeran.

4. Langileak baja hartzen badu oporrak hartu baino lehen, edo bere kontuetarako baimen egunak nahiz aparteko orduak egiteagatiko denbora konpentsazioak hartu aurretik, edo hartzeko epemugarik edo data zehatzik ez duen beste edozein baimen ordaindu edo lizentzia hasi baino lehen, eta aldez aurretik eskatuta baldin badaude, egun horiek lanean berriz hasten den unetik aurrera hartuko ditu, opor egunak sortu diren urtea amaitu ondoko hemezortzi hilabeteen barruan.

5. Langileak oporretan daudelarik, erditze, adopzio edo harreraren eta haurdunaldiko eta edoskitze naturaleko arriskuaren ondoriozko lizentzia bat edo gurasotasun baimen bat edo lanaldi osoko edoskitze aldiaren baimen bat hartzen hastean, edo aldi baterako ezintasuna gertatzen zaienean, oporra eten eginen dira, eta hartzeko falta diren egunak lizentzia edo baimena bukatu ondoren edo alta medikoarekin lanera itzuli eta gero hartuko dira, opor horiei dagokien urte natura bukatuta egonda ere.

6. Zerbitzu bakoitzean ezin izanen da langileen %50 baino gehiago oporretan ibili aldi berean, hala ere, kontuan hartuko dira zerbitzu bakoitzaren berariazko ezaugarriak eta, Arloko buruak aurretik txostena eginez gero, portzentaje hori aldatu ahal da.

Oporraldiak banatzeko lehentasuna txandaka arautuko da.

7. Oporretarako egutegiak urtero martxoko lehen hamabostaldian aurkeztu beharko dira. Oporrak aurkeztu ondoren, eman direla uste izanen da horien ukapenaren berri ematen ez bada aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hogei eguneko epean. Ukatzeko ebazpenak arrazoitua izan beharko du beti.

8. Alorreko arduradunak aldeko txostena ematen badu, betiere zerbitzuak horretarako bide ematen badu, baimena emanen da 12 urtetik beherako seme-alabak dituztenek arauzko oporrak eskolako oporrak direnean eskatzeko. Baldintza berberetan, hilabete bat gehiago ere eska dezakete, eta dagokion soldata-murrizketa aplikatuko zaie. Murriztutako zenbatekoa gainerako hilerokoetan hainbanatuko da. Eskubide hori erabiltzeagatik udalak ez du deskonturik eginen ez kotizazioan ez zerbitzuko denboraren zenbaketan ere.

12. artikulua. Baimenak eta lizentziak.

1.–Ordaindutako baimenak.

1.1. Baimen ordaindua, gurasotasunagatik.

1. Hamabost egun naturaleko baimen ordaindua emanen da, haur baten jaiotza, harrera edo adopzioagatik. Jaiotzen denetik edo ospitalean amari alta ematen zaionetik, administrazioak edo epaileak harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera hartuko du gurasoa, bere hautura.

Seme-alabak garaia baino lehenago jaiotzen badira edo beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar badute jaiotzaren ondoan, gurasoa has daiteke baimen hori hartzen seme-alabak alta ospitaletik jaso ondoren.

Baimen hori amak har dezake, aitak hartu badu erditze, adopzio eta harreraren ondoriozko lizentzia ordaindua.

2. Baimen horrek hogei egun natural iraunen du jaiotza, adopzioa edo harrera familia ugari batean gertatzen denean, familia jaiotza, adopzio edo harrera horrekin ugari bihurtzen denean edo familian desgaitasuna duen pertsona bat dagoenean.

3. Haur bat baino gehiagoz erdituz gero edo haur bat baino gehiago adoptatu edo hartuz gero, aurreko ataletan aipatzen den baimenaren iraupena beste bi egun naturalez luzatuko da, bigarrenetik aurrera, edo haietarik batek desgaitasunik badu.

4. Baimen hau bereizia da artikulu honen ondoko ataletan jaiotza, adopzio edo harreragatik ezartzen diren lizentziak elkarrekin hartzeko araubidetik.

5. Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetan gurasotasunagatik arautzen den baimen ordaindua lanaldi partzialean har daiteke, lanaldiaren heren edo erdi baterako, enplegatuak ezarrita duen lanaldiaren lehenengo eta/edo azken orduetan.

Baimen hori partzialki hartzean, hitzarmen honen 12.2.5. artikuluko 4. eta 5. ataletan ezarritako mugak aplikatuko dira kasu guztietan.

6. Langileei zuzenean aplikatuko zaizkie gurasotasunagatik hartzeko baimen ordainduren iraupenaren inguruan administrazio publikoetako funtzionarioentzat oro har ezar daitezkeen aldaketak.

1.2. Baimen ordaindua, hamabi hilabetetik beherako haurrei bularra emateagatik.

1. Hamabi hilabete baino gutxiagoko haurra duten labgileek eskubidea izanen dute egunean ordubetez lantokitik lekutzeko. Denbora horren ordez zilegi izanen dute, langileak nahi duen moduan, 3 ordu laurdeneko bi aldi hartzea edo lanaldia ordu batez murriztea. Kasu horretan, lanaldiaren hasieran edo bukaeran hartu beharko da.

2. Haur batez baino gehiagoz erdituz gero, baimen hori hein berean handituko da.

3. Aitak edo amak bereizketarik gabe hartzen ahalko dute baimen hori, biek lan egiten badute. Gizonezko enplegatu baten bikotekideak ez badu bere kasa edo beste baten kontura lanik egiten, enplegatu horrek ezin izanen du baimen hori hartu, non amak ez daukan gaixotasun larriren bat, semearen edo alabaren zaintza normala galarazten duena.

4. Bularra emateko baimena bateraezina izanen da aitak edo amak erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentziekin ezarri diren kasuekin.

5. Bularra emateko denboraren ordez bidezkoa den denbora lanaldi osoetan metatzen duen baimen ordaindu bat eskatzen ahalko dute interesdunek.

Baimena modu honetan hartuta, langileak zerbitzuak egiteari uzten badio baimenaren kontzesioa ekarri duen seme-alabak 12 hilabete bete baino lehen, beharrezko erregularizazioa eginen da.

1.3. Ernalketa lagunduko tekniketan parte hartzeko baimen ordaindua.

Emakumezko langileek eskubidea izanen dute ernalketa lagunduko tekniketarako behar-beharrezkoa den denboraz lanetik ateratzeko, betiere aldez aurretik lanaldian egin beharra frogatuz gero.

1.4. Jaio aurreko azterketetarako eta erditzea prestatzeko tekniketarako baimen ordaindua.

Zilegi izanen da baimen ordainduak ematea emakumezko langileei erdi-aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanaldian egitekoak direnean.

1.5. Baimen ordaindua, emakumeen kontrako genero bortizkeriagatik.

Genero bortizkeriaren biktimak diren emakumezko langileak egun osoz edo ordu batzuetan lanera joan ezik, justifikatutzat joko da, laguntzarako edo osasunerako gizarte zerbitzuek, kasuan-kasuan, ezartzen dituzten denbora eta baldintzetan.

1.6. Hezkuntza bereziko ikastetxeetara doazen seme-alabei kasu emateko baimen ordaindua.

Legez onartutako desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten langileek zilegi dute lanetik ateratzea, tratamendua ematen zaien hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo osasun esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzeko.

1.7. Baimen ordaindua, ahaideak hiltzeagatik.

1. Lau egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontidea edo bizikidea, odolbidezko nahiz ezkonbidezko lehen mailako ahaideak hiltzen direnean, hiltzea Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta bost egunekoa handik kanpora gertatzen bada.

2. Hiru egun naturaleko baimen ordaindua emanen da ezkonbidezko lehen mailako ahaideak edo senideak hiltzen direnean, hiltzea Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta lau egunekoa handik kanpora gertatzen bada.

1.8. Baimen ordaindua, ahaideak gaizkitzeagatik.

1. Lau egun naturaleko baimen ordaindua emanen da ezkontideak edo bikotekide egonkorrak, eta odolbidezko nahiz ezkonbidezko lehen mailako ahaideak bost egun baino gehiagoz ospitalean ingresatu edo etxean ospitalizatu beharra duenean, edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bost egunekoa handik kanpora agitzen denean.

2. Hiru egun naturaleko baimen ordaindua emanen da ezkonbidezko lehen mailako ahaideak edo senideak bost egun baino gehiagoz ospitalean ingresatu edo etxean ospitalizatu beharra duenean, edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta lau egunekoa handik kanpora agitzen denean.

3. Ospitaleko egonaldiak edo etxeko ospitalizazioak hori baino gutxiago irauten badu, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuko eritasunarena edo eritasun ez hain larriarena delarik, baimen ordaindua egun natural batekoa izanen da gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitu denean eta bi egunekoa handik kanpora agitu denean.

4. Aurreko idatz-zatietan aurreikusitako gaixotasun, ospitaleko egonaldi edo etxeko ospitalizazioaren kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lan egunak, ospitaleratzea edo eritasuna gertatu zen eguna kontuan hartuta edo, langilearentzat laneguna ez bada, haren ondoko egun naturaletik hasita, gertakariak irauten duen denbora guztian erabili ahal izanen dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateratzen ahal bada.

1.9. Bestelako baimen ordainduak, ahaideak hil edo gaizkitzeagatik.

1. Egun natural bateko baimen ordaindua emanen da 1.7, 1.8.1 eta 1.8.2 ataletan esan diren arrazoi berengatik atal horietan aipatzen ez diren odolbidezko nahiz ezkonbidezko bigarren mailako ahaideen kasuan, baldin eta gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitu bada, eta bi egunekoa handik kanpora agitu bada.

2. Aurreko atalean araututako baimena hartzeak artikulu honen 1.8.4 atalean ezarritako arauei jarraituko die, senitartekoak ospitaleko ingresatzeagatik edo gaixotzeagatik denean. Senitartekoen heriotzagatik denean, baimena heriotzaren egunean emanen da, edo, langileak ez badu egun horretan lanik egiten, heriotzaren ondoko egun naturalean.

1.10. Baimen ordainduen mugak, ahaideen gaixotasunengatik.

Artikulu honen 1.8. eta 1.9. ataletan ezarririko baimenetakorik ezin izanen da berriro eman subjektu eragile beragatik harturiko baimena bukatzen denetik gutxienez ere hilabete iragan arte. Baimen hori emateko zergatikoak badirau, bakarrik baimen ordaindu bat ematen ahalko da, subjektu eragile beragatik eta ospitaleratze edo gaixotasun beragatik.

1.10 bis. Zehaztapenak senitartekoen heriotzagatik edo gaixotasunagatik hartzeko baimen ordainduen kontaketan.

Senitartekoen gaixotasunagatik edo heriotzagatik hartzeko aurreko artikuluetan ezarritako baimen ordainduen kasu guztietan, langileak lan egin badu baimenaren lehendabiziko egunean, egun osoan zein zati batean, lan egindako aldia baimena bukatu ondoren hartuko da.

1.11. Baimen ordaindua, ahaideen kirurgia anbulatorio handiagatik.

1. Bi egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontide edo bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia anbulatorio handia egin behar zaien kasuetan.

2. Kasu horietan, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira eriak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen diren prozedura kirurgikoak, zein ere anestesia mota aplikatu zaien eta ebakuntzak zenbat ere iraun duen.

3. Halaber, kirurgiako prozeduraren ondorioz pazienteak ospitaleraturik egon behar duenean emanen da baimena, non ez zaion egokitzen iraupen handiagoko baimen bat, aurreko artikuluetan xedatuarekin bat.

1.12. Baimen ordaindua, aldairagatik.

Egun natural bateko baimen ordaindua emanen da aldairagatik, bai langilearena denean bai bere ezkontidearena edo bizikidearena denean, biak udal honetako langileak badira.

1.13. Baimen ordaindua, ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko.

Zilegi izanen da baimen ordainduak ematea ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko behar den denborarako, lanaldian egin behar dela frogatu ondoren.

1.14. Baimen ordaindua hauteskundeetan hautagai izateko.

Langile bat hautagai baldin bada Europako Parlamenturako hauteskundeetan, Gorte Orokorretakoetan, Nafarroako Parlamentukoetan edo autonomia erkidego bateko beste parlamentu baterakoetan eta Toki Entitateetakoetan, zilegi izanen da hauteskunde kanpainaren denboran lan egin beharretik libratzea, hartarako behar den baimen ordaindua emanik, interesdunak hala eskatuta.

1.15. Baimen ordaindua, eginkizun partikularrengatik.

1. Urte batean langileek eskubidea izanen dute gehienez hiru laneguneko baimen ordaindua (edo, zerbitzualdia laburragoa izan bada, proportzioan dagozkien egunetakoa) hartzeko aurreko ataletan sartzen ez diren eginkizun partikularretarako. Baimen hori zerbitzuaren beharren arabera emanen da.

