213. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko urriaren 2koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Tafallako El Caserío, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Tafallako El Caserío, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31003202011900) aztertu da, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko uztailaren 5ean izenpetu ondoren erregistro honetan sartu zena 2013ko irailaren 24an, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2012ko urriaren 2an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

“EL CASERIO, S.A.” ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Langile eremua eta lurralde eremua.

Hitzarmen honek indarra hartzen duen egunetik aurrera, El Caserío, S.A. enpresaren eta bere plantillako langileen arteko lan harremanak bertan jasotako xedapenen bidez aratuko dira. Plantillako lanbide kategoriak eta ordainsariak eranskinetako soldata tauletan ageri dira. Xedapen hauek hitzarmenak indarra hartzen duenean enpresan ari diren plantillako langile guztiei aplikatuko zaizkie, bai eta hitzarmenaren indarraldian enpresan sartzen diren langile berriei ere.

Hitzarmen honen xedapenek Tafallako (Nafarroa) lantegian izanen dute eragina.

Hitzarmenaren iraunaldia eta hitzarmena salatzea.

Hitzarmen honek sinatzen den egunean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna edozein dela ere. Hala ere, ondorio ekonomikoak atzera eramanen dira 2013ko urtarrilaren 1era arte. Urtebeteko indarraldia izanen du, 2013ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra arte. 2013ko urriaren 31n salatu dela ulertuko da besterik gabe, eta horrek ez du esan nahi hitzarmen berriaren gaineko negoziazioa 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen hasi behar denik.

–Hitzarmenaren aurreraeragina.

Alderdiek berariaz adostu dute hitzarmen honen eduki osoak indarrean segituko eta aplikatuko dela hura ordezteko beste bat sinatu arte, kontuan hartu gabe hitzarmenaren negoziazioan zenbat denbora pasatzen den akordioa lortu gabe.

2. artikulua. Indarraldia.

A.–Indarra hartzea: Hitzarmen kolektibo honek negoziazio alderdiek sinatzen duten egun berean hartuko du indarra.

B.–Ondorio ekonomikoak: Hitzarmen kolektibo honek 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorio ekonomikoak izanen ditu.

C.–Iraupena: Hitzarmen kolektibo honek 2013ko abenduaren 31ra arte iraunen du. Hurrengo hitzarmenaren negoziazioa 2014ko urtarrilaren 15etik aurrera hasiko da, edozein alderdik hitzarmena salatzen badu ere.

3. artikulua. Ordainsariak.

2010. urtean ordainsariak izanen dira 2009koak gehi %1,50. 2011rako, 2010eko ordainsariei Nafarroako KPIa gehi %0,5 aplikatuko zaie.

2010. urtea. Fakturatutako salmentak 563.500 Kg-tik gorakoak badira, lan osagarri finkagarri bat aplikatuko da, hain zuzen, 2009ko ordainsarien %0,2 adina.

2011. urtea. Fakturatutako salmentak 563.500 Kg-tik gorakoak badira, lan osagarri finkagarri bat aplikatuko da, hain zuzen, 2010eko ordainsarien %0,2 adina.

2012. urtea. Urte horretan, ordainsariak aurreko urteko Nafarroako KPIa adina igoko dira (%2,6). Epe horretan 620.000 Kg ekoizten badira, %0,5 handiagoa izanen da igoera hori, eta ekoizpena 685.000 Kg-tiko gorakoa bada, beste %0,5. Igoera horiek finkagarriak izanen dira hurrengo urteari begira.

2013. urtea: urte honetan ordainsariak %1 igoko dira. +0,5 finkatua, eta 0,5 ekoizpena %5 handiagoa bada, edo %0,9 merkaturatze enpresa berri batekin kontratu finko bat sinatzen bada.

4. artikulua. Antzinatasun osagarria.

