218. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

581/2013 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, 2013-2014 ikasturterako Hezkuntza Bereziko beka eta laguntzen deialdia onesten duena.

Aukera berdintasunaren printzipioa sustatzea da deialdi honen helburua, ikasteko bekak eta laguntzak printzipio hori gauzatzeko bitartekorik eraginkorrenetakoak baitira.

Horretarako, babes berezia merezi dute hezkuntzan laguntza zehatzak behar dituzten ikasleek, bai desgaitasunaren bat dela-eta hezkuntza berezia behar dutenek, bai prestakuntza arautua osatzeko jarduerak behar dituzten gaitasun intelektual handikoek ere.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu da 2013-2014 ikasturterako Hezkuntza Bereziko bekak eta laguntzak emateko deialdia onets dadila.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza Bereziko beka eta laguntzen 2013-2014 ikasturteko deialdia onestea. Oinarriak I. eranskinean daude.

2. Horretarako, 180.000 euroko gastua baimentzea gehienez: 165.000 euro Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako, eta 15.000 euro derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako, guztia 2014ko gastuen aurrekontuen kargura, hots, 2013ko urterako luzatu diren 2012ko aurrekontuen “Hezkuntza berezirako bekak eta laguntzak” izeneko 425009-42190-4809-322400 kontu-sailaren baliokide izateko gaitzen den kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Argibide eta Agiri Bulegora, Beka Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko urriaren 30ean.–Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Lehen oinarria.–Deialdi honetako bekak eta laguntzak.

1. Hezkuntza Bereziko bekak: xedea da behar duten eskatzaileei laguntzea Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, landa herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan, Garapenaren Nahaste Orokorren Geletan, Curriculum Bereziko Unitateetan, Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programa Berezietan eta ikastetxe arruntetan (entzuteko nahiz mugitzeko desgaitasuna duten ikasleentzat) edozein maila edo gradutako ikasketak egiteagatik sortutako gastua finantzatzen, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (CREENA) taldeek proposaturik.

Beka hauek kontzeptu hauengatik eskatzen ahal dira: jantokia, garraioa eta egoitza.

2. Hezkuntza Bereziko laguntzak: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan eskolatutako ikasleentzat dira, baldin eta hezkuntza premia bereziak baldin badituzte dela desgaitasun psikiko, fisikoko, zentzumenezko edo mugitzeko nabarmena izateagatik edo portaeraren arazo larriengatik (arreta-falta eta hiperaktibitatearen nahastea eta curriculum-egokitzapen garrantzitsua duten ikasleak barne), dela prestakuntza arautua osatzeko jarduerak behar dituzten gaitasun intelektual handiak izateagatik.

Hezkuntza premiak honako egoera hauengatik dituzten ikasleek ere hartzen ahalko dituzte laguntzak:

–Logopediako arreta behar duen mintzamenaren berariazko nahastea edo arlo horretako atzerapen larria.

–Hizkuntza arloko curriculumean bi kurtsoko edo gehiagoko atzerapena ekarri duen irakurmenaren berariazko nahastea.

Kasu horietan guztietan, txosten psikopedagogikoa eta, kasua bada, txosten medikoa beharko da.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Lehen Hezkuntzako lehen zikloan teknika instrumentalak ikasteko laguntzak.

–Ospitaleetan edo etxean berean arreta emateko programetan laguntzen zaien ikasleentzako laguntzak.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako logopediako laguntzak.

–Logopediako arreta ahotsaren eta erritmoaren nahasteetarako (disfoniak, disfemiak...).

–Psikoterapiako tratamenduak, psikomotrizitateko tratamenduak, fisioterapiako tratamenduak edo optometriako tratamenduak. Eskolatik kanpoko bestelako tratamenduak.

Edonola ere, curriculuma egokituz edo aniztasunarekiko arretarako baliabide arrunten bidez ikastetxean bertan jorratzen ahal diren arazo guztiak geratzen dira laguntzatik kanpo.

