Iragarkia
195. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko irailaren 25ean hartua, Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena. Sustatzailea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia da.
Nafarroako Gobernuak 2013ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiaren bidez, aipatu proiektua udalez gaindiko proiektu sektorial gisa tramitatzen hasi zen eta, aldi berean, jendaurrean jarri zen eta entzunaldia eman zitzaien proiektuak ukitutako mugapeetako udalei. Hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako, baita Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako ere. Erabaki hori 2013ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 22an.
UPrSak aintzat hartzen du 15.275 ha ureztalur bihurtzea eta azalera horretako lurzatiak berrantolatzea, gehi perimetroko zenbait lehorreko lur, non lurrak ureztalur bihurtzeari uko egiten dioten titularren jabetzak biltzen ahal baitira. Horretarako, hargune bat, Nafarroako Ubidearen VI. tartetik, eta garraioko hoditeria bat, Nafarroako Ubidetik (Arga-Ega adarra), sartuko dira.
Jarduketak ukitutako azaleran, Artaxoa (adarra bakarrik), Andosilla, Azagra, Berbintzana, Carcar, Faltzes, Funes, Larraga, Lerin, Lodosa, Mendigorria, Miranda Arga, Oteitza, Azkoien, San Adrian eta Sesmako udal mugapeetako lurzoruak sartzen dira.
Arga-Ega adarrari dagokionez, UPrS honetan guztira aurreikusitako inbertsioa, dokumentuaren arabera, 48.0513.387,81 eurokoa da (kontrata bidez betetzeko den aurrekontua), Ingurumen Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean hura gauzatzeko izenpetutako lankidetza hitzarmenaren arabera finantzatuko dena.
Bestetik, lurra ureztagarri bihurtzeko kostua 185.280.124,65 eurokoa da, guztira, kontrata bidez beteko den aurrekontuaren arabera; zenbateko hori aurreikusitako eremu ureztagarriak osatzen dituzten zona eta sektoreetan banatzen da eta, horietako bakoitza, behar diren obra hidraulikoetan eta ingurumenaren gaineko eragina zuzentzeko, ingurunea hobetzeko eta nekazaritza interes pribatuko neurrietan.
UPrS honetan kontuan hartzen diren eremu guztiak 2019ko bigarren hiruhilekoan ureztatuta egonen direla aurreikusi da.
I.–Jendaurrean jartzea.
Espedientea jendaurrean egon denean, 62 alegazio idazki aurkeztu dira (6, epetik kanpo), eta horietatik 56ri erantzuna eman zaie Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 330E/2013 Ebazpenaren III. eranskinaren bidez; ebazpen horretan Nafarroako Ubidearen 1. fasea (Arga-Ega adarra) eta eremu ureztagarria handitzeko proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturik.
Ondoren, IEAn erantzun gabeko idazkiak laburtu eta erantzuna ematen zaie:
–Martín Elcano Sesma jaunak aurkeztutako alegazio idazkia.
Laburpena:
Alegatzailearen ustez, UPrS honek ukitutako lurrerako eta, zehazkiago, Miranda Argako udal mugapearen barrenerako, ez da behar zuen identifikazio eta inbentario azterlanik egin, ezta interes kulturaleko ondasun izaten ahal eta inongo katalogazio ofizialetan ez dauden higiezinak babesteko neurririk hartu ere. Alde horretatik, ureztaketa tradizionala eraldatzeko prozesua dela eta, behar bezala babestuta egon behar luketen zenbait ondasun aipatzen ditu.
Orobat, alegatzaileak uste du antzinako ureztalurrak eraldatzeko prozesuak gaur egungo zenbait ureztatzaile elkarte iraungiko dituela eta, hortaz, esku-hartze publikoa beharrezkoa dela elkarte horien artxibo historiko eta administratibo guztiak biltzeko; horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko artxiboetan gordailutu beharko lirateke guztiak gutxieneko kontserbazio baldintzak betez. Ondorioetan, alegatzaileak uste du aipatu ureztaketa tradizionala ureztaketa sistema moderno bihurtzearekin antzinako kultur baliabide bat desagertuko dela eta ondare ez-material hori kontserbatzea merezi duela.