2. Lanaldia eskuarki ezarririkoa ez bezala banaturik daukaten langileei, kasuan-kasuan ezarririk daukaten lanaldiaren iraupenaren arabera dagozkien egunetara egokituko da baimenaldia.

3. Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetako baimen ordaindua orduka har daiteke.

1.16. Baimen ordainduen justifikazioa.

Artikulu honen 1.1 ataletik 1.14. atalera bitarte arautu diren baimenak eskatzen dituztenek Langileria Departamentuan aurkeztu beharko dituzte baimena emateko baldintzak betetzen dituztela adierazten duten frogagiri guztiak.

1.17. Edozein baimen ukatzeko ebazpenak arrazoitua izan beharko du beti.

2.–Lizentzia ordainduak.

2.1. Lizentzia ordainduak, azterketa ofizialak egiteko.

1. Zilegi izanen da lizentzia soldatadunak ematea azken azterketetara eta ikastetxe ofizialetako bestelako behin betiko gaitasun eta ebaluazio probetara aurkezteko. Aldi baterako langileei eta lanaldi osoan aritzen ez diren langile finkoei ere lizentzia ordaindua emanen zaie edozein administrazio publikotan sartzeko hautaprobetan parte hartzeko.

2. Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen lizentziak emanak dituzten langileek Langileria Departamentuan aurkeztu beharko dute azterketa edo proba horiek egin dituztela adierazten duen frogagiria.

2.2. Lizentzia ordaindua, ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik.

1. Ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik langileek hamabost egun naturaleko lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea izanen dute. Lizentzia hori ezkontzen diren egunetik aurrera hasiko da edo bikote egonkorra osatzen dutela frogatzen denetik aurrera, eta opor arruntei eta norberaren aferetarako egunei erants dakieke.

2. Ezkontzea frogatzeko, familia liburua edo erregistro zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko du langileak Langileria Departamentuan. Bikote egonkorraren osaera zuzenbidean frogatako onartzen den edozein baliabideren bidez frogatzen ahalko da.

3. Pertsona berek ez dute behin ere eskubiderik izanen ezkontzegatik edo bikote egonkorra osatzeagatik atal honetan arautzen diren lizentzietarik bat baino gehiago hartzeko.

2.3. Lizentzia ordaindua, erditzeagatik.

1. Emakumezko langileek, haurdun daudenean, eskubidea izanen dute amatasun lizentzia bat hartzeko hamazazpi aste etengabekoa. Lizentzia hori bi astez luzatuko da, haurrak desgaitasunik badu, eta, aldi berean ume bat baino gehiagoz erditzean, bigarrenetik aurrera ere bai. Interesdunak erabakiko du lizentzia hori nola banatu. Sei aste betiere erditu ondoan hartu beharko ditu. Ama zenduz gero, aitak eskubidea izanen du lizentzia osoa edo hartzeke dagoen zatia hartzeko. Haurra zenduz gero, lizentzialdia ez da murriztuko, salbu eta erditu eta gero nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaren ondoren, amak lanpostura itzultzea eskatzen badu.

2. Aurreko atalak esanak esan, erditu eta gero amak nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedena deusetan galarazi gabe, bi gurasoek lan egiten badute, amak, erditu ondorengo atsedenaldia hastean, erabakitzen ahalko du aitak har dezala erditu ondorengo atsedenaldiaren zati zehatz eta etengabe bat, amarenarekin batera edo amarenaren ondoren. Aitak hasiera batean onarturiko lizentzialdia hartzen segitzen ahalko du, ama lantokira itzultzeko aurreikusiriko unean hark aldi baterako desgaitasuna badu ere.

3. Garaia baino lehen erdituz gero edo jaioberriak jaio ondoren ospitalean iraun behar badu, lizentzia jaioberriak ospitalean diraueino luzatuko da, betiere beste hamahiru astez, gehienez ere.

4. Bi gurasoek aldi berean hartzen badituzte atsedenaldiak, ez da zilegi izanen aldi horien batuketak aurreko lerroaldeetan xedatzen diren hamazazpi asteak baino gehiago izatea, edo haur bat baino gehiagoren kasurako agindu dena baino.

5. Erditze lizentziaren eskaerarekin batera txostena aurkeztu beharko da, adierazteko haurdunaldia ehun eta laurogei egunetik goiti joan dela. Orobat, jaiotza frogatzeko, familia liburua edo erregistro zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko du langileak Langileria Departamentuan.

2.4. Lizentzia ordaindua, adopzio edo harreragatik.

1. Adopzioaren kasuan edo harrera bakun, iraunkor eta adoptatu aurrekoaren kasuan, lizentziak hamazazpi aste iraunen du, etenik gabe. Lizentzia hori bi astez luzatuko da, adoptaturiko edo harreran harturiko haurrak desgaitasunik badu, eta, ume bat baino gehiagoren adopzio edo harreran, bigarrenetik aurrera ere bai.

2. Interesdunek erabakiko dute noizdanik kontatu epe hori, administrazioak edo epaileak harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera. Adingabe berak ez du behin ere sortuko artikulu honetan arautzen diren lizentzietariko bat baino gehiago hartzeko eskubiderik.

3. Bai aitak eta bai amak lan egiten dutenean, lizentzia berek nahi duten bezala partituko da, aldi berean edo hurrenez hurren, beti ere zati etengabeetan.

4. Nazioarteko adopzio edo harrera kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, aurreko lerroaldeetako kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia epaileak adopzioari buruz emaniko ebazpena eman edo administrazioak edo epaileak harrerari buruz harturiko erabakia baino lau aste lehenagotik ere hasi ahal izanen da. Halaber, kasu horietan bi hilabete bitarteko baimenaz gozatzeko eskubidea izanen da, epe horretan oinarrizko lansariak bakarrik jasoz, betiere.

5. Bi gurasoek aldi berean hartzen badituzte atsedenaldiak, ez da zilegi izanen aldi horien batuketak aurreko lerroaldeetan xedatzen diren hamazazpi asteak baino gehiago izatea, edo haur bat baino gehiagoren adopzio edo harreretarako eta adoptaturiko edo harreran harturiko adingabearen desgaitasunerako agindu dena baino.

6. Adopzioa edo harrera bakun, iraunkor eta adoptatu aurrekoa, atal honetan aipatzen direnak, aplikatzekoa den arautegian ezarriko dira. Harrera bakunak gutxienez ere urtebete iraunen du.

2.5. Erditze, adopzio eta harreraren ondoriozko lizentzia ordaindua lanaldi partzialean hartzea.

1. Erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzia ordaindua, aurreko ataletan ezarri dena, lanaldi partzialez hartzen ahalko da, arau hauei jarraituz:

a) Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko, interesdunek aldez aurretik eskatu beharko dute eta organo eskudunak ebatzi. Ebazpen hori emateko, beharrezkoa izanen da haien ordezkoak izatea, bidezkoa bada.

b) Lanaldi partziala hartzen bada, lanaldi erdia emango da.

c) Lizentzia hau, oro har, egunero hartuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.

d) Txandaka ari diren langileen kasuan, lanaldi partziala lanaldi osoei metatzen ahalko zaie, zerbitzuaren beharren arabera.

2. Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko aldia hura onartzeko ebazpenean zehaztuko da eta, etenik gabe, bukatu arte luzatuko da, erditze kasuetarako hurrengo atalean xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

3. Bai amak bai aitak izanen dute lizentzia hau lanaldi partzialez hartzeko eskubidea eta atsedenaldia batera edo bata bestearen ondoren hartzeko edozein kasutan.

Erditze kasuan, amak ezin izanen du lizentzia modalitate hau erabili, erditu ondoko sei asteetan, horiek nahitaez atsedena hartzekoak baitira.

4. Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko aldian, interesdunek behin ere ezin izanen dute aparteko ordurik edo bestelako zerbitzurik egin modalitate horretan bete behar duten lanalditik aparte.

5. Langileak, lizentzia hau lanaldi partzialez hartzen dueino, ez ditu eskubide hauek izanen:

a) Hamabi hilabetetik beherako haurren edoskitze aldiaren ondoriozko baimen ordaindua, artikulu honen 1.2. atalean xedatzen dena.

b) Lanaldia murrizteko erregelamendu bidez ezarririko edozein kasuren gozatzea.

2.6. Lizentzia ordaindua, haurdunaldian edo berezko edoskitze aldian arriskuak izateagatik.

Lanpostu baten baldintzek haurdun dagoen langile baten edo haren haurraren osasunari kalte egin diezaiokeenean, lizentzia ordaindua ematen ahalko zaio, haurraldian arriskuan egoteagatik, laneko arriskuei aurrea hartzeko arautegian ezarririko baldintzetan.

Aurreko lerroaldean xedatzen dena berezko edoskitze aldian ere aplikatuko da.

2.7. Minbiziak edo bestelako gaixotasun larriak jotako seme edo alaba adin txikikoa zaintzeko lizentzia ordaindua.

1. Langileek eskubidea izanen dute lanaldia erdira murrizteko, ordainsaria murriztu gabe, minbiziak edo beste gaixotasun larriak jota dagoen seme-alaba adin txikikoa zaintzeko; izan ere, gaixotasun horrek ospitaleratze luzea ekartzen du eta, hortaz, umearen zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan behar du. Salbuespenez, lanaldiaren murrizketa handiagoa izan daiteke, %75era bitartekoa gehienez, frogatzen bada hura beharrezkoa dela lizentziaren helburua betetzeko.

2. Semearen edo alabaren gaixotasunaren ospitaleratze eta tratamendu jarraituak irauten duen bitartean emanen da lizentzia, eta gehienez ere, adin txikikoak hemezortzi urte bete arte.

3. Adin txikikoaren ardura duen osasun zerbitzu publikoko sendagileak deklarazio bat eginda frogatuko da adin txikikoa minbiziak edo beste gaixotasun batek jota dagoela eta zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan behar duela gaixotasunaren ospitaleratze eta tratamendu jarraituak irauten duen bitartean. Adin txikikoa onuraduna bada mutualismo administratiboaren araubide berezian, entitate horretako sendagile batek eginen dio frogagiria.

4. Artikulu honetan arautzen den lizentzia ordaindua ematearen ondorioetarako, kasuan kasuko laguntza ekonomikoa emateko oinarri den Gizarte Segurantzaren sistemaren zerrendan sartuta dauden horiek hartuko dira gaixotasun larritzat.

5. Bi gurasoek lan egin behar dute lizentzia emateko. Langileek ordainsari guztiak jasotzeko eskubidea izanen dute soilik beste gurasoa ez bada arrazoi horri dagokion laguntzaren onuraduna aplikatu beharreko aurreikuspen sozialeko araubidean. Bi gurasoak udaleko langileak badira, soilik haietako batek izanen du eskubidea lizentzia hori emategatik ordainsariak murrizturik ez edukitzeko.

6. Lizentzia hori hartzeko eskubidearen baldintzak betetzen dituen seme edo alaba adin txikiko bat baino gehiago baldin baditu langileak, haietako bakoitzari dagokion lizentzia ematen ahal zaio.

7. Lanaldiaren murrizketa, oro har, egunero gauzatuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera. Zerbitzuaren funtzionamenduarekin bateragarria baldin bada, murrizketa lanaldi osoetan meta daiteke, hilabeteko kontaketarekin gehienez ere.

8. Artikulu honetan arautzen den lizentzia ordaindua berdin-berdin aplikatuko da adopzio eta harrera kasuetan (adopzio aurrekoa zein behin betikoa).

2.8. Lizentzia ordainduak emanen dira kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko behar-beharrezkoa den denborarako, bai eta ezkontidea edo bikotekide egonkorra, 1. gradu arteko odol edo ezkontza ahaideak eta senideak horietara joaten laguntzeko, eta etxean zaintzeko ondoko orduetan medikuak aginduta, kasu guztiak bulego medikoek behar bezala justifikatuta badaude.

3.–Norberaren aferetarako lizentzia ordaindu gabeak.

3.1. Zilegi izanen da lizentzia soldatagabeak ematea, osotara bi urte naturaletan gehienez bost hilabete osatu artekoak.

3.2. Atal honetan aipatzen diren lizentziak arrazoiak azaldurik eskatu beharko dira eta, emateko, betiere zerbitzuaren beharren arabera jokatuko da.

3.3. Halaber, lizentzia hori langileei ematen ahalko zaie Nafarroako Segurtasun Eskolak antolaturiko oinarrizko prestakuntza ikastaroetara joan daitezen, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozeduretan sartutakoetara, hain zuzen ere.

Lizentzia horiek ez dira zenbatuko artikulu honen 1. atalean ezarririko mugaegunaren ondorioetarako eta oinarrizko prestakuntza ikastaroa egiteko behar-beharrezkoa den denborarako emanen dira bakarrik, interesdunak hasi aitzin eskatu ondoren.

