2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZARRAKAZTELU
Deialdia, Zarrakazteluko Udaleko garbiketako lanpostu bat oposizio bidez betetzeko
Zarrakazteluko Udalak, 2013ko abuztuaren 1ean egin bilkuran, erabaki zuen onestea garbiketako lanpostu bat betetzeko hautaproben deialdia eta haren oinarri arautzaileak.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da garbiketako lanpostu bat, lanaldi erdikoa eta lan-kontratu finkoarekin betetzea, Zarrakazteluko Udalaren eraikinak garbitzeko zerbitzuan ari dadin.
1.2. Halaber, deialdi honen bidez prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda osatu nahi da, bertzeen erialdiak eta oporraldiak betetzeko, deialdi honen 10 eta 11. arauetan xedaturikoarekin bat.
1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.4. Lanpostuak E mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenaren arabera, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
1.5. Hautatzen diren pertsonek bete beharreko eginkizunetan hauek daude, bertzeak bertze: eraikin eta lokaletako zoruak eta altzariak garbitzea, haien higienizazioa eta kontserbazioa bermatzeko teknika, lanabes eta produktuak erabiliz eta laneko segurtasun eta osasunaren arloan aplikatzen ahal den araudiarekin bat, eta, orokorrean, gaur egun nahiz etorkizunean E mailari dagozkiokeen lanak, baldin badira ofizio eta lanbideen eta maneiatzen diren erreminta eta lanabesen bilakaeraren ondoriozkoak eta egiten diren zerbitzuen antolakuntza sistemetan izaten diren aldaketen ondoriozkoak.
1.6. Deialdia ondoko hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta betearazi beharrez Administrazio Publikoetan Sartzeko emandako Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako oinarriak.
2. Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
2.2. Izangaien betebeharrak:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.
Orobat, hartzen ahal dute parte espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak baina haien kontura bizi direnak.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.
c) Eskola Agiria edo horren baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.
2.3. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela frogatu beharko dute, deialdi honetako 8. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.
3. Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Zarrakazteluko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte. Egun hori baliogabea edo larunbata bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea. Eskabideak deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Eskabidearekin batera nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Zarrakazteluko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoan, Zarrakazteluko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5. Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.
5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
–Mahaiburua: Zarrakazteluko Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
–1. batzordekidea: Juan Jiménez Gabari. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
–2. batzordekidea: Luis Usoz Josue. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
–3. batzordekidea: Hugo Preciado. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
–4. batzordekidea: langileen legezko ordezkari bat. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
–Mahaikide idazkaria: Begoña San Martín Amor, Udaleko idazkaria. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6. Oposizioaldia nola eginen den.
6.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da oposizioa.
6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko ariketak non eta zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Herriko Etxeko iragarki oholean emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.
7. Oposizioa.
7.1. Oposizioak ondoko proba hauek izanen ditu, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira bertan.
7.2. Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:
7.2.1. Lehen ariketa: hainbat aukerako galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, zenbakietarako eta ortografiarako gaitasuna neurtzeko. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lor daitezke.
7.2.2. Bigarren ariketa: hainbat aukerako galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik, II. eranskineko gaien gainean. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lor daitezke.
7.2.3. Izangaiek arkatza, bolaluma eta borragoma ekarri beharko dituzte. Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, baina kalkulagailua bai.
7.2.4. Lehen probak gehienez ere 75 puntuko balorazioa izanen du; hura bi ariketen gehieneko puntuazioen batura izanen da. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
7.3. Bigarren ariketa. Proba psikotekniko bat edo gehiago egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da. Probaren gehieneko balioa 25 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak.
7.4. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Haien iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aitzin.
7.5. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioko proba guztiak, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Bazterturik geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak.
7.6. Hauta-probak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
8. Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Zarrakazteluko Udalaren iragarki oholean, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari. Puntuazio osoetan berdinketarik izanez gero, lehen probako bigarren ariketan puntu gehien erdietsi duenaren alde trenkatuko da.
8.2. Emaitzak argitara eman eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean:
a) Deialdiaren 2. puntuan eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.
b) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.
c) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena, deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei jarraikiz.
d) Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.
e) Hala behar badu, Zarrakazteluko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
8.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, izan dezaketen erantzukizuna ukatu gabe.
8.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasuan, Zarrakazteluko Udalak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 8.1 atalean aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua.
