202. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Ordenantza, Ur honiduraren tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2013ko maiatzaren 27an egin bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantzan, baita dagokion testu bategina ere.

Onespenaren erabakia 2013ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 3an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Fiteron, 2013ko urriaren 7an.–Alkate udalburua, Francisco Javier Yanguas Fernández.

ORDENANTZA, UR HORNIDURAREN TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren babesean.

2. artikulua. Edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzea da zergapeko egintza.

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

4. artikulua. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

5. artikulua. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptu eta zenbatekoengatik izanen dira:

a) Horniduragatik:

–Tarifa gutienekoa, bi hilabeteko kontsumoa 8 metro kubiko bitartekoa delarik: 8,57 euro/metro kubikoa.

–Bi hilabeteko kontsumoa 8tik 50 metro kubiko bitartekoa delarik: 1,18 euro/metro kubikoa.

–Bi hilabeteko kontsumoa 50 metro kubiko baino gehiago delarik: 1,24 euro/metro kubikoa. Matxura partikularragatiko kontsumoa delarik, saneamendu sarera isuri gabe, aplikatuko da: 1,18 euro/metro kubikoa.

b) Hornidurarako hargunea paratzeagatik:

–Hiri lurzoruan: 104,83 euro.

–Landa lurzoruan: 525,17 euro.

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

7. artikulua. Prezioa sortzen da eta, beraz, ordaindu beharra:

a) Kontsumoagatik, hura gertatzen den puntutik.

b) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean sorrarazi eta ordainaraziko da.

8. artikulua. Bai kontagailua erosteko gastuak bai instalaziorako eta hornitzeko behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak, sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenaren bizkar joanen dira.

9. artikulua. Aurreneurri gisa, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio.

Bi hilabeteko fakturazioari dagozkion ur hornidurak ordaintzen ez badira eta ordainketa atzeratzen bada bi hilabete baino gehiago kobratzeko borondatezko epea bukatzen denetik, ulertuko da interesdunak uko egin diola zerbitzuari, eta Udalak hornidura moztuko dio, aitzineko hamar eguneko entzutea eman ondoan, horren gaineko alegaziorik ote den.

10. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko bertze pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

11. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar bezala zaintzea eta Udaleko zerbitzuek ematen dituzten jarraibideak betetzea.

13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

14. artikulua. 1. 5. artikuluaren a) atalak aurreikusten dituen ordainarazpenak ordainduko dira ordainagiri bidez, bankuan helbideratuz, eta, salbuespenez, zuzenean Udal Diruzaintzan.

2. Artikulu bereko d) idatz-zatian aurreikusten den ordainarazpena sorrarazpenarekin batera pagatuko du erabiltzaileak.

15. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Behar bezala kreditaturik joaten diren Toki entitateko langileei sartzen ez uztea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten frogaketak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak bertzelakotzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

16. artikulua. Arau-hauste edo zehapenei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat heldu diren gainerako arauetan xedatu bezala eginen da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1313778