208. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Artearen arloko entitateendako diru-laguntzak, 2013an euskarazko jarduerak egiteko

2013ko urriaren 17an, Hezkuntza eta Kulturako Zinegotzigo Delegatuak kulturaren eta artearen arloko entitateei diru-laguntzak emateko deialdi publikoa onetsi du 2013. urtean euskarazko kultur jarduerak egin ditzaten

Deialdi publiko honek publizitate, lehia, objektibotasun, berdintasun zein ez-diskriminazio, gardentasun, eraginkortasun eta eragimen printzipioak ditu oinarri, eta haren xedea herritar, kultura eta arte arloko entitateei norgehiagokako araubidean diru-laguntzak ematea arautzea da, 2013. urtean jarduera kulturalak eta artistikoak egin eta programatu ditzaten, betiere Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoa betez. Ordenantza hori 2005eko azaroaren 3ko Osoko Bilkuran onetsi zuen Udalbatzak, eta 2006ko otsailaren 17ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1.–Aurrekontua

Kulturaren eta artearen arloko entitateei 2013. urtean euskarazko kultur jarduerak programatu eta egin ditzaten diru-laguntzak emateko deialdi publiko honek 29.125 euro izanen ditu izendaturik, gehienez ere, indarreko Aurrekontuko 50/45140/482090 kontusailaren kargura.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 14.1 artikuluarekin bat, diru-laguntza hauetarako izendatu den gehienezko zenbateko osoa Deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntzen onuradun direnen artean hainbanatu daiteke, betiere zenbatekoa proportzioan murriztuko delarik.

2.–Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak

Deialdi honek entitate kultural eta artistikoei emateko diren diru-laguntzen erregimen orokorra arautzea du xede eta helburu, 2013. urtean euskarazko jarduera kulturalak eta artistikoak programatu eta egin ditzaten, halakoak ezen Iruñeko kultura- eta arte-jardunak indartuko baitituzte.

Jarduerek, halaber, ondoko baldintzak bete behar dituzte:

2.1. Kulturalak edo artistikoak izatea, eta herritarren parte-hartzearen eta euskararen sustatzaile.

2.2. Irekiak izatea, eta nagusiki Iruñeko Udalaren mugapean egitekoak.

2.3. Iruñeko Udalak finantzatzen dituen bestelako programetan sarturik ez egotea.

2.4. Diru-laguntzaren xedea diren jarduera guztiak 2013. urtean gauzatu behar dira, betiere 2013. urteko abenduaren 31 baino lehen.

Onuradunen betebeharrak:

–Diru-laguntza ematearen funtsa den jarduera egitea.

–Diru-laguntza deialdi honen baitan diruz lagundutako proiektua egiteko bakarrik erabiltzea.

–Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

–Organo emaileak egin beharreko egiaztapen-jarduketa guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiaztatzeko zein finantzamendua kontrolatzeko egiten ahal dituzten beste guztiei ere, betiere jarduketa horien ondorioz eskatzen dizkieten argibideak oro eman beharko dituztelarik, halakoak udal-agiritegietan jasota egon ezean.

–Diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

–Halako kontabilitate-sistema erabiltzea ezen une orotan posible izanen baita entitatearen errealitate ekonomikoaren berri izatea.

–Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke.

–Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

–Behar bezalako publizitatea egitea, diru-laguntzaren xede diren proiektuak edo jarduerak Iruñeko Udalak finantzatu dituela jakitera emate aldera. Hori horrela, diruz lagundutako proiektuen publizitatean edo haien argitalpenetan berariaz adierazi beharko da Iruñeko Udalak finantzatuak direla. Iruñeko Udalaren logotipoa eraman beharko dute hedapen- eta komunikazio-euskarriek orok (kartelak, programak, iragarkiak, etab.), eta euskarri horiek Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorrean aurkeztu behar dira, jendaurrean paratu baino lehen, logotipoa zuzen txertatu dela egiaztatzeko eta horren inguruko baimena jasotzeko.

3.–Diru-laguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak

3.1. Deialdi honi kulturaren eta artearen arloko entitateek heltzen ahalko diote, betiere ondoko baldintzak betetzen badituzte:

a) Legearekin bat eraturik egotea eskaera aurkezten duten datan.

b) Elkartearen egoitza nahiz zergetarako helbidea Iruñean edukitzea.

c) Eguneratuak izatea zergei nahiz Gizarte Segurantzari buruzko betebeharrak.

d) Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren bakar batek ere ez ukitzea.

