2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURILLO EL FRUTO
Aldaketa Herrilarreen aprobetxamendua
arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Murillo el Frutoko Udalak, 2013ko maiatzaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Herrilarreen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.
Onespenaren erabakia maiatzaren 17an argitaratu zen, 2013ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da eta haren testu osoa argitara ematen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.
Murillo el Fruton, 2013ko abuztuaren 23an.–Alkatea, Javier Gárriz Gabari.
ORDENANTZA, MURILLO EL FRUTOKO HERRILURRETAKO LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Murillo el Frutoko herrilurretako larreen aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 158. artikulutik 170.era bitarteko artikuluetan eta Ondasunei buruzko urriaren 18ko 28/1990 Foru Dekretuaren 186. artikulutik 204.era bitarteko artikuluetan ezarritako xedapenak aplikatu eta garatu beharrez.
Bazkatokien gutxi gorabeherako mugak eta luze-zabala INTIAko ingeniari agronomo Jesús M.ª Mangado Urdanizek sinatutako txostenean, erantsita ematen den horretan, ageri dira:
–Ipar-mendebaldeko bazkatokia. 1.169,95 ha ditu. Mugakideak: iparraldean, Uxueko mugapea; hegoaldean, Murillo el Fruto-Santakara errepidea; ekialdean, Zaraitzu-Murillo el Fruto Altxonbidea.
–Hego-mendebaldeko bazkatokia. 666,39 ha ditu. Mugakideak: iparraldean, Zarrakaztelu-Santakara errepide zaharra; hegoaldean, Aragoi ibaia; ekialdean, errepide bera, eta mendebaldean, Santakarako El Rinconar dermioa.
–Ipar-ekialdeko bazkatokia. 616,84 ha ditu. Mugakideak: iparraldean, Uxueko La Sierra dermioa; hegoaldean, Murillo el Fruto-Uxue errepidea; mendebaldean, Altxonbidea edo Los Cruceros bidea.
–Hego-ekialdeko bazkatokia. 659,26 ha ditu. Mugakideak: iparraldean, Murillo el Fruto-Uxue errepidea eta Uxueko La Oliveta dermioa; hegoaldean, Aragoi ibaia; ekialdean, Aragoi ibaia, eta mendebaldean, Murillo el Fruto-Santakara errepide zaharra.
Errentamendutik baztertu dira pinuekin edo beste zuhaitz batzuekin basoberritutako eremuak, non artzantza galarazia baitago arbolak hazi arte, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuak ezarritakoaren arabera.
2. artikulua. Esleipen moduak.
Herrilarreen aprobetxamendua ondotik ematen diren moduetan eginen da, eta berdin, baterako ustiapen unitatea edo bazkalekua osatzen badute bertze finka partikular batzuekin, ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz:
a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.
b) Enkante publikoaren bidez esleituz.
3. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipena.
Herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak, baldintza hauek betetzen dituzten auzoak edo legez eratutako elkarteak izanen dira:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez lau urteko antzinatasunez. Elkarteen kasuan, egoitza udalerrian izan beharko dute eta kideek antzinatasunaren baldintza bete.
c) Herrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.
d) Onuraduna edo onuradunak zer toki entitateri dauden lotuak, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.
e) Behar adina abelburu izatea Udaleko abeltzaintzako aberastasunaren erregistroan, eskatzen d(ir)en bazkatoki(ar)en azienda-kargaren arabera.
4. artikulua.
Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Aitzineko paragrafoan xedatu denari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan biltzen direnean egiten dena ere; betiere, kideek aitzineko artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.
Esleipen hartzaileak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoan, bertzeren azienda sartzeko baimena eman diezaioke Murillo el Frutoko Udalak larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.
Bertzeren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, bertze espezie batekoak badira.
Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearendako izanen dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 kentzen ahalko zaio esleipen hartzaileari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza saritik.
Ezin izanen da inola ere bertzeren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar esleipen-hartzailearen abelburu kopurua gutitzea.
Murillo el Frutoko Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, larreen aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko.
Bertzeak bertze honelakoetan herrilarreak erabiltzen ez dituztela ulertuko du Udalak:
a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenak.
b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenek, horretara behartuta egonik.
c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.
d) Eskaturik-eta zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bertzelakoak, ezarritako epean aurkezten ez badira.
5. artikulua. Epea.
Esleipen epea hamar urte izanen da, 2014ko urtarrilaren lehenetik hasita.
6. artikulua. Tasazioa.
