207. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzeko

Uharteko Udaleko alkate udalburuak, 2013ko urriaren 15ean emandako ebazpenaren bidez, deialdia onetsi du, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzeko (D maila), baita plantilla organikoaren araberako ordainsariak ere. Lanpostua Uharteko udal kiroldegiko instalazioen mantentze-lanak egiteko izanen da.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatutako estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

Uharten, 2013ko urriaren 15ean.–Alkatea, Iñaki Crespo San José.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko honen helburua da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzea, batez ere Uharteko udal kiroldegiko instalazioen mantentze-lanetan aritzeko; sarbide hori Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluan, I. kapituluan, 5.etik 8.era bitarteko artikuluetan aurreikusia dago. 40/18 zenbakiko lanpostu horrek %5a esleitua du, euskara jakiteagatik, 2013. urteko plantilla organikoan.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak hauek dira: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan D mailarentzat oro har ezarritakoak eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan kasu bakoitzerako ezartzen direnak.

1.3. Lanaldia osoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Edonola ere, espresuki hartuko da kontuan, antolamendu eta kudeaketa sistemen arabera, zerbitzuak txandaka emateko aukera, goiz eta arratsaldeko txandatan, astelehenetik ostiralera. Ordutegia 06:30etik 13:50era izanen da.

1.4. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta Osoko Bilkuraren 2012ko otsailaren 29ko akordioarekin bat.

1.5. Oinarri hauetan zehaztuta ez dauden gaietan, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da.

2.–Eginkizunak.

Deialdi honen ondorioz izendatzen diren pertsonek beteko dituzte, besteak beste, ondoren agertzen diren eginkizunak, bai eta, oro har, gaur egun eta etorkizunean D mailari atxikitakoak, eta lanbideen bilakaeraren, erabiltzen diren tresna eta baliabideen eta antolamendu sistemetan eta ematen diren zerbitzuetan gerta daitezkeen aldaketen ondorioz sor daitezkeenak ere.

  • Laguntzea girotzeko eta ur bero sanitarioa ekoizteko sistemen zuzenketetarako eta prebentziorako mantentze-lanetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren arautegian ezarritakoari jarraikiz (kanpoko mantentze-lanak).
  • Sua itzaltzeko eta telefonogunearen sistemen mantentze-lanak, indarra duen arautegiaren arabera. (Kanpoko eta barneko mantentze-lanak).
  • Instalazioetan, sei hilabetetik intsektuak eta lau hilabetetik arratoiak kasatzea (kanpokoa).
  • Kirol ekipamenduen eta kontrolaren segurtasun aktak egitea eta urtero eguneratzea.
  • Stockeko elementuak inbentariatu, kontrolatu eta paratzea, baita berriro jarri behar direnen aurrekontuak eskatu eta haiek erostea ere, baldin Kirol Patronatuak baimentzen badu.
  • Esleitzen zaizkion lokal eta instalazioak ireki, zaindu eta ixtea, eta sarbideak kontrolatzea.

–Erabiltzaileei arreta ematea:

  • Instalazioetako sarrera-irteerak zaintzea, bai eta erabiltzaileen zirkulazioa ere.
  • Ekitaldi bereziez arduratzea (kontzertuak, 24 orduko txapelketak, kirol ekitaldi bereziak eta abar).

–Instalazioen garbiketa eta mantentze-lanak:

