220. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Ordenantza, Berrostatatzeak ukituendako etxebizitzak eskuratzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2012ko irailaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen udal ordenantza, Atarrabiako udalerrian hirigintzako jarduketen ondoriozko berrostatatzeek ukituendako etxebizitzak eskuratzeko laguntzak arautzen dituena.

Hura 2013ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 18an, eta jendaurrean egoteko aldia iragan da inork elagaziorik aurkeztu gabe. Beraz, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu zenez, bidezkoa da haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Atarrabian, 2013ko urriaren 25ean.–Alkatea, Pedro Gastearena García.

ATARRABIAKO UDALERRIAN HIRIGINTZAKO JARDUKETEN ONDORIOZKO BERROSTATATZEEK UKITUENDAKO ETXEBIZITZAK ESKURATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK

Atarikoa

UCC2-b unitateko hirigintzako jarduketek ukituak berrostatatzeko Atarrabiako Udalak aurreikusitako kudeaketan, kontuan hartu beharko da 35/2002 Foru Legearen 140. artikulua, berrostatatzeko eta itzultzeko eskubideak arautzen dituena, eta Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 20 3. F) artikulua, eskubide hori bermatzen duena.

Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 28. artikuluaren zentzu berean, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du 17.2 artikuluaren c letraren babespean diru-laguntzak emateko arrazoitu beharko direla diru-laguntzaren onuragarritasuna eta interes soziala edo xede publikoaren lorpena, eta azaldu beharko da lehia printzipioa zergatik ezin den aplikatu.

Horrez gain, hirigintzako jarduketek ukituek beren ohiko etxebizitza galduko dute, eraitsirik, eta hori, inolako dudarik gabe, gizarte interesa duen afera da. Beraz, horiek etxebizitzaren jabetzara iristea errazteko ere, Atarrabiako Udalak darabil laguntza pertsonalak ezartzea, hartzaile bakoitzaren egoeraren arabera, ukituen karga ekonomikoa gutitzeko, etxebizitza babestu bat edo, bere hautara, merkatu librean dagoen bertze edozein erosteko erraztasunak emanez.

Alde horretatik, bi aukera daude, ukituaren hautan, betiere betetzen baditu kasu bakoitzerako aurreikusten diren baldintzak: alde batetik zuzeneko diru-laguntzak eskaintzen dira edozein etxebizitza mota erosteko, ukituaren hautara, muga generikoa izanik ordenantzan berean etxebizitza bat erosteko ezartzen den modulua, eta bertze alde batetik, Udalak jabe ukituaren eskura jartzea etxebizitza babestu bat, haren familiaren beharretara egokitua, ordenantzaren beraren irizpideen arabera, horretarako Udalari lagaz eraikuntzaren eskubide eta kalte-ordain guztiak, eragiten dion hirigintzako jarduketaren ondoriozkoak.

Horrenbertzez, xede hori izanik, deialdi hau onetsi da.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea. Deialdi honen xedea da udalerrian hirigintzako jarduketek ukitutako etxebizitzen jabeei salmentako baldintzetan berrostatatzeko eskubidea errazteko Atarrabiako Udalak ezartzen dituen jarduketak arautzea.

2. artikulua. Edukia. Ordenantza honetan aurreikusitako jarduketen hartzaileek hautara izanen dute ondoko laguntzetako edozein, betiere kasu bakoitzerako aurreikusi diren baldintzak betetzen badituzte:

a) Diru-laguntza bat ezarri da, bana-banaka ondoko artikuluetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten lagun guztiei emanen zaiena, ohiko biziztegia izanen den etxebizitza erosteko.

Mota honen eskuratzaileak, berriz, diharduen administrazioaren eskura jarri beharko ditu laguntza deialdi honetako artikuluetan aurreikusten diren eskubideak.

b) Aurreikusten da ostatatzeko eskubidea izateaz gain ondoko artikuluetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten ukituak berrostatatu ahal izanen direla beren eskura jartzen den unitatearen eremuko etxebizitza batean, eta hura haien behar ekonomiko eta familiarretarako egokia izanen dela; etxebizitza babestua izanen da betiere, eta haren barnean ez dira sartuko etxebizitzari loturiko garajea eta trastelekua, onuradunaren kontura izanen baitira.

