Iragarkia
213. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
SAKANAKO MANKOMUNITATEA
Mankomunitateko buruaren 463/2013 ebazpena
Mankomunitateko kudeatzaileak beharrezkotzat jo du berariazko araudia ezartzea Hondakinen zerbitzuan lan-araubideko langileak kontratatzeko.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 40. artikuluak eta hurrengoek aldi baterako lan-araubideko langileak kontratatzea arautzen dute.
Araudi horren arabera, lan-poltsa hori onesteak bermatu nahi du eginen diren lan-kontratudunen kontratazioetan berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioak errespetatzea.
Horretarako, proposatu da hautaprobak egitea, lan-araubideko langileak kontratatzeko lan-poltsa sortzea xedea baitute, aipatu Hondakinen zerbitzuan izan daitezkeen kontratazio premiak betetzearren.
Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Peoi-gidari izateko lanpostuetarako langileak hautatzeko deialdiaren oinarriak onestea, lan-poltsa sortzea xedea baitute, Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuan izan daitezkeen premia puntualak eta aldi baterakoak betetzeko.
2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean deialdiaren oinarriak argitaratzea, ebazpen honen eranskin gisa biltzen baitira.
Lakuntzan, 2013ko urriaren 14an.–Mankomunitateko burua, Aitor Karasatorre Mugurutza.
Sakanako Mankomunitatea
HONDAKINEN PEOI-GIDARI IZATEKO LAN-POLTSA
Hautapen prozesuko oinarriak
Lehendabizikoa.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
Deialdiaren xedea da peoi-gidari izateko lanpostuetarako langileak hautatzeko prozesua arautzea, Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuan izan daitezkeen premia puntualak zein aldi baterakoak betetzeko lan-poltsa sortze aldera, hain zuzen ere, bertako langileekin bete ezin direnak.
Peoi-gidari izateko lanpostuak Sakanako Mankomunitateko hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuko langileen hitzarmen kolektiboan ezarritako ordainsaria izanen du, eta lan-araubidekoa izanen da.
Lan-poltsa beherago zehazten diren probak gainditzen dituztenekin osatuko da, eta indarra hartuko du behin betiko zerrenda argitaratu eta biharamunean.
Kontratatu beharreko izangaiek prestakuntza-lanak egin beharko dituzte kontratatuak izan aurretik.
Bigarrena.–Eginkizunak.
Deialdi honen xedea den peoi-gidariaren betekizunak ondoko hauek izaten ahalko dira, kontuan hartuta langilea non aritzen den edo hark egiten duen lanak konpostaje lanekin zerikusia duen:
1.–Atez ateko hondakinen bilketa-lanak egitea, sistema hau ezarri den herrietan.
2.–Edukiontzietatik hondakinak biltzea sistema hau ezarri den herrietan.
3.–Agintzen zaizkion eremu eta lekuetan zama-lanak egitea, bereziki hondakinen bilketaren ondoriozkoak, Mankomunitatearen kamioak behar bezala erabiliz. Hau da, kamioa gidatzeaz gain, bilketa lanak ere egin beharko ditu.
4.–Kamioiaren ardura hartzea eta ohiko garbiketa eta mantentze-lanez arduratzea, edo arduradunari horren berri ematea. Halaber, baliabide materialen oinarrizko mantentze-lanak egitea, eta nagusiari haien egoeraren berri ematea.
5.–Larrialdi eta aportazio guneak biltzea eta garbitzea.
6.–Baliabide materialen oinarrizko mantentze-lanak egitea, eta nagusiari haien egoeraren berri ematea.
7.–Gorabeherak eta sortutako hondakinak kontrolatzeko sistemak aplikatzea eta horien jarraipena egitea.
8.–Bere jarduketa eremuan hobekuntzak proposatzea.
9.–Konpostaje komunitarioko instalazioen mantentze-lanekin zerikusia duten lanak egitea (egiturazko materialaren lekualdaketa, konpostaguneetako gelaxketan materiala hustu eta kentzea, materiala bahetzea edo birrintzea...).
10.–Bere kualifikazio profesionalarekin bat datorren beste edozein zeregin, goragoko nagusiak hala aginduz gero.
Hirugarrena.–Izangaien baldintzak.
Deialdian onartua izateko eta hautaprobetan parte hartzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa izatea.
