212. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Sakanako Mankomunitatean hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren hasierako onespena 2013ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 23an, argitaratu zen; jendaurreko epea iraganik, entitatearen Batzar Nagusiak, 2013ko urriaren 3ko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi eta behin betiko onetsi du ordenantza, eranskin bakarrean ageri den testuaren arabera.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

Lakuntzan, 2013ko urriaren 4an.–Mankomunitateko burua, Aitor Karasatorre Mugurutza.

SAKANAKO MANKOMUNITATEAN HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Ingurumen politika, gaur egun, erronka sozial handienetakoa da botere publikoentzat eta eragile ekonomikoentzat eta, gainera, jendea oso sentsibilizatuta dago gai horren aurrean, eragin zuzena baitu bere ongizatean eta osasunean.

Maastrichteko Itunak eta Amsterdamekoak gero, ingurumenaren babesa Batasunaren helburutzat jarri zuten, garapenarekin lotzean. Bai Europar Batasunaren Itunak bai Europako Erkidegoaren Itunak azpimarratzen dute garrantzizkoa dela Estatu kideek garapen iraunkorraren printzipioa errespetatzea, herrien aurrerapen ekonomiko eta soziala sustatzerakoan. Europako Erkidegoaren Itunak zehazten du, halaber, Batasunak “jarduera ekonomikoen garapen harmoniatsu, orekatu eta iraunkorra” sustatuko duela, bai eta “ingurumenaren kalitatearen babes eta hobekuntza maila altua” ere (Itunaren 2. artikulua). Itunek ingurumen politikaren legezko funtsezko printzipioak biltzen dituzte, eta horiek erakundeen jarduketa bideratu eta mugatzen dute, eta zehatzago arautzen dira ingurumen ekintzako programen bidez, bai eta xedapen garatzaileen bidez ere.

Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentarauak, hondakinei buruzkoak eta zenbait zuzentarau indargabetzen dituenak, Europar Batasunean esparru juridikoa ezartzen du hondakinen tratamendurako. Horren helburua da ingurumena eta pertsonen osasuna babestea, hondakinen sorrerak eta kudeaketak ekartzen dituzten ondorio kaltegarrien prebentzioa eginez.

Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluak ezartzen du, politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidari gisa, pertsonaren garapenerako egokia den ingurumenaz gozatzeko eskubidea dugula denok, eta botere publikoen betebeharra dela, tartean udalena, ingurumen hori zaintzea.

Hori betez, eta ingurumenaren arloko konstituzionaltasunarekin bat, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea onetsi zen, zeinak ezartzen baititu, alde batetik, toki entitateek hondakinen arloan dituzten eskumenak (12.5 artikulua), horrela zehaztuz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 eta 26. artikuluetan xedatutakoa; eta, beste alde batetik, bigarren xedapen iragankorrean ezartzen du toki entitateen betebeharra dela lege horri egokituko zaizkion ordenantzak onestea 2013ko uztailaren 31 baino lehen.

Araudian ezarritako jarraibideak ikusirik, proposatzen da, aukera arduratsuena eta hierarkiari hobekien lotzen zaiona delakoan, Nafarroa osoan ezartzea biohondakinen gaikako bilketa, horrela hondakinei buruzko etorkizuneko legearen helburuak bete daitezen, eta 2008/98/EE Zuzentarauak hiri hondakinentzat 2020. urterako ezarri duen portzentajera hurbiltzeko (berrerabilpeneko eta birziklapeneko %50eko portzentajea).

Nafarroako Gobernuak, bere eskumenak erabiliz, 2010eko abenduaren 27an erabaki bat hartu zuen eta, haren bidez, Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko 2010-2020 aldiko Plan Integratuaren aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egin eta plana behin betiko onetsi zen. Plan horretan honako hau azaltzen da:

“Dena dela, plan honetan ez da biohondakinak biltzeko eredu bakar bat ezarriko Foru Komunitate osorako, zeren eta eredu baten edo bestearen egokitasuna zenbait alderdiren arabera alda baitaiteke, besteak beste biztanle dentsitatea, herritarren kontzientziazioa etab.

Horregatik, egokiagoa da toki entitateek berek proposatzea biohondakinen gaikako bilketarako beren mankomunitatean ezarri nahi duten eredua, parte-hartze prozesuan jaso den bezalaxe, asmo desberdinak adierazi baitituzte mankomunitate batzuek eta besteek, dela sisteman aurretiaz izandako esperientziagatik, dela herritarrak geografikoki barreiatuta egoteagatik edo dela herritarren kontzientziazio handiagoa izateagatik; betiere egokiak izan behar dute beren eremuan biohondakinen gaikako bilketa %50era iristeko eta sail horretakoak ez direnak %10 izateko gehienez.

Biltzen den %50 hori handitu ahalko litzateke, bai gaikako bilketatik bai konpostatu ondoren lortzen den produktuaren kalitatetik ateratzen diren emaitzen arabera.

Aurreikuspen hori betez eta, bereziki, Sakanako Mankomunitateari legez esleitutako eskumenak erabiliz, ezinbestekoa da hondakinen bilketa arautzeko udal ordenantza berri bat onestea.

Ordenantza honek hiru titulu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen dauzka. Lehen tituluan xedapen orokorrak agertzen dira, eta berritasun gisa jaso da, oinarrizko araudiari jarraikiz, Sakanako Mankomunitateak duen ahalmena merkataritzako hondakin arrisku gabeak biltzeko. Zehazten dira, orobat, herritarrek dituzten betebeharrak hondakinak biltzearen eta ematearen inguruan.

II. titulua bilketa zerbitzuari buruzkoa da, eta zerbitzu arrunta eta zerbitzu berezia bereizten dira; bietan, herritarrek hondakinak bereizi egin behar dituzte zenbait sailetan, birziklatzea errazteko eta hierarkiaren printzipioa betetzeko.

Azkenik, III. titulua ikuskapenari eta zehapenari buruzkoa da, eta bi ahalmen horiek Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 21eko 22/2011 Legeari loturik daude.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honen xedea da, Sakanako Mankomunitatearen eskumenen esparruan, hondakinak bildu eta biltegiratzera bideratutako jokabideak eta jarduerak arautzea, hierarkiaren printzipioa errespetatuz, ingurumenaren aldetik emaitza orokor onena lortu ahal izateko, pertsonen osasunaren eta ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak murriztuz.

2. Udal eskumenak erabiliz, ordenantza honek hondakinei buruzko Estatuko eta autonomia erkidegoko legedia eta toki araubidearen legedia garatzen ditu, eta indarra duen legediaren arabera interpretatu eta aplikatu behar da une oroz.

3. Sakanako Mankomunitatearen barneko herrietan bizi diren edo hondakinak bertan botatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiak behartuta daude ordenantza honetan ezarritakoa betetzera, bai eta ordenantza hori garatzeko Mankomunitateak ematen dituen xedapenak betetzera ere.

2. artikulua. Definizioak.

1. Ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hona zer diren:

a) Landare olio erabiliak: etxeetan janariak frijitzeko erabiltzen diren landare olioen hondakinak edo taberna, jatetxe, hotel eta beste jatetxe zerbitzu batzuetakoak, bai eta kontserben olioak ere. Hemen ez dira sartzen beste janari koipe batzuk.

b) Pilak: energia kimikoa zuzenean eraldatuta lortzen den energia elektrikoaren iturria, elementu primario batez edo batzuez osatua (kargagarriak ez direnak).

c) Bilketa: hondakinak jasotzea, barne dela hasierako sailkapena eta biltegiratzea, horiek tratamendurako instalazio batera garraiatzeko.

d) Bilketa berezia: bilketa bereizia, erabiltzailearentzat hautazkoa.

e) Gaikako bilketa: hondakinen emari bat gaika egiten da, haien mota edo izaeraren arabera, tratamendu berariazkoa errazteko.

f) Merkataritzako hondakinak: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, baita jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.

g) Aparatu elektriko edo elektronikoen hondakinak: aparatu elektriko eta elektronikoak, horiek osatzen dituzten materialak, osagaiak, kontsumigarriak eta azpimultzoak, hondakin bihurtzen diren unetik aurrera.

h) Obra txikiko eraikuntzaren eta eraispenaren hondakinak: etxe partikular, saltoki edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi gutxikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute tituludun profesionalek sinatutako proiekturik behar.

i) Ontzien hondakinak: edukitzaileak botatzen dituen ontziak edo ontzien materialak, edo bota beharrekoak, indarra duten xedapenen arabera.

j) Etxeko hondakinak: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortzen diren hondakinak.