El Caserío, S.A.ko langile finkoek hirurtekotan oinarritutako antzinatasun osagarria jasoko dute. Hirurteko bakoitzaren zenbatekoa oinarrizko soldataren %6 izanen da, eta gehienez 8 hirurteko kobratuko dira.

5. artikulua. Plus pertsonala.

2009ko plus pertsonala mantentzen da, %1,50 igota, aurreko artikuluan antzinatasuna mugatzeko itundutako erabakia konpentsatzeko. Plus pertsonal horren zenbateko zehatza, 2010. urterako, 1. eranskinean jasotzen da, horretarako eskubidea duen enpresako langile bakoitzarena finkatuta. Plus pertsonal hori eranskinean agertzen diren langileentzat izanen da, eta ez zaio langile gehiagori aplikatuko.

6. artikulua. Aldizkako eskersari finkoak.

Itun sozial honen eraginpeko langileek ohiz kanpoko bi eskersari jasoko dituzte, bat uztailaren lehenengo hamabostaldian, eta bestea Eguberrietan. Aparteko paga bakoitzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: hilabete bateko oinarrizko soldata, gehi antzinatasuna, gehi jardueraren plusa, gehi plus pertsonala.

7. artikulua. Mozkinetan parte hartzearen osagarria.

Enpresaren mozkinetan parte hartzearen osagarri gisara, enpresak ordainsari bat ordainduko die langileei, hogeita hamar eguneko oinarrizko soldata adinakoa, gehi antzinatasun osagarria. Diru hori 14 zatitan ordainduko da, kasuan kasuko hileko soldatari gehituta.

8. artikulua. Lanaldia.

1. 2012. urtean, urteko lanaldia 1.712 ordukoa izanen da, benetako lanordutan neurtua.

2. Langileen legezko ordezkariek eta zuzendaritzak adostuko dute nola banatu benetako lanordu horiek enpresan, betiere oinarri hauei jarraikiz:

3. 2013. urtean, benetako lanaldia 1.712 ordukoa izanen da, lanaldiaren banaketa irregularrari buruzko atalean sinatutako berezitasunak aplikatuta.

–2010. urtea. Oporrak: 21 egun, abuztuaren 11tik abuztuaren 31ra arte; 7 egun natural Sanferminetako astearekin bat etorriz, eta gainerako bi egunak, abenduaren 24an eta 31n. Irailaren 1etik urtarrilaren 31ra arte (epe hori kanpainakotzat jotzen da), lanekoak izanen ez diren egun bakarrak Espainiako eta tokiko jaiegunak izanen dira.

–2011. urtea. Oporrak: 21 egun, abuztuaren 11tik abuztuaren 31ra arte; 7 egun natural Sanferminetako astearekin bat etorriz, eta gainerako bi egunak, abenduaren 24an eta 31n. Irailaren 1etik urtarrilaren 31ra arte (epe hori kanpainakotzat jotzen da), lanekoak izanen ez diren egun bakarrak Espainiako eta tokiko jaiegunak izanen dira.

–2012. urtea. Oporrak: 14 egun, abuztuaren 9tik abuztuaren 28ra arte; 7 egun natural Sanferminetako astearekin bat etorriz, eta gainerako hiru egunak, abenduaren 24an, 26an eta 31n. Irailaren 1etik urtarrilaren 31ra arte (epe hori kanpainakotzat jotzen da), lanekoak izanen ez diren egun bakarrak Espainiako eta tokiko jaiegunak izanen dira.

–2013. urtea. Oporrak: 14 egun, abuztuaren 8tik abuztuaren 27ra arte; 7 egun natural Sanferminetako astearekin bat etorriz, eta gainerako hiru egunak, abenduaren 24an, 26an eta 31n.

Irailaren 1etik urtarrilaren 31ra arte (epe hori kanpainakoa baita), lanekoak izanen ez diren egun bakarrak Espainiako eta tokiko jaiegunak izanen dira.

