174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

928/2013 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Ospitaleguneko Batzorde Tekniko-Asistentzialeko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deialdia egiten duena.

Uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuen 52. artikuluak Batzorde Tekniko-Asistentziala ezartzen du Nafarroako Ospitalegunean parte hartzeko organo gisa, eta 66. artikuluan zehazten du Osasuneko kontseilariak ezarriko dituela, foru agindu bidez, haren osaera eta funtzionamendua.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 12ko 115/2012 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Ospitaleguneko Batzorde Tekniko-Asistentzialaren osaera eta funtzionamendua onetsi ziren.

Bestalde, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gobernu organoetako eta zerbitzuari atxikitako zentroetako eta inguruko organoetako batzorde tekniko-asistenzialetako langileen ordezkariak hautatzeko araudia arautu zuen. Foru agindu hori hein batean aldatu zuten Osasuneko kontseilariaren azaroaren 28ko 154/1997 eta azaroaren 7ko 125/2011 foru aginduek.

Bestalde, Nafarroako Ospitalegunearen gaur egungo egiturarengatik –aipatutako martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduaren ondoren ezarri zen– eta langileek hauteskunde hauetan parte hartzea erraztea komeni izateagatik, hauteskunde-araudia egokitu egin behar da, eta hauteskunde hauen ezaugarrietara egokitu.

Uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako gobernu organoetarako eta batzorde tekniko-asistentzialetarako langileen ordezkariak hautatzeko araudiari buruz Osasuneko kontseilariak martxoaren 21ean emandako 78/1996 Foru Aginduaren 2. artikuluak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Ospitaleguneko Batzorde Tekniko-Asistentzialerako hauteskundeetarako deialdia egitea. Hartan honako mahaikide hauek hautatuko dira:

a) Arlo Klinikoko zuzendarien eta Laguntza Zerbitzuetako buruen bi ordezkari.

b) Atalburuen eta buru klinikoen bi ordezkari.

c) Albokoen eta fakultatibo espezialisten lau ordezkari.

d) Prestakuntzan diharduten langile egoiliarren ordezkari bat. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

e) Osasun arloko langile diplomadunen hiru ordezkari.

2. Osasuneko kontseilariaren martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduan (haren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako gobernu organoetarako eta Batzorde Tekniko-Asistentzialetarako langileen ordezkariak hautatzeko araudia ezarri zen) xedatutakoarekin eta honako arau hauekin bat arautuko dira Nafarroako Ospitaleguneko Batzorde Tekniko-Asistentzialerako hauteskundeak:

2.1. Hauteskunde mahai bat eratuko da, egoitza Nafarroako Ospitaleguneko Langileriaren Zuzendaritzan duena, eta ondoko atal hauek izanen ditu:

a) I. atala: honen barnean egonen dira Nafarroako Ospitaleko, Bideko Ama Birjina Ospitaleko eta Príncipe de Viana kanpo-kontsultetako eraikinetako hautesleak, baita Emakumeari Laguntzeko Zentroetako hautesleak ere. Bozketaren egunean, Nafarroako Ospitaleguneko G pabiloian beteko ditu bere eginkizunak.

b) II. atala: honen barnean egonen dira Ubarmin Klinikako hautesleak, eta bozketaren egunean eraikin horretan beteko ditu bere eginkizunak.

c) III. atala. honen barnean egonen dira San Martin doktorea zentroaren, Conde Oliveto zentroaren eta Tafallako zentro anbulatorioaren eraikinetako hautesleak. Bozketaren egunean, “San Martin doktorea” osasun zentroan beteko ditu bere eginkizunak.

2.2. Atal bakoitzean hauteskunde mahai sektorial bat eratuko da.

2.3. Hautesleen errolda orokor bat izanen da, eta hautesle errolda bat atal bakoitzeko.

2.4. Behin betiko zein erroldatan dagoen hauteslea, horri dagokion atalean emanen du botoa, eta ez beste inon.

2.5. Aipatutako martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduan zehazten dira hauteskunde mahaiaren eta hauteskunde mahai sektorialen eginkizunak, honako zehaztasunekin bat:

a) Hauteskunde batzordeak onesten dituen jarraibideekin bat beteko dituzte beren eginkizunak hauteskunde mahai sektorialek. Horretarako, dagokion atalean, langile kolektiboen arabera, hautestontzi bakoitzean eman diren boto guztien kontaketa eginen dute, eta emaitzen berri emanen diote hauteskunde mahaiari.

b) I. ataleko hauteskunde mahai sektorialak, bere ataleko eginkizunez gain, martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduak hauteskunde mahaiari egozten dizkionak ere hartuko ditu, guztirako botoak kontatzeari eta akta egiteari dagokienez.

2.6. Zentro batzuen kokapena ez datorrenez bat atal bakoitzari dagokion bozketa tokiarekin, hauteskunde batzordeak posta bidezko sistema ezarri dezake.

3. Nafarroako Ospitaleguneko Batzorde Tekniko-Asistentzialerako hauteskundeen deialdi honen argitaratze egunean, 13:00etan eta jendaurrean, zozketa egitea, hauteskunde batzordeko, hauteskunde mahaiko eta hauteskunde mahai sektorialetako kideak aukeratzeko, eta behin behineko hautesleen errolda argitaratzea Nafarroako Ospitaleguneko Langileriaren Zuzendaritzako iragarki oholean, hauteskunde mahai sektorial bakoitzeko egoitzako iragarki oholean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko web orrian.

4. María Olga Gordillo Gutiérrez eta Blanca Aranzueque Jiménez andreak hauteskunde batzordearen mahaiburu eta ordezko mahaiburu izendatzea, hurrenez hurren.

5. Jesús Miguel Fortún Pérez de Ciriza jauna eta María Mercedes Zapata Vázquez de Prada andrea (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Juridikoaren Ataleko Administrazio Publikoaren teknikariak, arlo juridikokoak) hauteskunde batzordearen idazkari eta ordezko idazkari izendatzea, hurrenez hurren.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

7. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritzari, Zuzendaritza Mediko Asistentzialari, Eritzaintza Zuzendaritzari eta Langileriaren Zuzendaritzari, baita Ebazpen honetan izendatutako hauteskunde batzordeko titularrei eta ordezkoei, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 27an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan José Rubio Vela.

Iragarkiaren kodea: F1312059