3. Desgaitasuna izanik, derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan aritzen diren ikasleentzako laguntzak: banako laguntzak dira zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasuna edo nahaste psikiatriko larriak dituztenen ikasleentzat, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean eskolatuta badaude, laguntza pedagogiko berezia edo garraio egokitua behar dutenean. Honako hauek dira derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzak: Batxilergoa, maila ertaineko eta goi mailako Lanbide Heziketa, maila ertaineko eta goi mailako Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak eta maila ertaineko eta goi mailako Kirol Ikasketak.

4. Diru-laguntza jaso ahal izateko, oinarri honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuak 2013ko irailetik 2014ko maiatzera bitarte egin beharko dira.

Bigarren oinarria.–Onuradunen baldintza orokorrak.

1. Bekak zein laguntzak emateko, ezinbestekoa izanen da Hezkuntza Ministerioaren 2013-2014ko ikasturteko beka eskatu izana (horretarako baldintzak betetzen badira), eta, hura ukatuz gero, ondoko arrazoi hauengatik ez izana:

a) Deialdi horietan agiriak aurkezteko epeak ez betetzea.

b) Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa diren agiriak, eskatu bazaio ere, ez aurkeztea.

Deialdi honetan, baldintza hori ez dute ezinbestean bete behar hezkuntza bereziko ikastetxeetan matrikulatutako ikasleek eskola-garraiorako bekarako. Salbuespen gisa, baldintza hori ez da aintzat hartuko, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (CREENA) proposatuta, Garapenaren Nahaste Orokorren Unitateetan eskolatuta dauden ikasleentzako jantokiko beken kasuan, ezta hura justifikatzen duten salbuespeneko behar bezalako inguruabar arrazoituak daudenean ere.

Beka eta/edo laguntza horiek eskatzeko, ezinbestekoa da lehenengo oinarrian kasu bakoitzerako jasotzen diren hezkuntza premia bereziak izatea eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izatea.

2. Gainera, baldintza hauek bete beharko dira adinari dagokionez:

a) Jantokiko, garraioko eta egoitzako beketarako. Desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoa duten ikasleek 3tik 21 urte bitarteko adina izan beharko dute, 2013ko abenduaren 31n beteak.

b) Hezkuntza Bereziko laguntzak jasotzeko, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn matrikulatutako ikasleek 3tik 18 urte bitarteko adina izanen dute 2013ko abenduaren 31n.

c) Derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako laguntzak jasotzeko, ikasleek 16tik 21 urte bitarteko adina izanen dute 2013ko abenduaren 31n.

3. Bai beketarako, bai laguntzetarako nahitaezko baldintza izanen da 2012-2013 ikasturtean eskatutako ziurtagiriak aurkeztuak izatea deialdi horretan beka edo laguntza jaso bazen, eta aurreko ikasturteetako beketako edo laguntzetako zenbatekoak itzuli beharrean ez izatea.

Nolanahi ere, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren baldintza guztiak bete.

Hirugarrena.–Onuradun izateko betebehar ekonomikoak.

1. Beka edo laguntza jasotzen ahalko dute 2012. urtean 10.000  euroko per capita errenta gainditu ez duten familia unitateetako kideek eta, orobat, 2012. urtean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharrik izan ez duten familia unitateko kideek. Per capita errenta lortuko da familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga-oinarri guztien batuketari ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak– kenduz, horrelakorik badago, eta gero, diru-kopuru hori familia unitatea osatzen duten kideen kopuruarekin zatituz. Familia unitateko kide ez izanda ere, aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, haien errenta aitorpenaren zerga-oinarriaren %50 baino ez da gehituko.

2. Betebehar hori ez da eskatuko Hezkuntza Bereziko zentroetarako eskolako garraioaren beken kasuan.

3. Salbuespen gisa, baldintza ekonomiko hori ez da aintzat hartuko, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak proposatuta, Garapenaren Nahaste Orokorren Unitateetan eskolatuta dauden ikasleentzako jantokiko beken kasuan.

4. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalak aipatzen dituen kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

5. Eskabidea aurkezten den egunerako, 2012. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu baldin badira, familia unitatearen kideren bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezi egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskabideari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, deialdia ebazteko izendatuko den batzordeak baloratu ahal izateko.

Laugarren oinarria.–Beka eta laguntzen gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, Hezkuntza Bereziko bekak eta laguntzak eta, desgaitasuna izanik, derrigorrezkoaren ondoko Bigarren Hezkuntzan aritzen diren ikasleentzako laguntzak kontzeptu hauengatik ematen ahalko dira, gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

1. Hezkuntza Bereziko bekak:

a) Jantokia (mantenu erdian): 300 euro gehienez.

b) Garraioa: zerbitzu honen erabileraren ondorioz sortutako gastuaren arabera zehaztuko da.

c) Egoitza: 1.800 euro gehienez.

2. Hezkuntza Bereziko laguntzak:

a) Hezkuntza premietarako laguntza: 1.300 euro gehienez.

b) Gaitasun handia dutenentzako laguntza: 700 euro gehienez.

c) Garraioa: 500 euro gehienez, laguntza zentroa 8 km baino urrunago dagoenean.

2. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleentzako laguntzak:

a) Laguntza lana: 1.500 euro gehienez.

b) Garraioa: 500 euro gehienez, laguntza zentroa 8 km baino urrunago dagoenean.

3. Laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Diruz lagundu daitekeen aurrekontu aurkeztuaren %100ekoa izanen da diru-laguntza, bekentzat nahiz laguntzentzat, betiere aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugak izanik. Onartutako eskaerek gainditzen badute deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, laguntzak emateko proposamenak onuradunen artean hainbanatuko du diru-laguntzari esleitutako gehieneko zenbatekoa.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. Hezkuntza Bereziko bekak eta laguntzen eskaerak inprimaki (karpeta) baten bidez aurkeztuko dira. Inprimaki hori ikastetxeetan Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan (Iruñeko Santo Domingo aldapan, zk.g.), Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroaren webgunean (http://creena.educacion.navarra.es) edo Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan eskura daiteke, eta, aintzat hartua izateko, oso-osorik bete beharko da.

2. Hezkuntza Bereziko beka eta/edo laguntzen eskaerarekin batera, ondoko agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia.

b) Familia Liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskabidea egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek 2012an aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Laguntza zer kontzeptutarako eskatzen den, horietako bakoitzagatik familiak hilabetero eta urtero ordaintzen duena modu bereizian agertzen duen egiaztagiria.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (errolda).

f) Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2012. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, eskabideari ondokoa erantsi beharko zaio:

f.1) Besterentzat lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2012. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

f.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2012. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

3. Hezkuntza Bereziko laguntzen eskaerarekin batera, ondoko agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Ikastetxeko orientatzailearen txostena. Bertan zehatz azaldu behar da ikasleak nolako hezkuntza premia berezia duen, laguntzaren helburuak zeintzuk diren eta zergatik behar duen ikastetxetik kanpoko laguntza.

b) Laguntza eman behar duen entitatearen txostena. Bertan programaren laburpena eta dagokion ikastetxearekiko koordinazioa aipatuko dira, baita laguntzaren kostuaren aurrekontu ziurtatua ere.

c) Garraioaren hileroko kostuaren aurrekontua, atalean aipatzen den garraiorako laguntza eskatzen denean.

4. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan aritzen diren ikasleentzako laguntza jasotzeko eskaerarekin batera honako hau aurkeztuko da:

a) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak laguntza pedagogikoaren alde emandako txostena.

b) Minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiria, ikusmeneko, entzumeneko edo mugimenduko desgaitasunaren gradua %33koa edo handiagoa dela adierazteko.

c) Osasun ziurtagiria, nahaste psikiatriko larriak dituzten ikasleen kasuan.

