Iragarkia
220. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2013ko urriaren 17koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Trelleborg Inepsa, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Iruñeko Trelleborg Inepsa, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31004302011981) aztertu da, Erregistro honetan 2013ko uztailaren 29an sartu zena, eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko uztailaren 24an izenpetu eta 2013ko urriaren 16an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2013ko urriaren 17an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
Trelleborg Inepsa, S.A.ren hitzarmen kolektiboa
1.–Xedapen orokorrak.
1.1. Alderdiak zehaztea.
Alde batetik Trelleborg Inepsa, S.A. enpresako zuzendaritzak eta bestetik langileen ordezkariek egin dute hitzarmen hau.
1.2. Aplikazio eremua.
Negoziazioko bi aldeek erabaki dute hitzarmen hau Trelleborg Inepsa, S.A.ko langileei aplikatuko zaiela enpresak Iruñean duen lantoki bakarrean.
1.3. Salaketa.
Hitzarmen kolektibo hau 2013ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean eta 2015eko abenduaren 31ra arte izanen du indarra. Alderdi ekonomikoak aplikatzeari dagokionez, puntu zehatz bakoitzean xedatutakoari jarraituko zaio. Indarraldia amaitzen zaionean hitzarmena salatutzat joko da. Hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
1.4. Bideragarritasun Plana.
Enpresaren egoera eta bideragarritasun plana erakundeetatik jaso daitezkeen azterlan edo proposamenetan oinarrituko dira. Enpresak lehentasunez Iruña aldean gelditzeko konpromisoa hartu du.
1.5. Konkurrentziari buruzko arauak.
Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusi gabeko orotan, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio. Halaber, Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorra aplikatuko da araudi osagarri gisa. Bi hitzarmenen konkurrentzia legean edo hitzarmenetan beretan ezarritakoaren arabera arautuko da.
1.6. Hitzarmenetik kanpo daudenak.
Zuzendaritza taldeko kideei ez zaie hitzarmena aplikatuko. Haien lan harremanak banakako akordioen eta enpresako kudeaketa-sistemen bidez arautuko dira.
1.7. Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, haien osotasunean hartuko dira.
2.–Ordezkaritza, parte-hartzea eta informazioa.
2.1. Ordezkaritza.
Langileen ordezkaritza, legez xedatutakoaren arabera, enpresa batzordeari dagokio, eta batzorde horrek legean ematen zaizkion ahalmenak izanen ditu.
Enpresa batzordea 15 egunean behin bilduko da, asteazkenez, 16:30ean. Edozein kidek aparteko bilera egiteko eskatzen ahalko du, betiere nahikoa denbora lehenago. Bilera horietan ematen den denbora ordu sindikaletan sartuko da ondorio guztietarako.
Enpresa batzordea hilero zuzendaritzarekin bilduko da. Aurretik bi aldeek gai zerrenda jarri beharko dute.
Hileroko bilera arruntetan eta enpresak deituta egiten diren bileretan ematen den denbora benetako lan denboratzat hartuko da.
Ordu sindikalak urtez urte kontatuko dira eta urte osoan modu irregularrean banatzen ahalko dira. Sindikatu bakoitzak enpresa batzordean dituen kideen kopuruaren araberako proportzioan eginen da banaketa.
Kreditu sindikala (langileen ordezkarien orduak) erabili aurretik abisatu egin beharko da.
Lanorduetan egiten diren bileretara joateko, langileek hiruhilekoan ordu bat izanen dute, metaezina. Ordu hori hartuz gero, langileak bilerara joan beharko du. Aparteko arrazoiengatik soilik, zilegi izanen da hiruhilekoan bilera bat baino gehiago egitea, aurretiaz zuzendaritzari jakinarazita.
2.2. Parte-hartzea.
Langileek enpresan parte har dezaten, enpresa batzordearen ahalmenak ukatu gabe, honako organoak ezarri dira:
2.2.1. Laneko segurtasun eta osasun batzordea.
2.2.2. Antolamendua eta Produktibitatea Hobetzeko Batzordea.
Antolamendua eta Produktibitatea Hobetzeko Batzordea enpresa batzordeko hiru kidek, lantegiko zuzendariak eta zuzendaritzako beste bi kidek osatuko dute. Beste pertsona batzuk batzordearen bileretara joaten ahalko dira, aztergaiaren arabera.
Organo horrek bermatu egin behar du enpresan benetako produktibitate-politika aplikatzeko baldintzak betetzen direla, irizpide tekniko hutsen eta kalitate-irizpideen aplikazioan oinarritutako politika, alegia, eta enpresa gara dadin antolamenduan egin behar diren hobekuntzak aztertuko ditu, langileen iradokizunak bideratuta.
Enpresaren produktibitate-politika bat etorriko da segurtasun eta osasun arloan indarra duen legeriarekin.
Hauek dira batzordearen eginkizunak eta eskumenak:
–Barneko hautaketa prozesuen jarraipena egitea.
–Bi hilean behin gutxienez bilera egitea, langileen ordezkariek etengabeko hobekuntzarekin zerikusia duten gaietan parte hartzeko, antolamenduaren inguruko arazoak aztertzeko, eta plantillako langileen iradokizunak eta arazoak bideratzeko (alderdi tekniko eta antolamenduzkoei dagozkienak soilik), langileen ordezkarien bitartez. Alde horretatik, batzordeak langileen iradokizunen jarraipenerako plana egonen dela bermatuko du.
–Lanaren antolamendua ezertan aldatu aurretik enpresak egin behar dion jakinarazpena jasotzea.
Batzorde honek ez du enpresa batzordea ordeztuko haren eginkizunetan. Batzorde honetan langileek dituzten ordezkariek beren erabakiak enpresa batzordearen esku uzten ahalko dituzte behar bezain garrantzitsuak diren gaietan.
2.3. Informazioa.
Enpresako zuzendaritzak hiru hilean behin informazioa emanen du bere sektore ekonomikoaren bilakaera orokorraz, entitatearen negozioen nondik norakoaz eta ekoizpenaren zein salmenten egoeraz, bere ekoizpen programaz eta enpresan enpleguak ustez izanen duen bilakaeraz.
Gainera, urtero enpresa batzordeari erakutsiko dizkio balantzea, emaitzen kontua, memoria, eta, enpresa akzio edo partaidetza bidezko sozietatea baldin bada, bazkideei ematen zaizkien agiri guztiak.
Hauek ere enpresa batzordeari jakinarazi behar zaizkio:
–Kontratuak ez berritzea eta horren arrazoiak, ukitutako langileari baino lehenago.
–Kaleratzeak.
–Zehapenak.
–Eta langileen kalterako den edozer.
3.–Lanbide sailkapena.
3.1. Enpresako lanbide kategoriak ondoko irizpideen arabera esleituko dira:
Zuzeneko laneskua.
–Lehen mailako profesionalak: nahasketa lanetan eta estrusio makinan gutxienez sei hilabete daramatzaten langileak, edo termoplastikoaren atalean doikuntzak egiteko kualifikaturiko langileak, lan horretan gutxienez sei hilabete badaramatzate. Injekzioaren eta kautxuaren ataleko koordinatzaile izendatzen dituztenak ere kategoria honetara igaroko dira, baina eginkizun horretan sei hilabetez aritu beharko dute kategoria behin betiko finkatzeko.
Bigarren mailako profesionalak ere kategoria honetan sartuko dira, enpresan lau urteko antzinatasuna izanez gero.
–Bigarren mailako profesionalak: prentsetan (konpresioa eta injekzioa) eta termoplastikoaren atalean gutxienez sei hilabete daramatzaten langileak. Auditoriako langileak, eta kontrolean, biltegian, materialen garraioan, akaberetan edo zehaztu gabeko beste lan batzuetan ari direnak.
–Bigarren mailako peoiak: enpresan sartu berriak diren langileak, sei hilabeteko antzinatasuna izan arte.
Zeharkako laneskua.
–Arduraduna: atal oso bateko (konpresioa, injekzioa, nahasketak, termoplastikoa) produkzio-txanda batean produkzioaren emaitzen eta kalitatearen ardura duena eta langileria kudeatu, zereginak esleitu eta arazo tekniko edo antolamenduzkoak konpontzen dituena. Barne-igoeraren bidez eginkizun horietan hasten diren langileek sei hilabeteren buruan berrespena lortu beharko dute kategoria behin betiko eskuratzeko. Bestela, lehengo eginkizunetara eta lehengo kategoriara itzuliko dira.
–Lehen mailako ofiziala: moldeak aldatu eta garbitzen dituzten langileak eta mantentze lanetako langileak, argiketari, mekanikari edo moldeen konpontzaile/doitzaile lanetan gutxienez sei hilabete badaramatzate etengabe edo tarteka eta lana ongi egiten badute. Lan horietan tarteka aritzen direnentzat, gehieneko epea urtebetekoa izanen da.
–Bigarren mailako ofiziala: mantentze-lanetan eta moldeak aldatzen eta garbitzen hasi berriak diren langileak. Eginkizun horietan hasten diren langileek sei hilabeteren buruan berrespena lortu beharko dute kategoria behin betiko eskuratzeko. Bestela, lehengo eginkizunetara eta lehengo kategoriara itzuliko dira. Lehengo kategoriako eginkizunetan tarteka aritu direnentzat, gehieneko epea urtebetekoa izanen da.
–Bigarren mailako teknikariak: laborategiko langileak, kalitate departamentuko teknikariak, eta kontrol lanak, saiakuntzak eta dokumentazio teknikoa egiten dituzten langileak.
–Teknikaria: berariazko kualifikazioa duten langileak, azpiatalen ardura dutenak, beste langile batzuk beren mende dituztenak edo produktu zein prozesuen gaineko ardura kualifikatua dutenak.
–Administrari laguntzailea: administrazioko langileak, datuak prozesatu eta departamentuei administrazio lanetan laguntzen dietenak.
–Administrari-ofiziala: kudeaketarako administrazio agiriak prestatzeko lanak egiten dituzten langileak.
Departamentuburuak eta zuzendaritzako kideak hitzarmenaren aplikazio eremutik kanpo daude eta enpresak esleitzen dien kategoria izanen dute.
Hitzarmen honek indarra hartu arte enpresan izan diren kategorietako batzuk ez dira ageri goiko zerrendan. Kategoria horiek mantendu eginen dira haietan sartutako langileek enpresako plantillan dirauten bitartean. Hitzarmen hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, goiko zerrendako kategoriak baino ez dira aplikatuko.
