174. ALDIZKARIA - 2013ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

328E/2013 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Erroibarko eta Aurizko Blanca 35870 ikerketa baimenaren proiekturako. Sustatzailea Sílice Navarra, S.L. da.

Espedientea: Ingurumen ukipenetarako baimena.

Jarduera: Blanca 35870 ikerketa baimena Erroibarren eta Auritzen.

Sustatzailea: Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

2012ko azaroaren 12an, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak zerbitzu honetara igorri zuen Blanca ikerketa proiektuaren ondoriozko ikerlanek ukitutako eremuak lehengoratzeko proiektua, C ataleko baliabiderako (silizea) Erroibarren eta Auritzen. Hura Sílice Navarra, S.L.k aurkeztu zuen. Erantsitako agiri batean proiektuko ingurumen ukipenen azterlana dago.

Dokumentazio hori igorri zen Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuaren 5. eta 41. artikuluetan aurreikusitako tramitazioaren arabera.

2012ko abenduaren 21ean, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak zerbitzu honetara igorri zuen Erroibarko eta Aurizko udal mugapeetako Blanca ikerketa proiektua, meatzaritzako araubidearen erregelamendu orokorraren 66. artikuluarekin bat.

Dokumentazioa aztertuta eta jarduketa Aldude Mendia ZBEn kokatzen denez, ingurumen ukipenetarako baimenerako prozedura hasi zen, sartuta baitago Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinean.

Proposamenaren helburua da balizko meatokiaren gaineko ezagutzak eskuratzea eta hango materialaren kalitatea eta izanen lituzkeen erabileretarako aplikagarritasuna kontrastatzea (batik bat industria, beira, galdaketa eta lurzoruko medeagarriak). Horretarako, meategiko ikerlanak egitea proposatu da, silize baliabiderako 4 meatze laukiko Blanca 35870 ikerketa proiekturako ikerketa baimenari dagokionez. Mendiaundi alderdian kokatzen da ikerketa, Erroibarko eta Aurizko udal mugapeen artean. Orain, jarduketa Erroibarren eginen da, Erroibarko 9. poligonoko 231-E lurzatian, hain zuzen.

Proiektatutako jarduketan, funtsean, ikerketa kanpaina eginen da geo-radarrarekin, tomografia elektrikoko profilekin eta zortzi zulaketa eta zundaketarekin (gehienez ere 30 metro sakon izanen dira). Zundaketak egiteko, zortzi kokatze plataforma egokitu beharko dira zulaketa talderako, haietako bakoitza 15 m²-koa.

Lan eremura ailegatzeko, egungo bide bat erabiliko da, eta, handik aurrera, beste sarbide bat zabalduko da, 800 metro luze izanen dena eta 5,5 metroko plataforma-zabalera izanen duena. Han bitan banatuko da eta bi tarte eginen dira sartzeko, 275 eta 313 metrokoak, malda pikoko tokietan beharrezko lur-erauzketak eta betelanak eginez. Lur-erauzketek 3H/4Vko malda izanen dute, eta betelanek, berriz, 4H/5Vkoa.

Iragarkia 2013ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 27an argitaratuta, jendaurrean jarri zen espedientea, bai meategiko araudiari dagokionez bai ingurumen ukipenetarako baimena tramitatzeari dagokionez. Tramite horretan, honako hauek aurkeztutako alegazio idazkiak jaso ziren: Mikel Joseba Landabere Villanueva eta Miren Nekane Nuño Iturri (Herria hautagaitza), Martín Jesús Saragüeta González, Erroibarko Udala, Gabriel Mari Ernaga (Bildu-Erroibar) eta M.ª Roncesvalles Martínez (Por un Desarrollo Sostenible, Etorkizuna), Seo Birdlife eta Asociación Coordinadora Monte Alduide, Aurizko Udala, Aurizberriko Udala eta Baztango Udala. Alegazioen edukia eta haien erantzuna ebazpen honen eranskinean daude jasota.

Habitaten Atalak txostena egin du zundaketen proposamenari buruz. Bertan, ukitutako eremuko balio aipagarriak zehazten ditu, faunari, florari eta habitatei dagokienez, eta adierazi du beharrezkoa dela ezarritako prozedura gauzatzea Natura 2000 Sareko eremuetan egin beharreko jarduketen eragina baloratzeko.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak azpimarratu du pista berriak eta zundaketa plataformak egiteak sortuko duten eragina malda pikoko hegalean, baita lur-erauzketak eta betelaneko ezpondak egitearena ere (3H:4V eta 4H:5V) Batasuneko intereseko eta lehentasunezko habitetan "Aldude mendia" ZBEan. Kalkulatzen da okupazio osoa 1,15 ha-koa dela. Egoera horrek behartzen du, baimena lortzeko, giza osasunari eta segurtasun publikoari buruzko zenbait zehaztapen alegatzera, edo, bestela, Batzordeari galdetu ondoren, interes publikoko beste arrazoi funtsezko batzuk, Natura Ondarea eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, eragin hori nabarmena bada. Eragin kuantitatiboa ikusita (%0,05 baino txikiagoa) ZBEko habitat horietako presentzia orokorrari dagokionez, irizten da maila horretara ez dela iristen.

