2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Berriobeitiko udal ordenantza, Bizitegietarako erabilerari lotutako lurzati libre pribatuak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2013ko ekainaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Bizitegietarako erabilerari lotutako lurzati libre pribatuak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2013ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ekainaren 20an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Berriobeitin, 2013ko abuztuaren 28an.–Alkatea, José M.ª Irisarri Ollacarizqueta.
BERRIOBEITIKO UDAL ORDENANTZA, BIZITEGIETARAKO ERABILERARI LOTUTAKO LURZATI LIBRE PRIBATUAK
ARAUTZEN DITUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da irizpideak ezartzea bizitegitarako erabilerei lotutako lurzati pribatu libreetan izaten diren eraikuntzaren eta erabileraren arloetako egintzak arautzeko, lizentzia bati lotuta baitaude.
2. artikulua. Esparrua.
Ordenantza hau aplikatuko zaio bizitegitarako erabilerari lotuta dauden eta hiri lurzoru finkatuan dauden lurzatietako lurzoru pribatu libreari; eta hiri lurzoru finkatutzat hartuko da bai Udal Planean hala deitzen dena bai halako bihurtu dena hirigintzako planeamendua gauzatzean urbanizatu delako, haren determinazioei jarraikiz, orubearen kategoria izateko behar diren zerbitzuak egiazki dituelarik.
Hiri lurzoru finkatuari ere aplikatuko zaio, Udal Planeko hirigintzako araudi orokorrean eta berariaz emandako legezko bertze xedapenetan arautu ez diren alderdiak daudenean.
3. artikulua. Indarraldia.
Ordenantza honek indarra hartuko du Berriobeitiko Udalaren osoko bilkuran behin betikoz onetsi ondoren, eta aplikatuko da indargabetzen, aldatzen edo ordezten ez den bitartean, Berriobeitiko Udalak puntu batzuk zuzendu ahalko baititu.
4. artikulua. Baldintza orokorrak.
Lurzati libre pribatuetan eraikuntzako elementuak paratzeko, lizentzia eskatu beharko zaio Berriobeitiko Udalari.
5. artikulua. Eraikuntzako elementuak eta altzariak.
1. Ataripeak: Egindako etxebizitzetan azalera eraikia handitu ahalko da, beheko solairuan ataripeak egiteko, eraikin nagusiaren fatxadako lerrokaduretatik igaro ahalko diren ataripeak, betiere honako baldintza hauek betez:
–Lurzatirako ezarritako gehieneko lerrokaduren barruan kokatuko dira eta inoiz ez fatxadaren eta lurzatiaren itxituraren artean, itxitura horrek bide publikora ematen duenean.
–Konputatu beharrekoa ez den gehieneko azalera eraikia, guztira, 20 m² izanen da lurzatiko, estalkiaren proiekzioan neurtuta (hegalkinak barne). Zenbaketa honetan sartuko dira lehendik dauden ataripeak ere.
–Gehieneko altuera 2,5 metrokoa edo txikiagoa izanen da puntu guztietan, egiturazko elementuaren gainean, lurrarekin bat egiten duen tokitik estalkiaren beheko aldera arte.
–Estalkiak %30-40ko malda izanen du eta betiere ondoko estalkien jarraipena eginen da, halakorik badago (binakakoak, atxikiak etab.). Malda hori homogeneoa izanen da etxebizitzen ilara eratzen duten eraikuntza guztietan.
–Eraikuntzako materialak eta koloreak eraikin nagusiaren araberakoak izanen dira, eta, horretarako, egitura gisa erabiliko dira egurrezko, metalezko edo gisako habe eta zutabeak (kasu honetan fatxadekin edo arotz lanekin bat egiten duten koloreak dituztela), eta estaltzeko material gisa, berriz, eraikin nagusikoa bera erabiliko da (teila).
–Ataripea egitean eraikin nagusiaren (etxebizitzaren) fatxadei eutsi behar zaie.
–Udalak eskatzen ahalko du egungo ataripeak ordenantza honen baldintza orokorretara egokitzeko, ataripeak multzoan hobeki integratzearren; halaber, bertze baldintzaren bat ere ezarri ahalko du ataripe berriak egiteko.
Etxebizitza atxikiak.
Irizpide orokor aldatu honi jarraiki beharko zaio:
–Ataripeak atzeko fatxadari atxikita eraikiko dira eta eraikin nagusiak (etxebizitzak) konpartitutako mugetara iritsi ahalko dira.
–Kristala duten irtenbideak onartzen dira (profileria arinekoak, estalkia kristalduna eta erabat mugikorra dutenak).
–Ataripea egitean etxebizitzaren atzeko fatxadari eutsi behar zaio.
Binakako etxebizitzak.
Irizpide orokor aldatu honi jarraiki beharko zaio:
–Ataripeak etxebizitzaren alboko eta atzeko fatxadari atxikita eraikiko dira eta lurzatiko eraikuntzaren gehieneko lerrokaduraren barnean egonen dira. Nolanahi ere, eraikin nagusiak (etxebizitzak) konpartitutako mugara iritsi ahalko dira
–Fatxada nagusiari atxikita ere egoten ahalko dira, lurzatiaren lerrokadura ofizialetik 8 metro baino distantzia handiagora baldin badago fatxada hori. Ataripe bakarra eginen da etxebizitza bakoitzeko.
Etxebizitza isolatuak.