Azienda kopurua, larreen kalitatea eta luze-zabala, eskortarik baden edo ez eta beste inguruabarrak kontuan hartuta, Udalak hainbestean tasatu du bazkaleku bakoitza:
BAZKALEKUA | TASAZIOA |
Estaldurarik gabe | Estaldurarekin |
Ipar-mendebaldeko bazkatokia | 2.850 euro | 3.200 euro |
Hego-mendebaldeko bazkatokia | 6.600 euro | 6.600 euro |
Ipar-ekialdeko bazkatokia | 4.000 euro | 6.950 euro |
Hego-ekialdeko bazkatokia | 4.550 euro | 8.250 euro |
Herritarrentzako esleipen zuzeneko modalitateko esleipen hartzaileek aitzineko atalean aipatu prezioen ehuneko laurogeita bost ordaindu beharko dute.
8. artikulua. Kanona berrikustea.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, aurreko artikuluan ezarritako kanona aprobetxamenduaren lehen urterako dela ulertuko da, eta artzainek jasotako prezioen aldaketaren arabera erabakiko da kanonaren urteroko eguneratzea, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.
9. artikulua. Kanona ordaintzea.
Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa lauhileko hiru epe berdinetan ordainduko da, lauhileko bakoitzari dagokion likidazioa jakinarazi eta hurrengo hilabetean.
Aipatu epean ordaindu ezean, berandutzagatiko errekargua jarriko da eta, behar bada, premiamendu bidez ordainaraziko da. Hiru epe ordaintzen ez badira, aprobetxamendua ken daiteke.
10. artikulua. Fidantza.
Onuradunak, hitzartutako errentamenduaren zenbateko osoaren ehuneko bat jarri beharko du fidantza moduan, behin betiko esleipenaren ondoko hamabost eguneko epean. Fidantza hori eskudirutan egin daiteke Udalak esandako kontuan edo hark aski jotako banku-abalaren bidez.
11. artikulua. Erreserba.
Ipar-ekialdeko bazkatokia erreserba gisa gelditzen da, auzo onuradun gehiago egon daitezkeelako, eskubidea dutenak. Beraz, hurrengo artikuluetan xedatutakoa aplikatzeko egiten den esleipena behin-behinekoa izanen da, eta esleipenduna behartua egonen da aprobetxamendua uztera baldin ezarritako baldintzak betetzen dituen beste abeltzain bati esleitzen bazaio.
12. artikulua. Osasuna.
Abeltzainek bete beharko dute 11/2000 Foru Legea, azaroaren 16koa, Abereen Osasunari buruzkoa edo, behar bada, hori ordezten duen araudia; eta Abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorra ezartzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretua edo dagokionean aplikagarri den araudia.
Horretarako, osasun ziurtagiria eskuratu beharko du abere osasuneko bulegoetan, eta aipatu Erregelamenduak arautzen duen Erregistroko inskripizioari buruz beharrezko datuak emanen dizkio Udalari.
13. artikulua. Artzantzaren, euriondoen, eskorten eta abarren araubidea.
A) Esleipen hartzaileek euriondoak errespetatuko dituzte, modu honetan: 3 egun lugorrietan martxoaren 1a arte eta 2 egun hortik aurrera. Uztondoetan, lehorreko lur zein ureztalurretan, hiru egun.
B) Mahastiak lugorritzat hartzen dira. Aziendak aprobetxatu ditzake mahatsa biltzen denetik martxoaren 1a arte. Galarazia dago beti aziendak alatzea mahatsondoak sartu eta lehen hiru urteetan, baita mahatsondo batzuk txertatu direnetan ere.
Besorako mahastietan ere beti dago galarazia aziendak alatzea. Olibondoak dituzten finketan ere ez da azienda sartzen ahal.
C) Halaber, laboreen bilketa uzta-makina bidez egin duten finka guztietan, ahotza errespetatu beharko dute, jabeak bildu ahal izan dezan, eta aziendak ez ditu botatzen ahal uzta ondoko hamabortz egunetan. Belarren esleipen hartzaileak baldintza hori bete ahal izan dezan, jabeak, berriz, finka ikur ikusgarriekin markatu beharko du, ahotza bildu nahi duela adierazteko.
Uzta txarra izateagatik lehorreko lurretan ahotzik biltzen ez bada, eta Udalak arrazoia ontzat hartzen badu, abeltzainek aziendak alatu ondoko berrogeita zortzi orduetara paxutara biltzen ahalko dituzte artoak.
D) Herrilurrenak diren eskortetako zimaurra larreen probetxamenduarekin batean esleituko da. Larreen probetxamenduaren esleipen hartzaileak zeuden bezala utzi beharko ditu eskortak, eta ohartzen diren hondaketa guztien erantzule izanen da, non ez diren arrazoi naturalek eraginak.
