208. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2013ko irailaren 19koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Zangozako Udalaren San Vicente de Paúl zahar etxea entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Zangozako Udalaren San Vicente de Paúl zahar etxea entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100070012013) aztertu da, Erregistro honetan 2013ko irailaren 17an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko uztailaren 5ean izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2013ko irailaren 19an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ZANGOZAKO SAN VICENTE DE PAÚL UDAL ZAHAR ETXE ERAKUNDE AUTONOMOAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, 2012TIK 2015ERA BITARTE

1. artikulua. Xedapen orokorrak.

1a.–Aplikazio eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Zangozako San Vicente de Paúl udal zahar etxe enpresan aritzen diren langile guztiei aplikatuko zaie.

1b.–Indarraldia eta salaketa.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izanen da, 2012ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra bitarte.

Alderdietako edozeinek hitzarmen hau salatu nahi badu, hitzarmena edo urteko luzapenaren indarraldia bukatu baino 3 hilabete lehenago gehienez egin beharko da. Nolanahi ere, hitzarmena salatuta, horrek indarrean jarraituko du, hau da, hitzartutakoa aplikatuko da beste hitzarmen batek ordeztu arte. Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluko 4. paragrafoan xedatutako urtebeteko epea gainditzen bada ere.

Ikusten bada egoera ekonomikoak hobera egiten duela hitzarmen honen indarraldian, negoziazioari ekinen zaio berriz ezarritako baldintza ekonomikoak berrikusteko.

1c.–Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo banaezin bat osatzen dute, eta legezko manu baten aginduz, jurisprudentziaz, hitzarmen kolektiboen indarrez, banakako kontratuen ondorioz edo tokiko edo jarduera sektoreko usadio eta ohituren indarrez lehenago indarra zutenekin konpentsatzen ahalko dira.

1d.–Batzorde Mistoa.

Hitzarmen hau eta Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan xedatua interpretatu eta betetzerakoan sor litezkeen zalantzen gainean ebazteko, Batzorde Misto bat, paritarioa, sortuko da, zeinetan bi aldeek hartuko baitute parte. Lehen mailan, hitzarmena ulertu eta betetzean sor litezkeen liskarrak hortxe konponduko dira.

Aholkulariek laguntzen ahalko diete bi aldeen ordezkariei. Eztabaidetan parte hartuko dute. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

Batzorde Paritario horrek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak), hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren bidez esleitzen zaizkion gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Ebazpen bat hartu beharko du zazpi eguneko epean.

Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako baten kide guztien sinadurak bildu beharko dira.

Planteatzen diren arazoak adostasunez konpondu beharko dira; bestela, lan arloko erakundeetan planteatzen ahalko dira.

Hitzarmena interpretatu edo aplikatzeari dagokionez gatazka kolektiboa sortzen denean, Batzorde Mistoak esku hartuko du gatazka organo judizial eskudunean formalki aurkeztu baino lehenago.

1e.–Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzeko prozedura.

Lan baldintzak aplika ez daitezen hitzarmen kolektiboan lanaldiaren, ordutegiaren, laneko denbora banatzearen, lanaren araubidearen, ordainsariaren sistemaren, soldataren zenbatekoaren, lan sistemaren eta errendimenduaren arloan eta gizarte segurantza babesteko borondatezko hobekuntzen arloan, arrazoi ekonomiko, tekniko edo antolakuntzakoak direla-eta, kontsultak egiteko epea iraganda eta Batzorde Mistoak esku hartuta adostasunik gabe, alderdiek men egin diezaiekete gatazkak judizioz kanpoko ebazteko prozedurei, bitartekotzari esate baterako.

2. artikulua. “Ad personam” bermea. Baldintza hoberena.

Plantillako langileek soldataren eta gizartearen aldetik orain arte izan dituzten baldintzarik handienak eta onuragarrienak errespetatuko dira.

3. artikulua. Lanaren antolaketa.

Enpresari dagokio lana antolatzea, eta hala eginen du hitzarmen honen arabera, Langileen Estatutuaren arabera eta gainerako arau aplikagarrien arabera, hori guztia zahar etxearen helburuak hobeki bete daitezen.

Lanaren antolaketak lanaren berariazko programak izanen ditu oinarri, zerbitzuen eta haiei loturiko zereginen oinarrizko antolaketa bilduko dutenak. Langileek iradokizunak eta ekarpenak egin diezazkiokete enpresak planteatzen duen antolaketa sistemari.

Kontuan hartu behar da zehar etxeko bizitza eta pertsonen beharrak egun batetik bestera alda daitezkeela, artatzen direnen egoera fisikoa edo psikikoa aldatzen delako nahiz gizarte ohiturak edo azturak aldatzen direlako. Edo, halaber, artatzen diren pertsonen kopura alda daiteke, oheen okupazioa ez baita egonkorra. Gorabehera horiek ekar dezakete lan-kontratudunen lana egokitu behar izatea, agudo samar zenbaitetan, zentroaren funtzionamendu arruntari ez eragiteko; batzuetan beharrezkoa izan daiteke lanaldi partzialeko kontratudunen lanaldiak handitzea aldi baterako, eta/edo lan ordutegiak, sortzen diren beharrak asetzeko. Enpresak eta langileen ordezkariek akordioak lortuko dituzte egoera bakoitza konpontzeko. Akordiorik ezean, enpresak ikusten badu premiazko neurriren bat hartu behar duela, eta, betiere, zerbitzuaren beharren arabera, hura hartu eginen du, alderdiak adostasuna erdietsi arte.

4. artikulua. Langileen sailkapena.

Lan-kontratudun guztiak talde profesional hauetako batean sailkatuko dira, lanpostuak betetzeko egindako deialdi publikoen arabera:

1. taldea: OLT/EUD.

2. taldea: Zerbitzu orokorrak-arduraduna.

3. taldea: Zerbitzu orokorrak-sukaldaria.

4. taldea: Zerbitzu orokorrak.

5. artikulua. Lanaldia.

Ondotik zehazten den lanaldia hitzartzen da, urte baterako eta lanaldi osoan, hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean.

Hitzartutako orduak urtean zehar eginen dira, banaketa erregular batean. Lanaldia ez da modu irregularrean banatuko.

2012. urteko lanaldia: 1.720 ordu.

2013. urteko lanaldia: 1.712 ordu.

2014. urteko lanaldia: 1.712 ordu.

2015. urteko lanaldia: 1.704 ordu.

Ezartzen da 20 minutu daudela kafea edo ogitartekoa hartzeko. Horiek benetan lan egindako denboratzat joko dira.

Horietan ez da zerbitzu edo egoiliar bat ere utziko arretarik gabe. Horretarako, txanda bakoitzeko langile guztiek ez dute batera hartuko atsedenaldia.