4. Lanaldia benetan egin beharreko 1.712 lanordukoa bada ere, enpresak baimena emanen du lanaldi jarraitua duten fabrikazio ataleko langile guzti-guztiek 15 minutuko atsedenaldia egin dezaten, edo dagokion zatia kontratuan finkatuak dituzten orduen arabera, ogitartekoa jateko. Produkzioko arduradunak erabakiko du noiz eta zein langilek hartzen duten atsedena, dela taldeka, dela banaka, produkzio jarduerak behar duen jarraitutasunari kalte larririk ez eragiteko.

–Lanaldiaren banaketa irregularra.

Ekoizpenaren ezaugarriak direla eta, erabaki da enpresaren lan egutegiaren barrenean banaketa irregularra egitea, eta, horrela, urteko lanaldiari beste bi egun gehituko zaizkio, hau da, benetako ekoizpeneko 218 egun eginen dira, baina langileak bi egun gehiago izanen ditu nahi duenean libre hartzeko. Lanaldiaren luzapena urteko lan egutegia prestatzean finkatuko da. Hori enpresaburuaren eskura egonen da, betiere irizpide hauen araberakoa bada:

Gutxienez bost egun lehenagotik abisatzea.

Eguneko lanaldia ez izatea bederatzi ordutik gorakoa, ez eta sei ordutik beherakoa ere.

Banaketa irregularretik aparte gelditzen dira bere kargura dauden ahaideak zaintzeagatik lanaldia murriztua duten langileak.

9. artikulua. Oporrak.

Itun sozial honen eraginpeko langileek hogeita hamar egun naturaleko oporraldia izanen dute urtean. Enpresak oporraldi hori moztea erabakiz gero, zati bat hamalau egunekoa izanen da.

10. artikulua. Lizentziak.

Itun sozial honen eraginpeko langileek eskubidea dute honako kasu hauetan adierazten den lizentzia hartzeko, soldata galdu gabe:

1. Langilearen ezkontza: 18 egun natural. Langileak jakinarazten duen ezkontzaren datatik aurrerako lizentziaren egunek bat egiten badute langilearen opor egunekin, langileak ezin izanen du oporraldi hura luzatu, ez eta beste egun batzuetan hartu ezkontzeagatik dagokion lizentziarekin bat egiten duten opor egunak.

2. Gurasoen, aita-amaginarreben, seme-alaben, anai-arreben eta koinatu-koinaten ezkontza: egun bat.

3. Ezkontidearen, gurasoen, aita-amaginarreben, anai-arreben, koinatu-koinaten eta seme-alaben heriotza: hiru egun natural. Epe hori bost egunera luza daiteke, enpresak aztertu beharreko egoeraren arabera. Gertaera dela eta, langileak lekuz aldatu behar badu, lizentzia ez da lau egunetik beherakoa izanen.

4. Ezkontidearen, gurasoen, aita-amaginarreben, anai-arreben, koinatu-koinaten eta seme-alaben eritasun larria eta emaztearen erditzea: hiru egun natural. Epe hori luzatzen ahalko da aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera.

5. Ezkontidearen, seme-alaben, gurasoen, aita-amaginarreben eta anai-arreben eritasuna, ospitaleratu arren eritasun larria ez bada: egun natural bat.

6. Lehen graduko ahaideen kirurgia anbulatorioa, anestesia orokorra erabili bada, baita bigarren gradukoen kasuan ere, langilearekin bizi badira: bi egun.

Lizentzia bera langile batek baino gehiagok erabiltzerik badute, bakar batek eskatzen ahalko du, haien artean adostuta. Ukituriko langileek aukeratzen ez badute, enpresak txandaka emanen ditu lizentzia horiek.

7. Aiton-amonen, biloben, osaba-izeba propioen, ezkontzako osaba-izeben eta iloben heriotza: egun natural bat; beste herri batera joan behar baldin badu, bi egun, eta bidaia horregatik gaua kanpoan eman behar baldin badu, hiru egun.

8. Betebehar saihestezin bat betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.

9. Egun bat, ohiko bizilekua aldatzeko.

10. Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da.

