1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
430E/2013 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Izurdiagako udal mugapean Zaragoza-Altsasuko trenbideko 202/497 KPan pasagunea kentzeko proiektuari buruz. Sustatzailea Sustapen Departamentua izan da.
2012ko apirilaren 17an, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igorri zion Izurdiagako udal mugapean Zaragoza-Altsasuko trenbideko 200/497 KPan pasagunea kentzeko proiektua. Hura Asterain-Irurtzun NA-7010 errepideko goiko pasabidea da, Izurdiagako bi eremu eraikien artean. Proiektuaren barruan aldatutako tarte bat eta egungo errepidetik goiko pasabide horretara behar bezala joateko saihesbidea daude.
Proposamen hori ez da Asterain-Irurtzun NA-1010 errepidea Arakil ibarrean barna aldatzeko eraikuntza proiektuaren informazio azterlaneko alternatiba; hura beheko pasabide bat da, kendu beharreko pasagunearen toki berean, eta ingurumen eraginaren aldeko adierazpena dauka, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 560/2008 Ebazpenaren bidez emana. Horrenbestez, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio berria egin da.
Saihesbideak errepidearekin bat eginen du biribilgune baten bidez, iparraldean, La Estacion auzoan, A-15eko beheko pasabidearen ondoan, eta beste biribilgune baten bidez San Juan auzoan. Izurdiagako egungo zeharbidea irtenbiderik gabeko bi kaletan banatuko da, trenbideak bereizita. Iparraldeko tarteak ahalbidetuko du La Estacion auzora sartzea, iparraldeko biribilgunetik, eta hegoaldeko tarteak, berriz, San Juan auzoa lotuko du egungo pasagunearen hegoaldean dauden gainerako etxebizitza, eraikin eta lokalekin.
Ingurumenaren aldetik, goiko pasabideko lubetako ezponden garrantzia nabarmendu behar da, baita saihesbidearen iparraldean proiektatzen den lubaki tarteko lur-erauzketan egin beharreko ezpondena ere. Trazadurari dagokionez, zehaztutakoaz gain, ikusi da saihesbidearen hasierako tarteak, hegoaldeko biribilgunea baino lehenagokoak, pixka bat okupatzen duela Arakil ibaian urak ohiz kanpotik har dezakeen eremua. Egungo errepidearen antzeko sestra dauka, baina zabalera handiagoa; hori dela eta, harri-lubetarekin babestuko da hasierako tarte hori. Dokumentazioaren barruan biltzen da hornidura, komunikazio, saneamendu eta behe tentsioko nahiz tentsio ertaineko elektrizitate zerbitzuak berriro ezarriko direla. Hiri lurretatik eta saihesbideak zuzenean ukitutako lurretatik pasako dira zerbitzu horiek; nabarmenena da "Oskia-Irurtzun" tentsio ertaineko aireko linea lur azpitik joanen dela, eta horretarako bi euskarri aldatuko dira, airetik lur azpira pasa dadin, bai eta transformazio zentro bat ere. Gainera, landa bide berri bat diseinatu da, saihesbidearen eta saihesbideko hegoaldeko ertzarekin paraleloa den trenbidearen artean kokatzen diren laboreetara joateko. Halaber, obratik soberan gelditzen diren lurrak utzi eta zabaltzeko eremu bat agertzen da proposamenean.
Espero daitezkeen eraginen balorazio egokia dauka azterlanak. Arakil ibaian uholdeak izateko arriskuari dagokionez, proiektuak Ebroko Ur Konfederazioaren aldeko txostena dauka, 2012ko irailaren 10ekoa. Espedientean jasotako txostenen arabera, ez da aurreikusten inolako ukipenik abelbideen gainean edo Nafarroako ondare arkeologikoaren gainean. Trenbidea eta A-15 hurbil izanda, eremuak jasaten duen zarata mailaren estimazio bat dauka azterlanak. Datuak 4 puntutan hartu dira, Izurdiagako zenbait eraikuntzatan, zein egungo saihesbidearen ondoan baitaude, eta, halaber, saihesbide berriaren aldamenean ere egonen baitira.
Ingurumena zaintzeko aurkeztutako programak behar bezalako kontrol neurriak hartzen ditu aintzat, zein aplikatu beharrekoak baitira. Bertan organo eskudunaren, sustatzailearen, obra zuzendaritzaren eta kontraten ardurak zehazten dira, hura bete eta garatzeari eta haren eraginkortasunari dagokienez.
Sustapeneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 19/2013 Foru Aginduaren bidez (2013ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 14koa), espedientea jendaurrean jarri zen. Epe horretan sei alegazio-idazki jaso ziren. Haien edukia, oro har, teknikoa edo desjabetzeei buruzkoa da. Iradokitzen da proposamena edo neurriak pixka bat aldatzea, saihesbidetik herriko hainbat tokitara sartzeko bideari, bide segurtasunari eta abarri dagokienez. Zenbait alegaziok zalantzan jartzen dituzte lubetaren eragin bisuala eta eragin akustikoa, eta proposatzen dute espezie autoktonoak hautatzea bertan landatzeko, edo kolokan jartzen dute Zarrastiko Errekako irteeraren diseinua, eta abar. Puntu gehienak dagoeneko aipatuta daude ingurumen eraginaren azterlanean, eta eraikuntza proiektuan eta landareztatzekoan garatuko dira.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura egoki egin dela eta proiektuak ez duela ingurumeneko ukipen adierazgarririk sortuko.
Horrenbestez, departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea Izurdiagako udal mugapean Zaragoza-Altsasuko trenbideko 200/497 KPan pasagunea kentzeko proiektuari buruz. Ingurumen aldetik bideragarria dela iritzi zaio Sustapen Departamentuak bultzatzen duen proiektu horri, betiere Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jasotako neurri zuzentzaileez gain, honako baldintza hauek betetzen badira:
–Kalitate Zerbitzuari igorriko zaio, horrek txosten bat egin dezan ustiapena hasi aurretik, zein den zehazki soberako lurren hondakindegia: okupazioa, landare-lurra pilatzeko zonifikazioa, haiek botatzeko eta pilatzeko modua, topografia eta azken erabilera eta paisaiaren integrazioa. Edonola ere, Arakilgo 5. poligonoko 355. lurzatian proiektuko hondakindegia egiteak ezin izanen dio eragin, ez zuzenean ez zeharka, Gabelondoko Errekako ibilguari. Hura lurzati horretako ekialdean dago, zuhaixken aldean.
–Saiatu behar da urak har dezakeen eremuaren eta Arakil ibaiko ibarbasoen okupazioa txikiagotzen, 1. Ardatzaren hasierako tarteak, haren babes lubetak eta Zerrastiko Errekako drainatze obra handitzearen irteera egiturak ekarriko dutena.
–Floraren eta faunaren gaineko ukipenak txikiagotzeko asmoz, bereziki aztertuko da saihesbidearen hasierako tartea, hegoaldeko biribilgunearen aurrekoa, Izurdiagan, Arakilgo 5. poligonoko 232., 383., 433. eta 434. lurzatietako zuhaitzen okupazioa txikiagotzeko.
–Zuinketa zorrotza eginen da bide berriaren eremuetan, bide berrian eta zuhaitzak edo zuhaixkak ukitzen dituzten gainerako obretan, sasi garbiketak eta okupazio akzidentalak gutxiago izan daitezen; horretarako, sasi garbiketak hasi aurretik, eremu horietako okupazioak balizatuko dira, irizpide murriztaileak baliatuta.
–Arakilgo 5. poligonoko 368 B azpilurzatian dagoen ezpondako landareak mantenduko dira, baita katastroko poligonoko bereko 365 C azpilurzatian daudenak ere, salbu eta goiko pasabideko lubetaren okupazioan. Ezponda horien aurrean balizatuko da, lubetaren zabalerak horiek uki ez ditzan goiko pasabidearen ezkerreko aldean, 0+460 eta 0+560 kilometro puntuen artean; halaber, neurriak hartuko dira lubeta hori zabaltzeko diseinuaren aldetik eta bidezko zaintzaren aldetik, horiek zuzenean edo zeharka ez ukitzeko obrek irauten duten bitartean.
–Paisaiaren integraziorako proiektuaren kopia bat aurkeztuko da, txostena egiteko. Bertan, zehaztutako neurriak sartuko dira, bai eta zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak saihesbide berriaren ertzetan birlandatzeko diseinua eta aurrekontua ere, batik bat hura bistaren aldetik integratzeko lubetan eta bide berriaren hasieraren ezkerreko ertzean, Arakil ibaiko ibarbasoen aldera.
–Ingurumen eraginaren azterlana ikusirik, beharrezko neurriak hartuko dira eragin akustikoari dagokionez, batez ere bi biribilguneen ingurunean (azterlaneko 3. eta 4. puntuak). Trafikoak sortutako zarataren eragina lubeta berriaren gainean baloratu beharko da horren pareko eraikinetan, 0+460 eta 0+560 kilometro puntuen artean.
–Eraikuntza proiektua igorriko da departamentu honetara obrak hasi baino lehenago.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea gauzatzeko Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3. Ebazpen hau Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari eta Arakilgo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko urriaren 15ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1314518