212. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

542/2013 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko, hezkuntza komunitateko sektore guztien parte hartzea bermatzeko asmoz.

Kontuan harturik Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa , Hizkuntza Eskola Ofizialetako gobernu organoak arautzen dituen irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretua eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala sortu zuen azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretua, ebazpen honen xedea da ikastetxe horietako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea, baita dagokien eranskina ere. Hona hemen:

I.–Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola Kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan hautatutako kideak egoteko denbora bukatu delako.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du, Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.–Hautapen prozesua prestatzea.

1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako Eskola Kontseiluak hautatu eta haien zati bat berritzeko deialdia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako gobernu organoak arautzen dituen irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuan horri buruz ezarritakoari lotuko zaio.

2. Eskoletako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hauteskunde errolda eginen dute. Hauek dira errolda horretan jaso beharreko datuak: boto eskubidea dutenen izena, deiturak eta NANa edo dokumentu baliokidea.

3. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean, ikasleen sektorearen errolda Hizkuntza Eskola Ofizialek berezkoak dituzten irakaskuntzetan, urrutiko irakaskuntzaren modalitatean (That’s English programa), matrikulaturik dauden ikasleekin eginen da.

4. Halaber, zuzendaritzek Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III.–Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, ekitaldi publikoan eratuko da azaroaren 6tik aurrera.

2. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

–Bi irakasle.

–Bi ikasle.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Batzordeko kide guztiak, zuzendaria izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hauteskunde errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

3. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

4. Hauteskunde Batzordeak mahaien eraketa sustatu behar du, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatu.

5. Hauteskunde Batzordearen eskumenak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 24. eta 25. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak dira.

6. Artikulu horietan xedatutakoaz gain, Hauteskunde Batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde mahaiak.

1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira, irailaren 2ko 959/1998 Errege Dekretuaren 28., 32. eta 36. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hauteskunde mahaiek bozketa arautu, bozkatzearen zuzentasuna begiratu eta botoak kontatuko dituzte.

2. Irakasleen hauteskunde mahaiko kideak izanen dira ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, ikastetxean urte gehien egin dituen irakaslea eta urte gutxien egin dituena. Azken horrek mahaiko idazkari lana eginen du. Antzinatasun bereko irakasle batzuk baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.

3. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Ikasle zaharrenak idazkari lana eginen du.

4. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu arituko dena, ikastetxeko idazkaria eta, langileen artetik, eskolan antzinatasun handiena duena izanen dira. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bateko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko, baina kontuan hartuko da ikasleen sektorean hautesle eta hautagai izateko eskubidea Hizkuntza Eskola Ofizial bakoitzean ofizialki matrikulatutako ikasleek bakarrik daukatela.

2. Eskola Kontseiluaren osaketa, ikastetxeek duten ikasle kopuruaren araberakoa, irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 19., 20. eta 21. artikuluetan ezarrita dago.

3. Lehenbizikoz hautatu ondoren, Eskola Kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdia eta gero beste erdia, nahiz eta horrek ez duen galarazten tarte horretan hutsik gelditzen diren postuak betetzeko aukera.

4. Erdi bakoitzeko ordezkarien kopurua, sektore bakoitzean, ebazpen honen eranskinean ageri da.

5. Hautagaiak idazki bat igorri behar dio Hauteskunde Batzordeari, hautagaiaren sinadura jarrita eta NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia atxikirik.

6. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea paratuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar dela gutxienez.

Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko bi egun baliodunean hartuko du erreklamazioaren gaineko erabakia, eta hartzen dituen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etenen.

7. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.–Hauteskunde prozesua.

1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2013ko azaroaren 20tik abenduaren 13ra bitarte, biak barne, eginen dira.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira.

2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto paper ereduak onartzen ahal ditu. Haietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Ikasleen sektoreetan hautagaien zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Irakasleen sektoreko ordezkariak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 26., 27., 28., 29. eta 30. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Zuzendariak klaustro berezirako dei eginen du, irakasleen ordezkariak hautatzeko hauteskunde mahaia eratzeko. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira. Irakasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto paperean. Zenbaki hori zatikizkoa baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Aurreneko bozketan behar adina irakasle hautatzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da kopuru horretara iristeko.

4. Ikasleen sektoreko ordezkariak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 31., 32., 33. eta 34. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Ikasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto paperean. Zenbaki hori zatikizkoa baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Bozketa egiteko Hauteskunde Batzordearen jarraibideei atxikiko zaizkie hautesleak.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektoreko ordezkaria irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 35., 36. eta 37. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko da. Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa.