Halaber, mota honen bidezko eskuratzaileak diharduen administrazioaren eskura jarri beharko ditu laguntza deialdi honetako artikuluetan aurreikusten diren eskubideak.

I. TITULUA

Laguntzen xedea

3. artikulua. Hartzaileak.

A) 2. artikuluaren a) paragrafoan deskribatu diren diru-laguntzen hartzaileak izanen dira ondoko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztenak:

1. Behin betiko onetsirik egotea legeak hirigintzan jarduteko aurreikusten dituen sistemetako edozeini dagokion kudeaketa proiektua.

2. Espedienteari atxikitako etxebizitzaren jabeak izatea eta hura beren ohiko etxebizitza dela frogatzea, legeak hirigintzan jarduteko aurreikusten dituen sistemetako edozeini dagokion kudeaketa proiektua onetsi baino bi urte lehenagotik.

3. Ez izatea bertze etxebizitza baten titularrak Atarrabian eta haren eskualdean, salbu eta berrostatatzeko erosten dutena. Eskualdea erraten delarik ulertu behar da Atarrabiako eskualdeko Mankomunitateak ezartzen duena garraioari dagokionez.

4. Indarra duen legeriari jarraikiz, berrostatatzeko eskubidea izateko baldintzak betetzea.

5. Ohiko bizitegitako dagokien etxebizitza erosteko prezioa berdintzeko erabiltzea, aldairaren gastuak kenduta, dagokien kalte-ordainaren zenbateko guztia, kasu bakoitzari dagozkion exekuzio proiektuen balorazioaren agiri bakoitzean finkatu zena.

6. Konpromisoa hartzea etxebizitza ohiko bizitegi iraunkorra izateko, baita hura ez besterentzeko ere gutienez ere bortz urtean laguntza eskuratu denetik. Epe horretan hirugarrenei besterenduz gero, konpromiso horren barnean sartzen da eskuratutako laguntzaren zenbatekoa itzuli beharra, legeak ezartzen duen korritua gehiturik.

B) 2. artikuluaren b) ataleko aukera hautatuz gero, hartzaileek bete beharko dituzte ondoko baldintza guzti-guztiak:

1. Behin betiko onetsirik egotea legeak hirigintzan jarduteko aurreikusten dituen sistemetako edozeini dagokion kudeaketa proiektua.

2. Espedienteari atxikitako etxebizitzaren jabeak izatea eta hura beren ohiko etxebizitza dela frogatzea hasiera batean onestean indarra duen garatzeko planeamendua, etxebizitza hori antolamenduz kanpo uzten duena, eta betiere legeak hirigintzan jarduteko aurreikusten dituen sistemetako edozeini dagokion kudeaketa proiektua onetsi baino bi urte lehenagotik. Inguruabar hori eskritura publikoan jaso beharko da.

3. Ez izatea bertze etxebizitza baten titularrak Atarrabian eta haren eskualdean, aipatu diren datetatik zaharrenaz geroztik.

Arestian bezala, eskualdea erraten delarik ulertu behar da Atarrabiako eskualdeko Mankomunitateak ezartzen duena garraioari dagokionez.

4. Indarra duen legeriari jarraikiz, berrostatatzeko eskubidea izateko baldintzak betetzea.

5. Udalaren eskura jartzea eta haren alde lagatzea, batere erabili gabe (ondoko paragrafoan aurreikusten diren kasuak izan ezik) kontzeptu guztiengatiko kalte-ordaina, aldairaren gastuak kenduta, eta orobat ekarpenez jarritako orube edo finkaren gainean duten partaidetzaren ehunekoaren ondorioz dagozkien hirigintza-eskubideak, kargarik gabeak, urbanizazio gastuen likidazio kontuaren ondoriozkoa salbu. Eskubide horiek hirigintzan jarduteko sistema betearazteko proiektuaren agirietan finkatu ziren.

Jarduketa eremu honi atxikitako etxebizitzen jabeek, beren hirigintzako eskubideak besterendu badituzte eta/edo kalte-ordaina erabili, bi kontzeptuengatik eskuratutako zenbatekoak itzuli beharko dizkiote Atarrabiako Udalari. Hori betetzea nahitaezko baldintza izanen da laguntza hauek eskuratu ahal izateko.