Europar Batasuneko estatuetako herritarren ezkontideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik goitikoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
b) 18 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko funtzio publikoaren arloan legeek ezarritako adina ez izatea.
c) Eskola-graduatua izatea, edo horren baliokidea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
d) Egin beharreko lanak egitea eragozten duen eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez izatea.
e) Ezgaitasun edo bateraezintasuneko inolako egoeratan ez egotea, eta edozein Administrazio Publikotik diziplina espediente bitartez baztertuta ez egotea.
f) C motako gidabaimena edo horren baliokidea izatea.
g) 1. hizkuntza eskakizunari dagokion euskara maila izatea.
h) CAP gaitasun titulua izatea, betiere 2013an legez baimen hori eduki behar dutenek (2007ko uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretua, errepide bidezko garraiorako zenbait ibilgailuren gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituena).
Hirugarren oinarrian aipatzen diren baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, eta kontratazio garaira arte izan. d) ataleko betebeharra egiaztatzeko Mankomunitateak duen Osasunaren Zaintza Zerbitzuak azterketa egingo dio.
Edozein kasutan, 2007ko uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuak, errepide bidezko garraiorako zenbait ibilgailuren gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen baititu, ezartzen dituen prestakuntza betebeharrak hautagaiek bete beharko dituzte, hots, euren kontura izango da beharrezkoa den prestakuntza.
Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea.
Eskabideak eredu ofizial eta normalizatuaren araberakoak izanen dira, Mankomunitateko bulegoetan edo haren webgunean (www.sakana-mank.com) eskura daitezkeenak.
Onartua izateko eskabideak Sakanako Mankomunitateko buruari aurkeztuko zaizkio; baztertuak ez izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Izangaiek adierazi beharko dute hirugarren oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
b) Izanez gero, zehaztu beharko dute zein jakite-maila duten egiaztatua, euskarari dagokionez. Horretarako haren kopia aurkeztu beharko dute.
c) Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Nortasun agiriaren fotokopia.
–Gidabaimenaren fotokopia, eta hala balegokio, CAP agiriarena.
–Deialdian parte hartzeko eskatutako tituluaren fotokopia.
d) Eskabideak, behar bezala beteta, Sakanako Mankomunitatearen erregistro orokorrean aurkeztuko dira, edo erregistroa@sakana-mank.com helbide elektronikora bidaliko dira, gehienez ere 15 egun naturaleko epean oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Halaber, eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan aurkez daitezke.
Eskabideak posta bulegoetan aurkezten badira, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen egin beharko da, gutun-azal irekian, postetxeko funtzionarioak data eta zigilua jar diezazkien. Horrela eta ez bestela ulertuko da postetxean aurkeztutako egunean sartu zirela eskabideak.
Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori Mankomunitatearen iragarki oholean eta www.sakan-mank.com webgunean argitaratuko da.
Behin-behineko zerrenda hori argitaratu eta biharamunetik hasita 5 eguneko epean erreklamaziorik aurkezten ez bada edo bazterketa eragin duen akatsa zuzentzen ez bada behin betikotzat joko da.
Erreklamazioak badaude edo bazterketa eragin duen akatsa zuzentzen bada, behin betiko zerrenda onetsiko da Mankomunitateko buruaren ebazpen berri baten bidez. Behin-behinekoaren modu berean argitaratuko da hau. Halaber, ebazpen horretan lehenengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua adieraziko dira.
Epaimahaiaren jakinarazpen guztiak Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratuko dira, baita haren webgunean ere (www.sakan-mank.com).
Seigarrena.–Epaimahaia.
Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
a) Mahaiburua: Mankomunitateko burua.
b) Mahaikideak:
–Adolfo Araiz Flamarique, Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea, edo izendatzen duen ordezkoa.
–Alberto Urkia Mendinueta, Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuko arduraduna, edo izendatzen duen ordezkoa.
–Olatz Garde Mazkiaran, Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuko hezitzailea, edo izendatzen duen ordezkoa.
–Hondakinen Zerbitzuko langileen ordezkari bat, Pasaiako Udaleko langileen ordezkari sindikalek izendatua.
–Idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Sakanako Mankomunitateko idazkaria, edo izendatzen duen ordezkoa.
Epaimahaia eratzeko, kideen erdiak baino gehiagok egon behar du; nolanahi ere, ezinbestekoa da epaimahaiburua eta idazkaria bertan egotea. Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Epaimahaiko idazkariak ez du boto eskubiderik izanen.
