2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BEASOAIN-EGILLOR
Herrilurretako baratzeak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena
Beasoain-Egillorko Kontzejuak, 2012ko ekainaren 20an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen herrilurretako baratzeak arautzen dituen udal ordenantza.
Egillorren, 2013ko ekainaren 20an.–Kontzejuburua, David Campion Ventura.
HERRILURRETAKO BARATZEEN ORDENANTZA
Ordenantza honen xedea da herrilurretan familiendako diren baratzeen esleipena eta aprobetxamendua arautzea, urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat.
1. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak familiendako baratzeak eslei diezazkieke eskaera egiten duten familia unitateetako titularrei.
2. artikulua. Ondoko artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateak izanen dira herrilurretan familiendako diren baratzeen onuradunak. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira.
3. artikulua. Familia unitateko titularrak baldintza hauek bete behar ditu:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.
c) Herrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.
d) Beasoain-Egillorko Kontzejuarekin dituzten betebeharrak egunean izatea.
4. artikulua. Familiendako baratzeak norberak zuzenean landuko ditu, eta ezin izanen zaizkie beste batzuei errentan eman, ez eta beste formula batzuen bidez eman ere. Esleipen-hartzaileak edo familia unitateko kideek zuzenean egiten dutena izanen da lur lantze zuzen eta pertsonala. Gerora ezintasun fisikoren bat sortzen denean edo lurra norberak lantzea eragozten duen aldi bateko beste arrazoiren bat izaten denean, Kontzejuari jakinaraziko zaio, konponbiderik egokiena baimen dezan.
5. artikulua. Herriko bizilagun izaera edo bizilekua galtzen bada, edo ordenantza honen 3. artikuluan aipaturiko egoeretakoren bat izaten bada, familiarendako baratzea erabiltzeko eskubidea galduko da. Era berean, lurra norberak zuzenean lantzea eragozten duen ezintasun fisikoren bat edo beste arrazoiren bat dagoenean ere galduko da baratzea erabiltzeko eskubidea. Kontzejuak ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat noiz dagoen erabakitzeko ahalmena du. Baratzea lagatzen duten onuradunei baratzea erabiltzeko aukera kenduko zaie esleipen epeari geratzen zaion denborarako.
6. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.
7. artikulua. Kanona 30 eurokoa izanen da 110 metro karratuko baratzerako eta urtebeterako. Beste azalera bat duten unitateen kasuan proportzioaren arabera eginen da kalkulua. Kanona urterako eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera. Kontzejuak baldintza bereziak ezar ditzake (urteko ordainketa salbuestea edo geroratzea), langabeak izanez gero edo inguruabar bereziak frogatuz gero, eta eskaera egiten badute. Hasierako urtean 30 euroko fidantza jarriko da, eta kontzesio aldiaren amaieran itzuliko da edo jarduera borondatez uzten denean, dagokion urteko azaroaren 1a baino lehen jakinarazten bada.
8. artikulua. Familiendako baratzeetan ezin da inolako etxolarik edo eraikinik egin, eta baratzeetan ez da zilegi izanen animaliak, etxekoak izan ala ez, edukitzea eta bertan egotea.
9. artikulua. Lurzatia baratzeko laboreak edo loreak izateko soilik izanen da, modu ekologikoan landuz, eta espresuki debekatuta dago nekazaritza ekologikoaren arloan indarra duen legediak baimendu gabeko belar-hiltzaileak, pestizidak eta ongarri kimikoak erabiltzea. Baratzeak heskai bidez soilik bereizten ahalko dira. Gehienez ere 50 zentimetroko garaiera izanen du heskaiak.
10. artikulua. Ezin izanen da egin zementutik eratorritako gaiak edo eraikuntzako beste material batzuk erabiltzea eskatzen duen inolako obrarik. Baratzeen perimetroan soilik baimenduko da hesia.
11. artikulua. Hasiera batean, baratze bat esleituko da familia unitate bakoitzeko, baina, baratze batzuk eman gabe gelditzen badira, besteren bat esleitzen ahalko zaie eskaera egiten duten familia unitateei, familia unitatearen errentari eta unitateko kideen kopuruari jarraikiz ezartzen den lehentasun hurrenkeran. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen agiriak aurkezteko eska dezake Kontzejuak. Baratze gehigarrien kuota 7. artikuluan ezarritako zenbatekoaren erdia izanen da. Beste eskatzaile batzuk agertzen badira, baratze gehigarri horiek berriz zozketatuko dira, baratze gehien dituzten herritarrenetatik hasita, eta eskaera egin eta Kontzejuak eman ondorengo urtarrilaren 1ean laga beharko dira.
12. artikulua. Baratze baino eskaera gehiago izanez gero, eta Kontzejuak ezin baditu herrilurrak prestatu eskaera guztiei erantzuteko, eskatzaileen zerrendatik kenduko ditu familia unitate osoa batuta errentarik altuenak dituzten familia unitateak.
13. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakirik, iragarki oholean iragarkia jarriko da, ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritar interesdunek familiendako baratzeak eska ditzaten, 15 egun balioduneko epean, ediktua argitaratu eta biharamunetik hasita.
14. artikulua. Epea bukatutakoan, eskatzaileen behin-behineko zerrenda onetsiko du Kontzejuak, eta 15 egun baliodunez iragarki oholean ikusgai jarriko da, akatsak zuzendu edo alegazioak egin ahal izateko.
15. artikulua. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada, eskatzaileen behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da besterik gabe. Alegaziorik edo akatsik bada, Kontzejuak horiek ebatzi ondoren onetsiko da behin betiko zerrenda.
16. artikulua. Herrilurretako baratzeak erabiltzeko eskubidea duten familia unitateetako titularren behin betiko zerrenda ikusirik, esleitu eginen ditu Kontzejuak baratzeak. Familiendako baratzeak esleiturik, onuradunen eta dagozkien baratzeen zerrenda, Kontzejuak onetsia, jendaurrean edukiko da 15 egunean, Kontzejuko iragarki oholean.
17. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurka alegaziorik bada, horiek ebatzirik, Kontzejuak behin betikotzat joko du herrilurretan familiendako diren baratzeen esleipena.
18. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako gertaera hauek:
a) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.
b) Aprobetxamenduaren kanona Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Aprobetxamendua nabarmen gaizki eta ez osorik egitea.
d) Baratzea esleitua duen xederako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Esleipenaren epeak ez errespetatzea.
f) Baratzeak trukatzea Kontzejuaren baimenik gabe.
h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
19. artikulua. Aipatu diren arau-hausteak zehatuko dira baratzea erabiltzeko eskubidea galduz esleipen epeari geratzen zaion denborarako.
Iragarkiaren kodea: L1312526