Etxeko hondakintzat honako hauek ere joko dira:

I.–Aurrekoen antzekoak, saltokietan, zerbitzuetan eta industrietan sortuak.

II.–Etxeetan sortzen direnak aparatu elektriko eta elektronikoetatik, arropa, pilak, metagailuak, altzariak eta etxeko gauzak, baita etxeetan egiten diren obra txikietako eraikuntza edo konponketatik heldu diren hondakinak eta obra hondakinak ere.

III.–Eremu publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.

k) Industriako hondakinak: industria jarduerak sortzen dituen fabrikazio, eraldakuntza, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondoriozko hondakinak, kanpo utzirik atmosferarako isuriak, azaroaren 15eko 34/2007 Legeak arautzen baititu.

l) Udal hondakinak: Udalaren eskumeneko hondakinak izanen dira.

I.–Etxeko hondakinak.

II.–Merkataritzako hondakin arrisku gabeak, Sakanako Mankomunitateak horixe ezartzen duenean ordenantza honi jarraikiz.

m) Hondakin arriskutsuak: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen III. eranskineko zerrendan agertzen diren ezaugarri arriskutsuetarik bat edo gehiago dituzten hondakinak, baita Gobernuak onesten dituenak ere Europako araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz, eta orobat hondakin horiek eduki dituzten ontziak.

n) Osasun hondakinak, etxekoekin parekatzen ahal direnak: osasun zentroetan egiten diren osasun jardueren ondoriozkoak, hau da, ospitaleetan, kliniketan eta osasun zentroetan, profesional liberalen kontsultetan, zentro soziosanitarioetan, albaitari zentroetan eta abarretan egiten diren jardueren ondoriozkoak, arriskutsutzat jotzen ez direnak eta, araudiaren arabera, kudeatzeko baldintza bereziak eskatzen ez dituztenak.

o) Merkataritzako unitateak: merkatuetan jendearentzako salmentarako eta enpresa edo lanbide izaerako zerbitzu ordainduak emateko erabiltzen diren eremuak, titularra edozein dela ere eta izaera bat edo beste izan: lokalak, etxolak etab.

p) Tamaina handiko hondakinak: etxeetan sortzen diren hondakinak, bolumenaren, pisuaren edo tamainaren aldetik ezaugarri bereziak izateagatik bilketa arrunteko sistemaren bidez biltzen zailak direnak.

2. Gainerako definizioetarako, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta lege hori garatzen duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

3. artikulua. Toki erakundeen eskumenak.

1. Sakanako Mankomunitateak eskumena du udalerrian sortzen eta pilatzen diren udal hondakinak biltzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan eta hondakinei buruzko Estatuko eta autonomia erkidegoko legedian eta toki araubidearen legedian ezarritakoari jarraikiz.

2. Sakanako Mankomunitateak du zaintza eta ikuskapenerako ahalmena eta zehapenak jartzekoa, bere eskumenen esparruan.

3. Sakanako Mankomunitateak honako hau egin dezake:

a) Hondakinak kudeatzeko eta/edo hondakinen prebentziorako bere programa onestea, bere eskumenen esparruan eta Estatuko Esparru Planarekin eta Nafarroako hondakinak kudeatzeko planekin koordinaturik. Hala behar denean, hondakinen prebentziorako programa sartu ahalko da hondakinak kudeatzeko planean.

b) Merkataritzako hondakin ez arriskutsuak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.

c) Etxeko hondakin industrialak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.

4. Kanpoan gelditzen dira eta, beraz, ez dira nahitaez jasotzekoak izanen hondakinen etxeko bilketan:

–Indusketako produktuak, hareak, lurrak, industriako errautsak eta beste edozein obra-hondakin, bai obra publikokoa bai pribatukoa, baldin eta etxe bateko eraikuntza edo konponketako obra txiki batekoa ez bada.

–Edozein motatako pneumatikoak, gurpil-azalak, industria prozesuetako hondakin plastikoak, bernizak, pinturak, kolak, likido korrosiboak, koipeak eta olioak.

–Bidoiak, lata handiak, zumitzak eta txirbilak.

–Inausketetan eta lorezaintza lanetan sortzen diren hondakinak.

–Abeltzaintzako ustiategietan hiltzen diren animaliak.

–Altzari eta etxeko gauza handiak biltzen direnean: altzariak eta etxeetako altzari aldaketetatik ateratzen diren elementuak, bakantzat jotzen ez direnak, barne direla etxeak altzariz hornitzean edo etxe aldaketetan sortzen diren bilgarriak.

–Nekazaritza eta abeltzaintzako jardueretako hondar eta hondakinak.

–Era guztietako obra eta berrikuntzetan sortzen diren hondakinak, obra horiek herritarrek, gremioek, eraikuntza enpresek edo zenbait arduradunek egiten dituztenean. Honelako hondakinak: obra-hondakinak, zurak, ate eta leihoen markoak, zokaloak, pertsianak, oholtzak, zoruak, moketak, bainuontziak, komunontziak, konketak, sukaldeko altzariak, erradiadoreak eta antzekoak eta, oro har, obrako edozein hondakin, baldin eta etxe bateko eraikuntza edo konponketako obra txiki batekoa ez bada.

–Orokorrean, hiri hondakinak, baldin eta haien aurkezpena, bolumena, pisua, eguneroko libramendu kopurua, hezetasun edukia eta bestelakoak direla-eta, Sakanako Mankomunitatearen zerbitzuen iritziz, ez badira izaten ahal hondakinen etxeko bilketaren xede, halakotzat harturik eguneroko libramendu kopurua, batez beste, 50 litro baino gehiago delarik.

4. artikulua. Zerbitzuak ematea.

1. Sakanako Mankomunitateari dagokio udal hondakinen bilketa zerbitzua ematea, ordenantza honetan eta araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiz, eta bere interesendako egokienak iruditzen zaizkion sistema teknikoak eta antolaketakoak erabiliz, kontuan harturik zerbitzuaren eraginkortasun operatibo eta ekonomikoa eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea.

2. Zerbitzu hau ematen ahalko da toki araubidearen legedian aurreikusitako kudeaketa zuzeneko edo zeharkako bideak erabiliz.

3. Halaber, bilketa toki entitate bakoitzak modu independentean egin dezake edo zenbait toki entitate elkarturik kudeaketa aginduaren legezko figuraren bitartez edo bidezkoa den beste edozeinen bitartez.

5. artikulua. Betebehar orokorrak.

Herritarren betebeharrak:

a) Hondakinen bolumena murriztea, poltsen eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzeko moduan trinkotuz.

b) Hondakinak bereiztea eta ezarri diren edukiontzietan edo bilketa guneetan uztea, ordenantza honen arabera.

c) Hala behar denean, edukiontziak edo zaborrontziak eremu publikoko bilketa gunera ateratzea zerbitzu publikoak bilketa egin dezan, Mankomunitateak ezarritako ordu eta tokietan.

d) Hondakinak bildu eta uzteko ordutegiak betetzea.

e) Mankomunitateari edo agintaritzaren agenteei jakinaraztea kalean edo eremu publikoetan hondakin bertan behera utziak daudela, hala nola ibilgailu abandonatuak, altzariak, animalia hilak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak etab.

6. artikulua. Debekuak.

Debeku da:

a) Hondakinak eremu publikora botatzea edo bertan uztea edo Sakanako Mankomunitateak ezarri ez dituen tokietan.

b) Hondakinak edukiontzietan, esekitokietan edo bilketako beste gune batzuetan uztea ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.

c) Eremu publikoetan ezarritako paperontzietatik kanpo uztea hondakin txikiak, hala nola paperak, txikleak, zigarrokinak, goxokiak, azalak eta antzeko zakarrak.

d) Edukiontziak, zaborrontzien esekitokiak edo haien edukia manipulatzea, eta paperontziak edo beste edukiontzi batzuk eta esekitokiak beren tokitik atera edo iraultzea eta beste leku batzuetara eramatea.

e) Ordenantza honetan ezarri ez diren xedeetarako erabiltzea edukiontziak eta esekitokiak.

f) Edukiontziei eta esekitokiei edonolako kaltea egitea.

g) Udalek gaikako bilketarako jartzen dituzten paperontzietan etxeko hondakin gaizki bereiziz betetako poltsak uztea.

