220. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko urriaren 8koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Martzillako Gestión Asistencia Ribera, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Martzillako Gestión Asistencia Ribera, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008651012008) aztertu da, erregistro honetan 2013ko uztailaren 31n sartu zena, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko apirilaren 1ean izenpetu eta 2013ko urriaren 7an zuzenduta, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2013ko urriaren 8an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

GESTIÓN ASISTENCIA RIBERA, S.L. ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, MARTZILLAKO ZAHAR-ETXERAKO

I.–Aplikazio eremua

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen hau ‘’Gestión Asistencia Ribera S.L. - Martzillako zahar-etxea” izeneko enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, finkoei, behin-behinekoei eta bitartekoei, titulua dutenei eta ez dutenei, indarra duen legedian kontratuak egiteko ezarritako modalitateetatik edozeinen bidez zentro horretan lanean ari badira.

Espresuki bazter utzi dira erlijio zerbitzua ematen duten pertsonak eta, orobat, ‘’Gestión Asistencia Ribera, S.L. - Martzillako zahar-etxea’’ enpresarekin zerbitzuak emateko errentamendu kontratuak sinatuak dituzten beste enpresa batzuetako plantilletan dauden langileak.

2. artikulua. Indarraldia, amaiera iragartzea eta osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen hau izenpetzen den egunetik 2014ko abenduaren 31 bitarterako da.

Hitzarmenaren indarraldia iraungitzearekin batera, salatutzat hartuko da, eta sinatu duten bi alderdiek, edo unean-unean legez ordezkatzen dituzten pertsonek, konpromisoa hartzen dute beste hitzarmen kolektibo baterako negoziazioa 2015eko hurrengo hiru hilabeteetan hasteko. Dena dela, akordio berariazkorik lortu bitartean, hitzarmen honen testu arau-emaileak indarrean segituko du.

Hitzarmen honetan bildutako klausulei atxikitzeak berekin dakar den-denak onartzea; beraz, ezinezkoa da artikulu bakar batzuei atxikitzea eta, besteetan, aplikatzekoa den estatuko edo probintziako hitzarmenari atxikitzea.

II.–Langileen sailkapena

3. artikulua. Lanbide-sailkapena.

Eginkizunen arabera, langileak talde eta kategoria hauetan sailkatuko dira:

1. taldea: Goi mailako teknikariak.

1.1. Zuzendaria/Gainbegiralea.

1.2. Medikua.

2. taldea: Erdi mailako teknikariak.

2.1. Erizaintzako unibertsitateko diplomaduna/Osasun laguntzaile teknikoa.

2.2. Gizarte laneko diplomaduna/Gizarte-laguntzailea.

2.3. Fisioterapeuta.

3. taldea: Teknikari laguntzaileak.

3.1. Okupazio-monitorea.

3.2. Erizaintzako laguntzailea/Zaintzailea.

3.3. Zaintzailea.

3.4. Laguntzailea.

4. taldea: Administrazioko langileak.

4.1. Administraria.

4.2. Txandako arduraduna.

5. taldea: Zerbitzu osagarrietako langileak.

5.1. Mantentze-lanetako langilea/Gidaria.

5.2. Garbiketa/Ikuztegiko langileak.

5.3. Ile-apaintzailea.

Artikulu honetan aipatzen den langileen sailkapena adibide gisara eman da. Beraz, zentroaren beharrak eta tamaina direla-eta beharrezkoa ez bada, ez da nahitaezkoa lanpostu mota guztiak izatea eta, aitzitik, hitzarmen kolektiboaren indarraldian lanbide kategoria berriak sor daitezke, laguntza zerbitzua zuzen emateko beharrezkoa bada.

4. artikulua. Lanbide kategorien definizioa eta eginbeharrak.

Medikua.

Zentroko zuzendaritzaren menpe dago zuzenean.

–Osasun arloaren funtzionamenduaren arduraduna da, zentroko zuzendari kudeatzailearen aurrean.

–Zuzendari kudeatzailearekin batera, bere arloari dagozkion auzi guztiak bideratuko ditu.

–Egoiliarrak zentroan sartzen direnean jasotzen den informazioa aintzat hartuz, bakoitzaren historia klinikoa prestatuko du, egoiliarren osasuna behar bezala zaintzeko behar diren tratamendu, segimendu eta kontrolak markatuz.

–Erizainen eguneroko lan planak zehaztuko ditu.

–Erizaintzako laguntzaileentzat eta zaintzaileentzat erizainek prestatzen duten lan plana egiaztatu eta gainbegiratuko du.

–Zentroko diziplina anitzeko taldearekin elkarlanean arituko da, zentroan ahalik eta girorik onena izan dadin, horrela egoiliarra hobeki integratuko baita.

–Higienearen eta segurtasunaren arloko neurriak betearaziko ditu, baita zentroko zerbitzu bakoitzerako finkatutako osasun neurriak ere (ikuztegia, sukaldea, etab.).

–Zentroko Zuzendaritzarekin eta jardueren arloko langileekin elkarlanean, jardueren plan orokorra prestatzen lagunduko du.

–Zuzeneko laguntza ematen duten langileendako prestakuntza planak prestatzen lagunduko dio zentroko zuzendari kudeatzaileari, bakoitzaren lanbide sailkapenaren arabera.

–Zentroko zuzendari kudeatzaileak finkatzen dituen ikerketa planetan lagunduko du.

–Zentroan egon beharreko orduetatik kanpora, sakelako telefonoaren bidez lokalizatzeko moduan izanen da.

Erizaintzako diplomaduna/Osasun laguntzaile teknikoa.

Zentroko medikuaren eta zuzendari kudeatzailearen menpe, honako eginkizun hauek dituen profesionala da:

–Egoiliarrak zaindu eta haiei arreta ematea, bakoitzaren behar pertsonaletan eta behar orokorretan.

–Botikak prestatzea, medikuaren aginduei jarraikiz.