–Ataripeak etxebizitzaren alboko fatxadei edo atzekoari atxikita eraikiko dira eta lurzatiko eraikuntzaren gehieneko lerrokaduraren barruan egonen dira.
–Fatxada nagusiari atxikita ere egoten ahalko dira, lurzatiaren lerrokadura ofizialetik 8 metro baino distantzia handiagora baldin badago fatxada hori.
2. Etxolak: Debeku da bertan bizitzeko eraikin bolumetriko iraunkorrak egitea lorategiko edo/eta zolatutako eremuan, salbu eta lorezaintzako etxola aurrefabrikatuak (obrako etxolak ez). Etxebizitza bakoitzeko etxola bat ipintzen ahalko da eta bizitegitarako erabilerari lotutako biltegi gisa erabiliko da bakarrik (tresnen gelak edo trastelekuak).
a) Gehieneko azalera: 4 m², 500 m² bitarteko lurzatietan; eta 6 m², 500 m² baino gehiagoko lurzatietan; bolumenak ortogonalak izanen dira.
b) Kokalekua: Ataripeetarako baimena duten eremuetan –2. atalean jasotako haietan– kokatuko dira; baita ataripeen azpian ere.
c) Gehieneko garaiera: ezin ikusi ahalko dira eremu publikotik. Lurzatiaren mugetan ezartzen badira, ez dute gaindituko aldez aurretik dagoen itxituraren altuera. Gehieneko garaiera: 2,20 m.
3. Ataripe txikien edo etxebizitzetan sartzeko terrazen itxiturak: Kristalak paratzen ahalko dira ataripeetan eta etxebizitzetan sartzeko terrazetan, eraikineko arotz lanen kolore, lodiera eta zatikatze bera duten arotz lan arinak paratuta.
4. Igerilekuak eta urmaelak: Aire libreko igerilekuek ez dute igaroko + 0,75 m kota lurzatiaren sestraren gainean. Lurzatiaren mugetatik metro batera eta eraikinetatik 2 metrora egonen dira gutxienez. Zolatutako eremuak badituzte inguruan, eremu horietako zoladura lerragaitza izanen da. Arazketa sistemak lurpean egonen dira eta inoiz ez dituzte gaindituko lurzatiaren itxituren altuerak. Lurzatiko euri-uren sarera eraman edo hustuko dira urak. Debeku dira itxitura zeharrargiak edo berotegi motako estaldurak, baldin eta metro libre bateko altuera igarotzen badute edozein puntutan.
5. Pilotalekuak eta kirol pistak: Debeku dira pilotalekuak eta kirol pistak, salbu eta 1.000 m² baino gehiagoko lurzatietan egiten badira eta ondoko lurzatien jabeek berariaz emandako baimena lortzen bada. Pilotalekuak eta pistak estali gabeak izanen dira eta, horiek egiteko, behar bezala antolatuko da euri-uren hustuketa. Pilotalekuek ez dute inoiz igaroko haiek dauden lurzatiko eraikuntzaren gehieneko altueraren plano horizontala, eta beharrezkoa izanen da teknikari eskudunak sinaturiko obra proiektua tramitatzea.
Kirol pistetan sareak paratzen ahalko dira, ondoko lurzati ukituetako jabeen adostasuna dakarren idazkia lortuz gero.
6. Pergolak: oinplanoan gehienez ere 12 m² izanen dira. Lurzatian aske egoten ahalko dira edo, bertzela, eraikinaren fatxadei atxikirik, baina inoiz ez kalera ematen duen fatxada nagusian. Ondoko lurzatien mugetara ere iristen ahalko dira, baina, horretarako, ondoko jabeen baimena aurkeztu beharko da. Garaiera 2,5 m izanen da gehienez ere.
Erabat egurrezkoak izanen dira eta osorik desmuntatzeko modukoak. Ez dira itxiko eta estalki bakarrak landareak, txilarra edo kereta izanen dira. Arau orokorra da etxebizitza bakoitzeko pergola bat jartzea, baina lurzati handietan gehiago ipintzen ahalko dira; betiere gehienez pergolako 20 m² izanen dira lurzati libre pribatuko 500 m²-ko.
7. Apaintzeko edo zaintzako animalien etxolak: lurzatian edozein lekutan paratzen ahal dira eta haien garaiera metro bat baino txikiagoa izanen da. Eraikuntza mota honen gehieneko azalera eraikia 2 m² izanen da oinplanoan, lurzati bakoitzeko.
8. Bertzelakoak: Debeku dira berez mintegietakoak eta nekazaritzako ustiategietakoak diren berotegiak, plastiko malguz eginak; orobat, berez bizitegietako erabilerakoak ez diren eraikuntzak. Onartzen dira fatxaden homogeneitasuna mantentzen duten toldoak, tipologia nahiz lorategiko altzari berdinak dituzten blokeetan: zabuak, bankuak, iturri apaingarriak, figuratxoak etab. Egurtegiak ere onartzen dira; eraikuntzako fatxadei lotuta egonen dira eta eraikin nagusiak duen estaldura bera izanen dute, baina ez dute lurzatiaren itxituraren garaiera gaindituko. Egurtegiak oinplanoan okupatutako gehieneko azalera 2 m² izanen da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu dira Udal Planean eta hura garatzeko planeamenduan ordenantza honi kontra egiten dioten xedapen guztiak.
Iragarkiaren kodea: L1312047