174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMAKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiei laguntza ekonomikoak emateko oinarriak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Ultzama aldeko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitateko mahaikideen batzarrak, 2013ko ekainaren 25ean egin bilkura arruntean eta Korporazioko kideen erabateko gehiengoa zuela, hasiera batean onetsi zuen Ultzama aldeko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitatean Larrialdi sozialean dauden pertsona edo familiei laguntza ekonomikoak emateko oinarriak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2013ko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 18an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantzako aldaketaren hasierako onespena behin betiko bihurtu da, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Larraintzarren (Ultzama), 2013ko abuztuaren 21ean.–Mankomunitateko burua, Roberto Pascal Garcés.

LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONA EDO
FAMILIEI LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEKO
OINARRIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1.–Xedea eta helburua.

Ordenantza honen oinarrien xedea da gizarte zerbitzuen arloko laguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio zuzenaren araubidean.

Zuzeneko laguntza ekonomikotzat hartuko dira larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei ematen direnak.

Laguntza puntualak dira, ez aldian behingoak, eta bai, aldiz, borondatearen araberakoak; bizirauteko oinarrizko beharrak estaltzeko xedea dute, betiere bertzelako diru sariek edo zerbitzuek ez badituzte asetzen.

2.–Eskaerak aurkezteko epea.

Interesdunek Ultzama aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aurkeztu beharko dituzte eskabideak, laguntzarako ereduak beteta eta sinatuta. Eskabideak aurkezteko epea ordenantza hau indarrean sartzen denean hasiko da (15 egun baliodun ordenantza honen testu osoa NAOn argitaratzen denetik). Hala ere, Interesdunak joan daitezke aldez aurretik oinarrizko gizarte zerbitzuen bulegoetara informazioa jasotzera aurkeztu beharreko dokumentazioaz, baldintzez eta abar.

Laguntzarako eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkeztuko da. Eskabideari ez bazaio beharrezko dokumentazioa erantsi, Ultzama aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskatuko dio interesdunari lehenbailehen ekar dezala, eta hamar eguneko epea emanen dio horretarako.

3.–Betebeharrak.

a) Mankomunitatea osatzen duten udaletako edozeinetan (Anue, Atetz, Basaburua, Lantz, Odieta eta Ultzama) erroldatzea, gutxienez urtebete lehenago, eskabidearen datatik kontatzen hasita.

b) Ultzama aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen programa eta/edo proiektuen erabiltzaileak izatea.

c) Gaur egun baliabide ekonomiko askirik izan ez, eta egoera hori ezinbestekoa eta nahi gabe etorria izatea.

Diru-sarrera ekonomikorik ez duela ulertuko da, aplikatzen den urteko LGSa familia unitateak gainditzen ez duenean, etxebizitza alokatzeko gastuak edo hipotekakoak kenduta, ezarritako mugetaraino.

Horretarako:

Familia unitatetzat hartuko da ezkondutako bikoteak edo bikote egonkorrak edo guraso bakarrak osatzen dutena, eta horien haur adingabeak edo, adinez nagusikoak izanik, 25 urte baino gutxiagokoak, baina LGSa baino diru-sarrera txikiagoak dituztenak, baita %65eko desgaitasuna baino handiagoa duten seme-alabak ere.

Eskatzailea zer familia unitatekoa den haren diru-sarrerak hartuko dira kontuan (pentsioak, laneko errentak eta abar).

Familia unitateko kideren baten diru-sarrerak hartuko dira kontuan, adibidez:

1) Seme-alaben elikagaien pentsioa, familia unitatearen zenbateko osoaren %25eraino, hitzarmen erregulatzailea dagoenean edo epai irmoaren bidez agintzen denean.

2) Mendekotasuna duten pertsonak familian zaintzeko laguntzak, familia unitatearen zenbateko osoaren %25eraino.

3) Deskribatu direnen antzeko beste batzuk, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatearen teknikarien irizpideei jarraikiz.