Bakar-bakarrik ez dira erantzule izanen, kalteak bertze lagun batek eraginak izanik, hurrengo berrogeita zortzi orduetan behar den salaketa aurkezten badute.
E) Herrilurretako finka edo lurzatietan, aziendak ez dira sartzen ahal bertako uzta bildu arte. Hala ere, asmo txarrez artzaintzan nahasmendurik sor ez dadin, eta horrek kalte egin larreen aprobetxamenduari, herrilurretako lurzatien esleipen hartzaileek eta lurzati partikularren jabeek, apartzeroek eta errentariek lurzatian uzta biltzen hasi eta hurrengo hamabost egunetan uztak jaso beharko dituzte oso-osorik; izan ere, ez da inola ere onartzen ahal fruitua finketan uztea, eta hura aitzakiatako erabiltzea, uzta ez dela jaso, alegia, azienda sar ez dadin.
Uzta biltzen ez bada aitzineko lerroaldean erran den datarako, Udalari adieraziko zaio, bilketa eta aprobetxamendua egin ditzan. Hori laborari interesdunaren kontura eginen da berehala, non eta bildu gabeko uzta ezinbertzez jaso ez den, eta Udalak horrela juzkatu, edo probetxagarri ez den, egoera txarrean egoteagatik. Azken kasu horretan, larreen errentaria nahi bezala sartzen ahalko da horrela dagoen lurzati edo finkan, baita bere aziendarekin uzta baliatu ere, inolako erantzukizunik gabe.
F) Luzernetan, abenduaren 1etik otsailaren 1era larratzen ahal dira aziendak udazkeneko eraintza egiten den tokietan izan ezik, azienda ez baita lehen neguan sartzen ahalko. Aziendak erremolatxaren hostoetan alatzen ahal dira, fruitua jaso ez den bitartean.
G) Udako barazkien laborantzetan (tomatea, piperra, pipermina etab.) edo negukoetan (azalorea, kardua, aza etab.) abeltzainak zortzi egun izanen ditu azienda larratzeko, uzta egunetik hasita. Ureztalurretako garagar eta garietan, paxuak egin nahi dituen nekazariak behar bezala markatu beharko du, eta horretarako sei egun izanen. Azken egunetik, abeltzainak hamar egun izanen ditu, aziendak alatzeko. Paxurik egin nahi ez badu, aziendak uzta ondoko hamar egunetan alatzen ahalko dira.
H) Neguko belarretan, bolak berdetan egiten badira, aziendak hogeita lau ordutan alatzen ahalko dira, paxuak jasotzen direnetik. Paxuak idor bilduz gero, mozketen artean ez da sartzerik izanen.
I) Mendiko bazkalekuetako larreen errentamenduko herrilurrak ez dira irailaren 1a baino lehenago goldatzen ahalko. Halaberean, egun horren aitzin ez dira bertze lan edo egiteko batzuk egiten ahalko, abeltzainei esleitutako larreak galarazi edo haiei kalte egiten badie.
Aldiz, zilegi da harri ateratzea, ur-tirak garbitzea edo finkak saneatzea.
J) Lehorreko lurretan, ENP (Europar Nekazaritza Politika) aplikatzeagatik larre uzten diren lurzatiak txiselez goldatzen ahalko dira irailean, eta berriz ere goldatzen ahal apirilaren 25etik aitzina. ENParen araudian aldaketarik izanez gero, goldaketa araudi horretan goldaketaren bukaerarako agintzen den epea baino hogeita hamabortz egun lehenago hasten ahalko da. Hasiera eguna behar bezala iragarriko da.
Zalgeen eta ilar berdeen laborantzetan, ekainaren 30etik aitzina goldatzen ahal da, edo ENPn ezarritako egunetik aitzina.
K) Ureztalurretako bazkalekuetako artoen uztondoetan, aziendak uzta ondoko laugarren egunean alatzen ahalko dira, eta hogeita zazpi egunetan. Garia edo garagarra erein behar bada, aziendek bortz egun izanen dituzte larratzeko, eta horrela jakinarazi behar zaio abeltzainari.
Eguzkilorearen uzta eta gero arau bera aplikatuko da.
Ureztalurretako laboreen uztondoei dagokienez, bazkak edo barazkiak paratzen ez badira, artorako edo eguzkilorerako aipatu den epe berdina izanen da. Bazkak paratu behar badira, aziendak bortz egunetan alatzen ahalko dira.
L) Udala beharturik dago bazkaleku bakoitzaren esleipen hartzailea eskorta batez hornitzera, aziendak gordetzeko, eta idoiez, edatera emateko.
