210. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAZU

Ordenantza, Artazuko Udalaren baratzeen erabilera
eta horiek erabiltzeko eta emateko baimenak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Artazuko Udalak, 2013ko martxoaren 26an egindako osoko bilkuran, aldaketa onetsi zuen hasiera batean ordenantza honetan:

–Artazuko baratzeak erabiltzeko erregelamendua.

–Udal baratzeak esleitzeko eta erabiltzeko baimenen araudia

Hasierako onespen hori 2013ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 8an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Artazun, 2013ko urriaren 11n.–Alkatea, Javier Albizu Sanz.

ARTAZUKO BARATZEAK ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

Udal baratzeak esleitzeko eta erabiltzeko baimenen araudia

1. artikulua. Baratzeen erabileraren kontzesioa.

a) Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:

–Artazuko udalerrian bizitzea, gutienez ere 2 urte lehenagotik.

–Ibarrean egiazki eta modu jarraian bizitzea, gutienez ere urtean bederatzi hilabetez. Baratze aski balitz, baldintza horren ordez izanen litzateke herriarekin egiazko lotura izatea.

–Aipatu udalerriarekiko betebehar fiskalak beterik izatea, esleipenak dirauen denbora guztian eta hura emateko momentuan.

b) Bi lurzati mota izanen da, batzuk 120 m²-koak eta bertze batzuk 60 m²-koak.

c) Kontzesioaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten kontzesioa eduki ahal izanen du.

d) Baratzeen erabilera prekarioan emanen da betiere. Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako aski izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko. Hori dela eta, kontzesioaren epea amaitzean edo kontzesioa aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Artazuko Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera.

Eman zaion lursaila baratzetako soilik erabil dezake erabiltzaileak. Lortzen diren produktuak bakar-bakarrik etxeko kontsumorako izanen dira.

e) Ezin da zuhaitzik landatu.

f) Ezin izanen da, inolaz ere, inongo animaliarik eduki eta gorde, hazi eta ustiatu baratzeetan eta ezin izanen da zakur askerik sartu baratzeendako eremuaren barrenean.

g) Debeku da arras txabolarik edo bertzelako eraikinik paratzea baratzeetan. Salbuespenez, lursail bakoitzean kutxa bat paratzen ahalko da, gehienez 0,8 metroko altuera, 2,2 metroko luzera eta 0,8 metroko sakonera izanen duena. Udal zerbitzuek oniritzia eman beharko diote kutxa horri, eta zurezko estaldura izan. Horrez gain, debeku da paisaia hondatzen duen elementurik jartzea, bertzeak bertze, bidoiak, gordailu osagarriak, txapak, bereizgailuak, parrillak, berotegiak edo antzekoak. Dena den, baimenduta dago konposterak jartzea.

h) Udalak izendatutako langileek edo lan horretarako izendatutako pertsona edo entitateak, aldian-aldian, baratzeen erabilera ikuskatuko dute eta horretarako ez da beharrezkoa izanen erabiltzaileari aitzinetik gaztigatzea.

i) Kontzesioak irauten duen bitartean, aurreko paragrafoan aipatutako ikuskapenetan baratze edo lursailen baten egoerari buruzko txostena bitan txarra edo aurkakoa bada, erabilera baliogabetu eta baja emanen zaio.

j) Debeku izanen da belar hilkariak erabiltzea baratzeen eremuan, lurrean nahiz bizilagunengan eragin daitezkeen kalteen kariaz.

k) Erabiltzaileen artean ongarri naturalen erabilera bulkatuko da, lurraren mantentze onaren lagungarri.

2. artikulua. Mugak eta sarbideak bere horretan mantentzea.

a) Udalak baratzeari jarritako mugak errespetatuko dira denbora guztian.

b) Baratze baten eta bertze baten artean hodiak jar daitezke lur-zatiak mugatzeko eta, batez ere eta behar izanez gero, lursailetatik soberako ura ateratzeko.

c) Baratzeetako lurzatiak irekita geldituko dira, ez baita ematen ahalko, gainera, horiek ixteko baimenik.

d) Erabiltzailea arduratuko da baratzeko sarbidea egoki mantentzeaz eta horretarako behar diren mantentze-lanak eginen ditu aldian-aldian.

