182. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

454E/2013 EBAZPENA, irailaren 13koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, batez ere langabeentzat 2013rako diru-laguntza publikoak emateko deialdi osagarria onesten duena, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistemaren esparruan, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Agindua aplikatuz (abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatua). Agindu horren bidez enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistema arautu zen eskaintzako prestakuntzaren arloan, eta oinarri arautzaileak ezarri ziren hura finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko.

Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren bidez (87. Estatuko Aldizkari Ofiziala, apirilaren 11koa) enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistema arautzen da. Errege dekretu horretan eskaintzako prestakuntza biltzen da, alegia, langile guztiei (direla landunak, direla langabeak) lan merkatuaren beharrekin bat datorren prestakuntza ematea xede duena, enpresen lehiakortasunaren betebeharrak betetzen dituena eta, horrekin batera, langileen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko nahiak asetzen dituena, lanbideetan modu kualifikatuan aritzeko eta lana aurkitzeko gaitasunak emanez.

Abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatutako martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren bidez, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen da. Errege dekretu horren bidez enplegurako lanbide heziketako azpisistema arautzen da, eskaintzaren araberako prestakuntzaren arloan, eta haiek finantzatzeko diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

Agindu horrek arautzen dituen eskaintzako prestakuntzaren modalitateetan, batez ere langabeentzako prestakuntza jarduerak biltzen dira, horien bidez lanbide jardueran modu kualifikatuan aritzeko eta lana aurkitzeko gaitasunak lor ditzaten. Horretarako, lan munduan sartzeko prestakuntza ibilbide integratuak sustatuko dira.

Horregatik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 23ko 413/2013 Ebazpena onetsi zuen, batez ere langabeei prestakuntza emateko, eta orain hura osatzen duen deialdi hau onestea proposatzen da, aipatu laguntzen eremua handitzeko.

Abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatutako martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduan ezarritakoarekin bat, batez ere langabeentzako diren prestakuntza jarduerak finantzatzeko diru-laguntza publikoak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, deialdi publikoa eginez.

Bestalde, deialdi honetan bada diru poltsa bat prestakuntza ekintza batzuetako gastuak finantzatzeko; hain zuzen ere, desgaitasuna dutenentzako moldaketak behar dituzten ekintzetarako. Halaber, laguntzak eta bekak emateko diruz lagundutako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeei.

Testuak, gainera, praktika profesional ez-laboralak arautzen ditu, barnean dela lantokietako prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasunaren ziurtagiriei dagokiena.

Horiek horrela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak batez ere langabeentzako 2013rako diru-laguntza publikoen deialdi hau onetsi du, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistemaren esparruan.

Bestetik, aipatu behar da Nafarroako Gobernuak, 2013ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, deialdi horri dagokion aurrekontuko kontu-saila salbuetsi zuela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren 701/2012 eta 2/2013 Foru Aginduetan adierazitakoari eta Nafarroako Gobernuaren 2013ko urtarrilaren 9ko Erabakiari jarraikiz, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 2013ko ekitaldiari egotzi beharreko gastu konpromiso berriak hartzeko.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren 13. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (martxoaren 20ko 19/2013 Foru Dekretuak aldatu zuen foru dekretu hori),

EBATZI DUT:

1. 2013ko ekitaldirako diru-laguntzak emateko deialdi osagarria onestea, batez ere langabeentzat diren prestakuntza ekintzak finantzatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduan aurreikusitakoa garatuz (abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatua).

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. 755.061,00 euroko gastua baimentzea, 2013ko gastuen aurrekontuko “Enplegurako lanbide prestakuntza, langabeentzat batez ere” izeneko G/170002/15200/4709/242103 kontu-sailaren kargura, betiere kreditua badago. Honela banatuko da:

–700.000,00 euro prestakuntza ekintzak finantzatzeko. RCSA: 4384.

–51.561,00 euro bekak eta laguntzak finantzatzeko. RCSA: 4385.

–3.500,00 euro prestakuntza ekintzak finantzatzeko, desgaitasuna dutenentzako moldaketak behar diren kasuetarako. RCSA: 3500.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2013ko irailaren 13an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea eta aplikazio eremua.

Bat.–Ebazpen honen xedea da diru-laguntzak emateko 2013rako deialdi osagarria onestea, eskaintzako prestakuntza ekintzak finantzatzeko, presentzialak eta batez ere langabeentzat direnak, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduan ezarritako oinarri arautzaileak aplikatuz (abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatua). Agindu hori enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzeko eman zen.

Bi.–Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da. Prestakuntza ekintzak, haiei lotutako balio erantsiko jarduketak barne, 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 23ra bitartean eginen dira.

Hiru.–Diru-laguntza emanen zaio prestakuntza modulu osoen garapenari, betiere Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza espezialitateen fitxategian bilduta badaude eta profesionaltasunaren ziurtagiriekin lotura badute.

Lau.–Desgaitasuna duten Pertsonei Arreta Emateko Nafarroako Planarekin loturik, 3.500 euroko poltsa bat erabiliko da desgaitasuna dutenen beharrei erantzuteko moldaketak behar dituzten prestakuntza ekintzetarako.

Bigarren oinarria.–Diru-laguntzak ematearen helburua, baldintzak eta printzipioak.

Bat.–Deialdi honen bidez emanen diren diru-laguntzen helburua da prestakuntza ekintzak, batez ere langabeei zuzenduak, finantzatzea, horiei lan merkatuko beharrekin bat datorren prestakuntza emateko, kontuan hartuz enpresen produktibitate eta lehiakortasunaren ondoriozko eskaerak eta langileek lanbidean aurreratzeko eta garapen pertsonala lortzeko dituzten asmoak.

Bi.–Prestakuntza ekintzen helburua langileei prestakuntza ematea da, lanbideetan modu kualifikatuan aritzeko eta lan merkatuan sartzeko gaitasunak lor ditzaten. Horretarako, lan munduan sartzeko prestakuntza ibilbide pertsonalizatuak sustatuko dira eta, horietan, orientazioko jarduerak eta praktika profesional ez-laboralak ere sartuko dira.

Hiru.–Diruz laguntzen den jarduera eskaeran ezarri bezala burutu beharko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsi eta onartzen dituen aldaketekin, halakorik bada, betiere beste inoren eskubideei kalte egin gabe.

Lau.–Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, deialdi baten bidez, objektibotasun, berdintasun, gardentasun eta publizitate irizpideak aintzat hartuz.

Hirugarren oinarria.–Ekintzak finantzatzeko aurrekontua.

2013rako aurreikusitako ekintzak kontu-sail honen kargura finantzatuko dira: 2013ko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorreko “Enplegurako lanbide prestakuntza, langabeentzat batez ere” izeneko G/170002/15200/4709/242103 kontu-sailaren kargura.

Laugarren oinarria.–Entitate onuradunak.

Bat.–Oinarriotan arautzen diren diru-laguntzen onuradunak honako hauek izan daitezke: enpresaburuen erakundeak, sindikatuak eta martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren 9.1 artikuluan aurreikusitako zentro eta entitateak, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 3. artikuluan bildutako baldintzekin bat.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean, entitate horiek inskribatuta egon behar dute, eta hala balegokio, baimenduta ere bai, prestakuntza zentro eta entitateen Estatuko erregistroan kasuan kasuko prestakuntza espezialitatea irakasteko, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Halaber, ISO edo EFQM (Bikaintasunarekiko konpromisoari buruzko diploma edo maila altuagoko bat) indarreko kalitate ziurtagiri bat eduki behar dute, edo maila horretako edo maila altuagoko beste kalitate ziurtagiri bat, non prestakuntzaren arloko jarduera sartzen baita. Orobat, kontuan hartuko da entitate bat indarreko ziurtagiri bat berritzeko prozesua dagoenean, hau da, indarreko ziurtagiri bat daukan entitatea hura berritzeko prozesua dagoenean.