3.2. Eskabideek ondoko betebeharrak bete beharko dituzte, eta bete ezean ez dira onartuko:

a) Entitate bakoitzak eskabide bakar bat aurkezten ahalko du, eta horretan proiektu bat edo gehiago erantsi; proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero argi identifikatu behar da proiektu bakoitza, eta bakoitzeko deskribapen-memoria egin behar da.

b) Deialdiaren oinarrietan adierazitako printzipio eta lehentasunen araberakoak izan behar dute, eta ez dute egon behar Udaleko beste alorretako deialdietan diru-laguntza aproposagorik jasotzeko egokieran.

c) Proiektuek behar bezain garaturik egon beharko dute, eta helburuei buruzko informazioa eta horien baliabideak behar bezala justifikaturik.

3.3. Berariaz, deialdi honetatik at daude ondoko proiektuak edo entitateak:

a) Tokiko entitateak eta partaidetza gehiena administrazio publikoena duten fundazioak eta sozietateak.

b) Iruñeko Udaleko alor beraren edo beste alor baten beste deialdi batean udal diru-laguntzen xede diren edo izan daitezkeen proiektuak.

Zehazki, eta bereziki, haien xede edo helburua medio beste udal-alorretan kokapen egokiagoa izan dezaketenak, dela herritarren partaidetzakoak, gizarteratzekoak edo berdintasunaren aldekoak edo gazteriakoak direlako dela hizkuntzen ezagutzarekin, kirolarekin edo jardun publikoari dagokion beste edozein esparrurekin zerikusirik dutelako.

c) Aurten beste udal-programen eskutik finantzamendua jasotzen duten edo jaso dezaketen proiektuak; Iruñeko Udalarekin lankidetza-hitzarmena edo administrazioko kontratua sinatua dutenak.

d) Irakaskuntza-planetan aurreikusitako irakaskuntza-proiektuak eta izaera artistikoa duten irakaskuntza-proiektu ez arautuak.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, oinarri hauen 7. klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

4.–Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak

Hezkuntza eta Kultura Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Hezkuntza eta Kulturako Zinegotzigo Delegatuari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

Ebazpen-proposamena instrukzio-organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Balorazio Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Hezkuntza eta Kultura Alorreko Zinegotzi Delegatua.

Batzordekideak:

–Hezkuntza eta Kultura Alorreko Zuzendaria.

–Hezkuntza eta Kultura Alorreko bi udal teknikari.

–Udaleko ekonomialari bat

Idazkaria: Hezkuntza eta Kultura Alorreko administrari bat.

Batzordeak 30 egun balioduneko epean baloratuko ditu eskabideak, gehienez ere, horiek aurkezteko ezarritako azken egunetik aitzina, eta txosten-proposamen arrazoitu bat emanen du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta.

5.–Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu

Eskabideak aurkezteko interesa dutenek oinarri hauen I. eranskinari atxikitako eskabide-eredua baliatu beharko dute.

Eskabideak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Kale Nagusia 2), edo erregistro osagarrietan: Hezkuntza eta Kultura Alorra –Descalzos k. 72, 2. solairua–; Ingurumena –San Saturnino k. 2, behea–; Herritarren Segurtasuneko Alorra –Iratxeko monasterioaren k. 2, beheko solairua–; Hirigintza eta Etxebizitza –Armada etorbidea 2, 5. solairua–; Zerbitzu Orokorretako, Gizarte Ongizate eta Berdintasun alorrak –Zapatería k. 40, behea–; eta Hirigintza eta Etxebizitza Alorra (Zaharberritze Bulegoa) –Hilarión Eslava k. 1, behea–. Bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluak aurreikusten dituen beste edozeinetan ere aurkez daitezke.

Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidearekin batera, deialdi honen 7. oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aitzina, aurkeztu ez dituen agiriak aurkeztu edo egindako akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

6.–Ebatzi eta jakinarazteko epea

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori eskabidea bideratzeko organo eskudunaren erregistroan aurkeztu eta hortik aitzina kontatuko da.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7.–Aurkeztu beharreko agiriak

Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira (agiriek originalak izan behar dute, edo, bestela, indarrean dagoen legearekin bat kautoak diren kopiak):

Eskatutako agiriak:

7.1. Egiaztagiriak, ondokoak frogatze aldera: entitatea legeekin bat eraturik dagoela, entitateak egoitza eta zergetarako helbidea Iruñean dituela eta eskabidea zein datatan aurkeztu eta orduan entitatea legeekin bat eraturik dagoela. Halaber, entitatearen IFKren edo IFZren eta legezko ordezkarien NANen zein estatutuen kopiak aurkeztu behar dira.

7.2. Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

Iruñeko Udalak ofizioz egiaztatuko du deialdi honetako diru-laguntzak eskatzen dituzten entitateek eguneratuak dituztela tributu-betebeharrak Udal honekiko.

7.3. Jardueraren deskribapen-memoria izeneko inprimakia, zeina deialdi honi II. Eranskin gisa erantsi baitzaio. Deskribapen-memoria bat bete beharko da diru-laguntzak jasotzeko aurkezten den proiektu bakoitzeko.

