Iragarkia
187. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UNDIO
Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen
Kontzejuaren ordenantza. Behin betiko onespena
Undioko Kontzejuko Batzordeak, 2013ko ekainaren 25ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Undioko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen Kontzejuaren ordenantza.
Onespenaren erabakia 2013ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Undion, 2013ko abuztuaren 26an.–Kontzejuko burua, Blanca Esther Vázquez Jiménez de Ventrosa.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Undioko Kontzejuaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.
2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurretako ondasunen ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatua deusetan ukatu gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen egintzak
5. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Undioko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.
Herri ondasunen inguruan Undiko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Undioko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Undioko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.
Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea
7. artikulua. Undioko Kontzejua herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta haiek defendatzeko behar diren ekintzak oro burutu beharko ditu.
8. artikulua. Undioko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik Aholkularitza Juridikoko idazkariaren edo, hala bada, legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. Herrilurretako ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, ezaugarri hori adierazi beharko da.
9. artikulua. Undioko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
10. artikulua. Undioko Kontzejuak ezin du herrilurren gaineko jabariari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demandetan etsi, ezta haiei amore eman ere, non ez duen Korporazioak osoko bilkuran hala erabakitzen, kideen legezko kopururaren erabateko gehiengoz. Gainera, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da aitzinetik.
11. artikulua. Undioko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da. Betiere, maizterrak administrazio bidetik botatzeko prozeduraren gaineko arauei jarraitu beharko zaie.
12. artikulua. Undioko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Undioko Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izanen da, hain zuzen ere Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 26. artikuluak zehazten duen moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Undioko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.
IV. TITULUA
Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:
a) Laborantzako herrilurretako aprobetxamendua.
b) Herrilarreen aprobetxamendua.
c) Zuraren eta egurraren aprobetxamendua.
d) Bertzelako herrilurretako aprobetxamenduak.
15. artikulua. Undioko Kontzejua ahaleginduko da herri ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen.
16. artikulua.
1. Orokorrean, Undioko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 6 urteko antzinatasunez.
c) Herrian urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez, bizitzea.
e) Onuraduna zer toki entitateri dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.
2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Undioko Kontzejuko Batzarrak, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondotik.
17. artikulua.
1. Herrilurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa %10 eta %20 merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean esleitzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierakoa baino merkeagoa izanen.
2. Enkantea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan iragarriko da, enkantearen eguna baino hamabortz egun natural lehenagotik gutienez ere.
3. Hala ere, laborantzako herrilurren edo herrilarreen bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da toki entitatearen iragarki oholean iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bortz egun lehenago, gutienez.
II. KAPITULUA
Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua
18. artikulua. Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:
A.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.
B.–Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.
C.–Undioko Kontzejuaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoaren bidezko esleipena.
Undioko Kontzejuak laborantzako lurren aprobetxamendua esleitzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA
Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak
19. artikulua.
1. Onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon. Familia unitatean herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidezko aprobetxamendurako eskubidea duten kideak bizi badira, aprobetxamendu moduetako bat aukeratu ahalko dute kide horiek.
2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak errentan edo bertze tituluren baten bidez edukitzea, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasunen gaineko kapital zergagarria, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, jardueretan aritzeagatik tokiko zerga oinarria, bai eta gisako izaera duen bertze edozein ere.
20. artikulua.
1. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 146. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, eredu loteak azalera hau dauka:
–Zereala: 10 erregu.
21. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.
22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.
Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egiten denean ere laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 4. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte. Argi dago erretirodunek eta pentsiodunek berek ezin dutela laborantza zuzenean egin.
Kontzejuak begiratuko du aurrekoa bete dadin, egoki jotzen duen prozedura erabiliz. Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.
Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:
a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
b) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Kontzejuak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek eginak.
c) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.
d) Esleituriko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.
e) Gizarte segurantzaren nekazaritzako araubide bereziaren erregelamendu orokorra onesten duen abenduaren 23ko 3772/1972 Dekretua betetzen ez duten erretiratu eta pentsiodunak. Bada, honela dio 52. artikuluak, 2. atalean, Zahartzaroaz: “... Haietan (nekazaritzako lanak) ez sartzea hiruhileko baten adinako denbora baino gehiago”.
23. artikulua. Ezintasun fisikoa, erretirodun, pentsiodun edo beste arrazoiren bat dela medio titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, Kontzejuak esleitu eginen ditu bertze bi aprobetxamendu moduak erabiliz. Kontzejuak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, enkantean eskuratzen denari kanona, %50, nonbait hor, kendu ondotik.
24. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:
–Lehorreko zereala: enkantean eskuratzen denaren banaz-bertzekoaren %50.
Zenbateko hori lehen urterako proposatutako lur-sariari dagokio. Kontzejuak urtero eguneratuko du, gehienez ere KPI aplikatuz, edo Toki Ogasunei buruz indarra duen Legean zehazten den gehikuntza.
2. ATALA
Herritarrendako zuzeneko esleipena
25. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamenduaren bidez beharrak ase ondotik, geratzen diren laborantzako herrilurrak zuzenean esleituko dira herritarren artean.
26. artikulua. Esleipen hartzaileak zuzenean eta pertsonalki landu beharko ditu lurrak. Horri dagokionez, 22. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
27. artikulua. Esleipenaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.
28. artikulua. Kontzejuak erabakiko du zein den herritarren arteko esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko esleipena egin ondotik, zenbateko nekazaritzako azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; esleipen hartzaileak nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan. Eskatzaile bakarra aurkezten bada, nekazaritzako azalerako %50 baino gehiagoren esleipen hartzailea izan daiteke, Kontzejuak onuradun berrientzat azaleraren erreserba egina badauka.
29. artikulua. Aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanonak Kontzejuak ezarriko ditu, azaleraren, lur motaren eta abarren arabera.