4.–Atal honetako oporrak, lizentziak eta baimenak interesdunak eskatu ondoren emanen dira, eta, betiere, zerbitzuaren beharrak begiratuta, 11. artikuluan 2. atalean xedatua gorabehera.

5.–Udalak unean-unean beharrezko kontrolak eta ikuskapenak eginen ditu.

6.–Eskaerak ebatzi eta jakinaraztea.

9., 11. eta 12. artikuluetan jaso diren opor, lizentzia eta baimenei buruzko prozedura administratiboak ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 20 egunekoa izanen da.

Ebazpen espresik jaso gabe epe hori iraganez gero, dagozkion eskabideak ontzat hartzen ahal dira isiltasun administratiboa dela medio.

12. bis artikulua. Eskubideez baliatzea eta ebazteko epea.

9., 11. eta 12. artikuluetan aipatutako eskubideak erabiltzeko, ezkontzaren eta bikote egonkorraren egoerak parekatzen dira; bikote iraunkorren erregistroarekin frogatuko da.

Hura erabakitzen duen langileak jakinaraziko dio udalari nor hartu beharko den bere bikotekidetzat.

13. artikulua. Ordainsari oinarrizkoak eta osagarriak.

1.–Zizur Nagusiko Udaleko lan-kontratudunei bakar-bakarrik ordainduko zaie hitzarmen honetan ezarritako kontzeptuengatik eta bertan ezarritako moduan eta zenbatekoan.

2.–Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordainsariek izaera publikoa dute. Udalaren Aurrekontuetan agertuko da haien zenbateko zehatza.

3.–Langileen ordainsariak hamalau pagatan emanen dira; horietako hamabi arruntak dira eta bi apartekoak. Hilero paga arrunt bana ordainduko da, eta ekainean zein abenduan aparteko paga bana.

4.–Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordainsariak urtero eguneratuko dira, dagokion hitzarmenean finkatzen den portzentajean.

5.–Hitzarmen hau aplikatzeko esparruan sartzen diren langileen ordainsariek honako egitura izanen dute:

a) Oinarrizko ordainsari pertsonalak (langile bakoitzaren mailari dagokion oinarrizko soldata eta antzinatasun saria).

b) Lanpostuari dagozkion ordainsari osagarriak.

6.–Norberaren oinarrizko ordainsariak.

6.1. Hasierako soldata. Kopuru bera izanen da maila bereko langile guztientzat, haien lanpostua edozein izanik ere.

–A maila: 25.281,76 euro.

–B maila: 21.268,80 euro.

–C maila: 17.643,22 euro.

–D maila: 15.365,84 euro.

–E maila: 13.516,16 euro.

(2013ko datuak).

Maila bakoitzeko hasierako ordainsariek honako proportzionaltasun indizeak izanen dituzte:

–A maila: 2.

–B maila: 1,65.

–C maila: 1,35.

–D maila: 1,15.

–E maila: 1.

Maila bakoitzaren oinarrizko soldata (Nafarroako Aurrekontu Orokorren arabera) E taldeari aurrekontu ekitaldi bakoitzean ezartzen zaion hasierako soldata proportzionaltasun indizeaz biderkatuz lortuko da.

6.2. Antzinatasuna.

Zizur Nagusiko Udaleko lan-kontratudunek antzinatasuneko osagarri pertsonal bat jasoko dute administrazio bakoitzean emandako zerbitzua aldiagatik, jardunean egindako hirurteko bakoitzerako ondotik adierazten den hileko zenbatekoa adinakoa:

–A maila: Hirurteko bakoitzeko 62,71 euro.

–B maila: Hirurteko bakoitzeko 52,75 euro.

–C maila: Hirurteko bakoitzeko 43,78 euro.

–D maila: Hirurteko bakoitzeko 38,13 euro.

–E maila: Hirurteko bakoitzeko 33,54 euro.

(2013ko datuak).

Antzinatasunagatik kobratu beharreko osagarria lanean eginiko hirurtekoa edo haren multiploa bete eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunetik sortuko da.

Administrazio publikoan sartuz geroztik egindako zerbitzuen arabera kontatuko da antzinatasuna.

Langileei horretarako eskatzen zaien urte kopuru horretan Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuan aritu diren kontratudunek kobratuko dute dagokien antzinatasunaren ordainsaria. Eskubide hori erabiltzeko, interesdunak eskatu beharko du, eta aipatu baldintzak betetzen dituela frogatu.

7.–Lanpostuaren lansari osagarriak. Esleituak dituen lanpostuan jarduteari dagozkio eta, beraz, lanpostua utzi orduko ez dira gehiago jasoko.

a) Lanpostuko osagarria.

b) Zuzendaritza lanpostuko osagarria.

c) Dedikazio esklusiboko osagarria.

d) Bateraezintasuneko osagarria.

e) Arrisku bereziko osagarria.

f) Lanaldiaren luzapeneko osagarria.

g) Langileen osagarri iragankorra.

h) Mailako osagarria.

a) Lanpostuko osagarria.

Lanpostuko osagarria eta haren zenbatekoa arauz esleituko zaie horretarako zehaztutako lanpostuei, haien zailtasunaren, erantzukizun berezien eta gainerako ezaugarrien arabera, eta osagarri horrek ezin izanen du gainditu, inolaz ere, dagokion mailaren hasierako soldataren %75.

b) Zuzendaritza lanpostuko osagarria.

Zuzendaritza lanpostuko osagarria eta haren zenbatekoa arauz esleituko zaie horretarako zehaztutako lanpostuei, beste pertsona batzuk koordinatu, gainbegiratu eta/edo zuzentzeko erantzukizunaren bidez antolamenduan duten eraginaren arabera, bereziki kontuan hartuta pertsona kopurua eta beren maila profesionala.

Osagarri horren zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inolaz ere, dagokion mailaren hasierako soldataren %75.

c) Dedikazio esklusiboko osagarria.

Dedikazio esklusiboko osagarria arauz esleituko zaie halakorik beharrezkoa duten lanpostuei, dagozkien eginkizunen ezaugarrien arabera.

Lanpostu horietan ari direnek erabateko prestasunez eta dedikazio erabateko eta osoz emanen dituzte beren zerbitzuak, eta ezin izanen dira irabazi asmoko beste inolako jardueratan aritu, ez sektore publikoan ez pribatuan, salbu eta unibertsitateko zentroetako irakaskuntzan eta norberaren eta familiaren ondarearen administrazioan.

Osagarri horren zenbatekoa dagokion mailaren hasierako soldataren %55 izanen da.

d) Bateraezintasuneko osagarria.

Bateraezintasuneko osagarria arauz esleituko zaie halakorik beharrezkoa duten lanpostuei, dagozkien eginkizunen ezaugarrien arabera.

Lanpostu horietan aritzen direnek debekaturik izanen dute beren lanpostuari dagokion tituluaren lanbidean aritzea.

Osagarri horren zenbatekoa dagokion mailaren hasierako soldataren %35 izanen da.

Dedikazio esklusiboko osagarria jasotzen duten langileek ezin dute bateraezintasuneko osagarria jaso.

e) Arrisku bereziko osagarria.

Lanpostuen toxikotasuna, nekagarritasun fisikoa eta arriskua eta arrisku psikosozialeko faktoreak bezalako alderdiak kontuan hartuz dituzten baldintza bereziak balioetsi eta ordaintzea da helburua.

Osagarri horren zenbatekoa erregelamenduz zehaztuko da, eta ezin izanen du gainditu, inolaz ere, lanpostu horren taldearen hasierako soldataren %10.

f) Lanaldiaren luzapeneko osagarria.

Lanaldia eskuarki ezarritakoa baino handiagoa duten lanpostuei esleitu dakieke erregelamendu bidez lanaldiaren luzapeneko osagarria.

Osagarri horren zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inolaz ere, dagokion mailaren hasierako soldataren %10.

Langileek ezin dituzte osagarri hau eta dedikazio esklusibokoa batera jaso.

Eskola orduetatik kanpoko zaintza lana egiten duten atezainek, eskolagunea eta bertako eraikinak zainduz, osagarri bat jasoko dute, dagokien mailaren %5ekoa, eta, era berean, eskolagunean horretarako dagoen etxebizitzan bizitzeko eskubidea izanen dute, argindar eta ur gasturik ordaindu beharrik gabe. Eskolagunean etxebizitza esleitzen ez zaien atezainek ez dute izanen osagarri hori jasotzeko eskubiderik.

Eskolagunean etxebizitza esleitzen zaien atezainen prestasun osagarriak berarekin dakar eskola publikoaren instalazioetan ohiko lanalditik kanpo egiten diren zerbitzuak eta jarduerak betetzea, gehienez ere hiru lanaldi bakoitzak.

Udalak 72 ordu lehenago jakinaraziko dizkio langileari bertan egon beharreko eguna eta ordutegia, 4. lanaldi berezitik aurrera, eta zerbitzu berezian emandako denboraren bikoitza emanen dio atsedenerako konpentsazio gisa.

g) Langileen osagarri iragankorra.

Hainbat lanbide inguruabarrek eragindakoa. Dagokien plantillan eta lanpostuen zerrendan ezarritako ordainsariak baino handiagoak hartzen ditu barnean. Zenbatekoa irentsi eta konpentsatzen ahal da pixkanaka-pixkanaka ordainsari osagarriak gehituz.

Orokorrean, osagarri hori aurreko egoerekin alderatuz ordainsari txikiagoak ematen direnean egokitzapen/konpentsazio mekanismo gisa ezartzen da.

Ordainsari eredu honek ordainsari pertsonala egoera berrirako jarritako baldintzetara pixkanaka egokitzen joateko baliabide instituzional gisa hartzen du osagarri pertsonal iragankorra.

Osagarri hau aplikatzeko arrazoiak hauexek izanen dira:

–Lanpostuen balorazioaren berrikuspen hau aplikatzea, balorazio berria aurreko ordainsaria baino txikiagoa ateratzen denean.

–Aurrerantzean, profesional/maila baten ordainsariak balorazio txikiagoa behar duenean, erantzukizunen irispena edo merkatuan duen “kotizazioa” aldatzeagatik.

h) Mailako osagarria.

Hitzarmen honen eremuan sartzen diren C, D eta E mailetako langileek osagarri bat jasoko dute eta haren zenbatekoa Udalak ezarriko du plantilla organikoa onesten duenean, eta inolaz ere ez da izanen mailari dagokion hasierako soldataren %15 baino handiagoa.

–C maila: %12.

–D maila: %12.

–E maila: %15.

i) Txandako osagarria.

Kasuan kasuko lansariaren %6, lanaldia txanda desberdinetan egiten duten udal langileei aplikatzekoa, hala nola, udaltzainei, eskolazainei.

8.–Aldi baterako langileen eta langile finkoen ordainsariei (oinarrizko soldatak gehi osagarriak) dagokienez, automatikoki aplikatuko dira Nafarroako Gobernuak bere langileen soldatak, mailak eta lansari osagarriak ezartzeko erabiltzen dituen irizpideak.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek sinatzen duten akordioa aplikatuko da eta Jarraipen Batzordeak ezarriko ditu aplikatzeko irizpideak, soldaten berrikuspena izan ezik, hori automatikoki aplikatuko baita.

9.–Familia laguntza.

Lan-kontratudunek diru kopuru jakin bat jasotzeko eskubidea izanen dute beren familiako inguruabarren arabera, eta kopurua E mailako hasierako soldatari honako ehunekoak ezarriz kalkulatuko da:

a) Diru-sarrerarik jasotzen ez duen ezkontideagatik edo bikotekide egonkorragatik: %3,50.

b) Ezkontideagatik, ebazpen judizial baten ondorioz hari pentsioa ordaintzera behartuta egonez gero: %3,50.

Pentsioa laguntzaren diru kopurua baino txikiagoa bada, laguntza haren parera jaitsiko da.

c) Langilearekin bizi den seme edo alaba adingabe emantzipatugabe bakoitzeko: %3,00.

d) Langilearekin bizi eta ekonomikoki haren mende dagoen aurreko ahaide bakoitzeko edo anai-arreba adingabe emantzipatugabe bakoitzeko, ez aitarik ez amarik ez duen umezurtza bada: %3,00.

e) Seme edo alaba urritu fisiko edo psikiko bakoitzeko: %15,00.

Aurreko atalean ezarritakoa aplikatu eta ateratzen den diru zenbatekoa langilearekin bizi diren seme-alaba adingabe emantzipatugabeen kopuruaren arabera gehituko da, ondoko portzentajeak aplikatuz:

a) 3-5 seme-alaba: %30,00.

b) 6-8 seme-alaba: %35,00.

c) 8 seme-alabatik gora: %40,00.