–Jaiegunetako txandako koordinatzaileak: jaiegunetako txandan kautxu ataleko koordinatzaile izendatzen dituzten langileek tauletan ageri den kopurua kobratuko dute hilean, lanpostuko osagarri gisa.
Koordinatzaileak lehen mailako profesionalaren lanbide kategoriara igaroko dira, eginkizun hori benetan betetzen 60 egun egin eta gero (hau da, koordinatzaile lanetan 480 ordu egin eta gero), eta betiere, koordinatzaile izendatzen dituztenetik urtebetera. (Koordinatzaileentzako prestakuntza amaitzen den egunetik hasiko da kontatzen, ulertuko baita prestakuntza aldian langileak ezin dituela koordinatzaile lanak bakarka egin. Bakarka egiten baditu, horretan hasten den egunetik aurrera kontatuko da epea).
Hilean 8 egun baino gehiago ematen badituzte koordinatzaile lanetan, 8tik gorako egun bakoitzeko tauletan zehazten den kopurua jasoko dute, arduraduna ordezteko plus gisa.
Koordinatzaile izendatu dituztelako lehen mailako profesionalaren kategorian sartzen diren langileek hurrengo 2 urteetan ezin izanen dute erabili astelehenetik ostiralera bitarteko txandara pasatzeko eskubidea.
Eskubidea erabiltzea aukeratzen badute, lehen mailako profesionalaren kategoria galduko dute eta lanbide kategoriak eskuratzeko arau orokorrak aplikatuko zaizkie, plantillako gainerako langileei bezala.
Jaiegunetako txandan kautxu ataleko koordinatzaile izendatutako langileek ezin izanen diote uko egin koordinatzaile lanari hurrengo 2 urteetan.
Eginkizunari uko egitearekin batera lanbide kategoriari ere uko eginen zaio eta hura eskuratzeko arau orokorrak aplikatuko dira.
Lanpostuan finkatzeari dagokionez, hitzarmen kolektiboan xedatutakoari jarraituko zaio eta epea 6 hilabetekoa izanen da.
Lehenago ere lanpostuan egon diren langileak kontratatzea:
Inepsan sartu aurreko urte eta erdiko epearen barnean lanpostu berean zuzeneko lanesku gisa aritutako langileak kontratatzen direnean, alde egiterakoan zuten kategorian sartuko dira.
3.2. Eginkizun jakinak betetzen ematen den denboraren ondorioz aurreko artikuluan aurreikusten diren talde aldaketak izan ezik, beste guztiak lanbide sustapentzat hartuko dira.
Enpresak nahi dituen pertsonak izendatuko ditu departamentuburu eta zuzendari lanpostuetarako, aginte edo konfiantzazko lanpostuak direlako.
Gainerako langileen lanbide sustapenerako, enpresak oposizio-lehiaketa antolatuko du.
Lehiaketan ondokoak hartuko dira kontuan:
–Titulazio egokia.
–Balorazio akademikoa.
–Lana ezagutzea.
–Lanbide historiala.
–Goragoko lanbide taldeko eginkizunetan aritua izatea, tarteka bada ere.
Oposizioan, berriz, enpresak ezartzen dituen proba objektiboak gainditu beharko dira.
Oposizio-lehiaketako puntuazio ponderatuetatik azken emaitza aterako da eta berak zehaztuko du nor den mailaz igo beharreko pertsona.
Lanbide sustapenetan urrats hauek egin behar dira:
3.2.1. Deialdia: lanpostu bat bete behar dela jakinaraziko zaio plantillari. Lanpostuaren deskribapena, izangaiek bete beharreko baldintzak eta puntuazio era zehaztuko dira. Antolaketa Batzordeari horren berri emanen zaio, jakinaren gainean egon dadin. Hortik aurrera, eskabideak aurkezteko epeak lanbide sustapenetan borondatezko lanpostu-uzteak jakinarazteko dauden epe berak izanen dira:
–Bigarren mailako peoia, bigarren mailako profesionala, lehen mailako profesionala: astebete.
–Arduraduna, lehen mailako ofiziala, bigarren mailako ofiziala, bigarren mailako teknikaria, administrari laguntzailea: hamabost egun.
3.2.2. Hautaketa: lanposturako izangaien eskabideak jaso ondoren, bi fasetan ebaluatuko dira:
–Lehenbiziko fasea lehiaketa da, eta haren amaieran izangaien behin betiko zerrenda osatuko da.
–Bigarren fasea oposizioa da. Behin betiko izangaiek proba objektiboak gainditu beharko dituzte.
Antolaketa Batzordeari ebaluazioaren kopia igorriko zaio. Batzorde horrek esku hartzen ez badu, enpresa batzordeak eginen du.
3.2.3. Izendapena: aurreko urratsak beterik, hautaturiko izangaia izendatuko da. Izendapena ez da behin betikoa izanen, sustapena berresteko epea iragan arte. Epe horretan izendatua lanpostuan aritzeko gai dela egiaztatuko da. Epeak ondokoak izanen dira:
–Bigarren mailako profesionala: bi hilabete.
–Lehen mailako profesionala: lau hilabete.
–Arduraduna, lehen mailako ofiziala, bigarren mailako ofiziala, bigarren mailako teknikaria, administrari laguntzailea: sei hilabete.
Denbora hori probalditzat hartuko da; hau da, enpresak izangaiari edo sustapenari berari uko egiten ahalko dio, eta izangaiak lanpostuari uko egiten ahalko dio.
Izendapenetik hasita –izendapen berretsi gabea– 4 hilabete iragan aurretik izangaiak lanpostuari uko egiten badio, sustapen probak gainditu dituzten langileen zerrendara joko da lanpostu hutsa betetzeko. Beste inork gainditu ez baditu, berriz ere sustapen deialdia eginen da.
3.2.4. Lanaren balorazioa: behin betiko izendapena egin aurretik, enpresak izangaiaren lanaren balorazioa eginen du. Izangaiak balorazio positiboa lortu beharko du. Batzordeak balorazio horren berri jasoko du.
3.2.5. Edozein fasetan ikusten bada enpresan ez dagoela eskatutako kualifikazioa duen langilerik, Antolaketa Batzordeari jakinaraziko zaio. Batzorde horrekin batera erabakiko da zer den bidezkoa, barne prozesua berrikustea edo lanpostu hutsa betetzeko hautapena enpresatik kanpo egitea.
4.–Lan denbora.
4.1. Urteko lanaldia
2013., 2014. eta 2015. urteetarako, urteko lanaldia benetan lan egindako 1.720 ordukoa izanen da, 6. eranskinean ezarritakoarekin bat.
Eguneko lanaldia zortzi ordukoa izanen da. Horren barnean hamabost minutuko atsedenaldi ordaindua sartuko da, benetan lan egindako denboratzat joko dena. Zortzi orduko lanaldi jarraitua duten langileek soilik izanen dute eskubidea ogitartekorako atsedenaldia hartzeko. Hona hemen atsedenaldi horren ordutegia:
–Goizeko txanda: 09:50.
–Arratsaldeko txanda: 17:50.
–Gaueko txanda: 01:50.
Txandak egin ohi diren ataletan, ondoko tarte hauetan hartuko da atsedenaldia:
–Goizeko txanda: 9:00etatik 10:00etara.
–Arratsaldeko txanda: 17:30etik 18:30era.
–Gaueko txanda: 1:30etik 2:30era.
Ogitarterako atsedena hartzeko, nahitaez joan beharko da horretarako atondutako guneetara. Enpresaren ardura izanen da gune horiek erabiltzeko modu egokian edukitzea.
4.2. Lan egutegia.
Enpresako lan egutegia urtea hasi baino lehen ezarriko da, zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko akordioaren bidez. Akordiorik ezean, indarra duen legerian ezarritakoari jarraituko zaio.
4.3. Lan txandak.
Lana goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan antolatuko da, oro har, produkzioan eta produkzioari lotutako eginkizunetan ari diren langileentzat. Hiru txandako araubidetik bi txandako edo bestelako araubidera igarotzen direnek ez dute horregatik eskuratuko baldintza hoberik, alegia, hiru txandako araubidera itzultzeko ezintasunik.
Kautxu ataleko langileek lan ordutegi hauek izanen dituzte: 6:00 - 14:00, 14:00 - 22:00 eta 22:00 - 6:00.
Lanaldi jarraitua onartua duten langileek 7:00etatik 15:00etara arteko ordutegia izanen dute.
Lanaldi zatitua duten bulegoei (ez kautxua ekoizteko departamentuan eta TPE ekoizteko departamentuan) dagokienez, txanda zatituaren ordutegiak ondoko salbuespenak izanen ditu.
1.–Ekainaren 1etik irailaren 30era bitarteko ostiralak: 07:00 - 15:00.
TPE ekoizteko eta kautxua ekoizteko departamentuetako langileak: aurreko ordutegia izateko, beharrezkoa izanen da:
–Departamentuko zerbitzuak eginen direla bermatzen duen egutegia prestatzea.
–Zuzendaritzari aurkeztea, bideragarria den azter dezan, eta maiatzaren 15a baino lehen onestea.
–Akordiorik ezean, lanaldi zatitua egiten jarraituko da.
Egiten diren negoziazioen berri emanen zaio enpresa batzordeari.
2. Urteko gainerako ostiralak: 07:30-13:30 eta 15:00-17:00.
Laugarren txandako lan araubidean kontratatuek ez dute gaindituko urtean benetan egin beharreko lanordu kopurua eta indarra duen legedian ezarritako asteko atsedenaldia izanen dute.
Hitzarmen honek errespetatu egiten ditu idatzizko itunak, urteko ostiral guztietan, jai bezperetan eta ekainaren 1etik irailaren 30era arteko lanegun guztietan lanaldi jarraitua izateari dagokionez.
4.4. Oporrak.
Urteko oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira. Egutegia egiterakoan behar diren egokitzapenak eginen dira, urteko lanaldia bete dadin. Ordainsariei dagokienez, 22 laneguneko plusak ordainduko dira. Laugarren txandan bezala, egutegian berariaz ez badaude ezarrita 22 opor egunak, urtean zehar bestelako zehaztapenik gabe hartzen direnak atsedenaldien eta soberakinen artean, kasuan kasuko plusez gain, berariaz hitzartzen da kolektiboko langile guztiek gaueko txandaren heren bat kobratuko dutela egun horietako bakoitzeko. Izan ere, langile horiek 15-18 opor egun zehaztuta dituzte egutegian, eta ezin da jakin zein diren gainerakoak edota zein txandatan egin den lan.