  • Lanaldiaren hasieran igerilekuen ontziak martxan jarri beharko ditu. Uraren kontrol fisiko-kimikoaren parametroak erregistratzea, Igerilekuen osasun kontrolari buruzko 123/20003 eta 20/2006 Foru Dekretuetan ezarritakoaren arabera.
  • Ondoko hauen funtzionamenduaren berrikuspena: saunak, lurrun bainuak, girotzea, berokuntza, argiztapena, fitness aretoko kirol ekipamenduak eta iturgintzako elementuak, baita horien prebentziozko mantentze-lanak ere.
  • Ekipamenduen tenperatura, funtzionamendua eta ordutegiak kontrolatzea eta erregistratzea. Kirol Patronatuaren eta zerbitzu anitzetakoen arloko irizpideei jarraikiz, ekipamenduen manipulazioa energia aurrezteko xedez.
  • Matxuren kontrola eta erregistroa, baita egindako konponketena ere. Matxuren eta egindako eta egin beharreko konponketen zerrenda astero entregatzea.
  • Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzea Ugarrandiko kirol instalazioetan, belar artifizialeko futbol zelaian eta belar naturaleko futbol zelaian, Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko 865/2003 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
  • Instalazioko elementu guztien kontrola inbentarioan.
  • Kanpoko instalazioak prestatu eta martxan jartzea udarako. Haur parkea, paperontziak, erretegiak, hesiak, ur bazterrak eta igerilekuak egokitzea. Uholdeen kontrako protokoloan ezarritako lanak egitea.
  • Kirol instalazioen jarraipena egin eta atzematen diren garbiketako edo mantenimenduko gertakarien berri ematea. Urtero, instalazioen ikuskapen orokorrak egitea.
  • Erabiltzen dituen lan tresnen mantenimenduaz, zaintzaz eta erabilera zuzenaz arduratzea.
  • Biltegien zaintzaz, garbiketaz eta ordenaz arduratzea, bai eta bertan gordetzen diren makina eta materialez ere.
  • Garbiketa eta mantenimenduko produktu eta materialen kontrola eta eskaerak egitea instalazioetako arduradunari.
  • Instalazioak edo makinak abian jartzea eta geraraztea.
  • Produktu kimikoak kontrolatzea eta berritzea (bromoa, kloroa, algizida, malutatzailea, PH murriztaileak).
  • Igeri-ontziak eta ura egokitzeko instalazioak abian jartzea eta ixtea, denboraldiaren hasieran eta amaieran, eta beharrezkoak diren tratamenduak aplikatzea.
  • Zerbitzu anitzetako mantentze-lanetako beharginei laguntzea margoketa, zurgintza, igeltserotza, elektrizitate, iturgintza eta bestelako lanetan, bai eta konponketa txikiak egitea.
  • Eraikinak mantentzeko lanak egitea, hala nola teilatu-hodiak, saneamendu kutxetak eta abar garbitzea.
  • Ateak, leihoak, pertsianak eta altzariak konpontzea.

–Ardura komunak:

  • Laneko arriskuei aitzintzeko arauak betetzea.
  • Zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.
  • Lana antolatzea, ezarritako xedeak beteko direla bermatu beharrez.
  • Bere lan esparruko ordena zehatz eta doia mantentzea eta, hartara, bere eskura jarritako baliabideak egoera onean eta erabiltzeko maneran edukitzen ahalegintzea.
  • Zerbitzuari atxikitako gainerako langileekin aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.
  • Herritarrari egiten zaion zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta horretan laguntzea. Hartara, kasuren batean behar izanez gero, egokitu beharko du, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta Udalaren beharrak betetzeko.
  • Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.
  • Kirol Patronatuko bulegoei edo Instalazioetako arduradunari jakinaraztea zerbitzuaren funtzionamendu onean eragina izan dezakeen edozein gertakari (bajak, ez agertzeak, baimenak...).

–Lan tresnak:

  • Gehienbat erabiliko dituen lanabesak: garbiketarako tresnak, erradiala, soldagailua, taladroak, mailu pneumatikoa, egurretako zerra eta hormigoi-zerra.
  • Bere mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 4.1 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte baino gehiago izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

g) Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeari buruzko oinarrizko ikastaroa egin izana azken bost urteetan, eta lehenagokoa bada, legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeari buruzko birziklapenerako ikastaroa egin izana egiaztatzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udaletxeko Erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean adierazitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko.

