174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

352E/2013 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Bertizarango Hirigintzako Planaren Aldaketari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Bostargi S.L.k sustatu du, Legasako Amaiabarren parajean.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dituzte, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

Aldaketa Bertizarango Udalak onetsi zuen hasiera batez, 2011ko maiatzaren 18ko osoko bilkuran. Jendaurrean jarri zen, 2011ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 10ean, argitaratutako iragarki baten bidez. Ez da ingurumeneko ebaluazioari buruzko alegaziorik jaso.

Hirigintzako planaren Aldaketaren helburua da hirugarren sektorerako lurzoru urbanizagarri sail bat zehaztea, Iruña-Irun N-121-A errepidean dagoen gasolindegiaren inguruan. Eremuak 22.831,81 metro koadroko azalera du, eta hauek ditu mugak: iparraldean, Bidasoaldeko tren zaharraren bidea, oinezko eta bizikletentzakoa; ekialdean, errekasto bat, Legasa eta Narbarteko kontzejuen arteko muga eginez; eta hegoaldean eta mendebaldean NA-121A errepidea eta gasolindegia. 4. poligonoko 103., 104., 110 a 113., 118., 120 a 124., 427., 448., 450., 451. eta 452. lurzatiak dira.

Aldaketa honen bidez proposatzen da zerbitzugune bat egitea, hotel, jatetxe eta kafetegi batekin. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak erabaki du Aldaketa horrek ez duela behar geroago garatzeko hirigintza-tresnarik eta, beraz, eremuaren antolamendu xehakatua ezartzen duela. Horrenbestez, 2012ko otsailaren 23an txostena egin zuen zehaztu behar diren alderdiak adieraziz: urpean gelditzeko arriskua, lurrak kudeatzea, paisaiarekin bat egitea eta kalitate akustikorako helburuak.

2013ko maiatzaren 27a, Aldaketari buruzko dokumentazio osoa aurkeztu zen, azterlan akustikoa barne. Sektoreko antolamenduari eta diseinuari dagokienez, kontuan hartu dira eremuko lurretan izan daitezkeen ukipenak, esaterako Bidasoa ibaiko urak har dezakeen esparrua, “Bide berdea” ibilbide interesgarria eta N-121A errepidearen hurbiltasuna. Beraz, berdeguneetarako lagapenak Bidasoaldeko trenbide zaharraren ondoan izanen dira, eta urak 500 urteko birgertatze aldiarekin har ditzakeen eremuan sartuko dira hein batean. Lurzoru urbanizagarrien eta landalurren arteko trantsizio eremuetarako, paisaiarekin bat egiteko plan bat aplikatuko da planeamenduaren exekuzio fasean.

N-121A errepidearen ukipen akustikoei dagokienez, eta azterlan akustikotik ateratako ondorioetan oinarriturik, instalazio berrietan zalaparta murrizteko neurrien artean daude, besteak beste, zarata jatorrian murriztea, pantaila naturalak eta mistoak ezartzea N-121-A errepidearen mugakide diren lurretan eta eraikinak akustikoki isolatzea.

Ingurumen ondorioen azterlanak egoki aztertzen ditu eremuko natur balioak eta bateragarritzat eta arintzat ditu Aldaketa honek ekarritako ukipenak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen Bertizarango Hirigintza Planaren Aldaketan ingurumen arloko baldintzak sartzeari buruz. Uraren Zerbitzuaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostenak sartu dira espedientean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Bertizarango Hirigintzako Planean Aldaketa onestearen komenigarritasunari buruz, ingurumenari dagokionez. Bostargi S.L.k sustatu du, Legasako Amaiabarren parajean.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ingurumenari buruzko baldintza hauek betez gero emanen da:

–Urbanizatze proiektuak, Aldaketaren araudiaren 18. artikuluan adierazten den bezala, zehaztuko du zer neurri zuzentzaile aplikatuko diren, horien eraikuntzako ezaugarriak eta baldintzak zehaztuz, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritako kalitate akustikorako helburuak beteko direla bermatzeko, hirigintzako garapen berrietarako (II. eranskineko A taula, 5 dezibelio gutxituta), d) motako eremu akustikoetan, nagusiki hirugarren sektoreko erabilerako lurzorua duten lurretan, betiere jolas jardueretarako eta ikuskizunetarako ez direnetan eta ezaugarri hauek dituztenetan: Ld = Le = 65 dB eta Ln = 60 dB. Baldintza horiek ZV2 Berdeguneko hirigintza fitxan sartu beharko liratekee (lurzatian ezartzeko baldintzak).

–Era berean, eraikuntza arloko neurri berriak hartuko dira, hotelaren eraikineko fatxadak akustikoki babesteko aukera emanen dutenak, eraikin barnean kalitate akustikorako helburuak bermatzeko, hau da, Ld eta Le < 40 dB (A) eta Ln < 30 dB (A) (urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskina, B taula).

–Eremu honen garapenak N-121A errepidearen zortasun akustikoa ukitzen duenez, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz, sustatzaileak aurkeztu beharko du Herri Lan, Garraio eta Telekomunikazio Departamentuak, bide azpiegituraren titular gisa, nahitaez eman beharreko txostena. Txostenean departamentu honen irizpen bat egon beharko litzateke, honako honekin loturik: neurri zuzentzaile nagusi gisa, errepidean ibiltzeko gehieneko abiadura 80 km/h-ra murriztea.

–Legasako hirigunea hurbil dagoenez (Aldaketako gunetik 500 bat metrora), ezarriko diren jarduerek (kafetegia, jatetxea eta hotela) sortutako hondakin uretarako ingurumenaren arloko konponbidea, eta baita oraingo gasolindegiak sortutakoetarako konponbidea ere, honako hau izanen litzateke: kolektore bat egitea, hondakin guztiak hartu eta Legasako saneamenduko sarera hustuko lituzkeena, proiektu fasean den hiri-HUAn (hondakin uren araztegian) tratatzeko.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Bertizarango Udalari eta sustatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 28an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1312132