Produkzioan eta horri lotutako eginkizunetan ari diren langileek egutegian ezarritako txandetako batean hartzen ahalko dituzte oporrak:
–Sanferminetako astea eta hiru aste abuztuan.
–Edo uztail osoa.
–Edo abuztu osoa.
Uztailean eta abuztuan astelehenetik ostiralera bitartean lan eginen da, hitzarmen honetan itundutako salbuespenekin.
Nolanahi ere, oporrak beste egun batzuetan hartzeko banakako akordioa egiten ahalko dute langileak eta produkzio arduradunak. Gutxieneko produkzio zerbitzuak bermatu beharra dela-eta banakako eskaera guztiak betetzerik ez dagoenean, antzinatasun irizpideak hartuko dira kontuan, ordezko egunak hartzeko aukerari buruz salbuespenez erabakitzeko.
Langile askok oporretako txanda bera aukeratu eta udan lanean jarraitzeko geratzen diren langileak behar adina ez badira, enpresak berriz planteatzen ahalko du oporren esleipena eta enpresa batzordearekin beste irizpide bat adosten ahalko du oporrak esleitzeko. Adostasunik ezean, gutxieneko produkzio beharrak bermatuko dira eta horixe izanen da muga bakarra.
Oporrak bi zatitan banatuko dira gehienez.
Laborategiko, logistikako eta mantentze-lanetako langileek, teknikariek eta administrariek hierarkiako goragokoekin adostuko dituzte beren oporraldiak, enpresaren jarduerak sortzen dituen beharren arabera. Adostasunik ezean enpresako egutegia aplikatuko da.
Apirilaren 30erako enpresako langile guztien oporrek finkatuta egon beharko dute.
Betiere, enpresan lan egiten duten ezkontideek oporrak batera hartzeko eskubidea izanen dute.
Oporrak esleituta dituen langile bati aldi baterako ezintasuna suertatzen bazaio lan istripuaren edo istripu oso larriaren ondorioz, edo oporraldia hasterakoan 21 egun baino gehiago badaramatza egoera horretan, urte naturalaren barnean oporrak beste egun batzuetan hartzeko eskubidea izanen du. Beste horrenbeste gertatuko da, oporraldiak hasterakoan amatasun, adopzio edo harreragatiko baja egoeran badago.
4.5. Aparteko orduak.
Urteko lanorduez gainera egiten direnak hartuko dira aparteko ordutzat. Enpresak urteko aparteko orduen kopurua enpresa batzordearekin negoziatzen ahalko du, eta hitzarmenean atalez atal ezarritako gehieneko kopuruak gainditzen ahalko dira:
–Konpresioa/Injekzioa: 160 ordu hilean.
–Mantentze-lana: 96 euro hiruhilekoan.
Edozein gorabehera enpresa batzordeari jakinaraziko zaio, unean uneko produkzio premiak bete daitezen justifikatzeko.
Aparteko orduen ordainez dirua kobratu edo denbora eskatu daiteke. Azken kasu horretan, kobratzen den diruaren proportziozko denbora hartuko da.
4.6. Prestasuna.
Mantentze-lanen atalean egiten diren aparteko orduen kopurua ahalik gehien murrizteko, atal horretako langileen prestasunaren egutegia ezarriko da. Asteburu bakoitzean langileetako batzuk laneratzeko prest egonen dira, bilagailuaren edo antzeko beste sistema baten bidez deitzen badituzte. Prestasun aldian langileak Inepsan agertu beharko du, deia jaso eta 60 minutu iragan baino lehen. Lantegira iritsitakoan benetan egiten duen lan denboragatik aparteko orduak ordainduko zaizkio, gutxienez bi ordu betiere. Gainera, prest egote hutsagatik berariazko plusa ordainduko da.
Zerbitzuaren maiztasuna eta jarraipena Antolaketa Batzordean negoziatuko dira. Sistema hori erabili ahal izateko beharrezkoa izanen da ukituekin akordioa egitea; gainera, akordioa noiz arte egonen den indarrean zehaztu beharko da.
Nahasketen atalean aparteko orduak denbora luzez eta aldiro-aldiro egin beharko direla aurreikusiz gero, bigarren produkzio txanda antolatuko da, gutxieneko produktibitate mailari eusteko.
4.7. Kontratazioa.
Azpikontratazioaren arloan 2001eko ekainetik indarrean dagoen akordioa aplikatuko da.
Ezintasunaren ondorioz lanpostua uzten duten langileen ordez behin-behinekoak hartuko dira eta kontratu mugagabea eginen zaie.
Bi hilean behin gutxienez bilera eginen da kontratazio gaiez arduratzen diren batzordekideekin, kontratatu berrien egoerari buruzko informazioa emateko (kalitatea, produkzioa, portaera eta abar).
Enpresan inork ez du aldi baterako kontratuarekin bi urte eta erdi baino gehiago lan eginen, epe hori iraganez gero lan-harremana mugagabea izanen baita, eszedentzian dauden langileak ordezteko bitartekotasun-kontratuetan izan ezik; horiek epe horren buruan kontratu mugagabe bilakatuko dira, baldin eta eszedentzian dagoen langilea ez bada itzultzen. Eszedentzian dagoen langileak lanpostuari uko egiten badio edo isiltasun administratiboagatik zein beste edozein arrazoirengatik galtzen badu, bitartekotasun-kontratua besterik gabe mugagabe bilakatuko da. Eszedentzian dagoen langilea itzultzen bada, bitartekotasun-kontratua amaitu eginen da, ordezko langileak enpresan bi urte eta erdi baino gehiago egin baditu ere.
Bitartekotasun-kontratuak: ordezkoaren baldintzak (lanaldia eta lanpostua) langile ordeztuarenak edo ordeztuaren lanpostua betetzen duen hirugarren langilearenak berak izanen dira.
Obra edo zerbitzu jakin baten kontratua: Batzordeari kontratuaren arrazoiak eta iraupena jakinaraziko zaizkio, bai eta kontratu mota hori egitea justifikatzen duten zereginak ere.
Aldi baterako kontratua, produkzioaren inguruabarrengatik: Batzordeari gehieneko iraupena eta inguruabarrak jakinaraziko zaizkio.
Aldi baterako laneko enpresak: erabiltzen ahalko dira, baina langileak eskaintzeko kontratuak gehienez bi hilabete iraunen du jarraian, eta aldi berean gehienez 15 pertsona hartzen ahalko dira. Muga horiek gainditzeko negoziazioak egiten ahalko dira kasuz kasu enpresa batzordearekin.
Zuzendaritzak langile horiei buruzko oinarrizko informazioa emanen du, laneratzen direnean.
4.8. Lanpostu hutsak.
Produkziorako baliabideak gehitzearren enpresak makina berriak instalatzen dituenean lehengoak kendu gabe, ulertuko da lanpostu huts bat dagoela instalatutako makina berri bakoitzeko. Hau da, kautxuaren prentsa berri bat instalatzen bada, lanpostu huts bat dagoela ulertuko da.
Lanpostu hutsak daudenean honela jokatuko da:
Astelehenetik ostiralera bitarteko txandako lanpostu hutsak laugarren txandako edota asteburuetako langileek beteko dituzte, nahi badute. Antzinatasun ordenari jarraituko zaio. Antzinatasuna txandan egindako lanegunen kopurua izanen da. Inork ez badu lanpostua bete nahi, enpresak kanpoan eginen du kontratazioa.
Laugarren txandak benetako antzinatasuna sortzen du eta asteburuetako txandak urteko lanaldiaren koefiziente murriztailearen pareko antzinatasuna sortzen du.
Astelehenetik ostiralera bitarteko txandan edo laugarren txandan lanpostua hutsik utzi duen pertsona lanpostura itzultzen bada, lanpostu huts bat betetzera etorri den azken langilea bere lehengo txandara itzuliko da.
Lanpostu hutsek ezaugarri desberdinak dituztenean (behin betiko bete beharreko lanpostu hutsak eta aldi baterako bete beharreko lanpostu hutsak), antzinatasunak (goian esandako moduan ulertuta), lanpostu hutsak betetzeko ordena zehaztu ez ezik, lehentasuna eman ere eginen du, behin betiko bete behar diren lanpostuak aukeratu ahal izateko.
Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:
–Antzinatasunaren araberako zerrenda eginen da.
–Lanpostu hutsak beteko dira antzinatasunaren araberako ordenan.
–Norbaitek uko egiten badio astelehenetik ostiralera bitarteko txandara edo laugarren txandara aldatzeari, zerrendan hurren dagoena aldatuko da. Uko egin duenak zerrendan duen lekuari eutsiko dio.
–Beste lanpostu huts bat bete behar denean berriro helduko zaio zerrendari ordena aldatu gabe.
4.9. Erretiro partziala.
Enpresak erretiro partziala emanen die legean ezarritako baldintzak bete eta erretiro partziala hartu nahi duten langile guztiei. Lanaldi murrizketaren portzentajea eta lanaldiaren banaketa enpresarekin adostu beharko dira. Ahal dela jarraian eginen da. 60 urte betetzen dituzten langileek jarraian eginen dute lehenbiziko urteko gainerakoari dagokion lanaldia, aldeek besterik adostu ezean.
Hitzarmen hau sinatzean Inepsan dauden txanda-kontratuen iraupena amaitzen denean, enpresak mugagabe bilakatuko du txanda-langilearen kontratua.
2011tik aurrera egin diren kontratuak ez dira nahitaez mugagabe bilakatuko.
Erretiro partzial aurreratuari buruzko arauzko eta erregelamenduzko aldaketak aztertuko dira.
5.–Baimenak.