Bi.–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak ezin izanen dira onuradun izan.

Bosgarren oinarria.–Ekintzak gauzatzea.

Bat.–Deialdi honetan araututako prestakuntza jarduerei aplikatuko zaie martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 17. artikuluaren 3., 4., 5., 6. eta 7. idatz-zatietan ezarritakoa, hurrengo paragrafoan xedatutakoa galarazi gabe.

Bi.–Onuradunak zuzenean gauzatuko ditu ekintza horiek, prestakuntza zentro edo entitate bat bada, estatutuetan bere eskumenen barruan prestakuntzaren garapena aintzat hartzen duena, eta ezin izanen du hirugarrenekin azpikontratatu.

Seigarren oinarria.–Langileen parte-hartzea.

Bat.–Honako hauek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza jardueretan:

a) Lehentasunez, eta gutxienez prestakuntza jarduera bakoitzean parte-hartzaile guztien %60 izanez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langabeek. Eskaera eginda, langabeak martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduan (abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatua) ezarri eta oinarri hauetan biltzen diren beka eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira. Zuzenean emanen dira, martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretuan ezarritako prozedurari jarraituz.

b) Lehentasunik gabe, eta gehienez prestakuntza jarduera bakoitzean parte-hartzaile guztien %40 izanez, lana duten pertsonek.

Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek ezin izanen dute ekintza horietan parte hartu.

Langileak prestakuntzaren hasieran zein lan egoeratan dauden, horren arabera joko da langileak lanean ari diren edo lanik gabe dauden. Langabetzat jotzeko, langileek, gainera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda egon beharko dute.

Bi.–Prestakuntzaren hartzaileek eredu ofiziala erabiliz beteko dute eskabidea, eta lan agentzietan edo prestakuntza ematen duten zentroetan aurkezten ahalko dute. Kasu horretan, prestakuntza zentroek eskabideak lan agentziei emanen dizkiete, erregistra eta egiazta ditzaten eta, bidezkoa bada, lehen hautaketa egin dezaten. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegu Atarian ere ematen ahalko da izena. Ikastaroen eskatzaileek, lan agentziek haien ikasketa mailari buruzko informaziorik ez badute, eskatutako betebeharra frogatzen duen titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Hiru.–Prestakuntza ekintzak 15 laguneko taldeentzat dira, salbu ikasle kopuru handiagoak onesten diren kasuetan, oinarri hauetan zehaztutakoaren arabera.

Sartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean talde baterako ezarritako ikasle kopurua, hautapen prozesu bat eginen da. Horretarako, dagokion lan agentziak hasiera bateko hautaketa bat eginen du, irizpide eta lehentasun hauei jarraituz:

A) Profesionaltasunaren ziurtagirirako ikastaroetan, lehentasuna izanen dute ziurtagiri horretako prestakuntza moduluren bat egiaztatuta dutenek, hura eskatutako ikastaroko moduluetako bat ez denean. Ziurtagiri horretako prestakuntza modulu gehiago egiaztaturik dauzkatenek lehentasuna izanen dute gutxiago dauzkatenen aldean. Edonola ere, langabeen eta lana dutenen arteko parte-hartze portzentajea errespetatu beharko da.

B) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean, deialdian finkatzen diren ehunekoetan behintzat.

C) Aurreko puntuak gorabehera, pertsona hauek ere izanen dute lehentasuna, ondoren zehazten den hurrenkeraren arabera:

C.1) Prestakuntza prozesuaren ondoren kontratatuak izateko konpromisoa frogatzen dutenek.

C.2) Justifikazio txosten arrazoituaren bidez, enplegu agentzietako orientazio zerbitzuek bideratzen dituztenek, bai eta enpleguko zentro integralek eta orientazio arloan Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean ari diren entitateek bideratzen dituztenek ere.

C.3) Ikastaro bakoitzean lehentasunerako betebeharra betetzen dutela frogatzen dutenek, bai eta lan esperientziagatik edo bestelako arrazoiengatik ikastaroaren ezaugarrietarako egokitasuna frogatzen duten eskatzaileek ere.

C.4) Aurre-aurreko seihilekoan ikastarorik egin ez duten pertsonei ere lehentasuna emanen zaie.

D) Irizpide hauek erabili ondoren eskatzaile batzuk berdinduta geratuz gero, TAS 718/2008 Aginduaren 6. artikulua betez, talde hauei emanen zaie lehentasuna: emakumeei, desgaitasunen bat dutenei eta kualifikazio apaleko pertsonei.

Kasuan kasuko enplegu agentziak hautaketa bat eginen du aurretik, prestakuntza zentroari igorriko zaiona. Prestakuntza zentroak behin betikotzat onartuko du aurreko hautaketa hori, edo, bestela, behin betiko hautaketa eginen du, aurreko hautaketa hori oinarri izanda.

Prestakuntza zentroak asmoa baldin badu behin betiko hautaketa hori egiteko, azaldu eta zehaztu beharko du, sakonki, zer irizpide erabiliko dituen, eskaerarekin batera doan proposamenean. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak irizpide horien berri emanen du ikastaroaren zabalkunde fitxetan. Hautaketa egin ondoan, zentroak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari emanen dizkio horren emaitzak, eskaeran proposatutako irizpideen aplikazioarekin bat eginen dutenak.

Lau.–Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan behar dute, eta haiek aprobetxatu. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:

a) Arrazoitu gabeko hiru hutsegite baino gehiago hilabete batean.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintzaren garapen arrunta trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste arrazoi batzuk aurreikus ditzake bazterketarako, onuradunarekin batera.

Zazpigarren oinarria.–Bekak eta laguntzak.

1. Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileek ondoren aipatzen diren beka eta/edo laguntzak hartzen ahalko dituzte, horietariko bakoitzerako betebeharrak betetzen badituzte. Prestakuntza zentroek ebazpenak emateko prozesuak kudeatzen laguntzen ahalko dute. Langabeek baizik ezin izanen dituzte hartu aipatzen diren beka eta laguntza guztiak, inola ere ez landunek. Langabetzat edo landuntzat jotzeko, prestakuntza jarduera hasten den eguneko edo, ikastaroa hasi ondorengoa bada, parte-hartzailea ikastaroan sartzen den eguneko egoera hartuko da aintzakotzat.

Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da, prestakuntza ekintza bakoitzean hilean justifikaziorik gabe hirutan baino gehiagotan huts eginez gero. Dena dela, ikasleak ez du eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertu ez den egunei dagokien laguntza edo beka jasotzeko.

Langabeek laguntza edo beka eskatu behar dute eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu, hilabeteko epean prestakuntza ekintza hasten denetik aurrera, edo, hark hilabete bat baino gutxiago irauten badu, prestakuntza ekintza hori bukatu aurretik.

Hiru hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, tarteko bidalketa bat egin daiteke, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako beka edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, epe horri dagozkionak.

Ondoren zehazten dira bekak eta laguntzak:

–Desgaitasuna dutenentzako beka.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak egiaztaturik. Hezkuntzari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Lege Organikoaren 1.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Horretarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari agiri horren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko zaio. Jarduerara joaten diren egun bakoitzeko 9 euro kobratuko dituzte. Pertsona batek egun berean Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatutako programetako bi kurtsotan edo gehiagotan parte hartzen badu, bakarrik haietako batengatik kobratuko du beka hau.

–Garraiorako laguntza.

