1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
901/2013 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, “Alkerdi” izeneko 3263 kontzesioa luzatzeko baimena ematen duena.
2012ko irailaren 25ean Mármoles del Baztan, S.A. enpresak eskatu du Urdazubiko udal mugapean (Nafarroa) dagoen “Alkerdi” izeneko 3263 ustiapen kontzesioa luzatzeko.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2013ko maiatzaren 31n txostena egin du aurkeztutako lehengoratze planaren gainean, Erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeko eta meategiko jarduerek ukitutako eremua babestu eta lehengoratzeko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Aurkeztutako dokumentazioa ebaluaturik, bidezkoa da eskatutako ustiapen kontzesioaren luzapena onartzea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Urdazubiko udal mugapean (Nafarroa) dagoen “Alkerdi” izeneko 3263 ustiapen kontzesioa luzatzea, Mármoles del Baztán, S.A.ren alde, ezaugarri hauei jarraikiz.
Kontzesioaren luzapenaren xedeko errekurtsoa: marmola (marmol-kareharriak).
Kontzesioaren luzapenaren indarraldia: hogeita hamar urte, 2014ko azaroaren 8tik kontatzen hasita, hasierako kontzesioak egun horretan galduko baitu indarra.
Luzatutako kontzesioaren hedadura: sustatzaileak eskatutako lau meatze-laukietatik bat bakarra. Hona hemen haren koordenatu geografikoak, Greenwich-en meridianoa eta datum ED-50 erreferentzia hartuz:
ERPINA | LONGITUDEA | LATITUDEA |
Pp1 | 1. 31’ 00” O | 43.º 16’ 20” N |
2 | 1. 31’ 20” O | 43.º 16’ 20” N |
3 | 1. 31’ 20” O | 43.º 16’ 40” N |
4 | 1. 31’ 00” O | 43.º 16’ 40” N |
2. Aurkeztutako ustiatze proiektua onestea, enpresak 2013ko uztailaren 19an aurkeztutako eranskinean azaldutako aldaketak aintzat hartuta.
3. Enpresak aurkeztutako lehengoratze plana onestea, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren maiatzaren 31ko txostenean ezarritako baldintzekin.
4. Lehengoratze plana betetzen dela aseguratzeko bermea ezartzea, guztira, 127.312,42 euro. Diru kopuru hori Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak 1999ko abenduaren 20ko 1681 Ebazpenaren bidez ezarritako lehengoratze abalaren balio eguneratua da.
Lehengoratze plana gauzatu ondoren, titularrak idatziz eskatuko du gordailatutako bermea askatzeko.
5. Ebazpen hau Mármoles del Baztán, S.A.ri jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, eta Urdazubiko udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea kontzesioa luzatu dela.
Iruñean, 2013ko urriaren 10ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Iñaki Morcillo Irastorza.
Iragarkiaren kodea: F1314104