218. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CÁRCAR

Ordenantza, Bide publikoen eta landalurreko finketako
sarbideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Carcarko Udalak, 2013ko martxoaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bide publikoen eta landalurreko finketako sarbideen erabilera arautzen arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2013ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 22an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Carcarren, 2013ko urriaren 24an.–Alkate udalburua, Salomón Sádaba Díaz de Rada.

ORDENANTZA, BIDE PUBLIKOEN ETA LANDALURREKO FINKETAKO SARBIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Carcarko barrutian, bide publikoetarako arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

Araudi ezak eta bide publikoetan izandako gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Udalaren betebeharra da haien kontserbazio egokia.

2. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, ura garraiatzeko edo bertze xedeetarako erabiltzen direnak, hala nola, aparkalekuetarako eta abar, landalurrean edo lurzoru urbanizagarrian, hirigintzan dagokion aldaketa egiten ez den bitartean.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; harea eta legar trinkotuaz eginak dira eta dagokien planimetrian agertzen dira.

b) Mendiko bideak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, haiek zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko direnak.

c) Gainerako bideak: udalerriko bertze bideak, zolan lurra dutenak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez direnak, edo sartuak izanik aurrera eraman ez direnak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Carcarko udal mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bideetan ibiltzeko behar badira.

4. artikulua. Erabilera onartuak.

Udalerrian finkatutako abeltzaintzako eta nekazaritzako ibilgailuei eta jardunean dauden instituzio publikoen ibilgailuei baimentzen zaie bideak erabiltzea, betiere ordenantza honetan ezarritako mugak kontuan hartuta.

Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak zer urte sasoitan erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta desegin.

Aurreko mugak aldi bakoitzean ezarriko dira, Udalaren iragarki oholean argitaratuko den udalburuaren ebazpenaren bidez.

Asfaltozko eta hormigoizko bideak erabiltzea baimentzen da, berariaz mugatu ezean.

5. artikulua. Baimentzen ahal diren erabilerak.

Bideak erabiltzea baimentzen ahal zaie aurreko artikuluan jasotzen ez diren ibilgailu motordunei (turismoak, mendiko ibilgailuak, motorrak etab.).

Carcarko Udalak emanen ditu baimenak, Udalburuaren ebazpenaren bidez, Udalak aldeko txostena eman ondoren, bidezkoa den kasuetan. Alde horretatik, baimena eskatu behar duenak dagokion udal eskabidea bete beharko du, betiere zehazturik zergatik eskatzen den baimena eta joan-etorriak egiteko zein bide publiko erabiliko d(it)uen maizenik.

Baimenak denbora tarte jakin baterako edo mugagabekoak izan daitezke, eta bertan baimendutako ibilgailuaren matrikula agertu beharko da. Baimena ibilgailu horretan eraman beharko da, erakutsi ahal izateko agintaritza eskudunak eskatuta.

Nolanahi ere, ebazpen arrazoituaren bidez, baimena eskatu duenari eskatzen ahalko zaio fidantza edo abal bat pausatzeko; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, bidea lehengoratu eta kalterik gabe dela egiaztatzen denean.

6. artikulua. Erabilera debekatuak.

Bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek debekatuta daude espresuki:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak ez errespetatzea.

b) Areka eta bideak goldatzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora, lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duen araudiak ezarritakoa galarazi gabe.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

h) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo beste edozein inguruabar dela eta.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bertze bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea; zuzenean erretenetara eramatea baizik ez da baimentzen.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

l) Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Udal mugapeko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

ñ) Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

o) Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

p) Erretenak lantzea edo hondatzea.

q) Ureztatzeko uraren eta aspertsoreen erabilera. Bidearen ertzetik gutxienez metro batera jarriko dira finkan; ura perimetro guztian finka barrenera botako dute. Ureztatzea dela eta ur gehiegi botatzen bada bideetara, zehapen larria jarriko da.

Euri bortitzeko egunetan komeni da bideak ahalik eta gutxiena erabiltzea.

Erabilera debekatu horietako edozeinen ondorioz Udalari sortzen zaion gastua arau-hausleari egotziko zaio.

7. artikulua. Mugapen eta debekuen salbuespenak.

Udalak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, interes publikoa tartean denean.

8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari eskatu beharko zaio eta baimena eskuratu.