Epaimahaikideek uko egin beharko diote parte hartzeari, buruari jakinaraziz, eta izangaiek errefusatzen ahalko dituzte, indarrean dagoen Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Epaimahaiak ebatziko ditu arau hauek aplikatzean sortzen ahal diren zalantzak, baita aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere.
Aholkulari espezialista bat egoten ahalko da, bidezkotzat jotzen dituen probak programatu edo ebaluatzeko. Aholkulari horiek haien espezialitatearen arloko laguntza eman besterik ez dute eginen, eta ez dute botorik izanen epaimahaiari dagozkion erabakietan.
Zazpigarrena.–Hautapen prozedura.
Izangaiak hautatzeko prozedura honako hau izanen da:
–Deialdi bakarra eginen da ariketa bakoitzerako.
–Mankomunitateak ariketak egiteko ezarritako egunean, lekuan eta orduan agertzen ez diren izangaiak –nahitaezko arrazoiak izanda ere, legeak babesten dituen kasuak izan ezik– hautapen prozesutik kanpo geldituko dira erabat.
Hautapen prozesuak ondotik zehazten diren faseak eta ariketak izanen ditu:
1. fasea
–Lehendabiziko ariketa: nahitaezkoa eta baztertzailea. Euskara proba.
Izangaien euskara-maila frogatzeko dagokion azterketa eginen da. Izangaiek 1. hizkuntza eskakizunari dagokion euskara-maila dutela frogatu beharko dute. Ez da puntuaziorik emanen. Gai edo Ez Gai izanen da kalifikazioa. Proba hori gainditzen ez dutenak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira. Barneko proba izanen da; beraz, Mankomunitateak ez du ziurtagirik luzatuko.
1. hizkuntza eskakizunaren baliokidea den agiriren bat dutela frogatzen duten izangaiek ez dute azterketa egin behar, euskara jakite-maila frogatzen duten tituluen eta egiaztagirien baliozkotzeari buruzko arauetan ezarritakoaren arabera; Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratura egokitu beharko dira horiek.
–Bigarren ariketa: nahitaezkoa eta baztertzailea. Proba teorikoa.
Izangaiek peoi-gidari izateko lanpostuarekin zerikusia duten probak egin beharko dituzte; epaimahaiak erabakiko du proba bat edo gehiago eta egun bakarrean edo gehiagotan egitea (gaitegia 1. eranskinean agertzen da).
Ariketa horretan, gehienez ere, 25 puntu lortzen ahalko dira. Hori gainditzeko nahitaezkoa izanen da puntuazioaren %50 lortzea proba bakoitzean. Epaimahaiak erabakiko du erantzun okerrak modu negatiboan balioetsiko diren ala ez. Dena den, erabakia proba bakoitza hasi aurretik jakinaraziko zaie izangaiei.
–Hirugarren ariketa: nahitaezkoa eta baztertzailea. Proba praktikoa.
Aurreko probak gainditzen dituzten izangaiek kamioiak gidatzearekin zerikusia duen azterketa praktikoa egin beharko dute. Epaimahaiak erabakiko du proba bat edo gehiago egitea, baita egun bakarrean edo gehiagotan egitea ere.
Ariketa horretan, gehienez ere, 35 puntu lortzen ahalko dira. Hori gainditzeko nahitaezkoa izanen da puntuazioaren %50 lortzea proba bakoitzean.
Oposizioaldiko emaitzak argitaratuta, izangaiek hiru laneguneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, eta horiek epaimahaiak ebatziko ditu.
2. fasea: Lehiaketaldia
Eskainitako lanpostuarekin loturiko esperientzia baloratuko da. Horretarako, 1. fasea gainditu dutenen zerrenda argitaratzen denetik 5 laneguneko epea izanen dute izangaiek eskabidean jasotako merituak justifikatzen dituzten ziurtagiriak aurkezteko. Izandako esperientzia modu honetan baloratuko da:
1.–Atez ateko zama-lanetan edo hondakinen bilketan lan egindako hilabete bakoitzeko (30 egun) 0,5 puntu emango da. 10 puntu, gehienez.
2.–Lanpostuarekin zerikusia duten lanak: hilabete bakoitzeko (30 egun) 0,25 puntu emango da. 10 puntu, gehienez.
Merituak baloratzeko ezinbestekoa izango da lan bizitza, enpresa ziurtagiria eta lan kontratuak (bere kasuan, izendapenak) aurkeztea.