Erantzuna:
Alegatutakoari buruz, Ondare Arkitektonikoaren Atalak 2013ko irailaren 16ko txosten batean aditzera eman du, 2013ko martxoaren 19an eta 2013ko irailaren 9an, “Nafarroako Ubidearen 18. fasea (Arga-Ega adarra) eta eremu ureztagarria handitzea (Nafarroa)” izeneko proiektuaren Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren berri eman ziela Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Zuzendariordetza Orokorrari eta Ebroko Ur Konfederazioari, eta ondorio gisa, ez dagoela bere eskumeneko ukipenik eta txosten horiek prestatzeko berdin zela dokumentazioan ondasun arkeologikoak besterik ez aipatzea kultur ondareari dagokionez.
Atal horrek, gaur egungo ureztatzaile elkarteen artxibo historiko eta administratibo guztiak biltzeari eta Nafarroako Foru Komunitateko artxiboetan gordailutzeari dagokienez, uste du elkarte horiek erabaki beharreko gaia dela eta, hala eginez gero, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen Zerbitzuarekin adostu beharko dutela.
Hori horrela, ezetsi egin da alegazioa.
–Miguel Garnica Sádaba jaunak aurkeztutako alegazio idazkia eta María Cruz Ricarte andreak aurkeztutako alegazio idazkia.
Laburpena:
Alegatzaileek, Leringo udal mugapeko 9/105 eta 8/104 lurzatien jabeak baitira hurrenez hurren, lurzati horiek Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko proiektuan sartzeko eskatzen dute, ezin izan baitziren Campo Estellako lur ureztatuetan sartu.
Erantzuna:
Alegatzaileen lurzatiak Estepako Hegaztiak Babesteko Nafarroako Intereseko Eremu batean daude kokatuta.
Erantzuna Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak Ingurumen eraginaren adierazpena egiteko abuztuaren 19ko 330E/2013 Ebazpenean 10., 12., 13. eta 14. alegazioei emandakoa bera da; izan ere, antzeko alegazioak dira.
Hori horrela, ezetsi egin da alegazioa.
–Tirso Salvatierra Martínez de Eulate jaunak aurkeztutako alegazio idazkia eta Tirso Salvatierra Martínez de Eulate jaunak eta José Miguel Martínez de Eulate Torrecilla jaunak aurkeztutako alegazio idazkia.
Laburpena:
Alegatzaileek beren jabetzako lau lurzati, Oteitzako eta Mendigorriko udal mugapeetan daudenak (Oteitzako katastroko 4/401 eta 4/402 lurzatiak eta Mendigorriko katastroko 11/9, 11/14, 11/16 eta 11/50 lurzatiak), Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko proiektuan sartzeko eskatzen dute, gaur egun tantaka ureztatzen baitira putzu batetik heldu den ur gazi samarra biltzen duen aintzira batetik. Halaber, alegatzaileek adierazi dute “16 urte izanik ureztalur direla, estepako hegaztiek ez dietela galarazten Nafarroako ubidearen ureztaketan sartuak izateko” eta “Nafarroako Ubidearen Arga-Ega adarraren lehen fasea handitzeko 24. sektoreko lurzati berrantolamenduan sartua ez izatea izanen litzatekeela oztopo bakarra”.
Erantzuna:
Erantzuna Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak Ingurumen eraginaren adierazpena egiteko abuztuaren 19ko 330E/2013 Ebazpenean 8., 17. eta 54. alegazioei emandakoa bera da; izan ere, antzeko alegazioak dira.
Hori horrela, ezetsi egin da alegazioa.
–Amador Jiménez Herrero jaunak, Pitillasko alkateak, Pitillasko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, aurkeztutako alegazio idazkia.
Laburpena:
Pitillasko “Picarana” eta “Cobaza” alderdiak UPrSean sartzeko eta ureztalur bihurtzeko eskatu du.
Erantzuna:
Nafarroako Ubidearen lehen fasea eta eremu ureztagarria handitzeko tramitazio administratiboan, hartan jarduteko eremu geografiko bat zehaztu da, Arga eta Ega ibaien hurbileko arroek mugatzen dutena. Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzean adar bat eginen da, Artaxoatik abiatu eta mendebaldera eginen duena, Larragako eta Leringo udalerrietara, Pitillasen kontrako norabidean. Ureztatze sareak eta, hortaz, dagozkien eremu ureztagarriak, adar horretatik banatuko dira.
Beraz, Pitillasko alderdiak jarduketa eremu horretan sartzeko eskaera ezin da kontuan hartu, kokalekuaren arrazoi geografikoak daudelako.
