213. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

842/2013 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, 2013. urtean bizitza independenteari laguntzeko programa kudeatu eta laguntzaile pertsonala kontratatzen duten gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Gainera, xedatzen du Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarriko direla gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da. Horren arabera, agintari publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, bizkortu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Eskumen horiek oinarritzat harturik, intereskotzat jotzen da bizitza independenteari laguntzeko programak garatzea, horien helburua edozein mailatako desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen autonomia edo bizimodu independentea sustatzea izanik.

Bizitza independenteari laguntzeko programen bidez, aholkularitza eta prestakuntza lanak eginen dira, eta laguntza emanen zaie parte-hartzaileei bizitza independenterako banakako programak prestatzen; horretarako printzipioa da desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonek aukera berdintasuna eta beren bizitzen kontrola eskatzen dituztela eta beren bizimodua sortzen ahal dutela laguntzaile pertsonalaren bidez edo autonomia bultzatzen duten teknologien bidez lagunduz gero.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Arau horren 17.1. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honakoa joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Espedienteari erantsitako txosten tekniko eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta onura publikokoa dela, eta deialdia nahiz oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2013. urtean bizitza independenteari laguntzeko programa kudeatu eta laguntzaile pertsonala kontratatzen duten gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2013ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko funtsa, entitateentzako diru-laguntzak, mendekotasun moderatua dutenentzat laguntzaile pertsonala kontratatzeagatik” izeneko 920005 91820 4819 231B37 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko urriaren 18an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

2013. urtean bizitza independenteari laguntzeko programa kudeatu
eta laguntzaile pertsonala kontratatzen duten gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

2013ko ekitaldian gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek; irabazi asmorik gabekoak izan beharko dute, Nafarroan kokatuta egon beharko dute eta gai izan beharko dira bizitza independenteari laguntzeko programa bat kudeatzeko, programa hori edozein mailatako desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen bizitza autonomoa eta independentea sustatzera bideratuta izanik.

Deialdi honetatik kanpo daude beren erabiltzaileentzat programa mota hori gauzatzen duten egoitzak eta/edo eguneko zentroak.

2.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Horretarako bideratuko den zenbatekoa 100.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, “PFEZ %0,7 funtsa. Entitateentzako diru-laguntzak, mendekotasun moderatua dutenentzat laguntzaile pertsonala kontratatzeagatik” izeneko 920005 91820 4819 231B37 kontu-sailaren kargura.

3.–Betebeharrak.

3.1. Entitate eskatzaileen betebehar orokorrak.

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Gizarte Politiketako Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta egotea. Eskaera entitate batek baino gehiagok elkarrekin eginez gero, guztiek egon beharko dute erregistroan inskribatuta.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea. Hori oinarri honen 3.1 a) atalean aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erakundearen helburua desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzako jarduerak egitea dela agertzea estatutuetan.

e) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekurik ez urratzea.

h) Entitateak lokal bat izan beharko du, eskualdeko hiri garraioa iristeko modukoa. Lokal horrek arreta banaka emateko bulego bat eta prestakuntzarako gela bat, gutxienez ere, izan beharko ditu, eta beste helburu batzuetarako ere erabiltzen ahalko da.

Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

3.2. Diru-laguntzaren xedeko programaren betebeharrak.

a) Deialdiaren xedeari egokituak izatea.

b) Bizitza independenteari laguntzeko programak aholkularitza eta prestakuntza lanak eginen ditu bizitza independentea sustatzeko arloan, bai parte hartzen dutenen zein haien familien alde, bai laguntza pertsonaleko lanak egiten dituztenen alde.

c) Bizitza independenteari laguntzeko programak terapia okupazionaleko eta aholkularitzako zerbitzu baten laguntza izanen du, bizitza autonomoa bultzatzen duten laguntza teknikoei buruz.

d) Entitateak, bizitza independenteari laguntzeko programaren onuradunekin ados, bizitza independentearen banakako proiektua prestatzeko behar duten laguntza emanen die. Hauek dira bizitza independentearen banakako proiektuak jaso beharko dituen datuak:

–Parte-hartzaileen datu pertsonalak.

–Behar pertsonalei, teknikoei eta ingurunekoari buruzko datuak.

–Gaur egun egiten dituen jarduerak eta gaurtik gutxira egin gogo dituenak laguntza pertsonalaren sostenguarekin (lana, azterlanak, jarduera soziala, aisia, eta abar).

–Etxebizitzari buruzko datuak.

–Laguntza pertsonalaren beharrak, zer lanetarako behar duen zehaztuta.