11. Langile guztiek 16 ordu hartzeko eskubidea izanen dute, ordainsariak galdu gabe, medikuaren bisita edo kontsultetara joateko, dela Osasunbideakoak, dela mediku partikularrenak, izan medikuntza orokorrekoak eta/edo espezialistak.

Lizentzia eta baimen horiek guztiak bigarren mailako ahaideekin ere hartzen ahalko dira, kontuan hartu gabe ezkontza, adopzio edo odol bidezko harremana den.

Lizentzien kapituluaren ondorioetarako, izatezko bikoteak onartzen dira, Izatezko Bikoteei buruzko Foru Legea bete beharrez.

Langileek bi egun izanen dituzte nahi dutenean libre hartzeko, baina egun eta txanda berean ezin dira bi langile baino gehiago izan aldi berean egoera horretan. Abenduan, ordea, ezin du inork hartu horrelako egun librerik.

Lizentzia horiek hartzeko eskubidea ematen duten gertaerak justifikatu beharko dira nahitaez, egunak hartu ondoren bada ere.

11. artikulua. Istripuak eta eritasuna.

Istripuaren ondoriozko baja kasuetan, enpresak konpromisoa hartzen du langileen benetako soldataren ehuneko ehun osatzeko, bajaren hasieratik bukatu arte. Istripuaren ondoriozko baja oporren aurretik hasi eta oporraldi osoan edo zati batean irauten badu, baja egoeran emandako opor egunak langileak berreskuratzen ahalko ditu hurrengo urteko otsailaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte.

Eritasunaren ondoriozko baja kasuetan, enpresak benetako soldataren ehuneko ehun osatuko du baldin eta aurreko lauhilekoan (urtarriletik apirilera, maiatzetik abuztura edo irailetik abendura) absentismo indizea %4tik beherakoa izan bazen. Indizea handiagoa baldin bada, Karameluen sektorearen 1980. urteko Nafarroako Hitzarmen Probintzialean eritasunaren ondoriozko bajei buruz ezarritakoa aplikatuko da.

12. artikulua. Heriotza.

Jarduneko langileren bat hilez gero, enpresak, antzinatasuneko bosturteko bakoitzeko, hileko soldata bat ordainduko die langilearen kausadunei, eta gehienez ere 6 hileko ordainduko dira horrela.

13. artikulua. Laneko arropa.

Enpresak honako jantzi hauek emanen dizkie langile guztiei: 5 kasaka, 4 galtza pare eta segurtasuneko zapata pare bat. Hori guztia garbia emanen zaio, eta enpresa arduratuko da garbitzeaz.

14. artikulua. Laneko segurtasuna eta higienea.

El Caserío, S.A.ko langileek konpromisoa hartzen dute Laneko Segurtasun eta Higieneari buruz indarra duten arauak zorrotz betetzera, eta, elikaduraren sektoreko enpresa bat denez, batez ere, bere burua ongi garbitzera, zehazki, eskuak, ilea eta laneko jantziak, baita bere ardurapeko lan tresna eta elementuak garbitzera ere.

15. artikulua. Lanbide kategoriak.

El Caserío enpresako zuzendaritzak hitza ematen du lanbide taldeak aztertuko dituela, eta enpresaren egoeran nola moldatu daitezkeen.

Horrez gainera, lanbide talde batetik bestera igotzeko barne igoerako sistema bat ezartzea aztertuko du.

16. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.

Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusi edo arautua ez dagoen orotan, Nafarroako opilgintza, gozogintza eta prestalekuen hitzarmenean ezarritako arauak aplikatuko dira, edo, horrelakorik ezean, Langileen Estatutuan eta harekin bat datozen gaineko xedapenetan ezarritakoa.

Tafallan, 2013ko uztailaren 5ean.

Ados:

Enpresaren aldetik Langileen aldetik Delegatua.

Iragarkiaren kodea: F1313817