6. Konpromisoa hartzea etxebizitza ohiko bizitegi iraunkorra izateko, etxebizitza mota honen esleipen hartzaileendako indarra duen Nafarroako legeriak ezartzen dituen baldintzetan.

7. Berrostatatzeko den etxebizitza hori lehentasunez eskuratzeko eskubidea eratzea Atarrabiako Udalaren alde, hamar urtez indarra izanen duena, ordenantza honen 11. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

4. artikulua. Titularkidetasun kasuak.

Etxebizitzak pro indivisoan erosiz gero ukitutako jabearen eta bertze edozein pertsonaren artean, diru-laguntzaren oinarria (A aukera) erreferentziatako hartutako etxebizitzan onuradunak egiazki eskuratzen duen partaidetzaren balioan zenbatetsiko da.

Udalak eskainitako etxebizitza hautatuz gero (B aukera), etxebizitza bakoitzak baizik ez du eskubidea emanen bertze bat erdiesteko; horren ondorioz, etxebizitza berria erostean, titulartasuna bakarrik aitortuko zaie berrostatatzeko eskubidea duten etxebizitzen jabeei, baldin eta frogatzen badute hura bere ohiko etxebizitza zela, deialdi honetan aurreikusten den bezalaxe egiaztaturik; jabe bat baino gehiago badira, haiek ezarriko dute, elkarren artean adostuta, bakoitzak zer zati duen titularkidetasunetik; bertzenaz, modu frogagarrian jasoko da berrostatatzeko eskubiderik ez duten jabeen ukoa eta lagapena eskubide hori duenaren alde.

II. TITULUA

Diru-laguntzen zenbatekoa (A aukera)

5. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzak izanen dira ondoko artikuluetan ezartzen denaren arabera kalkulatutako zenbatekoa, babes ofizialeko etxebizitza bateko metro karratuko 250 euroren gainean bi faktoreetako ondokotik biderkatua: erosiko den etxebizitzako metro karratu erabilgarriak edo eraitsi beharreko etxebizitzako metro karratu erabilgarriak. Muga 90 m² izanen da diruz laguntzen ahal den etxebizitzako metro karratu erabilgarrietan. 90 m² horietatik goiti ez da azalerarik kontuan hartuko diruz laguntzeko.

Jaso beharreko zenbatekoa xehe-mehe zehazteko, kontuan hartuko da bai erositako etxebizitzaren azalera erabilgarria bai eraitsi beharreko etxebizitzarena. Bi horien artetik, tikiena den azaleraren adierazpen numerikoa izanen da diru-laguntza emateko bigarren faktorea, formula honen arabera:

Jaso beharreko zenbatekoa: 250 euro × erosi beharreko etxebizitzaren azalera erabilgarria (< edo = 90 m²).

6. artikulua. Ordenantza honen aplikazioaren ondoriozko laguntzak behin baizik ez dira jasoko etxebizitza bakoitzeko.

III. TITULUA

Etxebizitzaren eskaintza (B aukera)

7. artikulua. Edukia.

A) Laguntza mota honen xedea da Udalak babes ofizialeko etxebizitza bat eskura jartzea, eranskinak kenduta (garajea eta trastelekua); hartzailea geldituko da haren jabe, eta haren zenbatekoa Udalaren gain geldituko da. Zenbateko horretatik kenduko dira interesdunari bere inguruabarren arabera dagozkion diru-laguntza guztiak, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuari etxea erosteko eskatu behar dizkionak, eta orobat kenduko hirigintzako jarduketaren ondorioz eraitsi beharreko etxebizitzaren jabeari aitortzen zaion kalte-ordaina, Atarrabiako Udalaren eskutan jarri beharko baitu, edo hura itzuli jadanik eskuratu badu.

Halaber, hartzaileak Udalaren eskutan jarri beharko ditu haren ondoriozko hirigintza-eskubideak, ekarpenez jarritako orube edo finkaren gainean duen partaidetzaren heinekoak eta kargarik gabeak, hirigintzako kargen likidazio kontuaren ondoriozkoak salbu.

B) Laguntza mota hau babes ofizialeko etxebizitza batean gauzatuko da; hura jabetzan eskuratuko da, eta, ahal dela, etxebizitza bat izanen da hau guztia eragin duen hirigintzako jarduketan berean sustatzen direnetarik, edo bertzenaz Udalak honetarako dauzkanetarik, edo hartzaileei esleitu zaiena.

