210. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ILARREGI

Ordenantza, Ilarregiko hermendian (Ultzama) sartzeko mendiko pisten erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluaren arabera, Ilarregiko hermendian sartzeko mendiko pisten erabilera arautzen duen Ordenantzaren testu osoa ateratzen da jendaurrera. Ordenantza hori behin betiko onetsi zen, 2013ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 19koan hasierako onespena argitaratu eta haren kontra ez erreklamaziorik ez alegaziorik ez baitzen jaso, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea aldatu zuen apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 49. artikuluak agindutakoari jarraikiz.

Ilarregin, 2013ko urriaren 21ean.–Kontzejuko burua, Ambrosio Elizalde Urtasun.

Ordenantza, Ilarregiko hermendian (Ultzama)
sartzeko mendiko pisten erabilera arautzen duena

Ordenantza honek Ilarregiko hermendian sartzeko pistak erabiltzea arautzen du. Araudi ezak eta izandako gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa. Izan ere, ikusi da azkenengo urteotan mendiko pistetan barna gero eta ibilgailu motordun gehiago ibiltzen direla, eta horrek modu nabarmenean hondatzen ditu zonako ingurumenaren iraunkortasuna, lasaitasuna eta bizilagunek mendia modu egoki eta lasaian erabiltzeko aukera.

1. artikulua. Oro har, baimenik ez duen orok debekatuta dauka ibilgailu motordunez Ilarregiko hermendian sartzea mendiko pistetatik.

2. artikulua. Erabilera eta gozamena arautzeko, Ilarregiko hermendiko pistetan sartzea mugatu da ibilgailu motordunen sarrera debekatzen duten seinaleen bitartez. Mendiko pista nagusiak hauek dira:

1. Elizatik atera eta iparraldera jotzen du. Tellegiko errekan bi adarretan banatzen da: bata Urrikenekobordara joaten da eta bestea Eltzaburuko mugara, Bentako Labakia belarsorotik hurbil. Seinaleak elizaren ondoan paratuko dira.

2. NA-411 errepidetik atera eta hegoaldera jotzen du, eta Martinenea eta Miltxonekoborda baserrietara eta Bapo gozogintzako prestalekura doa. Debekutik libre dira toki horietara joan edo haietatik datozen ibilgailuak. Hori seinaleetan paratuko da. Pista horretara, Suarbeko Kontzejuko pistatik ere joan daiteke. Horrek ere bi adar ditu: bata Bidegurutzetara doa eta bestea Miltxonekobordara. Seinaleak NA-411 errepideko sarreran eta Suarbeko mugaren sarbidean paratuko dira.

3. artikulua. Sarrerak debakatuak egonen dira urte guztian, nahiz Ilarregiko Kontzejuak beretzat gordetzen duen debeku hori kentzeko eta pasatzeko baimena emateko ahalmena. Aldez aurretik erabaki beharko du Kontzejuak hori, 4. artikuluan bildu gabeko beste baldintza batzuetan.

Ez dute baimenik beharko Ilarregiko finketan diharduten nekazaritzako eta abelzaintzako ibilgailuek.

4. artikulua. Ilarregiko hermendiko pistetan sartzen ahal dira dokumentu baten bitartez horretarako baimena dutela frogatzen dutenak. Honako baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

–Ilarregiko udal mugapean etxebizitzen edo lursailen jabe edo erabiltzaile izatea.

–Urte batez edo jarraian Basabila ehiztarien elkarteko bazkide izatea.

–Ilarregin jaioa izatea.

5. artikulua. Kontzejuak baimen bat emanen die aurreko baldintzetakoren bat betetzen dutenei, interesdunak aurretik eskatuta. Ehiztarientzako baimenak garaia denean ehizan ibiltzeko baizik ez dira izanen. Ibilgailu baimendunak pistetan utziko dira lanak ez galarazteko lekuetan (konparaziora, finken sarbideetan). Kanpotik ongi ikusteko moduan jarriko da baimena edo pasea.

6. artikulua. Era berean, erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuak sartzen ahalko dira, haien eginkizunak betetzen dituztenean.

7. artikulua. Hermendiko pistetan sartu nahi dutenek, sarrera debekatuta baldin badago eta 4. artikuluan azaldutako baldintzak betetzen ez badituzte, eskaera eginen diote Kontzejuari behin-behineko baimen bat eskuratzeko. Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu. Baimenean garbi agertu behar dute ibilgailu baimenduaren matrikulak eta Kontzejuaren zigiluak. Ehiztarien baimenen kasuan, zein ehizalditarako den baimena, hura. Arrazoi batengatik baino gehiagorengatik baimena izateko eskubidea dutenek (auzokidea, ehiztaria... izatea), ez dute bat baino gehiago beharko.

8. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako baimena eskatzen duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi pistak erabiliko dituen enpresaren edo partikularraren izena, ibilgailuaren bataz besteko eta gehieneko tona kopurua eta zein alditarako eskatzen den.

9. artikulua. Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen eta hermendiaren balioen arabera.

10. artikulua. Baimen guztiek fidantza edo abal bat pausatzera behartuko dute; Kontzejuak pisten gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, pista kalterik gabe dela egiaztatzen denean eta behin-behinekoz emandako baimena itzultzen denean.

11. artikulua. Erran gabe ere, oihan aprobetxamenduen esleipen hartzaileen eta Kontzejuarentzako lanen kontratisten kasuan baimena emantzat hartuko da.

12. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezartzen ahal da.

13. artikulua. Ibilgailu motordunek debeku dute Ilarregiko hermendian barna bide eta pistetatik kanpo zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo oihangintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

14. artikulua. Debeku dira hermendian ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Kontzejuak baimena ematen badu.

15. artikulua. Mendiko pista guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/orduko da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/orduko, gainerako ibilgailuentzat. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen. Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta oihanzainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

16. artikulua. Kontzejuak urtero aztertuko ditu hermendiko pista guztiak. Bertzetik, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokituko ditu bere ahalen heinean.

17. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko inguruzainei agintzen zaie, eta Foruzaingoaren Polizia Administratiboaren Dibisioa eta Guardia Zibilaren SEPRONA premiatzen, Ordenantza hau bete dadin zaindu dezaten.

18. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatuari jarraikiz, ordenantza honetako arau-hausteek 300 euroko isuna izanen dute zehapen. Zehapena jartzeaz gain, sortutako kalte eta galerak konpondu beharko ditu arau-hausleak.

Iragarkiaren kodea: L1314635