–Ordutegiak, jaiegunak, asteburuak, oporrak, aisia eta ustekabeak barne.

–Laguntza pertsonalaz aparte, jarduera hauek egiteko dituen giza, teknika eta ekonomia arloko laguntzak.

e) Bizitza independenteari laguntzeko programak laguntzaile pertsonala bilatzen eta kontratatzen lagunduko du, kontratazio hori beharrezkotzat jotzen bada.

Horretarako, entitateak laguntzaile pertsonalen lan-poltsa bat eratuko du onuradunei sortzen zaizkien beharren arabera kontratatzeko.

Lan-poltsan inskribatutakoek langabezian egon beharko dute, prestazio ekonomikorik jasotzen ez dutela kontratazioaren unean. Salbuespen gisa eta arrazoietan oinarrituta, beste langabe batzuk kontratatzen ahalko dira nahiz baldintza hori ez bete, egokitzat jotzen badira laguntzaile pertsonalaren zerbitzua egiteko, aldez aurretik lan-poltsan inskribatuta egonez gero.

f) Funts berekietatik eta erabiltzaileengandik heldu den finantzaketa izatea.

3.3. Bizitza independenteari laguntzeko programan parte hartzen dutenek bete beharreko baldintzak.

a) Edozein mailatako desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonak, bizitza independentearen proiektu bat garatzeko interesa dutenak.

b) Bizitza independenteari laguntzeko programan parte hartzeko, lehen aipatu baldintzaz gain, honako hauek bete beharko dira eskaeraren unean:

–Behar dituen zerbitzuak zehazteko gauza izatea, haiek kontrolatzea eta jarraibideak ematea laguntzaileari. Legezko ezgaitasunaren kasuan, haren zaintza eta jagoletza dituenari eskatuko zaio baldintza hori.

–Ordaindutako lan batean aritzea, Gizarte Segurantzan alta duela, enplegu bila aritzea, goi mailako edozein irakaskuntzatan parte hartzea; bestela, bizitza independentearen banakako proiektua edo jendarteko garapen pertsonalarena aurkeztea, bere autonomiarako laguntzak behar dituena laguntzaile pertsonal baten bidez edo autonomia bultzatzen duten teknologien bidez.

Bizitza independenteari laguntzeko programak hartan parte hartzen duten guztien parte-hartze ekonomikoa ezartzen ahalko du. Edozein kasutan, parte-hartzaileak zer ahalmen ekonomikoa duen, horren arabera ezarriko da parte-hartze hori.

Ezin izanen da parte-hartze ekonomikorik ezarri IPREM ondorio askotarako errenta adierazle publikoa baino ahalmen ekonomiko txikiagoa duten pertsonen kasuan.

4.–Eskaeren aurkezpena.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaera, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da.

Eskaerak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian ezarritako gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Gizarte Politiketako Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan behar den inskripzioa egin izanaren egiaztagiria.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitateak, administratzaileek eta ordezkariek diru-laguntzen onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabetean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez dago a), b), c), d), e) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta horien ziurtagiria Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute edo Administrazioak dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori adieraziz.

4.3. Entitateak aurkeztu beharreko programaren berariazko dokumentazioa:

a) Diru-laguntzaren xedeko programaren deskripzioa, honako hau zehaztuz:

–Programaren izena, helburua eta ikuspegia.

–Helburuak.

Prestaziorik gabeko langabe onuradunak, laguntzaile pertsonalaren zereginak betetzeko gaitasunak dituztenak, atzemateko estrategiak.

–Eginen diren jarduerak.

–Jarduketa protokoloak.

–Jardueren egutegia.

–Giza baliabideak (zehaztu langile kontratatuen eta azpikontratatuen ordu kopurua hilabetean)

–Finantza baliabideak (diru-sarrera eta gastuen aurrekontua).

–Programaren onuradunen identifikazioa, halakorik bada, haien datu pertsonalak eta duten mendekotasun edo desgaitasun maila adierazita.

–Ebaluazio aurreikuspena (adierazleak ....).

4.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

5.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari esleitzen zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

6.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dagokion kopurua emanen zaio, eta 100.000 euro gehienez, oinarri hauetan ezarritako irizpideen araberako puntuazio handiena eskuratzen duen entitateari.

7.–Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

7.1. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Entitateek kudeaketa gastuen aurrekontua (bertako langileak edo azpikontratatuak, zerbitzuak eta hornidura, sostenguak emateko aurreikusitako gastuak) prestatzen ahalko dute.

7.2. Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa.