Orduak kontrolatzeko, enpresak erloju bat paratu du, sartzeko eta ateratzeko ordua erregistratzeko eta presentzia kontrolatzeko. Nahitaez erabili behar da, bai sartzean bai ateratzean, laneko arropa jantzita, eta ez kalekoa.

Baldintza horietan aldaketarik gertatzen bada, goitik edo behetik, urteko lanaldiaren konputuan, enpresak eta langileak negoziatuko dute hurrengo urteko lanaldia handitzea edo murriztea.

Lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, kontuan hartuko da urtean zehar egindako ordu aldaketa.

Lan egindako jaiegunak hartzeko egutegia finkatu ondoren, egunen bat aldatu behar bada ezinbesteko kasu batean, betiere hura sortzen duen arrazoia langileen ordezkariari jakinarazita, enpresak 25,00 euro eguneko ordainduko dizkio aurreikusita egon gabe zerbitzuak egiten dituen langileari, egutegia aldatzeagatik, eta atseden egun bat emanen dio beste egun batean, zein enpresaren eta ukitutako langilearen artean zehaztu beharko baita.

6. artikulua. Asteko atsedenaldia.

Langileek eskubidea izanen dute bi eguneko atsedenaldi etenik gabea hartzeko.

7. artikulua. Oporrak.

Urteko oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira, edo haien zati proportzionala, urtean zehar sartzen direnentzat edo lana uzten dutenentzat.

Langile guztiek zehaztuko dute, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehenago, zein egunetan hartu nahi dituzten oporrak. Bi epetan izanen da, haietako bakoitza 15 egun naturalekoa izanik, eta beste hirugarren bat ere egonen da, lan egindako jaiegun ofizialak bilduko dituena.

Enpresa saiatuko da langileek eskatutako epeak errespetatzen, betiere zerbitzuaren beharrak aseturik gelditzen badira. Urte bakoitzeko otsailaren 16a baino lehenago emanen du erantzuna.

Urtean txandaka hartuko dira, enpresan izandako antzinatasuna abiapuntu hartuta. Antzinatasun bera bada, zozketa bat eginen da ukitutako langileen artean.

Oporrak batera hartzen dituzten langileen kopurua ez da lan txanda bakoitzeko plantillaren %50etik gorakoa izanen, talde profesional bakoitzean.

Oporrak bezala konputatutako atsedenaldiak errespetatuko dira, oporretan ordezkapenak egiten dituzten langileek dagozkien atsedenaldiak izan ditzaten.

Behin-behineko langileek oporrak eska ditzakete kontratua hasi eta 6 hilabete iraganda.

Zerbitzuaren funtzionamendua bermatzeko, gainerako langileen lanak berrantolatuko dira, lan ordutegiari eutsiz.

Beharrezkoa bada langileek egindako lanak eta txandak aldatzea, batera gertatzeagatik aldi baterako ezintasunak, baimen ordainduak, norberak hartzeko egunak, oporrak eta abar, arduradunak egin beharko du hori, zerbitzuaren funtzionamendua ziurtatzeko.

Oporrak hartzeko unean, langilea aldi baterako ezintasun batean badago, medikuak alta emandakoan hartuko dira, ahal delarik, errespetatu behar baita oporrak orduan hartu behar dituztenen txanda.

Modu berean jokatuko da aldi baterako ezintasuna laneko istripu batengatik edo amatasunarengatik denean.

8. artikulua. Jaiegunak.

Urteko lan egutegia onetsi ondoren eta zerbitzuak zein igande eta jaiegun ofizialetan egin behar diren zehaztu ondoren, urteko lanaldiaren barruan baitaude, ondoko zenbateko hauek ordainduko dira benetan lan egindako igande edo jaiegun ofizial bakoitzeko:

2012. urtean: 16,15 euro.

2013. urtean: 16,15 euro.

2014. urtean: 16,15 euro.

2015. urtean: 16,15 euro.

Ondoko zenbatekoak jasoko dituzte abenduaren 24ko 22:00etatik 25eko 22:00etara bitarte hiru txandatan aritzen diren langileek, baita ordutegi beretan abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarte aritzen direnek ere:

2012. urtean: 60,00 euro.

2013. urtean: 60,00 euro.

2014. urtean: 60,00 euro.

2015. urtean: 60,00 euro.

Igandetzat edo jaieguntzat hartuko da, lanaldia egun horretan hasten bada.

9. artikulua. Aparteko orduak.

Hertsiki debekaturik dago aparteko orduak egitea, ezinbesteko kasuan ez bada.

Salbuespeneko kasuetan egin daitezke aparteko orduak; halakoetan, ordu arruntaren balioa %75 handituta ordainduko zaio langileari, edo ordu horiek hartuko ditu, beraren hautura.

10. artikulua. Laneko arropa.

Enpresa behartuta dago laneko arropa eta oinetako egokiak ematera.

Urte bakoitzeko urrian, enpresak laneko arropa egokia eta beharrezkoa banatuko die langileei, bakoitzaren jarduera, lanpostua, etab., kontuan hartuta. Ondoko jantziak emanen dira:

Praka eta ator zurien jokoa (aurreikusitako iraupena: 6 hilabete).

Oinetako egokiak (aurreikusitako iraupena: urte 1).

Berogarriak (beharraren arabera).

Latexezko edo binilozko eskularruak (beharraren arabera).

Mandarrak (sukaldeko langileentzat, beharraren arabera).

Behin-behineko langileei lan denboraren proportzioan emanen zaizkie jantziak.

Jantziak edo oinetakoak itzuli beharko dira berriak jasotzeko.

Langile batek zahar etxea uzten badu, eman zaizkion arropa eta oinetakoak itzuli beharko ditu.

Enpresan garbitu eta lisatuko dira jantziak.

Debeku da laneko uniformeak aldatzea. Emandako formatuan erabili behar dira, piezak moztu gabe.

Ez da etxetik atera behar uniformea jantzita, edo zahar etxetik ere, lanaldia bukatutakoan.

11. artikulua. Aparteko eskersariak.

Bi eskersari ordainduko dira, sorrarazpena sei hilabetean behin izanik; ekainaren 30ean eta abenduaren 22an ordainduko dira, hurrenez hurren.

Haien hainbanaketarako, lehena urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte konputatuko da, eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte.

Bi eskersari horien zenbatekoa oinarrizko soldataren 30 egunen parekoa izanen da, gehi antzinatasuna, konpentsazio osagarria eta plus pertsonala, halakorik balego.

12. artikulua. Lansari kontzeptuak.

Oinarrizko soldata 2012tik 2015era:

1. taldea: OLT/EUD 1.558,60.