9. Kontratazioa.
9.1. Hautapen prozedura amaitu eta puntuaziorik handiena atera duenak aitzineko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratazioa eginen du.
9.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Hautatzen den pertsonak kontratua sinatu beharko du hilabeteko epean, oposizioaren emaitza jakinarazten denetik. Epe horretan, eta ezinbertzekoetan salbu, kontratua sinatzen ez badute, kontratatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Halakoetan, deialdiko 8 atalean ezarritakoari lotuko zaio.
10. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarri denarekin bat, Zarrakazteluko Udaleko alkate udalburuak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko dira, deialdi honen 11. puntuan ezarritako prozedurari jarraikiz.
–Probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.
–Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.
11. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.
Epaimahaiaren espedientea jasota, Zarrakazteluko Udaleko alkate udalburuaren ebazpen baten bidez, hautaprobak gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituztenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:
a) Deialdiaren 2. puntuan eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.
b) Hala behar badu, Zarrakazteluko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak, aski justifikatutako ezinbertzekoetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.
Agiriak aurkezteko epea bururaturik, Zarrakazteluko udaleko alkate udalburuaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, hala behar badu, aldi baterako kontratazioa egiteko zerrenda hauek:
1. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
2. Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.
Oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, eta gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, halakoxea izanen da lehentasuna aldi baterako kontratazioa egiteko zerrendetan.
12. Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, bertzeak bertze, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.
Orobat ematen zaie aditzera izangaiei bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena bertze administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.
Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan ez ezik, Zarrakazteluko Herriko Etxeko iragarki oholean.
Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan erabiltzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.
13. Baliabideak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Zarrakaztelun, 2013ko abuztuaren 28an.–Alkatea, Constantino Alfaro Cortes.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: ........................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ............., jaioteguna: ........................................., jaioterria: ....................... (..............), helbidea: ............................. (............................), karrika: .........................................................................., zenbakia.: ......, solairua: ........., posta kodea: ..........., telefonoa: ............,
AZALTZEN DUT:
Onartua izatea eskatzen dudala Zarrakazteluko Udaleko garbiketako lanpostu bat lanaldi erdian oposizioaren bidez betetzeko deialdian, .........(e)ko .... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hartan, haien oinarriak ezagutu eta espresuki onartzen baititut.
Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, ezarritako denboran eta moduan.
Aurkezten dudala nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.
Horiek horrela,
ESKATZEN DUT:
Eskabide hau tenorez eta moduz aurkeztutzat harturik, onartua izatea Zarrakazteluko Udaleko garbiketako lanpostu bat oposizio bidez eta lanaldi erdian betetzeko deialdian.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
ZARRAKAZTELUKO UDALEKO ALKATEA.
II. ERANSKINA
Lanbideko gaiak
1. Garbiketa prozesu batean sartzen diren elementuak.
a) Garbiketa, zikinkeria, desinfekzioa eta higienea.
b) Paramentuak, zoruak eta sabaiak estaltzen dituzten materialak: motak eta behar duten tratamendua.
c) Altzariak: motak eta behar duten tratamendua.
d) Kristalezko azalerak: motak, kristalen ezaugarriak eta zikinkeria motak.
e) Komunen garbitasuna: komun-ontzien, osagarrien eta ispiluen higienizazioa eta desinfekzioa.
f) Garbitzeko lanabes eta/edo erremintak. Motak eta erabilerak.
g) Aise erabiltzen diren aparatu elektro-mekanikoak: xurgagailuak edo gisakoak.
h) Garbitzeko produktuak: motak, manipulazioa, dosifikazioa, biltegiratzea eta etiketak paratzea.
i) Produktu kimikoak garbiketan.
2. Zoruak, paretak eta sabaiak garbitzeko prozedura eta teknikak: erratza pasatzea, erratz hezea pasatzea, aspiratzea, fregatzea, hautsa kentzea.
3. Eraikin eta lokaletako kristalak garbitzeko teknikak: Barnetik eta kanpotik garbitzea.
4. Garbiketa lanaren antolaketa: eginkizunak, denbora eta espazioa.
5. Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aitzintzea; norbera babesteko ekipoak.
6. Hondakin eta zaborren sailkako bilketa: sailkapena eta tratamendua.
BARNE ERAENTZA ZERBITZUKO ZUZENDARIA. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARITZA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. IRUÑA.
Iragarkiaren kodea: L1312117