Zenbateko horiek KPIarekin eguneratzen ahal dira, gehinez ere, edo Toki Ogasunei buruz indarra duen Legean zehazten den gehikuntzarekin.
Irailaren lehen hamabostaldian ordainduko da kanona, aldez aurretik.
30. artikulua. Esleipen hartzaileek uko egiten ahal diote herri lurzatiari urte bakoitzeko uztailean, Kontzejuari idazki batean horren berri emanda. Aipatu aldi hori iraganik, urtekoa osorik ordaindu beharko dute. Esleitutako lurzatiari uko egiten dioten onuradunek ez dute beste baterako eskubiderik izanen esleipen berria egin arte.
31. artikulua. Undioko Kontzejuak behar den azalera gorde dezake onuradun berriei esleitzeko. Horiek herri lurzatiak eska ditzakete urtero, uztailean.
3. ATALA
Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa
32. artikulua. Undioko Kontzejuak, aurreko banaketa prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra banatu gabe gelditu bada, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.
III. KAPITULUA
Esleitzeko prozedura
33. artikulua. Kontzejuak osoko bilkuran horrela erabaki eta iragarkia argitaratu ondotik epea irekiko du, eskubidea izan uste dutenek herritarrendako lurzatien esleipena eskatzeko, aipatu bi aprobetxamendu motetarako.
34. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileei dokumentazio hau eska dakieke, hauen zinpeko aitorpen bat:
a) Undioko herritarra izatea, sei urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez udalerrian bizitzea.
b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak eguneratuak izatea.
c) Familia unitatea osatzen duten kideak.
d) Udalerri honetan eta besteetan zenbat erreguren jabe diren, baita errentan edo beste titulu baten bidez dauzkatenak ere.
e) Hirilur aberastasunaren oinarri zergagarriak, Kontzeju honetan zein bertzeetan, behar izanez gero.
f) Azienden gaineko kapital zergagarriak, edo aziendaburu kopuruak, Kontzeju honetan zein bertzeetan.
g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentakoak.
h) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Aitorpena edo Ogasunak luzatutako ziurtagiria, horretatik salbuetsia dagoela baiesten duena.
Aipatu zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Kontzejuak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatzeko.
35. artikulua. Herritarrendako zuzeneko aprobetxamendurako eskaerekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu behar da eta bertan honako datu hauek bildu:
a) 34. artikuluko a) eta b) ataletan zehazten dena.
36. artikulua. Lehen bi aprobetxamendu moduetako lurzatiak esleitzeko gertatu diren baldintzei eutsi behar zaie esleipenaldi osoan eta gerta litezkeen aldaketen berri Undioko Kontzejuari eman beharko zaio.
37. artikulua. Undioko Kontzejuak onartuen zerrenda onetsiko du osoko bilkuran, eta Kontzejuaren iragarki oholean emanen da argitara, egoki juzkatzen diren alegazioak egiteko. Alegaziorik aurkezten bada, haiek ebatzi eta behin betiko zerrenda onetsiko da. Alegaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
38. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamendurako eta herritarrendako esleipenerako eskubidea duten familia unitateko herritar titularren behin betiko zerrenda ateratakoan, Kontzejuak zehaztu eginen ditu lurzati-loteak, haien ezaugarriak, azalerak, lur-saria eta abar emanez.
IV. KAPITULUA
Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan
39. artikulua. Undioko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herrilurra hobetzea.
c) Lur-trukeak, salmentak, lagapenak eta abar.
d) Gizarterako proiektuak egitea.
V. KAPITULUA
Beste araudi batzuk betetzea
Lurzatien esleipen hartzaileek, edozein dela ere hartu duten esleipen mota (lehentasuneko esleipena, zuzeneko esleipena edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea edo enkante publikoan esleitzea), atal honetako hurrengo artikuluetan zehaztutakoa bete beharko dute.
40. artikulua. Herrilurretako lurzatien esleipen hartzaileek uztondoak erretzea urtero arautzen duen foru aginduak aurreikusitakoa bete beharko dute.
41. artikulua. Herrilurretako lurzatien esleipen hartzaileek landalurretan aire zabaleko lastategiak paratzea arautzen duen udal ordenantzan ezarritakoa bete beharko dute.
42. artikulua. Bideen erabilerari dagokionez, Kontzejuaren ordenantzan ezarritakoa beteko dute herrilurretako lurzatien esleipen hartzaileek.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
43. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira ondoko hauek:
a) Lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzea.
b) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
c) Aprobetxamenduaren kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
d) Laborantza iraunkorrak (fruta arbolak, zainzuriak etab.) Kontzejuaren baimenik gabe landatzea.
e) Bertze lurzatietatik bereizteko ezpondak laboratzea.
f) Bideak edo lur larre utziak lantzea.
g) Agiriak faltsutzea edo ondasunak nahiz datuak ezkutatzea, horiek funtsezkoak baldin badira lehenbiziko bi aprobetxamendu motak emateko.
h) Uztondoak erretzea arautzen duen foru aginduan ezarritako epetik kanpo uztondoak erretzea.
i) Esleipenetako epeak ez errespetatzea.
j) Lastategiei buruzko ordenantzan ezarritakoa ez betetzea.
k) Bideen erabilerari buruzko ordenantzan ezarritakoa ez betetzea.
44. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
a), c), d) eta g) arau-hausteetan, esleipena galduko da.
i) arau-haustearengatik, herrilurren esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.
Gainerako arau-hausteetan, zein den egindako kaltearen balioa, haren halako bost eta hamar artekoa ordainduko da. Kopuru hori ezin zehaztu bada, 300,51 euroko isuna ezarriko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Kontzejuko Batzarrak argituko ditu.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1312744
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