4) Helburu zehatz baterako laguntzak ez dira kontuan hartuko.

Diru-sarrera horietatik gastu hauek deskontatuko dira:

–Etxebizitzaren alokairukoak edo hipotekakoak, gehienez ere 450 euro hileko.

d) Diruz lagundu beharreko kontzeptuak Nafarroako Gobernuaren laguntza berezietan sarturik ez egotea.

e) Diruz lagundu beharreko kontzeptuak sortutako beharraldia nabarmen eztitzen edo leuntzen laguntzea, horiek luzarorako egoerak eta konpontzeko itxurarik gabeak ez direlarik.

f) Gehienez jaso daitekeen zenbatekoa, gaika edo oro har, agortu ez izatea.

g) Salbuespen gisa, aipatu baldintzak bete gabeko laguntzak eman daitezke, teknikariaren irizpideei jarraikiz eta nahitaezko txosten sozialak ziurtatuta.

4.–Aurkeztu beharreko agiriak.

–Onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren eskabide sinatua.

–NANa, AIZa edo pasaportea.

–Erroldako eta bizikidetza agiria, eguneratua.

–Azkeneko errenta aitorpena eta familiaren gaur egungo diru-sarrera guztien egiaztagiria (nominak, pentsioak, gizarteratze-errentaren, INEMaren diru sari eta sorospenak, eta diru-sarrera horien edo beste irregular batzuen edo nominarik gabeko eta abarreko irabazien zinpeko aitorpena).

–Laguntzaren kontzeptuaren zorra, faktura edo aurrekontua, baldin badago.

–Erreferentziako profesionalak kontsideratzen dituen beste dokumentu batzuk eska daitezke, interesa badute eta laguntza emateko beharrezko egoera soziala eta/edo ekonomikoa justifikatzen badute, bai eta laguntza ekonomikoa zergatik eskatzen den, behar hura justifikatzen dutenak ere.

–Ez da beharrezkoa izanen Ultzama aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

5.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptu guztietarako, laguntzak emanen dira ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan dagoen mugaraino iritsi arte; gisa hartara, xede honetarako aurreikusitako kontu-sailean dirurik ez bada, laguntza ezetsiko da, Mankomunitateak laguntza hurrengo ekitaldian berriz planteatzea edo ematea ukatu gabe.

Diruz lagunduko diren kontzeptuak:

A) Mantenua.

Eskabide bakoitzeko gehieneko laguntza 100 eurokoa izanen da adingabeak eta/edo mendekotasuna ez duten familia unitateetan eta 200 eurokoa adingabeak eta/edo mendekotasuna dutenak familia unitateetan. 200 eurokoa da urteko gehieneko zenbatekoa lehenbiziko kasuan eta 400 eurokoa bigarren kasuan.

B) Eskola materiala-liburuak.

Laguntzaren zenbatekoa 200 euro izanen da urteko, gehienez, familia-unitate bakoitzeko. Gehienez ere, Ultzama aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 75 euroko laguntza emanen du urtean seme-alaba bakoitzeko.

C) Eskola jantokirako bekak.

Gehienez ere 200 euro emanen dira urteko. Gehienez ere, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 100 euroko laguntza emanen du urtean seme-alaba bakoitzeko.

D) Bertze kontzeptu batzuk.

Aitzineko ataletan jaso ez diren bertze egoera batzuk eztitzeko xedea dutenak, edo bertze laguntzetan jaso ez diren gastuak ordaintzeko direnak.

Eskabide bakoitzeko gehieneko laguntza 150 eurokoa izanen da adingabeak eta/edo mendekotasuna ez duten familia unitateetan eta 300 eurokoa adingabeak eta/edo mendekotasuna duten familia unitateetan. 300 eurokoa da urteko gehieneko zenbatekoa lehenbiziko kasuan eta 600 eurokoa bigarren kasuan.

6.–Eskaeraren urteko gehieneko zenbatekoa familia unitate bakoitzeko.