2. taldea: Zerbitzu orokorrak-arduraduna 1.391,61.

3. taldea: Zerbitzu orokorrak-sukaldaria 1.113,29.

4. taldea: Zerbitzu orokorrak 1.113,29.

Zangozako Udalean ezarritako soldata igoera aplikatuko da hitzarmenaren indarraldian.

Sukaldarien plusa.

Oinarrizko soldataren %6.

Konpentsazioko osagarria.

Osagarri hori ezartzen da soldatak parekatzeko Zangotzako Udalean zerbitzu anitzak-garbiketa kategoria duten langileen eta zahar etxean zerbitzu orokorrak kategoria duten langileen artean.

Parekatze hori mailaz maila egin da 2009tik 2011ra bitarte.

Osagarri hori bi entitateek orduko prezioaren artean duten soldata diferentziak osatzen du, urte bakoitzean soldata diferentziaren %33,33 egotziz.

Udaleko zerbitzu anitzak-garbiketa kategoriaren orduko prezioa kalkulatzeko, kategoria horretarako ezarritako soldata kontzeptu guztiak hartu dira kontuan. Zahar etxeko zerbitzu orokorren orduko prezioa kalkulatzeko, berriz, oinarrizko soldata baino ez da kontuan hartu. Sorrarazitako gainerako kontzeptuak (txandakatzea, gaueko lana, prestasuna...) aparte aplikatzen dira, lanpostu eta lan txanda bakoitzaren arabera.

2012. urtetik 2015. urtera:

2. taldea: Zerbitzu orokorrak-arduraduna 196,57.

3. taldea: Zerbitzu orokorrak-sukaldaria 157,26.

4. taldea: Zerbitzu orokorrak 157,26.

13. artikulua. Antzinatasuna.

Kontzeptu hori enpresan egiten den hirurteko bakoitzaren arabera ezarriko da; hura noiz bete eta hurrengo hilabetean sorraraziko da.

2012. urtetik 2015. urtera: 38,34 euro, edo Zangozako Udaleko zerbitzu anitzak-garbiketa kategorian hirurtekorako ezarritako zenbatekoa, zenbateko hori handiagoa izanez gero.

14. artikulua. Gaueko lana.

Gaueko txandan lan egindako denbora gaueko lantzat hartuko da, eta, hori dela bide, unean-unean indarra duen oinarrizko soldataren %25eko ordainsari berariazkoa ezartzen da. Gaueko lanaldia partziala denean, egindako lanaldiaren araberakoa izanen da ordainsaria.

Kontzeptu hori 12 paga berdinetan sorraraziko da.

Gaueko lana 2012. urtetik 2015. urtera bitarte: 69,58 euro hilabete bakoitzeko.

15. artikulua. Txandak

Txandakako laneko osagarri bat ezartzen da zerbitzu orokorren talde profesionalean goizez, arratsaldez eta gauez lan egiten duten langileentzat. Zenbateko finkoa dauka, 20 euro hilabetean, urtean 11 pagatan.

Kontzeptu hori 12 pagatan sorraraziko da.

Kontzeptu hori ez da berrikusiko hitzarmen honek indarra duen bitartean.

16. artikulua. Prestasunaren plusa

Prestasunaren plus bat ezartzen da 1. eta 2. talde profesionaletako langileentzat (zerbitzu orokorrak-arduraduna eta OLT/EUD), eguneroko guardiak egiteko. Halaber, egoiliarrak bisita medikoetara eramateko kontratatutako langileentzat.

Laneko denboratzat joko da, langileari deitzen zaionetik zerbitzua bukatzen den arte. Aparteko orduak bezala konputatuko da, eta urtean zehar hartuko dira, edo, hartu ezin badira, ordaindu eginen dira.

Prestasun denbora ez da konputatuko lanaldi arruntaren ondorioetarako.

Prestasunaren plusa 2012. urtetik 2015. urtera bitarte: 58,90 euro hilean.

Urtean 5.304 guardia ordu daude, gutxi gorabehera.

17. artikulua. Lanpostuko osagarria.

Lanpostuko osagarri bat ezartzen da, unean-unean ezarritako oinarrizko soldataren %30ekoa, 1. talde profesionalarentzat (OLT/EUD),

2. talde profesionalarentzat (zerbitzu orokorrak-arduraduna), lanpostuko osagarri bat ezartzen da, hilean 300,00 eurokoa, erizaintzako zerbitzurik ez dagoen egunetan (15,00 euro lanegun bakoitzeko). Zenbateko hori finkatzen da hitzarmenaren indarraldi osorako.

18. artikulua. Lizentzia ordainduak

Langileak, aldez aurretik gaztigua eginda eta justifikatuta, zilegi du lanera ez joatea, Langileen Estatutuan, Berdintasunari buruzko Legean eta aplikagarriak diren beste batzuetan araututako lizentzia ordainduetarako eskubidea izanik. Kasu guztietan, izatezko bikoteak ohiko ezkontzen pare daude.

Ezkontza: 15 egun.

Erditu baino lehenagoko osasun azterketengatik eta erditzea prestatzeko teknikengatik. Behar-beharrezkoa den denbora

Seme-alaben jaiotza: 2 egun, eta 4 egun izan daitezke joan-etorri bat egin behar denean (lantokitik 100 kilometrotik gora).

Haurrari esnea ematea: ordu bat, erditik zatituta edo lanaldia ordu erdi batean murriztuta, seme-alabak 9 hilabete bete arte.

Ospitaleratzerik gabe etxeko atsedena eskatzen duen ebakuntza: 2 egun, bigarren gradura arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko ahaideen kasuan. Arrazoi horregatik langileak lantokitik 100 km-tik gorako bidaia egin behar badu, 4 egun.

Ezkontidearen, bizikidearen, seme-alaben edo gurasoen kirurgia handi anbulatorioa: egun bat.

Eritasun larria 3 egun, bigarren gradura arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko ahaideen kasuan. Arrazoi horregatik langileak lantokitik 100 km-tik gorako bidaia egin behar badu, 4 egun.

Eritasun larria izanen da ahaidea ospitale batean sartzea eta hartan gutxienez 24 ordu egotea ekartzen duena.

Lizentzia hori edozein unetan har daiteke, betiere ahaidea ospitaleraturik baldin badago.

Beste baimen ordaindu bat ezin izanen da eman harik eta hilabete bat, gutxienez, iragan arte subjektu eragile beragatik eta arrazoi beragatik lehenago emandako beste baimen bat bukatzen denetik.

Odol edo ezkontza bidezko 2. gradu arteko ahaideen heriotza: 2 egun, 4 egun izan daitezke lantokitik 100 kilometrotik gorako bidaia bat egin behar bada.

Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontza: egun bat.

Langileak kontsulta medikoetara joatea. Beharrezko denborarako eta ondotik justifikatuta.

Medikutara joatea odol bidezko lehen mailako ahaideekin (gurasoak, seme-alabak). Gehienez ere 12 ordu urtean.

Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun bat.

Norberaren eginbehar publiko saihestezin bat egiteko:

–Epaiketa batera joatea lekuko edo aditu gisa: beharrezkoa den denbora.

–Sufragiorako eskubidea, mahaiburu, mahaikide, ikuskari edo ahaldun gisa: hauteskunde egunean eta 5 ordu gutxiago biharamunean.

Langileen ordezkaritza. Orduen kreditua:

–Bateratua edo sindikala: 15 ordu.

–Negoziazio kolektiboa: behar den denbora.

–Prebentzioko ordezkaria: behar den denbora.

Azterketara joatea, enpresaren hautaketa deialdietan.

Norberak hartzeko egunak:

Egun horiek hartzeko, gutxienez bost egun lehenago eskatu behar da. Enpresak baimena emanen du, salbu eta antolakuntzako arrazoi justifikatuengatik ezin bada baimen hori eman eskatutako egunetarako.

Baimena ematerakoan, kontuan hartu beharko da txanda bakoitzeko langileen %50etik gora ez dela kanpoan egonen, arrazoia edozein delarik ere.

2012. urtetik 2015. urtera: 3 egun norberak hartzeko.

19. artikulua. Eszedentziak eta lizentzia ordaindu gabeak.

1.–Borondatezko eszedentzia.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta 5 urterako gehienez. Eszedentzia bat hartuz gero, amaitzen denetik 4 urte igaro behar dira eskubide honetaz berriro baliatu ahal izateko.

Gehienez ere 3 langile egon daitezke batera borondatezko eszedentzian.

Lehendabiziko urtean, langileak eskubidea izanen du lanpostua gordeta edukitzeko, eta lanera itzultzeko eskaera eszedentzia bukatu baino hilabete bat lehenago eginen du.

2.a.–Bigarren gradura arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko familiakoren bat zaintzeko eszedentzia, adina, istripu, desgaitasun edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lan ordaindurik ez badu. Bi urterako gehienez.

Eszedentzia 3 urtera bitarte luza daiteke, lanpostua gordeta edukitzeko eskubidea izanda, lehen mailako ahaideak direnean, haien beharra justifikatzen denean eta aurretik aipatutako denborarekin eskatzen denean lanera itzultzea.

2.b.–Seme-alaba bakoitza zaintzeko eszedentzia, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera-fasean, behin-behineko egoeran badaude ere; haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira. 8 urterako gehienez.

Seme-alabak eta ahaideak zaintzeko eszedentzia zatika har daiteke.

Beste subjektu eragile batek beste eszedentzialdi bat izateko eskubidea sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.

Langileak 2. atal honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian ematen duen denbora antzinatasunerako kontatuko da, eta eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da.

Aurrekoa hala izanik ere, langilea ofizialki aitortutako familia ugarikoa baldin bada, lanpostua 15 hilabetez gordeko zaio, gehienez ere, kategoria arrunteko familia ugaria denean, eta 18 hilabetez, luzeenera jota, kategoria berezikoa denean.

Lizentzia ordaindugabeak. Langileek lizentzia ordaindugabe bat eska dezakete, zio pertsonalak direla eta, hilabete 1etik 3ra bitartekoa, urte natural bakoitzaren barruan.

20. artikulua. Eskubide sindikalak

Langileen ordezkariak horien titularrak izanen dira, eta unean-unean indarra duen araudian aitortutako eskubide sindikalak balia ditzakete; ordu kredituan meta daitezke, hala behar izanez gero, urteko gehieneko mugaraino, betiere aldez aurretik enpresari eskatuta.

21. artikulua. Aseguru poliza.

Istripuak estaltzeko, langileak asegurudun eta onuradun gisa ezarrita. Ondokoa da aseguratutako kapitala:

–Heriotzaren kasuan laneko istripu baten eta/edo lanez kanpoko istripu baten ondorioz: 30.000,00 euro

–Erabateko baliaezintasun iraunkorraren kasuan, laneko istripuaren eta/edo lanez kanpoko istripuaren ondorioz: 30.000,00 euro.

22. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Arlo horretan, enpresako zuzendaritzak zein langileen ordezkariek bere gain hartzen dute unean-unean indarra duen araudia betetzeko eta betearazteko eginbeharra, laneko arriskuak prebenitzeari eta osasuna zaintzeari dagokienez; horretarako, konpromisoa hartzen dute, nork bere neurrian, araudi horretako eskubideei eta betebeharrei heltzeko.

Zahar etxeak zerbitzuaren enpresa esleipen-hartzaileari eskatuko dio laneko arriskuei buruzko egungo azterlana aldatzeko, beharrezko eguneraketak egiteko, prestakuntzaren zein prebentzioaren aldetik, eta laneko segurtasuna eta osasuna hobetzeko neurriak aplikatzeko.

Enpresa esleipen-hartzaileak konpromisoa hartuko du langileen legezko ordezkariei jakinarazteko arlo horretan egiten dituen jarduketa guztiak, eta, aldi berean, haien elkarlana eskatuko die, elkarren betebeharrak konplitzeko.

23. artikulua. Kontratazioa.

Lanaldi osoz kontratatutako langileek aukera izanen dute lanaldi partzialean sortzen diren lanpostu hutsak eskuratzeko, eta alderantziz ere bai; horrek ekarriko du lan kontratua berritzea, non jasoko baitira lanaldi berria eta aldaketa horrek berarekin dakarren gainerako inguruabarrak.

Edonola ere, aurreko eskubidea erabiltzen duen langileak eskuratu nahi duen lanpostu hutsaren lan egutegia, oporraldia eta gainerako baldintzak onartu beharko ditu.

Aldi baterako kontratazioak:

(Mota askotako ordezkapenak egiteko: oporrak, baimenak, aldi baterako ezintasunak, eszedentziak, etab.)

–Azken hautaketa prozesua gainditu bai baina lanposturik gabe gelditu ziren izangaien zerrenda erabiliko da lehendabizi, puntuazioaren arabera.

–Izangairik izan ezean, aurreko hautaketa prozesuetan gainditu bai baina lanposturik gabe gelditu ziren izangaien zerrenda erabiliko da, puntuazioaren arabera.

–Gainditu bai baina lanposturik gabe gelditu zen izangairik ez badago, azken hautapen prozesua suspenditu zuten izangaien zerrenda erabiliko da, puntuazioaren arabera.