4.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia konpultsatua.

b) Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeari buruzko oinarrizko ikastaroa azken bost urteetan egin izanaren agiriaren kopia konpultsatua. Lehenagokoa bada, legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeari buruzko birziklapenerako ikastaroa egin izana egiaztatzea.

c) Euskararen titulazioaren eta/edo euskara mailaren frogagiria edo proba egiteko eskaera.

d) Udal Diruzaintzan azterketa eskubideen tasari dagozkion 4,60 euro ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideengatiko tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Prozedura hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

–Uharteko Udal bulegoan eskudirutan ordaintzea (San Juan plaza, 1).

–Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: 3008 0087 74 1447560721 (Rural Kutxa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: oposizioetako tasa.

Ez dute tasa ordaindu beharko langabezian egon eta enplegu eskatzailearen txartela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin eta eguneratua, aurkezten dutenek.

e) Lehiaketaldiko baremaziorako dokumentazioa.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Uharteko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoan, Uharteko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

6.–Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Iñaki Crespo San José, Uharteko Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: José Salas Martín, Uharteko Udaleko alkateordea.

Mahaikidea: Jorge Camino Unzu, Uharteko Udaleko Zerbitzu Anitzetako burua.

–Ordezkoa: Santiago Espinal Tellechea, Atarrabiako Udaleko Zerbitzu Anitzetako burua.

–Mahaikidea: Javier Iribarren Olite, Osasun Publikoaren Institutuko teknikaria.

–Ordezkoa: Josetxo Labairu Senosiain, Uharteko Udaleko kontu-hartzailea.

Mahaikidea: José M. Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko Zerbitzu Anitzetako langilea.

–Ordezkoa: Juan A. Viedma Feligresas, Uharteko Udaleko Zerbitzu Anitzetako langilea.

Mahaikidea: Nerea Bruño Artazcoz, Uharteko Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Xabier Diaz Piñar, Uharteko Udaleko langileen ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: M.ª Esperanza Subiza Espinal, Uharteko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: M.ª Angeles Garciandía Albarova, Burlatako Udaleko idazkaria.

Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Organo kolegiatu horren osaerak balio dezan, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

6.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez hilabete bat iragaten denean hasiko da oposizio-lehiaketa. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

7.2. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzi ondotik, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu, arauz egin behar den moduan.

7.3. Euskara proba egiteko eskaera egin duen izangairik bada, lehenik eginen da, eta izangaiak 0 puntutik 5era bitarte dituela zehaztuko da. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen du (NAPI).

7.4. Hurrena, lehiaketa eginen da. Izangaiek aurkeztu merezimenduak barematuko dira, III. eranskinean ageri den bezala. Atal honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez ere, euskara barne.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak ezin izanen du, inola ere, aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.

7.5. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: bi proba izanen ditu.

Lehen proba: aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, hizkuntz gaitasuna eta zenbaki, bulego-antolaketa eta ortografiarako gaitasuna neurtzeko. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Proba honetan izangaiek ezin dute ez hiztegirik ez kalkulagailurik erabili.

Bigarren proba: aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, deialdiko II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira, azterketa egunean zehaztuko den puntuazioaren arabera. Epaimahaiak, probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du.

–Bigarren ariketan bi proba izanen dira:

Lehen proba: teoriko-praktikoa, legionellaren eta igerilekuen kontrolari buruzkoa.

Bigarren proba: praktikoa, hau da, proba praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makineria, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, soldadura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineria arina maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere deialdi honetako 2. oinarrian aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuetakoak. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

7.6. Oposizioko ariketen balorazioa:

Lehen ariketa:

–Lehen proba: 0tik 10 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 5 puntu beharko dira.

–Bigarren proba: 0tik 30 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 15 puntu beharko dira.

Bigarren ariketa:

–Lehen proba: 0tik 15 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 7,5 puntu beharko dira.

–Bigarren proba: 0tik 30 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 15 puntu beharko dira.

Zati bakoitzean huts egindako erantzunak modu negatiboan balioetsiko dira, probak hasi baino lehenago epaimahaiak erabakiko duen proportzioan.