14. artikulua. Herritarrei esleitzeko prozedura.
Lehenbizikoa. Udalaren erabakiaren bidez, aitzinetik erabakia hartuta, epe bat jarriko da eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipen zuzena eska dezaten, aitzinetik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitatearen iragarki oholean.
Bigarrena. Eskabideekin batean, hauek aurkeztuko dira: eskatzailearen eskubidearen ziurtagiriak, eskabide eredua, Ondasunen Erregelamenduaren 204. artikuluak aipatzen duen osasun ziurtagiria, eta eskatzaileak nahi dituen bazkaleku edo alderdien zerrenda.
Hirugarrena. Udalak behin-behineko esleipena eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, bertzeak bertze:
a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia unitateei.
b) Bazkalekuen esleipena bakoitzak jasaten ahal duen larratzeko azienda kargaren arabera eginen da. Lehentasuna emanen zaie bazkaleku oso bateko karga bezainbatsu aziendaburu dituzten abeltzainei.
c) Bazkaleku bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Hola gertatuz gero, kanona abelburuko kalkulatuko da.
d) Abeltzain berari bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko abeltzain guztien eskaerak bete badira.
Laugarrena. 1. Behin-behineko esleipena eginda, entitatearen iragarkien oholean iragarkia jarriko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.
2. Adierazi epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko esleipena behin betikoa izanen da.
Bertzelakoetan, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko esleipenari buruz.
Bosgarrena. Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez ez badira herri larre guztiak esleitzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez esleituko dira hamar urteko eperako, edo herritarren arteko esleipena bukatzeko gelditzen denerako.
15. artikulua. Enkante bidezko esleipena.
Lehenbizikoa.–Udalerri honetako herrilurretako aprobetxamenduak osatzen dituzten bazkalekuei dagokienez herritarrendako zuzeneko esleipenaren prozedura agortuta, enkante publikoaren bidez esleituko dira. Hura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. Tituluko xedapenei eta geroago haien ordez paratzen dituztenei jarraikiz eginen da.
Bigarrena.–Enkanteak erregelamenduzko sesteoa izanen du, eta plegu itxiaren bidez eginen da. Udalak bazkaleku guzti-guztiak zenbatetan tasatu dituen, horiexek izanen dira hasierako prezioak.
Hirugarrena.–Udalarekin edo Foru Diputazioarekin zorrak dituztenek ez dute enkantean parte hartzen ahal.
Laugarrena.–Eskaintzak, baliozkoak izateko, horretarako onesten den ereduari lotu beharko zaizkio, eta horiekin batera errentan hartu nahi diren bazkalekuen hasierako prezioaren ehuneko hamarren diru-sarrera egin beharko da udal diruzaintzan.
Bosgarrena.–Kapitulu honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen VI. Tituluan eta haren ordez paratzen denean xedatutakoari jarraituko zaio.
16. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Lehenbizikoa.–Arau-hauste administratiboak, bertzeak bertze, hauek dira:
A) Herrilarreetan bazkatzen diren azienden Osasun Babesari buruzko Foru Legean eta haren Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.
B) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
C) Esleitu ez zaion bazkalekuan aziendekin sartzea.
D) Ordenantza honek debekatzen dituen toki eta orduetan aziendak alatzea, herrilurretako laborantzen kaltez.
E) Eskortetan eta aziendendako idoietan kalte egitea.
F) Belarren esleipen epeak ez errespetatzea.
G) Udalak espreski baimendu gabe, esleitutako bazkalekua inori errentan eman edo eskualdatzea.
Bigarrena.–Zehapenak. Ordenantza honetako xedapen hauetan edo larreen aprobetxamendua arautzen duten xedapen orokorretan edozein arau-hauste eginez gero, egindako kaltea zenbat, gutienez ere halako bortz eta gehienez ere halako hamar izanen da zehapena. Hura zenbatesten ahal ez bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko isunaz zehatuko da, arau-haustearen larritasunaren arabera.
Hirugarrena.–Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean eta zehapen arloa garatzeko haren araudian ezarritako prozedurari jarraikiz ezarriko dira zehapenak.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
Urte natural bateko epean aspertsio bidezko ureztatzea jartzen bada Nafarroako Ubidearen X. Sektoreko herrilurretan, ureztalur bihurturik, kanonaren zenbatekoa hainbanatuko da estaldurarekin eta estaldurarik gabe izan diren hilabeteen arabera.
Ordenantza hau Udalak onetsi zuen behin betiko 2013ko abuztuaren 8an egin osoko bilkuran.
Iragarkiaren kodea: L1311929