1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
407/2013 EBAZPENA, irailaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona, zenbait baldintzarekin, Bargotako eremu ureztagarria (Bargota III) handitzeko proiektuari. Sustatzailea Bargotako Ureztatzaileen Elkartea da.
2013ko apirilaren 8an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko H letran sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektatutako jarduketak 98,22 ha (Bargota III) ureztatzea du xede. Azalera hori Bargota deitutako eremu ureztagarriaren inguruan dago; horretxek 459 hektarea ditu gaur egun eta 373 ha-ko Bargota I izeneko eremu baten (1997an erabiltzen hasia) eta 86 ha-ko Bargota II izeneko beste eremu baten (2002an gehitua) batuketa da. Mendabiako, Vianako eta Bargotako ubideak hornitzen du. Hirugarren fasean, eremua handitzeko soluzio teknikoa eta ekonomikoa ematea du helburu proiektu honek, gaur egungo eremuko zerbitzuaren gaitasuna agortu gabe eta ureztalurretarako emandako mugen barrenean. Ureztalurra handitzeko, PVC-0,6 MPa-ko hoditeria sare bat, 2.172 bat metro luze, jarriko da, 180, 250, 315 eta 400 mm-ko diametroetakoa. Ez da bide berririk hobetu edo egin beharrik.
Gaur egungo azalera 459 ha-takoa da eta ponpaketa-estazio batek hornitzen du 393 l/s bidaliz 600 mm-ko barne diametroa duen burdinurtu nodularrezko eta fibrozementuzko hodi baten bidez; Bargotako 3. poligonoko 1.618. lurzatian den 10.000 m³-ko erregulazio putzu bateraino (460 m-tan du zola) igortzen du. Hasierako ureztaketaren erregulazio putzuaren inguruan dago ureztaketarako gehituko den eremua. Beraz, ez da kontsumorik handituko beheko eremuetan, non gaur egungo banaketa sareak diametro txikiagoak dituen. Putzuaren eta ureztatu beharreko lurzatien arteko desnibel topografikoa txikia da; ahalik eta azalera gehienari nahiko presioa (3 kg/cm²) emateko moduan diseinatu da ureztatze sarea. Balio hori lortzen ez den unitateetan, punpaketa gehiago egin beharko dira eta, horretarako, behar den presioaren araberako multzo homogeneoak aurreikusi dira.
Zabaldutako eremuan (2011. urtean) portzentaje handia dute labore iraunkorrek (%64) eta horietatik %57 Errioxa jatorrizko deiturako mahastia da. Ingurumen ukipenen azterlanak, besteak beste, adierazten du hoditeriaren trazaduran landaredi naturaleko gune bat bakarra dagoela (3. poligonoko 1.612. lurzatian, eta larre zuhaixkaduna da), ukitua izan daitekeena, eta prebentzio eta zuzenketa neurriak daudela proiektuaren eragina murrizteko.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Ondorio horietarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2013ko apirilaren 12an adierazi zuen ez dela lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar jarduketa baimendua denez gero, beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo baimenaren xede izatea galarazi gabe.
2013ko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 7an, argitaratuta, espedientea jendaurrean jarri zen. Horretarako, proiektua eta Ingurumen ukipenen azterlana jendaurrean jarri ziren hogeita hamar egunean, 2013ko otsailean, Bargotako udaletxean eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan. Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu.
Eskaera Bargotako Udalari igorri zitzaion, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. 2013ko ekainaren 24an, haren erantzuna jaso zen, jarduketa hirigintzaren ikuspuntutik bateragarria zela zioena.
Espedienteak Arkeologia Atalaren 2013ko apirilaren 5eko txostena jasotzen du; jarduketaren aldekoa da zenbait baldintzarekin, eta inguruan aztarnategi arkeologiko bat dagoela adierazten du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Bargotako eremu ureztagarria handitzeko proiektuari (Bargota III). Sustatzailea Bargotako Ureztatzaileen Elkartea da.
2. Baimen honekin batera, hurrengo neurri zuzentzaileak bete beharko dira, Ingurumen ukipenen azterlanean jasotakoez gain:
–Eremuko ubide nagusia (La Barranca) eta bere landaredia kontserbatuko dira, ez ureztaketaren instalazioak, ez laboreek, ez sarbideek ez baitute ukitu behar. Hori dela eta, jabari publiko hidraulikoaren okupazio hauek daude lurzati hauetan: 4. poligonoko 1.187. lurzatia eta 3. poligonoko 1.582., 1.583. eta 1.586. lurzatiak. Jabari publiko hidraulikoaren azalera horiek lehengoratu egin beharko dira (baita egun dituzten zurezko laboreak kendu ere), eta berez bilaka daitezen utzi, ureztaketa lurzatian ezarri aurretik.
–Orobat, Bargota III eremuko landaredi naturaleko (larrea-sastrakadia, basoa-zuhaiztia,...) azpilurzatiak errespetatu beharko dira, ureztaketa lurzatian instalatzen denean. Zehazki:
- 3. poligonoko 1.501. lurzatia eta 1.499 B, 1.506 D, 1.540 B eta C azpilurzatiak.
- 4. poligonoko 1.188 B eta C, 1.201 B eta C, 1.209. B eta 1.220 B azpilurzatiak.
Lurzatian ureztaketa jarri auretik, 1.540 B azpilurzatiko luberria legeztatu beharko da, bidezkoa bada, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari eskabidea igorrita.
–Arkeologia Atalak 2013ko apirilaren 5eko txostenean adierazitako prebentzio eta babes neurriak beteko dira.
–Eraikuntza eta eraispeneko hondakinak tratatzeko plantetatik heldu diren agregakin birziklatuak obraren zati batean (zangetan esate baterako, hoditeria asentatzeko) nola erabili aztertuko da.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Bargotako Udalari, INTIAri, Basozaintzari (11. barrutia, Lizarra hegoaldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko irailaren 20an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1313448