5.1. Baimen ordainduak:
a) Langilearen ezkontza: 15 egun natural.
b) Seme edo alaba baten jaiotza: jaio ondoko lehenbiziko 3 lanegunak. Ama edo haurra gaixorik egonez gero baimen horri 2 egun gehituko zaizkio; baina ez lehenbiziko hiru egunak igarotakoan erietxean gelditze hutsagatik.
c) Langilearen anai-arreben, aiton-amonen edo iloben edo ezkontidearen aiton-amonen heriotzagatik: 2 lanegun.
d) Guraso, aita-amaginarreba edo seme-alaben heriotzagatik: 3 lanegun.
e) Ezkontidearen heriotzagatik: 5 lanegun. Langileak bere kargura hamalau urtetik beherako seme-alabarik badu, beste lanegun bat gehituko da.
f) Bigarren gradurainoko odol edo ezkontza bidezko ahaideen eritasun larri edo ospitaleratze egiaztatuagatik: 2 egun natural ospitaleratze egunetik hasita. Ahaidea ospitalean dagoen bitartean langileak nahi duenean hartzen ahalko ditu bi egun horiek eta ez ditu biak segidan hartu beharko.
Anai-arreben koinatu-koinatak ez dira bigarren graduko ezkontza bidezko ahaidetzat hartuko.
Seme-alabaren jaiotzaren ondoriozko eritasun larria edo ospitaleratzea ez da puntu honetan sartzen, artikulu honetako b) puntuan sartuta dagoelako.
Ospitaleko egonaldia 4 astetik gorakoa denean baimenari bi lanegun gehituko zaizkio.
g) Ohiko bizilekuz aldatzeko: lanegun bat, aldaketaren eguna bera –aldaira enpresa erabiltzen bada– edo bestela erroldatze eguna baino hiru egun lehenago edo hiru egun geroago. (Interpretazioaren inguruko zalantzarik izanez gero, begiratu hitzarmena interpretatzeko batzorde paritarioaren 2004ko irailaren 28ko aktan, artikulu honen osagarri gisa indarra izanen baitu).
h) Langilearen guraso, seme-alaba edo anai-arreben edo langilearen ezkontidearen anai-arreben ezkontzagatik: egun bat, ezkontzaren eguna bera. Lan egutegiaren arabera larunbat edo igandeetan lan egin behar dutenek, ezkontza larunbat edo igandez egiten bada, aurreko edo ondoko eguna hartzen ahalko dute, aurretiaz abisatuta.
i) Langilearen koinatu-koinaten heriotzagatik: 2 lanegun.
j) Saihestu ezin daitekeen betebehar publikoa betetzeko behar den denbora. Adibidez, prozesu judizial edo administratiboetan deklaratzeko, ofiziozko epaileak deiturik edo alde batek eskaturik; zitaziopeko agerraldi administratibo saihestezinetarako edo botoa emateko.
k) Azterketetara joateko behar den denbora, langilea titulu akademiko edo lanbide titulu ofizialen bat lortzeko ikasten ari bada. Betiere frogatu egin beharko da azterketa egin dela.
l) Behar den denbora, ondoko kasu hauetan:
–Medikuntza orokorreko medikuaren kontsultara joateko, Gizarte Segurantzako medikua izan nahiz mediku partikularra izan.
–Gizarte Segurantzako mediku espezialistaren kontsultara joateko (medikuntza orokorreko medikuak aginduta), kontsulta ordua lanekoarekin bat heldu denean; hortaz, langileak aipatutako agindu medikoaren frogagiria aurkeztu beharko dio enpresari.
–Mediku espezialista partikularraren kontsultara joateko. Atal honetatik berariaz baztertzen da dentistaren kontsulta, larrialdiak salbu; larrialdietan langileak dentistaren frogagiria aurkeztu beharko du. Operazio kirurgikoak ere salbuetsita daude, hezur barneko ezarpenak edo larruazalarenak eta langilearen baja dakartenak tartean; ez dira halakotzat hartuko enpaste, ateratze eta antzekoak.
–Lehen mailako ahaideei osasun sistema publikoko medikuaren kontsultara laguntzea, kontsulta ordua langilearen lanaldian izanez gero:
- Gehienez 16 orduko baimen ordaindua urtean.
–Odola ateratzea, odol-ateratzea egiten duena Gizarte Segurantzako espezialista denean, medikuntza orokorreko fakultatiboak eskaturik, baita partikular bat denean ere.
m) Lana eta familiako bizitza ongi uztartzeari buruzko legea.
n) Odol edo ezkontza bidezko lehen graduko ahaideen kirurgia anbulatorioa, osasun sistema publikoan: egun bat, operazioaren eguna bera edo, langileak nahiago badu, aurreko eguna, gauez lan egiten duenean.
Aipatutako baimen guztiei dagokienez, izatezko bikotekideak ezkontideen parekotzat joko dira. Izatezko bikotekideak ezkondu gabe elkarrekin bizi direnak dira. Izatezko bizikidetasuna enpresari frogatu beharko zaio, ezkontza frogatzen den bezala.
Gertaera eragilea sortzen den egunetik hasita emanen dira baimenak. Egun natural bat gehituko zaie gertaera eragileak Iruñetik 100 km-ra baino urrunago direnean, eta beste egun bat Iruñetik 400 km-ra baino urrunago direnean, a), g), j) eta k) kasuetan izan ezik.
Segidako egunak hartuko dira, hala lanegunak nola egun naturalak, f) kasuan izan ezik.
Hartzen diren egunetako soldata osoa kobratuko da, laneratze eta presentzia plusak kenduta.
Kasu guztietan baimenaren arrazoia frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira aldez aurretik. Aldez aurretik aurkezterik ez dagoenean, baimena hasi eta 2 eguneko epearen barnean egin beharko da.
Enpresak ordaindu gabeko baimenak eman beharko dizkie kargu sindikal edo publikoak dituzten langileei.
5.2. Enpresan gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna duten langileek ordaindu gabeko baimenak eskatzen ahalko dituzte. Langile bakoitzak urtean halako hogeita hamar egun eskatzen ahalko ditu gehienez. Salbuespena ekainaren 15etik abuztuaren 31ra arte eskatutakoak izanen dira, horiek gehienez 15 egunekoak izanen baitira. Baimen horiek irauten duten bitartean langileak ez du inolako soldatarik kobratuko. Ordaindu gabeko baimena izateak ez du esan nahi kotizatzeari uzten zaionik.
Baimen horiek gutxienez 5 egunekoak izanen dira eta gutxienez 5 egun lehenago eskatu beharko dira.
Ekainaren 15etik abuztuaren 31ra bitarteko baimenei dagokienez, bigarren mailara arteko ahaideen eritasun larria edo ospitaleratzea egonez gero, maiatzaren 1a baino lehen eskatuko dira.
5.3. Enpresan urtebetetik aurrerako antzinatasuna duten langileek borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute, hilabete eta hiru urte bitartekoa. Egoera horrek irauten duen denbora ez da ezertarako ere kontatuko. Langileak eszedentziarako eskubidea behin baino gehiagotan erabili ahal izateko, azken eszedentziak iraun duen adina itxaron beharko du. Hiru urtetik beherako antzinatasuna duten langileek gehienez 6 hilabeteko eszedentzia hartzen ahalko dute.
Itzulera idatziz eskatu beharko da, borondatezko eszedentzia amaitu baino hilabete lehenago, gutxienez. Epe horretan idazkirik aurkeztu ezean langileak lanpostuari uko egiten diola ulertuko da.
Eszedentzia 3 urteko epea bete arte luzatu ahal izanen da, langileak 3 urtetik gorako antzinatasuna duenean.
Eszedentzia amaiturik, enpresak berriz hartuko du langilea berehala, lehengo baldintza beretan.
Eszedentziak gutxienez 15 egun lehenago eskatuko dira. (Eszedentziak 2. edo 1. mailako ahaide baten ospitaleratzearen edo ebakuntza kirurgikoaren ondoriozkoak badira ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik eskatzea).
2,5 hilabete baino gutxiago irauten duten eszedentziak, ekainaren 15a eta abuztuaren 31 bitartean hasten badira, maiatzaren 1a baino lehen eskatu beharko dira.
5.4. Enpresak hala eskaturik lan egunak edo txandak aldi labur baterako aldatzen direnean (22 egun natural baino gutxiago), benetan egindako lanaren arabera ordainduko da. Aldaketaren ondorioz langilea plusetan galtzen ateratzen bada, aldaketa aldiaren amaieran konpentsazioa emanen zaio. Langilea plusetan irabazten edo galtzen ateratzen den ikusteko, kontuan hartuko da eskatutako aldaketak dirauen aldi osoa. Konpentsazioa hilabetea amaitutakoan emanen da.
Langileak berak aldaketa eskatuz gero, hasierako txandan zegozkion osagarriei uko egiten diela ulertuko da.
Egunak aldi laburretarako aldatu ahal izateko beharrezkoa izanen da langilearen onarpena.
5.5. Langileek urtean bost egun izanen dituzte aurrez abisaturik baimenak lortzeko. Egun horiek hierarkiako arduradunaren jarraibideen arabera berreskuratuko dira, langileari kontsulta egin ondoren. Langileak eskabidean lan egun bat markatuz gero, ez da beharrezkoa izanen berari kontsulta egitea, egun hori esleitzen bazaio errekuperatzeko. Bere egutegi arrunteko edozein egun eskatzen ahalko du. Baimen eguna hartu baino lehen berreskuratzeko eskatzen ahalko du eskabidean.
2 egun langileak nahierara hartzen ahalko ditu, egun berezitzat joko baitira; hortaz, nahikoa izanen da langileak enpresari 16 ordu lehenago abisua ematea.
Beste 3 egun hartzen ahalko dira, enpresari gutxienez 72 ordu (3 egun) lehenago abisatuta. (3 egun). Astelehenetik ostiralera bitarteko egutegia duten langileentzat, eskaera-egunaren eta baimen-egunaren artean asteburua badago, epea 24 ordu luzeagoa izanen da. (ikusi eranskina).
Abisua ezarritako epean ematen ez bada, enpresak baimena ukatzen ahalko du. Halakoetan hierarkiako arduradunaren esku egonen da baimena eman edo ukatzea.
Baimena hartu beharko da eta eguna errekuperatu, baita lan egunak eta errekuperaziokoak aurretik finkatuta dauden kasuetan ere, urtearen amaierarako urteko lanaldia bete dadin. Egunak baldintza hori betetzeko moduan kontatuko dira.
6.–Produkzioa, errendimenduak eta lanaren antolaketa.
6.1. Lanpostu bakoitzean egin beharreko lana enpresako zuzendaritzak zehaztuko du, zuzendaritzarako eta antolaketarako ahalmena erabiliz.