–Elkarren segidako kontratuak izanen dituzte langile bera ordezten duten aldi baterako langileek, ordezkapenaren arrazoia aldatzen denean bi kontratuen artean langile titularra lanera itzuli gabe.

–Aldi baterako kontratazioa onartzeari uko egiten zaionean bidezko justifikaziorik aurkeztu gabe (aldi baterako ezintasunaren agiria, beste enpresa batean altan egotea...), erabaki daiteke aldi baterako langileak zerrendetatik baztertzea.

–Kasu guztietan kontratatu beharreko langileen errendimendua hartu beharko da aintzat.

24. artikulua. Lanaldiaren murrizketa.

Semea edo alaba bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitalizaturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubetez lekutzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta lansaria ere proportzioan murriztuko zaie.

Legepeko zaintza dela-eta, langile batek 8 urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, soldata ere hein berean murriztuta.

Lanaldi murriztuarekin jarrai dezake adingabeak 9 urte bete arte, baldin eta egoera beran dagoen beste langile batekin adosten badu lanaldia elkarren artean osatzea, halako eran non bien artean lanaldi oso bat egiten baitute.

Langileak eskubide bera izanen du, odol bereko nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidea zaintzeko, baldin eta ahaidea adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa baliatzeko gauza ez denean eta lan ordaindurik egiten ez duenean.

Genero indarkeriaren biktima izan den langileak, benetan babestua izan dadin eta gizarte laguntza integrala izan dezan, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko (soldata hein berean murriztuko zaio), edo bere lan denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malguaz baliatuz edo enpresak lan denbora antolatzeko dituen beste bide batzuk erabiliz.

25. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Langilea aldi baterako ezintasun egoeran dagoenean laneko istripuaren edo lanbide eritasun baten ondorioz, enpresak benetako soldataren %100 bermatuko dio baja agiria ematen den egunetik aurrera eta ezintasunak dirauen artean.

Langilea aldi baterako ezintasun egoeran dagoenean eritasun arruntaren edo lanez kanpoko istripu baten ondorioz, enpresak ondokoa bermatuko dio:

Urteko 1. eta 2. bajetan: benetako soldataren %100, baja agiria ematen den egunetik aurrera prozesuak dirauen artean.

Urteko 3. bajan eta hurrengoetan:

–Bajaren lehenengo 3 egunetan: benetako soldataren %70.

–4. egunetik 20.era: benetako soldataren %90.

–Bajaren 21. egunetik aurrera: benetako soldataren %100.

Haurdunaldiko eta amatasuneko arriskua dagoenean, langilearen soldataren %100 bermatzen da, indarreko araudiarekin bat.

26. artikulua. Prestakuntzarako plana.

Ikasketa akademikoak eta lanbide prestakuntza edo hobekuntza arlokoak maiz egiten dituzten langileek lehentasuna dute oporrak eta lan txandak aukeratzeko, bai eta lanaldi arrunta egokitzeko ere ikastaroetara eta azterketetara joan daitezen, betiere laneko premiak eta antolaketak horretarako bide ematen duten neurrian.

Era berean, zerbitzuaren kudeaketagatik eta lanaren antolaketagatik posible denean, honakoa erabaki daiteke:

a) Urtean gehienez ere berrogei orduko baimen ordainduak ematea lanbide prestakuntza eta hobekuntzako ikastaroetara joateko, haien edukia zuzenean lanpostuari lotua bada. Enpresak eskainiko ditu ikastaroak eta arduratuko da ikastaroetara joan daitezkeen langileak joateko antolaketaz. Langileek ikastaroak egitea proposatu dezakete. Lanorduetan eginen dira, ahal delarik. Hura posible ez bada, haietan emandako orduak diruz edo denboraz konpentsatuko dira.

b) Baimenak ematea unibertsitatean 25 urtetik gorako enplegatuak sartzeko proba prestatzeko. Denboraren erdia langilearen kontura izanen da eta beste erdia enpresaren kontura.

Kasu guztietan, ikastaroan agertu dela eta aprobetxatu duela frogatzen duen agiria aurkez dezala eskatuko dio enpresak langileari.

27. artikulua. Diziplina araudia.

Langile guztiak, salbuespenik gabe, agintzen zaizkien eginkizunen erantzule izanen dira enpresaren aurrean, bai eta euren jokabideen erantzule ere, eta lan hitzarmen kolektibo honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako aginduak eta neurriak beteko dituzte, kasuan-kasuan izan dezaketen erantzukizun zibila nahiz penala galarazi gabe.

Hutsegitetzat hartauko dira hitzarmen honek ezarritako betebeharren kontrako egintzak edo ez-egiteak edo indarra duten legezko xedapenek agindutakoaren kontrakoak.

Enplegatuei hutsegite larriengatik edo oso larriengatik ezartzen zaizkien zehapenak langileen legezko ordezkariei jakinaraziko zaizkie.

Enpresak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, ondorengo artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.

Hutsegiteen mailaketari dagokionez, aipatu behar da langile baten hutsegitea arina, larria edo oso larria izan daitekeela, haren garrantziaren eta asmoaren arabera.

a) Hutsegite arinak:

1. Eginkizunak berandu edo zabarkeriaz betetzea, hala nola enpresaren lokalak, baliabideak edo produktuak behar ez bezala erabiltzea edo arreta gabezia txikiak materialak edo dokumentuak zaintzean, salbu eta haien larritasuna dela eta, hutsegite larritzat har daitezkeenetan.

2. Lanera ez agertzeko arrazoia aurretik ez jakinaraztea edo, bestela, hutsegitea gertatu eta ondoko 24 orduan, ezinbestekoetan salbu, hartarako ezintasuna frogatu ezean.

3. Bidezko arrazoirik gabe, hilabete baten barnean behin, bitan edo hirutan berandu iristea.

4. Lanetik edo zerbitzutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrerako bada ere. Horren ondorioz enpresari edo lankideei nolabaiteko kalterik sortzen bazaio edo istripuren bat eragiten bada, hutsegite hau larritzat edo oso larritzat har daiteke, kasua nolakoa den.

5. Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza.

6. Helbidea, bizilekua, telefonoa edo familiaren egoera aldatu eta enpresari ez jakinaraztea, aldaketa horiek zerga arloko edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ondorioetarako garrantzitsuak badira.

7. Lanaldiaren barrenean, sakelako telefonoa norberaren aferetarako erabiltzea.

8. Aurikularrak erabiltzea irratiekin edo beste sistema batzuekin.

9. Arauzko uniforme osoa ez erabiltzea lanaldiaren barnean.

10. Jendea edo egoiliarrak behar den adeitasunez eta arretaz ez atenditzea.

11. Lankideekin bortizkeriaz eztabaidatzea lanaldiaren barruan edo ordena nahastea egoiliarren aurrean.

12. Hilabetean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

b) Hutsegite larriak:

1. Eginkizunak berandu edo zabarkeriaz betetzea, hala nola enpresaren lokalak, baliabideak materialak edo dokumentuak behar ez bezala erabiltzea, haien larritasuna dela eta. Nahitaez erabili beharreko jantziak eta segurtasun tresnak ez erabiltzea.

