187. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

700/2013 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Fiteron Majarrascas adarreko abelbidea, ardandegiaren handipenak ukitutakoa, lehengoratzeko proiektuaren jendaurreko aldiari hasiera ematen diona.

Gobernuaren 2011ko urtarrilaren 24ko Erabakiaren bidez, abelbideetan andeatuta zeuden mugarriak edo desagertuta zeudenak sailkatu edo berrezarri ziren hainbat udalerritan, besteak beste Fiteron. Atzeman zen Fiteroko ardandegi kooperatiba handitzeko obrek (egun Bodegas Ontañónen jabetzakoak), zati batean ukitzen zutela Majarrasas adarra, zeinek trazadura eta deskripzioa lan horretan sarturik baitzituen.

Ukipenaren soluzioa ardandegiaren jabeekin adostu zen, okupatutako azalera konpentsatu behar baitzen antzeko ezaugarriak zituen beste batekin, premisa izanik trazadurak jarraipenari eustea eta Majarrasca adarra abelbide gisa erabili ahal izatea.

Trazaduraren jarraipena eta egokitasuna bermatzeko, beharrezkoa izan da Fiteroko Udalak esku hartzea, hura baita lehengoratu beharreko zenbait lurzatiren titularra. Proposatutako trazadurak Plangintza eta Laguntza Atalaren aldeko txosten teknikoa dauka, hori baita Nafarroako abelbideak kudeatzen dituen unitatea.

Desafektazio eta trukaketa tramiteak bukatuta Udalaren eta ardandegiaren artean, Bodegas Ontañónek behar bezala frogatu du abelbidea osatuko duten lurren erabilgarritasuna, jabetzako eskriturak aurkeztuz, zeinetan frogatzen baita, halaber, lurzati horiek karga guztietatik libre daudela.

Trazadurako aldaketa txikia da. Izan ere, ardandegiaren instalazioek okupatutako azaleraren ordez, beste bat emanen da Fiteroko abelbideak sailkatzeko 2011ko proiektuan Majarrasas adarrerako deskribatutako trazaduraren ondoan. Aldaketaren akordioak, bakarrik, bi jaberi eragiten die: Bodegas Ontañón eta Nafarroako Gobernua.

Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 10. artikuluko 2. puntuak zehazten du abelbide baten trazadurako aldaketak jendaurrean eduki behar direla, baita aldez aurreko entzutea eman ere, hilabete batez.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Fiteron Majarrascas adarraren trazadura lehengoratzeko proiektua jendaurrean edukitzea eta entzutea ematea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egoitzan egonen dira ikusgai lehengoratzeko planoak (Gonzalez Tablas, 9, Iruña), hilabete batez, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Iruñean, 2013ko irailaren 12an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1312758