7.4. Proposatutako jarduera bakoitzaren finantzazio-plana, Deialdiaren II. Eranskinean jasotako ereduaren arabera.

7.5. Agiri edo aitorpen bat, non adieraziko baita zer merkataritza-harreman motak lotuko dituen entitatea eta programatutako jardueren laguntzaileak edo hornitzaileak, halako harremana beharrezkoa bada.

7.6. Beste erakunde publiko eta pribatuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa. Diru-laguntzarik eskatu ezean edo diru-sarrerarik jaso ezean, aitorpen negatiboa aurkeztu beharko da.

7.7. Aurreko urtean egindako jarduerei buruzko memoria eta haien gaineko ekonomia-balantzea, eta, horri erantsita, datuak egiaztatzeko agiriak, jada Udalaren eskuetan ez badago.

7.8. Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetan galdatutako baldintzak betetzen dituela eta hura Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela ukitzen egiaztatzeko. (Aitorpena egiteko eredua I. eranskinean dago jasota)

Entitateek ez dituzte 7.1. atalean aipatu agiriak aurkeztu beharko, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu badituzte. Kasu horretan, entitatearen ordezkariak erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko du, non egiaztatuko baitu ez dela inolako aldaketarik izan elkartearen estatutuetan, ezta horren ordezkaritzan ere; aurrekoa gorabehera, entitateak, legezko ordezkarien bidez, bere helburuei eta zuzendaritza-taldeari dagozkien aldaketak oro jakinarazi eta egiaztatu beharko ditu, horiek eskaera aurkeztu ondoren gertatzen badira. (Aitorpena egiteko eredua I. eranskinean dago jasota)

Halaber, eta horretarako arrazoirik izanez gero, eskatzaileek erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu ahalko dute, deialdi honetan eskatutako agiri jakin batzuen ordez. Halako kasuetan, eta diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, aitorpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira Hezkuntza eta Kultura Alorrean. Hezkuntza eta Kultura Alorrak agiri horiek 10 eguneko epean aurkezteko galdatuko du.

8.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak

Aurkezten diren jarduerak baloratzeko eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan, eta horiei ondoren azaltzen diren puntu-kopuruak emanen zaizkie, gehienez ere, guztira, 100 punturen gainean eman ere:

8.1. Proiektuaren kalitatea eta interes artistikoa edo kulturala (50 puntu), honela banaturik:

a) Entitatearen helburuak, ibilbidea eta osaera (5 puntu)

b) Proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza arte eta kulturaren arloetan (20 puntu)

c) Iruñeko kultur edota arte ondarearen hedapena edo gaur egungo egileen sustapena (10 puntu)

d) Elkarlana Iruñeko Udalarekin (15 puntu). Elkarlana Udalaren programa propioetan sar daitezkeen jardueretan edota Udalarenak diren ekipamenduetan egiten direnetan gauzatzen ahalko da.

8.2. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (25 puntu), honela banaturik:

a) Koherentzia diru-sarreren eta gastuen egituran (5 puntu)

b) Diru-sarrera propioen portzentajea (bazkideen kuotak, leihatilako diru-sarrerak, ekoizpenen komertzializazioa, babesak ..) diru-sarreren guztizkoan (10 puntu)

  • Puntuak proportzioan emanen dira, honela: diru-sarreretan portzentajerik baxuena duen entitateak 0 puntu eskuratuko ditu, eta altuena duenak, 10.

c) Iruñeko Udalari eskatutako diru-laguntzaren gehienezko portzentajea (5 puntu)

  • Puntuak alderantzizko proportzioan emanen dira, honela: diru-laguntzaren % 30 eskatzen duten entitateek 0 puntu eskuratuko dituzte, eta % 10 edo gutxiago eskatzen dutenek, 5.

d) Lanpostuak sortzea edo horiei eustea (5 puntu)

8.3. Proposatzen den proiektuaren eragina Iruñeko bizitza kultural eta artistikoaren dinamizazioan (25 puntu), honela banaturik:

a) Aurreikusitako ikusleen edo bertaratuen kopurua (10 puntu)

b) Publiko jakin batzuk jardueretara hurbiltzeko, sortzeko edo prestatzeko ekintzak (10 puntu)

c) Proiektuan boluntario gisara parte hartzen duten pertsonen kopurua (5 puntu)

Guztizko puntuazioaren % 50 lortu ez duten entitateek ez dute inolaz ere diru-laguntzarik jasoko.

Proiektuen gaineko balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak II. Eranskinean jasotako Memoria deskribatzailearen ereduarekin bat aurkeztu beharko du eskabidea, non berariaz aipatzen baitira irizpide bakoitzaren baitan baloratzen diren alderdiak. Ekonomiari buruzko argibideak emateko, deialdi honen II eranskin horretan jasota dagoen informazio-galdetegia bete beharko da.

Zuzen bete ez diren datuak edo zuhurtziagabekoak izan daitezkeenak baloraziotik kanpo utziko dira.

