1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
118/2013 FORU AGINDUA, abuztuaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, baimena ematen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko.
Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 112/2013 Foru Aginduaren bidez abuztuaren 8ko 52/2012 Foru Agindua aldatu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura osasun laguntzaz kanpoko atalen eta osasun laguntzaz kanpoko unitateen mailan ezartzen zuena, izan ere, horren ondorioz Ebazpenak Kudeatzeko Unitatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua kendu zen erakunde autonomoaren egitura organikotik. Administrazio unitate horrek erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzearen gaineko zenbait eginkizun zituen esleiturik.
Bestalde, administrazio unitate horrek izena aldatu du, orain Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoa baita, eta Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 111/2013 Foru Aginduaren bidez Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Antolaketa Atalari atxikia gelditu zen.
Horrela, gaur egun Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez ditu lan horiek egiteko behar diren baliabide tekniko eta langileak.
Berariaz esleitutako xede eta helburuei buruz instrumentalitate printzipioak dioenari jarraikiz (printzipio hori erakunde publikoen araubide juridikoan jasotzen da), gomendagarria izan daiteke erakunde publiko bati atxikita ez dauden administrazio organoek egitea erakunde publiko horri dagozkion zenbait eginkizun orokor, kudeaketa esleipen baten bidez. Eginkizun horien artean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzeko lanak daude.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1. artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuek egin ditzatela esleitzeko, dela eragingarriagoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Antzeko moduan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko lan materialak, teknikoak edo zerbitzuak egiteko ardura administrazio bereko edo ezberdineko beste organo batzuei ematen ahalko zaizkie, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Baimena ematea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegoaren esku uzteko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan ematen diren ebazpenak prestatu, igorri, argitaratu eta artxibatzearen gaineko lan hauek:
a) Ebazpenak prestatzea, administratiboki gainbegiratzea, helaraztea eta, kasua bada, argitara daitezen igortzea.
b) Ematen diren ebazpen guztiak katalogatu eta artxibatzea.
c) Administrazio egintzei buruzko ziurtagiriak prestatzea.
2. Esku-uztea urterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2013ko abuztuaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1313440