VII.–Postu hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako dei egiten ahalko du sektoreetan diren hutsuneak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere hutsuneak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Hutsuneak esleitzeko, boto gehien dituen hautagaiak agintaldi luzeena hartuko du, eta haren agintaldia amaituko da ordezten duenaren agintaldiak amaitu behar duen egun berean.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten eskolek postu hutsak esleitzeko deskribatu den prozesua erabiliko dute berritu beharrekoa ez den erdiko hutsuneak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen dituzten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko hutsuneak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia bukatuko da sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar duen egun berean.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko hutsuneen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdiko bati edo besteari esleitzeko prozedura.

VIII.–Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (fondokoak eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak eginen duen zozketaren bidez eginen da hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, Hauteskunde Batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta hiru egun balioduneko epean.

IX.–Kide izendatuak.

1. Irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 19. artikuluak dioenaren arabera, Eskola Kontseiluko kide izanen da ikastetxea dagoen udalerriko zinegotzi edo ordezkari bat.

2. Hauteskunde Batzordeak ikastetxea kokatuta dagoen herriko udalari eskatuko dio Eskola Kontseiluko kide izateko zinegotzi edo ordezkari bat izenda dezala.

3. Udaleko zinegotzi edo ordezkaria Eskola Kontseiluaren bi erdietako baterako hauteskundeak egitean, hau da, bi urtetik behin berrituko da, edo lehenago, udalak berak erabakitzen badu.

X.–Eskola Kontseilua eratzea.

1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko zazpi egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek –sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik– ordezkariak hautatu gabe izan.

XI.–Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, eskoletako zuzendariek eta Hauteskunde Batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

2. Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honek eta dagokion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2013ko urriaren 15ean.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

ERANSKINA

Eskola Kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea, Hizkuntza Eskola Ofizialetan (2013-2014)

1.–IKASTETXEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK

Izena: ...........................................................................................................................................................

Herria: ..........................................................................................................................................................

Helbide elektronikoa: ....................................................................................................................................

Telefonoa: ...............................................................................

Fax-a: .....................................................................................

HEO < 2.000 ikasle.

HEO ≥ 2.000 eta < 5.000 ikasle.

2.–ESKOLA KONTSEILUA HAUTATZEKO MODUA

2. a) 2.000 ikasle baino gutxiago dituen Hizkuntza Eskola Ofiziala

* Kontseiluaren lehenbiziko hautaketa.

* Kontseiluaren zati bat berritzea:

1. erdia (2 irakasle eta 3 ikasle).

2. erdia (3 irakasle, 2 ikasle eta AZL 1).

* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko hutsuneak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete).

Irakasleen sektorea.

Ikasleen sektorea.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileak.

2. b) 2.000 ikasle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago dituen Hizkuntza Eskola Ofiziala

* Kontseiluaren lehenbiziko hautaketa.

* Kontseiluaren zati bat berritzea:

1. erdia (3 irakasle, 3 ikasle eta AZL 1).

2. erdia (3 irakasle eta 3 ikasle).

* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko hutsuneak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete).

Irakasleen sektorea.

Ikasleen sektorea.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileak.

3.–AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTOEN KOPURUA (Boto kopuruaren arabera ordenatua)

Irakasleak

Ikasleak

MOTA1

IZENA

BOTOAK

MOTA1

IZENA

BOTOAK

Administrazioko eta Zerbitzuetako langileak

MOTA1

IZENA

BOTOAK

(1) RE: berritu behar den erdirako hautatutako ordezkaria; CV: sektoreen ordezkaritza osatzeko hautagaia; CS: ordezkoen zerrendarako hautagaia.

4.–HAUTESKUNDEETAKO PARTE HARTZEA ETA ORDEZKARI HAUTATUAK

Irakasleak

Ikasleak

AZL

Errolda osoa

Boto emaileak (kopurua eta %)

Erdi bakoitzerako aurten hautatutako hautagaien kopurua

1. erdia

2. erdia

1. erdia

2. erdia

1. erdia

5.–ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA BERRIA

5. a) Eskola Kontseiluaren kide ez-hautetsiak

Kontseiluko burua: ...........................................................................................................................................................................................................................................

Ikasketaburua: .................................................................................................................................................................................................................................................

Idazkaria: .........................................................................................................................................................................................................................................................

Udaleko zinegotzi edo ordezkaria2: .................................................................................................................................................................................................................

5. b) Eskola Kontseiluko kide hautetsiak

1. erdiko kideak

Irakasleak

Ikasleak

Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileak

2. erdiko kideak

Irakasleak

Ikasleak

(2) Bi urtetik behin berritzen da.

6.–ORDEZKOEN ZERRENDA (boto kopuruaren arabera ordenatua)

Irakasleak

Ikasleak

Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileak

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

7.–HAUTESKUNDE MAHAIAK

Irakasleak

Ikasleak

Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileak

Kideen sinadura

Eguna:

Kideen sinadura

Eguna:

Kideen sinadura

Eguna:

.................(e)n, 20...eko .............aren ..............(e)an.

Ikastetxeko zuzendaria

F1314458

Iragarkiaren kodea: F1314458