Behin eskaera bakoitzaren puntuazioaren gainean balorazioa egin eta gero, eta diru-laguntzek zenbat jo behar duten jakite aldera, ondoko irizpideak aplikatuko dira:

–70 puntu edo gehiago lortzen duten proiektuentzat, onartutako aurrekontuaren % 30.

–60 eta 69 puntu bitarteko proiektuentzat, onartutako aurrekontuaren %20.

–60 puntutik beherako proiektuentzat, onartutako aurrekontuaren %10.

Behin ratio horiek aplikatu eta gero diru-laguntzen zenbatekoak, guztira, erabilgarri dagoen kredituak baino gehiago jotzen badu, diru-laguntzak hainbanatuko dira, haien zenbatekoen batuketa deialdiaren kreditura egokitzeraino.

9.–Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan agindutakoarekin bat.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta ondoko datuak adieraziko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta -kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea.

10.–Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak.

10.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak izaki deialdi honetan ezarritako epean egiten badira. Diru-laguntzaren xede diren gastuetan, eskuratze-kostua ezin izanen da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

Proiektua aurrera eramateko entitateak egindako ondoko gastuak hartuko dira aintzat:

a) Zuzeneko kostuak

–Jarduera-programa gauzatzeko beharrezkoak diren langileen edo artisten soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak, barne harturik entitate onuradunean lanean ari direnenak eta jarduerarako kontratatzen diren pertsonenak. Entitatean lanean ari diren langileen kasuan, jarduera gauzatzeko lanetan zenbat denbora eman eta horri dagokion alde proportzionala egotziko zaio proiektuari.

–Langileen dietek eta joan-etorriek eragindako gastuak, betiere justifikaturik badaude eta proiektua gauzatzeko guztiz beharrezkoak badira.

–Proiektuaren ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko bitartekoak -hala nola ekipoen eta baliabide materialen alokairuak, ondasun kontsumigarriak, zerbitzu profesionalak edo artistikoak, aseguruak eta beste- kontratatzeak eragindako gastuak.

–Proiektuak barne hartzen dituen jarduerak ezagutzera emateko, horien publizitatea egiteko eta, halakorik bada, merkaturatzeko gastuak.

–Tokikoak ez diren tributuen gastuak diru-laguntzen xede dira diru-laguntzaren onuradunak gastu horiek zuzenean ordaindu baditu. Inola ere ez dira diru-laguntzak estaltzeko moduko gastutzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Zehazki, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, benetako kostuak eraginda onuradunak ordaindu dituen kopuruak izanen dira bakarrik diru-laguntzak estal ditzakeen gastuak, betiere BEZ kengarria ez bada; izan ere, kengarria bada, onuradunak berreskuratzen ahalko du zergaren zenbatekoa.

Proiektuaren jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun inbentariagarririk erosiz gero, estaltzeko moduko gastutzat joko dira proiektuari haien amortizazioa egozten ahal zaion proportzioan, betiere kontabilitatearen irizpide orokorrekin bat.

b) Zeharkako kostuak

Zeharkako kostuen artean sartuta daude hala entitate onuradunak garatzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkion gastu orokorrak nola ezein jarduera zehatzi egozgarri izan ez eta diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren gastu finkoak.

Proiektu bakoitzak eragindako zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon behar dute, eta ezin izanen dute jo, inongo kasutan, proiektuaren guztizko kostuaren % 12 baino gehiago.

10.2. Diru-laguntza bidez estaltzeko moduko gastuetatik kanpo geratuko dira ondasun higiezinak, higigarriak eta azpiegiturak erostearekin eta finantzatzearekin zerikusirik duten guztiak, salbu, aurreko atalean adierazitakoarekin bat, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun inbentariagarriak erosteak eragindakoak.

Ez dira diruz lagunduko entitateko langileen ordainsariak, baldin eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata halako 4 gainditzen badituzte.

Halaber, ezin izanen dira diru-laguntzarekin estali proiektua gauzatzeko guztiz beharrezkoak ez diren gastu-kontzeptuak eta haien zenbatekoa modu fidagarrian zedarriturik ez dutenak.

11.–Diru-laguntzaren xede diren jardueren finantzazioa

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propioak gehituta, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 31.1 artikuluarekin bat, aurkeztutako proiektuek gutxienez finantzaketaren % 70i egin behar diote aurre, dela beren funtsekin, dela beste zenbait administrazio publiko edota beste entitate pribatuetatik jasotakoekin. Justifikatu beharra dago finantzazio horren zenbatekoa, jatorria eta diru-laguntzaren xedea den jardueran egindako aplikazioa.

Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusitakoak baino gutxiagokoak badira, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez diru-laguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.

Halaber, diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein baldintza aldatzen bada, aldatu egin daiteke, baita ere, diru-laguntza hori emateko ebazpena.