6.2. Irizpide teknikoak, kalitate irizpideak eta segurtasunekoak erabiliko dira langileek produkzioan lortu beharreko errendimenduak zehazteko. Ohiko jardueratzat hartuko da eska daitekeen gutxieneko jarduera, primaz ordaintzen ez dena. Errendimenduak finkatzeko prozesua honakoa izanen da:
1.–Prozesu berria abian jartzen denean, edo prozesu bateko baldintza teknikoak nahiz antolamenduzkoak aldatzen direnean, enpresak antolaketa eta produktibitatea hobetzeko batzordeari jakinaraziko dio aldatutako prozesua eta beste baldintza batzuk aztertu beharra dagoela eska daitekeen errendimendua zehazteko.
2.–Enpresako teknikari batek nahiz enpresatik kanpoko norbaitek eginen du azterketa. Enpresak eta Antolaketa Batzordeak ados jarrita izendatuko dute azterketaren egilea, 30 eguneko epean, azterketa egin beharra jakinarazten denetik hasita.
3.–Azterketaren egilea izendatzeko akordiorik lortu ezean, enpresarekin eta langileekin zerikusirik ez duen norbaitek eginen du izendapena. Ahal dela, Nafarroako Industriaren Elkartea izanen da.
4.–Azterketa egiten den bitartean enpresaren eta langileen ordezkariak tartean izanen dira produktibitate batzordearen bidez.
5.–Azterketa ez da bidezko arrazoirik gabe atzeratuko eta ahalik lasterren burutuko da.
6.3. Errendimendu maila zehaztutakoan, ikasketa eta egokitzapen aldi hauek izanen dira:
–Ikasketa: langile kontratatu berri bat prentsetan lanean hasten denean hilabeteko aldia izanen du erreferentzietan ezarritako errendimenduak lortzeko. Bitarte horretan egoki egin beharko du aurrera, azkenean behar adinako errendimendua lortu arte.
–Egokitzapena: langile bat lanpostuz aldatzen denean, lanpostuen artean funtsezko aldea egonez gero, bi asteko aldia izanen du eska daitezkeen errendimenduak lortzeko, ikasketaren antzeko baldintzetan.
Txanda bakoitzean pertsona bat izendatuko da, langile berriak produkziorako prestatzen parte har dezan.
7.–Soldata-politika.
7.1. Soldata-kontzeptuak:
–Oinarrizko soldata: hamabi hileko berdinetan kobratuko da.
–Produkzio prima: lan egindako egun bakoitzeko kobratuko da, berariaz zehazten den jarduerarengatik.
–Laneratze plusa: lan egindako egun oso bakoitzeko, bost minututik gorako atzerapenarekin sartzen den egunak kenduta.
–Antzinatasuneko osagarria: bi hirurtekoren eta bost bosturtekoren bidez lortuko da, modu honetan:
- 1. hirurtekoa: taulako zenbatekoaren %5.
- 2. hirurtekoa: %10.
- 1. bosturtekoa: %20.
- 2. bosturtekoa: %30.
- 3. bosturtekoa: %40.
- 4. bosturtekoa: %50.
- 5. bosturtekoa: %60.
Antzinatasun epea bete eta hurrengo hiletik aurrera kobratuko da antzinatasuneko osagarria.
–Lan zikinaren plusa: lan zikinak egiteagatik plusa kobratuko da, taulako zutabe egokian ezarritakoaren %25, hain zuzen. Kontzeptu horretarako eskubidea izanen dute:
- Nahasketen ataleko langileek.
–Mantentze-lanetako langileek, kearen beltza erabiltzeagatik, Bambury plataforman eta nabeko xurgapenetan aritzeagatik eta konpresio eta injekzio prentsetako eta termoplastikoa puzteko makinetako multzo eta zirkuitu hidraulikoetan egiten dituzten lanetan olioa erabiltzeagatik.
- Moldeak aldatzen dituzten langileek, moldeak garbitzean harea aldatzeagatik.
–Gaueko lanaren plusa: lan egindako gau bakoitzeko, soldata tauletan zehaztutako kopurua kobratuko da.
–Eskolarako laguntza: irailean tauletan zehaztutako kopuruak ordainduko dira eskola-adina duen seme edo alaba bakoitzeko (18 urte egin arte, adin hori bazter utzita). Ikasturtetzat irailaren 1etik hurrengo urteko abuztuaren 31ra bitarteko denbora hartuko da.
–Ezkontzagatiko laguntza: langilea ezkontzen denean, tauletan zehaztutako kopurua ordainduko zaio.
–Jaiegunetako plusa: larunbat, igande edo jaiegun bakoitzeko, taulako zutabe egokian ezarritako kopurua ordainduko da.
–Mozkinen paga martxoaren 15ean ordainduko da. Hitzarmenean ezarritako igoera orokorra izanen du.
–Prestutasun plusa: mantentze-lanetako langileei prestasun egoeran daudenean plusa ordainduko zaie, tauletan zehaztutako kopurua, hain zuzen. Zenbateko hori benetako prestasunaren ordainez ematen da. Beraz, egoera horretan dagoen langileari kontrola egiten ahalko zaio, lanerako prest dagoela eta hitzartutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko. Hala izan ezean, ez da ordainduko kontzeptu hori, eta betebeharra ez betetzea hutsegitetzat joko da.
–Erialdiko osagarria: aldi baterako ezintasunagatiko prestazioen eta hileko soldata teoriko osoaren arteko aldea, gaixorik dagoen langileak lanean jarraitu izan balu hilean kobratuko zituzkeen kontzeptu eta zenbateko guztiak barnean hartuta, aparteko orduak eta presentzia plusa izan ezik. Mantentze-lanetan eta molde aldaketan diharduten langileen aldi baterako ezintasunaren kasuan, espresuki itundu da lan zikinaren plus proportzionala ordainduko zaiela, azken hiru hilabeteetan plus hori batez beste zenbat egunetan kobratu duten kontuan hartuta.
Osagarri hori kobratu ahal izateko, langileak ondoko baldintzak bete beharko ditu:
a) Lanera joanen ez dela abisatzea aldez aurretik.
b) Astero enpresako medikuarengana agertzea, honek eskatuz gero.
c) Ezintasun iragankorreko egoera langileria departamentuari telefonoz jakinaraztea 24 ordu iragan baino lehen.
d) Baja agiria bidaltzea 72 orduko epean.
e) Enpresako medikuak eskatzen dion informazioa aurkeztea.
f) Giza baliabideen departamentuari informazio zehatza ematea bere helbidearen datuak espedientean eguneraturik edukitzeko.
g) Astero medikuak baja berresteko emandako agiria bidaltzea.
–Lanpostuko plusa: bi zati izanen ditu:
Produkzioari lotutako zatia tauletan zehaztutako hileko diru kopurua izanen da.
Zati aldakorrak tauletan zehaztutako zenbatekoa izanen du. Enpresak hitz eman du akaberen atala indartu eginen duela gaur egun kanpoan egiten den lana ekarriz.
–Borondatezko plusa: enpresak bere borondatez ematen duen ordainsaria.
–Aparteko paga: lantegiko langileentzat, tauletan zehaztutako kopurua gehi hilabeteko antzinatasuna izanen da.
–Jaiotza: tauletan zehaztutako kopuruak seme/alaba baten jaiotzagatik.
–Logistika plusa: Nafarroako Lan Auzitegiaren I 2643/2001 zenbakiko espedienteko aktan ezarritakoa beteko da, igorpen biltegian lan egiten duten langileei dagokienez.
Nahasketa ataleko langileentzat eta estrusio makinakoentzat lanpostuko osagarriaren zenbatekoa izanen da bigarren mailako profesionalaren eta lehen mailako profesionalaren arteko diferentzia markatu izan duena. Koordinatzaileek egun duten osagarriari ere lanpostuko osagarri deituko zaio.
–Presentzia plusa: taularen arabera ordainduko da benetan lan egindako egun oso bakoitzeko eta opor egun ordaindu bakoitzeko.
Ez da abonatuko lanaldia osorik egiten ez bada, arrazoia edozein dela ere. Langileak lanaldi partzialean lan egiten badu, kopurua lanaldi motaren araberakoa izanen da.
Kreditu sindikala erabiliz dagokion kopurua sortuko da presentzia egiazko eta eraginkor gisa.
7.2. Soldatak hilaren azken lanegunean ordainduko dira, mozkinen paga izan ezik; hori martxoaren 15ean ordainduko da, edo, egun hori jai bada, aurreko lanegunean. Udako aparteko paga ekaineko azken lanegunean ordainduko da, 400 euroko paga finkatu gabea irailaren 15ean eta Eguberrietako aparteko paga abenduaren 22an.
7.3. Dietak eta bidaia-gastuak zehazteko, Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
7.4. 2013., 2014. eta 2015. urteetan, 2013ko otsailaren 22an hitzartu eta sinatutako soldata taula behin-behinekoak aplikatuko dira. 2013., 2014. eta 2015. urteetan puntu honetako a, b, c eta d puntuak indarrik gabe geldituko dira (7.4 puntua).
a) Soldataren igoera: Espainiako benetako KPIa gehi %0,3 2010, 2011 eta 2012rako, langile guztientzat.
b) Igoera hori soldataren barruko eta soldatatik kanpoko kontzeptu guztiei aplikatuko zaie, helburuen araberako pagei izan ezik, horien kopuruak 4. eranskinean zehazten direlako.
c) Hitzarmen honen indarraldiko urteetan soldata berrikuspenaren klausula erabiliko da, abenduaren 31n benetako KPIa aurreikusitakoa baino handiagoa izanez gero, eta otsailean likidatuko da.
d) Klausula horrek hitzarmenean bildutako kontzeptu guztietan izanen du eragina, soldata kontzeptuetan nahiz soldataz kanpokoetan, helburuen araberako paga salbuespen bakarra izanik.
8.0.–Laneko osasuna.
–Hitzarmena sinatu duten alderdien iritziz, ez da zilegi langileen osasunari eta segurtasunari kalte egitea lan baldintza txarrak izateagatik.
–Enpresak desmoldekatzeko tresna automatikoen instalazioa sustatuko du.
Inbertsio horiek, lan baldintzak hobetzeaz gainera, eskuzko prozesuaren aldean errendimendua hobetu beharko dute.
Desmoldekatzeko edo lan hori errazteko tresna mekanikorik ez badago, bi prentsa erabiliko dira aldi berean eta modu tradizionalean.