7. artikulua. Zerga araubidea.

Ordenantza honetan aurreikusitako udal zerbitzuak emateagatik eta hala ezarri denean, dagokion tasa, prezio publikoa edo era horretako ordain ekonomikoa ordaindu beharko da, kasuan kasuko ordenantza fiskalean edo antzekoetan araututako moduan.

II. TITULUA

Bilketa zerbitzua

I. kapitulua

Xedapen orokorrak

8. artikulua. Bilketa zerbitzua.

Bilketa zerbitzuan jarduketa hauek sartzen dira:

a) Hala behar denean, hondakinen edukiontziak bilketarako ibilgailuetara eramatea, eta edukiontziak hustu eta berriz ere jatorrizko guneetan uztea.

b) Hondakinak bilketa guneetatik hartu eta bilketarako ibilgailuetan hustea.

c) Hondakinak garraiatu eta kudeaketako instalazio egokietan deskargatzea.

d) Aipatutako lan horien ondorioz isurtzen diren hondarrak jasotzea.

e) Sarrera libreko edukiontziak eta bilketako beste gune batzuk mantendu, garbitu eta berrezartzea, erabilera esklusiboko edukiontziak edo zaborrontziak izan ezik.

f) Bilketarako ibilgailuak mantendu, garbitu eta berrezartzea.

9. artikulua. Bilketa zerbitzuen sailkapena.

1. Ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hondakinen bilketa zerbitzua honela sailkatzen da: arrunta eta berezia.

2. Bilketa zerbitzu arrunta nahitaez eman beharreko zerbitzu bat da eta Sakanako Mankomunitateak ematen du, ordenantza honetan xedatutakoarekin bat.

3. Bilketa berezia Sakanako Mankomunitateak eginen du erabiltzaileak eskatzen duenean soilik eta, halakoetan, dagokion tasa edo prezio publikoa sortuko da.

4. Bilketa zerbitzu arruntean hondakin kategoria hauek sartzen dira:

a) Etxeko hondakinak, etxebizitza partikularretatik iristen direnak.

b) Etxeko hondakinak, industriatik, merkataritzatik eta beste zerbitzu batzuetatik iristen direnak, baita etxekoekin parekatzen ahal diren osasun hondakinak ere, egunero ateratzen dena eguneko 100 kg edo 800 litro edo gutxiago denean1.

Dena dela, ez dira bilketa zerbitzu arruntean sartzen honako hondakin hauek, saltokietan, zerbitzuetan edo industrietan sortzen direnean:

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

–Arropa eta oinetakoak.

–Pilak eta metagailuak.

–Tamaina handiko hondakinak.

c) Kale garbiketatik, berdeguneetatik eta aisia guneetatik iristen direnak.

d) Garbiguneen bitartez biltzen direnak.

5. Bilketa zerbitzu berezian, interesdunek aldez aurretik eskaera eginik, hondakin kategoria hauek sartzen ahal dira:

a) Etxeko hondakinak, industriatik, merkataritzatik eta zerbitzuetatik iristen direnak, baita etxekoekin parekatzen ahal diren osasun hondakinak ere, egunero ateratzen dena eguneko 100 kg edo 800(1) litro baino gehiago denean.

b) Saltokietako hondakin ez arriskutsuak.

c) Merkatuetako hondakinak.

d) Etxeko animalia hilak.

e) Tamaina handiko hondakinak, hala nola altzariak eta etxeko gauzak.

f) Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

g) Ibilgailu abandonatuak eta erabiltzetik gelditzen diren ibilgailuak.

h) Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk, egunean 50 kg baino gehiago direnean.

10. artikulua. Hondakinen kudeaketa egokiaz arduratzea.

1. Etxeko eta saltokietako hondakinen sortzaileek eta hasierako edukitzaileek, Udalaren eskumenaren barrenekoek, horiek emateko ardura dute, zuzen kudea daitezen. Ardura hori amaitzen da ordenantza honetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako moduan ematen dituztenean.

2. Saltokietako hondakin ez arriskutsuen sortzaileek eta edukitzaileek, horiek udal hondakinen bilketa zerbitzuak biltzen ez dituenean, kudeaketa egokiaren ardura dute, halaber. Horretarako, honako hau bete beharko dute:

a) Hondakinak higiene eta segurtasuneko baldintza egokietan eduki beharko dituzte, beren esku dauden bitartean.

b) Hondakinak gaika ongi bereizita eman beharko dizkiete hondakinen kudeatzaileei, araudian xedatutakoari jarraikiz.

c) Hondakinen bilketa eta kudeaketa egokiari buruzko egiaztagiria eduki beharko dute.

3. Sortzaileak edo edukitzaileak ez baditu betetzen saltokietako hondakin ez arriskutsuen kudeaketari buruzko betebeharrak, Sakanako Mankomunitateak zilegi izanen du kudeaketa bere gain hartzea subsidiarioki, eta horren egiazko kostua betebeharra duenari egoztea.

(1) Udal bakoitzak erabakiko du, bertako egoera kontuan harturik, bilketa arruntaren zerbitzuan sartuko dituzten sailetako eguneko kg kopurua.

II. kapitulua

Bilketa arruntaren zerbitzua

11. artikulua. Hondakinak behar den tokian uztea.

1. Herritarrak behartuta daude etxeko hondakinak bereiztera etxebizitzetan, industrietan eta saltokietan, ordenantza honen arabera zenbat gai bereizi behar diren, horrenbeste zatitan, eta ezarri diren edukiontzi, toki eta orduetan uztera.

2. Sakanako Mankomunitateak udal hondakin moten araberako bilketa arrunta eginen du, modalitate hauetako baten edo batzuen bitartez:

a) Atez ate, hau da, hondakinak poltsa itxietan soltean edo zaborrontzietan zein fardoetan (paper eta kartoien kasuan) uztea, eremu publikoan, Sakanako Mankomunitateak ezarritako esekitokietan edo lekuetan.

b) Hondakin mota bakoitzerako edukiontziak, behar bezala identifikatuak; eremu publikoan edo ekarpen etxoletan egonen dira.

c) Garbiguneak.

d) Ezartzen ahal diren beste sistema batzuk.

3. Larrialdi kasuak: larrialdi kasuetan, hala nola gatazka sozialak, uholdeak edo ezinbesteko beste egoera batzuk, zeinetan ezinezkoa baita bilketa zerbitzua egitea, eta Udalak edo Mankomunitateak aldez aurretik jakinarazirik, erabiltzaileek ez dituzte hondakinak aterako zerbitzua normaldu arte, edo Udalak edo Mankomunitateak bidezko jarraibideak eman arte.

12. artikulua. Gaikako bilketa.

Udalerri bakoitzean ezarritako sistemarekin bat, herritarrek hondakin mota hauek bereizi beharko dituzte gaikako bilketarako:

–Gai organikoak.

–Beira.

–Ontzi arinak (plastikozko ontziak, metalezkoak edo kartoizkoak brik motako edarietarako).

–Papera eta kartoia (paper eta kartoizko ontziak eta ontzi erabilera ez duen papera).

–Landare olio erabiliak.

–Erabilitako arropak eta oinetakoak.

–Botiken hondakinak eta bilgarriak.

–Pilak.

–Errefusa.

–Animalia hilak.

–Tamaina handikoak: altzariak eta etxeko gauzak.

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta, hala behar denean, kategorien arabera.

–Ibilgailu abandonatuak eta erabiltzetik gelditzen diren ibilgailuak.

–Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak.

–Osasun hondakinak, hiri hondakinekin parekatzen ahal direnak.

–Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk.

13. artikulua. Edukiontziak.

1. Hondakinak biltzeko beharkizuna betetzearren, Sakanako Mankomunitateak edukiontziak jarriko ditu hondakin moten arabera, eta bere ardura izanen da, halaber, horiek mantendu, garbitu eta berrezartzea, beharrezkoa denean.

2. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, erabiltzaileek erabilera esklusiborako edukiontzi bat izanen dute, Sakanako Mankomunitateak ezarritako ezaugarriekin, honako kasu hauetan:

a) Erabiltzaileek eskatzen dutenean, Sakanako Mankomunitateak aldez aurretik baimenduta. Edukiontziak jarriko dira eskatzailearen instalazioen barnean edo eremu publikoan, Sakanako Mankomunitateak ezarritako tokian eta maiztasunarekin, bilketa zerbitzuak eramateko.

b) Sakanako Mankomunitateak auzokideen komunitateak behartu ditzake erabilera esklusiboko edukiontzi bat eskuratzera, Udalak erabakitzen duenean, zerbitzuaren efizientzia eta eraginkortasun irizpideei jarraikiz, komunitate horiek dauden eremuetan ez direla erabilera kolektiboko edukiontziak jarriko.

Bi kasuetan, erabiltzaileari edo auzokideen komunitateari dagokio edukiontziak mantendu, garbitu eta berrezartzea.

3. Edonola ere, industrietan, saltokietan eta zerbitzuetan nahitaezkoa izanen da edukiontziak eskuratu eta erabiltzea gai organikoak, papera eta kartoia, ontzi arinak eta errefusa bereizirik biltzeko, baldin eta sortzen dituzten etxeko hondakinak 50 litrotik gorakoak badira egunean.

4. Aurreko kasuetako edozeinetan, Sakanako Mankomunitateak erabakiko du edukiontzien kokalekua eremu publikoan, ekarpen eremuetako etxoletan edo bulegoen, saltokien, industrien edo ostalaritzako establezimenduen barnean, honako irizpide hauek kontuan hartuta: eragimena, ekonomia, antolaketa, erabiltzaileentzako hurbiltasuna eta irisgarritasuna eta osasun eta segurtasun publikoa.

5. Mankomunitateko zerbitzuek finkatuko dute edukiontzi mota, etxebizitza multzoetan, saltokietan, industrietan edo establezimenduetan behar diren edukiontzien kopurua eta kokalekua.

6. Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Sakanako Mankomunitateko zerbitzuek berrituko dituzte. Erabilera okerragatik zerbitzurako erabili ezinak suertatu direnetan, erabiltzaileari ordaindu beharra ezarri ahal izanen zaio.

7. Sakanako Mankomunitateak beretako gordeko du edukiontzien kokalekua aldatzeko eskubidea, interes publikoko arrazoiak direla eta. Behin betiko nahiz modu iragankorrean. Azken kasu horretan, lekuz aldatzeko arrazoia desagertzean jatorrizko tokietara itzuliko dira.

8. Sakanako Mankomunitateko zerbitzuek beren edukiontzien aldizkako garbiketa eginen dute; zilegi izanen dute, halaber, edukiontzi partikularrak garbitzea, haien jabeen kontura.

9. Erabiltzaileak, aurreko artikuluan ezarritakoez gain, betebehar hauek izanen ditu:

a) Sakanako Mankomunitateak kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen legezko araudiari jarraikiz. Edukiontzi horiek Mankomunitatearenak izanen dira.

b) Erabiltzaileek haien barnean sartu beharko dituzte zaborrak, ezarritako arauen arabera, eta debeku izanen da hondakinak edukiontziak paratzeko eremuen inguruan uztea.

c) Erabiltzaile nahiz zabor biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte hondakinen edukiontziak, kalterik jasan ez dezaten.

d) Herritarrak ahaleginduko dira zamalanak eta garraio lanak ez eragozten.

e) Debeku da solteko zaborrak botatzea sarrera libreko edukiontzietan. Erabiltzaileak, partikularra izan edo saltoki txikikoa izan, bere hondakinak poltsa hermetiko arras itxietan sartu behar ditu, deus ez zikintzeko.

f) Erabiltzaileak ez du haizu edukiontziak eremu publikoan duten tokitik mugitzea, aitzakia edozein dela. Ez hark beste toki bat nahiago izateagatik, ez hondakinak errazago bota nahi izateagatik, erosokeriak bultzatuta, edukiontziraino eraman beharrean.

g) Edukiontzietara ez dira inola ere botatzen ahalko eduki likido handia duten hondakinak, edo beste edozein hondakin mota baldin eta, bota ondoan, edukiontziaren pisuak 100 kg baino gehiago egiten badu.

h) Mankomunitateak behartzen ahalko ditu hirigunean kokaturiko saltoki eta industriak, udalerriko eremu publikoetan kokaturiko edukiontziak erabili ohi dituztenak, beren usaina edo osaketa dela-eta auzoendako hondakin gogaikarriak ekoizten badituzte (arrandegiak, konparaziorako), udalerrietako aldirietan kokaturiko halako edukiontzi batzuk erabiltzera gutxienez ere aipatu hondakinak botatzeko, traba horiek gerta ez daitezen; edukiontziak behar bezala seinalatuak egonen dira. Betebehar hori ez betetzea idatziz jakinaraziko da eta dagokion zehapena ekarriko du.

i) Zaborra uzteko ordutegia 19:00etatik biharamuneko 06:00ak artekoa izanen da, eta debekatuta egonen da zaborrak ordutegi horretatik kanpo uztea, herritarrek usainik eta eragozpenik izan dezaten.

j) Ekarpen eremuetako zurezko etxoletan sartzeko (edukiontziak egonen dira hor), ezinbestekoa izanen da Sakanako Mankomunitateak emanen dituen txartel magnetiko pertsonalizatuak erabiltzea.

14. artikulua. Etxeko bilketa.

1. Sakanako Mankomunitateak, hondakinak biltzeko duen beharkizuna betetzearren, etxeko edo atez ateko bilketa sistema ezartzen ahalko du eta, horren bidez, entitateak ezartzen dituen orduetan, tokietan eta moduan utzi beharko dituzte hondakinak erabiltzaileek.

2. Mankomunitateak bi zaborrontzi emanen dizkie erabiltzaileei, hondakin moten arabera; bat 20 litrokoa izanen da, marroia, gai organikoetarako, eta bestea grisa, laranja koloreko estalkiduna, gainerako gaietarako. Erabiltzaile zenbakiarekin identifikatutako esekitokietan jarriko dira zaborrontzi horiek, eta erabiltzaileek berek mantendu eta garbitu beharko dituzte. Hondatuta dagoena entregatu egin beharko da berria jasotzeko.

3. Zaborren sail bakoitza bilketa gunean utziko da Mankomunitateak urtero ezartzen duen egutegiaren arabera; egun batean ezin izanen da sail mota bat baino gehiago utzi, Mankomunitateak espresuki baimendutakoak izan ezik.

4. Mankomunitateak Non-Zer hiztegian edo horren eguneratzeetan ezartzen duenaren arabera zehaztuko dira sail bakoitzean atera beharreko gaiak.

5. Erabat debekatuta dago erabiltzaile bakoitzari dagozkion bilketa guneetatik kanpo uztea hondakinak.

15. artikulua. Gai organikoen bilketa.

1. Etxeko sisteman erabiltzaileen betebeharra da gai organikoak (sukaldeko hondarrak, bai landare hondarrak bai animalienak, gordinak edo sukaldatuak eta janari hondarrez zikindutako paperezko ezpainzapiak) gainerako hondakinekin ez nahastea, zaborrontzian sartzea eta dagokien gunean zintzilikatzea, ezarritako egun eta orduetan, bil daitezen. Biharamun goizean eremu publikotik jaso beharko dira.

16. artikulua. Beira biltzea.

1. Beira hondakinak horretarako edukiontzietan utzi beharko dira.

2. Botilen, potoen eta beste ontzi batzuen kasuan, herritarrek hustu egin beharko dituzte barruko hondarrak kentzeko, eta metalezko estalkiak, plastikozko tapoiak edo ontziak hasieran zituen beste hondakin batzuk bereizi eta ontzien edukiontzira bota.

17. artikulua. Ontzi arinak biltzea.

