2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARBEITZA
Auzalanaren ordenantza. Behin betiko onespena
Arbeitza Kontzejuaren Batzarrak, 2013ko otsailaren 21ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herritarren auzalanaren ordenantza, eta jendaurrean eduki zuen iragarkia 2013ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, maiatzaren 22an. Inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Arbeitzan, 2013ko irailaren 19an.–Kontzejuko burua, José Eduardo Ripa Lizarraga.
AUZALANAREN ORDENANTZA
1.–Auzalanaren ordenantza ezarri da Arbeitzako herri honetan, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluetan ezarritakoaren bidez.
2.–Hemezortzi urtetik eta berogeita bortz urte bitarteko kideak dituzten familiek egin behar dute auzalana.
3.–Auzalana egiteko, familiatzat hartuko da kide bakarreko nahiz gehiagoko familia, baldin eta Bizilagunen Udal Erroldan familia unitatea osatzen badute, eta etxebizitza edo etxe batean bizi badira.
4.–Beharturik dauden familiak Udal Erroldan erroldaturik daudenak dira.
5.–Familia bakoitzeko kide batek eginen du auzalana.
6.–Auzalana urtean gehienez ere sei egunetan eginen da, eta inoiz ez hiru egun elkarren segidan baino gehiago.
7.–Auzalanean bertze pertsona egoki batek egiten ahalko du ordezkapena, familia desberdinetakoa edo bertze herri batekoa bada ere, edo horren ordez hogeita hamar (30) euro/eguna-ren pareko zenbatekoa ordainduta, auzalanean huts egiten den egun bakoitzagatik.
8.–Ordenantza honetan jasotzen ez diren egoerak legearen edo herriko ohituraren arabera arautuko dira.
Iragarkiaren kodea: L1313009