14. artikulua. Aparteko orduen osagarria.

1. Lan-kontratudunen ordezkari sindikalek eta Zizur Nagusiko Udalak aparteko ordurik ez egiteko konpromisoa hartzen dute, non ez den hauetako kasuren bat gertatzen, salbuespeneko izaeraz:

–Ezinbesteko kasuan, ezbeharrei edo aparteko eta urgentziazko beste kalte batzuei aurrea hartu edo haiek konpontzeko.

–Lehenago aurreikusterik ez dauden arrazoiengatik, beharrezkoa eta nahitaezkoa denean udalaren ohiko jardunerako lanaldi arruntetik kanpo lan egitea.

Zizur Nagusiko Udaleko zerbitzu bakoitzean egindako aparteko orduak, hiru hilean behin, Langileria Departamentuan aurkeztuko dira, dagokion zerbitzuko burutzaren txosten batekin batera, justifikatzeko zergatik den apartekoa lan hori eta zenbat iraun duen.

Aparteko orduak egin behar izanez gero, honela konpentsatuko dira:

a) Laneguneko aparteko ordu arrunta egiazko ordu baten balioari %75 gehituz ordainduko da.

b) Gaueko aparteko ordua egiazko ordu baten balioari %100 gehituz ordainduko da.

c) Jaieguneko aparteko ordua egiazko ordu baten balioari %100 gehituz ordainduko da.

Ordu baten balioa kalkulatzeko, dagokion mailaren hasierako soldata osoa zati 1.592 egiazko lanordu eginen da.

Aparteko orduak honela kontatuko dira: 30 minutu bitarte, ordu erdi bezala ordainduko da, eta 30 minututik aurrera, ordu bat bezala ordainduko da. Arau bera aplikatuko da ondoko orduetan.

2. Inork ere ez du aparteko 50 ordu baino gehiago egiten ahal urtean.

3. Ordezkari sindikalei udalean egindako aparteko ordu guztien berri emanen zaio hiru hilean behin.

4. Dedikazio esklusiboko osagarriak jasotzen dituzten kontratudunek ez dute inolako ordainik jasoko kontzeptu hau dela eta.

5. Langileak diru konpentsazioa atseden denborarekin ordezkatzen ahal du. Lanegunean zein jaiegunean egindako aparteko ordu bakoitza bi atseden orduz ordezkatuko da, opor eguntzat hartzen ahal direla.

6. Lanaldiaren luzapeneko osagarriarekin ordaindutako zerbitzuek ez dute aparteko ordurik sorraraziko.

14. bis artikulua. Neguko Bidezaintza Plana.

Lan egindako orduen konpentsazioa:

Neguko Bidezaintza Planeko zerbitzuetan, elurte eta/edo izozteak direla-eta ezarritako lanalditik kanpo bete beharreko jarduketetarako, honelako konpentsazioa izanen dute, bai diruaren aldetik bai atsedenaldiaren aldetik:

–Lehenengo ordua: 4 ordu.

–Bigarren ordutik aurrera: 2 ordu.

Konpentsazio ekonomikorako, ordu baten balioa kalkulatuko da dagokion mailaren hasierako soldata osoa zati 1.592 egiazko lanordu.

15. artikulua. Dietak.

1. Zerbitzuaren beharrengatik norabait joan behar duten langileentzat, dieta edo dieta erdia behar izanez gero; 32,54 euro izanen dira dieta erdirako eta 129,92 euro dieta osorako 2013. urtean.

2. Laneko arrazoiengatik (hitzaldiak, ikastaroak, azokak) egin beharreko bidaia norberaren ibilgailuarekin egiten denean, kilometroko 0,37 euro ordainduko dira 2013. urtean.

3. Lan-kontratudunek beren ibilgailua erabiltzen dutenean, lanorduetan, Udalak beren lanpostuari esleitutako eginkizunak betetzeko, plus bat jasoko dute hilean, hau da, E mailaren hasierako soldatari aplikatutako %3, eta aurreko 2. puntuan ezarritakoa ere aplikatuko zaie.

4. Langileak bajan edo antzeko egoera batean hilabete edo denbora luzeagoa egiten duenean, esleituriko epez epeko kopuruari deskontua eginen zaio, denbora horren arabera.

16. artikulua. Jantziak eta ekipamendu pertsonala.

1. Langile batzuek (obrak eta lorategietako langileak, eskolazainak, udal eraikinen garbitzaileak eta familia langileak) beren eginkizunetarako egokiak diren jantziak izanen dituzte.

2. Udaleko kasuan kasuko batzordeak erabakiko ditu kostua eta mota, langileen iritzia entzun ondoren. Halaber, Udalak segurtasuneko jantzi eta tresnak emanen dizkie langileei beren eginkizunak bete ditzaten.

3. Beren kargura dituzten jantziak eta tresnak ezin izanen dituzte erabili ez lanaldiko orduetatik kanpo ez eta bestelako eginkizunak egiteko ere, eta haien iraupenaren eta erabileraren erantzuleak izanen dira.

4. Obrak eta lorezaintza.

Artikulu honetan aipatutako jantziak urteko lehen hiruhilekoan eman beharko dira beti.

–Udan:

  • Mahuka motzeko bi polo.
  • Kamiseta tirantedunak, bi.
  • Praka meheak, bi pare.
  • Trekking motako zapatilak, bi pare.
  • Udako galtzerdiak, bi pare.
  • Zamarrak edo kirol-jantziak, bi.
  • Bisera bat.

–Neguan:

  • Barneko kamiseta termiko bat.
  • Polar bat.
  • Txano bat.
  • Mahuka luzeko bi polo.
  • Praka lodiak, bi pare.
  • Gore-tex anorak bat.
  • Txaleko bat.
  • Gore-tex bota pare bat.
  • Neguko galtzerdiak, bi pare.
  • Uretako bi bota pare (beharrezkoa denean).

Jantzi guztiak urtero banatuko dira, polarra, anoraka, txalekoa eta gore-tex botak izan ezik, horiek bi urtean behin banatuko baitira.

5. Ikastetxe publikoetako eskolazainak.

  • Jantzi polar edo haizetarako bat.
  • Euri eta hotzetik babesteko jantzi bat, parka edo antzekoa.
  • Kotoizko galtzak, bi pare.
  • Mauka motzeko kotoizko 2 polo, sakeladunak.
  • Mauka luzeko kotoizko 2 polo, sakeladunak.
  • Pintore buzo bat.
  • Udako zapatilak, pare bat.
  • Neguko zapatilak, mendikoak, gore-tex-ekoak edo antzekoak, pare bat.
  • Udako galtzerdiak, 2 pare.
  • Neguko galtzerdi termikoak edo kotoizkoak, 2 pare.

6. Udal eraikinen garbitzaileak.

  • Mantal edo pijama sanitarioak, hiru.
  • Zapatilak, hiru pare.

Material hori urtero emanen da.

7. Etxez etxeko laguntzako familia langileak.

–Udarako (erosketak apirilean eginen dira):

  • Bi elastiko mehe.
  • Galtza meheak, pare bat.
  • Jaka mehe bat.
  • Zapatila pare bat.
  • Paxa (medikuaren txostena beharko da).

–Negurako (erosketak urrian egonen dira):

  • Bi elastiko lodi.
  • Galtza lodiak, bi pare.
  • Jaka lodi bat edo jantzi polarra.
  • Bi mantal zuri garbiketa lan pertsonaletarako, etxeko garbiketa egiteko, etab.
  • Boltsa bat, behar den materiala eramateko, hala nola eskularruak, pedikura eta manikurako materiala, etab.
  • Oinetako pare bat.

8. Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.

Hondaturiko edozein arropa aldatzeko, nagusi hurrenari jakinarazi beharko zaio.

9. Material guztien kalitatea egin beharreko lanetarako egokia izanen da. Gutxieneko kalitatea ez da inolaz ere murriztuko jantzi eta ekipoetan. Langileek lan eta segurtasun baldintza duinak izanen dituzte bermaturik beti.

Bi aldeak ados daudela, idatziz, jantzi batzuen kalitatea hobetzea edo ordezkatzea negoziatzen ahalko da, gutxiagotan aldatu behar izateko.

10. Prebentzioko ordezkariek aldez aurretik gainbegiratuko dituzte emanen diren jantziak.

11. Urtebete baino gutxiagotarako kontratatutako langileek ere jantziak jasoko dituzte, lan eginen duten denborari dagokion proportzioan, eta jantzien kalitate berarekin.

12. Artikulu honetan aipatzen diren zerbitzuetako langile guztientzat nahitaezkoa da Udalak emandako arropak erabiltzea. Ezin da inolaz ere kaleko arroparekin ibili.

13. Jantzien hornidurarako sistema, aurreko ataletan aurreikusitakoa, hitzarmen honen indarraldian berrikusiko da, eta alderdi negoziatzaileek erabakitzen dituzten alderdiak aldatu eginen dira.

17. artikulua. Babesa eta segurtasuna.

1. Istripu asegurua.

Lanorduetan edo ‘’in itinere’’ izan daitezkeen istripuetarako aseguru poliza bat kontratatuko da, eta udaltzainen kasuan eguneko 24 ordukoa izanen da. 69.524,15 euroko estaldura izanen du heriotza gertatuz gero eta 121.502,22 eurokoa ezintasun iraunkor erabatekoa, osoa edo partziala gertatuz gero, baremoaren arabera. Polizaren baldintzen eta estalduraren kopia gaurkotua emanen zaie ordezkari sindikalei. (Kopuruak 2013. urterako).

2. Bizi asegurua.

Bizi aseguruko poliza bat kontratatuko da, 37.581,31 eurokoa, heriotza eta lanbiderako ezintasun iraunkor erabatekoa edo osoa hartuko dituena. Eskolatzeagatiko errentarako estaldura izanen du aseguruak, urtean 1.495,74 eurokoa, aseguratuaren seme edo alaba bakoitzeko 4 urtetik 22 urtera bitarte.

Udaleko langileek aukeratzen ahal dute nor izanen den istripu edo bizi aseguruetan aipatzen den kalte-ordainaren onuraduna.

3. Langileek lanorduetan beren ibilgailua erabili behar dutenean, ibilgailu horiek izaten dituzten kalteetarako aseguru poliza bat kontratatuko da, eta lanpostua lortzeko deialdian ibilgailua izatea eskatu bada, berriz, lanaldia hasi aurreko ordu erdia eta bukatu ondoko ordu erdia ere babestuko ditu aseguruak. Egiazko ezbeharra izaten denean, langileak berak egindako adierazpenaren bidez eta poliziaren atestatuaren edo buletinaren bidez frogatu beharko da.

4. Lehen aipatu diren aseguru poliza guztiak Nafarroako egiazko KPIrekin eguneratuko dira urtero.

5. Udaleko langileen aurkako erasoa edo atentatua gertatuz gero, epaimahaien aurrean aurkeztuko da eta herri-akzioa bultzatuko da.

Era berean, laneko istripua gertatuz gero, Udalak aholkua emanen dio langileari prozesu osoan, eta ofizioz hasiko ditu aseguru-etxeekin, mutuarekin, prebentzio zerbitzuarekin edo abokatuekin bete beharreko tramiteak.

6. Udalak bere gain hartuko du edonolako prozesu guztietan parte hartzen duten langileen laguntza juridikoa, gertaerak haien eginkizunetan aritzeagatik gertatu badira.

7. Hala iruditzen bazaio, langileak libreki hautatuko du laguntza juridiko pribatua, Udalaren bizkar ordainduko dena, betiere Iruñeko Abokatuen Elkargoak minutetarako ezarritako arauzko mugen barnean eta kontrataturiko aseguruan aurreikusitako gehieneko estaldurarekin.

8. Udalaren jabetzako ibilgailuak, bai gidariak bai bidaideak babesten dituen polizaren bitartez aseguratuak egonen dira, eta IATa gainditua beharko dute izan.

9. Erantzukizun zibileko asegurua kontratatuko da, langileek beren eginkizunen jardunean egin ditzaketen kalteetarako, are delitu nahiz edozein modutako hutsegite deklaratutako egintzen ondoriozkoak badira.

10. Ondasunen kontra burututako egintza basati eta terroristek egindako kalteen ordaina. Zizur Nagusiko Udaleko langile kontratudunentzat atentatuaren errebindikazioaren salbuespena ezartzen da, kalte-ordaina jasotzearen ondorioetarako, eta honako prozedura hau ezarri da jarraibidetzat:

a) Kalteak ofizialki salatzea.

b) Kalteen aurrekontua eskatzea.

c) Zizur Nagusiko Giza Baliabideen Departamentuan kalte-ordainen eskaera idatzia aurkeztea, salaketarekin eta aurrekontuarekin batera.

d) Kalte horiek ukitutakoa udal langilea zelako gertatu izanaren aztarnaren bat izatea.