Gainera, eskaera ingurumenean dituen ondorioen ikuspegitik aztertuta, argi dago, Nafarroako Ubidearen eta eremu ureztagarriaren 1999ko Ingurumen eraginaren adierazpena aintzat hartuta, Pitillasko alderdi horiek ureztalur bihurtzetik baztertu zirela Pitillasko aintziraren karga-arroaren parte direlako, natur erreserba baita 1986az geroztik eta beste babes figura batzuk ere bai Nafarroan, Estatuan eta Europan.
Horrenbestez, aipatu arrazoiengatik, Pitillasko “Picarana” eta “Cobaza” alderdiak Nafarroako Ubidearen lehen fasea eta eremu ureztagarria handitzeko proiektuan sartzeko eskaera ezin da kontuan hartu.
Hori horrela, ezetsi egin da alegazioa.
II.–Nafarroako Gobernuak 2013ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiko oharrei buruz.
Nafarroako Gobernuak 2013ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiak, 2013ko maiatzaren 22an argitaratuak, baditu zenbait puntu sustatzailearen erantzuna izan dutenak 2013ko abuztuaren 26an.
Nahiz, LAPetako babes bereziko eremuei, interes bereziko landareriari, dagokienez, bidezkoa den esatea, LAPen lan eskala den modukoa delako, nekazaritzako azpiegituren arloan egin beharreko jarduketak zehaztuko dituzten oinarrizko proiektuetan zona horiek mugaketara moldatu beharko direla, erabat baztertuta.
Bestetik, UPrSaren araudia eguneratu da, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean xedatutakoari jarraituz.
III.–Emandako txostenak.
Espedientean Ebroko Ur Konfederazioaren, Uraren Zerbitzuaren eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostenak ageri dira, eta denek dituzte oharrak edo zehaztapenak, sustatzaileak kontuan hartu beharko dituztenak oinarrizko proiektuetan edo/eta haien exekuzioan.
IV.–Ingurumen arloko tramiteak.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 330E/2013 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Ubidearen 1. fasea (Arga-Egako adarra) eta eremu ureztagarria handitzeko proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia sustatzaile izanik. Ebazpen hori 2013ko irailaren 24an argitaratu zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Bestetik, Ebroko Ur Konfederazioak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2013ko irailaren 3an, argitaratutako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri ziren Nafarroako Ubidearen 1. fasea (Artaxoako, Larragako eta Leringo udal mugapeak) handitzeko 05/13 proiektua, Ingurumen eraginaren azterlana eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Alde horretatik, aurreko tramitazioa bukatuta, eta Herri Lanak Emateko Kontratuari buruzko maiatzaren 23ko 4/2003 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren 2. idatz-zatian xedatutakoari jarraituz, azkenik onetsitako azpiegitura hidraulikoak lehenetsiko dira lurralde antolamenduko tresna honetan ageri direnen gainetik.
V.–Interes Orokorra.
Estatuko 2013ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legeak (2012ko 312. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 28koa), laurogeigarren xedapen gehigarrian, onetsi eta interes orokorreko deklaratzen ditu Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta eremu ureztagarria handitzeko obra hidraulikoak, zeinen bidez 15.275 ha eransten baitira Arga eta Ega ibaien arteko tartean; horrela, Itoizko urtegiaren eta Nafarroako Ubidearen interes orokorreko deklaratuta dauden obra hidraulikoei gehitzen zaizkie. Xedapen gehigarri horretan sartutako obrek deklarazio hauek ere badituzte, hortaz:
a) Onura publikoarena, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 9., 10. eta 11. artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako.
b) Presakoarena, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak aipatzen dituen ukitutako ondasunen okupazioaren ondorioetarako.
Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako ureztalurretako jarduketei eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legearen 3. artikuluak honako hau ezartzen du:
“Bereziki, Nafarroako Ubidearen ondoriozko obra eta jarduketak eta eremu ureztagarrietan ureztalurrak ezarri eta hobetzekoak onura publikoko eta interes orokorreko deklaratzen dira, ondorio guztietarako eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenei dagokienez.”
Hortaz, UPrS honetan aurreikusitako obrak interes orokorreko ere daude deklaratuta, 35/2002 Foru Legearen 47. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.
2. Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia sustatzaile izanik, eta determinazio hau egitea:
–LAPetako “interes bereziko landareria” duten babes bereziko eremuak mugaketara egokitu beharko dira nekazaritzako azpiegituren arloan egin beharreko jarduketak zehaztuko dituzten oinarrizko proiektuetan, erabat baztertuta.
3. Sustatzaileak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 330E/2013 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu, ebazpen horretan Nafarroako Ubidearen 1. fasea (Arga-Egako adarra) eta eremu ureztagarria handitzeko proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egiten baita, sustatzailea Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia izanik.
4. Ebroko Ur Konfederazioak 2013ko martxoaren 11ko txostenean xedatutakoa beteko du sustatzaileak.
5. Uraren Zerbitzuak 2013ko maiatzaren 3ko txostenean xedatutakoa beteko du sustatzaileak.
6. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2013ko irailaren 16ko txostenean xedatutakoa beteko du sustatzaileak.
7. Sustatzaileari adieraztea ezen, egin asmo diren instalazioek ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko dituela kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeengandik.
8. Nafarroako Ubidearen eta eremu ureztagarrien eraldaketaren udalez gaindiko proiektu sektorialaren araudia, 1999ko ekainaren 7koa, aldatzea, erabaki honen eranskinean ezarritako moduan.
9. Sustatzaileari UPrSaren testu bategin bat, paperean eta formatu digitalean, igor dezala eskatzea, eranskin gisa jasotako araudiaren testua eta hura azaltzen duten grafikoak jasota, eginbideak burutu eta ukitutako udalei bidaltzeko.
10. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusira, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Uraren Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura eta Zerbitzu Juridikora igortzea.
11. Erabaki hau jakinaraztea Artaxoa, Andosilla, Azagra, Berbintzana, Carcar, Faltzes, Funes, Larraga, Lerin, Lodosa, Mendigorria, Miranda Arga, Oteitza, Azkoien, San Adrian eta Sesmako udalei, sustatzaileari eta alegatzaileei, Ebroko Ur Konfederazioari eta Ingurumen Ministerioari, eta adieraztea erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2013ko irailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
ERANSKINA
Nafarroako Ubidearen eta eremu ureztagarrien eraldaketaren udalez gaindiko proiektu sektorialek ukitutako lurzoruetarako araudia
1.–Lurzoruaren kategoriak.
Lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria hauek ezarri dira proiektuak ukitutako lurzoruetarako, haietan gauzatuko den jarduketaren arabera:
–Eremu ureztagarriak: babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, ustiatze naturala egiteko, ureztalurrak.
–Nafarroako Ubideko azpiegitura hidraulikoek, adarrek eta sektoreetako hoditeria handiek ukitutako lurzoruak: babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, azpiegituretarako lurzorua.
2.–Babes araubidea.
Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinak, ustiatze naturala egiteko, ureztalurrak.
Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko foru legerian aurreikusitako araubideak aplikatuko dira.
Eremu ureztagarriek ukitutako lurrak babesteko araubidea, behin ureztaketa abian dela deklaraturik, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritakoa izanen da; horrexek, 69.2 artikuluan, “Nekazaritzako produktibitate handiko” kategoriari dagokion araubidera igortzen du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
a) Eraikuntzaz kanpoko jarduerak. Pista berriak eta bideak irekitzea baimentzen ahalko da, baita landareak erretzea ere. Orobat, meategiak ustiatzea, legarra eta harea ateratzea eta harrobiak baimentzen ahalko dira jarduera horiek bateragarriak direnean egungo ustiategiekin edo lurraren ezaugarri edafikoekin.
Gainerako jarduerak baimentzen dira.
b) Eraikuntzako jarduerak. Zilegi dira finkaren izaera, zabalera eta erabilerarekin zerikusia duten nekazaritzako ustiategietarako eta haiei lotuta dauden eraikuntza eta instalazioak, baita mintegiak eta berotegiak ere.
Azpiegiturak baimentzen ahalko dira.
Gainerako guztiak debekatuta daude.
–Araubide iragankorra:
UPrSa onesten denetik lurren ureztaketa abian dela adierazi arte, haiek Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 6. artikuluan xedatutakoari loturik geldituko dira, honela ezartzen baitu:
“Landaketa berriak egin, labore iraunkorrak jarri, eraikin berriak egin edo bestelako ekintzetarako, beharrezkoa izanen da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimen espresua, baldin eta ezarri nahi diren azpiegituretan eragina izan badezakete. Baimenik gabe egindako landaketak, obrak edo hobekuntzak ez dira kontuan hartuko lurzatien balorazioa edo sailkapena egitean.