Diru-laguntza 100.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, salbu entitateak zenbateko txikiagoa eskatzen badu. Halakoetan, gehienez ere, eskatutako zenbatekoa emanen da.

8.–Balorazio irizpideak.

Programaren alderdi teknikoak baloratuko dira, hots, oinarriak, helburuak, jarduerak, epeak, kronograma, espero diren emaitzak, ebaluazioaren adierazleak, egiaztapenetarako iturriak, giza, teknika eta ekonomia arloko baliabideak bat etortzea eta koherenteak izatea.

1. irizpidea: proposamena berritzailea izatea: 10 puntu.

Bere ezaugarriengatik interes bereziko programa izatea baloratuko da, duen berezitasunagatik berritzaile izatea, hau da, proiektu pilotu izatea.

Proiektuaren eta jardueren sormena, originaltasuna eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baloratuko dira, baita haien berezitasuna eta kalitatea ere.

Berritzaile izatea eta teknologia berriak erabiltzea baloratuko da, bizi kalitate handiagoa dakarrelako.

Programak emaitzak iritzi publikoari zabaltzea kontuan hartzen ote duen baloratuko da, hau da, sentsibilizazio lanaren alde egiten duen, desgaitasunak dituztenen beharrei zein potentzialtasunei buruz. Proiektu irekia izatea, berez hedatzera eta zabaltzera jotzen duena.

Proiektu bakar bat, estandarizatu gabea, proban jarri gabeko aukerak eskaintzen dituena, berritzailea izatea baloratuko da, atzemandako beharrari erantzutzen dioten helburuak eskuratzearren.

KONTZEPTUA

SARTU BEHARREKO KODEA

PUNTUAZIOA

Programa sartu berria Foru Komunitatean

BAI/EZ

1

Edukien berrikuntza maila edo/eta proiektuaren metodologia.

BAI/EZ

1

Helburuak lortzeko jarduera berritzaileak eskaintzen dituen programa.

BAI/EZ

2

Teknologia berrien erabilera bultzatzen duen programa.

BAI/EZ

1

Laguntza tekniko berritzaileen erabilera bultzatzen duen programa

BAI/EZ

2

Gizartearen sentsibilizazioa bultzatzen duen programa, helburuak eta emaitzak iritzi publikoaren aurrean agertuta.

BAI/EZ

2

Ekimena beste entitate batzuentzat edo/eta gizartearentzat erreferente bat izatea baloratuko da.

BAI/EZ

1

2. irizpidea: gauzatzea: 10 puntu.

Entitatearen gaitasun teknikoa baloratuko da, programa behar bezala gauzatzeko aukera eman dezala, gizarte zerbitzuak ematen eta kudeaketan frogatuta duen esperientziaren, beste programa batzuen justifikazioaren eta bitarteko teknikoen eta giza baliabideen arabera.

Programa gauzatzeko definitzen diren jarduketa protokoloak dauden baloratuko da.

KONTZEPTUA

SARTU BEHARREKO KODEA

PUNTUAZIOA

Programa gauzatzeko, ezarrita dauden jarduketa protokolo batzuetan oinarrituta garatzen da.

BAI/EZ

2

* Diziplina anitzeko eta gaitasun desberdinetako profesionalen talde baten lan koordinatuari esker gauzatzen da programa, koordinatuz lan egiten baitute helburuen bila.

BAI/EZ

2,20

Programak boluntario batzuk ditu, elkarrekin lan egiten dutenak aurreikusitako jardueretan.

BAI/EZ

0,5

Programak beharrezko baliabide teknikoak ditu hura garatzeko.

BAI/EZ

1,80

Finantzaketa iturriak dibertsifikatuz finantzatzen da programa, eta lehentasuna ematen zaie diru-laguntza publikoak ez direnei.

BAI/EZ

1,5

Entitateak aurrekontu arrazoitu eta orekatua du lortu gogo diren helburuei begira.

BAI/EZ

1,5

Entitatea parte hartua da departamentuak diruz lagundutako programak garatzen

BAI/EZ

0,5

(*) Diziplina anitzeko taldeak oinarrizko profil hauek izan behar ditu, gutxienez ere: psikologoa, gizarte langilea, terapeuta okupazionala edo/eta hezitzailea eta administraria.

3. irizpidea: programaren edukia: 20 puntu.

Aurkeztutako proiektu teknikoaren edukia baloratzen da, proposatutako helburu eta ekintzei egokitzen ote zaien, egin gogo diren jardueren deskripzioa, ebaluazioaren adierazleak eta jardueren kontrola, esku-hartzeko metodologia, egutegia, giza zein material baliabideen koherentzia eta aurkeztutako aurrekontuarekin bat heldu ote den.