  • Prestakuntza ekintzara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza izateko. Parte-hartzailearen helbidea ezartzerakoan, aurkezten diren agirietan diferentziarik badago, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ikastaroa hasi edo parte-hartzailea sartzen deneko egunean lan agentziako datu basean ageri dena hartuko du helbidetzat.
  • Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.
  • Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Hiriarteko lekualdaketan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua, garraio txartelen bitartez frogatuko da.
  • Ikaslearen helbidetik zentrorako joan-etorrirako garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izan daiteke. Gorabehera hori laguntzaren ordainketan eskudun den organoak aztertu beharko du.
  • Norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, bertaratze egun bakoitzeko 15 euroko mugarekin.

–Mantenurako laguntza:

  • Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada ikastaroaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa) eta bizilekua ikastaroa ematen deneko herritik 20 km baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

–Ostaturako eta mantenurako laguntza:

  • Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ikastaroa ematen den herritik 120 km baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak hartu beharko du aintzakotzat. Gehienez ere 60 euro hartzen ahalko da egunean. Horretarako, behar den moduan eta epean, alokairuaren edo ostatuaren faktura edo beste edozein frogagiri aurkeztu beharko da. Gainera, langabeak hasierako eta bukaerako joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 15 euro, biak baturik.

–Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko laguntza:

  • 6 urtetik beherako haurrak edo 2. mailarainoko mendekotasuna duen ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, betiere horiek onuradunarekin bizi badira, eta prestakuntza jarduera hastean betebehar hauek betetzen badituzte:
  • Lan eskaintza egokiei uko egin ez izana.
  • Lanbide sustapena, prestakuntza edo birmoldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-sorospena edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.
  • IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, IPREMen %75 gainditzen ez duenean, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 27. artikuluarekin bat.

Laguntza horren zenbatekoa eguneko IPREMaren %75ekoa izanen da, ikastarora ikaslea bertaratzen den egun bakoitzeko.

Laguntza honen ondorioetarako, langabeak ondoko dokumentazioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuari aurkeztu beharko dio, dagokionean eskatzen ahal zaionaz aparte: familia liburuaren kopia konpultsatua; kasuan kasuko senidearen mendekotasun ziurtagiria, hala balegokio; bizikidetzaren ziurtagiria; familia unitatea osatzen duten guztien diru-sarreren ziurtagiria; erantzukizuneko aitorpena edo zinpeko aitorpena, bestelako laguntzarik edo diru-sarrerarik ez duela jasotzen frogatzeko.

2. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza jardueretan parte hartzen duten parte-hartzaileentzat, diru-laguntzen onuradunak diren entitateek asegurua izanen dute jardueren ondoriozko arriskuari dagokionez, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, berme gutun bat, estaldura hau izanen duena, gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, zenbateko mugatugabea, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta parte-hartzailea bere ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (edozein garraiobidetan). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, bisitetan eta irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

Zortzigarren oinarria.–Profesionaltasunaren ziurtagiriak eta praktika profesional ez-laboralak.

Komeni da profesionaltasunaren ziurtagirietarako prestakuntza ekintzak emanen dituzten irakasleek parte hartzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatuko duen saio tekniko batean, profesionaltasunaren ziurtagirien izaerari buruz, haiek ezartzeko ezaugarriei eta baliabideei buruz eta ekintza horien kalitatea bermatzeko neurriei buruz. Saio horien deialdia ikastaroak hasi baino lehen eginen da. Prestakuntza Zerbitzuak, zentro onuradunekin eta irakasleekin beraiekin koordinatuta, azken horien parte-hartzea egokia ote den aztertuko du, haien profilaren, ezagutzaren eta aurreko eskarmentuaren arabera garatu beharreko edukien inguruan.

Bestalde, eta praktika profesional ez-laboralei dagokienez:

a) Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek, praktika profesional ez-laboralen kasuan, martxoaren 18ko TAS 718/2008 Aginduaren 24. artikuluan arautzen diren baldintzetan eginen dituzte. Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu arrazoiren bategatik ezin bada. Arrazoi horiek behar bezala justifikatuko dira, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimena eman beharko du aurretik.

Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan. Halaber, langabeak aurreko oinarrian aurreikusten diren beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira. Horretarako, pertsonak praktika profesional ez-laboralen hasieran zein lan egoeratan dauden, horren arabera ezarriko da lanean ari direla edo lanik gabe daudela.

b) Profesionaltasunaren ziurtagirietarako prestakuntza ekintzei lotutako praktika profesiona ez-laboralen kasuan, praktika horiek prestakuntza ekintza burutu eta gainditu ondoren eginen dira. Praktikak ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 3 hilabetetik gora iraganen ekintzaren bukaera eta praktiken hasieraren artean. Behar bezala frogatutako kasuetan eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izanda, epe hori luzatzen ahal da, 3 hilabete osagarriz gehienez ere.

Salbuespenez, eta eskaera egin ondoren, baimentzen ahalko da praktiken modulua hastea honako kasu hauetan: ikasleak azken prestakuntza moduluak eta lantokiko prestakuntza praktikoa aldi berean egiten dituenean; ikasleak profesionaltasunaren ziurtagiri osoa betetzen duenean; edo, modu berezian, profesionaltasunaren ziurtagiriko orduen edo haren prestakuntza moduluen %75 bete duenean.

Profesionaltasunaren ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak, lantokietako prestakuntza praktikoko modulua barne, ziurtagiri horiek arautzen dituen legediari jarraikiz eginen dira. Horrez gain, prestakuntza praktikoko modulua Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarritako argibideei eta prozedurari jarraikiz eginen da.

c) Profesionaltasunaren ziurtagiria lortzeko nahitaezko praktikak ez diren beste batzuk egin nahi dituzten ikasleak badira, haiek baimentzen ahalko dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren bidez. Kasu horretan, praktikak ematen dituen zentroak interesdunari jakinarazi beharko dio praktikek ez dituztela betetzen profesionaltasunaren ziurtagiriko praktiken moduluaren baldintzak, eta, hortaz, ez dutela ziurtagiri horretatik salbuesten. Interesdunak adostasuna adierazi beharko du.

Bederatzigarren oinarria.–Eskabideak.

Bat.–Eskaerak egiteko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen eredua erabiliko da.

Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, baita erregistro elektronikoen bidez nahiz lan agentzietan ere. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren moduetako edozeinetan aurkezten ahalko da.

Bi.–Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza espezialitateen fitxategian bilduta dauden profesionaltasunaren ziurtagiriei dagozkien prestakuntza moduluekin bat egin behar dute eskatutako ekintzek. Baldintza hori bete ezean, ekintzak ezetsiko dira.

Hiru.–Eskaeraz gain, entitateak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Entitate edo erakunde eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako ordainketak eguneratuta dauzkala frogatzen duen agiria.

–Eskabidea sinatzen dutenek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duen agiria.

–Helburu bererako eskatu edo jasotako diru-laguntzei buruzko aitorpena.

–Entitateak eskatutako prestakuntza ekintza guztien laburpen orria.

–Ekintzak esleitzeko frogagiriak, deialdi honen hamaikagarren oinarrian adierazten denaren arabera.

–Transferentzia bidezko ordainketarako eskaera, diru-laguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.

Lau.–Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzatela 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

Ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskabideak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

Hamargarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hamaikagarren oinarria.–Balorazio irizpideak.

A) Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko teknikariek Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Zerbitzuak diruz laguntzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonei egindako inkestetan prestakuntza zentroek aurre-aurreko ekitaldian eskuratu duten puntuazioa, aurkezten den lanbide-arloari dagokionez. Ekintza horiek lanbide prestakuntzaren azpisistemaren deialdiaren barruan daude (batik bat langabeei zuzenduta). 0-4 tartea.