2. Bidezko arrazoirik gabe hogeita hamar eguneko aldian hiru aldiz baino gehiagotan lanera berandu iristea.

3. Lanera ez joatea, egun batetik hiru egunera bitarte, arrazoia justifikatu gabe, hogeita hamar eguneko epean; hura ez jakinaraztea eta baja agiri ofiziala ez aurkeztea hura egin eta hurrengo berrogeita zortzi orduko epean, non ez den frogatzen hura egitea ezinezkoa dela. Hutsegite bakar bat nahikoa izanen da lankide bati erreleboa hartu behar dionean edo enpresari kalte nabaria egiten zaionean.

4. Lanaldian jostetan ibiltzea.

5. Lanpostua uztea, bidezko arrazoirik gabe.

6. Nagusiei edozein lanetan desobeditzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei gogor egitea eta trabak jartzea barne. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edo jokabide horrek enpresari kalte nabaria sortzen dionean, hutsegite oso larritzat jotzen ahal da.

7. Beste langile baten presentzia lanean simulatzea, haren ordez fitxatuz.

8. Enpresako denbora, uniformeak, materialak, produktuak edo materialak enpresaz kanpoko lanetarako edo norberaren onerako erabiltzea.

9. Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.

10. Lanean ari dela erretzea edo alkoholezko edariak edatea.

11. Agintekeria edo errespeturik ez agertzea erabiltzaileei, edozein kategoriatako lankideei eta ahaideei eta haietako edozeinen laguntzaileei, edo enpresarekin harremanetan dagoen beste edozeini.

12. Enpresak emandako sakelako telefonoa ez hartzea arrazoirik gabe.

13. Egoiliarrak arretarik gabe uztea eta laguntza behar duten egoiliarrekin ez egotea une oro zentroan barna ibiltzen direnean.

14. Laurogeita hamar eguneko epe batean beste hutsegite arin bat egitea (puntualtasuna salbu), nahiz desberdina izan, eta langileari hitzezko kargu hartzea ez den zigorra jarri izan bazaio.

c) Hutsegite oso larriak:

1. Bidezko arrazoirik gabe sei hilabetean hamar aldiz edo gehiagotan, edo urtean hogei aldiz, berandu iristea.

2. Lanera hiru egun jarraian baino gehiagotan huts egitea edo bost egun tartekatutan hilabete batean, bidezko arrazoirik eman gabe.

3. Kontratuko onustea haustea, eta iruzurra, desleialtasuna edo konfiantza-abusua agindu zaizkion kudeaketetan.

4. Zahar-etxeko egoiliar baten prozesu patologikoaren, haren barru-barruko kontu baten edo indarreko legeek babesten duten beste edozein datu pertsonalen berri ematea.

5. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, psikikoak edo moralak, egoiliarrei, edozein kategoriatako lankideei edo haien ahaideei eta laguntzaileei, baita enpresarekin harremanetan dagoen beste edozein pertsonarekin ere.

6. Zentroko egoiliarrengandik onura ekonomikoak nahiz gauzazkoak, eskatu, galdatu edo lortzea.

7. Zentroaren, egoiliarren edo langileen gauzak, dokumentuak, materiala, etab. harentzat hartzea.

8. Eritasun edo istripu itxurak egitea. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, beste edozein lanetan aritzen denean, norberaren kontura edo besteren kontura. Atal honetan sartzen da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.

9. Beste pertsona bat zerbitzuan aritzeko jartzea enpresaren baimenik gabe.

10. Zabarkeria medikazioa ematerakoan eta/edo prestatzerakoan, edo egoiliarraren osasunean edo osotasunean ondorioak ekartzen dituen beste edozein.

11. Lanorduetan mozkortzea eta drogak hartu ondoko egoeran egotea. Langilea aipatu egoeretan dagoelako zantzuak ageri direnean, enpresako osasun zerbitzuak edo, bestela, enpresak izendatzen duen medikuak egin beharreko azterketa onartu beharko du. Azterketa horiek egitean langilearen duintasuna eta intimitatea ahalik eta gehien errespetatuko da eta bertan egonen da langileen legezko ordezkari bat edo, hori lantokian ez badago, enpresako beste langile bat, ahal izanez gero betiere.

12. Sexu jazarpena eta jazarpen morala. Enpresako edozein pertsonaren aurkako sexu erasoak, hitzezkoak zein egitezkoak; aparteko larritasuna izanen dute aginte edo hierarkia posizioaz baliatuz gauzatzen direnek, aldi baterako kontratua dutenen aurka egiten direnek eta haiek salatu dituzten pertsonen aurka hartutako mendekuek.

13. Enpresaren korrespondentziaren edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

14. Lantokian diziplinarik ez izatea.

15. Enpresari bidegabeko lehia egitea zenbait ekintzaren bidez.

16. Istripu larriak sorraraztea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.

17. Lan errendimendua arrazoirik gabe gutxitzea.

18. Lanean segurtasun eta osasunerako ezarritako arau eta neurriak ez betetzea edo bertan behera uztea, horren ondorioz osasunerako eta integritate fisikorako arriskuak sortzen ahal direnean.

19. Lankideekin liskarrak sortzea.

20. Gauzak, dirua eta abar ebatsi edo lapurtzea, enpresarenak zein egoiliarrenak edo enplegatuenak, kasuan kasuko akzio penalak ezertan galarazi gabe.

21. Hiruhileko berean hutsegite larri gehiago egitea, nahiz desberdinak izan, zehapena jaso badute.

22. Langileen Estatutuan hala jasotako beste edozein jokabide.

  • Zehapenak

a) Hutsegite arinengatik:

1. Hitzezko kargu-hartzea.

2. idatzizko kargu-hartzea.

3. egun bateko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Hutsegite larriengatik:

1. Lan eta soldatarik gabe uztea, bi egunetik hogeira bitartean.

2. Beste lanpostu batera aldatzea, zentro berean.

c) Hutsegite oso larriengatik:

1. hogei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

2. Enpresa beraren beste zentro batera nahitaez aldatzea, helbidez aldatzera behartu gabe.

3. Kaleratzea.

  • Preskripzioa.

a) Hutsegite arinak: 10 egun.

b) Hutsegite larriak: 20 egun.

c) Hutsegite oso larriak: 60 egun.

Horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.