11. Norberaren ibilgailua erabiltzen duen langileak eskubidea izanen du baimendutako tokietan aparkatzeko, lanean ari denean.

18. artikulua. Prebentzio plana eta osasun laguntza.

1.–Laneko arriskuak galarazteko araudia zinez aplikatzea bultzatuko da Prebentzio Zerbitzu bat eratuz, arreta honako alderdi hauetan jarriz bereziki:

1.1. Arriskuen ebaluazioa.

Arriskuen hasierako ebaluazioa eginen da, lanpostuz lanpostu, onetsitako prozeduren eta finkatutako lehentasun hurrenkeraren arabera. Ebaluazio horretan kontuan hartuko dira sexuarekin zerikusia duten aldagaiak, bai datuen bilketa eta tratamendurako sistemetan bai lan arriskuen prebentzioaren arloko azterlan eta ikerketa orokorretan, lanak eragindako kalteek langileen sexuarekin loturarik izan dezaketen egoerak atzeman eta haiei aurrea hartzeko.

Arriskuak ebaluatu eta emaitzak ikusirik, jarduera prebentiboaren plangintza eginen da, neurri zuzentzaileak, prestakuntzakoak eta jarraipen edo kontrolekoak hartuz, detektatzen diren arrisku egoeren aurrean, Udaleko arduradunek beren gain hartu beharreko planaren edo programaren barnean.

Prebentzio jardueren plangintza behar bezala egite aldera, Udalak behar diren giza baliabideak eta materialak jarri eta diru baliabideak esleituko ditu.

1.2. Laneko arriskuen prebentziorako lan prozedurak.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan, lan prozedurak ezarri eta eguneratuko dira, arreta honako hauetan jarriz bereziki:

–Kontratak eta azpikontratak.

–Ondasunak eskuratu edo erostea.

–Osasuna zaintzea.

–Laneko istripuak eta lanbide eritasunak.

–Larrialdietarako neurriak eta planak.

–Prestakuntza eta informazioa.

1.3. Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea.

Inor behartu gabe, nahi duenak egiteko, azterketa mediko bat eginen da urtero, eta emakumeentzako azterketa ginekologikoa, ahal den heinean urtearen lehenbiziko hiru hilabeteetan eginen dena; hor sartzen dira eritasun infekzioso edo kutsagarrien (tetanosa, gripea eta hepatitisa) aurkako txertoak ere.

Lanpostuaren ezaugarrietara egokituko da osasun azterketa, eta ordezkaritza sindikalarekin adostuko da.

Langileek osasun azterketen emaitzak ezagutzeko eskubidea dute.

Urteko osasun azterketa Udalaren kargura eginen da.

1.4. Beren lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena.

Lanpostu hutsak betetzeko birkokatzearen lehentasuna ezarriko da beste edozein prozeduraren gainetik. Nafarroako Foru Komunitateko eta bere erakunde autonomoetako langileak lanerako ezintasunagatik birkokatzeko prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuan Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezarritakoari jarraituko zaio.

1.5. Lanpostua aldatzea, osasunerako kaltegarria delako.

Zentro ofizial bateko txostenaren bidez egiaztatuta, lanpostua aldatzea beharrezkoa denean osasunerako kaltegarria delako, langileari bere ezaugarri fisiko eta psikikoetarako egokia den lanpostua ematera behartuta dago Udala. Bere osasunari kalte egiten diolako beste lanpostu batera aldatzen duten langileak ez du galera ekonomikorik izanen, ez du lanbide kategoria galduko eta ez du horren ondorioz inolako kalterik izanen. Aurreko lanpostuaren plusak soilik galduko ditu eta lanpostu berriko plusak kobratuko, hala badagokio.

1.6. Udaleko emakumezko langileek laneko baldintzak edo denbora egokitzeko eskubidea izanen dute, haurdunaldia edo bularra eman beharra dela eta haien osasunerako arriskua dagoenean. Egokitzapen hori ezinezkoa denean, edo, egokitzapena eginda ere, lanpostuko baldintzek kaltea eragin badezakete langilearen edo umearen osasunean, medikuaren txosten bidez frogatuta, langileak beste lan edo eginkizun bat bete beharko du, bere egoerarako egokia.

1.7. Larrialdietarako planak edo neurriak.

Udaleko lantoki guztietan larrialdietarako planak edo neurriak idatzi eta betearaziko dira, eta behar den tokietan simulakroak eginen dira aldian-aldian.

1.8. Langileentzako prestakuntza eta informazioa.

Langileentzako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso dezaten, nahikoa eta egokia, beren lanpostuan atzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz.

Prestakuntza zentro ofizialen bidez emanen da, administrazioan sartzean lehenbizikoz eta aldian-aldian, bereziki lan baldintzak aldatzen badira ekipo berriak erosi edo teknologia berriak ezarri direlako, eta lanpostuarekin zerikusia duten alderdi guztiak ukituko dira.

1.9. Segurtasun eta Osasun Batzordea.

1. Udala eta langileak behartuta daude beharrezko neurriak hartzera istripuen eta lanbideko eritasunen prebentziorako eta lanpostuetan higiene eta segurtasun baldintzarik hoberenak lortzeko.

2. Udalean Segurtasun eta Osasun Batzorde bat izan beharko da. Arreta berezia jarriko da prebentzioko delegatuak lantokiei atxikitzearen gainean.

Ahaleginak eginen dira Segurtasun eta Osasun Batzordea paritarioa izan dadin. Gainera, batzorde horretako kideek prestakuntza jaso beharko dute gai hauei buruz: genero ikuspegia lan osasunean aintzat hartzea, sexu-jazarpena eta emakumeen kontrako indarkeria. Neurri hori Segurtasun eta Osasun Batzordearen jardun arauetan sartuko da.

Prebentzio ordezkariek urtean 40 ordu izanen dituzte sindikatuetan ordezkari gisa lan egiteko.

Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legeak adierazten du laneko orduetan egin behar dela prestakuntza, eta hura teoriko-praktikoa izanen dela. Udalak bermatuko du prestakuntza hori.

Segurtasun eta Osasun Batzordearen eskumenak eta ahalmenak Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzen duten arauetan aurreikusitakoak dira.

3. Apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretua, lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituena, aplikatuko da.

4. Beren lana egiteko betaurrekoak behar dituzten langileek lanaldian gerta daitezkeen matxuren konponketa estalia izanen dute.

5. Pantailekin lan egitea: batez ere pantailekin lan egiten duten langileek ordu muga bat izanen dute pantailarekin aritzeko; hain zuzen ere, bost minutuko tartea utziko da orduan behin edo ordu erdikoa bi orduan behin. Tarte horietan lanpostuen ezaugarriekin bat datozen beste lan batzuk eginen dira.

6. Sexu jazarpenari eta/edo sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko eta horren kontra jarduteko protokoloa ezartzea (II. eranskina).

7. Lanean jokabide erasokorrei (laneko jazarpena eta jazarpen morala) aurrea hartzeko eta horien kontra jarduteko protokoloa ezartzea (III. eranskina).

8. Langile guztien arrisku psiko-sozialak aztertuko ditu Udalak, arrisku horiei aurrea hartzeko eta lana antolatzeko bestelako era osasungarriagoak garatzeko.

19. artikulua. Gidabaimena berritzea.

1. Lanpostua lortzeko gidabaimena eskatu zaien langileei Udalak baimen hori berritzeko kostuak ordainduko dizkie. Erakunde eskudunak ezartzen duen kosturako izanen da laguntza hori (osasun ziurtagiria eta tasak), kudeatzaile komisiorik, zehapen errekargurik eta bestelakorik gabe.

2. Lanaldian zehar lanpostuko eginkizunak gorabeherarik gabe betetzeak ekarritako salaketak eta ondorioak bere gain hartuko ditu udalak, zehazki hauek: gehiegizko zama, ikuskapen teknikoak egin gabe izatea, ibilgailuko akatsak, aseguruen ordainketan atzeratzea, etab. , udal ibilgailuei dagokienez.

20. artikulua. Prestakuntza.

1.–4.000 euroko poltsa komun bat ezarri da, urte bakoitzeko, udaleko langileentzako laguntzetarako eta prestakuntza ikastaroetarako.

2.–Langileek erraztasuna izanen dute titulu akademikoak edo lanbidekoak lortzera bideraturiko ikasketak egiteko, prestakuntza ikastaroetara edo lanbide hobekuntzarako ikastaroetara joateko, bai Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak bai bestelako organismo edo erakundeek antolatuak, lanbideetan egokitzeko eta gaitzeko ikastaroetara joateko, bai eta lanbiderako euskararen ezagutza eta hobekuntza lantzeko ere, Euskarari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta EBko laneko hizkuntzetarako. Langile bakoitzak urtean 30 orduko kreditua izanen du gutxienez, prestakuntza ikastaroak egiteko.

Prestakuntza planak ezartzea bultzatuko da, udaleko langileek egin beharreko lanak hobetzeko ez ezik, haien lanbide sustapenean eta ibilaldian benetako eragina izateko ere bai.

Era berean, berdintasunaren arloko prestakuntza ere sustatuko da.

Jarraipen Batzordeak protokolo bat ezarriko du prestakuntza ikastaroak nork hartu behar dituen erabakitzeko irizpideak zehazteko, ziurtatuz betiere, plantilla osoak aukera berdinak izanen dituela prestakuntza jasotzeko.

Eszedentzia berezian dauden langileek ere eskubidea izanen dute Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko.

3.–Lanean emandako ordutzat hartuko da langileak aldaketa teknikoetara egokitzeko ikastaroetan ematen duen denbora, bai eta lanbideko birmoldaketarako eta hobekuntzarako ikastaroetan emandako denbora ere, enpleguko egonkortasuna ziurtatze aldera, unitate administratiboen eginkizunetan aldaketak izaten direnean.

4.–Artikulu honetako 2. eta 3. puntuetan aipatzen diren ikastaroak Iruñetik kanpo egiten direnean, Udalak lan egindako egun gisa ordainduko ditu bidaia egunak eta ikastaroan emandako egunak. Istripuren bat gertatzen den kasuetarako, lanalditzat hartuko dira langileak bere etxetik nahiz udaletxetik ikastaroak ematen diren lekuraino egindako joan-etorriak.

5.–Jarraipen Batzordeak erabakiko ditu bai artikulu honetan sartzen diren ikastaro motak bai egokitu beharreko ordutegia, kasuan kasuko zerbitzuko arduradunak aldez aurretik emandako txosten bakoitza baloratu ondoren eta honako irizpide hauen arabera:

–%100, batzordearen iritziz ikastaroak zuzeneko lotura duenean langilearen lanpostuarekin eta une horretan betetzen dituen edo gero batean beteko dituen eginkizunekin. Honako hau da irizpidea: langileak ahalegina eginen du eta Udalak, ordainetan, gastuekin eta orduekin konpentsatuko du.

–%50, langilearen lanpostuarekin zuzeneko loturarik izan gabe ere udalean betetzen diren zereginekin lotura zuzena duten ikastaroak direnean. Udalak gastuen zati bat ordainduko du, eta orduak langilearen kontura izanen dira.

–%25, direlako ikastaro edo ikasketa horiek langileen ezagutzak osatu ahal dituztenean, lanpostuarekin zuzeneko loturarik ez badute ere; langileak ordainduko du matrikularen eta liburuen kostuaren zati bat.

Ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egitea badago, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kostuaren arabera kalkulatuko da kalte-ordaina.

6.–Departamentu bakoitzeko teknikari arduradunak langileen prestakuntza beharrak aztertu eta aurkeztuko ditu urtero (pertsonen zerrenda, ikastaroak eta ordu kopurua), langileen gaitasunak eta zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta. Horri buruzko txostena emanen zaie sindikatuei.

7.–Aldi baterako lizentzia edo baimena hartuta norbait zaintzen aritu diren langileek, mailaz igotzeko aukera gutxiago izan ez dezaten, lehentasuna izanen dute Udaleko langileentzat egiten diren prestakuntza ikastaroetara joateko.

8.–Hizkuntza politika.

8.1. Langileek euskalduntze ikastaroetan parte hartzea: Administrazio elebiduna lortu eta zerbitzua euskaraz ematen ahal dela bermatzeko, Udalak erraztasunak emanen dizkie euskaldundu nahi duten langile guztiei, euskara sustatzean aitzindaria izanik, behar adina kontu-sail eta bitarteko eskainiz.

Udal honen xede denez Zizur Nagusiko biztanle guztiei bermatzea arreta eta zerbitzuen eskaintza Nafarroako hizkuntza berekietako edozeinetan izanen dutela, nahi duten langileek beren lanpostuarekin bat datorren hizkuntza maila edo goragoko bat eskuratzeko bitartekoak jarriko dira, hitzarmen honen 6.3 artikulua kontuan hartuz, Udalaren barneko mugigarritasuna jasotzen baita. Horretarako, euskarari buruzko ordenantzan agertzen denari jarraituko zaio. Horretarako, Euskarari buruzko araudi indardunean ezarritakoari jarraituko zaio.