Enpresak azterlanak egiten ahalko ditu, produktibitatea, kalitatea eta lan osasuna kontuan hartuta.
Azterlanik egin ezean, produkzioa langileen ordezkariekin adosten ahalko da.
8.0.1. Eritasun edo istripu egoerak legez ezarritako bitartekoekin kontrolatuko dira.
8.0.2. Arlo honetan egin beharreko ekintzak lan kalitatea eta ingurunea hobetzera zuzenduko dira, osasunaren prebentziora eta arriskuak kentzeko prebentziozko neurriak bultzatzera.
Kontuan hartuko da enpresako emakumezko langileek haurdunaldian izan dezaketen arriskua, eta haien osasun egoera ebaluatu eginen da. Haurdunaldiko arriskua dela-eta kontratua eteteko aukera izanen dute, soldataren %100 kobratuta.
Enpresak haurdunaldiko arriskuei buruzko informazio fitxa eskainiko die langile horiei, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 18. artikuluan ezarritakoa betez.
8.0.3. Prebentzioko ordezkariek, alde batetik, eta enpresaburuak edota haren ordezkariek, bestetik, erdi eta erdi osatuko dute Segurtasun Batzordea.
Segurtasun Batzordeak bilera arrunta eginen du bi hilean behin eta, indarra duen legediaren arabera, kideek hala eskatzen dutenean.
Zuzendaritzak prebentzioko ordezkariei legez eska daitekeen informazioa emanen die, bai eta beraren ustez lanean eragina izan dezakeen gainerakoa ere.
8.1. Laneko arropa.
Sasoi euritsuetan kanpoan lan egin behar duten langileei euritarako jantzi eta oinetakoak emanen zaizkie, eta lohia edo ur putzuak dauden tokietan jardun behar dutenei ere bai.
Jantzi eta oinetako horiek aipatutako lan horietarako baino ez dira erabiliko.
Ekainean lanerako jantziak banatuko dira. Langileei ondokoak emanen zaizkie:
–Mantentze-lanetan, molde eta tresnen aldaketan, nahasketetan, estrusio makinan, estrusio makinako erreleboetan eta nahasketetan ari diren langileei: 2 galtza pare, 2 alkandora edo elastiko, bota pare bat eta 2 galtzerdi pare.
–Gainerakoei: galtza pare bat, alkandora edo elastiko bat, bota pare bat eta 2 galtzerdi pare.
–Akaberak: horrez gain, bata urdin bat.
–Laborategia: horrez gain, bata zuri bat.
Abenduan neguko jantziak banatuko dira:
–Mantentze-lanetan, molde eta tresnen aldaketan, nahasketetan, estrusio makinan, estrusio makinako erreleboetan eta nahasketetan ari diren langileei: 2 galtza pare, 2 alkandora edo elastiko, txaleko, jaka edo jertse bat, bota pare bat eta 2 galtzerdi pare.
–Gainerakoei: txaleko, jaka edo jertse bat, galtza pare bat, alkandora edo elastiko bat eta 2 galtzerdi pare.
–Akaberak: horrez gain, bata urdin bat.
–Laborategia: horrez gain, bata zuri bat.
Sartzen diren langile berri guztiei lanerako jantziak emanen zaizkie. Langileek nahitaez erabili behar dituzte lanerako jantziak eta banakako babes ekipoak.
8.2. Balorazio irizpideak eta arriskutan jartzearen mugak.
Fabrikazio prozesuaren edo haren instalazioen edukien eraginpean jartzeko mugak eta irizpideak direla-eta, kontuan hartuko dira derrigorrez bete beharreko lege-xedapen eta arau teknikoetan ezarritako mugak, hala nola Espainiako Profesionalak Substantzia Kimikoen Eraginpean jartzeko Mugak, Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalak ezarritakoak.
8.3. Informazioa eta prestakuntza.
Bai langileei bai prebentzioko ordezkariei dagokienez, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzen duten arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
8.4. Absentismoa.
Alde sinatzaileak ohartzen dira gure gizartearentzat absentismoak dakarren arazo larriaz, eta ulertzen dute absentismoa murrizteko langilearen presentzia lanpostuan segurtatzeaz gainera enpresako eta Gizarte Segurantzako medikuntza zuzen antolatu behar dela, eta laneko segurtasun, higiene eta ingurumenaren baldintzak egokitu behar direla, langileen osasun fisikoa eta mentala modu eraginkorrez babestuko bada eta lan baldintzak hobetuko badira, indarra duen araudiari jarraituz eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenak betez.
Era berean, bi alderdiak ohartzen dira absentismoak, maila batzuk gainditzen direlarik, ekonomiarako dakarren kalte larriaz, hura murriztu beharraz eta, orobat, produktibitatean duen eragin kaltegarriaz.
Helburu horiek modu egokian betetzeko, sinatzaileek konpromiso hauek hartu dituzte:
1. Atal bakoitzerako estatistika egokiak eginen dira absentismoa aztertzeko eta hura murrizten saiatzeko. Ahal dela, ekintza plan desberdinak ezarriko dira.
2. Gaixotasunagatiko absentziak, egun bakar baterako badira ere, legez ezarritako epeetan justifikatu beharko dira baja agiriaren bidez, edo, horrelakorik ezean, medikuak emandako agiria aurkeztuz, langilea kontsultara joan dela egiaztatzeko, kontsultan zenbat denbora eman duen zehaztuta.
Frogagiririk aurkeztu ezean enpresak ez du inolako ordainsaririk eman beharko denbora horrengatik.
Iruzur egiten ari dela susmatuz gero, enpresak langilearen baja egoera egiaztatzen ahalko du bere medikuen bitartez edo enpresak izendatzen duen zerbitzu egokiaren bitartez. Betiere langilearen duintasuna edo isilpekotasuna errespetatuko da, eta lortutako emaitzak batzordeari edo langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie.
3. Bajan dauden langileek berrespen partea nahitaez aurkeztu beharko dute, legez ezarritako epean.
4. Sinatzaileek erabaki dute diziplinazko zehapenak ezartzen ahalko direla iruzurrezko baja egiaztatuengatik.
8.5. Osasuna zaintzea.
Enpresaburuak bere langileei bermatu eginen die aldian-aldian osasun egoeraren azterketa eginen zaiela lanak dituen arriskuen arabera. Horretarako, berariazko osasun azterketa medikoak eginen dira eta osasuna zaintzeko berariazko protokoloei jarraituko zaie.
Langilearen adostasuna beharko da azterketa horiek egiteko. Langileak osasun azterketarik nahi ez badu, agiri bat sinatu beharko du ukoa adierazteko. Salbuespenez, langileen ordezkariek txostena egin ondoren, azterketa nahitaez onartu beharko da hura ezinbestekoa denean lan baldintzek langileen osasunean duten eragina ebaluatzeko edo langile baten osasun egoera berarentzat, gainerako langileentzat nahiz enpresarekin zerikusia duten beste pertsona batzuentzat arriskutsua izan ote daitekeen ikusteko. Azterketa nahitaez onartu beharko da, halaber, berariazko arriskuetarako babesa eta arrisku bereziko jarduerak arautzen dituzten legezko xedapenetan hala ezartzen denean.
Nolanahi ere, langileari ahalik eragozpen gutxien sortzen dizkioten eta arriskuaren araberakoak diren azterketa edo probak hautatu beharko dira.
Langileen osasuna zaindu eta kontrolatzeko neurriak hartzen direnean, betiere langilearen intimitate eta duintasunerako eskubidea errespetatuko da eta haren osasun egoerarekin zerikusia duen informazioa isilpean gordeko da.
Aurreko atalean aipatutako azterketen emaitzak ukitutako langileei jakinarazi behar zaizkie.
Langileen osasunari buruzko datuak ezin izanen dira erabili bereizkeriazko xedeetarako edo langilearen kalterako.
Medikuek eta langileen osasuna zaintzeko ardura duten agintariek bakarrik izanen dute eskura osasunari buruzko informazio pertsonala. Informazio hori ezin izanen zaio enpresaburuari ez beste inori erakutsi, langileak baimena eman ezean.
Hala ere, enpresaburuari eta prebentzioaren arloko pertsona nahiz organo arduradunei osasun azterketen ondorioak jakinaraziko zaizkie, hau da, langilea lanpostuan aritzeko gai den, edo babes eta prebentzio neurriak gehitu edo hobetu behar diren. Horrela, behar bezala betetzen ahalko dituzte prebentzioaren arloko eginkizunak.
Lanak berez dituen arriskuak direla-eta beharrezkoa izanez gero, langileek osasun egoera aldian-aldian aztertzeko duten eskubidea luzatu eginen da lan harremana bukatu eta gero, legezko xedapen aplikagarrietan ezarritako baldintzen arabera.
Gaitasun tekniko eta prestakuntza egiaztatuak dituzten osasun langileek eginen dituzte langileen osasuna zaindu eta kontrolatzeko lanak.
8.6. Enpresen arteko koordinazioa eta kanpoko langileen kontrola.
Inepsak, aldi baterako laneko enpresaren baten zerbitzuak erabiltzen dituenean, behar den informazioa eskatuko dio, bertatik bidali dizkioten langileek lan araudia, gizarte segurantzari buruzkoa nahiz segurtasun eta osasunari buruzkoa betetzen dituztela ziurtatzeko.
Halaber, INEPSAk osasun eta segurtasunerako arriskuak jakinaraziko dizkio bere esku jarritako langileari, hala enpresan diren arrisku orokorrak nola langile horrek bere lanpostuan eta zereginetan izanen dituen arrisku zehatzak, eta prebentzio eta babeserako neurriak eta ekintzak ere bai, batez ere larrialdietarako ezarritakoak.
8.7. Azpikontratuak.
Osorik aplikatuko da urtarrilaren 30eko 171/2004 Errege Dekretua, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikulua garatzen duena, enpresa-jardueren koordinazioari dagokionez.
8.8. Birkokapena.
Enpresak konpromisoa hartu du ezintasun fisiko egiaztatua duen edozein langile birkokatzeko, langile horrek frogatzen baldin badu bere gaitza lanaren ondorio dela, duen lanpostuan areagotu egiten dela eta arriskuan jar ditzakeela bere osasuna eta segurtasuna edo beste langile batzuenak.