5. Gaitasun handiko ikasleei arreta emateko laguntzen kasuan, hauxe behar da:

a) Ikastetxeko orientatzailearen berariazko txostena, non justifikatuko baititu beharrezkotzat jotzen den hezkuntza laguntza eta harentzat aurreikusten den iraupena.

b) Zerbitzuaren kostuaren ziurtagiria, hura ematen duen ikastetxe edo erakundeak luzatua.

6. Edonola ere, betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

Seigarren oinarria.–Eskatutako agiriak eta eskaera aurkezteko tokia eta epea.

1. Eskatzaileak behar bezala betetako eskaera, bosgarren oinarrian zehazten diren agiriekin batera, ikastetxean aurkeztu beharko du, eta horrek inprimakian dagokion zatia (karpeta) beteko du, eta beharrezko dokumentazioa erantsiko. Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren bidez tramitatuko du, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

2. Hezkuntza Bereziko bekak eta laguntzak emateko deialdi honetako eskabideak eta betebeharren egiaztagiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Zuzentzeko epea. Eskaerak aipatutako baldintza guztiak betetzen ez baditu, Batzordeak interesdunari eskatuko dio okerrak 10 egun naturaleko epean zuzen ditzala.

Zazpigarren oinarria.–Organo eskudunak.

1. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emanen ditu Hezkuntza Bereziko beka eta laguntzak, ebazpen baten bidez, Ebaluazio Batzordeak eskaeren gainean egindako ebaluazioa ikusirik Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen proposamena egin ondoren.

2. Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Aniztasunari Arreta Emateko eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko zuzendaria.

e) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroari atxikitako gizarte langile bat.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.

3. Hezkuntza Departamentuak eskaera espedienteak aztertzen ahalko ditu, bertako datuak egiaztatzeko.

Zortzigarren oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

2. Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Bederatzigarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

1. Eskaerak baloratu ondoren, Ebaluazio Batzordeak emanen diren laguntzen behin-behineko proposamena prestatuko du. Proposamen hori Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratuko da eta eskatzaileen ikastetxeei jakinaraziko zaie. Emandako beka eta laguntzen zerrenda hori ikastetxean berean eta Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

2. Behin-behineko balorazio horrekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Horretarako 10 egun naturaleko epea izanen da, ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3. Ondoren, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen bat onetsiko du, beka eta laguntza onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda dakarrena, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan emanen da argitara. Beka eta laguntzen behin betiko zerrenda interesdunei jakinaraziko zaie, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan jarriko da ikusgai, eta eskatzaileak eskolatuta dauden ikastetxeei aditzera emanen zaie.

4. Beka eta laguntza onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hamargarren oinarria.–Beken eta laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Beka eta laguntzak jasotzeko, onuradunek gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, 2014ko maiatzaren 30a baino lehen ondoko frogagiri hauek aurkeztuta:

a) Beken kasuan, ordainketa eskatu den egunera arte ikastetxera joan edo, kasua bada, egoitzan egon izanaren ziurtagiria, eta behar diren diru-zenbatekoen ordainketan egunean izatearen ziurtagiria.

b) Laguntzen kasuan, hura non eman zaion, ikastetxe horrexek edo behar bezala kreditatutako profesionalak luzatutako ziurtagiria, ondoko hau jasota: zer laguntza eman zaion, guztira zenbat saiotan, saio bakoitzaren iraupena, zer hilabetetan egin den eta guztira zenbat ordaindu den horregatik.

2. Bekak eta laguntzak Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ordainduko dira, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Eskaera aurkezten denean ikaslea zein ikastetxetan eskolatua dagoen, hari ordainduko zaio zuzenean, eta hori arduratuko da onuradunen aitari, amari edo legezko tutoreei ordaintzeaz.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzak itzultzea.