7.7. Oposizioko bi ariketetako lau probak baztergarriak izanen dira, eta haietariko bakoitzean kanporaturik geldituko dira eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak. Izangaiak lehen ariketako lehen proban epaimahaiak eskatutako gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badu, epaimahaiak ez du bigarrena kalifikatuko, eta horrela hurrenez hurren.

7.8. Lehen ariketa kalifikatu ondoren, epaimahaiak Uharteko Udalaren iragarki oholean jarriko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko bigarren ariketa non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

7.9. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena, kontratazioa eta agirien aurkezpena.

8.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Uharteko Udaleko iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Uharteko alkate udalburuari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin batera.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda guztizko puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko da. Guztizko puntuazioa oposizioaren elementu guztietan lortutako puntuazioen batuketatik aterako da. Hautaproben azken emaitzan berdinketarik bada, oposizioaldiko ariketetan –egin diren alderantzizko ordenan– puntuaziorik altuena lortzen dutenen alde ebatziko da. Irizpide horiek erabili ondotik, oraindik ere berdinketak segitzen badu, probetan, egin diren ordenan, akatsik gutxien dituenaren alde joko da.

8.2. Proposamena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Uharteko Udalaren erregistroan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren zinpeko aitorpena edo aitorpen irmoa.

e) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

f) Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

i) Familia liburua, 3.1.1.a) arauko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

j) Uharteko Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

8.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu edo kontratatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

8.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 8.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea Uharteko Udaleko alkate udalburuak, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

9.–Izendapena eta kontratatzeko baimena.

9.1. Uharteko Udaleko alkate udalburuak, ebazpen bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako langile izendatuko du aldi baterako.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendak.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta Osoko Bilkuraren 2012ko otsailaren 29ko akordioan ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat sortuko da.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztea aukeratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredu ofiziala

Izena: .............., adinez nagusia; Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ..........; bizitokia: ........................; karrika: ...........................; zenbakia: ...........; posta kodea: .............; telefonoa: .........; sakelako telefonoa: ...........; e-posta: ........................

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

–Onartua izatea eskatzen dudala Uharteko Udaleko kiroldegiari atxikitako zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, aldi baterakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, .........(e)ko .... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hartan, haien oinarriak ezagutu eta espresuki onartzen baititut.

–Karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik ez dudala.

–Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

–Ez naizela baztertua izan ezein Administrazio Publikoren zerbitzutik eta ez nagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua.

–Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

–Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren frogagiria erantsi dudala.

–Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

–Lehiaketako baremazioa egiteko beharrezkoak diren agiriak aurkeztu ditudala.

–Euskarako hizkuntza profilari dagokionez:

Euskararen gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala.

Euskarazko proba egin nahi dudala, deialdiaren 1. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

–Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak) (*).

–Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana (*).

Horiek horrela,

ESKATZEN DUT:

Eskabidea garaiz eta behar bezala aurkeztutzat harturik, deialdiaren probetan onartua izatea.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

(*) Bidezkoa denean bakarrik.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Uharteko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Uharteko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (San Juan plaza, 1, 31620 Uharte).

Uharten, 2013....(e)ko .............aren ............(e)an

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. gaia.–Udala: mugapea. Biztanleria. Udal eskumenak. Udal zerbitzuak. Udal organoak: Osoko Bilkura eta alkatea.

2. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak zutitzea. Obrak zaintzea eta mantentze-lanak.

3. gaia–Ur instalazioak. Biltegien eta sareen kontrola eta mantentze-lanak. Ur ponpaketaren, iragazkien eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileen ezagutza.

4. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

5. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

6. gaia.–Argiteria publikoaren instalazioak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren argiak: motak eta ezaugarriak. Elektrizitate lanetako arriskuei aurre hartzea.

7. gaia.–Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak: komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak.

8. gaia.–Berotzeko eta girotzeko zirkuituen mantentze-lanak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak, iragazkiak, txirrikak, motorrak.