–Erizaintzako laguntzaileen eta zaintzaileen lan plana egunero finkatu eta gainbegiratzea.

–Sendaketak egitea.

–Odol-presioa, tenperatura eta antzekoak hartzea.

–Odola ateratzea, laborategian analizatzeko.

–Egoiliarren historia klinikoetan bere eginkizunekin zerikusia duten datuak jasotzea.

–Material medikoa eta bestelakoa gainbegiratu, zaindu eta garbitzea.

–Farmaziari eskaerak egitea eta botikak kontrolatzea.

–Zentroko lanbide anitzeko taldearekin bilerak egitea, zuzendari kudeatzaileak egoki ikusten duen guztietan.

–Erizaintzako laguntzaileekin eta zaintzaileekin bilerak egitea, lanbideko prestakuntzarako eta birziklatzeko.

–Bazkari eta afarietan, zentroko medikuak finkatutako dietak zorrozki betetzen diren begiratzea.

–Erizaintzako laguntzaileek eta zaintzaileek lan plana egoki betetzen ote duten gainbegiratzea eta gertatzen diren gorabeheren berri ematea zuzendari kudeatzaileari.

–Ohiturak hartzeko eta jokabideak aldatzeko asmoz teknikariek prestatzen dituzten programetan laguntzea.

–Laneko txandan izandako gorabeheren berri ematea zentroko medikuari eta zuzendari kudeatzaileari.

–Beste nagusirik ez dagoenean, erizaintzako laguntzaileek, zaintzaileek eta egoiliarrek zintzo jokatzen dutela begiratzea eta ordena egokiari eustea.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak aginduta.

Okupazio-monitorea.

Medikuaren, EUD/OLTaren eta zentroko zuzendari kudeatzailearen menpe dago zuzenean eta eginkizun hauek izanen ditu:

–Egoiliarren nortasunari, adimenari eta gaitasunei lotutako alderdiak aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

–Jardueren plan orokorra prestatu eta gauzatzea.

–Egoiliar bakoitzak bere arloan dituen helburu berariazkoak finkatzea.

–Egoiliarren alderdi psikologikoaren bilakaeraren segimendua egitea eta zuzendari kudeatzaileak eskatzen dizkion txostenak prestatzea.

–Barneko eta kanpoko jarduerak garatzea.

–Erizaintzako laguntzaileei eta zaintzaileei aholku ematea, jardueren plan orokorrean parte har dezaten.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

Erizaintzako laguntzailea/Zaintzailea.

Zentroko medikuen, erizainaren eta zuzendari kudeatzailearen menpean, laguntza lanak egiten dituen langile tituluduna da. Lan horiek egoiliarrari eguneroko eginkizunetan laguntzekoak izan daitezke (osasun arlokoak izan ezik), edo egoiliarrak bere kasa baliatzeko errekuperazio edo ohitze prozesuetan laguntzekoak. Azkeneko kasu horretan, kasuan kasuko profesionalekin elkarlanean arituko da, haiek ematen dituzten jarraibideekin bat.

Egoiliarrei zuzeneko arreta ematea dagokio.

Hauek dira eginkizun nagusiak:

–Egoiliarrari arreta eman eta laguntzea eguneroko bizitzako jarduera guztietan, bere desgaitasuna dela-eta bakarrik egiterik ez badu.

–Egoiliarrei laguntzea garbiketa eta higiene pertsonalerako eginkizunetan eta behar fisiologikoetan.

–Janaria jaso eta banatzea, eta behar duten egoiliarrei ahora ematea.

–Egoiliarren egoeran antzematen dituen gorabeherak eguneroko laneko partean jasotzea eta txandako erizainari jakinaraztea.

–Egoiliarrek botikak ahotik nahiz uzkitik hartu behar dituztenean erizainari laguntzea, baita konstanteak eta diuresiak neurtzen eta laborategian analizatuko den gernu-laginak jasotzen ere.

–Osasun materiala eta bestelakoa eta lanean erabiltzen diren gelak garbitu eta zaintzea.

–Zuzeneko laguntzako gainerako lagunekin batera, jardueren plana gauzatzen laguntzea.

–Egoiliarraren post-mortem zainketetan laguntzea.

–Ustekabeko larrialdietan, egoiliarra osasun zentrora laguntzea.

–Egoiliarren etengabeko zaintza lana.

–Zuzendari kudeatzaileak deiturik, bere lan ordutegian egiten diren bileretara joatea.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak, EUD/OLTak edo zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

–Jantokiak muntatu eta desmuntatzea, mahaiko tresna eta zapiak jarri eta kenduz.

–Zentroko eremu guztiak garbi mantentzea, garbitasun, ordena eta higiene egoera ezin hobean.

–Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri ematea koordinatzaile/gainbegiraleari.

–Zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak garbitu, zaindu, konpondu eta lisatzea.

–Egoiliarren arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak koordinatzaile/gainbegiraleari jakinaraztea.

–Sukalde zerbitzuari laguntzea otorduetan erabiltzen diren ontziak eta mahai-tresnak garbitzen.

–Arropa zuria eta bestelakoa zentroak dituen biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea.

Zaintzaileak.

Zentroko medikuen, erizainaren eta zuzendari kudeatzailearen menpean, laguntza lanak egiten dituen langilea da. Lan horiek egoiliarrari eguneroko eginkizunetan laguntzekoak izan daitezke (osasun arlokoak izan ezik), edo egoiliarrak bere kasa baliatzeko errekuperazio edo ohitze prozesuetan laguntzekoak. Azkeneko kasu horretan, kasuan kasuko profesionalekin elkarlanean arituko da, haiek ematen dituzten jarraibideekin bat.

Egoiliarrei zuzeneko arreta ematea dagokio.

Hauek dira eginkizun nagusiak:

–Egoiliarrari arreta eman eta laguntzea eguneroko bizitzako jarduera guztietan, bere desgaitasuna dela-eta bakarrik egiterik ez badu.