12.–Azpikontratazioa

Diru-laguntzen xede diren jarduerak azpikontratatzen ahal dira, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 30. artikuluarekin bat.

13.–Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna edo bateraezintasuna

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Iruñeko Udaletik ez beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin.

14.–Ordainketa

Ordainketa aldi bakar batean egiten ahalko da, jarduerak oro bukatu eta gero, edo zatika, aldi bateko justifikazioen bidez, urtean zehar garatzen diren jardueren kasuan.

Diru-laguntzen entitate esleipendunek proposatutako jarduerak egitea errazte aldera, diru-laguntzaren % 60 deialdia ebazten den unean bertan ordaintzeko agindua emanen da, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 33. artikuluarekin bat, baldin eta dena delako entitateak aurreko bi urteetako deialdietan diru-laguntzarik jaso badu. Behin jarduera burutu eta justifikatu eta gero, deialdi honen 15. klausulan ezarritako era orokorrean justifikatu ere, gainerako % 40 ordainduko da.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie onuradunei ordaindu ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu.

Halako kasu batean, Iruñeko Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

15.–Justifikazioa

Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, justifikazio-kontu erraztua aurkeztu beharko da, 887/2006 Errege Dekretuaren 75. artikuluan ezarritakoarekin bat (Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua).

Justifikazio-kontu erraztua ondoko agiriek osatuko dute:

a) Jarduketa-memoria bat, diru-laguntza honen xede den proiektua egin dela justifikatzeko, non xehetasunez adieraziko baitira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriaren edukia ondokoek osatuko dute:

–Proiektuaren izena.

–Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontu eta proiektuarekin bat.

–Egindako jarduerak eta erdietsi nahi ziren helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

–Proiektua garatzean egindako aldaketak, halakorik balitz.

–Finantza-bideen zerrenda: Diru-laguntzarekin, funtsa propioekin edo beste zenbait diru-laguntzarekin finantzatu diren jarduerak deskribatu eta haien kostua adierazi.

–Ondorioak.

–Diruz-lagundutako programen eta jardueren ezarpenean erabilitako zabalkunde-elementu bakoitzaren bi ale.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda, izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoen guztizkoa emanda, non ondokoak identifikatuko baitira: hartzekoduna, ordainketa-agiria, zenbatekoa, jaulkitze-data eta, jada ordaindua izanez gero, ordainketa-data.

c) Jarduera finantzatu duten beste diru-sarrerak edo diru-laguntzak xehe-mehe adierazita, horien zenbatekoa eta jatorria barne.

d) Halakorik balitz, aplikatu gabeko geldikinak eta horiei dagozkien berandutze-interesak itzuli izanaren ordainketa-agiria.

Laginketa-teknikak erabilita, egoki jotako gastuen ziurtagiriak eskatuko dira, eta haien bidez diru-laguntzaren aplikazioa egokia izan den ala ez egiaztatuko da.

Diru-laguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, diru-laguntzaren xedea den jarduera noiz egin eta hortik aitzina, eta, edonola ere, 2013ko azaroaren 15era artekoa. Agiriak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2) aurkeztu behar dira, edo, bestela, erregistro osagarrietako batean, zeinak oinarri hauen 5. klausulan aipatu baitira.

Justifikazioa osorik ezin bada aurkeztu, diru-laguntzaren xedea den jarduera amaitu ez delako, aurreko paragrafoan adierazitako epea luzatuko da, 2013ko abenduaren 31ra arte.

Gastuak justifikatzeko agiririk aurkezten ez bada, aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, edo ezarritako epetik kanpo aurkezten bada, jasotako diru-laguntzaren zenbatekoa itzuli beharko da, edo, halakorik balitz, ordaintzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidea galduko da, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 45.1c) artikuluarekin bat.

16.–Aldaketak proiektuan

Aurreikusi gabeko inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan. Kasu horretan, organo eskudunak onetsi beharko ditu, behin Hezkuntza eta Kultura Alorrak horien gaineko balorazioa egin eta gero.

17.–Jarduera funts publikoen bidez finantzatu dela iragarri beharra.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela, eta horretarako Iruñeko Udalaren logotipoa baliatu behar dute.

18.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2013ko urriaren 17ean.–Zinegotzi Delegatua, Fermín Javier Alonso Ibarra.

I. ERANSKINA

Eskabide-eredua

Izen-deiturak: ............................................ NAN/IFZ: ............. Herria: ............. Kalea: .............................. Posta Kodea: ............ Telefonoa: .................. Bere izenean, edo ondokoa ordezkatuz (ezabatu ez dagokiona): Izen-deiturak: ....................................... NAN/IFZ: ................. Herria: ..................... Kalea: ..................................... Posta Kodea: ......... Posta elektronikoa: .............. Telefonoa: ............... Faxa: ............. Aurreko datuen jabeak ondokoa aurkezten du:

ESKAERA, kulturaren eta artearen arloko entitateei euskarazko kultura-eta arte-jarduerak programatu eta egin ditzaten laguntza emateko 2013. urteko deialdirako, 2013ko ...........(a)ren .. (e)an Hezkuntza eta Kulturako Zinegotzigo Delegatuak emandako ebazpenean onetsitako oinarriekin bat (2013ko ... garren Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...........(a)ren ...(e)koa).