Laguntza jaso dezaketen kontzeptu guztiengatik gehieneko zenbatekoa 600 eurokoa izanen da urtean.

Salbuespen gisa baino ez da gastu hau gaindituko eta larrialdiren bat baldin badago eta gizarte langileak laguntza horrelakotzat jotzen badu. Nahitaezko txosten soziala beharko da horretarako.

7.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Kontu-saila nahikoa ez denean eta eskabide batzuk ebazpen zain badaude aldi berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak baloratzeko bere irizpideak erabiliko ditu laguntzak berdin eta ahal den hobekiena banatzeko. Laguntza batzuek lehenetsiko dituzten irizpide teknikoak:

–Familia unitatean adingabeak izatea edo ez izatea, eta horien kopurua.

–Familia unitatean diru-sarrera txikiagoak izatea.

–Diruz laguntzeko kontzeptua izatea edo ez, eta abar.

8.–Onuradunen eginbeharrak.

Laguntzak erabakitzen direnetik, Oinarrizko Gizarte Zerbitzutik ezartzen den denboran gizarteratze prozesu batean sarturik egon beharko dute onuradunek, beharrezkoa bada eta irizpide teknikoen arabera, betiere.

Emandako laguntza eskatutako xederako erabiliko da.

Agiri bidez edo beste modu fede-emaile baten bidez justifikatuko da emandako xedean edo kontzeptuan inbertitu, gastatu eta abar egin dela laguntza.

Behar izanez gero, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak laguntzak ematean beste betekizun batzuk ezar ditzake, beti lotuak ordenantza honen xedearekin.

9.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Behin laguntza emanda eta ordainduta, aipatu baldintzak betetzen ez badira, itzuli egin beharko da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara, korrituak eta guzti, behar bada. Onuradunak xede hauetarako beste laguntza batzuk jasotzeko eskubidea galduko du, inguruabarra gertatu eta urtebeteko epean. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak legezko premiamendu bidez eska ditzake.

10.–Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.

Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Mankomunitateko ondoko langileei dagokie: gizarte langilea, Harrera programako arduraduna edo, baldin badago, Gizarteratzeko programakoa.

Egoera eta eskabidea azterturik, gizarte langileak txosten soziala igorriko dio mankomunitateburuari. Bertan zehaztuko dira laguntza ekonomikoaren beharra, baldintzak betetzea, dagokion kopurua, ordaintzeko modua eta abar. Isilpekoa izanen da txostena eta bai teknikariek, bai mankomunitateburuak bermatuko dute isilpekotasun hori betetzen dela.

Eskatutako laguntzak eman edo ukatu mankomunitateburuak erabakiko du.

Ez da diru saririk emanen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalak uste duenean oinarri hauetan zehazturiko baldintzak betetzen ez direla, edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez denean.

Erabaki edo ebazpen horren aurka errekurtsoa jar daiteke toki entitateen erabakien aurkako errekurtso bideak erabiliz.

11.–Epea eta ebazpena.

Eskabidea eta horri erantsi beharreko dokumentazio osoa jaso eta gehienez ere hilabeteko epean eman beharko dira ebazpenak edo, behar bada, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek dokumentazioa jasotzen dutenean.

Epe hori iraganik, ukatu dela ulertuko da, gero eman badaiteke ere epez kanpoko ebazpenaren bidez.

12.–Ordainketa eta justifikazioa.

Laguntza zuzenean eman dakioke onuradunari, edo onuradunak zorra edo ordaindu beharra duen entitateari, erakundeari eta abarri edo gastua egin behar den tokiari, entitateari eta abarri. Ordainketa aste bateko epean eginen da, gehienez ere, laguntza emateko ebazpena erabakitzen denetik.

Ordainketa zuzenean egiten bazaio onuradunari, honek hilabete bat izanen du laguntza egoki erabili izanaren justifikazioa aurkezteko.

Iragarkiaren kodea: L1312130