–Egoiliarrei laguntzea garbiketa eta higiene pertsonalerako eginkizunetan eta behar fisiologikoetan.

–Janaria jaso eta banatzea, eta behar duten egoiliarrei ahora ematea.

–Egoiliarren egoeran antzematen dituen gorabeherak eguneroko laneko partean jasotzea eta txandako erizainari jakinaraztea.

–Egoiliarrek botikak ahotik nahiz uzkitik hartu behar dituztenean erizainari laguntzea, baita konstanteak eta diuresiak neurtzen eta laborategian analizatuko den gernu-laginak jasotzen ere.

–Osasun materiala eta bestelakoa eta lanean erabiltzen diren gelak garbitu eta zaintzea.

–Zuzeneko laguntzako gainerako lagunekin batera, jardueren plana gauzatzen laguntzea.

–Egoiliarraren post-mortem zainketetan laguntzea.

–Ustekabeko larrialdietan, egoiliarra osasun zentrora laguntzea.

–Egoiliarren etengabeko zaintza lana.

–Zuzendari kudeatzaileak deiturik, bere lan ordutegian egiten diren bileretara joatea.

–Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak, EUD/OLTak edo zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

–Jantokiak muntatu eta desmuntatzea, mahaiko tresna eta zapiak jarri eta kenduz.

–Zentroko eremu guztiak garbi mantentzea, garbitasun, ordena eta higiene egoera ezin hobean.

–Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri ematea koordinatzaile/gainbegiraleari.

–Zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak garbitu, zaindu, konpondu eta lisatzea.

–Egoiliarren arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak koordinatzaile/gainbegiraleari jakinaraztea.

–Sukalde zerbitzuari laguntzea otorduetan erabiltzen diren ontziak eta mahai-tresnak garbitzen.

–Arropa zuria eta bestelakoa zentroak dituen biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea.

Laguntzailea.

Zuzendari kudeatzailearen, medikuaren edo erizainaren agindupean, laguntzaile lana eginen du egoiliarrek zentrotik atera behar dutenean, ospitalera, kontsulta programatuetara, larrialdiko bisitetara, tramite ofizialak egitera eta abar. Joan-etorri horietan egoiliarrak zuzenean zaintzeaz arduratuko dira (arreta, laguntza, garbiketa eta higiene pertsonala, behar fisiologikoak, jaten ematea, zaintzea eta joan-etorriak iraun bitartean egoiliarrek behar edo eskatzen duten beste edozein laguntza).

Administraria.

Zentroko zuzendaritzaren eta zentroko zuzendari kudeatzailearen edo horrek eskuordetzen duen pertsonaren menpean, ondoko eginkizunak egiten dituen langilea da:

–Ohiko administrazio lanak eta harrera egitekoak, zentroko zuzendaritzak adierazi edo eskuordetzen dizkionak.

–Zentrora joaten diren bisita guztiei harrera egitea, arreta adeitsua eta xaloa ematea eta kasuan-kasuan behar den zentroko arduradunarengana eramatea.

–Telefono deiak hartu eta egitea, eta dagokion pertsonari deribatzea.

–Egoiliarrek zentrotik kanpoko harremanetarako egiten dituzten eskaerei kasu egitea.

–Administrari laguntzaileari laguntzea fotokopiak egiten, idazkiak garbira pasatzen, oroit-idazkiak prestatzen edo zentroko zuzendari kudeatzaileari egoki iruditzen zaizkion bestelako lanetan.

Txandako arduraduna.

Administrari-ofizialaren menpe dago zuzenean eta, oro har, zentroko zuzendari kudeatzailearen menpean. Hona bere eginkizunak:

–Eremu komunetan laguntzaileen lanak gainbegiratzea eta haietan laguntzea.

–Zentrora joaten diren bisita guztiei harrera egitea, arreta adeitsua eta xaloa ematea eta kasuan-kasuan behar den zentroko arduradunarengana eramatea.

–Telefono deiak hartu eta egitea, eta dagokion pertsonari deribatzea.

–Egoiliarrek zentrotik kanpoko harremanetarako egiten dituzten eskaerei kasu egitea.

–Administrari laguntzaileari laguntzea fotokopiak egiten, idazkiak garbira pasatzen, oroit-idazkiak prestatzen edo zentroko zuzendari kudeatzaileari egoki iruditzen zaizkion bestelako lanetan.

Mantentze-lanetako langilea/Gidaria.

Koordinatzaile-gainbegiralearen mendean, honako lan hauek egiten dituen langilea da:

–Zentroko aparatu eta instalazioak eta kanpoaldekoak kontserbatu, kontrolatu eta konpontzea eta haien mantentze-lanez arduratzea.

–Bere arduradunak beharrezkotzat jotzen dituen kudeaketak egitea zentrotik kanpora.

–Egoiliarrak kanpoko kontsulta medikoetara eramatea eta gidari lana egitea kanpo jardueretan.

–Zentroan hartzen den material guztia jaso eta behar den tokira eramatea.

–Garbiketa lanak osatzen laguntzea, bere arduradunak adierazten duenaren arabera.

–Makinen aretoa, instalazioak, elektrizitate-panelak, transformadoreak, tailerrak eta antzekoak txukun edukitzea, horietan egon behar ez duten materialak pilatu ez daitezen.

–Zentroko aisialdiko jarduerak behar bezala gauzatzeko erabiltzen diren agertokiak, eserlekuak, zine-proiektorea, bozgorailuak eta abar muntatu eta desmuntatzea eta horien funtzionamenduaz arduratzea.

–Egoiliarrak eta erabiltzaileak kanpoko kontsulten zentroetara, ospitaleetara eta zentroko zuzendari kudeatzaileak agintzen duen beste toki batzuetara eramatea.

Garbiketa/Ikuztegiko langileak.

Koordinatzaile-gainbegiralearen mendean, honako lan hauek egiten dituen langilea da:

–Jantokiak muntatu eta desmuntatzea, mahaiko tresna eta zapiak jarri eta kenduz.