Eta, aipatu oinarri erregulatzaileetan aurreikusitakoarekin bat, haietan galdatu bezala, ondoko agiriak aurkezten ditu:

–”Deskribapen-memoria” izeneko inprimakia (programa eta finantziazio-plana)

–Ziurtagiriak, ondokoa egiaztatzeko: entitatea legeekin bat eraturik dagoela, entitateak egoitza eta zergetarako helbidea Iruñean dituela eta eskabidea zein datatan aurkeztu eta ordurako jada entitatea legeekin bat eraturik zegoela.

–Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

–Aurreko urtean egindako jarduerei buruzko memoria eta haien gaineko ekonomia-balantzea (halakorik dagokien kasuetarako).

–Beste erakunde publiko eta pribatuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.

Adierazten du Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan jaso eta onuraduna izatea galarazten duten debeku bakar batek ere ez duela entitatea ukitzen.

Adierazten du ez dela aldaketarik izan ez estatutuetan ez entitatearen ordezkaritzan. (halakorik dagokien kasuetarako).

Iruñean, 2013ko ...............ren ..... (e)an

Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Deialdi hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia, 2. 31001-Iruña) edo erregistro osagarrietara joaz.

II. ERANSKINA

Beharrezkoa da, proiektua zuzen baloratzekotan, eranskin honen atal guztiak betetzea. Kontuan hartu eranskin honetan agertzen edo zehazten ez den informazioa ezin izanen dela baloratu.

DESKRIBAPEN MEMORIA

(Memoria bat bete, diru-laguntza jasotzeko aurkezten den programa bakoitzeko. Jarduerak koherentzia-irizpide bati erantzuten dioten moten arabera multzokatu daitezke: lantegiak eta ikastaroak, hitzaldiak, haurrendako programak, kontzertuak ..)

Proiektuaren zk.: ...........................

(Entitateak proiektu bat baino gehiago aurkezten badu, lehentasunaren arabera zenbakitu)

Proiektuaren izenburua:

1.–Entitatearen deskribapena

1.1. Identifikazio-datuak:

Entitatearen izen osoa eta, halakorik balu, laburtua (merkataritza- edo publizitate-izendapena, etab.)

–Kalea eta zenbakia.

–Herria.

–Posta-kodea.

–Telefonoa.

–Faxa.

–Helbide elektronikoa.

–Webgunea.

1.2. Harremanetarako pertsonen identifikazioa (bakoitzaren izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa adierazi).

–Legezko ordezkaria (entitatea legalki ordezkatzeko ahalmen juridikoa eduki behar du)

–Harremanetarako pertsona (balorazio-, gauzatze- eta justifikazio-prozesuak dirauen bitartean)

–Proiektuaren zuzendaria (proiektuaren jardueren koordinatzaile teknikoa)

1.3. Entitatearen araubide juridikoa eta eratze-urtea

1.4. Entitatearen osaera (zenbat pertsonak osatzen duten).

1.5. Entitatearen eginkizuna, ikuspuntua, helburuak eta jarduteko ildoak (gehienez ere 15 lerro).

1.6. Entitatearen mugarri garrantzitsuak (gertaera, urtea, etab.).

1.7. 2009/2013ko aldian egindako jarduera nagusiak.

1.8. Nazioko edo nazioarteko elkarte edo entitateko kideak badira, adierazi entitatearen izena, noiztik den kidea eta zein jardueratan ari den.

2.–Proiektuaren kalitatea eta interes artistikoa edo kulturala

2.1. Proiektuaren ezaugarri orokorrak labur azaldu: helburu nagusia, proiektuaren deskribapena, ikuspegia eta metodoak, hartzaileak, espero dituzuen emaitzak .. (15 lerro, gehienez).

2.2. Proiektuaren helburu nagusiak: berariazko helburu nagusiak eta horiek lortzeko bidea, proiektuaren ekintzak edo jarduerak eta horiek egiteko modua.

2.3. Proiektuaren ekipoa: ekintza edo jarduera ezberdinak eginen dituzten pertsonen curriculumak labur azalduta.

2.4. Proiektuaren iraupena (noiztik noizera):

2.5. Jarduerak zein tokitan eginen diren adierazi (jarduera bakoitzaren tokia eta bere ezaugarri tekniko nagusiak aipatu).