9. gaia.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.

10. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.

11. gaia.–Obra txiki edo ertainetako makineria maneiatzea.

12. gaia.–Lorezaintzari eta aplikatzen zaizkion makina eta erreminten erabilerari buruzko oinarrizko ezagutza.

13. gaia.–Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.

14. gaia.–Instalazioen eta eraikinen garbiketa. Zikinkeria motak, garbigaiak, aplikazioa, erremintak, garbiketa metodoak.

15. gaia.–Igeltserotzan, zurgintzan, margoketan, iturgintzan, lorezaintzan eta bestelako mantentze-lan arruntetan erabili beharreko materialen ezagutza eta erreminten erabilera.

16. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioko arauen oinarrizko ezagutza. Segurtasun neurriak. Nork bere burua babesteko elementuak.

17. gaia.–123/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 19koa, Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezartzen dituena (2003ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 2koa), haren akats zuzenketa (2003ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 30ean), eta maiatzaren 2ko 20/2006 Foru Dekretua, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretua aldatzen duena (2006ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 19koa).

18. gaia.–Legionelosiari aurrea hartu eta hura kontrolatzeko higiene eta osasun irizpideak ezarri dituen uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua.

19. gaia.–298/2001 Foru Dekretua, 2009/2001 Errege Dekretua Nafarroan aplikatzeko arauak ematen dituena, eta 54/2006 Foru Dekretua, Nafarroan legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko neurriak ezartzen dituena.

20. gaia.–742/2013 Errege Dekretua, irailaren 27koa, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituena.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

7.4 oinarriak ezarri bezala, lehiaketaldiak 15 puntu ditu, honela banatuak:

1.–Laneko esperientzia.

Atal honetako puntuazioa, gehienez ere, 4 puntukoa izanen da.

1. Administrazio publiko baterako igerilekuen mantentze-lanetan eginiko urte bakoitzeko: 1,2 puntu. Urte ez osoak kontatzean 0,1 puntu emanen da hilabeteko.

2. Enpresa pribatuetan igerilekuen mantentze-lanetan eginiko urte bakoitzeko: puntu 1. Urte ez osoak kontatzean 0,08 puntu emanen da hilabeteko.

Frogagiriak: Administrazio publikoetan edo enpresa pribatuetan emandako denborari buruzko frogagiriaren fotokopia konpultsatua, eta lan bizitzaren ziurtagiria.

2.–Merezimendu akademikoak.

Gehienez 4 puntu lortzen ahalko dira.

1. Goi mailako titulazioa izateagatik: LHII espezialitate hauetakoren batean: mantentze-lanak eta zerbitzuak, industriako, elektrizitateko eta elektronikako ekipamenduaren mantentze-lanak: 2 puntu.

2. Industriako erdi mailako titulazioa izateagatik: 4 puntu.

3. Lanpostuarekin ikusteko duten gaien gaineko hobekuntzako ikastaroak, legionelosiari buruzko ikastaroa izan ezik, nahitaezkoa baita aurkezteko, betiere haiek ez badira 2.003. urtea baino lehenago egin, orduan ez baitira baloratuko. Behar bezala frogatu beharko dira jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez. Puntuazioa honela emanen da:

–20 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko, hori barne: 0,50 puntu.

–20 ordu baino gehiago eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,75 puntu.

–50 ordu baino gehiago eta 100 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: puntu 1.

–100 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 1,5 puntu.

Atal honetan 2 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

4.–Euskara jakiteagatik: atal honetan gehienez ere 5 puntu emanen dira EGA edo C1 edukitzeagatik. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emanen zaizkie: A1 tituluak puntu 1 izanen du, A2 tituluak 2 puntu, B1 tituluak 3 puntu eta B2 tituluak 4 puntu. Izangaiak NAPIko proba egiten badu, erakunde horrek emanen duen puntuazioa 0 puntutik 5era bitartekoa izanen da.

Iragarkiaren kodea: L1314480