8.9. Tenperaturak.
–Beroari buruzko araubidea:
Termometroa 32º C-ra iritsiz gero, baterien bidezko konpresioaren, injekzioaren, nahasketen eta akaberen arloetan eta estrusio makinan zilegi izanen da 20 minutuko etenaldiak egitea. Lanaldi bakoitzean 4 etenaldi egin ahal izanen dira, lanaldia 2 orduko 4 zatitan banaturik. Tenperatura maila horretara iristen denean lanean jarraituko da, etenaldirako ezarritako ordua heldu arte.
–Etenaldiak honela eginen dira:
Etenaldia egin daitekeen ordua beti bera izanen da, kontuan hartu gabe noiz iristen den tenperatura aipatutako mailara, lanaldiaren hasieran, etenaldietako baten ondo-ondotik nahiz haietako baterako ezarritako tartearen barnean.
Goizeko txandan etenaldien ordutegia honakoa izanen da: 7:40tik 8:00etara, 9:40tik 10:00etara (ogitarteko atsedenaldia 5 minutu aurreratuko da), 11:40tik 12:00etara eta 13:40tik 14:00etara.
Arratsaldeko txandan etenaldien ordutegia honakoa izanen da: 15:40tik 16:00etara, 17:40tik 18:00etara, 19:40tik 20:00etara eta 21:40tik 22:00etara.
Gaueko txandan etenaldien ordutegia honakoa izanen da: 23:40tik 24:00etara, –1:40tik 2:00etara–, 3:40tik 4:00etara eta 5:40tik 6:00etara.
Etenaldia egin ahal izateko ezarritako 20 minutuko tartearen barnean iristen bada termometroa 32º C-ra, berehala geldituko da lana eta, tarte hori amaitzen denean, berriro hasiko da. Hortaz, 20 minutu baino gutxiagoko etenaldia eginen da. (Arratsaldeko txandako adibidea).
Adibideak:
–Arratsaldeko txandan, 32º C-ra iristen bada 17:50ean, lehendabiziko etenaldia 17:50etik 18:00etara izanen da. Goizeko txandan, 32º C-ra iristen bada 10:30ean, lehendabiziko etenaldia 11:40tik 12:00etara izanen da.
–Gaueko txandan 22:00etan jada 32º C-tan egon arren, lehenbiziko etenaldia 23:40tik 24:00etara izanen da.
Akaberen atalean ere beste horrenbeste eginen da, atal horretan dagoen termometroa erabiliz.
34,5º C-tan jarduera gelditu eginen da. Handik ordu erdira termometroari begiratuko zaio. Tenperatura jaitsi bada lehengo egoerara itzuliko da, eta bestela prozedura bera errepikatuko da. Akaberen ataletan gauza bera eginen da 34,5º C-an.
Langileak toki hotzagoetan birkokatzen ahalko dira, hotz egiten duen egoeretarako ondotik xedatutakoaren arabera.
Estrusio makina. Etenaldien araubidetik kanpo dago, prozesu jarraitua izateagatik. Dena den, txandak ezarriko dira: 34,5 gradutik gorako tenperatura dagoenean 30 minutuko erreleboak eginen dira kautxuaren ataleko langileekin. 32º C-tik gorako tenperatura egoteagatik etenaldiak egiten direnean, 20 minutuko etenaldiak ez dira gainerakoen ordutegiaren menpe egonen, beste langile batzuek erreleboa hartu ahal izan dezaten.
Ogitartekorako atsedenaldien eta beste etenaldi batzuen gaurko ordutegiak aldatzen badira, beroagatiko etenaldien ordutegiak ere aldatu eginen dira hemen ezarritako premisa bete dadin, hau da, beroagatiko etenaldiak gainerakoekin metatu daitezen.
Hotzari buruzko araubidea:
1. Trelleborg-Inepsa enpresaren barnean tenperatura baxuetarako neurrien araubidea ezarri da, hotzak langileengan duen eragina ahal den heinean gutxitzeko. Araubide hori ez zaie aplikatuko nabeen kanpoaldera irteteko aukera ematen duten lan mistoei.
2. Lan arlo bateko tenperatura 9,00º C-ra jaitsiz gero konpentsaziozko etenaldien araubidea aplikatuko da, 32º C-tik gorako tenperaturetarako azaldu den araubidea, alegia.
3. Tenperatura 6,00º C-ra jaisten bada, aurreko atalaren aplikazioaren ondoriozko atsedenaldia ordua denean hartzeko eskubidea ukatu gabe, ez da lanik egingo lan arlo horretan, eta bertako langile guztiak beste arlo edo atal batzuetako lanpostuetan birkokatu ahal izanen dira. Beste arlo edo atal batean birkokatutako langileek tokatzen zaien orduan 20 minutuko etenaldia egiteko eskubidea izanen dute, arlo edo atal horretako langileek etenaldia egin nahiz ez.
4. Tenperatura 6º C-ra jaisten bada, langileak beste eremu edo atal batzuetara aldatuko dira.
5. Ondorio horietarako, nahasketen atalean ez dira kontuan hartuko txandako lehenbiziko 30 minutuetako tenperaturak. Izan ere, atal hori besteak baino gehiago hozten da, bertan ez delako lanaldi osoa egiten, baina berotu ere arinago berotzen da, behin jarduera hasi eta berogailuak piztutakoan.
6. Tenperaturak neurtzeko egun dauden termometroak erabiliko dira, edo haien ordez toki beretan jartzen direnak. Oraingoak baino doitasun handiagoko termometroak jarri nahi badira, prebentzioko ordezkariekin adostu beharko dira.
9.–Beste xedapen batzuk.
9.1. Bizi asegurua.
Hitzarmen hau sinatutakoan eta haren indarraldian, enpresak plantillako langile guztientzat duen aseguru poliza eguneratuko du, bertan zehaztutako arrisku-estaldura eta baldintzekin. Zenbatekoak honakoak dira:
–Berezko heriotza: 11.963,34 euro.
–Lan istripuaren ondoriozko heriotza: 50.246,05 euro.
–Lan istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko ezintasun osoa edo erabatekoa: 71.780,07 euro.
Asegurua berritzen denean haren klausulak batzordearekin batera aztertuko dira. Polizaren baldintza orokorrak langileen eskura jarriko dira. Zenbateko horiek urtero igoko dira KPIaren arabera.
9.2. Kalte-ordainak.
Erretiro partzial aurreratua hartzeko egungo araubidea kentzen bada, Inepsan gutxienez 10 urteko antzinatasuna izanik ondoren aipatzen diren adinetan enpresan erretiroa hartzen duten pertsonei kalte-ordain hauek emanen zaizkie:
–60 urte: 40.474 euro.
–61 urte: 33.728 euro.
–62 urte: 26.982 euro.
–63 urte: 13.491 euro.
9.3. Prestakuntza.
Langileek onartu egiten dute enpresak antolatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartu beharra, legez ezarrita dagoen moduan.
Prestakuntza jarduera horiek lanorduetan eginen dira.
Antolaketa dela-eta lanorduetatik kanpo egin beharra badago (adibidez, txandaka lan egiten denean, hiru txandetako langileek prestakuntza ekintza berean parte hartu ahal izateko, bi txandatako langileek lanorduetatik kanpo egin beharko dute), horretan emandako orduen truke ordu libreak emanen dira, edo bestela lanorduak bezala ordainduko dira.
Betiere prestakuntzaren %70 lanorduetan izanen da.
Enpresako zuzendaritzak agindu beharrean, langileak berak eskatzen badu prestakuntza jarduera lanorduetatik kanpo egitea, ez zaio diru kopururik ordainduko.
9.4. Banakako itunak.
Edozein langilek eta zuzendaritzak banakako ituna egiten badute enpresa batzordeak esku hartu gabe, itun hori deuseza izanen da.
9.5. Aurreraeragina.
Alderdiek berariaz hitzartzen dute ezen, hitzarmen kolektiboaren salaketatik urtebete pasa ondoren beste hitzarmen bat hitzartu gabe, hitzarmen honek ez duela indarrik galduko.
9.6. Hitzarmen hau ez aplikatzeko klausula.
Alderdiek berariaz hitzartu dute nahitaezko baldintza dela zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko akordio berariazkoa, hitzarmen honetan aurreikusitako lan baldintzak ez aplikatzeko. Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik berari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.
9.7. Lanaldiaren banaketa irregularra.
Alderdiek berariaz hitzartu dute ezen, hitzarmen kolektibo honetan araututakoaz aparte, ezin dela Langileen Estatutu indardunaren 34.2. artikuluan zehaztutako lanaldiaren banaketa irregularra ezarri, ez bada berariazko akordiorik zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen artean.
1. eranskina
Hitzarmen honen aplikazioan sor daitezkeen zalantzak argitze aldera eta lan administrazioko agintaritzaren eskumena galarazi gabe, bi aldeek batzorde paritarioa izendatzea erabaki dute, honela osatua: enpresaren eta langileen bina ordezkari eta horien ordezkoak.
2. eranskina
Elkar-ulertzea eta giro soziala ahalik onenak izan daitezen, aldeek konpromisoa hartu dute Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiko judizioz kanpoko prozeduretara joko dutela (bitartekotza, arbitrajea), epaile edo lan administrazioko agintariengana jo aurretik.
3. eranskina
5.5 baimenak
Bereziak ez diren 5.5 baimenetarako aurreabisuko epea kontatzeko aplikazioa argitu beharrez, astelehenetik ostiralera bitarteko egutegia duten langileen kasuan, eskaera egiten denetik baimena hartu arte asteburu bat baldin badago, ondoko kasu hauek zehazten dira: baimena astelehenean izateko, eskaera aurreko asteazkenean egin behar da, astearterako, berriz, aurreko ostegunean, eta asteazkenerako, aurreko ostiralean.