8.2. Udalak zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den euskara bete beharreko eta ziurtatu beharreko eskakizun espezifikoa, eta zein lanpostutarako izanen den merezimendu. Era berean, langileen hizkuntza gaitasuna orientatuko du, sustapen ekintzei lehentasuna emate aldera haien destinoagatik edo lanpostuaren ezaugarriengatik behar handiagoa dagoela antzematen denean.

8.3. Euskara ikastaroetara joaten diren langileentzako ordu konpentsazioa Nafarroako Gobernuak indarreko legeen arabera ezarritakoa izanen da (195/1993 Foru Dekretua, 1993ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 9koa), eta interesdunak eskaturik emanen da, kasuan kasuko buruari horren berri eman ondoren eta langilearen eskubideak errespetatuta.

21. artikulua. Aurrerakinak.

1. Langile guztiek izanen dute aukera aurrerakin arruntak edo bereziak eskuratzeko:

a) Aurrerakin arruntak: ordainsariaren aurrerakinak izanen dira eta hilabetean behin emanen dira, eskatzeko unera arte sorrarazitako egunen kargura. Aurrerakina dagokion hilabeteko nominatik deskontatuko da.

b) Aurrerakin bereziak: 12.000 euroko funtsa sortuko da.

Gehienez ere 5.000 euro eskatu ahal izanen dira.

Itzultzeko epea hogeita lau hilabetekoa da eta zati berdinetan itzuliko da, eta jaso duenak bere esku dauka lehenago kitatzea.

Honako kasu hauetan emanen dira aurrerakin bereziak:

a) Eskatzailearen ezkontza.

b) Odol eta ezkontza bidezko lehen graduko ahaide baten edo izatezko bikotekidearen heriotza edo seme-alaben jaiotza.

c) Eskatzailearen edo odol eta ezkontza bidezko lehen graduko ahaide baten edo izatezko bikotekidearen eritasun edo ebakuntza larria.

d) Ohiko etxebizitza erostea edo hura eraberritzeko edo eskuratzeko banku-kredituak amortizatzea.

e) Familiaren une bereziak: ezkontzak, dibortzioak, banaketak, bataioak, jaunartzeak, ibilgailua konpontzea istripu larri batengatik (norberaren ibilgailuko aseguruak edo beste inplikatuarenak, kasua bada, betetzen ez badu), ibilgailua erostea, ohiko etxebizitzaren eskubide errealak, plusbalioak eta eskriturak ordaintzea (ohiko etxebizitzarenak) eta antzeko beste batzuk.

f) Zentro ofizialetako ikasketetarako matrikulek sortutako gastuak, bai langilearenak bai seme-alabenak.

g) Altzariak eskuratzea.

h) Ustekabeko aldaketak etxebizitzan edo norberaren ibilgailu matxuratua konpondu beharra.

i) Ezbeharrak etxebizitzetan edo ibilgailuetan: sutea, lapurreta, istripua, uholdea, etab.

j) Udalaren irizpidez, beste egoera batzuk, arrazoizkotzat hartzen badira.

2. Tramitazioa: aurrerakin berezietarako eskaerak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da, gertaera eragilearen datatik aurrera. Hala ere, ohiz kanpoko kasuetan, gertaera eragilearen aurreko hileko eskaerak ere onar daitezke, baldin eta aurrerakina eman eta bi hilabeteko epean frogagiri idatzizkoak aurkezteko konpromisoa erantsirik badute. Konpromiso hori hausteak aurrerakina berehala deuseztatzea ekarriko luke.

Plantillako gainerako kideei iragarki oholaren bidez jakinaraziko zaie zein den aurrekinen funtsean eskuragarri dagoen diru kopurua.

3. Ez da aurrerakinik emanen azken aurrerakinen likidazioak eginak ez badaude.

Gutxienez urtebeteko tartea utzi behar da aurrerakin bat kitatzen denetik (gehieneko kopurua lortu bada) beste bat eskatu bitarte.

Hala ere, aurrerakin bakarra emanen da hamar urtean d) arrazoiarengatik.

4. Aurrerakin horiek ohiz kanpokoak dira eta gastuei erantzuteko emanen dira. Beraz, gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dira. Esleituko den kopurua ezin da aurkeztutako gastuak baino handiagoa izan.

5. Eskabideen kopurua erabilgarri dagoen funtsa baino handiagoa delarik, lehentasunaren hurrenkera hauxe izanen da: lehenik, genero indarkeriaren biktima, eta bigarrenik, ordura arte aurrerakin gutxien eskatu duena. Azkenik, pertsona batek baino gehiagok hartutako aurrerakin kopuru bera baldin badu, kasua Jarraipen Batzordean aztertuko da.

22. artikulua. Erretiroa hartzea.

1. Langileek hirurogeita lau urte betetakoan erretiroa hartzen ahal dute nahi izanez gero, uztailaren 17ko 1194/1985 Errege Dekretuan ezarritako moduan eta baldintzetan.

2. Unean unean indarra duen legeriak eskatutako baldintzak betetzen dituzten langileek Langileen Estatutuaren 12. artikuluan (abenduaren 4ko 49/2007 Legearen 29.1 Xedapen Gehigarrian ezarritako testuan) eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan aurreikusitako erretiro partzialaren kontratua izenpetu ahalko dute, Udalak onartu ondoren eta bi aldeek hitzartzen dituzten baldintzekin. Udalak dagokion errelebo-kontratua eginen du enplegu bulegoan lan eskatzaile gisa izena emana duten langileekin, hitzarmen honen 6.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, erretiro partzial hori gauzatzeko xedearekin.

3. Edozein kasutan ere, aurreko guztiak ez du galaraziko langilearen lan bizitzako une bakoitzean arlo horretan indarra duen araubidea aplikatzea, bereziki, duen garrantziagatik, martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretua, Gizarte Segurantzaren Sistemako araubide guztiak aldatzen dituena.

23. artikulua. Eskubide sindikalak.

1. Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileek eskubidea dute beren enplegu baldintzak zehazten parte hartzeko, legean finkatu bezala, beren ordezkaritza organoen bitartez.

2. Ahaleginak eginen dira Langile Batzordea paritarioa izan dadin.

3. Langileen delegatuei berdintasunaren arloko prestakuntza emanen zaie negoziazio kolektiboan genero ikuspegia kontuan har dezaten.

4. Langileen ordezkariek hogei orduko kreditua izanen dute hilabetean. Ordu kreditu hori bi hilabetean behin kontabilizatuko da. Langile Batzordearen hautagaitza bakoitzeko pertsonen artean metatzen ahal dira ordu horiek. Baimena emateko, orduak lagatzen dituen ordezkariak agiri bat sinatuko du, eta atzera egiteko aukera izanen du, edozein unetan.

Sindikatuko lanetan egindako orduak metatzen ahalko dira, atsedenaldia lanegun batean hartuz, eman behar den zerbitzuari horrek kalterik egiten ez badio.

Langileen legezko ordezkariek legean aurreikusitako bermeak izanen dituzte.

5. Langile Batzordeko kideek beren sindikatu orduak erabiltzen ahal dituzte lantokitik alde eginez, beren sindikatu jarduerengatik egoki jotzen dutenean, eta betiere zerbitzuaren beharrak bermatuta.

Zizur Nagusitik kanpora joan behar izanez gero, arrazoia egiaztatu beharko dute Udalaren aurrean.

24. artikulua. Bilerak egiteko eskubidea.

1. Zizur Nagusiko Udaleko langileek batzarrean biltzeko eskubidea dute, Udalaren beraren lokaletan eta beren lanarekin loturiko gaietarako. Horretarako, hilabetean gehienez ere lau ordu ordaindu eta metatuezin izanen dituzte.

2. Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahal dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.

Deialdia langileen ordezkariek edo langileen %33k baino gehiagok eskatuta egin beharko da. Deialdian eguneko aztergaiak eta batzarrerako eguna eta ordua jarri beharko dira.

Langileen ordezkariek deialdiarekin batera jakinaraziko dute enpresa kanpotik joanen direnen kopurua, eta enpresak hori jaso izana adierazi beharko du.

Langileen ordezkariek, batzarra bukatu eta ahal bezain laster, enpresari buruz hartutako erabakiak jakinaraziko dizkiote Alkatetzari.

3. Alkatetzak eman beharko du baimena batzarrak egiteko.

4. Baimena emanen da aipatu diren baldintzak betetzen badira. Salbuespenezko kasuetan izan ezik, batzarra egiteko baimena gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago eskatu beharko da. Kontrako ebazpenik ematen ez bada, baimena emantzat joko da. Baimena, beranduenez, batzarra egin baino hogeita lau ordu lehenago jakinarazi beharko da.

25. artikulua. Diziplina araudia.

1.–Hutsegiteak:

Udalak soilik zehatuko ditu langileak beren lan betebeharrak betetzen ez dituztelako, laneko ez betetze hori diziplina hutsegitea denean, hutsegiteen eta zehapenen graduazioarekin eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluko IX. kapituluan ezartzen den prozedurarekin eta xedapen osagarriekin bat etorriz. Arau horiek osorik aplikatuko zaizkie hitzarmen honen menpe dauden langileei, Langileen Estatutuaren 54. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2.–Zehapenak:

Hutsegiteen kalifikazioaren arabera ezartzen ahal diren zehapenak hauek dira:

A) Hutsegite arinak:

–Idatzizko kargu-hartzea.

–Egun batetik lau egunera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Hutsegite larriak:

–Bost egunetik hogeita hamarrera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

–Nahitaezko lekualdaketa, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

c) Hutsegite oso larriak:

–Hilabetetik hiru hilabetera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

–Kaleratzea.

3.–Hutsegiteen preskripzioa:

3.1. hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresak hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

3.2. Preskripzioa eten egiten da prozedurari hasiera ematea erabakitzen den unean, eta horretarako ebazpena behar bezala erregistratu beharko da. Espedientearen tramitazioa geldiarazirik baldin badago hilabete baino gehiago, langileari ezin egotz dakiokeen arrazoiengatik, ulertuko da preskripzio epea ez dela eten.

26. artikulua. Enplegu publikoaren sustapena.

Enplegu publikoa sustatzeko, pribatizatu diren hainbat lan Zizur Nagusiko Udalera itzultzeko modua aztertuko da, esaterako garbiketa zerbitzuak, etab., eta bertako langileek egin ditzaketen lanak ez dira kanpora bideratuko.

Era berean, lan edo zerbitzu bat kanpoan kontratatu behar izanez gero, enpresa adjudikazio-hartzaileari eskatuko zaio aplikatzeko hitzarmen honetako baldintza guztiak, eta, zehazki, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legea betetzeko, eta lan edo zerbitzu horiek kanpoan kontratatzean aintzat hartzeko tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa.

27. artikulua. Osasun laguntza.

1. Udalak 9.588,68 euroko kontu-sail bat sortuko du urtean behin bi kolektiboetarako (funtzionarioak eta lan kontratudunak); urtero Nafarroako KPIren arabera eguneratuko da. Gizarte Segurantzakoak ez diren osasun arloko beharretarako kontu-sail bat sortzea, montepioari atxikitako funtzionarioen erabilera bereziaren araubidearen gisara. Funts hori erabili ahal izateko sei hilabeteko antzinatasuna beharko da gutxienez. Eskaerak Jarraipen Batzordeak aztertuko ditu. Urte horretako abenduaren 31 bitarte aurkeztutako eskaera guztiak hartuko dira kontuan. Eskaeren zenbatekoa kontu-sailaren baino handiagoa izatera, aurkeztutako gastuen arabera hainbanatuko dira.

Laguntzak langileen osasun prestazio pertsonalen gastuei erantzuteko emanen dira, baldin eta lanpostuarekin zerikusia badute. Ondoko hauek izanen dira:

–Ortopedia: lanbide jarduera aurrera eramateko behar diren produktu ortoprotesikoen kostuaren %40ko laguntza, 1.054,15 euro gehienez bakoitzeko, eta produktu bat gehienez onuradun eta urte natural bakoitzeko.

–Audifonoak: audifonoen kostuaren %40ko laguntza, 1.054,52 euro gehienez bakoitzeko, eta produktu bat gehienez onuradun eta urte natural bakoitzeko (edo bi, bi belarrietan behar izanez gero).