–Zentroko eremu guztiak garbi mantentzea, garbitasun, ordena eta higiene egoera ezin hobean.

–Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri ematea koordinatzaile/gainbegiraleari.

–Zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak garbitu, zaindu, konpondu eta lisatzea.

–Egoiliarren arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak koordinatzaile/gainbegiraleari jakinaraztea.

–Sukalde zerbitzuari laguntzea otorduetan erabiltzen diren ontziak eta mahai-tresnak garbitzen.

–Arropa zuria eta bestelakoa zentroak dituen biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea.

Ile-apaintzailea.

Zentroko koordinatzaile/gainbegiralearen menpe dago zuzenean.

–Koordinatzaileak/gainbegiraleak finkatzen duen lan plana egitea eta ilea apaintzea adierazten zaien egoiliarrei.

5. artikulua. Langileen sarrera.

Zentrorako langileak kontratatzea, bai kontratatu finkoak bai aldi baterakoak, enpresaren ahalmen esklusiboa da.

Enpresan daramaten denboraren arabera sail hauetan banatzen dira langileak:

–Finkoa: lan egiteko modu iraunkorrean kontratatzen denean.

–Behin-behinekoa eta aldi baterakoa: denbora jakin baterako kontratatuak, lan behin-behinekoak, aldi baterakoak edo bereziak egiteko.

–Bitartekoa: lan ezintasuneko egoeran, oporretan edo enpresak lanpostua erreserbatu beharra duen beste egoera batean dagoen langilearen ordez jarduten duen aldi baterako langilea.

Aldi baterako langileak finko eginez gero, aldi baterako langile gisa emandako denbora aintzat hartuko zaie, bai probaldiaren ondorioetarako, bai antzinatasunaren ondorioetarako.

Kontratazioak indarra duen araudiari jarraikiz eginen dira, oro har.

6. artikulua. Probaldia.

Langile sartu berriek probaldi bat pasatu beharko dute, gehienez ere honako eskala honetan adierazten dena:

a) Goi mailako teknikariak. 6 hilabete.

b) Erdi mailako teknikariak: 45 lanegun.

c) Teknikari laguntzaileak: 30 lanegun.

d) Administrazioko, zerbitzu osagarrietako eta kualifikaziorik gabeko gainerako langileak: 20 lanegun.

Probaldian alderdiek bertan behera uzten ahalko dute kontratua, kalte-ordainerako eskubiderik gabe.

Langilea aldi baterako ezintasun egoeran suertatzen bada probaldian, denbora tarte hori ez da probaldiaren barne hartuko, aldeak ados jartzen badira, betiere.

Aurretik behin-behineko, aldi baterako edo bitarteko gisa lan egin duten langileek, probaldia gainditu baldin bazuten, ez dute berriro igaro beharrik, betiere azkeneko kontratazioa kontratu berriaren data baino bi hilabete lehenago egin baldin bazen gehienez.

7. artikulua. Lan kontratuaren amaiera.

Lan kontratua Langileen Estatutuaren 49. artikuluan edo horren ordezko arauetan ezarritako arrazoietako edozeinengatik iraungiko da.

Enpresatik borondatez alde egin nahi duen langileak gutxienez hamabost egun lehenagotik abisatu beharko du. Epe hori betetzen ez badu, aurreabisurako epea bete arte falta diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.

Enpresak abisua behar den denboran eta moduan jasotzen badu, langileari lan harremanaren bukaeran dagokion likidazioa ordaintzera behartua egonen da. Obligazio hori betetzen ez badu, langileak eskubidea izanen du bi eguneko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko.

8. artikulua. Lanbide sustapena.

Enpresako langile guztiek lehentasunezko eskubidea izanen dute edozein lanbide taldetan sortzen diren lanpostu hutsak betetzeko, baldintza berberetan.

9. artikulua. Lanaldia.

Gaueko txanda egiten duten langile guztientzat urteko benetako lanorduen kopurua, 2013. eta 2014. urteetarako, 1.693 ordu dira; gainerako langileentzat, 2013. eta 2014. urteetarako, 1.701 ordu dira. Enpresak konpromisoa hartzen du Langileen Estatutuak baimentzen duen %10eko malgutasuna ez erabiltzeko, eta orain arteko lan sistema berarekin segituko du.

Ezartzen den lan-egutegiko denboraz gainera, Zuzendaritzak eskatutako langileek lantokian ematen duten denbora guztia lan denboratzat hartuko da. Soberako lanorduak lau hilabetean behin doituko dira.

10. artikulua. Atsedenaldiak.

Lanaldiaren bukaeratik hurrengo lanaldia hasi bitartean segidan 12 ordu pasatuko dira gutxienez. Langile guztiek astean egun eta erdiko atsedenaldia egiteko eskubidea dute, etenik gabe, edo legez ezartzen den denborakoa.

Eguneko lanaldia sei ordutik gorakoa den guztietan, langileek hogei minutuko atsedenaldia izanen dute, norberaren lan planean agertu beharreko eguneroko programazioaren barrenean. Atsedenaldi hori benetako lan denboratzat hartuko da.

11. artikulua. Oporrak.

Oporraldiaren hasierako eguna langileek eta enpresak aurretik adostu beharko dute. Oporren egutegia urteko lehenengo bi hilabeteetan finkatuko da.

Enpresaren hitzarmen honen pean dauden langileek, lan egutegian finkatutako orduen eta hitzarmenean ezarritako orduen arteko aldea zenbatekoa den, horrenbeste ordu izanen dituzte opor gisa, betiere legezko araudian ezarritako gutxieneko oporraldia errespetatuz.

Oporren banaketa enpresak eta langileen ordezkariek ituntzen duten oporren egutegiari jarraikiz eginen da, ordezko langileen eskuragarritasunaren arabera; nolanahi ere, enpresaren eta langilearen artean desadostasunik izanez gero, unean-unean dagoen lan kargaren arabera ebatziko du enpresako zuzendaritzak. Opor egunak lansarien taularen arabera ordainduko dira. Horren ondorioetarako, larunbatak laneguntzat hartuko dira.