Zortzigarrena.–Epaimahaiaren proposamena.
Epaimahaiak behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratuko du. Prozesu hau bukatu ondoren,
Mankomunitateko buruaren ebazpen bidez onetsitzat joko da Mankomunitateko hondakinen peioi-gidari izateko lan-poltsaren behin betiko zerrenda.
Bederatzigarrena.–Aukera berdintasuna bermatzea langileen hautaketan.
Emakume gutxik (%6) egiten du lan Hondakinen Zerbitzuan, peoi-gidari lanpostuetan. Beraz, emakumeen kontratazioak sustatu nahi dira, betiere berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioei jarraikiz.
Baldintzak eta emaitzak berdinak direnean, emakumezkoen kontratazioari lehentasuna emanen zaio aipatu lanpostuetan emakumezkoen presentzia gizonezkoena baino askoz txikiagoa delako.
Hamargarrena.–Gorabeherak.
Epaimahaiak ahalmen osoa izango du sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta oposizioa ongi bideratzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, oinarri hauetan eta aplikazio ordeztailearen legeetan aurreikusten ez den orotan.
Hamaikagarrena.–Inpugnazioak.
Deialdi honen eta haren oinarrien kontra eta horretatik eta Epaimahaiaren jarduketatik sortzen diren egintza administratiboen kontra ere egiten ahalko da, Toki Administrazioari buruzko 2/1990 Foru Legean aurreikusi den epean eta moduan.
Hamabigarrena.–Lan-poltsaren funtzionamendu arauak.
1.–Zerrenda horren indarraldia 2016ko abenduaren 31 arte izanen da gehienez. Epe hori iraganda, lan-poltsa sortzea eragin zuten arrazoiek jarraitzen badute zerrenda luzatzen ahalko da edo beste deialdi bat egiten ahalko da, oinarri hauei jarraikiz, bidezkotzat hartzen diren aldaketak barne, hala balegokio. Zerrenda hau egitearekin batera deuseztatuko dira maila bererako dauden lan-poltsak.
2.–Lan-poltsa honetan sartuko dira proba guztiak gainditzen dituztenak, guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta, baita honako hauek ere:
a) Sartzeko deialdian aurkeztuta, prozesu osoa ez, baina proba batzuk gainditzen dituzten izangaiak.
b) Deialdiaren oinarrietan bigarren ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %20 lortzen duten izangaiak.
3.–Kontratatzeko lehentasuna ezarriko da irizpide hauen eta aplikatzeko orden honen arabera:
a) Nork gainditu duen proba gehien.
b) Nork izan duen puntuaziorik altuena probetan.
4.–Zerrenda osatzen duten pertsonei deituta ez bada aski langile aldi baterako kontratazioen beharra betetzeko, beste zerrenda bat eskatzen ahalko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez. Idatz-zati honetan aurreikusitako hautapen sistema erabiliko da deitzeko moduko izangairik ez dagoenean eta justifikatzen denean kontratatzeko premia larria dagoela.
5.–Dei egiteko arau orokorrak.
a) Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du.
b) Izangaiei deitzeko orduan, aurretik ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.
c) Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
d) Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta aurrerago xedatutakoa aplikatuko zaio.
e) Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.
Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.
f) Hasiera batean hamabost egunekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, c idatz-zatian ezarritakoa bete behar izan gabe.
6.–Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.
A.–Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik kanpo geratuko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:
a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatu arte uko egitea justifikatu zuen egoera bukatu dela.
c) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, norberak izandakoa zein adoptatua, zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
e) Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.
f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.
B.–Aurreko idatz-zatian jasotako kasuetan, f) letretakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), c) eta d) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.
C.–Aurreko ataletan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek hamabost eguneko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
7.–Zerrendetatik baztertzea.
Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.
c) Probaldia ez gainditzea.
d) Sinatutako kontratuari uko egitea.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
f) Funtzionario edo lan-kontratudun finko gisa sartzea administrazio publiko batean edo haren erakunde autonomo batean.
g) Lanpostua bertan behera uztea.
h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.
1. ERANSKINA
1.–Sakanako herriak eta horien kaleak ezagutzea.
2.–Hondakinak biltzeko sistema: edukiontzien bidezkoa eta atez atekoa.
3.–Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan integratua.
4.–Uztailaren 28ko 22/2011 Legea, Hondakinei buruzkoa.
Iragarkiaren kodea: L1314269
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