1. Onuradunek edozein unetan gal ditzakete hartutako laguntzak; horretarako, eskabidean adierazi ziren eta laguntza emateko oinarritzat hartu ziren datuen egiazkotasuna frogatzeko espedientea ireki beharko da. Espediente hori Hezkuntza Departamentuak ireki eta ebatzi beharko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen duenaren arabera.

2. Espedientearen ondorioz laguntza itzuli behar dela erabakiz gero, hartutako diru-kopuruak itzuli beharko dira, eskatzaileak izan litzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak galarazi gabe.

Hamabigarren oinarria.–Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena

Bekaren eta/edo laguntzen eskatzaileak sinatu beharko du behar bezala betetako eskaeraren inprimakia (karpeta), bere izenean edo pertsona/enpresa eskatzailea ordezkatuz. Bertan, aitortuko du:

1. Beste laguntza batzuk direla eta:

–Ez duela Espainiako edo nazioarteko ezein administrazio edo entitate publiko edo pribatutatik helburu eta xede berbererako inolako laguntzarik jasotzen.

–Eta, gainera, ikasturtean zehar kontzeptu beragatik jasotzen dituen laguntza guztiak jakinarazteko konpromisoa hartzen duela.

2. Betebeharrak betetzea dela eta: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretatik bakar batean ez dagoela, hots:

–Epai irmoaren bidez zarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetua ez egotea.

–Konkurtso baten deklarazioa eskatu ez izana eta/edo prozeduraren batean kaudimengabea deklaratua ez izatea eta/edo konkurtso batean partaide gisa deklaratua ez izatea eta/edo esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta/edo desgaitua ez izatea Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, non eta konkurtsoa kalifikatu duen epaian finkatutako desgaitasunaldia bukatu ez den.

–Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko suntsiarazi beharrean egon ez izana, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

–Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza daukatenak indarra duen araudian ezarritako bateraezintasun kasuetako batean ez egotea.

–Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

–Ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan edo tributuei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera diru-laguntzak lortzeko aukeraz gabeturik ez egotea.

–Nafarroako Foru Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste diru-laguntza edo laguntza bat dela kausa irekitako diru-itzulketa edo zehapen prozedura batean sarturik ez egotea.

–Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak eguneratuak izatea.

3. Datuen egiatasunari dagokienez, aitortzen dut eskaera honetan emandako datuak benetakoak direla eta, faltsuak edo desegokiak izanez gero, etor daitezkeen erantzukizun guztiak onartzen ditudala eta ezjakintasuna alegatzeko bidea baztertzen dudala.

4. Datuak gaurkotzeari dagokionez, hitz ematen dut aitorpen honetan zehazten diren laguntzen gainean gertatzen den edozein aldaketa departamentu honi jakinaraziko diodala idatziz, jakinarazten denetik 15 eguneko epean gehienez ere. Halaber, hori gertatuz gero, hitz ematen dut helburu bererako laguntza eskatu diedan gainerako entitate publikoei ere jakinaraziko diedala.

5. Informazioa eskuratzeari dagokionez, aitortzen dut badakidala deialdia egin duen administrazio unitateak ahalmena duela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak baliabide telematikoen bitartez eskatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 6. artikuluan (298. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 14koa) eta otsailaren 21eko 209/2003 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (horren bidez erregistro eta jakinarazpen telematikoak arautu ziren), eta, orobat, herritarrek eskubidea dutela ziurtagiriak ekarri beharrean baliabide telematikoak erabiltzeko (51. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 28koa).

Adierazten dut badakidala inprimaki honetatik ateratzen diren datuak fitxategi automatizatu batean erregistratzen ahal direla, horien kudeaketa eta tratamendu estatistikoa hobeki egiteko asmoz.

Nahi izanez gero, datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabil daitezke legedian aitortutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikora Nagusira joz (Santo Domingo kalea, zk.g.). 31001 Iruña.

Iragarkiaren kodea: F1315166