Proposamen horiek baloratzean, inkestetako 3tik 4ra doan tarte bat hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Lehen aldiz lehiatzen diren zentroek desabantailarik ez izateko, zentro horien puntuazioa izanen da aurreko urteko zentroek lortu zuten puntuazioaren batez bestekoa.

2. Parte-hartzaileak prestakuntza ekintzekin ikusteko duten praktika profesional ez-laboraletan sartzea, zein lanbide-arlotara aurkezten den, horretakoetan. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Zerbitzuak diruz lagunduko ditu praktika horiek, enplegurako lanbide prestakuntzaren azpisistemaren deialdian (batik bat langabeei zuzendua). Praktika horiek 2011n eta/edo 2012an hasiak izan behar dute.

Pertsonak kontuan hartuko dira soilik haien praktikak irauten badu hura sortu zuen prestakuntza ekintzaren %20 gutxienez, non ez den kontrako kasurik gertatzen, profesionaltasunaren ziurtagiriekin erlazionatuta.

Bi balorazio mota eginen dira: bata, absolutua, eta bestea, erlatiboa. Balorazioa bien arteko batura izanen da, gehienez ere 20 puntukoa.

–Balorazio absolutua, 10 puntu arte. Praktika ez-laboraletan hartutako pertsona bakoitzeko: 0,10 puntu.

–Balorazio erlatiboa, 10 puntu arte: baloratuko da praktika hauek egin dituzten pertsonen kopurua, aintzat harturik zenbat diren guztira ikastaroetan parte hartu eta prestakuntza bukatu dutenak, eta honako puntuazio hau emanen da:

Praktika hauek egin dituzten pertsonen portzentajea 100 bada, aintzat harturik prestakuntza ekintzetako parte-hartzaile guztien kopurua: 10 puntu.

Hortik aurrera, dagokion puntuazioa, banaketa proportzionala eginda.

3. Entitatearen gaitasun teknikoa eta esperientzia. Puntuazioa, osotara: 30 puntu, honelaxe banaturik:

3.1. Gaitasun teknikoa.

3.1.1. Gaitasun teknikoa, ekoizpen sektoreko arloekin duen loturari dagokionez. 5 puntu arte.

Ekoizpen sektoreko arloekin/enpresekin duen identifikazioa, eraginpeko eremu geografikokoak izan nahiz langile kualifikatuak behar dituen komunitatekoak izan, agirien bidez aurreratuta eta frogatuta. Eskaintza deskribatu beharko da, honako hauek garatuz: aurkezten den prestakuntza premia; eskaerako enpresek azaltzen duten argudioa eta/edo premia; eta kualifikazio horretarako profil egokien premia. Halaber, adierazi beharko da nola neurtzen ahal den eragina prestakuntza burutu ondoren ikasleek enplegua lortzeko izanen dute aukeretan; hau da, horri esker zenbatek lortu duten lanpostu bat. Horretarako, justifikatu beharko da goraka ari den zein sektore orokor, eskualdeko edo tokikotan kokatzen den, edo premiako zein sektoretan, eta halaber prestakuntza ekintzaren merkatuan profil horietako langileen eskaintza urriaren identifikazioa, enpresen berrespen edo eskaeren bidez kontratu bat lortzeko aukerak, eta abar.

3.1.2. Gaitasun teknikoa, baliabide materialei dagokienez. 10 puntu arte.

Eskatzaileak dauzkan baliabide materialen arabera:

Prestakuntza emateko zentroan eskatzaileak dituen ikasgela baimenduen kopurua. 2,5 puntu arte.

–Ikasgela 1etik 3ra bitarte = puntu 1.

–4 ikasgelatik 6ra bitarte = 1,5 puntu.

–7 ikasgelatik 10era bitarte = 2 puntu.

–10 ikasgelatik gora = 2,5 puntu.

Prestakuntzarako erabiltzen diren espazio fisikoen metro karratuen batuketa, ikasgela baimenduak kenduta (espazioak identifikatu behar dira haiei dagozkien metro karratuekin, esate baterako: liburutegia, 60 m², etab.). 2,5 puntu arte:

–100 m²-ra bitarte = puntu 1.

–101 m²-tik 200 m²-ra bitarte = 1,5 puntu.

–201 m²-tik 500 m²-ra bitarte = 2 puntu.

–500 m²-tik gora = 2,5 puntu.

Prestakuntza ekintza garatzeko bideratu den ekipamendu teknikoa. 5 puntu arte.

Prestakuntza ziurtagarria (profesionaltasunaren ziurtagiriak) emateko eskatzen den ekipamendua osatu eta prestakuntza ekintza emateko erabiliko den ekipamenduaren deskripzioa

3.1.3. Gaitasun teknikoa, giza baliabideei dagokienez. 5 puntu arte.

Prestakuntzarako langile plantillaren bataz bestekoa baloratuko da, aurreko urteko gizarte aseguruetan islatua (langileen kopurua dedikazioaren arabera taldekatu, esate baterako: prestatzaileak, 3, etab.):

–5 langilera bitarte = puntu 1.

–5 langiletik 10 langilera bitarte = 3 puntu.

–10 langiletik gora = 5 puntu.

3.2. Entitatearen esperientzia: 10 puntu arte.

3.2.1. Zentroak lanbide arlo berean duen esperientzia, prestakuntzako proiektu edo proiektu tekniko berritzaileak garatzen. Lanbide arlo berarekin lotura izanik, teknologia ezartzeko edo handitzeko enpresa proiektuetako edo produkzio prozesuetako prestakuntzan izandako parte hartzea. Lanbide arlo bereko espezialitateetako prestakuntzarekin lotura duten azterlan, ikerketa, artikulu, saiakuntza proiektu edo antzekoetan izandako parte hartzea. 2,5 puntu arte.

3.2.2. Esperientzia kudeaketa-bolumenaren arabera, zein identifikatuko baita Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurreko urtean diruz lagundutako prestakuntzan egiaztatu, gauzatu eta/edo kudeatutako enplegurako prestakuntzako deialdietan (batez ere langabeentzat direnak, TAS 718/2008) izandako kontzesioak batuta (azken bi urteetako batez bestekoa hartuko da kontuan, hau da, 2011-2012 aldikoa): 2,5 puntu arte.

–200.000 eurora bitarte = puntu 1.

–200.001 eurotik 400.000 eurora bitarte = 1,5 puntu.

–400.001 eurotik 600.000 euro bitarte = 2 puntu.

–600.000 eurotik gora. = 2,5 puntu.

3.2.3. Entitatearen esperientzia. 5 puntura arte baloratuko da modulu osoak kudeatzean eta ematean frogatzen den esperientzia, EEZParen prestakuntzako espezialitateen katalogoarekin bat. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza deialdietan (batez ere langabeentzat direnak, TAS 718/2008) zein lanbide-arlotara aurkezten den, hartako prestakuntza espezialitateekin izanen dute ikustekoa moduluek.

–Modulu osoak kudeatu eta gauzatzean frogatzen den esperientziako urteak, EEZParen prestakuntzako espezialitateen katalogoarekin bat (Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza deialdietan -batez ere langabeentzat direnak, TAS 718/2008- zein lanbide-arlotara aurkezten den, hartako prestakuntza espezialitateekin izanen dute ikustekoa moduluek): 2,5 puntu arte. (0,50 puntu esperientziako urte bakoitzeko).

–Modulu osoak kudeatu edo emateagatik, EEZParen prestakuntzako espezialitateen katalogoarekin bat (Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza deialdietan -batez ere langabeentzat direnak, TAS 718/2008- zein lanbide-arlotara aurkezten den, hartako prestakuntza espezialitateekin izanen dute ikustekoa moduluek): 2,50 puntu bitarte (0,5 puntu modulu oso bakoitzeko).