Nolako jarduera egin den baloratzen da, eta gizartean duen eragina, eskaera nondik datorren, eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko bideraturik dagoen.

Programak desgaitasuna edo/eta mendekotasuna duten pertsonei aukera berdintasuna eta beren bizitzen kontrola ematen ote dien baloratzen da, laguntzaile pertsonalaren bidez edo autonomia bultzatzen duten teknologien bidez laguntzak eskainiz.

Zerbitzuen sistema publikoaren jarduketekin edo/eta Foru Komunitatean desgaitasunaren arloan gauzatzen diren beste programa batzuekin zenbateraino integratu eta koordinatzen diren eta osagarriak izatea baloratuko da.

Entitate batek baino gehiagok programa batera gauzatzeko gaitasuna baloratuko da.

AZPI-IRIZPIDEAK

Departamentuaren programa baten osagarri den programa

Programa integratu eta koordinatua departamentuaren programekin

Desgaitasuna duten pertsonei loturiko beste programa batzuk osatzen dituen programa

Desgaitasuna duten pertsonei loturiko beste programa batzuekin koordinatutako programa integratua

Programa beste entitate batzuekin batera gauzatzea planteatzen da.

Jarduerak beste entitate batzuekin batera gauzatzea planteatzen du programak.

Helburuak zehatz adierazita daude eta deialdiaren xedeko helburua betetzera daude bideratuta.

Aurreikusitako jarduerak proposatutako helburuetara daude bideratuta.

Programak zaintzaileari aholkuak, prestakuntza eta sostengua ematen dizkio.

Programak etengabeko prestakuntza iraunkorra ematen die desgaitasuna edo/eta mendekotasuna duten pertsonei, eta bizitza independentea eta garapen integrala bultzatzen ditu proiektuan deskribatutako jardueren bidez (gaitasun pertsonalak, sozialak eta lanbidekoak)

Laguntzaile pertsonalen poltsa osatzen dutenen prestakuntzarako aukera ematen duen programa

Programak aholkularitza eta sostengu lana egiten du autonomia pertsonala bultzatzen duten teknologia berrien erabilerari buruz.

Autolaguntzaren programa edo/eta berdinen arteko laguntza.

Aisiako eta astialdi normalizatu eta inklusiboko jarduerei modu independentean heltzeko aukera ematen duen programa

KONTZEPTUA

SARTU BEHARREKO KODEA

PUNTUAZIOA

EZ DATOR BAT AZPI-IRIZPIDE BAKAR BATEKIN

0

0

BAT DATOR LAU AZPI-IRIZPIDEREKIN

4

2,5

BAT DATOR BOST AZPI-IRIZPIDEREKIN

5

5

BAT DATOR SEI AZPI-IRIZPIDEREKIN

6

7,5

BAT DATOR ZAZPI AZPI-IRIZPIDEREKIN

7

10

BAT DATOR ZORTZI AZPI-IRIZPIDEREKIN

8

12,50

BAT DATOR BEDERATZI AZPI-IRIZPIDEREKIN

9

17

BAT DATOR HAMAR AZPI-IRIZPIDEREKIN EDO GEHIAGOREKIN

10

20

4. irizpidea: ebaluazioa: 10 puntu.

Kalitatea kudeatzeko proiektua ezartzea baloratuko da, helburua programaren hobekuntza objektiboa eta bertan parte hartzen duten erabiltzaile eta profesionalak gogobetetzea izanik.

Kalitate adierazleak eta egiaztapenaren aldagaiak izatea baloratuko da.

Programaren eraginkortasuna ebaluatzeko erabilitako sistemak baloratuko dira, berariazko helburuak lortutako emaitzekin erkatuta.

Programaren efizientzia ebaluatzeko erabilitako sistemak baloratuko dira, lortutako emaitzak teknika, giza eta ekonomia arloko baliabideen arabera erkatuta.

Programaren eragina baloratzen da, desgaitasuna duten pertsonen esparruan programak dituen ondorioak kontuan hartuta.

Programaren estrategien ebaluazioa hartuko da kontuan, hartan planteatutako arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu den baloratuta.

Onuradunen parte-hartzea eta gogobetetzea baloratuko dira, Foru Komunitatean eragina jaso dutenen, bazkide kopuruaren eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuta.

