182. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZARRAKAZTELU

Deialdia, Zarrakazteluko Udaleko zerbitzu anitzetako eta mantentze lanetako lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Zarrakazteluko Udalak, 2013ko abuztuaren 1ean egin bilkuran, erabaki zuen onestea zerbitzu anitzetako eta mantentze lanetako lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko hautaproben deialdia eta haren oinarri arautzaileak.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako eta mantentze lanetako lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten langileendako.

1.2. Lanpostuak, D mailakoa baita, maila horretako ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatuari jarraikiz, eta hartan aritzeko izendatzen denak Zarrakazteluko Udaleko langileei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta administrazio organo eskudunek edozein mementotan alda dezakete.

1.4. Izendatzen den izanagia Udalaren erranetara egonen da, bere zerbitzuak eskatzen zaizkionerako.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Izendatua gertatzen denak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

–Zerbitzuko eginkizunez alkate udalburuak ematen dituen aginduak bete eta betearaztea.

–Zerbitzu anitzetako alorreko lanei, orotariko obrei, Nafarroako Enplegu Institutuarekiko lankidetzari, Gizarte Lan Babestuari, bergizarteratzeari eta abarrei atxikitako langileen erantzule zuzena izanen da.

–Ibilgailuak gidatzea.

–Bere esku dituen langile guztien artean lan eta egiteko guztiak antolatu, banatu eta kontrolatuko ditu, eta haien errendimendua ere gainbegiratuko du. Orobat, horiek erabiltzen duten materialaren ardura ere izanen du.

–Kontrolatuko du langileak lanera etortzen diren, puntual etortzen diren eta ordutegia betetzen duten, eta hutsik ikusten badu horren berri emanen dio Alkatetzari edo hark izendatzen duenari.

–Udalaren instalazioetako atezainen lanak eta funtzionamendua koordinatuko ditu, eta Udalaren zerbitzuak emateko kontrataturiko enpresen funtzionamendua gainbegiratuko, oihan ustiategien mantentze lanak barne (makaldiak eta bertze batzuk).

–Estolderiari eta euri urei dagozkien lanen eta funtzionamenduaren kontrola eginen du.

–Berdegune publiko eta jolas eremuetako mantentze lanak antolatu eta kudeatuko ditu.

–Eratzen ahal diren lantalde guztiak koordinatuko ditu, zerbitzua hobeki kudeatu eta eraginkorrago izan dadin.

–Alkatearekin eta/edo Hirigintza eta Obra Batzordeko buruarekin bat etorrita, egin beharreko lanen ordena ezarriko du.

–Bere zerbitzuko makineria guztiak, erremintak, ibilgailuak etab. zaindu eta kontrolatuko ditu.

–Materialak, lan egiteko arropa, etab. erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzeko ardura izanen du.

–Gainera, zerbitzu anitzetako langileen lanak, albaranak eta fakturak gainbegiratu, antolatu eta kontrolatuko ditu.

–Laneko segurtasun eta higieneko arauak kontrolatuko ditu.

–Bere lanpostuaren mailaren eta kategoriaren barrenean manatzen zaizkion guztiak, baita laneko organigraman agertzen direnak ere.

3. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

3.1. Oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zarrakazteluko Udalaren zerbitzuko E mailako lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) E mailan bortz zerbitzu urte egiazki egin izanaren egiaztagiria.

d) Goi mailako Batxilergoko titulua edo 2. graduko Lanbide Heziketakoa edo baliokidea edukitzea.

Titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan 8 urteko antzinatasuna izatea frogatu beharko da.

e) B-1 motako gidabaimena edukitzea.

Baldintza horiek eskabideak aurkezteko unean beharko dira frogatu.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Zarrakazteluko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina eta azken eguneko 14:00ak arte, eta egun hori baliogabea bada, balioduna den hurrengora arte. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta okerrik egin badute, haiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko.

6. oinarria.–Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Constantino Alfaro Cortes, Zarrakazteluko Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–Mahaikidea: Juan Jiménez Gabari, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–Mahaikidea: Luis Usoz Josue, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–Mahaikidea: Hugo Preciado, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–Mahaikidea: José Joaquín Garde Musgo, Zarrakazteluko Udaleko arkitekto teknikoa.

–Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–Mahaikidea: langileen ordezkari bat, izendatzekoa.

–Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

–Mahaikide idazkaria: Begoña San Martín Amor, Zarrakazteluko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

Gero, epaimahaiak garaiz emanen ditu argitara hurrengo probak egiteko iragarkiak, araudiaren arabera.

8. oinarria.–Lehiaketaldia.

Ondotik heldu den baremoaren arabera baloratuko ditu epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egitean aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak, agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatuak izan beharko dute, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

Merezimenduen balorazioa:

a) Zarrakazteluko Udalean zerbitzu egiteagatik. E mailako enplegatuaren lanpostuan: 1,5 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu.

b) Deialdiaren gisako eginkizunetan aritzeagatik: puntu 1 urteko, eta gehienez ere 5 puntu.

c) Prestakuntza ikastaroengatik, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia badute: 10 ordutik 35era bitarteko ikastaroak, 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko; 36 ordutik 80ra bitarteko ikastaroak, 0,50 puntu ikastaro bakoitzeko; 80 ordutik goitiko ikastaroak, puntu 1 ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu, guztira.

Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak Herriko Etxeko iragarki oholean jarriko dira ikusgai.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai paratuko du oposizioaldira onartutako izangaien zerrenda Zarrakazteluko Udalaren iragarki oholean, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.

9. oinarria.–Oposizioaldia.

Ondoko ariketak egin beharko dira oposizioaldian:

Lehenbiziko proba.–Ariketa teorikoa.