Eragiketa hauek partikularraren kontura eginen dira; hodiak jarriko dira, 50 cm-ko diametrokoak, gutxienez. Non ez dagoen diametro horretako hodiak paratzerik erretenaren sakoneragatik; kasu horietan, Udaleko teknikariek erabakiko dute zein den paratu beharreko hodiaren diametroa, partikularrak eskarian zehaztu ondoren hura aldatzeko edo oztopo hori dagoela. Hodien ahoak hormigoiz bildu beharko dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta 6 metro zabal izanen dira, gutxienez.

Jabeak, sarbidea egindakoan, Udalari jakinaraziko dio, ikuskatu eta oniritzia eman diezaion.

Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak urari igarotzea galarazten badio eta bidea hondatzen badu, lurzatiaren jabeak edo baimenaren eskatzaileak sarbidea egokitu beharko du eta bidea bere kontura konpondu.

Udalaren baimenik gabe eta arau honen aurka areka gaineko pasabidea eginez gero, ohartaraziko da 15 eguneko epean legeztatu dadin. Ez bada epe horretan legeztatzen, Udalak desegiteko aginduko du eta gastuak partikularrari egotziko zaizkio.

b) Finketako areka gaineko pasabideak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin. Erabiltzaileak edo jabeak ez badu garbitzen, Udalak eginen du eta gastuak arau hausleari egotziko dizkio.

c) Oro har, bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako.

Nolanahi ere, abiadura behar adina mantsotu beharko da tarte maldatsu eta arriskutsuetan, ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak eta animalia taldeak hurbiltzen direnean, eta aske dabilen aziendaren eta oinezkoen ondoan, istripurik eta trabarik izan ez dadin, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako zola desager ez dadin. Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti. Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta oihanzainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

Ibilgailu mota guztiendako, gehienez baimentzen den pisua 20 Tm da. Behar puntualak direla-eta beharrezkoa bada pisu gehiagoko ibilgailuren bat pasatzea, jabeak lizentzia eskatu beharko dio Udalari, eta honek egokia iruditzen zaiona erabakiko du, edo ukatzen ahalko du, bideetan egiten ahal diren kalteak direla-eta.

Udalak bertze muga batzuk ezartzen ahalko ditu, eguraldia, bidearen egoera eta abar kontuan hartuta.

d) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietako sarbide desegokiak dauzkaten edo sarbide horiek trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

9. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, Udalak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

10.1. Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan xedatua hausten duen zerbait egitea edo ez egitea, edo, Udal honek bandoen eta ebazpenen bidez idatziz ematen dituen aginduen kontra doana, baita ordenantza honetan aurreikusten diren baimenak ez eskatzea ere, betiere ez badira berariaz arau-hauste larritzat hartzen.

10.2. Arau-hauste larriak:

Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Bide baten ezaugarriak aldatzea. Planimetria berariazkoan islaturik gelditzen diren bezala.

b) Bide publikoetan aginduzko baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honen arabera hura eramatea beharrezkoa bada.

c) Areka eta bideak goldatzea.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Finken itxituretan zuhaitzak landatzea edo itxiturak egitea, hiru metroko zortasun eremua errespetatu gabe, bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

f) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

g) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo bertze edozein inguruabar dela eta.

h) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bertze bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea; zuzenean erretenetara eramatea baizik ez da baimentzen.

i) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

j) Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

k) Lehiak, lasterketak edo muturreko bertze gidatze motak baimenik gabe egitea bideetan.

l) Pertsona batek edo nekazaritza nahiz abeltzaintzako ustiategi bateko zein enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

m) Bidera ura botatzea, putzuak eta uraren geldiuneak sortzeko moduan.

11. artikulua. Zehapenak.

11.1. Ordenantza honen arau-hausteak ondoko zenbatekoekin zehatuko dira:

–Arinak, 60 eta 900 euro bitarteko isunarekin.

–Larriak, 901 eta 1.800 euro bitarteko isunarekin.

11.2. Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

11.3. Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

11.4. Espediente zehatzaileak, prozedurari dagokionez, ordenantza honetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

11.5. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

11.6. Zehapenak ezartzeko ahalmena udalburuarena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, udalburuak emanen die haien berri.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Carcarko udalburuaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instruktoreak karguaren agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark 15 eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguaren agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganda, eta hala balegokio, frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen-proposamena eginen du eta espedientearekin batera udalburuari igorriko dio. Udalburuak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du, edo, bertzenaz, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bertzelako egintzak egiaztatuko balira edo karguen agirian aurreikusitakoak baino larriagoak izanen balira, instruktoreak interesdunari helaraziko lioke bertze karguen agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabortz eguneko epean bidezkoa iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du prozeduran aztertu ez den gertaerarik onartuko, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Bertze sei hilabeterako luzatzen ahal da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1314882