207. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko urriaren 9an hartua, Iruñeko (Nafarroa) Andre Maria katedrala izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Iruñeko Andre Maria katedrala izeneko higiezina monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1931ko ekainaren 3ko Dekretuaren bidez (1931ko ekainaren 4ko Kazeta).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 60/2013 Ebazpenaren bidez, Iruñeko Andre Maria katedrala izeneko higiezinaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatu eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Ebazpena 2013ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 4an.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ekainaren 10eko 199/2013 Ebazpenaren bidez, Iruñeko Artzapezpikutzak 60/2013 Ebazpenaren aurka aurkeztutako alegazioari erantzun zitzaion, alegazioa ezetsiz.

2013ko abuztuaren 26an, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko irailaren 18an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Iruñeko (Nafarroa) Andre Maria katedrala izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Iruñeko Andre Maria katedrala izeneko higiezinaren babes eremuan honako hauek sartzen dira: 176., 178., 187., 188., 189., 291. eta 175. lurzatiak, 185. lurzatian eraiki gabe dagoen eremua, eta lurzati horretan dagoen eraikina, katedrala eta apezpikuaren jauregia lotzen dituena; 179., 180. eta 181. lurzatietako atzeko patioak; 131., 132., 207. eta 208. lurzatietako fatxadak, Navarreria kalera ematen dutenak; 133. lurzatiko fatxadak, Navarreria kalera eta San Jose plazara ematen dutenak; 134., 135., 137., 138., 139. eta 174. lurzatietako fatxadak, San Jose plazara ematen dutenak; 266., 267., 268., 269., 270., 271. eta 272. lurzatietako fatxadak, Dormitaleria kalera ematen dutenak; 179. lurzatiko mehelina 176. lurzatirantz; 1.361. lurzatiko eremu bat 175., 176. eta 185. lurzatien parean, harresiaren aurreko aldetik hiru metrora arte. Horiek guztiak Iruñeko 1. poligonokoak dira. Gainera, lurzati horien artean dauden Navarreria eta Dormitaleria kaleetako eta San Jose plazako eremuak sartzen dira.

Monumentu honen inguruan, 176., 178., 187., 188. eta 291. lurzatietan izan ezik –hantxe monumentua bera dago eta berariazko babesa dute–, babes maila Iruñeko Alde Zaharreko B.B.B.P.B.ren determinazioetan ezarritakoa izanen da, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak maiatzaren 23ko 278/2001 Ebazpenaren bidez txostena emanda. Nolanahi ere, edozein esku-hartze egiteko, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 36.1 artikuluan adierazitako baimena beharko da, 36.3 artikuluan adierazitakoarekin bat.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko urriaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1314129