II. eranskineko gai-zerrendako gaiez zenbait galdera labur edo test motakoak erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere bi ordutan. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Proba honetan gehienez ere 45 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 22,50 puntu erdietsi behar dira.

Bigarren proba.–Ariketa praktikoa.

Hiru kasu praktiko egin beharko dira, II. eranskinarekin ikusteko duten ezagutzak eta makinekiko trebetasuna baloratzeko. Proba honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira.

Ariketa egiteko unean erabakiko du epaimahaiak haren gehieneko iraupena, baita proben ordena eta haiek egun berean edo gehiagotan eginen diren ere.

Oposizioaldiko kalifikazioa.–Oposizioaldiko ariketetan izangai bakoitzak lortzen duen puntuazioa epaimahaiko guztiek emandako kalifikazioen banaz-bertzeko aritmetikoa izanen da. Epaimahaikoek emandako puntuazioen artean hiru puntuko aldea edo handiagoa egonez gero, kalifikaziorik handiena eta txikiena bertzerik gabe baztertuko dira, eta gainerako kalifikazioak erabiliko dira banaz-bertzekoa lortzeko.

10. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Zarrakazteluko Udaleko iragarki oholean, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du.

10.2. Epaimahaiak Zarrakazteluko Udalaren osoko bilkurari igorriko dio puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena.

11. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Zarrakazteluko Udaleko alkateak, ebazpen baten bidez, Udaleko zerbitzu anitzetako D mailako enplegatu izendatuko du puntuaziorik handiena erdietsi duen izangaia.

11.2. Izendatzen den izangaiak karguaren jabetza hartu beharko du hilabeteko epean, izendapenaren jakinarazpenetik aitzina. Epe horretan, eta ezinbertzeak salbu, jabetza hartzen ez badu, zerbitzu anitzetan eta mantentze lanetan espezializaturiko D mailako enplegatuaren kategoria erdiesteko eskubide guztiak galduko ditu, eta horrela gertatuz gero, alkateak probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin beteko du hutsunea.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen kontra para daiteke errekurtso arrunta, hilabeteko epean, eta horren ebazpenaren eta deialdiaren, haren oinarrien eta egintzen kontra, berriz, para daiteke, hautara, berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua; edo bertzenaz, administrazioarekiko auzi-rrekurtsoa, Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiko arloko bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina; edo bertzenaz, gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Zarrakaztelun, 2013ko abuztuaren 28an.–Alkate udalburua, Constantino Alfaro Cortes.

I. ERANSKINA

Izena: ......................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ............., jaioteguna: ........., jaioterria: ............., helbidea: ..............; telefonoa: ......... zure aurrean agertu eta azaltzen dut:

Zerbitzu anitzetako eta mantentze lanetako lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Galdatzen den titulazioa dudala.

Baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Horrenbertzez, eskabide hau onar dezazun eskatzen dizut , eta lanpostu hori betetzeko probretara onar nazazun.

(Eguna eta sinadura)

ZARRAKAZTELUKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan.

2. gaia.–Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko Bilkura, Tokiko Gobernu Batzarra, Alkatea. Bilkuren araubidea.

3. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa: Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko 31/1005 Legearen eskubide eta betebeharrak (III. kapitulua, 14.etik 29.era bitarteko artikuluak).–Laneko segurtasun eta higienearen arloko neurriak.–Norberaren babeserako ekipoak, istripuei aitzintzea.

4. gaia.–Igeltserotzako oinarrizko ezagutzak. Igeltseroaren oinarrizko erremintak eta erreminta motak ezagutu, erabili eta mantentzea. Eraikuntzako makineria. Lana egiten den toki bakoitzari egokitzea. Segurtasun baldintzak.

5. gaia.–Mekanika oinarrizkoa: mekanikariaren oinarrizko erremintak (mailuak, bihurkinak, giltza motak, zerrak, daratulua...) ezagutu, erabili eta mantentzea. Sarrailgintzako oinarrizko lanak (ate eta leihoen doitzea, sarrailak eta ponpatxoak, metalezko altzarien mantentze lanak). Ibilgailuen eta makineriaren mantentze lanak. Segurtasun arau eta neurriak.

6. gaia.–Iturgintza-berokuntza: iturginaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta zaintzea. Iturgintzako instalazioen mantentze lanak (komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak). Berokuntzako instalazioen mantentze lanak (zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta airea kentzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak). Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

7. gaia.–Oinarrizko elektrizitatea: Elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak...). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak etab.). Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak; kommutadoreak; entxufe oinak, lurreko hargunearekin zein gabe; lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta.

8. gaia.–Lorezaintza: Lorezaintzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (kimatzeko guraizeak, belarra mozteko makinak, aitzurrak...). Lorategiak mantentzeko oinarrizko eragiketak (aspertsoreak jartzea, erregulatzea, funtzionamenduan jartzea, garbitzea...). Lorategirako produktuak aplikatzeko oinarrizko ezagutzak (ongarria, intsektizidak eta bertze). Soropil eta belaien mantentze lanak. Arbola eta zuhaixken mantentze lanak.

9. gaia.–Plano eta agiriak irakurri eta interpretatzea. Udalerriko alderdiak eta izenak: udal mugapeko karrikak, izen ofizialak. Udalaren eraikin eta instalazioak eta haien kokalekua.

10. gaia.–Arduradunaren eginkizunak, lanen antolaketa eta programazioa. Materialaren eta tresnen bilketa. Antolaketa, mantentzea eta entretenimendua.

BARNE ERAENTZA ZERBITZUKO ZUZENDARIA. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARITZA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. IRUÑA.

Iragarkiaren kodea: L1312118