174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARITZALETA

Ordenantza, Landabideen erabilera arautzen duena

Kontzejuak, 2013ko maiatzaren 4an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Landabideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon baita 30 egunean, iragarkia Kontzejuaren oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, ordenantza argitara ematen da osorik.

Aritzaletan, 2013ko abuztuaren 13an.–Kontzejuko burua, José Antonio Irurzun Irurzun.

ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek arauak ezartzea du xede Aritzaletako mugapeko bide publikoei dagokienez.

2. artikulua. Kontzejuaren mendeko bideetan, Trafikoari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen arabera arautuko da zirkulazioa.

3. artikulua. Debeku da arras:

1. Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea itzulbira egiteko.

2. Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka eta erretenetara.

3. Areketara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

4. Hondakinak bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

5. Administrazio baimenik gabe lehiaketa eta lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6. Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua. Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua. Adarrek areka ez gainditzeko maneran landatuko dira arbolak bide ondoan.

6. artikulua. Landabideetan ibiltzeko, haien egoerak eta ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den; mantsotu beharko da ibilgailu bereziekin, ibilgailu motelekin, animalia saldoekin edo oinezkoekin topo egitean. Are gehiago aro idorretan, hautsa pilatzen baita; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatzen dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 40 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

7. artikulua. Landabideetan ibiltzeko gehieneko pisua 35.000 kilo da.

8. artikulua. Partikularrek baimena eskatu beharko diote Kontzejuari finketako pasabideak egiteko edo aldatzeko; erabat, partikularraren kontura eginen dira, gutxienez 40 zentimetroko diametroko hormigoizko hodiak jarrita. Kontzejuak fidantza eskatzen ahalko du, egokitzat jotzen duena, lur-sailetako sarbideak behar bezala egiten direla bermatzeko.

9. artikulua. Finken itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

10. artikulua. Arau-hausteak. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua. Ordenantza hau hausten duenak 174,75 euroko zehapena izanen du, aparte utzirik egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

Iragarkiaren kodea: L1311665