2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZKOIEN
Gazte etxearen funtzionamenduaren eta erabileraren gaineko udal ordenantza. Behin betiko onespena
Azkoiengo Udalak, 2013ko ekainaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Gazte etxearen funtzionamendua eta erabilera arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2013ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 10ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Azkoienen, 2013ko abuztuaren 28an.–Alkatea, M.ª José Vidorreta Alfaro.
UDAL ORDENANTZA, AZKOIENGO GAZTE ETXEAREN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA
Azkoiengo Gazte etxea martxan jarri zenetik urte batzuk pasata orain beharrezkotzat jotzen da zenbait gai arautzea zentroaren behar bezalako erabilera eta erabiltzaileen portaera egokia bermatzeko, muturreko kasuetan erabiltzaileak kanporatzeko ahalmenak erabiliz, horiek gainerakoen erabilera egokia galarazten badute.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Lokalaren izena eta kokapena.
Instalazioak, Azkoiengo Gazte etxea izena dutenak, Azkoiengo Udalak herriko Daban kaleko 22 behean dituen egoitzetan egonen dira. Obrak edo bestelako inguruabarrak direla-eta, noizbehinka behin-behineko instalazioetara aldatzen ahalko dira.
2. artikulua. Xedeak.
2.1. Gazte etxea leku komunitarioa da herriko gazteak topatzeko.
2.2. Gazte etxea sortu da 13tik 17 urte bitarteko gazteak aisialdirako toki bat hornitu beharrez.
2.3. Gazte etxea irekitzearen xedea da gazteendako zerbitzu eskaintza handitzea; izan ere, hori tokia izan daiteke gazteak elkartu, haien esperientziak trukatu, mahai-jokoak erabili eta abarrerako.
Gazte etxean eginen diren jarduerak:
- Interneteko lotura duten 5 ordenagailuak erabiltzea.
- Mahai jokoak, xakea, dama txinatarrak, partxisa, kartak eta abar.
- Mahai-futbola, ping-ponga eta abar.
- Erakusketak.
- Telebistako programak ematea.
3. artikulua. Funtzionamendu arau orokorrak.
3.1. Azkoiengo Udalak emandako karneta duten gazteek lokala irekitzen ahalko dute nahi dutenean, betiere ezarritako ordutegiaren barnean. Hala ere, eskubide horrek berekin ekarriko du horren arauak betetzea eta ez betetzearen ondorioz aipatu eskubidea galduko da, erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiz.
3.2. Zentroan egindako jarduera guztietarako jarduerarekin bat datozen materialak erabili beharko dira eta ezin izanen dira aldatu Gazte etxeko ondasun higigarriak eta higiezinak.
3.3. Debeku da substantzia psikotropikoak hartzea, erretzea eta edari alkoholdunak edo janaria sartzea, salbu eta jarduerak horixe eskatzen badu.
3.4. Gazte etxean sartzea debekatuko zaie hordi itxuran edo bertzelako drogen eraginpean dauden gazteei.
3.5. Gazte etxean ezin izanen da jarri tabakoa eta/edo edari alkoholdunak kontsumitzera bultza dezakeen publizitatea.
3.6. Ezin izanen dira kartelak eta/edo esku-orriak paratu baimenik gabe.
3.7. Ezin izanen dira jokoak kalera atera.
3.8. Salmenta makinetako edariak lokalaren barnealdean hartu beharko dira.
3.9. Joko guztiak bildu beharko dira erabiltzen bukatu ondoren.
3.10. Aulki guztiak berriro jarri beharko dira erabili ondoren.
4. artikulua. Jarduketak eta portaera.
Instalazioak eta ekipoak behar bezala erabili beharko dira.
Gazte etxearen erabilera bertan behera uzten ahalko da honako arrazoi hauengatik:
–Nahita gaizki erabiltzeagatik.
–Liskarrengatik edo jokabide txarra agertzeagatik.
–Erregelamenduzko arauak ez betetzeagatik.
Hori guztia erregelamendu honetan ezarritako arau-hauste eta zehapenen arabera.
5. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.
Udalak kontratu bat sinatuko du Gazte etxeko jarduketak estaltzeko.
II. TITULUA
Zehapenen araubidea
6. artikulua. Betebeharrak ez betetzea.
Behar den espedientea abiatuta zehapenak ezarriko zaizkie pertsona nahiz taldeei, betetzen ez badituzte erregelamendu honetan jendetasunaren, bizikidetzaren eta erabileraren aldetik biltzen diren arauak.
Gurasoak izanen dira jokabide horien erantzule.
Toki araubideari buruzko araudian ezarritakoa aplikatzeko ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoez aparte, honako hauek hartuko dira berariazko zehapentzat:
6.1. Gazte etxearen erabili ezina behin-behinekoz.
Zehapen hori aldez aurreko ohartarazpen baten ondotik ezarriko da, eta ez betetzearen larritasunaren norainokoaren arabera; alde horretatik graduazio hau izanen da:
–Arau-hauste arina: hiru aste bitarte erabili ezina.
Arau-hauste arinak izanen dira erregelamendu honetan larritzat edo oso larritzat hartzen ez direnak.
–Arau-hauste larria: denbora batean (3 astetik urtebetera bitarte) erabili ezina.
Honako hauek arau-hauste larritzat hartuko dira:
- Gazte etxean eta/edo hango altzarietan edo Udalaren bestelako areto eta instalazioetan kalteak edo hondamenak eragitea.
- Edari alkoholdunak edo bestelako edozein droga Gazte etxean sartzea.
- Gazte etxean dauden pertsonak iraintzea edo mendratzea.
- Arau-hauste arinak berriz egitea, gutxienez hiru aldiz.
Zentroaren arduradunak, kautelaz, zentrotik kanporatzen ahalko ditu hiru egunerako arau-hausteren bat egiten duten gazteak. Kautelazko neurri hori berresten ahalko da espedientea tramitatu bitartean. Kautelazko etendurako epea ez da inola ere artikulu honetan arau-hauste bakoitzerako aurreikusi den gehienekoa baino handiagoa izanen.
6.2. Gazte etxea erabili ezina behin betikoz.
Hori gehieneko zehapena izanen da eta salbuespeneko kasuetan baino ez da aplikatuko, oso arau-hauste larriengatik. Oso arau-hauste larritzat hartuko da pertsonen askatasunari edo haren osotasun fisiko edo moralari erasotzen diona, baita berriz egitea, gutxienez bi aldiz, arau-hauste larria.
Iragarkiaren kodea: L1312045