–Optika: kostu osoaren %40ko laguntza (betaurreko edo lentilla graduatuak badira), 250 euro gehienez bakoitzeko, eta pare bat gehienez onuradun bakoitzeko, bi urtean behin. Lenteak edo kristalak erosteko izanen dira laguntzak. Betaurrekoen eustoinaren kasuan 30 euro emanen dira gehienez; eustoinaren prezioaren %40a 30 eurotik gorakoa ez bada, ezarritako portzentajea ordainduko da.

–Obra eta Lorategietako eta Familia Langileen zerbitzuetako langileen kolektiboetarako, egiten duten lana bereziki fisikoa izanik eta lesioak saihesteko aurrea hartzea modu bakarra dela jakinik, Udalak 42,14 euro, gehienez ere, ordainduko ditu pertsonako hilabetean fisioterapeuta, masajista eta abarretarako.

Halaber, Udaleko edozein langileri ordainduko zaio zenbateko hori, hark eskatuta, lan istripu edo gaixotasun batek eragindako lesioak tratatzeko, betiere osasun txostena izan ondoren.

Zenbateko hori urtero eguneratuko da, Nafarroako KPIren arabera.

2. Drogamenpekotasuna edo alkoholismoa jasaten duen norbait baldin badago eta laguntza eta errehabilitazioa beharrezkoa bada, Jarraipen Batzordeak aztertuko du zein den jokabiderik egokiena.

28. artikulua. Funtzionario bihurtzea, nahi izanez gero.

Nafarroako Gobernuak beste prozesu bat abiarazten duenean Nafarroako toki entitateetako lan-kontratudun finkoak funtzionario bihurtzeko, Zizur Nagusiko Udalak erabakiko du borondatezko funtzionarizaziorako epe bat irekitzea lan-kontratudunei bide emateko aukera horretaz baliatzeko.

29. artikulua. Aldi baterako ezintasunerako osagarria.

Udalak lansarira iristeko falta den kopurua ordainduko du %100 jaso arte, aldi baterako lan-ezintasuna izanez gero.

I. ERANSKINA

Berdintasuneko barne plana Zizur Nagusiko Udalerako

Bukatu ondoan eta organo eskudunak onetsi ondoan, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunari buruzko barreneko plana eranskin gisa erantsiko da hitzarmen honetan, bertan hasierako diagnostikoan atzemandako bereizkeriak zuzentzeko neurriak eta helburuak ezartzen baitira.

II. ERANSKINA

Sexu jazarpenari eta/edo sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko
eta horren kontra jarduteko protokoloa

Sexu jazarpenaren eta/edo sexuagatiko jazarpenaren kontrako prebentzio eta jarduera protokoloa behin amaitu eta organo eskudunak onetsi ondoren, berdintasunari buruzko barreneko planaren esparruan sartuko da.

III. ERANSKINA

Lanean jokabide erasokorrei aurrea hartzeko eta horren kontra jarduteko protokoloa

1.–Sarrera.

Osasunari buruzko Lege Orokorrak, langileen osoko osasunaren babesari buruz ari dela, 21. artikuluan nabarmentzen duenez, pertsonen osasunaren zainketak patologia fisikoen zein psikikoen babesa ere barnean hartu behar du.

OMEk adierazita du laneko baldintzek osasunean duten garrantzia, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak enpresaburua behartzen du langileen osasuna babestuko duten neurriak hartzera; bestetik, lana pertsonari egokitzeko printzipioa jasotzen du -lanpostuen nolakoari dagokionez- eta prebentzioa planifikatu beharra, teknikaren, lanaren antolaketaren, lanaren baldintzen eta gizarte harremanen arteko multzo koherente bat bilatuz (15.1 artikulua).

Halaber, Langileen Estatutuak 4.2 artikuluan ezartzen du langileen osotasun fisikoa zaintzeko, segurtasun eta higiene politika izateko eta bere intimitatea errespetatzeko eta bere duintasuna kontuan hartzeko eskubidea, barne izanik arraza edo etnia, erlijoa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu orientazioa direla-eta jazarpenaren aurreko babesa, baita sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurreko babesa ere.

2.–Lan inguruneko jokabide edo ekintza erasokorren definizioa.

Mari France Irigoyen psikiatrak ondoko lau taldetan banatzen ditu lantokian pertsonen artean izan daitezkeen ekintza erasokorrak:

–Pertsonaren izen onaren edo duintasunaren kontra doazen ekintzak: adierazpen laidogarriak edo iraingarriak egitea edo besteen aurrean itxura fisikoaz, keinuez, ahotsaz, sinesmen pertsonalez, politikoez edo erlijiosoez iseka egitea, zurrumurruak zabaltzea, arazo psikologikoak leporatzea, hitz lizun edo umiliagarriekin iraintzea.

a) Lana egitearen kontra doazen ekintzak: gehiegizko lana ematea, edo zailegia edo egin behar ez dena, lanik ez ematea edo lan tresnak eskuratzea eragoztea, lanpostuari dagozkionak baino lan apalagoak edo maila goragokoak ematea, jarduketa edo erabaki guztiei erantzutea sistematikoki, egindako lana sobera edo bidegabe kritikatzea, eskubideak erabiltzea eragoztea, lan arriskutsuak egitera behartzea, kontuan ez izatea Prebentzio Zerbitzuko medikuen oharrak...

b) Bakartzea eta komunikazioa ukatzea: pertsona baten jarduna sistematikoki etetea, soilik idatziz komunikatzea, pertsona baten komunikazioa haren lankideekin edo alderantziz murriztea edo debekatzea, lantokia isolatzea, pertsona bati ez ikusiarena egitea soilik besteekin arituz, zuzendaritzarekin elkarrizketa bat izateko eskaera ukatzea...

c) Indarkeria fisikoa edo ahozkoa: pertsona bat mehatxuen bidez kikilaraztea, fisikoki erasotzea modu apalean bada ere (bultzaka edo atea muturren aurrean itxiz...), oihuka edo irainka hastea pertsona baten kontra, errespetu falta ezaugarri pertsonalengatik...

Ekintza edo jokabide erasokorrak aldian-aldian edo noizean behin gerta daitezke (pertsonen kontrako erasoa edo indarkeria) edo jokamolde gisa egitura daitezke, denboran mantenduz (jazarpen psikologikoa, jazarpen morala edo mobbing-a).

2.1. Jazarpen psikologikoa (jazarpen morala edo mobbing-a):

Europar Batasunak emandako definizioaren arabera, jazarpen morala da edozein jokaera diskriminatzaile, iraingarri, umiliagarri, beldur eragile edo bortxazko, baita bizitza pribatuan bidegabe sartzea ere, horrelako jokaerek pertsona baten duintasunari eraso egiten badiote lanean edo lanari lotuta, pertsona horri edo hark egindako lanari omena kenduz, halako moduan non erasandakoari kalte psikiko edo/eta fisikoa eragiten zaion.

Biktimak M. F. Irigoyenek zehaztutako 4 taldeetako edozein egoera pairatzen du.

2.2. Erasoak edo indarkeria pertsonen kontra:

Aurretik azaldutako ekintzetako edozein noizbehinka gertatu eta ondorio negatiboa badu hura jasaten duenarengan pertsonen kontrako eraso edo indarkeriatzat joko da.

Prebentzioko 489. ohar teknikoaren arabera, laneko indarkeria kanpokoa izan liteke (lapurretak, bezeroen, erabiltzaileen, pazienteen indarkeria...) edo barnekoa (indarkeriaz jokatzen duenak laneko harremana duenean biktimarekin, bai lankideen artean, bai goragoko mailakoek beren menpeko langileei edo alderantziz).

Jarduteko protokoloa kanpoko erasoen aurrean: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 31ko 964/2008 Ebazpena, lantokian kanpoko erasoei aurrea hartzeko eta horien kontra jarduteko plan orokorra onesten duena.

2.3. Tratu txarra nagusien aldetik:

Barneko indarkeriaren eremuan figura bat definitu da, goragoko mailakoek egindako tratu txarra. Hierarkian gorago daudenen jokabidea da, laneko talde osoa edo haren parte bat presio handiaren menpe jartzen duena, menpekoak indarkeriaz eta begirunerik gabe tratatuta. Jazarpen psikologikoan ez bezala, zuzendaritzakoen tratu txarra ikusi egiten den portaera da eta, eskuarki, talde jakin batek hartzen du tratu txarra.

3.–Lanean jokabide erasokorrei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko politika.

Protokolo honek legezko eskakizunak betetzen ditu eta jokabide erasokorrei aurrea hartzea du helburu, baita behar bezalako arreta ematea ere gertatzen diren kasuei. Horretarako, Udalak baliabideak eskuratuko ditu, erasoa gertatzen denean, arreta osoa emateko erasoaren biktimari eta haren laneko eta familiako inguruneari, lanaren, osasunaren eta legearen ikuspuntutik.

Akordio hori Udal honetako Segurtasun eta Osasun Batzordean eztabaidatu eta onetsi behar da.

3.1. Printzipioen adierazpena:

1. Udalak, bere egitekoak betetzean, pertsonen duintasuna errespetatzea eta pertsonari berez dagozkion eskubide bortxaezinak babestea ditu oinarrizko printzipiotzat.

2. Hortaz, Udalean lan egiten duten pertsonek aukera eta berdintasun tratua gozatzeko eskubidea dute. Hala, gizabidez, errespetuz eta duintasunez tratatuak izan behar dute eta ez da inola ere onartuko eskubide horiek urratzea bere baitan.

3. Erakundean lan egiten duten pertsonen identitate pertsonal eta profesionala garatuz zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoz, Udalak debekatu egiten du bere erakundearen barrenean, eta batez ere lan esparruan, ekintza edo jokabide erasokorrak izatea. Horretarako, kasu bakoitzean egokiak diren neurriak, prebentziozkoak nahiz legezkoak, hartuko dira.

4. Enpresen jardueren koordinazioa: Udalaren betebeharra denez langile guztiak babestea jokabide erasokorretatik, bertako langileak beste enpresa batzuetarako ari badira, Udalak bultzatuko du enpresa kontratatzaileak akordio honen edukiak bereganatzea.

3.2. Prebentzioa:

1. Zabalkundea: protokolo hau Udaleko eta azpikontratatutako enpresen langile guztiei zabalduko zaie, baliabide informatikoen bidez ahal bada, baita paperean argitaratu eta banatuta ere.

2. Prestakuntza: laneko osasunari buruzko oinarrizko prestakuntzaren barruan, ondokoa dakarren berariazko prestakuntzako plan bat garatuko da Udaleko langileentzat:

1.–Jokabide erasokor onartezinei buruzko prestakuntza osatua, aldian aldikoa eta iraunkorra, Udaleko langile guztientzat, azpikontratatuentzat, bekadunentzat eta praktiketan daudenentzat, protokolo honen edukiarekin.

2.–Gatazkak kudeatu eta konpontzeko prestakuntza, Udaleko langile guztientzat, azpikontratatuentzat, bekadunentzat eta praktiketan daudenentzat.

3.–Prestakuntza zuzendarientzat, kargudunentzat eta agintarientzat, talde dinamikei, gatazkak kudeatu eta konpontzeari eta estresaren oinarrizko prebentzioari buruz.

4.–Trebakuntza jokabide erasokorrak prebenitzeko eta informazioa protokolo honen inguruan prebentzio zerbitzuetarako eta laneko arriskuak prebenitzean eta prestakuntzan ardura duten eragileentzat, prebentzio delegatuak barne.

5.–Oinarrizko prestakuntza bitartekaritzari buruz bitartekotza edo adiskidetze prozesuan nola edo hala parte hartzen dutenentzat.

1. Oinarrizko parte-hartzea jokabide erasokorra agertzeko arrazoi eta zehaztapenen gainean: arrisku psikosozialak, gatazken kudeaketa desegokia eta enpresaren estilo kulturala.

Arrisku psikosozialak: ingurune lehiakorra, eskakizun psikologiko handiekin, non bakoitzak bere interesen alde egiten baitu, denboraren presioa, kudeaketaren estilo autoritarioa, langileari berari eragiten dioten gaien gainean eragiteko ahalmen urria, informazio falta orokorra enpresan eta dialogorik eza taldearen eginkizunen eta helburuen inguruan, monotonia eta segurtasun eza lan unitateko aldaketa garrantzitsuen inguruan... (Vartia).

Ildo berean, egonkortasun gutxi lanean eta lan egoera ezegonkorra ageri dira jokabide erasokor ugariren oinarrian (Europako Parlamentuaren ebazpena, 2011).

Kasu horretan, arrisku psikosozialei aurrea hartzeko plan bat jarriko da martxan, ebaluazioko, parte-hartze prebentiboko, osasunaren zaintzako eta sistemaren ebaluazioko (planaren eraginkortasuna) elementuak bilduko dituena, eta Segurtasun eta Osasun Batzordearekin negoziatua.

