220. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

1426/2013 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Sarrigurengo udalez gaindiko plan sektorialeko 8. ordenantza aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematen zaio, “hiriko baratze ekologikoak” ezarri ahal izateko. Eguesibarko Udala da sustatzailea.

2012ko martxoaren 13an, Eguesibarko Udalak aipatutako espedientea aurkeztu zuen, eta 2012ko azaroaren 23an osatu zuen, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren errekerimenduari erantzunez. Proposatzen da 8. ordenantzako 8.1.2 puntua aldatzea, atal bat gehituz, baratze ekologikoak ezarri ahal izateko natura babesteko sistemarako eremuetan.

Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala 2000ko azaroaren 11n sartu zen indarrean. Espazio libre naturalizatuak honela definitzen dira: “eremu horiek zeinei, ahal den neurrian, itzultzen zaien galdutako naturaltasun maila edo zeinei daukaten naturaltasun maila gordetzen zaien. Korridore ekologikoetarako koltxoia dira, eta naturako osagaien arteko erlazioa sustatzen dute, baita horien eta hiriko jardueren artekoa ere.” Espazio horietan aurreikusitako erabilerak 8. ordenantzan zehazten dira, 8.1.2 puntuan.

Aldaketaren xedea da espazio libre naturalizatuen erabilera horiei gehitzea baratze sozialen erabilera, betiere araubide ekologikoan, eta erabilera horretarako ingurumen-aholkularitzarako behar den instalazioa. Horretarako ezartzen dira hainbat baldintza formal eta ezarpenekoak, horrela bermatzeko UPSak esleitutako funtzioari eutsiko diotela espazio horiek.

Eman nahi zaion erabilerak jabari hidrauliko publikoko lurrak ukitzen ditu, zortasun eta polizia eremuetan. Horregatik, 2013ko abenduaren 10ean Ebroko Ur Konfederazioari bere eskumeneko txostena eskatu zitzaion, Urari buruzko Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluarekin bat.

2013ko irailaren 13an txosten hori hartu zen, eta hartan esaten zen ezen baratzeak koka daitezkeen edozein lekutan (EN-1, EN-2, EN-3B eta EN-4) baratzeak kokatzeak ez lukeela ekarriko ukipen berririk jabari hidrauliko publikorako, ezta ohiko ubidearen eremura ere, eta uholde-arrisku handiagorik ere ez lukeela ekarriko. Horregatik, aldaketaren aldeko txostena egin da, jabari hidrauliko publikoari eta ur korronteen araubideari dagokienez. Ur eskaera berriei dagokienez, jatorrian baliabideak izateari buruzko aldeko txostena eman da. Gainera, hainbat aurreikuspen orokor eman dira, kontuan hartu beharko direnak, proposamena ukitzen duten neurrian.

Azkenik, akats bat aurkitu da dokumentuan, zuzendu behar dena: “Esparruaren barneko banako lurzatien bereizketa” aipatzen duenean, banako lurzatiez dihardu, baina egiaz loteei buruz aritu beharko luke.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena, 2013ko irailaren 18koa, eta Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sarrigurengo udalez gaindiko plan sektorialeko 8. ordenantza aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea, “hiriko baratze ekologikoak” ezarri ahal izateko. Eguesibarko Udala da sustatzailea.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta eragindako udalei entzutea ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua; 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, agiria Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, baita Sustapen Departamentuaren webgunearen “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere (www.ExposicionPublicaOT.navarra.es), ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Ebroko Ur Konfederazioari eta Eguesibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko urriaren 15ean.–Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Iragarkiaren kodea: F1314548