1. Edukiontzien bidezko bilketa sisteman, ontzi arinak horretarako edukiontzietan utzi beharko dira.

2. Etxeko bilketa sisteman, ontziak estalki laranjadun zaborrontzi grisean edo plastikozko poltsa itxi batean utzi beharko dira bilketa gunean, ezarritako egutegiaren arabera, eta biharamun goizean eremu publikotik jaso beharko da zaborrontzia.

3. Botilen, potoen, laten eta beste ontzi batzuen kasuan, gai organikoko hondarrak badituzte, esate baterako janari hondarrak, herritarrek erabat hustu beharko dituzte aldez aurretik, halako hondarrak kentzeko.

18. artikulua. Papera eta kartoia biltzea.

1. Edukiontzien bidezko bilketa sisteman, paper eta kartoi garbiko hondakinak, ahalik eta tolestuen, dagokien edukiontzian utziko dira. Bereziki, kartoizko kaxak moztu eta egokiro tolestuko dira, bilketarako edukiontzietan sartu ahal izateko.

2. Etxeko bilketa sisteman, estalki laranjadun zaborrontzi grisean, paperezko poltsa batean edo sokaz lotuta fardel txiki bat eginez utzi beharko dira bilketa gunean, ezarritako egutegiaren arabera, eta biharamun goizean eremu publikotik jaso beharko da zaborrontzia.

3. Utzi baino lehen, herritarrek kendu egin beharko dituzte hondakin horietatik metalezko, plastikozko eta paper eta kartoi zikineko hondar guztiak, eta hondar horiek ordenantza honetan dagokien sailerako ezarritakoaren arabera utziko dira.

19. artikulua. Errefusa.

1. Sail hau osatuko dute ordenantza honen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera gaikako inolako bilketatan sartzen ez diren hondakinak.

2. Edukiontzien bidezko bilketa sisteman, isurketarik ez izateko moduko poltsa iragazgaitzetan aterako dute errefusa erabiltzaileek. Errefusa dagozkion edukiontzietan utziko da, izan erabilera kolektibokoak izan erabilera esklusibokoak.

3. Etxeko bilketa sisteman, ontziak estalki laranjadun zaborrontzi grisean edo plastikozko poltsa itxi batean utzi beharko dira bilketa gunean, ezarritako egutegiaren arabera, eta biharamun goizean eremu publikotik jaso beharko da zaborrontzia.

4. Bilketa sistemetako edozeinetan, debekatuta dago hondakinak nahastu eta ateratzea, baldin eta Mankomunitateak kasuan kasuko herrian gaikako bilketa sistema ezarri badu horiek biltzeko.

20. artikulua. Landare olio erabiliak.

1. Debekatuta dago olio erabiliak hustubideetatik behera botatzea.

2. Herritarrek landare olio erabiliak 5 litro arteko plastikozko ontzi itxietara botako dituzte, eta horretarako edukiontzian edo garbigunean utziko.

3. Jatetxeen, tabernen, hotelen eta beste jatetxe zerbitzu batzuen titularrek edukiontzi egokiak izan beharko dituzte landare olio erabiliak botatzeko bertara, eta kudeatzaile baimendu bati emanen dizkiote.

Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, Sakanako Mankomunitateak, ordenantza honen 30.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, erabaki dezake hondakin horiek nahitaez sartzea Udalaren bilketa sisteman.

21. artikulua. Erabilitako arropak eta oinetakoak.

Herritarrek plastikozko poltsa itxietan utziko dituzte erabilitako arropak eta oinetakoak:

a) Horretarako jarritako edukiontzian.

b) Garbigunean.

c) Irabazi asmorik gabeko entitateen edo elkarteen lokaletan edo horien edukiontzietan, berrerabiltzeko, baldin eta entitate horiek Sakanako Mankomunitatearen baimena badute arropa eta oinetako erabiliak biltzeko.

22. artikulua. Botiken hondakinak eta bilgarriak.

Botika iraungiak, jada erabiltzen ez diren botikak, botika hondarrak eta beren bilgarriak SIGRE bilketa guneetan utziko dituzte herritarrek, halakoak dituzten farmazietan, edo garbigunean.

23. artikulua. Pilak.

Pila erabiliak honako toki hauetan utziko dituzte herritarrek:

a) Behar bezala seinalizatutako edukiontzietan, hau da, eremu publikoan, banaketa tokietan, merkataritza guneetan etab.

b) Garbiguneetan.

24. artikulua. Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak.

Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak materialen arabera bereizirik poltsa sendoetan sartuko dituzte herritarrek eta, ongi kudeatzeko, honako hauei emanen dizkiete:

a) Kudeatzaile baimendu bati.

b) Arbizuko zabortegiaren instalazioetako puntu berdean.

c) Garbigunean, halakorik dagoen herrietan.

b) eta c) kasuetan bidezkoa den tasa ordaindu beharko da, ematen den kopurua 100 kg-tik beherakoa ez bada behintzat.

25. artikulua. Gorozkiak.

Animalia bat duenak jaso egin beharko ditu gorozkiak eremu publikotik eta errefusarekin batera edo horretarako dauden edukiontzietan utzi, halakorik izanez gero.

26. artikulua. Garbiguneetan biltzea.

1. Herritarrek garbigune finko edo mugikorretan utzi ahalko dituzte hondakin mota hauek:

a) Landare olio erabiliak.

b) Erabilitako arropak eta oinetakoak.

c) Pilak.

d) Tamaina handikoak: altzariak eta etxeko gauzak.

e) Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinetan, 50 kg-tik gorako kopurua denean ezin izanen dira puntu berde mugikorrean utzi, eta 24. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

f) Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

g) Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk.

h) Erradiografiak.

i) Kristalak, hala nola edalontziak, platerak, kopak eta leiho eta ateetako kristalak.

j) Produktudun espraiak.

k) Presiodun ontziak.

l) Beste batzuk.

2. Garbigune bakoitzak, ordenantza honetan ezarritakoaren eta bertako instalazioen izaeraren arabera, onar daitezkeen udal hondakinen zerrenda izanen du.

27. artikulua. Hondakinen bereizketari eta bilketari buruzko informazioa.

1. Sakanako Mankomunitateak argitara emanen ditu zerbitzuaren baldintzak eta, bereziki, hondakin motak utzi eta biltzeko egun eta orduak, hondakinak uzteko baldintzak eta guneak, eta zerbitzua egokia izateko komenigarritzat jotzen den beste edozein.

2. Baldintza eta ordutegi horiek Sakanako Mankomunitatearen web gunean egonen dira ikusgai (www.sakana-mank.com).

28. artikulua. Hondakinen bereizketari eta bilketari buruzko sentsibilizazioa eta heziketa.

1. Sakanako Mankomunitateak kanpainak eta jardunaldiak eginen ditu, hondakinak bereizirik biltzeari buruzko sentsibilizazioaren eta heziketaren arloan.

2. Horri begira, besteak beste, lankidetzarako hitzarmenak eta akordioak sinatzen ahalko ditu subjektu publiko eta pribatuekin, hala nola unibertsitateekin, ingurumenaren babesaz arduratzen diren irabazi asmorik gabeko erakundeekin, hondakinak kudeatzeko sistema kolektiboekin eta ekoizleen elkarteekin.

3. Sakanako Mankomunitateak, hondakinen gaikako bilketa sustatzearren, bere web orriaren bidez aditzera emanen du hondakin mota bakoitzak duen azken tratamendua.

III. kapitulua

Bilketa bereziaren zerbitzua

29. artikulua. Saltoki, industria eta zerbitzuetako etxeko hondakinak eta etxekoekin parekatzen ahal diren osasun hondakinak biltzea.

Saltoki, zerbitzu eta industrietako titularrek, sortzen dituzten etxeko hondakinak eguneko 100 kg-tik edo 1.000 litrotik gorakoak direnean, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Kudeatzaile baimendu bati ematea, edo

b) Udal hondakinen bilketa bereziaren zerbitzua eskatzea.

30. artikulua. Saltokietako hondakin ez arriskutsuak eta industrietako etxeko hondakinak biltzea.

1. Saltokiek merkataritzako hondakin ez arriskutsuak honako hauei ematen ahal dizkiete:

a) Kudeatzaile baimendu bati, edo

b) Saltokietako hondakin ez arriskutsuak biltzeko zerbitzu berezi bati eskaera egin.