12. artikulua. Ordaindutako baimenak.

Langileek, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik abisatuz eta ondoren justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:

a) Ezkontzeagatik edo bikotekidearekin bizitzen jartzeagatik: 16 egun, oporraldiari eransten ahalko zaizkionak, langileak hala aukeratuz gero.

b) Emaztea edo bikotekidea erditzeagatik: 3 egun.

c) Bikotekidearen heriotza: 7 egun.

d) Ezkontza edo odol bidezko bigarren gradu arteko ahaide bat hiltzeagatik, ospitaleratzeagatik edo operatzeagatik: 3 egun, lantegitik 40 kilometrora arteko toki batean gertatzen bada, eta 5 egun lantokitik 40 kilometrotik gora dagoen toki batean gertatzen bada. Erditzearen baimena lehen mailako odol-ahaideentzat emanen da bakarrik eta 3 egunekoa izanen da. Kirurgia anbulatorioa egiten denean, egun bat.

Hirugarren mailako odol ahaideak hiltzen direnean, langileek egun bateko lizentzia hartzeko eskubidea izanen dute, heriotzaren ziurtagiria aurkezten badute.

e) Ohiko bizitokia aldatzeagatik: egun bat.

f) Seme-alaben edo anai-arreben ezkontzagatik: egun bat.

g) Semearen edo alabaren bataioagatik eta jaunartzeagatik: egun bat.

h) Langileak gizarte segurantzako medikuaren kontsultara joan behar duenean, dela familia medikuarengana, dela espezialistarengana, behar den denbora emanen zaie; betiere, ezinezkoa bada kontsulta horietara lanorduetatik kanpo joatea eta medikuek baja-agiria edo kontsultaren ziurtagiria ematen badute. Lehen mailako ahaideren bati medikuarenera laguntzeko ere ateratzen ahalko dira lantokitik, kontsultara joateko behar den denboraz, eta betiere medikuaren ziurtagiria aurkeztuz.

i) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

j) 9 hilabetetik beherako haurrari esnea emateko: egunero ordu bat edo egiten duen lanaldiaren zati proportzionala. Langileak nahi izanez gero, horren ordez 30 minutuko bi geldialdi hartzen ahalko ditu egunero, aipatu aldiak irauten duen bitartean, edo lizentzia honengatik dagokion denbora haurdunaldiko lizentziari eransten ahalko dio. Baimen hori ezin izanen dute aldi berean hartu bi ezkontideek edo gurasoek.

k) Titulu akademiko bat lortzeko edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio bat lortzeko asmoz Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak edota Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, ofizial edo aitortuetan, izena eman duten langileek azterketetara eta gaitasun eta ebaluazio probetara joateko behar-beharrezkoa den denbora hartzen ahalko dute.

l) Haurdun dauden langileek eskubidea izanen dute lanetik alde egiteko, lansaria izateko eskubidearekin, jaio aurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik enpresari abisatu behar zaio, eta horiek lanaldian egin beharra justifikatu.

Langile guztiek soldatarik gabeko 15 baimen eskatzen ahalko dituzte urtean gehienez. Gutxienez lanegun bat lehenago abisatuz gero, baimen eskaera hori onartu beharko zaio; orobat, soldatarik gabeko 15 baimen eskatzen ahalko dituzte urtean, gutxienez bost lanegun lehenagotik eskatuz gero, onartu beharko zaizkionak. Baimen hori emateko, baldintza bat ezarri da, hots, baimena hartzen duen langileak uzten duen lanpostuaren eginkizunak betetzeko eskarmentu nahikoa duen langilerik izatea.

Langile emakumezkoek, erdituz gero, ehun eta hamabi egun ordaindu hartzeko eskubidea izanen dute, beraiek nahi bezala banatuak, legez ezartzen diren epeetan eta baldintzetan.

13. artikulua. Ordu sindikalak.

Langileen ordezkari edo enpresa batzordeko kide bakoitzak 20 ordu izanen ditu hilabetero, bere beharren arabera banatzeko.

Ordezkarien ordu sindikalak ordezkari baten edo gehiagoren esku pila daitezke, uzten dituen ordezkariaren baimena izanez gero. Ordu horiek erabiltzeko, aski izanen da Zuzendaritzari jakinaraztea langileak noiz atera behar duen lantokitik eta zenbat denborarako.

Artikulu honetan adierazitako baimenak hartzen badira, ez da inolaz ere murriztuko 11. artikuluan ezarritako urteko opor egunen kopurua.

14. artikulua. Eszedentziak eta lanaldi murrizketak.

1. Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke. Nahitaezkoa, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean eskatu beharko da.

2. Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bosterako gehienez. Eszedentzia bat hartuz gero, amaitzen denetik lau urte igaro behar dira eskubide honetaz berriro baliatu ahal izateko.

3. Langileek eszedentziarako eskubidea izanen dute, hiru urtekoa gehienez, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, bai naturala bada eta baita adopzioan hartua bada ere, haurraren jaiotegunetik hasita. Hurrengo seme-alabek beste eszedentzia baterako eskubidea emanen dute, baina azkeneko eszedentziak aurrekoaren bukaera ekarriko du. Aitak eta amak lan egiten dutenean, batek bakarrik erabiliko du eskubide hau. Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian pasatzen duen denbora antzinatasunerako kontatuko zaio, eta bitartean eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epea bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide-talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da. Bestetik, probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.

5. Eszedentzian dagoen langileak ez du beste eskubiderik enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna izatea baizik.

6. Eszedentzia egoera bi alderdiek adosten dituzten beste egoera batzuetara ere heda daiteke, kasuan-kasuan ezartzen den araubidean eta ondorioekin.

7. Legepeko zaintza dela eta, langileren batek 10 urtetik beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen urritu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, heren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

15. artikulua. Ikastaroetan parte hartzea.