2.6. Identifikatu proiektuan berritzaileak edo originalak diren elementuak, arteari edo kulturari dagokionez.

2.7. Arte eszenikoen eta musikalen proiektuen kasuan, obra taularatzeko erabiliko diren bitarteko teknikoak (fitxa teknikoa) aipatu.

2.8. Nola laguntzen du proiektuak Iruñeko kultura- edota arte-ondarea hedatzen? Eta egungo egileak sustatzen?

2.9. Iruñeko Udalak abiatutako programetan txertatzeari buruz:

2.9.a. Ados al zaude proiektuaren jarduera batzuk edo guztiak Iruñeko Udalaren programetan sartzearekin? Zehaztu zeintzuk.

2.9.b. Sartuz gero, horrek gastu gehiagorik ekarriko lioke Iruñeko Udalari? Zehaztu zer gastu eta zenbat jotzen duten.

2.9.c. Sartuz gero, eskaerarik eginen zenukete espazioaz, baliabide teknikoez edo giza-baliabideez bezainbatean? Halakorik balitz, eskaerak deskribatu.

3.–Proiektuaren eragina Iruñeko kulturaren edo artearen dinamizazioan

3.1. Kalkulu errealista eta zuhurra egin, proiektuak zenbat pertsonarengana iritsiko den jakiteko. Proiektuaren jarduera bakoitza zein tokitan eginen den adierazi, bai eta zenbat pertsona bertaratuko diren eta horien ezaugarri nagusiak ere.

3.2. Adierazi zure entitateak 2009/2012ko aldian antolatu dituen jardueretara bertaratu den jende kopurua.

3.3. Xehe-mehe adierazi proiektua ezagutzera emateko eta merkaturatzeko plana. Zehaztu helburu horretarako erabiliko diren ekintza, euskarri edo bide guztiak.

3.4. Adierazi, halakorik balitz, kultur, arte edo gizarte arloetako beste entitateekin batera egitea aurreikusita dagoen lana: deskribatu zertan datzan eta zein diren bere helburuak.

3.5. Publikoak jardueretara hurbiltzeko lana: adierazi proiektua zuzenduta dagoen normalean kultur edo arte jardueretara joaten ez den publiko jakin bati. Deskribatu zer ekintza egin behar diren proiektuaren berri emateko eta aipatu publiko mota horrengana helarazteko. Adierazi, baita ere, elkarlanean egindako jarduketa baten batek helburua duen publikoak proiektura hurbiltzea edo irisgarritasuna erraztea.

3.6. Publikoak sortu edo prestatzeko lana: adierazi proiektuak bultzatuko ote dituen kultur edo arte jarduerako publikoak sortzeko, prestatzeko edo publiko fidelak egiteko ekintzak. Deskribatu zehazki zer ekintza gauzatuko diren xede horrekin (ekintza, tokia, denbora, nori zuzendua, helburu zehatza ..). Helburu horrekin materialik sortuz gero, adierazi eta deskribatu.

3.7. Adierazi zenbat pertsona arituko diren proiektuan boluntario gisa lanean (zenbat pertsona, haien eginkizunak, arduraldiak, etab.) Adierazi hala proiektuaren jardueraren batean lanean ari diren pertsonak nola entitatearen jardueretan oro har lan egiten dutenak (ezberdintasuna adierazi).

4.–Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa

4.1. Azaldu proiektua noraino auto finantzatzen den eta bere bideragarritasun ekonomikoa: diru-sarreren eta gastuen arteko oreka, diru-sarreren iturriak, gastuen egitura, aurrekontuaren doitze-maila jarduera-proiektura, sortutako negozioaren tamaina (halakorik balitz), etab.

4.2. Zehaztu kontratatutako pertsonen kopurua, zer lan egin behar duten, kontratu-motak eta bakoitzarentzat Gizarte Segurantzan kotizatu den egun-kopurua. Adierazi hala proiektuaren jardueraren batean lanean ari diren pertsonak nola entitatearen jardueretan oro har lan egiten dutenak (ezberdintasuna adierazi).

4.3. Proiektuaren datu ekonomikoak bete, ondoko koadroetan:

4.3.a. Proiektuaren aurrekontu orokorra:

DIRU-SARRERAK GUZTIRA

GASTUAK GUZTIRA *

Entitatearen baliabideak

Langileria

Babesleen ekarpenak

Proiektuaren berariazko gastuak

Diru-sarrerak guztira jarduera bakoitzeko

Gastu orokorrak

Inskripzioak eta kuotak

Erakusketen alokairua, ikastaroak, hitzaldiak, etab.

Kaxeta (ekoiztutakoaren salmenta)

Leihatilan saldutakoa

Beste zenbait

Iruñeko Udalari eskatutako diru-laguntza

Bestelako diru-laguntza publikoak

Diru-sarrerak guztira

Gastuak guztira

* Zehaztu, halakorik balitz, nola kalkulatu den gastu bakoitza.