2. Sakanako Mankomunitateak saltokietako hondakin ez arriskutsuak eta/edo industrietan sortzen diren etxeko hondakinak biltzeko sistema bereki bat ezartzen ahalko du, horretarako arrazoiak emanez eta hondakinen bilketan efizientzia eta eraginkortasun handiagoa lortzeko irizpideetan oinarriturik; halaber, zilegi izanen du hondakin horien sortzaileak sistema horretan nahitaez sar daitezela ezartzea.

31. artikulua. Azoketako edo merkatu txikietako hondakinak.

1. Saltzaileak beharturik daude azokako jardueran sortzen diren hondakinak gaika bereiztera, herri bakoitzean ezarrita dagoen bilketa sistemaren arabera, honako gaiak bereiziz gutxienez:

a) Kartoia.

b) Ontziak. Ontziak, baldin eta beren tamainagatik edo barnean eduki dutenagatik, etxeko formatuko ontzi arinak ez badira, Sakanako Mankomunitatea ez da horiek biltzera beharturik egonen, eta kasuan kasuko kudeatzaile pribatuari eman beharko zaizkio.

c) Gai organikoak, Sakanako Mankomunitateak horixe ezartzen duenean.

d) Zura, Sakanako Mankomunitateak horixe ezartzen duenean.

e) Errefusa.

Xede horretarako, merkataritzako unitate bakoitzak edukiontzi desberdinak izanen ditu.

2. Saltzaile bakoitzak, azoka edo merkatu txikia ixtean, Sakanako Mankomunitateak aipatzen dituen edo araudiak ezartzen dituen tokian, orduetan eta baldintzetan utziko ditu hondakinak.

3. Merkataritza unitate edo salmenta postu bakoitzaren titularrak izanen du ardura merkatuko jardueran sortutako hondakinak ongi kudeatzeko. Honako hauei ematen ahal dizkie, ongi kudeatzeko:

a) Kudeatzaile baimendu bati, edo

b) Merkatuetako hondakinak biltzeko zerbitzu berezi bati eskaera egin.

32. artikulua. Animalia hilak.

1. Debekatuta dago animalia hilak edozein lur motatan uztea.

2. Animalia hilen jabeek eta albaitaritza kliniketako titularrek kudeatzaile baimendu bati eraman beharko dizkiote.

33. artikulua. Tamaina handikoak: altzariak eta etxeko gauzak.

Herritarrek, altzariak, etxeko gauzak eta ordenantza honetako gaikako bilketaren bidez edo araudiaren arabera eramaten ez diren beste hondakin handi batzuk bota nahi dituztenean, honako hau bete beharko dute:

a) Garbigunera eraman, edo

b) Etxez etxeko bilketarako zerbitzu berezia, Sakanako Mankomunitateak ezarria, erabili.

c) Kudeatzaile baimendu bati eman.

34. artikulua. Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

Herritarrek, aparatu elektriko eta elektronikoak bota nahi dituztenean, honako hau bete beharko dute:

a) Berri bat erostean banatzaileari eman, edo

b) Garbigunera eraman, edo

c) Hondakin elektriko eta elektronikoak etxez etxe biltzeko zerbitzu berezia eskatu.

35. artikulua. Ibilgailu abandonatuak.

1. Debekatuta dago ibilgailuak abandonatzea, eta titularren ardura da horiek ongi kudeatzea, araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz.

2. Ibilgailu bat abandonatutzat joko da eta udal hondakin bihurtuko, honako kasu hauetan:

a) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten kalteak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean edo irakurrezinak direnean.

b) Baja administratiboko egoeran izanik ere eremu publikoan dagoenean.

c) Agintaritza eskudunak ibilgailua eremu publikotik kendu eta berariaz prestatutako udal biltegian uzten duenetik bi hilabete baino gehiago pasatzen direnean.

c) letran aurreikusten diren kasuetan, eta abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendua eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, 15 egunean ibilgailua biltegitik eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, erabiltzetik gelditzen diren ibilgailuaren tratamendua emanen zaiola.

3. Aurreko atalean aurreikusitako kasuetan, eta ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, Sakanako Mankomunitateak ibilgailu abandonatua tratamendu zentro batean utziko du kudea dezaten, eta ibilgailu abandonatuen jabeek bilketaren kostuak ordaindu beharko dituzte eta, hala denean, kudeaketakoak, ordenantza honetan eta araudi aplikagarrian xedatutakoaren arabera.

36. artikulua. Ibilgailuen bilketarako zerbitzu berezia, erabiltzetik gelditzen direnean.

Herritarrek, erabiltzetik gelditzen den ibilgailu bat bota nahi dutenean, honako hau bete beharko dute:

a) Tratamendu zentro batean utzi, araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera, edo

b) Erabiltzetik gelditzen diren ibilgailuen bilketarako zerbitzu berezia eskatu, baja administratiboa lortu ondoren, bilketaren eta tratamenduaren kostua bere gain hartuz.

37. artikulua. Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk.

1. Inausketako eta lorezaintzako beste hondakin batzuk bota nahi dituzten herritarrek egin beharrekoa:

a) Kudeatzaile baimendu bati eman, edo

b) Garbigunera eraman.

c) Herri bakoitzean jarritako tokian utzi.

Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, herritarrek hondakin horien konpostajea egiten ahalko dute beren etxeetan.

38. artikulua. Bilketako udal zerbitzu berezia eskatzea.

1. Bilketako udal zerbitzu bereziren bat erabili nahi bada, eskaera telefonoz edo beste komunikazio bide bat erabiliz eginen da Sakanako Mankomunitatearen Hondakinen Zerbitzuan.

2. Zerbitzuaren erabiltzaileari dagokio kasuan kasuko hondakinak zerbitzuak esandako tokian uztea, egunak, ordutegiak eta beste baldintza batzuk errespetatuz.

III. TITULUA

Ikuskatzea eta zehapena ezartzea

I. kapitulua

Ikuskapena eta kontrola

39. artikulua. Ikuskapen Zerbitzua.

1. Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen den ikusteko ikuskapen eta zaintza eginkizunak horiek esleituak dituzten langileek beteko dituzte, bai eta herri bakoitzeko udaltzainek ere.

2. Aurreko atalean aipatu langileak, beren ikuskapen eginkizunak betetzean, agintaritzako agente izanen dira, eta ahalmena izanen dute, aldez aurretik abisatu gabe, ordenantza honetan araututako jardueren instalazioetara joateko, bai eta hondakinak biltzeko sistemen edukia ikuskatzeko ere, hala nola edukiontziak eta zabor poltsak.

40. artikulua. Laguntza eman beharra.

Saltokien, etxebizitzen, industrien eta ordenantza honen xede diren beste jarduera batzuen arduradunek eta hondakinen sortzaileek, edukitzaileek eta kudeatzaileek, araudi aplikagarriarekin bat, aurreko artikuluan aipatu langileei erraztasunak eman beharko dizkiete ikuskapen lana egiteko eta instalazioetan sartzeko, bai eta laguntza eta behar diren agiriak eman ere ikuskapen lanak egin ahal izateko.

II. kapitulua

Arau-hausteak eta zehapenak

1. ATALA

Arau-hausteak

41. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-haustetzat jotzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurkakoak diren ekintzak edo ez-egiteak, bai eta Estatuko edo autonomia erkidegoko legedian, arlo honetan, ezarrita daudenak ere, nahiz eta horrek ez duen galarazten ordenantza honen manuek zehatzago identifikatzen lagundu ahal izatea.

2. Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

42. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat joko da:

a) Hondakinak trinkotu gabe uztea, trinkotuz bolumena murrizten baita eta poltsen eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzen.

b) Hondakinak gaika bereizi gabe uztea edo hondakin mota bakoitzaren edukiontzia edo gunea eta bilketa sistema ez den batean edo ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.

c) Edukiontziak edo zaborrontziak eremu publikora ateratzea zerbitzu publikoak bilketa egin dezan, Sakanako Mankomunitateak ezarritako ordu eta tokietatik kanpo.

d) Hondakinak bildu eta uzteko ordutegiak ez betetzea.

e) Hondakinak eremu publikora botatzea edo bertan uztea edo Sakanako Mankomunitateak ezarri ez dituen tokietan.

f) Edukiontziak edo beren edukia manipulatzea, hondakinak biltzeko zurezko zutoinak beren tokitik atera edo iraultzea, baita paperontziak edo beste edukiontzi mota batzuk ere, eta beste leku batzuetara eramatea; halaber, ekarpen eremuetan sartzeko txartel pertsonalak hondatu edo manipulatzea.

g) Edukiontziak, zurezko zutoinak edo ekarpen eremuetan sartzeko txartel pertsonalak ordenantza honetan ezarritako xedeetarako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabiltzea.

h) Ordenantza honen 13.2.b) artikuluan eta 13.4 eta 9 artikuluan azaltzen diren betebeharrak ez betetzea.

i) Erabilera esklusiboko edukiontzi bat erabiltzea Sakanako Mankomunitatearen baimenik izan gabe, ordenantza honen 13.2.a) artikuluan ezarritakoa urratuz.

j) Merkataritzako hondakin ez arriskutsuen sortzaileek eta/edo edukitzaileek ordenantza honen 10.2 artikuluan xedatutakoa ez betetzea.

k) Eremu publikoan aldi baterako jartzen diren obretako edukiontziak erabiltzea hondakinak uzteko.

l) Gai likidoak edo likidotzen ahal direnak edo isuriak sorraraz ditzaketenak dituzten hondakinak uztea.

m) Hondakinak gaika bereizi gabe ematea bilketa zerbitzuari, eta itzultzeko ontziak edo gai birziklagarriak uztea errefusaren sailean.

n) Hondakinak modu desantolatuan uztea, zerbitzuaren funtzionamendu normalari kalte eginez.

o) Aurreko bi artikuluetan ezarritako arau-hausteetakoren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik larri edo oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

p) Kudeatzaile pribatu baten bidez egindako kudeaketari buruzko informazioa ezkutatzea, Mankomunitateak eskatzen duenean.

q) Ongi bereizi gabeko etxeko hondakinak eremu publikoetako paperontzietan uztea.

r) Ordenantza honetako arauen inguruko gainerako arau-hausteak, arau-hauste larri edo oso larri gisa espresuki sailkatuta ez daudenean.

43. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larritzat hartuko da:

a) Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo botatzea, betiere pertsonen osasuna arrisku larrian jarri ez bada edo ingurumenean kalte edo hondamen larria eragin ez bada.

b) Sakanako Mankomunitatearen zaintza, ikuskapen eta kontrol jarduera oztopatzea, bai eta laguntza emateko betebeharrak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarriak, ez betetzea ere.

c) Hondakin ez arriskutsuak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta ordenantza honetan agertzen ez diren pertsona fisiko edo juridikoei eman, saldu edo lagatzea, eta hondakin horiek arau hauetan ezarritakoak ez diren baldintzetan onartzea.

d) Hondakinak lur publiko edo pribatuetan erretzea.

e) Animalia hilak eremu publikoan uztea.

f) Etxeko hondakinen artean ematea ordenantza honen 3. artikuluan etxekotzat jotzen ez diren hondakinak.

g) Oso larrien artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik oso larritzat jotzea merezi ez duenean.

44. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste larritzat hartuko da:

a) Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo botatzea, betiere pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo hondamen larria eragin bada.

b) Arriskutsuak eta toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruzko informazioa ukatzea.

c) Hondakinak biltzeko bitartekoak nahita hondatzea, erabat suntsitzea edo zerbitzu hori deuseztatzea bilatzen duten baliabideak edo moduak erabiliz.

d) Arau-hauste larriak errepikatzea. Urtebetean gutxienez bi arau-hauste larri egiten direnean esanen da errepikatzea dagoela.

45. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste arinak urtebeteren buruan preskribatuko dira, larriak hiru urteren buruan eta oso larriak bost urteren buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

3. Arau-hausteak behin eta berriz egiten direnean, preskripzio epea hasiko da jarduera bukatzen den unetik edo arau-haustea den azken egintzatik. Arau-hauste diren egintzak edo jarduerak ez direnean ezagutzen kanpoko zeinurik ez dutelako, epea hasiko da horiek agertzen direnetik aurrera.

4. Zehatzeko prozedura abiatzean utziko da bertan behera preskripzioa, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

2. ATALA

Zehapenak

46. artikulua. Arau-hauste arinen zehapenak.

42. artikuluan sailkatutako arau-hausteak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 47.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

47. artikulua. Arau-hauste larrien zehapenak.

43. artikuluan sailkatutako arau-hausteak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 47.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

48. artikulua. Arau-hauste oso larrien zehapenak.

44. artikuluan sailkatutako arau-hausteak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 47.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

49. artikulua. Lehengoratu beharra.

1. Kasu bakoitzean bidezkoa den zehapena galarazi gabe, arau-hausleak konpondu egin beharko du eragindako kaltea, eta hondatutakoa lehengora itzuli.

2. Arau-hausleak ezarri zaion epean konpontzen ez badu eragindako kaltea, organo eskudunak erabaki dezake isun hertsagarriak ezartzea, ordenantza honen 50. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Halaber, bete ezean, Sakanako Mankomunitateak exekuzio subsidiarioz gauzatzen ahal du lehengoratze hori. Egin beharreko jarduketen kostuak arau-haustearen erantzulearen kargura izanen dira eta, hala behar denean, eragindako kalte eta galeren ondoriozko kalte-ordaina eskatzen ahalko zaio.

50. artikulua. Isun hertsagarriak.

Ezar daitekeen zehapena galarazi gabe, organo eskudunak erabaki dezake isun hertsagarriak jartzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 99. artikuluari jarraikiz.

Isun horietako bakoitzaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu arau-haustearen ondoriozko isunaren herena, eta ez dira inoiz ere 15.000 euro gaindituko.

51. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste larriengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan eta arau-hauste oso larriengatik ezartzen direnak bost urteren buruan.

2. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea.

3. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

52. artikulua. Adingabeen eta hondakinen bilketaren arloetako neurri judizialak gauzatzen laguntzea.

1. Sakanako Mankomunitateak lankidetza hitzarmenen sinadura bultzatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen arloan eskumenak dituzten entitate publikoekin.

2. Aurreko atalean aipatzen diren lankidetza hitzarmenen xedea izanen da adingabeen epaitegiek ezarritako erreformarako neurri judizialak (komunitatearen aldeko lanak) gauzatzen laguntzea, uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuarekin bat. Dekretu horren bidez onetsi da adingabeen erantzukizun penala arautzen duen legea garatzeko erregelamendua, eta bidea ematen du adingabeek komunitatearen aldeko prestazio gisa garbiketa lanak eta hondakinen bilketa lanak egin ditzaten, betiere egindako arau-hausteak urratutako ondasun juridikoaren izaerarekin lotuta badaude.

53. artikulua. Zehapenak argitara ematea.

Mankomunitateko organo eskudunak erabaki dezake argitara ematea, bidezkoak iruditzen zaizkion baliabideak erabiliz, arau-hauste larri eta oso larrien ondoriozko zehapenak, irmo bihurtu ondoren.

54. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.

1. Mankomunitateko buruari dagokio zehapeneko administrazio espedienteak ebaztea, Mankomunitatearen Estatutuen 22.12 artikuluak eta Toki Araubideko xedapen indardunek horretarako esleitutako eskumena erabiliz.

2. Zehapenak ezarri eta erantzukizunak eskatuko dira, ordenantza honen arabera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe gelditzen da Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza, Mankomunitateko Batzar Nagusiak 2004ko ekainaren 28an onetsia, bai eta ordenantza honetako gaiak arautzen dituzten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere, ordenantzaren edukiaren kontrakoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Azken xedapenetan bigarrena.–Eskumena.

Mankomunitateko buruak, bere eskumenez baliaturik, zilegi izanen du ordenantza honetako artikuluak interpretatu, argitu eta garatzea.

I. eranskina

Sail bakoitzeko hondakinen zerrenda

1.–Gai organikoen saila.

a) Hiri hondakinetako gai organikoen sailean sartzen dira eta konposta daitezke:

–Animali jatorriko janari hondarrak, bai gordinak bai sukaldatuak.