28. artikulua. Erretiro partziala eta aurreratua.

Enpresak erretiro partzialerako eskaera guztiak onartu beharko dizkie zahar etxeko langileei, horretarako eskubidea baldin badute. Halakoetan behar diren errelebo kontratuak eginen ditu, une bakoitzean indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak betez.

Halaber, eta posible den bitartean, enpresak konpromisoa hartzen du langileek 64 urterekin erretiro berezirako egiten dituzten eskaerak emateko, uztailaren 17ko 1194/1985 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, edo errege dekretu hori ordezten duen xedapen berriak arautzen duenarekin bat.

29. artikulua. Legedi subsidiarioa.

Lan hitzarmen kolektibo honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuan eta unean-unean indarra duen lan arloko legedi orokorrean xedatuari lotuko zaio.

I. ERANSKINA

Talde profesionalen eginkizunak

1. taldea.–OLT/DUE.

–Egoiliarrei harrera egitea eta haiek ezagutzea, erizaintzako arretaren errekerimendu berariazkoak zehaztea eta beharrak baloratzea, edo gainerako langile egokiengana eramatea.

–Egoiliarrak zaindu eta artatzea, haien beharrizan pertsonal eta sanitarioak asetzeko, bereziki, OLT-EUDen zerbitzuen beharra duten uneetan.

Egoiliarren eboluzioaren jarraipena egitea eta proposatzea zer laguntza maila eta mota jaso behar duten; eguneroko sendaketak egitea eta abar.

–Egoiliar bakoitzaren historial medikoa eta erizaintzakoa ireki, zaindu eta eguneratzea. Bere eginkizunekin zerikusia duten datuak idaztea.

–Odol-presioa, pultsu-maiztasuna eta tenperatura neurtzea.

–Eritasunaren ondorioz ohean dauden egoiliarrak zaintzea, agindutako jarrera-aldaketak eginez, erientzako janari zerbitzua kontrolatuz, eta tresnen bidez elikatu behar diren eriei elikagaiak emanez.

–Zaintzako neurriak mantentzea kontrol jarraituko egoiliarren gainean, edozein gorabeheraren berri emanez.

–Sendagilearekin elkarlanean aritzea erabili beharreko materiala eta medikamentuak prestatuz eta haren aginduei kasu eginez, zahar etxean bisita egiten duenean.

–Egoiliarren kanpoko zein barruko kontsultak kontrolatzea, hitzorduak kontrolatzea.

–Menuen jarraipena egitea. Sukaldean zehaztapenak egitea zerbitzu bakoitzean prestatu beharreko menuen inguruan eta haien aldaketen inguruan. Aldaketak egoiliarrei jakinaraztea.

–Kontrola eta laguntza jantokian, hala behar izatera, baita egoiliarren kontaketa ere gosariaren, bazkariaren eta afariaren orduetan.

–Egoiliarrei medikazioa prestatu eta ematea, sendagileen aginduen arabera (batik bat tratamenduak). Farmaziei jakinaraztea agindu mediko bat aldatzen denean, eta atzemandako edozein gorabeheraren berri ematea.

–Farmaziako, analitikako eta erradiologiako eskariak egitea.

–Medikamentuak, osasun eta farmazia materialak, pixoihalak eta abar eskatu, jaso, gorde, kontrolatu eta ateratzea.

–Egoiliarren garbitasuna kontrolatzea, baita logeletan dituzten sendagaiak eta janariak ere.

–Podologiako zerbitzua antolatu eta kontrolatzea.

–Fisioterapeutekin elkarlanean aritzea jardueretan.

–Egoiliarren bisita medikoak antolatzea.

Bisita medikoen hitzorduak biltzea erizaintzan.

Egoiliarrei bisita medikoak jakinaraztea (eguna, ordua, arrazoia, egin beharreko probak, baraurik joan behar duten, edo bestelako zehaztapenak). Aurreko egunean jakinaraztea.

Gainerako langileei jakinaraztea, dutxa, gosaria eta abar antolatzeko.

Egin beharreko bisitak egoiliarrengan interesa agertzen duten ahaideei edo joan-etorrietan laguntzen dituztenei jakinaraztea. Bisitaren eguna, ordua eta tokia behar bezain garaiz jakinaraztea.

Bisitetarako beharrezko dokumentazioa prestatzea, kontsultaren jakinarazpenaren kopia emanez, hura behar izanez gero.

Ahaideek ezin badute egoiliarra lagundu, horren berri emanen zaie joan-etorriez arduratzen diren langileei, behar bezain garaiz hura antolatzeko.

Bisita medikoaren ondoren, ahaideei jakinaraztea horren emaitzak.

–Egoiliarren ahaideei edo tutoreei arreta eta informazioa ematea egoera larrietan eritasuna, heriotza, medikuarenganako joan-etorriak, ezbeharrak, erorikoak, emaitza medikoak eta abar direla eta.

Horretarako, fitxategia eguneratuta edukiko da beharrezko abisuak jaso behar dituzten ahaideekin.

–Zahar etxean egiten diren jarduera orokorretan parte hartzea.

–Egoiliarrari eta familiar erizaintza zerbitzu egokiak ekartzen dizkieten prozedurak, arauak eta protokoloak prestatzean laguntzea.

–Zerbitzu orokorretako langileen jarraipenean eta ebaluazioan parte hartu eta laguntzea.

–Ordu prestasuna.

–Beste eginkizun batzuetan laguntzea, une jakin batzuetan.

–Aurretik aipatu ez diren beste eginkizun edo jarduera batzuk, lanpostuarekin zerikusirik badute.

2. taldea.–Zerbitzu orokorrak-arduraduna.

–Lanak esleitzea zerbitzu orokorretako langileei eta haiek egiten dituzten begiratzea.

–Zerbitzu orokorretako langileak ordeztea, nor bere lanpostuan, une jakin batzuetan haietatik kanpo daudenean. Langilerik ez dagonean, lanpostuak altan dauden beste langileekin betetzea, behin-behineko langilerik kontratatzerik ez dagoenean kasuan kasuko ordezkapenetarako.

–Zerbitzu orokorretako langileei laneko arropa eta oinetakoak berriz ematea, zuzendaritzarekin elkarlanean.

–Langile guztien eta tokietako higiene erabatekoa begiratzea.

–Gelak eta gainerako lekuak gainbegiratzea, baita larrialdien abisurako sistemak ere.

–Egoiliarren jantzi pertsonalak eta arropa zuria jaso, garbitu, lisatu eta banatzeko arduraduna, eta jantzi pertsonala eta arropa zuria konpondu eta markatzekoa.

–Baimenik ez dutenei sukaldean eta despentsan sartzen ez uztea.