4.3.b. Proiektuaren jarduera bakoitzak sortu dituen diru-sarreren eta gastuen zehaztapena:

GASTUAK

1

2

3

4

5

...*

PROIEKTUA GUZTIRA

Zuzeneko

gastuak

Langileria

Proiekturako kontratatua

Entitatearen langileak, proiektuan proportzionalki ari direnak

Berariazko

gastuak***

Talde artistikoaren eta parte-hartzaileen kaxeta

Eszenografia

Jantziak

Ekoizpena

Ekipoen eta baliabide materialen alokairua

Hedapena eta komertzializazioa

Aseguruak

Garraioa

..***

Zeharkako

gastuak

Gastu orokorrak **

Beste gastu batzuk

GASTUAK GUZTIRA

* Behar adina zutabe erabili proiektuak barne hartzen dituen jarduera guztietarako.

** Hona gastu orokorrek zer hartzen duten: bulego-materiala, posta, telefonoa, berokuntza, elektrizitatea, ... bai eta proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren beste hainbat gastu ere. Azaldu sartutako gastu-motak eta horiek kalkulatzeko metodoak hurrengo orrian.

*** Proiektuak eragindako berariazko gastu mota ezberdinak banan-banan aipatu, eta jarduera mota bakoitzari zenbatekoa egotzi.

4.3.c. Proiektua kalkulatzeko metodoen azalpena

GASTU MOTA

KALKULATZEKO METODOAREN AZALPENA

4.3.d. Proiektuaren kontura kontratatutako langileak.

IZEN-DEITURAK

ENTITATEARENAK (E) KONTRATATUA (K)

EGIN BEHARREKO

LANA/LANPOSTUAREN IZENA

LAN EGUNAK EDO ORDUAK KALKULATU*

EGUNEKO EDO ORDUKO TARIFA (EUROTAN)*

GUZTIRA (EUROTAN)

Guztira

* Aukeratu kontratatutako pertsona bakoitzari hobekien egokitzen zaiona: lan egunak edo lan orduak.

4.3.e. Diru-sarrerak jarduera bakoitzeko

DIRU-SARRERAK

1

2

3

4

5

..*

PROIEKTUA GUZTIRA

Entitatearen baliabideak

Babesleen ekarpenak

Inskripzioak eta kuotak

Kaxeta (ekoiztutakoaren salmenta)

Leihatilan saldutakoa

Beste zenbait

Iruñeko Udalari eskatutako diru-laguntza

Bestelako diru-laguntza publikoak

DIRU-SARRERAK GUZTIRA

* Behar adina zutabe erabili proiektuak barne hartzen dituen jarduera guztietarako. (Ezabatu erabili ez direnak)

4.3.f. Diru-sarreren eta gastuen laburpena jarduera bakoitzeko.

PROIEKTUAREN JARDUERAK

GASTUAK

(EUROTAN)

DIRU-SARRERAK

(EUROTAN)

DIRU-SARRERAK KEN GASTUAK

(EUROTAN)

1.

2.

3.

4.

5.

6.

7.

8.

9.

10.

...

GUZTIRA

* Behar adina zutabe erabili proiektuak barne hartzen dituen jarduera guztietarako. (Ezabatu erabili ez direnak).

Sinadura: Data:

DATUEN BABESA. Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Deialdi hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joz (Kale Nagusia, 2. 31001 Iruña).

III. ERANSKINA

Justifikazio-kontu sinplifikatua (oinarrien 15. klausula)

JUSTIFIKAZIO MEMORIA

1.–Proiektuaren izenburua.

2.–Entitate onuradunaren identifikazioa.

3.–Egindako jarduerak, ondokoak adierazita: data, tokia, bertaratutakoen kopurua (halakorik balitz) eta helburuen betetze maila.

4.–Proiektua garatzean egindako aldaketak, halakorik balitz.

5.–Gastuen zerrenda, izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoen guztizkoa emanda, non ondokoak identifikatuko baitira: hartzekoduna, ordainketa-agiria, zenbatekoa, jaulkitze-data eta, jada ordaindua izanez gero, ordainketa-data. Gastuen zerrenda bat eginen da jarduera bakoitzeko, zuzeneko gastuen kasuan, eta zerrenda orokor bat proiektu osorako, zeharkako gastuen kasuan.

GASTUAK:

HORNITZAILEA

IFZ

KONTZEPTUA

FAKTURA ZK.

FAKTURAREN DATA

ZENBATEKOA

ORDAINKETA EGUNA

6.–Proiektua finantzatu duten diru-sarrerak edo diru-laguntzak xehe-mehe adierazita, horien zenbatekoa eta jatorria barne.

7.–Diruz lagundutako programak zabaltzeko erabili diren elementuen bi ale aurkeztuko dira.

Datuen babesa. Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Deialdi hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joz (Kale Nagusia, 2. 31001 Iruña).

Iragarkiaren kodea: L1314652