210. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

87/2013 FORU AGINDUA, urriaren 8koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe bateratu publiko batzuk izendatu eta Nafarroako ikastetxe bateratu publikoen sareari eransten dizkiona.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.5 artikuluan adierazten denez, legeak arautzen dituen lanbide heziketako ikasketak Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan aipatzen diren ikastetxe bateratuetan egiten ahal dira. Azken lege horren 11. artikuluko laugarren idatz-zatian, lanbide heziketako ikastetxe bateratuak honela definitzen dira: ikastetxe berriak dira eta, Kualifikazioen Sistema Nazionalaren esparruan, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ageri diren tituluak eta lanbideko ziurtagiriak lortzera bideratzen diren lanbide heziketako eskaintza guztiak emanen dituzte. Halaber, 11.4 artikuluko bigarren lerroaldeak ezartzen du administrazioek, beren eskumenen esparruan, lanbide heziketako ikastetxe horiek sortu eta baimentzen ahalko dituztela, ezartzen diren baldintza eta betekizunei jarraikiz.

Ildo horretan, Lanbide heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko betekizunak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 7ko 564/2010 Errege Dekretuaren bidez, berriro idatzi da abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atala; honela geratu da: Hezkuntza administrazioek, beren eskumenen esparruan, titulartasun publikoko lanbide heziketako ikastetxe bateratu berriak sortzen ahalko dituzte. Horretaz gainera, titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratu berriak baimentzen ahalko dituzte. Kasu bietan, lan administrazioko txosten loteslea beharko da.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 18. artikuluko bigarren atalean ezartzen denez, lanbide heziketa ematen duten ikastetxeak ikastetxe bateratutzat jotzen ahalko dira, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuak arautuko ditu.

Gainera, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak berak 19. artikulua eskaintzen die ikastetxe bateratuei, eta lehen atalean Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe bateratu publikoak bereizten ditu: alde batetik, ikastetxe bateratu politeknikoak eta, bestetik, ikastetxe bateratu sektorialak; aldi berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ikastetxe bateratu publikoen sare bat bere lurralde guztian bermatuko duela xedatzen du.

Irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 5. artikuluan arautzen da ikastetxe bateratuen sorrera eta baimena. Artikulu horretan, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluko hirugarren atalean agintzen denarekin bat, Hezkuntza Departamentuaren menpeko edo hari atxikitako ikastetxe bateratu bat sortzeko, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren baimena beharko dela ezartzen da. Era berean, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren menpeko edo hari atxikitako ikastetxe bateratu bat sortzeko, Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da.

Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 1eko 198/2010 Foru Aginduaren bidez eta ekainaren 24ko 58/2013 Foru Aginduaren bidez Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe bateratu publiko batzuk izendatu ziren eta Nafarroako ikastetxe bateratu publikoen sarea sortu zen. Ikastetxe bateratuaren eredua gure foru komunitatean garrantzi berezia duten lurralde eta sektore eremuetako lanbide heziketako beste ikastetxe batzuetara zabaltzea egokia dela ikusirik, bidezkoa da, puntu honetan, eta aipatutako estatu eta foru araudia betez, ikastetxe bateratu sektorial bat gehiago izendatzea Nafarroan eta hura Nafarroako ikastetxe bateratuen aipatu sare publikoari eranstea.

Orobat, foru agindu honek ukitutako ikastetxeak berriki aldatu du izena. Nafarroako Gobernuak 2013ko ekainaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, “Burlada” behin-behineko izena izanen duen Bigarren Hezkuntzako Institutua sortu zen, Lanbide Heziketako irakaskuntzak Burlatako “Ibaialde-Burlada” Bigarren Hezkuntzako Institututik bereiziz.

Horregatik, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko Osoko Bilkurak emandako aldeko txostena ikusita, Nafarroan ikastetxe bateratuen eredua lanbide heziketako ikastetxeak eraldatuz lanbide heziketako beste ikastetxe batzuei zabaltzeko, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan araututakoari jarraikiz, betiere izendatuak izateko irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 6. artikuluko baldintzak betetzen badituzte, eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren nahitaezko txostena eskuratuta,

AGINDU DUT:

1. Nire gain hartzea Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari dagokien eskumena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikulua betez, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe bateratu publikoak izendatu eta haiek Nafarroako ikastetxe bateratuen sare publikoari eransteko.

2. Burlatako “Burlada” ikastetxe bateratu sektoriala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe bateratu publiko izendatzea.

3. Ikastetxearen berariazko izena aldatzea, hau da, “Burlada” izatetik “Burlada FP” izatera.

4. Delako ikastetxearen izen ofiziala “Burlada FP” ikastetxe bateratua dela ezartzea.

5. Aipatu ikastetxea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bateratuen sare publikoari eranstea, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sisteman lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

6. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari baimena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan, foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko.

7. Foru agindu hau Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2013ko urriaren 8n.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1313961