174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko abuztuaren 28an hartua, Garesko (Nafarroa) Santiago eliza izeneko higiezinaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Garesko Santiago eliza izeneko higiezina monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1931ko ekainaren 3ko Dekretuaren bidez (1931ko ekainaren 4ko Kazeta).

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes ingurunea finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoa du ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 74/2013 Ebazpenaren bidez, Garesko Santiago eliza izeneko higiezinaren babes ingurunea behin-behinekoz mugatu zen, eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea ireki.

Ebazpena 2013ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24an. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

2013ko uztailaren 1ean, Nafarroako Kulturaren Kontseilura igorri zen espedientea. Nafarroako Kulturaren Kontseiluak aldeko txostena eman zuen 2013ko uztailaren 29an.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Garesko (Nafarroa) Santiago eliza izeneko higiezinaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Garesko Santiago elizaren babes inguruneak lur hauek hartzen ditu. 2. poligonoko 43., 44., 45., 46. eta 47. lurzatiak; lurzati horietako kale perimetralen azalera; 1. poligonoko 200., 172. eta 173. lurzatietan Kale Nagusira ematen duten fatxadak, eta 2. poligonoko 56., 57., 658. eta 659. lurzatietan Santiago belenara ematen duten fatxadak, den-denak Garesko udalerrikoak.

Monumentu honen inguruan, 43. lurzatian izan ezik –hantxe monumentua bera dago eta berariazko babesa du–, babes maila Garesko Alde Zaharreko B.B.B.P.B.ren determinazioetan ezarritakoa izanen da, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren abuztuaren 26ko 208/2004 Ebazpenaren bidez txostena emanda. Nolanahi ere, edozein esku-hartze egiteko, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 36.1 artikuluan adierazitako baimena beharko da, 36.3 artikuluan adierazitakoarekin bat.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1312140