Enpresak, bere ekimenez edo langileek eskatuta, langileak bere lanbide jarduerari buruzko ikastaroetara, mintegietara, jardunaldietara edo antzekoetara joatea erabakiz gero, jarduera egiten den tokiraino joateko eta etortzeko gastuak eta mantenu eta ostatukoak ere bere gain hartuko ditu, baita izena emateko gastuak ere. Parte-hartzaileek behar bezala justifikatu beharko dituzte gastu horiek.

16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Laneko eritasun baten edo lan istripu baten ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, enpresak langileari eskubidez dagokion prestazioa bajaren lehenbiziko egunetik osatuko du, taulen araberako hilabeteko soldataren gehi antzinatasun sariaren %100 berdindu arte.

Langilea ospitaleratu behar izanez gero, hilabeteko soldata errealaren gehi antzinatasun sariaren %100 jasotzeko eskubidea izanen du, baina ospitaleratua egon bitartean eta ospitaleratze horren ondoriozko eriondoan bakarrik.

Haurdun dauden langileen kasuan, aldi baterako lan ezintasuna amatasun bajaren aurreko eritasun arrunt baten ondorioz baldin bada, haurdunaldiaren seigarren hilabetetik haurra jaio arte soldata errealaren eta antzinatasun sariaren %100 ordaindu beharko dio enpresak. Osagarri hori ordaindu beharko da, orobat, aldi baterako ezintasuna haurdunaldiko arriskua dagoelako agintzen denean, mediku batek diagnostikatuta. Horrelakoetan, osagarria haurdunaldiko arriskua diagnostikatzen den egunetik aplikatuko da. Egun horrek baja-agiriaren datarekin bat etorri beharko du.

Baliaezintasuna dakarten eritasun kasuetan, enpresak, diagnostikoa profesional independente batekin kontsultatu ondoren, egiazko soldataren eta antzinatasun sariaren %100era artekoa ordainduko du.

17. artikulua. Oinarrizko soldata (hilabete naturala).

Lanbide kategoria bakoitzeko lanpostuen balorazioa eginda, kategoria bakoitzari dagozkion hilabeteko oinarrizko soldatak I. eranskinekoak dira, laguntzailearen lanbide kategoriakoa izan ezik, horiei lan egindako ordu bakoitzeko 7,11 euroko soldata ordainduko baitzaie. Diru-kopuru horren barnean lansari kontzeptu guztiak sartzen dira (soldata, atsedenaldiak, aparteko sarien banaketa proportzionala eta oporretako sarien banaketa proportzionala).

18. artikulua. Soldaten berrikuspena.

2013. eta 2014. urteetarako tauletan agertzen dena izanen da soldata.

19. artikulua. Goragoko mailako lanak.

Enpresaren beharrak direla kausa, langileren batek kontratatu zuten lanbide kategoriaz goragoko lanbide kategoria bati dagozkion lanak egiten baditu, lan horiek benetan egiten dituen bitartean goiko kategoriari dagokion soldata jasotzeko eskubidea izanen du.

20. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Lana 22:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak bitarte egiten duten langileek gaueko lanaren plusa kobratzeko eskubidea izanen dute.

Plus hori 18 eurokoa izanen da 2013. eta 2014. urteetan.

Abenduaren 24an eta 31n (Gabon Gaua eta Urtezahar gaua, hurrenez hurren) 22:00etatik biharamuneko 8:00ak bitarte lan egiten duten langileek 50 euroko lansari berezia jasoko dute.

21. artikulua. Jaiegunetako eta igandeetako plusa.

Errekuperatzekoak ez diren jaiegunetan (*) lan egiten duten langileei 18 euro ordainduko zaie kontzeptu horregatik 2013. eta 2014. urteetan.

Adierazitako plus horiez gainera, igandeetan lan egiten duten langileek 18 euroko plusa jasoko dute 2013. eta 2014. urteetan lan egiten duten igande bakoitzeko.

Gaueko plusa, errekuperatzekoak ez diren jaiegunetako plusa eta igandeetako plusa ordaintzeko, langilea lanean hasteko eguna hartuko da aintzat, ez ateratzekoa, nahiz eta jai ordu gehienak ateratzeko egunekoak izan.

Jaiegunetako eta gaueko lanaren plusak ez dira langilea oporraldietan dagoen bitartean ordainduko, ez eta baimen ordaindua duen egunetan ere; benetan lan egiten den egunetan ordainduko da, bakar-bakarrik.

(*) Errekuperatu behar ez diren jaiegunen kontzeptuaren barrenean ez dira igandeak sartuko; izan ere, multzo hori urtean errekuperatu behar ez diren 14 jaiegunek osatzen dute.

22. artikulua. Aparteko orduak.

Debekatuta dago, espresuki, aparteko ordurik egitea. Ezinbestez egin behar badira, dagokion ordaina ohiko orduaren %175ekoa izanen da gutxienez; diruaren edo orduaren bidez konpentsatuko dira, langilearen hautura.

23. artikulua. Aparteko eskersariak.

Hitzarmen honek irauten duen bitartean, hainbanatu eginen dira. Hitzarmen hau amaitzean, aldeek konpromisoa hartzen dute artikulu hau berrikusteko.

24. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunari dagokion osagarria hirurtekotan ordainduko da, oinarrizko soldataren %3,25 hirurteko bakoitzeko. Gehienez bi ordainduko dira. Hirurtekoak kontatzean, probaldiak eta ikasten emandako denbora ere kontatuko dira.

25. artikulua. Arropa eta oinetakoak.

Enpresak arropa edo uniformea eta oinetakoak emanen dizkie langileei. Lanean erabiltzearen ondorioz beharrezkoa den guztietan berrituko dira.

26. artikulua. Dietak.

Dieta-erdiagatik 9,01 euro ordainduko dira eta dieta osoagatik 30,05 euro.

27. artikulua. Kilometrajea.

