213. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

155/2013 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programa ezarri eta “Nafarroako koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren erregistroa” izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.

Koloneko eta ondesteko minbizia osasun arazo garrantzitsuenetako bat da herrialde garatu gehienetan, eragin eta heriotza-tasa handiagatik.

Nafarroan hirugarren tokian dago maiztasunean gizonezkoentzat eta bigarrenean emakumezkoentzat. Minbiziak eragindako heriotzei dagokienez, heriotza-tasa handieneko tumorea da emakumeen artean eta bigarren tokian dago gizonezkoen kasuan.

Tumorea goiz detektatzeak bere efizientzia eta eraginkortasuna erakutsi ditu, heriotza-tasa nabarmen jaistea lortu baita; hortaz, detekzio goiztiarreko estrategiak, aurreneurri orokorrekin konbinatuta, gaitz hori kontrolatzeko modu eraginkortzat jo daitezke.

Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa eta eguneratzeko prozedura ezarri zituen apirilaren 20ko 1030/2006 Errege Dekretuak, prebentzioko jardueren artean, honako hauek jasotzen ditu: gaitzak galarazteko egiten direnak arriskuko faktoreetan eraginez (lehen mailako prebentzioa) edo sintoma aurreko fasean detektatzeko egiten direnak bahetzearen edo diagnostiko goiztiarraren bidez (bigarren mailako prebentzioa).

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak 5.14 artikuluan ezartzen du Foru Komunitateak beste osasun prestazio batzuk jartzen ahalko dituela, Osasun Sistema Nazionalaren oinarrizko prestazioen osagarri gisa, eta espres programatu eta aurrekontuan berariaz hornitutakoan gauzatuko direla.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 19.2.c) artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoek beren eskumenen esparruan bultzatuko dituzte lehen mailako beste aurreneurri batzuk, hala nola txertoa, bigarren mailako aurreneurriekin osatuko direnak; esate baterako, gaitzaren detekzio goiztiarraren programekin. Arau horren 20. artikuluak adierazten du gaitza goiz detektatu, diagnostikatu eta goiz tratatzera bideratutako jarduerek osatzen dutela bahetzea, eta gaitza izan dezaketen herritarrei eskaintzen zaizkiela, nahiz eta inoiz ere sintomarik ez izan edo mediku laguntzarik ez eskatu. Halaber, osasun arloko agintarien esku uzten du sustatze lana, bahetzea ahalik eta kalitate handienekoa izan dadin eta ahalik eta herritar gehienengana irits dadin horretarako kanpainen bitartez.

Lehen aipatu 33/2011 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen du haren prestazioak Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera finantzatuko direla.

Gaur egungo ebidentzia zientifikoan oinarrituta, Osasun Departamentuak koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programa bat abian jartzea erabaki du herritarrentzat eta, hortaz, haien eskubidea jaso eta finkatu behar da.

Abian jarri eta gero garatzeko, prozesu guztien kudeaketa osorako aukera ematen duen informazio sistema bat izan behar da, gonbitei buruzko datuak, testa, emaitzak, diagnosia berresteko probak eta jarraipena barne dituela, egin beharreko miaketa klinikoen behar bezalako aplikazioa berma dadin. Gainera, emaitzak ebaluatzeko aukera emanen du, osasunaren gainean duten eragin moduan.

Hori helburu, berariazko aplikazio informatiko bat garatu da, herritarren osasun arloko gainerako informazio sistemekin lotura duena eta haietan integratua (COLONIS), behar horiei erantzuteko.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esku dauden datu pertsonaleko fitxategi informatizatuak. Foru dekretu hori aldarrikatu zen egunean zeuden fitxategiak onetsi ziren datuen tratamendu automatizatuko fitxategi pertsonal gisa, eta erantsitako dokumentuaren zerrendan agertu ziren. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Nafarroako kolonoeko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programa ezartzea eta arautzea ditu xede foru agindu honek.

2. Halaber, Nafarroako koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren erregistroa izeneko datu pertsonalen fitxategia (COLONIS) sortzea onetsi da. Eranskinean ezarri diren ezaugarriak ditu erregistro horrek.

2. artikulua. Nafarroako koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programan sartzeko eskubidea duten pertsonak.