Halaber, behar den espedientea tramitatu ondoren, arau-hauslea zehatuko da, eta ekintza horiek geldiarazteko aurreneurriak hartu ahalko dira.
Nekazaritza azpiegituren arloko ekintza hasteko foru agindua argitaratzen denetik aitzina, jabeek eta nekazariek lurzatiak zaindu beharko dituzte, Nafarroako nekazaritza jardunbide onaren arabera. Horretaz gain, ezin izanen dute obrak hondatu, zuhaitzak eta zuhaixkak moztu, bota edo erre, ez eta landaketak edo labore iraunkorrak errotik atera edo kendu, lurra elkortu, edo lurzatien balioa murrizten ahal duen ekintzarik egin ere. Edozein gorabehera berezi dela medio beharrezkoa bada aurreko lerrokadako ekintzaren bat egitea, interesatuak, aldez aurretik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren baimena eskuratu beharko du.”
Nafarroako Ubidearen UPrSaren araubide iragankorra aplikatzearen ondorioetarako, nekazaritzako azpiegituretako jarduketa hasteko foru aginduaren erreferentzia haiek ebazten dituen Nafarroako Gobernuaren Erabakian egindakotzat ulertuko da. Beraz, araubide iragankor hori Nafarroako Ubidearen UPrSak onesten direnetik haietan sartutako eremu ureztagarriak ureztatzen hasi arte aplikatuko da.
Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinak, azpiegituretarako lurzoruak.
–Babes araubidea:
Ubideak, adarrek edo sektoreetako hoditeria handiek okupatutako lurzoruetan eta azpiegitura hidrauliko horien babes zerrendetan azpiegiturarekin bateragarriak diren jarduerak eta erabilerak, eraikuntzakoak nahiz eraikuntzaz kanpokoak, baimentzen ahalko dira, baldin haien kontserbazio, mantentze-lan eta zerbitzu hornitze hutsa ez badira. Izan ere, kontserbazio, mantentze-lan edo zerbitzuko jarduera horiek baimenduko dira.
Aurreikusitako erregulazio putzuen kasuan, haiek okupatzen duten tokia izanen da ukitutakoa, baita babes zerrendak hartzen duena ere, zeina Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legearen 37. artikuluan “ur babestuetarako” ezarritako babes araubidea aplikatzetik aterako baita kasu bakoitzean (50 metro ur-ohearen mugatik):
a) Eraikuntzaz kanpoko jarduerak.
Debekatuta daude arraseko mozketa eta zuraren aprobetxamendua babes eremuaren lehen bost metroan, baita landaredia erretzea ere.
Babes eremuetan lur mugimenduak eta luberritzeak egitera behartzen duten jarduketak baimentzen ahalko dira.
Baimenduta daude gainerako jarduerak.
b) Eraikuntzako jarduerak.
Zilegi dira mintegiak eta berotegiak eta hegaztientzako instalazioak babes eremuetan; aldiz, baimentzen ahal dira arrain haztegiak, ibai ingurunearekin zerikusia duten kirol eta aisialdi arloko jarduerei lotutako eraikuntzak eta instalazioak, ibai ingurunearekin zerikusia duten ekipamendu, zuzkidura edo zerbitzuetarako eraikuntzak eta instalazioak, herri lanak gauzatzeko, haien mantentze-lanak egiteko eta haiei zerbitzu emateko beharrezkoak diren eraikuntzak eta instalazioak, eta azpiegiturak baimentzen ahal dira.
Gainerako guztiak debekatuta daude.
–Babes zerrendak:
Aurreko lerroaldearen ondorioetarako, ubidearen babes zerrenda ezarri da, hau da, ubidearen edo adarren alde batera gutxienez ere 25 m-ra kokatutako lerroen artean, zerbitzu bidetik horizontalean neurtuta, eta babes-banketaren kanpotik beste aldean; edo 15 metro, horizontalean neurtuak, ezponda-buruaren edo lubeta-oinaren lerrotik, lerro horiek aurrekoen kanpotik badaude.