Langilea ados egonda, enpresaren beharrak direla-eta langileak bere ibilgailua erabili beharra duenean, enpresak 0.19 euro ordainduko dizkio kilometroko.

28. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Enpresak, erantzukizun zibileko poliza baten bidez, aseguru bat eginen die langile guztiei, lanaren ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak estaltzeko.

Hitzarmen honen pean dauden langile guztiek aseguraturik egon beharko dute eta kreditazioa TC-2 buletinen bidez eginen da.

Nahitaezko eszedentzian dauden langile guztiak ere aseguratuko dira, kargu publiko bat betetzeko izendatu edo hautatu direnak izan ezik, zentroaren TC delakoetan agertzen ez badira ere.

29. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.

Enpresak aseguru poliza bat itunduko du, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren kasuetarako. Hona hemen aseguratutako kapitala:

a) 24.040,48 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

b) 27.045,54 euro, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorragatik edozein lanbide edo egitekotarako.

30. artikulua. Lan osasuna.

Laneko osasun eta segurtasunaren arloko arauei dagokienez, enpresak unean-unean indarra duten legeetan xedatutakoari segituko dio.

Urtean behin, osasun azterketa eginen zaie langile guztiei.

31. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

–Hutsegite arinak:

a) Hogeita hamar egunean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea.

b) Lanera agertu ez eta hurrengo hogeita lau orduetan hutsegitearen arrazoiak ez jakinaraztea.

c) Bidezko arrazoirik gabe zerbitzua bertan behera uztea, nahiz denbora laburrerako izan. Betiere enpresari, egoiliarrei edo lankideei kalte larri edo oso larriak eragiten ez badizkie.

d) Bisitariak, familiak edo erabiltzaileak behar den adeitasunez eta arretaz ez atenditzea, betiere enpresari, bisitariei, familiei edo egoiliarrei kalte larri edo oso larriak eragiten ez badizkie.

e) Bizilekuz aldatzearen berri ez ematea enpresari.

f) Lankideekin enpresaren esparruan eztabaidan aritzea, betiere bisitarien, familien edo egoiliarren aurrean gertatu ez bada.

g) Lanaldiaren barrenean, norberaren sakelako telefonoa norberaren aferetarako erabiltzea.

h) Arauzko uniforme osoa ez erabiltzea lanaldiaren barnean.

i) Behar den baimenik edo justifikatutako arrazoirik gabe lanera ez agertzea.

–Hutsegite larriak:

a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea.

b) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, behin baino gehiagotan lanera ez joatea.

c) Zerbitzuari dagokionez, agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, enpresaren edo egoiliarren kalterako.

d) Familian izandako aldaketak, enpresak Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharretan ondorioak izan ditzaketenak, behar den garaian ez jakinaraztea. Kontu horietan maltzurkeriaz jokatzea hutsegite oso larritzat hartuko da.

e) Gorakoek esana zerbitzuaren edozein arlotan ez betetzea. Ez betetze horren ondorioz kalte nabarmenik egiten bazaio lanari edo jokabide horrek enpresari kalte nabaria sortzen badio, hutsegite oso larritzat jotzen ahal da.

f) Lantokiko gaiak edo materialak zaintzerakoan axolagabekeria larria izatea.

g) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.

h) Bisitariak, ahaideak edo egoiliarrak bertan daudela lankideekin eztabaidatzea.

i) Enpresaren gai, tresna edo jantziak lanetik kanpoko gauzetarako erabiltzea.

j) Langilearen garbitasun eta txukuntasun falta, lanean ari denean.

k) Lanean segurtasun eta osasunerako ezarritako arau eta neurriak ez betetzea edo bertan behera uztea, horren ondorioz osasunerako eta integritate fisikorako arriskuak sortzen ahal direnean izan ezik, halakoetan arau-hauste oso larritzat joko baita.

l) Lanean ari dela erretzea edo alkoholezko edariak edatea.

m) Enpresak emandako sakelako telefonoari ez erantzutea, justifikatutako arrazoirik ez bada, lanaldian eta zaintza txandetan.

n) Hutsegite arinak behin eta berriz egitea, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, aurretik ohartarazi zaionean.

–Hutsegite oso larriak dira:

a) Urtebeteko epean lanera 20 alditan baino gehiagotan berandu iristea.

b) Hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe, hiru aldiz lanera ez joatea, edo 10 aldiz sei hilabeteko epean.

c) Eritasuna edo istripua simulatzea.

d) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea egoiliarrei, goragokoei eta lankideei.

e) Lanetik alde egitea edo zabarkeria larriz aritzea, enpresari kalte larriak eginez gero edo egoiliarrei egin ahal izanez gero.

f) Agindutako kudeaketetan iruzurra, leialtasunik eza edo konfiantza-abusua erakustea, eta enpresari nahiz hirugarrenei lapurtzea, ebastea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, enpresaren eraikinetan zerbitzua ematerakoan.

g) Enpresaren material, lanabes, tresna, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu edo haustea.

h) Enpresan edo enpresatik kanpora ebatsi edo lapurtzea, edo ondasunak bidegabe erabiltzea.

i) Lanean horditzea edo drogak erabiltzea.

j) Egoiliar edo erabiltzaile baten prozesu patologikoaren, haren barru-barruko kontu baten edo indarreko legeek babesten duten beste edozein datu pertsonalen berri ematea.

k) Enpresaren edo egoiliarren isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.

l) Enpresakoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

m) Garbitasun falta, betiere behin baino gehiagotan ohartarazi baldin bazaio langileari, edo harekin lan egiten duten lankideak zentzuzko arrazoiengatik kexatzeko moduko garbitasun falta denean.

n) Lanean ohiko errendimendua nahita gutxitzea denbora luzean.

o) Lantokian diziplinarik ez izatea.

p) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.

q) Sei hilabetean hutsegite larri bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota desberdinetakoak izan.

32. artikulua. Zehapenak.

Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari; gertakariak, hutsegitearen gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.