1. Nafarroako edozein udalerritan bizi eta koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programak bertan sartzeko ezartzen dituen irizpideak betetzen dituztenek dute hartarako eskubidea.

2. Ezarritako detekzio prozesuak eginen direla bermatzen da, baita diagnosia berresteko balorazioa eta patologia arriskutsuen jarraipena ere, programak berak ezarriko dituen oharren arabera, kosturik eragin gabe babestutako pertsonei. Hori guztia, indarra duen araudiaren arabera zerbitzua ematera edo hura ordaintzera behartuta dauden hirugarrenen betebeharrak galarazi gabe.

3. artikulua. Nafarroako koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programaz arduratzen den erakundea.

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari dagokio Nafarroan koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programa kudeatzea, eta Detekzio Goiztiarraren Atalari detekzio prozesuari loturiko jarduerak garatzea, baita programa osoa koordinatu, ebaluatu eta kontrolatzea ere.

2. Osasun Departamentuak ezarriko ditu neurri egokiak prestazio honen aintzatespen administratiboa eraginkorra eta eragilea izan dadin.

4. artikulua. Herritarrak hautatzea eta bahetze testa.

1. Zientifikoki begi bistakoa zer den, hartan oinarrituta zehaztuko dira herritarrak hautatu eta bahetze testa egiteko berariazko irizpideak, eta talde bakoitzari aplikatuko zaizkio koloneko eta ondesteko minbizia izateko duten arriskuaren arabera.

2. Une honetan, gaitza izateko arrisku ertaina duten 50 eta 69 urte arteko pertsona guztiei eskainiko zaie eginkarietako odol ezkutuaren testa egiteko aukera, bi urtean behin.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko urriaren 18an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

ERANSKINA

Fitxategiaren izena: Nafarroako koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren erregistroa (COLONIS)

a) Helburua eta erabilera aurreikusiak:

Nafarroako koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programako prozesu eta jarduera guztiak egiteko kudeaketa, baita emaitzak ebaluatzea ere, honako hauek barne:

–Xedeko herritarrak identifikatzea.

–Baztertutako pertsonak identifikatzea.

–Aukera daitezkeen herritarrak identifikatzea.

–Bahetze probak eta gonbitak norberari berea igortzea.

–Bahetze prozesuari jarraitzea eta diagnosia berrestea, beharrezko tratamenduen aplikazioarena barne.

–Jarraipena egitea lesio arriskutsuak dituztenei.

–Prozesua ebalutzea.

–Emaitzak ebaluatzea.

b) Ukitutako pertsonak edo taldeak:

Nafarroako koloneko eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarraren programaren xedeko herritar gisa sartuta daudenak.

c) Datuak biltzeko prozedura:

Prozesuari lotutako datu-base administratibo eta klinikoetatik eskuratuko dira datuak, eta programan sartutako pertsonek ematen dituztenetatik.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonalak.

Identifikaziorako datuak:

–NAN/IFZ/AIZ.

–Izen-deiturak.

–Helbidea.

–Telefonoa.

–Bestelakoak:

  • Historia klinikoaren zenbakia.
  • Identifikazio-kode pertsonala (CIPNA).

Identifikaziokoak ez diren datuak:

–Sexua.

–Jaioteguna.

–Herrialdea, probintzia eta jaioterria.

–Posta kodea.

–Osasun Eremuaren Identifikazio Kodea (CIAS).

–Osasun laguntzaren mota.

–Heriotza eguna.

Babes berezia duten beste datu batzuk:

–Osasuna: egindako miaketak, emaitzak eta tratamenduak.

e) Datu pertsonalak lagatzea.

Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko informazio sistemekin trukatzen ahalko dira, pazienteen jarraipena eta osasun prozesuaren kalitatea segurtatzearren. Halaber, beste entitate batzuei lagatzen ahalko zaizkie datuak, estatistika edo azterketa helburuekin. Laga aurretik, konfidentzialtasun kontratu bat sinatu beharko da, laga beharreko datuak anonimo bihurtzera behartuko duena, besteak beste. Hori guztia, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11. artikuluarekin bat.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua.

g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Detekzio Goiztiarraren Atalean erabiltzen ahalko dira datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak.

h) Fitxategi automatizatua edo eskuzkoa.

Automatizatua.

i) Segurtasun neurriak.

Goi mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1314764