4. Eskaintza lehentasunezko prestakuntza arloetara (jarraian identifikatzen direnak) egokitzea, eta deslokalizazioa. Atal honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

4.1. Eskaintza lehentasunezko prestakuntza arloetara egokitzea. Gehienez ere 18 puntu. Puntuazio altuena duena baino ez da hartuko kontuan.

Lehentasunezko prestakuntza arloak MODERNA Planarekin eta Nafarroako sektore estrategikoekin lotura dutenak izanen dira, jarraian zehazten diren arloekin bat:

Talentuaren ekonomia:

–Mekatronika eta industria produkzioa: fabrikazio mekanikoa, ekipamendu ondasunen muntaketa eta haiek martxan jartzea, automatizazio industriala, makinen muntaketa eta mantentze-lanak, industria ekipoa eta produkzio-linea automatizatuak, hozteko instalazioen muntaketa eta mantentze-lanak. Puntuak: 18.

–Hezkuntza, giza kapitala ea talentua: prestatzaileen prestakuntza. Puntuak: 6.

Ekonomia berdea:

–Energia berriztagarriak. Eraikuntza iraunkorra eta efizientzia energetikoa. Ingurumena eta hondakinak. Puntuak: 9.

Osasunaren ekonomia:

–Autonomia pertsonala sustatzea. Gorputz eta kirol jarduerak. Puntuak: 3.

Ekintzailetza:

–Mikroenpresen sorkuntza eta kudeaketa. Puntuak: 12.

Nazioarteratzea:

–Enpresa nazioarteratzea. Logistika. Puntuak: 15.

4.2. Deslokalizazioa. Prestakuntza ekintzak Iruñerrian ez den beste eremu geografiko batean egitea (20 km-tik gorako eremuan), betiere ikastaro bera ez bada egin prestakuntza ekintza egin beharreko eremu geografiko berean aurreko deialdian (batez ere langabeentzako maiatzaren 23ko 413E/2013 deialdia). Gehienez ere 2 puntu.

5. Prestakuntza proposamenaren balio erantsia: gehienez ere 35 puntu emanen dira prestakuntza ekintzen hobekuntzako proposamen osagarriengatik (“Balio erantsia”), betiere honako atal hauekin lotutakoak badira:

a) Ikastaro bakoitzeko ikasle kopurua handitzea, baldin eta, ikastaroaren ezaugarriengatik, plaza kopurua handitzen ahal bada, betiere zentroak behar diren baldintzak betetzen baditu 15 ikasletik gorako taldeei irakasteko. Gehienez ere 10 puntu. 2 puntu gehitzen den ikasle bakoitzeko.

b) Orientazio jarduera garatzea.

Zerbitzu propio hori, lotua eta kanpokoa, lan orientazioan esperientzia duten profesional tituludunek garatu beharko dute (gutxienez 3 urtez arituak alor horretan), eta hala frogatu beharko dute eskaeran. Proposamenean zer eskaintzen den zehaztu beharko da, baita zerbitzua eginen duen profesionalaren ezaugarriak eta nola gauzatuko duen jarduera ere. Orobat, prestakuntza zentroak konpromisoa hartuko du gutxienez ikasleen %60 orientazio jarduerara joan daitezen. Ulertuko da asistentzia hori justifikatzen ez duten ekintzek ez dutela betetzen “Balio Erantsia” atalaren justifikazioa. 15 puntu gehienez.

Banakako orientazioa:

–30 minutu edo handik gorako saio bat = 5 puntu.

–Gutxienez 30 minutuko bi saio edo gehiago = 10 puntu.

Taldeko orientazioa:

–60 minutu edo handik gorako saio bat = 5 puntu.

c) Tailerrak eta informazio profesionala: 10 puntu arte.

c.1) Tailerrak. Gai hauetakoren bat izanen dute: 7 puntu bitarte.

–Espezialitatearen profil profesionalari edo profesionaltasunaren ziurtagiriari lotutako gaitasun zeharkakoak.

–Gaitasunak lana bilatzeko: marka pertsonala, sare sozialak, enplegu atariak, hautaketaren elkarrizketa.

–Gaitasunak enplegugarritasunerako: aldaketetara egokitzeko gaitasuna, ekimena, motibazioa eta suhartasuna, bezerorako orientazioa eta emaitzetarako orientazioa, komunikazioa, gatazkak konpontzea, talde lana, norberarenganako konfiantza, enpatia.

Tailerrek, gutxienez, 4 ordu iraunen dute, eta egun bakar batean edo hainbatetan ematen ahal dira.

4 orduko tailerra = 3 puntu.

6 orduko tailerra = 5 puntu.

8 orduko tailerra = 7 puntu.

c.2) Informazio saio profesional osagarriak, ondotik zehazten diren ezaugarriei eta materiei lotuak: 3 puntu arte. Honako gai hauetako batera egonen dira zuzendurik:

–Informazioa prestakuntza ekintzaren Nafarroako sektoreari buruz, sare ekonomiko eta produktiboari buruz, enpresakoari buruz, lan merkatuari buruz eta okupazioei buruz.

–Informazioa nazioarteko lan merkatuari buruz eta enplegurako baliabide nazioartekoak, ikastaroko profil profesionalari buruz.

–Profil profesionalaren testuinguru produktiboa eta profesionala, joera teknologikoak, antolaketakoak, lanbidearen eboluzioa.

–Lan bilaketa aktiboa (prestakuntza iraunkorreko sistema Nafarroan, baliabideak enplegurako eta orientazio profesionala Nafarroan...).

–Lan ekimena, autoenplegurako proiektuak eta baliabideak Nafarroan.

–Informazio saioen kasuan, iraupena 2 ordukoa izanen da.

2 orduko saioa = 1,50 puntu.

4 orduko saioa = 3,00 puntu.

Prestakuntza zentroak informazio saio eta tailer horien gaineko informazioa sartu beharko du ikastaroen zabalkundean. Orobat, prestakuntza zentroak konpromisoa hartuko du gutxienez ikasleen %60 bertaratu daitezen. Ulertuko da asistentzia hori justifikatzen ez duten ekintzek ez dutela betetzen “Balio Erantsia” atalaren justifikazioa.

Prestakuntza zentroak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari emanen dio “Balio Erantsia” ataleko ekintzak egin izanaren erregistro dokumentatua, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bere eskura jarriko duen ereduari jarraikiz.

Prestakuntza zentroaren puntuazioan –esleitu den espezialitaterako– balorazioa izan duen alderdiren bat betetzen ez bada “Balio Erantsia” atalean, edo bakar bat ere betetzen ez bada, deskontu edo murrizketa bat eginen da ikastaro horietako azkeneko likidazioaren kantitatean, kontuan izanik zenbat puntu jaso diren eta ez diren bete dagokion atalean, eta horren araberako proportzioan. “Balio erantsia” ataleko ekintza proposatu baina gauzatu gabeek ekarri dituzten puntuak batzen dira. Kalkulatzen da zer portzentaje izan duten puntu horiek azken balorazioan eta ehuneko hori kentzen da justifikatutako diru-laguntzatik.

Esate baterako, 20 ikasle joan beharrean, 18 joaten badira, behar baino 4 puntu gehiago lortu dira. Guztirako balorazioan zentroak 54 puntu eskuratu baditu, 4 puntu horiek puntu guztien %7,4 dira; horrenbestez, justifikatutako diru-laguntzatik %7,4 kendu beharko da.