Hutsegite larriak eta oso larriak ordezkari sindikalari edo enpresa batzordeari jakinaraziko zaizkio, horrelakorik baldin badago.

Enpresak, egindako hutsegiteen larritasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:

a) Hutsegite arinak:

–Kargu-hartze idatzia.

–Gehienez bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

–Lanera ez joateagatik edo berandu iristeagatik lan egin ez den denborari dagozkion ordainsariak hein berean murriztea.

b) Hutsegite larriak:

–Kargu-hartze idatzia, ordezkaritza sindikalari edo enpresa batzordeari jakinarazita.

–Hiru egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Hutsegite oso larriak:

–Kargu-hartze idatzia, ordezkaritza sindikalari edo enpresa batzordeari jakinarazita.

–Gutxienez hamasei eguneko eta gehienez hirurogei eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

–Kaleratzea.

33. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.

Arau-hauste arinek hamar egun pasatzean preskribatuko dute; larriek hogei egun pasatzean; eta oso larriek hirurogei egun pasatzean. Kasu guztietan sei hilabete pasatzean.

Betiere, preskribatzeko aldia enpresak horren berri duenetik hasiko da.

34. artikulua. Eskubide sindikalak.

Langileek Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren arabera aitorturik dituzten eskubide guzti-guztiak errespetatuko ditu enpresak.

35. artikulua. Batzorde Paritarioa.

Batzorde paritario bat eratuko da, 6 kide izanen dituena: 3 langileen aldetik eta 3 enpresaren aldetik.

Batzordearen bi aldeetako edozeinek eskatzen ahal du batzordea biltzeko, eta 15 eguneko epean bilduko da, beranduenez.

–Eskumen hauek izanen ditu:

Hitzarmen kolektiboko arauak interpretatzea.

Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.

Dituen eskumenen ondorioz, edozein ordezkaritzaren hirutik batek eskatuz gero bilduko da batzorde paritarioa.

Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritza bakoitzak aholkulari baten laguntza izaten ahalko du, baita enpresa-ordezkaritzak ere. Aholkulariak hitza izanen du, baina botorik ez.

Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahal du, batzordeari aurretik abisatzen badio.

Batzorde Paritarioaren akordioek baliozkotasuna izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute.

Batzorde paritarioan sortzen diren desadostasunak Lan Gatazkak Auzibidetik Kanpo Konpontzeko Akordioan araututako bitartekotza-prozedurei jarraikiz konponduko dira.

Batzorde paritarioko kide titularrek eskubidea izanen dute bilkuretarako baimen ordaindua izateko, eta eginkizun hauek betetzen sortzen diren gastuak enpresak ordainduko ditu.

36. artikulua. Lanaldi partzialeko kontratazio irregularra.

Bitarteko kontratuen egonkortasuna bermatzeko eta aldi baterako kontratazioa murrizteko asmoz, eta orobat, mugatu gabeko lanaldi osoa duten langileei Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak 2004ko urriaren 12an emandako epaian (C-313/02 auzia) ezarritako doktrinaren araberako oporren egutegia bermatzeko asmoz, lanaldi partzialeko kontratazioetan lanaldiaren banaketa irregularra ezarri ahal izatea adostu da. Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren epai hura lanaldi partzialeko lan kontratuei buruzkoa da, eta lanaldiaren iraupena eta lan denbora lan kargaren arabera banatzea ezartzen du.

Laguntza zentroen ezaugarriak direla eta, egoiliarrei behar bezalako laguntza emateko, lanpostu askok etengabe beteta egon behar dute. Bi alderdiek adostuta, absentzia horiek ordezteko, lanaldi irregularra duten lanaldi partzialeko kontratazioak egiteko aukera ezarri da. Kasu horietan, lanaldia metatzen ahalko da eta egutegiaren arabera eta zentroetako lan karga puntualaren arabera banatuko da, lanpostu bakoitzeko titularren absentzietan oinarriturik.

Langile horiek urteko gutxieneko lanaldi bat izanen dute, lan kontratu bakoitzean banan-banan itunduko dena. Lansariak eta kotizazioak hilero-hilero kalkulatuko dira, benetan egindako orduen arabera. Gainerako lan baldintzak, oporren araubidea barne, indarreko lege xedapenetan bermatuta daudenak izanen dira.

Aparteko orduen kopurua ezin izanen da lan kontratuaren arabera duten ordu arrunten kopuruaren %60 baino handiagoa, eta ordu horiek egitea nahitaezkoa izanen da kontratuak indarra duen bitartean. Aparteko ordu horiek indarreko legedian ezarritakoaren arabera eginen dira.

37. artikulua. Lege subsidiarioak.

Hitzarmen honetan ezarri ez diren gaietarako, Langileen Estatutuan eta lan arloko legedi orokorrean xedatutakoa aplikatuko da.

Enpresak konpromisoa hartzen du hitzarmen honen indarraldian hitzarmeneko baldintzei eusteko, eta, baldintza ekonomikoei dagokienez, ez ditu aplikatuko lan erreformak ekar ditzakeen eskubideak. Ez da aplikatuko Langileen Estatutuaren 82. artikulua.

Bi alderdiek espresuki erabaki dute desadostasunak konpontzeko prozesuak Nafarroako Lan Auzitegiko lanbide arteko akordioaren adiskidetze eta bitartekotzakoak izanen direla, betiere. Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik berari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.

I. ERANSKINA

Soldaten taulak

KATEGORIAK

DESKRIPZIOA

OINARRIZKO SOLDATA

OLT/EUD

1.296,21 euro

SUKALDARIA

959,27 euro

ILE-APAINTZAILEA

974,93 euro

ADMINISTRARIA

1.090,00 euro

MANTENTZE-LANAK

974,93 euro

ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEA

1.090,00 euro

BEGIRALEA

1.090,00 euro

ZAINTZAILEA

959,27 euro

%100eko lanaldiari dagozkion soldatak.

Iragarkiaren kodea: F1314622