3. artikulua. Titulartasunen eskualdatzea.

a) Lursailen erabilera ezin dakioke inolaz ere bertze inori laga edo besterendu. Halaber, debeku da lursailak, osorik edo zati bat, bertze pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Nolanahi ere, erabiltzaileren batek istripurik baldin badu edo bajan badago, mantentzen ahalko du lurzatiaren aprobetxamendua, emandako lurra lantzen ahal ez badu ere arestian azaldutako arrazoiengatik. Betebehar horiek ez badira betetzen, kontzesioa bertzerik gabe amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du. Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo ez bazaio interesatzen, Udalaren esku utzi beharko du.

b) Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badauka, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.

4. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.

a) Lurraren aprobetxamendua eta/edo erabilera urtebeterako emanen da, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte, eta gehienez ere 7 urtez luzatu ahal izanen da.

Epe horren ondotik, aldatu ez bada esleipen hartzailearen borondatea aprobetxamenduarekin segitzeko, idatziz jakinarazi beharko dio Udalari; horrek esleiturik zuen baratzearen esleipena luzatzen ahalko dio eskatzaileari, urtebete irauten duten epe gehiagotan, betiere itxaron zerrendan ez badago interesaturik dagoen bizilagunik, edo, halakorik izanez gero, horiei esleitzeko moduko baratzerik ez bada.

Alderdietako inork aurretik gaztigurik egiten ez badu, luzapenak erabakitzat joko dira kontzesioa edo haren hurrenez hurrengo luzapenak bukatu baino hilabete lehenago.

5. artikulua. Guztionak diren instalazioen erabilera eta mantentze-lanak.

a) Kontzesioaren titularrek batzorde bat izendatuko dute Udalarekiko harremanetarako.

b) Era berean, mantentze-lanen eta instalazioen funtzionamenduaren, txukuntasunaren eta segurtasun zuzenaren erantzule solidarioak izanen dira.

c) Debeku da instalazioen barrenean (baratzeak, bide publikoak, zerbitzuen eremua etab.) lau gurpileko ibilgailuak aparkatzea, aparkatzea berariaz baimenduta dagoen tokietan izan ezik (motoak, quad-ak...).

6. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.

Ureztatzeko ura Argatik aterako da, EKHaren kontzesioaren arabera; horretarako motoponpa erabiliko da, 4 l/sg-ko emaria inola ere gainditzen ahal ez duena.

Erabiltzaileek ezarri eta mantenduko dituzte banaketa-hodiak; lurzati bakoitzera ur irteera bat izanen da, bakoitza bere giltzarekin.

Motoponpa ere erabiltzaileek ezarri eta mantenduko dute.

Ura erabiltzean, auzoen arteko harreman ona gorde beharko da.

Kontzesioaren amaiera.

7. artikulua. Kontzesioa suntsiarazteko arrazoiak.

Aitzineko artikuluetan adierazitako kasuak goiti-beheiti, kontzesioa suntsiarazteko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:

1.–Kontzesioaren beraren edo ondoko luzapenen epea iragatea.

2.–Erabiltzaileak berak borondatezko baja eskatzea.

3.–Titularraren heriotza edo elbarritasuna.

4.–Artazuko biztanleen udal erroldan baja egitea eta herriarekiko lotura galtzea.

5.–Udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Udalak lurra behar izatea.

6.–Halaber, ordenantza honetan ezarritako baldintza eta/edo betebeharren bat bete ezean, erabiltzaileek laga zaien lurraren jabetza eta gozamenerako eskubidea galduko dute eta Udalak erabileraren lagapena baliogabetu ahal izanen du ordenantza honetan ezarritako eran. Kontzesioaren iraungipenaren ondorioak izanen dira indarra duen legeriak ezartzen dituenak.

Iragarkiaren kodea: L1314266