B) Esleitzeko prozedura:

Aurreko irizpideak aplikatuz eskaera bakoitzari esleitutako puntuazioa antolaturik, ondokoari jarraituz eginen da hautaketa:

1. Soilik kontuan hartuko dira guztizko puntuazioaren %60 gutxienez gainditzen dutenak (72 puntu).

2. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda bat ezarriko da, aurreikusitako ekintza bakoitzean lortutako puntuazioen arabera.

3. Ekintzetarako bi proposamenek edo gehiago puntuazio bera lortzen badute, zentro baimendu gisa antzinatasun handiena duen zentroari emanen zaio kontzesioa.

Zentro esleipen-hartzaileek ezin dute lortu ekintzak egiteko 250 ordu baino gehiagoko esleipenik.

Zentro esleipen-hartzaile batek ez badu irakatsi behar dagokion prestakuntza ekintza, erregistro bidez adierazi beharko du uko egiten diola dagokion diru-laguntzari. Aipatu diru-laguntza ondotik gelditutako zentroari emanen zaio, lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

Hamabigarren oinarria.–Prozeduraren instrukzioa.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xede diren eskaeren gainean ebazpena emateko organo eskuduna.

2. Prestakuntza Zerbitzua izanen da eskaeren prozedura instruitzeko organo eskuduna, finkatutako irizpideei jarraituz.

3. Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeko burua: Prestakuntza Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Prestakuntza Zerbitzuko hiru teknikari. Horietako bat idazkari arituko da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio altuenetik puntuazio txikienera ordenatuta.

4. Ebaluazioa ikusirik, instrukzio organoak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

Hamahirugarren oinarria.–Ebazpena.

1. Instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaio. Horrexek ebatziko du diru-laguntzen esleipena.

2. Ebazpena ebatzi eta interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

3. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hamalaugarren oinarria.–Dokumentazioaren aurkezpena eta epeak.

Dokumentuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko dira. Hauek izanen dira entrega epeak:

A) Prestakuntza ekintza hasi baino bi egun natural lehenago gutxienez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari adierazi behar zaio zer egunetan eta zer ordutan eginen den. Adierazpen hori horretarako ezarritako eredu normalizatuaren arabera eginen da. Hartan honako hauek agertuko dira: entitatearen zenbakia eta izena, ikastaroaren zenbakia, katalogoko zenbakia, ekintzaren izena, hasierako eta bukaerako egunak, irakaste-egunak, ordutegia, lekua eta gela.

Gainera, prestakuntza ekintzaren programa emanen da, egutegia barne.

B) Prestakuntza ekintza hasi eta hirugarren eskola eguna arteko epean, hori barne, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari honako hau igorri beharko zaio:

1. Parte-hartzaileen hasierako zerrenda, “Ikastaroaren fitxa” dokumentua erabiliz.

2. Prestakuntza orduen %25 eman ondoko hiru eguneko epean, honako hau igorri beharko da Nafarroako Enplegu Zerbitzuari:

a) Altetan eta bajetan izandako gorabeherak, aurreko dokumentua erabiliz, horiek gertatu ahala.

b) Ikasleen aseguruaren kopia.

c) Onartutako pertsona bakoitzaren fitxa, datatua, sinatua eta osorik betea, fitxarako behar diren agiriekin batera.

d) Profesionaltasunaren ziurtagiriak eskuratzeko ikastaroetan, halaber, ebaluazio programazioa aurkeztu beharko da.

C) Prestakuntza ekintza bukatu ondoren, eta, kasu guztietan, hiru hilabeteko epean gehienez ere prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari honako hau igorri beharko zaio:

1. Ikastaroaren fitxa, adieraziz parte-hartzaile bakoitzaren ebaluazioaren emaitza.

2. Irakasleen fitxak.

3. Asistentzia kontrolaren jatorrizko agiria, prestakuntza saio bakoitzean parte hartu duten parte-hartzaileen eta irakasleen edo prestakuntzako arduradunaren sinadurak biltzen dituena, eredu normalizatuan.

4. Material didaktikoa eman zaien parte-hartzaileen zerrenda, non banatutako materiala eta haiek hartu izanaren agiria edo banatu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baitira.

5. Profesionaltasunaren ziurtagiriaren kasuan, ikaskuntzaren ebaluazioari buruzko dokumentazioa.

6. Kalitatearen ebaluazioari buruzko dokumentazioa, ondoko oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

7. Ikasturteko amaierako akta.

8. “Balio erantsia” ataleko proposamenei buruzko dokumentazioa.

Hamabosgarren oinarria.–Kalitatearen ebaluazioa.

Prestakuntzaren etengabeko hobekuntza sustatu eta bermatzeko asmoz, eta martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren V. kapituluan ezarritakoa betez (hori zehaztu zen Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean), zentro onuradunek ematen duten prestakuntza ebaluatu eta kontrolatu beharko dute. Prozesu hori hiru zatitan gauzatzen da: ebaluazio galdera-sortak, emaitzen txostena eta, bidezkoa bada, hobekuntzak gauzatzea.

Lehenik eta behin, prestakuntza ekintzen balorazioaren gaineko beharrezko datuak lortzeko, zentroek Estatuko Enpleguko Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko ebazpenaren eranskinean datorren ebaluazio galdera-sorta erabiliko dute. Ikasleek prestakuntza ekintza amaitzean beteko dute galdera-sorta.

Gero, zentroak galdera-sorten emaitzak eta haien balorazioa bilduko dituen txostena eginen du. Hobetu daitezkeen alderdiak hautemanez gero, gauzatu behar diren hobekuntzak azalduko dira txostenean, bai prestakuntza ekintzan berean bai geroko ekintzetan. Behin hobekuntza horiek gauzatuta, hautemandako hutsuneak zuzendu diren aztertuko du prestakuntza zentroak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zainduko du ikasleek behar bezala betetzen dituztela galdera-sortak, betetzen duten unean bertan gainbegiratuz edo gerora egindako kontrolen bidez. Halaber, emaitzak eta ondorioak behar den moduan ateratzen direla zainduko du. Era berean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hobekuntza planean parte hartzen ahalko du eta modu egokian abiarazten dela zainduko du.

Hamaseigarren oinarriaren 4. puntuan adierazten denez, zentroek kapitulu honi egozten ahalko diote dagokion prestakuntza ekintzaren kostu guztiaren %5era bitarte.

Zentroek hiru hileko epea izanen dute, jarduera amaitzen denetik hasita, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari kapitulu honetan sortutako agiri guztiak aurkezteko, paperean eta euskarri digitalean.

Hamaseigarrena.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onuradunak diru-laguntzaren xede den prestakuntza jarduera burutu duela frogatu beharko du, eta jarduera horrek sortutako gastuak ere bai. Kostuak frogatzeko eta diru-laguntzak likidatzeko, martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren 14. eta 15. artikuluetan xedatu bezala jokatuko da. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa ere hartu beharko du kontuan, baita diru-laguntza jaso duten kostuak eta laugarren puntuan aipatzen diren egozpen irizpideak ere:

2. Egindako prestakuntza ekintza bakoitzaren diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, hura hasi zela behar den unean jakinarazi bada, hiru hilabeteko epe bat ezartzen da gehienez ere justifikaziorako eta likidazio osorako, prestakuntza ekintza hori bukatu ondoko hurrengo egunetik aurrera.

Aurrekoa gorabehera, 2013ko abenduaren 31 izanen da azken eguna prestakuntza ekintzaren gastuen aitorpena eta azken likidazioa aurkezteko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen duen ereduari jarraituz.

Justifikatutako gastua ez bada iristen kontura edo aldez aurretik ordaindutako guztizko zenbatekora, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aldeko diru-sarreraren frogagiria aurkeztu beharko da, kontura edo aldez aurretik ordaindutako zenbatekotik justifikatutako zenbatekora doan aldearekin, likidazio ebazpenean ezartzen dena ukatu gabe.

Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazioa egiaztatuta, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidaziorako ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean justifikazio dokumentazioa aurkeztu zenetik hasita. Hala balegokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo diru-laguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnenak. Kasu horretan, kasuan kasuko berandutza interesak aplikatuko dira, egindako azken ordainketaren egunetik likidazio ebazpenaren egunera bitarteko epearen gainean kalkulatuta.

3. Diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epea iragan ondoren, zentro onuradunak ez badu aurkezten diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko dokumentazioa, hau da, prestakuntza ekintza bukatu zenetik hasita, 3 hilabeteko justifikazio epearen barruan ordaindu direnei buruzkoa, organo eskudunak onuradunari eskatuko dio 15 eguneko epe luzaezinean hura aurkez dezan. Betiere, aurkeztutako agiriak justifikatzeko aski ez badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onuradunari atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio, 10 eguneko epe luzaezinean zuzen ditzan.

Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

Esleipeneko jarduera abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa zentroan gorde beharko dira eskumena duten administrazioen ikuskapen eta auditoriaren eskura, lau urteko epean, justifikazioa aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

4 urteko epe horretan, zentroa da ikasleei diplomak banatzearen arduraduna. Epe hori iraganik, ez du erantzunkizun hori izanen.

4. Finantzatzen ahal diren kostuak eta egozpen irizpideak.

A) Prestakuntza jardueraren zuzeneko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen ordainsariak, eta horien barnean sartzen ahal dira lansariak, gizarte aseguruak, dietak, joan-etorrietako gastuak eta, oro har, prestakuntza jardueretako partaideak prestatzen, tutorizatzen eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei dagozkien kostu guztiak.

Gastu horiek jardueran emandako orduen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira.

Prestakuntzaren, tutoretzaren eta ebaluazioaren gastuak ez dira inolaz ere prestatzaileen ordainsarien kostu osoaren %20 baino gehiago izanen.

b) Erabilitako tresna didaktikoak eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsitako amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta prestakuntza ekintzak burutzeko alokairuen edo errentamendu finantzarioaren gastuak, interesak izan ezik.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira, eta ekipamendu edo plataformen banakako erabileraren kasuan parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira.

c) Baliabide didaktikoen gastuak eta/edo material didaktikoak erostekoak eta prestakuntza ekintzak egiteko ondasun suntsigarrien gastuak, barnean direla babes eta segurtasunerako materialak.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira, eta ekipamendu edo plataformen banakako erabileraren kasuan parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira.

d) Alokairu gastuak, finantza-errentamendua, interesak izan ezik, eta prestakuntza egiteko erabilitako ikasgela, tailer eta gainerako eremuen amortizazioarenak.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkatuta aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.

Amortizazio gastuak onartu ohi diren kontabilitate arauen arabera kalkulatu beharko dira. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren bidez ezarritako taulen araberako amortizazio metodoa erabili ahalko da (urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsiak).

e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak. Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera sailkatuta aurkeztu beharko dira eta parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira. Poliza kolektiboen kasuan, kostua banatzean aintzat hartuko da prestakuntza ekintza bakoitzaren iraupena, eta iraupen horrekiko kostu proportzionala esleituko zaio.

f) Prestakuntza ekintzak antolatu eta zabaltzeko publizitate gastuak. Gastu horiek prestakuntza ekintzaren arabera behar bezala sailkatuta aurkeztu beharko dira. Aldi berean prestakuntza ekintza bat baino gehiago iragartzen badira, kostua banatu eginen da, iragarritako ekintza kopuruaren artean zatiketa eginez.

B) Prestakuntza ekintzari lotutako kostuak:

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 9. idatz-zatiarekin bat, onuradunak zentzuz dagokion zatian egotzi beharko dizkio kostu horiek diru-laguntzaren xede den jarduerari, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.

Kontuan izanik martxoaren 7ko TAS/718/2008 Agindua aldatu zuen abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduaren 12. puntuan ezarritakoa, kostu lotuek, batuta, ezin dute gainditu prestakuntza ekintzaren kostuen %15.

Prestakuntza ekintzari lotutako kostuak honako hauek dira:

1. Barruko zein kanpoko laguntzako langileen kostuak eta prestakuntza jarduera kudeatu eta burutzeko behar diren guztiak.

2. Diruz lagundutako jarduerari zuzenean lotutako finantza gastuak, hura behar bezala prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira. Bankuetako kontuen zor interesak ezin izanen dira diruz lagundu.

3. Beste kostu batzuk: argia, ura, berokuntza, mezuak, posta, garbiketa, zaintza eta lehen aipatu ez diren bestelako kostuak, prestakuntza jarduerari lotuak.

C) Diruz laguntzen ahal diren beste kostu batzuk:

a) Prestakuntzaren kalitatea ebaluatzeko kostua, martxoaren 7ko 718/2008 TAS Aginduaren 33.5 artikuluan eta I. eranskineko 2. atalean xedatutakoari jarraikiz. Atal honetako kostuak ez dira izanen prestakuntza jardueraren kostuen %5etik gorakoak.

b) Gastuak justifikatzeko oinarri honetako 5. atalean aurreikusitako justifikazio kontua hautatzen bada, txosten auditorea egiteak ekartzen dituen gastuak diruz laguntzen ahal dira justifikatutako diru-laguntzaren %5eko mugaraino.

Betiere, aurreikusitako diruz lagundutako kostuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo froga balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatzen direnak, 2014ko otsailaren 28an beranduenez.

Diruz laguntzen ahalko dira inolako zalantzarik gabe diru-laguntza jaso dezaketen jardueren ezaugarriak biltzen dituzten gastuak, deialdian ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu direnak. Epe hori hiru hilabetekoa izanen da, kasuko prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.

5. Orobat, onuradunak justifikazio kontu bat aurkez dezake, auditore baten txostenarekin batera, alderdi eta eduki hauei buruzko irizpen bat jasoko duena:

–Onuradunak bete beharreko baldintzak, bai diru-laguntzari buruzko araudian bai onuradunari ezartzen zaizkion betebeharrei buruzko dokumentazioan jasotakoak.

–Onuradunak aurkeztutako justifikazio kontuaren egiaztapena, diru-laguntza arautzen duten oinarrietan eta hitzarmenean adierazitako elementu guztiak dituela egiaztatzeko.

–Justifikazio kontua horretarako behar adina ahal dituen pertsona batek izenpetu duela egiaztatzea.

–Jarduketa memorian dagoen informazioa eta justifikazio ekonomikorako aurkeztutako agiriak bat datozen aztertzea.

–Memoria ekonomiko laburtuan jasotako informazioa diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda sailkatuan oinarritua dagoen, gastu bakoitzaren hartzekoduna, zenbatekoa, jaulkipen data eta ordainketa data zehaztuta dakarren zerrenda alegia.

–Onuradunak jarduera gauzatzeko egindako gastu guztiek diruz lagundutako jardueraren izaerarekin lotura argia dutela egiaztatzea, bai eta jarduera justifikatzeko finkatutako epearen barruan ordaindu direla ere.

–Onuradunak aurreko e) paragrafoan aipatutako zerrendako gastuen eta ordainketaren jatorrizko frogagiriak dituela egiaztatzea, bai eta agiri horiek onuradunaren kontabilitate erregistroetan islatu direla ere.

–Gastu lotuak jardueraren ekitaldiari egozteko erabili den banaketa sistema zuzena eta proportziozkoa dela eta kontabilitatearen arloan oro har onartutako printzipio eta arauekin bat datorrela egiaztatzea.

