1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko urriaren 9an hartua, Zuñigako harresiak (Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.
Zuñigako (Nafarroa) harresiak izeneko higiezina interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, halaxeko babesa ematen baitio Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren 1949ko apirilaren 22ko Dekretuak, Espainiako gazteluak babesteari buruzkoak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 1949ko maiatzaren 5ekoa).
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.
Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz finkatu eta mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta espedientea behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.
Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 146/2013 Ebazpenaren bidez, behin-behinekoz mugatu zen Zuñigako harresiak izeneko ondasun higiezinaren babes ingurunea, eta interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.
Ebazpena 2013ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ean. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.
2013ko abuztuaren 26an, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko irailaren 18an.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Zuñigako harresiak (Zuñiga, Nafarroa) izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.
2. Zuñigako harresien babes eremuan honako hauek sartzen dira: Zuñigako 1. poligonoko 1., 2., 6., 7. (patioa), 9., 10., 11. (zati bat), 24. (zati bat), 25. (zati bat), 26., 29. (zati bat), 30., 31., 32., 43., 45., 46. (zati bat), 53. (zati bat), 54., 55., 56., 57., 58., 59., 60., 61., 62., 64., 66., 67., 84., 85., 89., 90., 91., 92., 93. (zati bat), 94., 97. eta 100. lurzatiak, bai eta Viviria kalea, Carrera kaleko 8 metroko zerrenda eta pilotalekuko plazako 10 metroko zerrenda ere.
Zuñigako Udal Planeko determinazioek ezartzen dute babes maila harresien ingurunean, eta, edozein kasutan, harresien hondarren gainean, haien aztarnen gainean edo haien trazaduraren gainean esku hartzeko, beharrezkoa izanen da 14/2005 Foru Legearen 36.1 artikuluan aurreikusitako baimena, 36.3 artikuluak ezarritakoarekin bat.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan adierazitako moduan eta epean.
Iruñean, 2013ko urriaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1314133