218. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

427E/2013 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Olexoako Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Olexoako Udalak sust atu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura Olexoako Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2012ko maiatzaren 9an egindako txostenarekin hasi zen. 2013ko apirilaren 15eko askitasun txostenaren ondoren, Hirigintzako Udal Plana 2013ko maiatzaren 31ko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen hasiera batez, eta jendaurrean jarri iragarkia paratuz 2013ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 24koan. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Olexoako Udal Planean egindako azterketak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoa ukitzen dute. Eremuak 4,4 km² ditu eta Egaibarko eskualdean dago, San Kristobal mendiaren oinean.

Olexoako planeamenduaren funtsezko helburuak dira jardueren garapen arrazoizkoa eta orekatua zehaztea lurraldean eta udalerriaren garapen jasangarria eta kohesionatua, gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ingurumenaren arloetan, azken xedea izanik udalerriko biztanleen bizi baldintzak hobetzea.

Era berean, planeamendua eguneratu eta egokitzen da, 35/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera; izan ere, hirigintza arloko legediari egokitzen da, hirigintzako determinazioei buruzko azterketa zehatzagoa eta lurzoru urbanizaezinaren erregulazioa erantsi baitira 1978tik aurrera indarra izan duen hirigintzako araudira.

Bizitegitarako lurzoruaren handipenak iparraldean planteatzen dira, egungo bilbearen osagarria delarik, bai eta hegoaldeko esparru batean ere, zein handiagoa baita egungo etxaldea desagertzea ahalbidetzeko. Mendebaldeko muturrean, larrainetatik hilerri aldera, eremu librea eta eremu publikoa berrantolatzen dira behatoki bat izateko, eta errematatzeko bizitegi fronte bat sortzen da. Ekialdean, kirol erabilerarako ekipamendu lurzati bat gordetzen da, bai eta berdegune publiko bat ere.

Antolamendurako proposamenean, 44 etxebizitza aurreikusten dira guztira hiri lurzoru finkatu gabean edo urbanizagarrian, eta horretaz gain, hiri lurzoru finkatuko orubeak. Hori askiesten da Olexoako egungo eta etorkizuneko premietarako, planak indarra duen bitartean. Justifikazioa da lurzoru urbanizatua prestatzea, egungo bilbea osatzea eta denboran iraunen duen hirigintzako agiri bat izatea.

Industriako erabilerei dagokienez, planean irizten da ezen, eskaririk ez dagoenez gero, ez dela justifikatzen eremu zehatz bat ezartzea. Nolanahi ere, hirigintzako araudian erregulatuta dago bizitegitarako eraikuntzetan artisautzako jarduerak, lantegiak eta biltegiak edukitzeko aukera.

Hirigintzako planaren helburuak lurralde eremuaren gainean, batik bat, intereseko lurralde eremu bakoitza babestea da, kontuan izanda paisaiaren, naturaren, ingurumenaren edo nekazaritzaren arloko balioak, edota historikoak, artistikoak, zientifikoak edo kulturalak, eta horretarako, babes araubide bat ezartzea, balio horiei eustearekin bateragarria.

Lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioaren bitartez, ipurudiak (5210), Mediterraneoko sastrakak (4090), eta larreek, abariztiek eta erkametzek osatutako mosaikoa erregulatzen dira, haien ingurumeneko balioa dela eta.

Nekazaritzako erabilerako lurzoruari dagokionez, eta LAP-4 zuzenean aplikatzearen ondorioz nekazaritzarako emankortasun handiko lurretan, udalerriaren ipar-mendebaldean babeserako lurzoru eremu bat mugatu da, haren balio edafologikoa dela eta; udalerriko gainerako nekazaritzako lurzoruak, berriz, gorde beharreko kategorian gelditu dira.

Azpiegiturei dagokienez, hornidurakoak zein saneamendukoak izan, nahikoak badira ere aurreikusitako eskariari eusteko, lurzoru urbanizagarrien kasuan, beste adar bat beharko da hobi septikoraino. Planaren barruan dago udalerriaren zonifikazio akustikoa.

Ingurumen ondorioen azterlanak ingurune biofisikoaren deskribapen bat ekartzen du, baita planak garatzen dituen proposamenen ondoriozko ingurumeneko ukipenen balorazioa ere. Ingurune biofisikoaren azterketa ingurune unitateak identifikatuz egiten da, LAP 4 planean ezarritako irizpideen arabera.

Irizten da lurzoru urbanizaezinaren kategorizazioak bermatzen dituela udalerriaren balioak ingurumenaren, paisaiaren, nekazaritzaren eta kulturaren aldetik. Hidrologiaren, landareriaren, faunaren, interes ekologikoko eremuen, paisaien eta ondare historiko eta kulturaren gaineko ukipenei dagokienez, bateragarritzat jotzen dira. Hain zuzen, hirigunea zabaltzeari landa lurzorua eranstearen ondoriozko ukipenek hektarea bateko azalera bati eragiten dio, eta batez ere nekazaritzarako erabiltzen diren ondoko lurretan programatzen da.

Neurrien atalean, azterlanak adierazten du ez dela beharrezkoa neurri zuzentzailerik hartzea eta zenbait aholku ezartzen ditu, planean sartu beharrekoak. Alde horretatik zehaztu behar da aholku horietako batzuk sektoreko araudi indarduna betetzearen ondoriozkoak direla.

Espedienteko dokumentazioa azterturik, proposatzen da ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egitea Olexoako Udal Plan Orokorrari buruz, lurzoru urbanizaezinaren araudia ondoko azpikategoria hauetan berrikustearen baldintzapean:

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Olexoako Udal Plan Orokorrari nola gehitu zaizkion ikusita, aldeko txostena egin du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Olexoako Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen honetarako baldintza gisa, lurzoru urbanizaezina ondoko azpikategoria hauetan berrikusi beharko da:

–Ibai sistema. Udalerriko ibilguetan uholdeak izateko arriskuari buruzko azterlanik ez dagoenez eta gehienak erretenak eta drainatzeak direnez, ezin da zehaztu zein den urak hartzen duen zelaia 10 urteko errepikatze-denbora baterako, azpikategoria hori aplikazio eremu gisa.

–Natura aldetik ustiatzeko gorde beharreko lurzorua. Olexoako udalerrian kategoria horren lurralde eremua lehorreko laboreei dagokie soilik, ez baita nekazaritzako erabilera duen belardirik edo larrerik identifikatu.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Olexoako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko urriaren 9an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1314398