–Gastu guztiek hitzarmenaren baldintzak eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak betetzen dituztela egiaztatzea.

–Hitzarmenean eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean azpikontratazioaren arloan jasotzen diren xedapenak betetzen direla egiaztatzea.

–Onuradunaren adierazpenen gutuna lortzea, justifikazio kontua izenpetu zuen pertsonak sinatuta.

–Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuragarria ez dela, inongo kasutan, frogatutako gastuetako zenbateko handienaren gisan sartu egiaztatzea.

Txostena egiten duen auditorea onuradunak aukeratuko du, baina Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean jardunean dagoela agertu beharko da, eta proposatzen zaizkion jardun eta gainbegiratze arauak bete beharko ditu.

Auditorearen txostena osorik aurkezten ez bada, entitateari eskatuko zaio txosten hori zuzen dezala 15 egun balioduneko epean. Ez bada ezarritako epean hura zuzentzen, txostena ez da finantzatuko, eta akatsa duten gaiak ere ez dira finantzatuko, non ez diren, aurretik ezarritako epean, haiek justifikatzen aurreikusitako beste bitarteko baten bidez eta ez duen organo kudeatzaileak baliozkotzen.

6. Eman beharreko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa, prestakuntza jarduera bakoitzeko, honela zehaztuko da: ordu kopurua bider 15 pertsona, kontuan izan gabe onuradunak parte-hartzaileen kopurua handitu duen, bider kasuan kasuko moduluaren zenbatekoa. Zenbateko horiek martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren I. eranskinean ageri dira.

Prestakuntza ekintza egin ondoren, diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzearen ondorioetarako, ikasle batek prestakuntza bukatu duela ondorioztatzeko, prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan beharko du. Pertsona langabeen kasuan, lana lortzeagatik prestakuntza ekintza utzi behar izan dutenek ekintza hori bukatu dutela ondorioztatuko da, baldin eta prestakuntza ekintzaren %25 egin badute gutxienez. Horretarako, ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua hasten duen egunera arte.

Prestakuntza uzten bada, beste pertsona batzuk sar daitezke hartan, joandakoen ordez. Ordezpen hori onargarria izanen da egiten bada prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25era erdietsi baino lehenago, salbu eta prestakuntza ekintzak lotuta badaude profesionaltasunaren-ziurtagiriei, zeren, kasu horretan, ordezpena onartzeko, betiere portzentaje hori gainditu gabe, lehenengo 5 ikastegunean egin beharko baita, prestakuntza ekintza hasten denetik hasita.

7. Diru-laguntzaren xede den gastuak obra burutzeko kostuaren kasuan 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu edo aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunen horniketa egiteko edo zerbitzuak emateko kasuetan 12.000 eurokoa gainditzen badu, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatuaren arabera. Ondorio horietarako, eskatzaileak bertan ezarritakoa bete duela ulertuko da modu arrazoituan frogatzen duenean hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela, kontuan harturik egin beharreko prestakuntza ekimenak eta horiek zein arlotan garatzen diren, Enplegua Hobetu eta Handitzeari buruzko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean xedatutakoarekin bat. Justifikaziorako beste bide batzuk erabili ahal izatea galarazi gabe, aurrekoa jarraian adierazitako aukeraren baten bidez frogatu ahalko da:

a) Zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu izana, salbu eta, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikoa, edo gastua diru-laguntzarako eskaera egin aurretik egina bada. Diru-laguntzaren justifikazioarekin batera edo, hala bada, diru-laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira eskaintzak. Haien arteko hautapena efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.

b) Merkatuan dauden pareko operazio errealen prezioen metodoa: merkataritzako trafikoan balio duen euskarriko agiriak aurkeztuz frogatu beharko da merkatuan pareko eta antzeko eragiketak daudela, diru-laguntzaren xede den eragiketaren ekonomia eta eragimena agerian uzten dutenak.

c) Garai bereko aurrekontuen deflaktazio metodoa: onuradunak antzeko operazio alderagarrien egungo aurrekontuak aurkeztu ahal izanen ditu, kontratazioa egin zenetik alderdi hau frogatu bitarte izandako KPIren gorabeherarekin zuzenduta (deflaktatuta), agerian utziko dutenak kontratazioa eragimenez eta ekonomiaz egin zela.

8. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurrerakina ematen ahal die onuradunei, prestakuntza ekintza onetsi eta ekintza hori hasi eta gero. Horretarako eta aldez aurretik, abalak edo bermeak aurkeztuko dituzte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluak xedatu bezala.

Diru-laguntza aldez aurretik ordaintzeko hurrengo baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitateak frogatzea diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, diru-laguntza azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedaturikoarekin bat ordainduko da, jarduera egin dela frogatu ondoren.

9. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren %50 ordaintzen ahalko du konturako ordainketa gisa, prestakuntza ekintza onetsi eta gutxienez ere jardueraren %50 egindakoan. Horretarako eta aldez aurretik, entitate onuradunek jarduera hori egin dutelako justifikazioa eta eskaera aurkeztuko dituzte.

Hamazazpigarren oinarria.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzen itzulketak.

Bat.–Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako beharkizunak eta emate-ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza osorik edo hein batean kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, edo, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako diru-laguntza osorik edo hein batean itzultzea, ondoriozko berandutza-interesekin batera (ordainketa agindu eta itzulketa bidezkoa dela erabakitzen denera bitartekoak).

Bi.–Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Ez-betetzea erabatekoa bada:

Diru-laguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea erabatekoa bada, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta emandako diru-laguntzaren %100 itzuli beharko da. Ez-betetzea erabatekotzat hartuko da, baldin eta diruz lagundutako jardueran ez bada helburuen %35 bete, honela neurturik: prestakuntza-orduen kopurua bider prestatutako ikasle kopurua.

b) Ez-betetzea hein batekoa bada:

Diru-laguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea partziala bada, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta emandako diru-laguntza dagokion neurrian itzuli beharko da. Aurreko lerroaldean aipatutako adierazlea %35etik %100era bitarte bete bada, diru-laguntzari ez-betetzearen portzentaje hori kenduko zaio, betiere gastuak behar bezala justifikatu badira.

Hiru.–Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Lau.–Itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

Hemezortzigarren oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Onuradunek diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko diru-laguntzarekin. Beraz, hartutako zenbatekoan gutxituko da.

Hemeretzigarren oinarria.–Datuen babesa.

1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

2. Entitate eskatzaile, onuradun eta parte-hartzaileen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan oro har ezartzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira interesdunak.

Hogeigarren oinarria.–Araudia.

Deialdi hau enplegurako prestakuntzaren azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren oinarri arautzaileekin bat gauzatuko da. Agindu hori abuztuaren 2ko ESS/1726/2012 Aginduak aldatua zuen. Halaber, honako araudia aplikatuko zaio: martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretua, enpleguaren eta lanbide prestakuntzaren arloan diru-laguntza batzuk zuzenean emateko modua arautzen duena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta gaiaren arabera aplikatzekoa den beste edozein araudi.

Hogeita batgarren oinarria.–Epeak zenbatzea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluko I. kapituluarekin bat, deialdi honetan adierazitako epe guztiak luzaezinak dira, eta egun baliodunek osatuak, non ez den kontrakoa xedatzen espresuki.

Hogeita bigarren oinarria.–Diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako enpleguaren atarian (www.empleo.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Diru-laguntzen onuradunek adierazi beharko dute, egiten dituzten jarduerak kudeatzeko agiri guztietan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Espainiako Estatuak finantzatu dituztela –bigarren kasuan Enplegu Ministerioaren eta Gizarte Segurantzaren bidez–.

Hogeita hirugarren oinarria.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1312814