Ubidea edo adarrak tunelean edo sifoia eginez badaude, haiek garatzeko aurreikusitako pasoko sekzioaren kanpoko ertzetik neurtuko da 25 metroko babes zerrenda, bi aldeetara.
Aipatu azpiegitura hidraulikoei dagozkien obra guztiak egin arte, 25 metroko babes zerrenda bat ezarriko da, haiek garatzeko aurreikusitako pasoko sekzioaren kanpoko ertzetik neurtuta, bi aldeetara.
Hiriguneak edo eremu urbanizagarriak, edo tokian tokiko hirigintzako planeamenduaren bidez zenbait eraikuntza aurreikusita dituzten eremuak zeharkatzen dituzten tarteen kasuetan, tarte hori murrizten ahalko da, nekazaritzako azpiegituretan eskudun den Nafarroako Gobernuaren organoak horren aldeko txostena egin ondoan.
3.–Aldaketak/egokitzapenak.
–Eremu ureztagarriak:
Eremu ureztagarrietako edozein aldaketak, UPrSetan aurreikusitakoez guztiz bestelakoa bada, handitzeko edo aldatzeko espedientearen tramitazioa beharko du.
–Azpiegitura hidraulikoak:
Lurzoru urbanizagarrian barnako trazaduretan, ezaugarri geometrikoak hobetzearren edo obra egokitzapenak egitearren, ubidearen, adarren edo sektoreetako hoditeria handietan egin behar diren aldaketak/egokitzapenak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen determinazioei jarraituz tramitatuko dira, hots, lurzoru urbanizaezineko erabilera eta jarduerak gauzatzeari buruzkoei jarraituz.
Beste kasu batzuetan, edo egin gogo diren aldaketak ubidearen, adarren edo sektoreetako hoditeria handien diseinuaz edo trazaduraz guztiz bestelakoak direnean, proiektu sektoriala aldatuko da bere garaian indarra zuen Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz.
4.–Udalaren hirigintza planeamendurako irizpideak.
–Hirigintza antolamenduaren tresnek Nafarroako Ubidea eta hura handitzeko UPrSean sartutako lurzoruak jaso beharko dituzte, eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa jaso, araudi honen 1. atalean ezarritako azpikategoriekin.
–Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak, 50.5 artikuluan, eraldaketa dela eta, finka ureztagarri izateari nola utzi jasotzen du. 50. artikulu horren aplikazioaren ondorioz eremu ureztagarrien mugaketan aldaketak egiteko, ez da UPrSaren aldaketa baten tramitaziorik beharko, ezta hirigintza planeamenduarena ere.
–1/2002 Foru Legearen 50.5 artikuluan aurreikusitako kasuetan finka batek ureztagarri izateari utzi eta hirigintzako araubide aplikagarririk gabe geldi ez dadin, horretarako eskumena duen udalaren hirigintza planeamenduak, UPrSaren arabera dagozkion kategoriaz eta azpikategoriaz gain, lurzoru horien berezko balioari, hau da, bere edafoari dagokion gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria bat ezarri beharko du Nafarroako Ubidearen eta hura handitzeko UPrSko eremu ureztagarriek ukitutako lurzoruetarako; haintzat hartuko da, orobat, zer gaitasun duen landaredia, laboreak edo larreak izateko, kontuan hartuta zenbat ur dagoen edo/eta zer azpiegitura gainazalean (ez airean edo lurpean) eta zer bide. Lurzoru horien berezko balioak lehendik badu babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria bat, planeamenduak hura jaso beharko du.
Aurrekoa gorabehera, udalaren hirigintza planeamenduak ez badu aurreko lerroaldean adierazitakoaren arabera jokatzen, araudi honetan xedatutakoa izanen da haren ordez Nafarroako Ubidearen eta hura handitzeko UPrSko eremu ureztagarriei aplikatuko zaien hirigintzako araubidea.
–Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean integratutako lur ureztatuetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak, salbuespen gisa, ahalmena ematen die hirigintza antolamenduko tresnei eremu ureztagarriek ukitutako lurren eraldaketa ordenatua arautzeko, hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizaezin gisa; betiere, onura publiko edo sozialeko arrazoiak daudela frogatuta. Horretarako, nekazaritzako azpiegituren arloan eskumena duen foru organoaren txostena izan beharko da, Nafarroako Ubidearen UPrSen aldaketarik tramitatu beharrik gabe.
Iragarkiaren kodea: F1313298
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