–Gatazken kudeaketa desegokia: agintariek gaitasunik ez izateak egoera horiek kudeatzeko (jokabide horren erantzuleak haiek direnean izan ezik, logikoa den bezala) ingurune permisiboa ekar dezake jokabide erasokorrekiko, edo zuzenean bultzatu egiten du. Besteak beste, honako hauek dira jokabide desegokiak: enpresako agintariek parte-hartze aktiboa izatea arazoan, alderdi baten alde eginez eta gatazka ukatuz edo ez ikusiarena eginez.

Maila horretan esku hartuko da berariazko prebentzio plan batekin, zein Segurtasun eta Osasun Batzordean negoziatuko baita.

Enpresaren estilo kultural desegokia: aginpide autoritarioa, intolerantea eta baztertzailea bultzatzeko joera dauka. Beldurrezko giroa sortzen du, mesfidantzakoa eta gehiegizko lehiakoa. Modu horretan, jokabide sozialaren gaineko araurik gabe, zenbaitek uste dezakete zilegi dela erasokor jokatzea.

Maila horretan esku hartuko da berariazko prebentzio plan batekin, zein Segurtasun eta Osasun Batzordean negoziatuko baita.

2. Arriskuaren ebaluazioa: Prebentzio Zerbitzuak ebaluatuko du, Segurtasun eta Osasun Batzordearen jarraipenarekin, zein den ekintza erasokorren arriskua metodologia kualitatiboen bitartez, jakiteko zein diren eraso hori azaltzen duten faktoreak. Arrisku faktore horiek ezagutu ondoren, aztertuko da enpresan badiren eta noraino, langileei zuzenean galdetuz. Halaber, salatutako kasuen gainean egiten diren azterketak Segurtasun eta Osasun Batzordean aurkeztuko dira, eta oinarria izanen dira jokabide erasokorrak agertzeko arriskuaren ebaluazioko aldagaiak etorkizunean aldatzeko.

Prebentzio zerbitzuak txosten bat prestatuko du urtero egindako jarduketen gainean, emandako aholkuen gainean eta kasu guztietan hartutako neurrien gainean. Erregistro hori, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari igorriko zaie, erakunde horiek ezagut dezaten kasuen maiztasuna eta horri aurrea hartzeko politikak gara ditzaten etorkizunean.

3.3. Esku hartzeko prozedura jokabide erasokorreko kasu posibleen aurrean:

3.3.1. Kasuak atzematea:

Kasuak lau egoeratatik atzeman daitezke:

–Jokabide erasokorrek ukitutako pertsonarengandik.

–Agintariengandik, batez ere agintari zuzenak badira eta erne badaude ea enpresako pertsonen artean jokabide erasokorrik agertzen den.

–Enpresako beste pertsona batek jokabide erasokorrak pairatu dituela antzematen duten lankideengandik.

–Ordezkari sindikalengandik.

3.3.2. Kasuen kudeaketa:

Ondoren laburbiltzen dira esku-hartzeak izan ditzakeen bi kudeaketa mailak. Hobe da lehenbizikotik hastea, baina ez da ezinbestekoa.

3.3.2.1. Konponbidea bitartekaritza baliatuz:

Kasu honetan, bi aldeek konponbiderako konpromisoa hartuko dute. Hainbat bitartekarik hartzen ahal dute parte (besteak beste, Prebentzio Zerbitzuak, biktimari informazioa eta aholku emateko bakarrik), eta ez da bestelako dokumentaziorik jasoko (Prebentzio Zerbitzuari kontsulta egiten bazaio, orduan bai, legeak hala aginduta).

1. Biktima bultzatu egiten da kontuan har dezala jokabide erasokor onartezinak jasan dituela edo jasaten ari dela lehen fasean, egoera lehen saioan zuzenean konpontzen saia dadila eta, modu estraofizialean, behar den pertsonarekin edo taldearekin. Horretarako, informazioa eta aholkuak bilatzeko, honako hauengana jo dezake:

–Udaleko edozein ataletan hierarkian gorago dagoena.

–Prebentzio Zerbitzua.

–Ordezkari sindikala.

2. Beste aldearekin egon behar duenean, biktimak eskatzen duen edozein izaten ahal du laguntzaile, eta biktimak hala eskatuz gero, hura saiatuko da konponbidea errazten adiskidetze eta bitartekaritza baliatuz. Egoera maila honetan konpontzeko ahalegin guztiak lehenbailehen egin beharko dira, salaketa jakinarazi ondoren.

3. Aldeetako baten ustez, proposatzen den konponbidea bidezkoa ez bada, beharrik gabe luzatzen bada edo arrakastarik izan ez badu, kudeaketaren bigarren mailari heltzen ahal dio Ikerketa Batzordera joz, kasua azter dezan.

4. Kudeaketaren lehen maila honetan, 10 egun baliodunekoa da konponbidearen epea, salaketa aurkezten denetik.

5. Udalak ez du inolako erregistro berariazkorik izanen kudeaketa maila honi buruz, Prebentzio Zerbitzuko kideren batek esku hartzen duenean izan ezik, orduan zerbitzu horren erregistroan artxibatuko baita dokumentazioa, indarra duen legeriaren arabera (konfidentzialtasuna).

3.3.2.2. Konponbidea, Ikerketa Batzordearen bitartez:

Ikerketa Batzordera zuzenean jo daiteke, edo alderdietako batek uste duenean lehen mailako konponketa ez dela egokia edo ez dela gauzatu.

–Uste dutenek jokabide erasokor onartezinak pairatu dituztela edo pairatzen ari direla egoera hori konpon dezakete Ikerketa Batzordeko edozein kiderengana joz, zuzenean nahiz ordezkaritza sindikalaren bitartez. Aukera horri lehendabizikoan hel dakioke edo iritzi denean ez dela egokia aurreneko kudeaketa maila erabiltzea edo ados ez dagoenean emaitzarekin.

–Salaketak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, gehienez, salaketa ekarri duen gorabehera edo gorabeherak gertatu z(ir)enetik, edo jokabide iraunkorra bada, hiru hilabetekoa, jokabide horrek pertsona ukitu zuen azken alditik. Prozedura horri heldu nahi izatera, finkatutako epea beteta egonda ere, idatzizko eskaera bat igorri behar zaio Segurtasun eta Osasun Batzordeari. Hori presaz bilduko da eta erabakiko du ea aztertu behar den kexa.

Ikerketa Batzordea lau pertsonak osatuko dute. Udaleko ordezkari bat, prebentzio ordezkari bat, erakunde sindikalek izendatua, Prebentzio Zerbitzuaren ordezkari bat, idazkari lanetan arituko dena, eta teknikari independente bat, enpresaren eta alderdi sozialen ordezkariek adostua. Teknikari hori Prebentzio Zerbitzuko profesionala izan daiteke, edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoa.

–Ikerketa Batzordeko kideren batek esku hartzeko eskaera bat jasotzen duenean, gainerakoak jarriko ditu martxan eta teknikariak jakinaraziko dio ukitutakoari zein diren protokolo honen edukia eta faseak. Horrek protokoloa onartzeko agiria sinatu beharko du, prozesuan bete beharreko jarduketei oniritzia emateko, kasua aztertu eta kudeatzeko. Orobat, Ikerketa Batzordea osatzen dutenen izenak jakinaraziko zaizkio, edozein jarduketa hasi baino lehen.

–Ikerketa Batzordeko kideek uko egin diezaiokete kasu bat ikertzeari ondoko bateraezintasunengatik: gradu hurbileko senitartekoa izatea edo ageriko adiskidetasuna edo etsaitasuna edukitzea auziko alderdiren batekin.

–Biktimak edo ustezko erasotzaileak behin bakarrik arbuiatu dezakete edozein batzordekide, idatziz eta arrazoituz, aurreko paragrafoetan zehaztutako zioak direla-eta. Arbuiatze hori Udal honetako Segurtasun eta Osasun Batzordean aztertu eta onetsi behar da. Halakorik ez bada, laneko osasunaren arloko negoziazio organoan ebatziko da alderdien artean (enpresa eta alderdi soziala).

–Ikerketa Batzordeko kide guztiek une oro bermatuko dituzte eskuratuko informazioaren konfidentzialtasuna eta diskriminazio eza.

–21 eguneko epean, Ikerketa Batzordeak kasua sakon aztertuko du, bidezko juzgatzen duen informazio guztia bilduz, bai agirien bitartez bai informazio hori eman dezaketenei elkarrizketak eginez. Alde horretatik, era independentean eta autonomia osoz jardunen dute, eta, horretarako, langile guztiek, agintariak barne, eginkizun hori erraztuko diete.

–Ikerketa Batzordeak txosten bat igorriko dio Segurtasun eta Osasun Batzordeko buruari 30 eguneko epean, salaketa egin zenetik aurrera. Bertan, esku hartzeko proposamen guztiak bilduko dira, hura zuzentzeko edo zehapena egiteko. Proposamen horiek Segurtasun eta Osasun Batzordeari igorriko zaizkio eta horrek, bidezko juzgatzen badu, txostena Zuzendaritzari igorriko dio, erabakitakoa aplika dezan. Zehapen espedientea irekiko da, hala balegokio, eta instrukziogileek behin betikotzat joko dute instrukzio eta ikertze fasea, Ikerketa Batzordearen eta Segurtasun eta Osasun Batzordearen ondorioak bere eginez. Udalak berretsiko du zehapen proposamena.

–Udalak ebazpen bat emanen du idatziz Segurtasun eta Osasun Batzordearen txostena bere eginez, edo argitu beharrekoa argudiatuz. Ebazpena onetsita, ukitutakoei zitazioa eginen die eta ebazpena eta zehapeneko neurriak jakinaraziko dizkie ahoz eta idatziz.

3.4. Lanera etortzea:

Lanera joatearen helburua da arrastoak gutxiagotzea, osasun arazoa diagnostikatu ondoan. Protokolo honetan, maila horretan, osasun arazoaren tratamendurako, lantokiaren egokitasuna eta kasuaren jarraipena hartzen dira kontuan. Banan banako tratamenduaz gainera, lan taldearen arreta ere hartzen da kontuan, talde mailan emozioak ukituta gelditzen baita.

3.4.1. Ukitutakoen tratamendua:

–Osasun arazoak izan dituzten ukitutakoak mutualitatera edo osasun zerbitzu publikora eramanen dituzte, kontingentzia profesionalak nork kudeatzen dituen, hartara, hura artatu dezaten osasunaren eta psikologiaren aldetik. Halaber, osasun erakunde horri eskatuko zaio biktimaren familia ingurunea artatzea egokia den baloratzeko.

–Bereziki sentikortzat joko dira eta haien lantokia osasun baldintzetara egokituko da. Prebentzio Zerbitzuak (Osasun zaintza) ukitutakoaren osasunaren jarraipena eginen du, eta dagokion agintaritza maila arduratuko da Prebentzio Zerbitzuak gomendatutako lan baldintzak mantentzeaz.

–Aldi baterako ezintasun bat bada, osasun egoera baloratu beharko da lanera itzultzean, lan baldintzak egokitzeko asmoz, hala behar bada.

–Prozedura hori aplikatzeko kasuen arabera, ez da baztertzen biktimaren salaketa penala edo zibila. Horretarako, Udalak aholkularitza eta babes judiziala eskainiko ditu, eta biktimak hura onartu edo ukatzen ahal du.

3.4.2. Lan taldea artatzea:

Lan taldea artatuko da kontuan izanda noraino dauden ukiturik eta nolako baliabideak dauden eskura. Prebentzio Zerbitzuan kasua aztertu duenak eginen du balorazio hori.

3.5. Bermeak:

1. Udalak langile guztiei bermatuko die protokolo honen prozedurei heltzeko eskubidea, eta ziurtatuko da ez dutela larderiarik, bidegabeko traturik, diskriminaziorik edo errepresaliarik jasaten. Babes hori aplikatuko zaie, halaber, kasu bat ikertzean informazioa ematen dutenei edo protokolo honen edozein prozeduratan parte hartzen dutenei.

2. Protokolo hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erabiltzean bermatuko da parte hartzen duten guztien intimitaterako eskubidea.

3. Protokolo honekin, Udalak konpromisoa hartzen du kasua ebatzi arte eramateko, kasu guztietan datuen konfidentzialtasuna bermatuz eta haiek ez direla erabiliko agiri honetan ezarritako beste helburu batzuetarako ziurtatuz.

4.–Protokoloaren ebaluazioa:

Prebentzio Zerbitzuak eta Giza Baliabideek jarduketen emaitzen ebaluazioa eta protokolo honen berrikuspena eginen dute eta gero Segurtasun eta Osasun Batzordeari aurkeztuko, funtzionamenduan hasi eta 2 urtera, edo lehenago, aplikazioaren emaitzek hala iradokiz gero.

Zizur Nagusian, 2013ko ekainaren 20an.

Iragarkiaren kodea: F1314484