–Landare jatorriko janari hondarrak, bai gordinak bai sukaldatuak.

–Paperezko ezpainzapiak, sukaldeko papera eta paperezko mahai-zapiak, gai organikoz (janari hondarrak, landare olioa etab.) zikinduak, eta paperezko mukizapi erabiliak.

–Kafe hondarrak, infusio zorroak.

–Itsaskien azalak, fruitu lehorren oskolak eta arrautzenak.

–Animailien eta fruituen hezurrak.

–Loreak eta landareak.

–Soropila (kopuru txikia, ahal dela autokonpostajea egin).

–Txotxak, pospoloak, zerrautsa (kopuru txikia) eta kortxo naturaleko tapoiak.

b) Gai organikoen sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den xedea baitute:

–Lagun egiteko animalien gorozkiak, errefusera.

–Plastikozko tapoiak, ontzien sailera.

–Pixoihal konpostaezinak, konpresak eta tanpoiak, errefusera.

–Zigarrokinak, errefusera.

–Erratza pasatu ondoko hautsa, errefusera.

2.–Papera/kartoia.

a) Hiri hondakinetako paper/kartoien sailean sartzen dira eta birziklatzeko egokiak dira:

–Egunkarien, aldizkarien eta publizitateko orrien papera, bai zuri beltzekoak bai koloretakoak.

–Gutun-azalak, orriak, paper jarraitua eta bulegoko gainerako paperak.

–Erabili eta botatzekoak diren paperezko erretilu, plater eta edalontziak, ostalaritzakoak.

–Paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapi garbiak.

–Kartoi kaxak.

–Arrautzontziak, jogurtak eramatekoak, komuneko paperaren kartoizko zilindroak.

–Kartoizko bilgarriak eta babesgarriak.

b) Paper/kartoien sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den xedea baitute:

–Gai ez organikoz zikindutako papera, errefusera.

–Gai organikoz zikindutako paperezko ezpainzapiak, sukaldeko papera eta paperezko mahai-zapiak eta paperezko mukizapi erabiliak, gai organikoen sailera.

–Paper gomaztatua, plastifikatua edo argizariduna, Garbigunera.

–Klipak, grapak, errefusera, eta kopuru handiak, Garbigunera.

3.–Ontzi arinak.

a) Hiri hondakinetako ontzi arinak, berreskuratze plantan hautatu eta ondoren birziklatzeko gai direnak, janaririk edo etxeko garbigairik gabeko material urez garbitu hauek dira:

–Edarien eta kontserben aluminiozko eta burdinezko latak.

–Tetrabrickak.

–Edarien eta janarien plastikozko botilak.

–Etxeko garbigaien plastikozko botilak eta ontziak.

–Plastikozko edalontziak, platerak, mahai-tresnak, behin erabiltzekoak. –Poliestireno hedatuzko (porexpan) janari erretiluak.

–Aluminiozko janari erretiluak eta aluminiozko gainerako materialak, janariekin erabiltzekoak.

–Jogurt ontziak, plastikozko budinak estalkiak barne.

–Beirazko ontzien metalezko estalkiak.

–Hortzetako pastaren tuboa eta plastikozko kosmetika ontziak.

–Izoztuen poltsak eta, oro har, plastikozko poltsa guztiak, baita janari filma ere.

–Paper plastifikatua.

b) Ontzi arinen sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den xedea baitute:

–Erabilitako pintura latak, Garbigunera.

–Erabilitako disolbatzaile latak eta botilak, Garbigunera.

–Botiken ontziak, farmazietara edo osasun etxera.

–Plastikozko jostailuak eta, oro har, plastikozko edozein material, ontziez aparte, Garbigunera.

4.–Beirazko ontziak.

a) Hiri hondakinetako beirazko ontziak, berreskuratze plantan hautatu eta ondoren birziklatzeko gai direnak, janaririk edo etxeko garbigairik gabeko material urez garbitu hauek dira (ez da beharrezkoa botilen lepoko apaingarriak eta botilak berriz betetzea saihesten duten gailuak kentzea):

–Beirazko botilak, edozein koloretakoak.

–Beirazko kontserba potoak, edozein koloretakoak.

–Kosmetika produktuen beirazko ontziak.

b) Beirazko ontzien sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den xedea baitute:

–Zeramikazko katilu eta platerak, errefusera, eta kopuru handiak badira, Garbigunera.

–Kortxo naturaleko tapoiak, gai organikoen sailera.

–Plastikozko tapoiak, ontzi arinen sailera.

–Beirazko ontzien metalezko estalkiak, ontzi arinen sailera.

5.–Errefusera.

a) Hiri hondakinen errefusaren saila osatzen dute gaikako bilketarako eta birziklatzeko berariazko zirkuiturik ez duten materialek. Errefusaren sailean uzten diren material birziklagarriak ez dagozkio sail horri. Beraz, errefusaren sailekoak dira:

–Zeramikazko katilu eta plater hautsiak.

–Erratza pasatuta biltzen den hautsa, xurgagailuen poltsa beteak eta zigarrokinak.

–Ilea, azazkalak, makillajea kentzeko kotoiak, hortzetako haria, depilatzeko argizaria, bizar-aitzurrak, belarrietako kotoi-txotxak, preserbatiboak etab.

–Birziklatu eta berrerabili ezin diren pixoihalak eta konpresak eta tanpoiak.

–Biberoiak, tetinak, txupeteak, edoskitze diskoak.

–Landutako zuren errauts hotzak.

–Idazmahaiko material higatua.

–Animalien gorozkiak eta katuentzako lurra.

–Sendaketak egin ondorengo hondarrak, esparatrapuak, gazak, lotura itsaskorrak.

–Ur iragazkien ikatz aktibatua, kanpineko gas kartutxo hutsak.

–Plastikozko ontzi hautsiak, kreditu txartel erabiliak, metxero erabiliak.

–Etxean erabiltzen diren esekigailuen kopuru txikiak; asko badira, Garbigunera.

b) Errefusaren sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den xedea baitute:

–Disolbatzaileen eta pinturen hondarrak, Garbigunera.

–Etxetresna elektriko txikiak, Garbigunera.

–Pilak, Garbigunera edo saltokietan pilak biltzen dituzten guneetara.

–Gauza handiak eta traste zaharrak, kasete eta bideo zintak, Garbigunera.

–Goritasun bonbillak, fluoreszenteak eta kontsumo gutxiko bonbillak, Garbigunera.

–Inausketakoak, Garbigunera.

–Olio mineralez, pinturaz edo disolbatzailez zikindutako trapuak, Garbigunera.

–Plastikozko jostailuak, Garbigunera.

II. ERANSKINA

Garbigune mugikorrean biltzen diren materialen zerrenda

a) Garbigune mugikorrean hondakin hauek biltzen dira:

–Landare olioa.

–Olio minerala (motor olioa).

–Bateriak eta sakelako telefonoak.

–Jostailuak.

–Audio eta bideoko CDak eta DVDak.

–Pinturak eta disolbatzaileak.

–Tonerrak eta tintazko kartutxoak.

–Pilak.

–Fluoreszenteak.

–Etxetresna elektriko txikiak.

–Botikak.

Garbigune finkoan biltzen diren materialen zerrenda

b) Garbigune finkoan hondakin hauek biltzen dira:

–Landare olioa.

–Olio minerala (motor olioa).

–Bateriak eta sakelako telefonoak.

–Jostailuak.

–Audio eta bideoko CDak eta DVDak.

–Pinturak eta disolbatzaileak.

–Tonerrak eta tintazko kartutxoak.

–Pilak.

–Fluoreszenteak.

–Etxetresna elektriko txikiak.

–Botikak.

–Altzariak eta gauza handiak.

Emausko Trapuketarien bilketa zerbitzuaren bitartez biltzen diren materialek zerrenda

c) Emausko Trapuketariek gauza handiak biltzeko duten zerbitzuaz baliatzeko, Mankomunitatera deitu beharko da aldez aurretik. Mankomunitatearekin hitzartutako tokian eta egunean utziko da materiala, biltzeko. Zerbitzu honen bidez bil daitezkeen materialak:

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

–Altzariak eta gauza handiak.

–Arropa.

Iragarkiaren kodea: L1314138