Egozten ahal zaien etxebizitzaren azalera ez da inoiz 90 metro karratu baino handiagoa izanen, eta aplikatzekoak izanen dira 5. artikuluan ezarritako irizpideak, aldaketak etortzen ahal badira ere Udalak eskura dituen etxebizitzen arabera.

Egungo etxebizitzek hipotekak edo bertze edozein karga badituzte, laguntzen hartzaileek lekualdatu beharko dituzte; halakoetan, berrostatatzen diren jabeek uko egin beharko diete hirigintzako exekuzioaren tresnak etxebizitza horiengatik aitortzen dizkien kalte-ordainei, baita ekarpenez jarritako orube edo finkaren gainean duen partaidetzaren ehunekoaren ordainez dagokion hirigintzako aprobetxamenduari, Udalaren alde uko egin ere, honek eskuratuko baitu kalte-ordain horietarako eta aipatu hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea.

C) B aukera hautatuz gero, etxebizitza -eta garajea eta trastelekua, esleitutako etxebizitzaren eranskin gisa agertzen badira- eskuratzeko eskritura publikoaren ondoriozko gastuak laguntzaren onuradunaren kontura eta kargura izanen dira; nolanahi ere 600 euroko diru-laguntza bilduko du Udaletik, gastu horiek berdintzeko.

8. artikulua. Onuradunaren bertze betebehar batzuk. Laguntzak jasotzeko aldez aurreko baldintza izanen da jabeak edo, hala bada, jabekide guztiek (laguntzaren hartzaileak izan ala ez) Atarrabiako Udalaren alde eratzea lehentasunez eskuratzeko eskubide erreal bat, hamabi urteko iraupena izanen duena hura formalizatzen den datatik, epe horretan etxebizitzarekin egiten diren eskualdaketa guztietarako, herentzia bidezkoak izan ezik.

Eskubide hori salerosketako eskritura publikoan jasoko da eta Jabetza Erregistroan inskribatuko da. Eskriturak egiteko onuradunari ematen zaion 600 euroko diru-laguntzaren bizkar izanen dira eskubide hori eratzeko eta inskribatzeko behar diren gastu guztiak.

Udalak etxebizitza lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiliz gero, interesdunari ordainduko dio Nafarroako Gobernuak babes ofizialeko etxebizitzen bigarren eskualdaketarako ezarria duen prezioa.

Nafarroako Gobernuak erabiltzen baldin badu eroslehentasuna eta atzeraeskuratzea etxebizitzaren gainean, babes ofizialeko etxebizitzen arloko araudi berariazkoaren arabera, edo hamabi urteko epean eskualdaketa hirugarren bati egiten bazaio, onuradunak Udalari itzuliko dio horrek emandako laguntzen zenbatekoa, gehi aldi horri dagokion legezko korritua.

Aitzineko bi paragrafoen ondorioetarako, Udaleko zerbitzu teknikoak zehaztuko du, laguntza ematen den unean, zer zenbateko egiten duten Udalaren laguntzek. Hori kalkulatzeko begiratuko zaio etxebizitzaren prezioaren eta onuradunaren ekarpenari dagozkion diru-kopuruen artean dagoen aldeari. Diru-kopuru horiek dira eraikuntzaren ondoriozko kalte-ordaina, ondoriozko orubean duen partaidetzaren katastroko balioa eta Nafarroako Gobernuak emandako diru-laguntzak.

Eranskinik bada, Udalak horiek erosi beharko ditu etxebizitzarekin batera; haien balioa izanen da Nafarroako Gobernuak bigarren eskualdaketarako finkaturiko legezko salmenta balioa.

IV. TITULUA

Laguntzen kudeaketa.

9. artikulua. Eskaerak eta dokumentazioa. Hona arestian aipaturiko baldintzak betetzen direla frogatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Bi laguntza motetarako direnak:

1. Eskabide ofizialaren araberako eskabidea.

2. Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiria, bere izenean edo ordezkari gisa.