KONTZEPTUA

SARTU BEHARREKO KODEA

PUNTUAZIOA

Entitateak ez du kalitate adierazlerik eta egiaztapenaren aldagairik ezartzen programa ebaluatzeko

1

0

Entitateak kalitate adierazleak eta egiaztapenaren aldagaiak ezartzen ditu programa ebaluatzeko

2

5

Aldez aurretik ezarritako kalitate adierazleen eta egiaztapenaren aldagaien arabera ebaluatzen da.

3

10

5. irizpidea: lurraldean duen ondorioa: 5 puntu.

Entitateak lana Foru Komunitateko herrietan gauzatzeko duen gaitasuna baloratuko da.

KONTZEPTUA

SARTU BEHARREKO KODEA

PUNTUAZIOA

BERE HERRIAN BAKARRIK GARATZEN DUTE JARDUERA

1

1

HERRI BATEAN BAINO GEHIAGOTAN GARATZEN DUTE JARDUERA

2

2,5

HIRU HERRITAN BAINO GEHIAGOTAN GARATZEN DUTE JARDUERA

3

5

9.–Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortzen diren puntuen eta aurrekontuko kreditu erabilgarriaren arabera esleituko da.

Dauden 55 puntuetatik gutxienez 28 lortzen dituzten programek baizik ez dute finantzaketa jasoko.

10.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzak eman edo ez ebatziko du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan adieraziko dira diru-laguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7; Iruña). Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko programa eta kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka (espresa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntza horien zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainaldi bakar batean emanen da diru-laguntza, entitate onuradunak aldez aurretik justifikatuta jarduera egin duela, deialdi honen 13. oinarrian ezarritakoaren arabera.

13.–Justifikazioa.

Entitateak 2013ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du justifikazioa. Horretarako, txosten bat aurkeztu beharko du jarduera nola gauzatu duen agertuz. Honako hauek adieraziko dira:

a) Programa gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, atal hauek jasotzen dituena:

–Programaren izena.

–Programaren egutegia.

–Parte-hartzaileen zerrenda, haien datu pertsonalak eta mendekotasun edo desgaitasun maila barne.

–Programaren eraginkortasuna, berariazko helburuak lortutako emaitzekin erkatuta.

–Efizientzia, hau da, emaitzak erabilitako teknika, giza eta ekonomia arloko baliabideen arabera ebaluatuta.

–Eragina, proiektuak onuradunengan dituen ondorioak aintzat hartuta.

–Programaren estrategien ebaluazioa, hartan planteatutako arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu ote den baloratuta.

–Onuradunen parte-hartzea eta gogobetetzea, Foru Komunitatean eragina jaso dutenen eta parte-hartzaileen arteko proportzioa ebaluatuta.

b) Programako diru-sarreren zerrenda, diru-sarrera guztiak zehaztuta dituela. Zerrenda horrek gastu guztiak ere bilduko ditu, honelaxe sailkaturik:

–Bertako langileak edo azpikontratatuak.

–Jarduerak.

–Funtzionamendua.

c) Hartutako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horri behar diren egiaztagiriak gehituko zaizkio. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku laburpenak, ordainagiriak eta fakturak bakarrik onartuko dira egiaztagiri gisa, eta haietan igorlearen datuak, hartzailea nor den, data, kontzeptua eta prezioa azalduko dira, legez xedatutakoari jarraituz. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, jasotako diru-laguntza justifikatzeko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzian aurkeztu izanaren frogagarri gisa.

d) Beste edozein dokumentazio idatzi edo grafiko, borondatez eman nahi dena, diru-laguntza jasotzen duen programaren gauzatze edo bilakaera ona bermatzen duena.

Jarduerak, diru-laguntzaz gain, norberaren funtsekin edo bestelako diru-laguntzekin edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan diru horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funts horiek diru-laguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

14.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan entitateak zehaztu bezala gauzatzea.

b) 13. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatzen diren programa edo jarduerei buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate arloko jarduketa guztiek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko dute. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen zabalkundea egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Diru-laguntza jasotzen duen jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

Gainera, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ukitutako entitateek ondoren aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute:

Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari emandako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptutan banatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.

Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetarako.

Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.

Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko inguruabarrak ematen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.

Informazio hori guztia modu telematikoan aurkeztuko da Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Diru-laguntza eta Programak Kudeatzeko Atalari zuzenduta, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.

15.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

15.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak.

15.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek dokumentu bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

16.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldatzera behartzen ahalko du, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, eta kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

17.–Dirua itzultzea.

Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez.

Orobat, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan adierazitako informazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ordaintzea galaraziko du, aurrerakinak barne, eta jasotako zenbatekoa itzultzera behartuko du.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza-interesa ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

18.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hark ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iruñean, 2013ko urriaren 18an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1314844