4. eranskina
Helburuen araberako paga
2011. urterako eta hurrengoetarako, paga berri bat sortuko da, langile guztiek Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoaren eta kalitatearen helburuak oro har betez gero hurrengo urtean ordaindu beharrekoa, honako taula honen arabera:
ABSENTISMOKO 2013KO PAGA | BEZEROEN ERREKLAMAZIOEN 2013KO PAGA, PRODUZITURIKO MILIOI BAKOITZEKO | ||||
Aurreko urteko Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoa < | %8,25 | 120,00 | Aurreko urtekoa baino handiagoa ez bada | < 1,00 | 50,00 |
Aurreko urteko Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoa < | %7,75 | 185,00 | < 0,95 | 100,00 | |
Aurreko urteko Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoa < | %7,25 | 230,00 | < 0,75 | 130,00 | |
Aurreko urteko Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoa < | %6,98 | 290,00 | |||
ABSENTISMOKO 2014KO ETA 2015EKO PAGA | BEZEROEN ERREKLAMAZIOEN 2014KO | ||||
Aurreko urteko Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoa < | %8,00 | 120,00 | Aurreko urtekoa baino handiagoa ez bada | < 0,95 | 55,00 |
Aurreko urteko Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoa < | %7,60 | 190,00 | < 0,85 | 110,00 | |
Aurreko urteko Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoa < | %7,20 | 235,00 | < 0, 70 | 140,00 | |
Aurreko urteko Aldi Baterako Ezintasunagatiko absentismoa < | %6,90 | 300,00 | |||
Nomina likidatzeko unean plantillan daudenentzat, eta aurreko urtean plantillan egon diren denboraren arabera.
Hitzarmenetik kanpoko langileak.
Paga hori urtean batez beste egindako lanaldiaren portzentajearen arabera hartuko da.
5. eranskina
Hitzarmena sinatzen den egunean plantillako langile guztiei ezartzen zaie 400 euroko paga finkatu gabe bat, irailean ordaindu beharrekoa, hitzarmenak indarra duen bitartean. Paga horrek urteko sorrarazpena izanen du (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte).
6. eranskina
2011. urtetik aurrera, urteko banakako lanaldia 1.720 ordukoa da (215 lanegun).
Lan egutegiak honako honi jarraituko dio: hasieran 220 lanegun ezarriko dira, eta zuzendaritzak 210 eta 220 artean lan egitea erabakitzen ahalko du.
22 laneguneko oporrak errespetatuko dira.
Lana jaiegun batean egitea erabakiz gero edo antzeko inguruabarrak egonez gero, urteko egutegian espresuki itunduko dira.
Hornidura eteteagatik edo produkzio-funtzionamenduak huts egiteagatik modu ordenatuan aplikatuz gero, ukitutako txandan lan egin dela ulertuko da, eta txanda horren kontzeptu guztiak osorik kobratuko dira, eta hurrengo txandan ere lan egin dela ulertuko da, baldin eta kide guztiei abisatzeko denbora egon bada. (Txanda hasteko 3 ordu baino gutxiago).
Atalez atal edo txandaz txanda aplikatuko da, eta zeharkakoen kasuan, banaka ere bai.
–Urteko lanaldia baino ordu gehiago lan egitea. Egunak hartzea:
215 egun baino gehiago lan egiten bada, ados jarrita gehienez bi egun aparteko ordu gisa kobratzen ahalko dira –hitzarmenean ezarritako aparteko orduen mugei eragin gabe–, eta gainerako egunak opor egun gisa hartu.
Egun horiek lan egin osteko urtean hartuko dira.
Sortutako egunak hartzeko, langileak 30 egun lehenago eskaria egin beharko du –ezin izanen dira hartu uztailean eta abuztuan–. Aldez aurretik nagusi hurrenaren baimena beharko dute, eta hark eskaria jasotzen duenetik 72 lanorduko epean erantzun beharko du. Erantzun ezean, eskaria onartuko dela ulertuko da.
–Urteko lanaldia baino gutxiago lan egitea:
Hasieran, eta enpresaren bilakaerari dagokionez inguruabar normaletan, zuzendaritzak aurreko urtean lanik egin ez den egunen kopurua hurrengo urtean esleitu beharko du.
Hala egin ezean, zuzendaritzak enpresa batzordeari gertatzen diren inguruabar guztiak azaldu beharko dizkio.
Edonola ere, hitzarmen honek indarra duen bitartean, 220 lanegunetan baino gehiagotan ezin da lanik egin, astelehenetik ostiralerako egutegian.
–Salbuespenezko egoeretarako araua (ondoz ondoko urteetan lanik egin gabeko lanegunen gehieneko metaketa):
Langileek zorretan dituzten lanaldietarako, hitzarmen honen aurreko urteei dagokienez, aurreko hitzarmenean zehaztutakoa aplikatuko da. Hona hemen:
“Gaur egungo hitzarmena amaitzean urteko banakako lanaldia baino 10 egun gutxiago lan egingo balira, mekanismo hau aplikatuz honako arau hauek aplikatuko lirateke:
- Nolanahi ere, hurrengo urteetan, lanik egiten ez den egun horien konpentsazio gisa ez litzateke urtebetean 220 egun baino gehiago lan eginen.
- 2013ko abenduaren 31n oraindik gaur egungo hitzarmeneko 5 egun lan egin gabe geratzen badira, langileei 2 egun itzultzeko betebeharra barkatuko zaie.
- 2014ko abenduaren 31n oraindik gaur egungo hitzarmeneko 3 egun lan egin gabe geratzen badira, langileei 3 egun itzultzeko betebeharra barkatuko zaie.”
Langile bati enplegu erregulazioko espediente baten bidez kontratua deuseztatzen ahal bazaio, hitzarmen honetan kitatu gabe dagoen zorretik zor duen egun bat ere ez zaio deskontatuko.
Hitzarmenaren iraunaldian malgutasuna aplikatzearen ondorioz zorretan gelditzen ahal diren lanaldietarako, bi egun urte bakoitzeko barkatuko dira kasu guztietan, baina barkatze horrekin edo aurrekoarekin ezin da eguneko krediturik sortu langilearen alde.
Batzorde bat sortuko da sistema argitu eta antolatzeko.
Egutegiaren eta lanaldiaren erregulazio hori astelehentik ostiralera bitarteko egutegietan aplikatzen ahal da, baina ez zaie aplikatuko balizko laugarren txandei.
Nolanahi ere, eguneroko plusak (laneratzea eta presentzia izan ezik), hasieran ezarri diren 220 egunen arabera abonatuko dira.
7. eranskina
Goranzko malgutasuna
Langileek, borondatez eta urtebeteko epeetan, asteburuko lanaldiak egiteko prest daudela adieraziz izena ematen ahalko dute.
Hiru hilean behin zuzendaritzak batzordeari adieraziko dio asteburuan lanaldiak egitea beharrezkoa den.
Goizeko txandan lan egiten den larunbat bakoitzeko, 74.19 kobratuko dira eta egun libre bat hartuko da konpentsazio gisa (taularen arabera).
Sortutako egunak hartzeko, langileak 30 egun lehenago eskaria egin beharko du –ezin izanen dira hartu uztailean eta abuztuan–. Aldez aurretik nagusi hurrenaren baimena beharko dute, eta hark eskaria jasotzen duenetik 72 lanorduko epean erantzun beharko du. Erantzun ezean, eskaria onartuko dela ulertuko da.
Lan egiten den egunetik hurrengo urteko abenduaren 31ra arte hartzen ahalko dira. Nolanahi ere, urteko lanaldia errespetatu beharko da (paragrafo honetan azaldu dena bazter utzita), eta ezin izanen da 74,19 + 74,19ko ordainketa egin, langileak borondatez onartu ezean.
Langileak, konpromiso saihestezin edo garrantzitsu bat badu, 30 egun lehenago azaltzen ahalko du urtean asteburuko lanaldiaren egun bat soilik egiteko prest egonen ez dela.
Langileak, prest dagoela adieraziz izena ematen duenean, urtean gehienez 6 larunbatetan goizeko txandan lan egin beharko du nahitaez, gutxienez astebete lehenago hala egiteko agintzen diotenean, eta gainera 4 txandatan asteburu, jaiegun edo lanaldiaz gainerako egunetan. 4 txanda horiek egitea langileak ontzat eman beharko du, eta txanda horietan, 74,19 euroez gain, dagozkion plusak –gaueko lana, jaiegunetan egindako lana, etab.– kobratuko dira
2013. urtetik aurrera, larunbat goizeko 2 txanda eta larunbat goizekoak ez diren 2 txanda egiten ahalko dira.
Asteburuko lanaldiei dagokienez, egun horietan lanik ez egiteko ezin izanen dira 5.5 baimenak erabili.
Langileei haien oporraldietan ezin izanen zaie dei egin asteburuko lanaldiak egiteko. (Horrek oporraldiaren aurreko eta geroko astebururako ere balio du).
Uztaileko eta abuztuko larunbaten kasuan, lan egiteko aurreabisua 14 egunekoa izanen da.
8. eranskina
Hitzarmenaren indarraldian ez da aplikatuko 4.7 artikuluan ezintasuna lortzen duen langilea ordezteko betebeharra ezartzen zuen klausula.
Enpresak ezintasuna lortzeko aukera ematen ahalko du, betiere ukitutako langileak baimen informatua ematen badu.
9. eranskina
Gaueko txanda astero bikoiztea. Ostiraletik iganderako langileetako batzuk aurreratzea.
Gaueko txanda, gaur egun astelehenetik ostiralera konfiguratuta dagoena, bi langile taldetan banatzen ahalko da, igandetik ostegunera eta astelehenetik ostiralera, urteko lanaldiari eta urteko lan-egutegiari inola ere kalterik egin gabe.
Araubide horrek eragina izanen du baldin eta eskariek horretarako aukera ematen badute, Sanferminetan eta abuztuan izan ezik, langile gutxi egoteagatik baliteke-eta hori betetzea.
Nolanahi ere, indarrean egon dadin, aukera batean zein bestean gutxienez txandako langileen heren bat egonen da.
Erregulazioa:
1. Borondatezkotasuna: hasieran, egutegiak aginduta lana gaueko txandetan egin behar duten langileek, adierazi egin beharko dute bi aukera horien artean zeinetan eman nahi duten izena.
2. Izaera mugagabea: aukeratu ondoren, horri epe mugagabean eutsiko zaio.
3. Itzulgarritasuna: langileak aukera batetik bestera aldatzen ahalko du, nahiago badu, gutxienez bi aste natural lehenago abisua emanik.
4. Unean uneko aldaketak: bi aukeretako batean izena eman duen langileak aste jakin batean beste aukera hartzeko eskatzen ahalko du unean-unean. Zuzendaritzak aldaketa ontzat emanen du, antolaketako edo bestelako arazorik ez badago.
Itundutako tresna honek lehengo jardunbidea (ostiraleko gaua igandeko gauarekin ordeztea) arautzen eta antolatzen du, eta hori langilearen aukeraren mendean uzten du; horrebestez, ezin izanen da jaiegunetako plusik hartu.
Iragarkiaren kodea: F1314623
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