3. Laguntza eskatzeko gaitzen duten inguruabarren zerrenda, ukitzen duen hirigintzako espedienteari dagozkionak (horra ekarritako jabetza eskubidea edo erroldatzearen eta bizilekuaren ziurtagiria eta balorazioen espedientean finkaturiko kalte-ordainaren zenbatekoa), deialdi honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

4. Eskatzailearen zinpeko aitorpena eta, hala behar badu, etxebizitzaren gain jabekidetza eskubideak dituenarena, Atarrabiako eskualdean bertze etxebizitza baten gain ez eskubiderik ez jabetzarik ez duela dioena, eta harekin batera, ezezkoaren ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Lur-ondasuneko Departamentuak luzatua.

5. Zinpeko aitorpena, Atarrabiako Udalarekiko ordainketak eguneratuak dituela dioena.

6. Ondoriozko orubearen gaineko eskubideen salmentaren eskritura publikoa, edo ziurtagiria (epai judiziala etab.), haiek lehenago besterendu badira.

7. Laguntzen eskaerari buruz kasuan kasuko erakunde publikoetan agertzen diren datuetan sartzeko baimen berariazkoa eta idatzia.

8. Atarrabiako Udalak eskatzen duen dokumentazio osagarri guztia, haren esku utzi baita laguntzen kudeaketa.

Arestiko dokumentazioaz landa eta interesdunak hautaturiko aukeraren arabera, hauek ere ekarri beharko dira:

A aukerarako:

1. Salerosketaren kontratua, erakunde eskudunak behar bezala ikus-onetsia, edo salerosketaren eskritura, aitzinetik erosia bada.

2. Konpromiso idatzia, Urbanizatze prozesuan hartzaileari legokiokeen kalte-ordaina eta, halakorik bada, ordenantza honen ondoriozko diru-laguntza diruz lagundu beharreko etxebizitza erosten erabiltzeko.

3. Konpromiso idatzia, etxebizitza ohiko bizitegi iraunkortako erabiltzeko eta hura gutienez ere bortz urtean ez besterentzeko; hala egiten ez bada, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, legezko korritua gehiturik.

B aukerarako:

1. Konpromiso idatzia, kalte-ordaina eta urbanizatze prozesuaren ondoriozko orubearen gaineko eskubideak lagatzeko deialdian adierazitako baldintzetan laguntza ematen den unean.

2. Konpromiso idatzia, etxebizitza ohiko bizitegi iraunkortako erabiltzeko eta hura, erosten denetik, etxebizitza babestuari buruz indarra duen Nafarroako legeriak finkatzen duen gutieneko epean ez besterentzeko; berariaz aitortuko da Udalaren eskutan jartzeko betebeharra, lehentasunez eskuratzeko eskubidearen ondorioz, eta ordenantza honetan aurreikusitako zenbatekoak Atarrabiako Udalari itzultzeko betebeharra.

10. artikulua. Diru-laguntzen ordainketa. Ordenantza honek aurreikusten dituen bi aukeratako edozeinetan, aitzineko xedapenei jarraikiz egindako kalkuluen arabera tokatzen diren laguntzen ordainketa eginen da berrostatatzeko etxebizitzaren salerosketa eskritura publikoan ezartzen den unetik aitzina.

Behar bezala justifikaturiko arrazoiak tarteko badira, aitzinatzen ahalko da A) aukeran aurreikusitako laguntzen ordainketa berrostatatzeko etxebizitza erosteko hasierako ekarpena egiten den puntura, gisa hartara ukituak egin ez dezan arau honetan aurreikusi ez bezalako gasturik.

11. artikulua. Aurrekontuko kontu-saila. Laguntza hauek ekitaldi bakoitzean duten zenbatekoak urte bakoitzeko aurrekontuan horretarako dagoen kontu-saileko diru-kopurua izanen dute muga. Hala ere, aurrekontuan behar bezainbat diru ez izateak ez ditu galaraziko laguntza hauetarako eskubideak.

12. artikulua. Xedapen komunak.

a) Deialdi honek babes ofizialeko etxebizitzari buruzko foru legeriara jotzen duen aldiro, baita moduluaren balioaren gainean egiten duenean ere, ulertuko da ari dela laguntza eskatzen den momentuan indarra duenaz.

b) Laguntzak emateko nahitaezko baldintza izanen da deialdiaren 9. artikuluan zerrendatu diren agiri guztiak aurkeztea.

Iragarkiaren kodea: L1314935