–Garbiketa eta higiene produktuen, tresnen, arropa zuriaren eta beste batzuen hornidura eskatu, jaso, bildu eta izakinak eta irteerak kontrolatzea.

–Elikagaien bilketa antolatzea Nafarroako Elikagaien Bankuan edo beste toki batzuetan.

–Telefono bidezko komunikazioak.

–Mezularitza.

–Instalazioetako mantentze-lanak, hainbat konponketa eginez eta hainbat elementu berriro jarriz.

–Eraikina, sarbideak eta giltzak zaintzea.

–Egoiliarrek arduradunari jakinaraziko dizkiote beren geletan edo gainerako toki eta instalazioetan atzemandako anomaliak.

–Erabiltzaileei informazioa ematea gai arruntei buruz (helbideak, ordutegiak, jarduerak, ekitaldiak, menuak eta antzekoak).

–Bisiten kontrola eta harrera.

–Egoiliarrak, langileak eta, oro har, zentroan dauden pertsona guztiak behar den begiruneaz eta gizatasunaz tratatzea.

–Egoiliarren lekualdaketak antolatzea, bere baliabideak zein zentroaren kanpoak erabiliz.

–Informazioa ematea eta areagotzea egoiliarren parte-hartzea zahar etxeko eta inguruneko bizitza sozialean eta jarduera sozial eta kulturaletan, artistikoetan eta jolastekoetan, barnekoak zein kanpokoak izan.

–Zaletasunak sortzeko eta garatzeko orientazioa eta sostengu pertsonala, egoiliarrek aisialdia benetan okupatuta izan dezaten.

–Ordu prestasuna.

–Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroetara joatea, hala ezartzen bazaio.

–Lanbide isilpekotasuna betetzea, aplikazio guztietan bete ere.

–Beste eginkizun zehaztu gabe batzuk, lanpostuarekin zerikusirik badute.

3. taldea.–Zerbitzu orokorrak-sukaldaria.

–Jatekoak prestatzea, finkatuta dauden menu eta dieten arabera.

–Sukaldeari atxikitako langileak antolatzea.

–Menuak proposatu behar direnean laguntza ematea.

–Legez ezarritako kontrolak egitea.

–Despentsa egunero zaintzea eta izakinen egoera gainbegiratzea. Dauden izakinak kontatzea, beharrezkoak diren gaiak eskatzeko.

–Janariak egoki administratzen saiatzea, etekin hobea lortzeko.

–Hornitzaileei eskaerak egitea.

–Baimenik ez dutenei sukaldean eta despentsan sartzen ez uztea.

–Sukaldeko gorabeheren berri ematea.

–Sukaldean lan egiten dutenen higienea zaintzea.

–Sukaldeko makinak eta tresnak funtzionamendu eta garbiketa baldintza egokietan dauden begiratzea eta hala mantentzen laguntzea (erretiluak, suak, labea, frijigailuak, erauzgailuak, iragazkiak, ebakitzaileak, eltzeak, etab.).

–Betiere, garbi eta txukun ibiliko dira, eta uniforme egokia jantziko dute.

–Esleitzen zaizkion eginkizun guztiak, lanpostuarekin zerikusia badute, zehaztuta ez badaude ere.

4. taldea.–Zerbitzu orokorrak.

–Egoiliarrak garbiketa pertsonalean laguntzea eta zaintzea, baita behar fisiologikoetan eta itxura pertsonalean.

–Erizainei laguntzea egoiliarrei botikak ematean eta sendaketak egitean.

–Eri ezinduei janaria banatzea eta bakarrik baliatzen ez direnei jaten ematea.

–Egoiliar ohatuei jarrera aldatzea; behar dutenak jaikiaraztea eta etzanaraztea.

–Oheak egin eta aldatzea; zahar etxeko eta egoiliarren arropa zaintzea, geletatik arropa zikina ateratzea eta gelak txukun edukitzea.

–Beste profesionalekin batera aritzea egoiliarren aisialdiko eta errehabilitazioko jardueretan.

–Egoiliarrek tokiz aldatu behar dutenean, behar diren gauza pertsonal guztiak prestatzea.

–Erizaintzako arduradunei aditzera ematea egoiliarrengan sumatzen dituzten zantzu edo sintoma ezohikoak.

–Egunero garbitzea logelak, pasabideak, galeriak eta gainerako gelak eta garbitzeko materiala, bukatu den tokietan, berriz ere paratzea.

–Jantokian janaria banatzea eta zerbitzatzea.

–Egunero garbitzea bainugelak eta komunak, elkarbizitzarako eta aisialdirako guneak, zaintza espezializatuko eta administrazioko eremuak, aldagelak, patioak, kapera, jantokia eta abar.

–Egoiliarren jantzi pertsonalak eta arropa zuria garbitu, lisatu eta banatzeko lanak egitea, jantzi pertsonala eta arropa zuria konpondu eta markatzea, eta garbitu, lehortu eta lisatzeko makinak maneiatzea, arropa eta erabilitako produktuak ahalik eta gehien zainduz.

–Erizaindegia nahiz egoiliar erien gelak arreta bereziaz garbitzea, arropa zikina egunero eramanez eta dena ongi antolatuta edukiz.

–Agintzen zaion eguneko lana arreta handiz egitea eta tresnak eta produktuak arduraz erabiltzea.

–Egoitzan edo geletan arrotzik sartzen bada dagokion arduradunari horren berri ematea.

–Arduradunari aditzera ematea ikusitako akatsak edo gauza hautsien berri.

–Ontziak eta banatzeko tresnak garbitzen laguntzea sukaldariei.

–Jantokia prestatzea.

–Egoiliarrak, langileak eta, oro har, zentroan dauden pertsona guztiak behar den begiruneaz eta gizatasunaz tratatzea.

–Lanbide isilpekotasuna betetzea, aplikazio guztietan bete ere.

–Jakiak zahar etxean sartuz gero arduradunari adieraztea, are gehiago kanpoan prestatuak badira.

–Betiere, garbi eta txukun ibiliko dira, eta uniforme egokia jantziko dute.

–Lanposturako interesgarriak diren prestakuntza ikastaroetara joatea.

–Arduradunak agintzen dizkion gainerako eginkizunak, nahiz zehazturik ez egon, lanpostuarekin bat heldu badira.

Zangozan, 2013ko uztailaren 5ean.

–Zahar etxearen aldetik: Angel Navallas Etxarte, Joaquín Grau Tasa, Javier Aztarain Zabaldica, Fco. Javier Erdozáin Ruiz, Rafa Bargues Aspurz, Virginia Roig i Alabart, Jesús Moreo Cuella. Langileen aldetik: Asun Pérez Soteras.

Iragarkiaren kodea: F1313182