Nafarroako Mendialdeko eskualde horretako larre azidofiloen singulartasuna eta naturaltasun maila behar bezala hartu behar dira aintzat. Larreen gaineko eraginak ezin dira aldi baterakotzat joko, ez baitira seguruak habitat mota horiek guztiz lehengoratzeko aukerak. Hori dela eta, irizten da habitaten gaineko eraginak iraunkorrak izan daitezkeela, aurreikusitako neurri zuzentzaileak aplikatuta ere. Horrenbestez, zenbait neurri ezarri behar dira sortuko den behin betiko kaltearen ordainean. Neurri horiek sustatzaileak proposatu beharko ditu Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, Aldude ZBE kudeatzeko planean ezarritakoarekin bat (abuztuaren 22ko 105/2005 Foru Dekretuaren bidez hala deklaratua).

Alegazioei erantzuteko agirian, sustatzaileak beste 4 kokaleku aztertzen ditu ikertu gogo diren materialekin parekatu daitezkeen materialetarako (kuartzitak eta hareharriak) Natura 2000 Saretik kanpo. Lau kokaleku horiek baztertzen dira, funtsean aztertutako laginek silize gutxi eta aluminio asko daukatelako, eta, orobat, berezko irizpide teknikoak eta ingurumenekoak oinarri izanda. Hortaz, ez da bermatzen meategiko baliabide bat eskura daitekeela behar bezalako irisgarritasun, kalitate eta bideragarritasun baldintzekin. Hain zuzen, ezinbestekoa da eskatutako baimenaren xede diren zundaketak egitea alderdi horiek behar bezala aztertzeko hautatzen den alternatiban.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, 2013ko apirilaren 9an, txostena egin du eta bertan adierazi ezen, lurraldearen antolamenduaren ikuspuntutik, ez dagoela eragozpenik proiektatutako jarduketa gauzatzeko (meategiko ikerlanak eta zundaketak; sarbidea luzatzea eta plataforma osagarriak). Txostenean adierazi du, halaber, Erroibarko Udal Planaren arabera, zeinek indarra hartu baitzuen 2003ko apirilaren 30ean, proposamenaren lurzorua lurzoru urbanizaezina dela, oihan lurzorua, eta, indarreko hirigintzako udal planeamendutik ez dagoela eragozpenik proiektatutako jarduketak egiteko (meategiko ikerlanak eta zundaketak; sarbidea luzatzea eta plataforma osagarriak).

Eskaera Erroibarko eta Aurizko udalei igorri zaie, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erroibarko Udalak txostena egin du eta bertan adierazi proposatutako jarduera baimengarria dela hirigintzako araudiaren ikuspuntutik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Erroibarko eta Aurizko Blanca 35870 ikerketa baimenerako proiekturako. Sustatzailea Sílice Navarra, S.L. da.

2. Ingurumeneko eraginen eranskinean eta ingurumena zaintzeko programan sartutako prebentzio eta zuzenketa neurriez gainera, ondoko baldintza hauek ere beteko dira:

–Lanak kanpaina bakar batean eginen dira, uztailetik urtarrilera bitartean. Okil beltzaren eta okil gibelnabarraren gainean arriskurik ez dela egonen bermatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan xedatuarekin bat, lan guztiak otsailetik ekainera bitarteko epetik kanpo egin beharko dira.

–Lurrak mugitzen edo landareak aldatzen hasi aurretik, eraginpeko eremuak balizatuko dira eta Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari gaztigatuko zaio.

–Larre-zohiak kendu eta behar bezala kontserbatuko dira, geroago berberak erabiltzeko lehengoratzean. Zohiak kendu ezin diren tokietan, ahalik eta landare-lur gehien kendu eta bilduko da. Ez da espezie aloktonorik erein edo landatuko.

–Ingurumenaren jarraipenari buruzko txostenak, obrak gauzatzen ari diren bitartean aurkeztu beharrekoak:

  • Pistak zabaldu eta plataformak egin ondoan, txosten bat prestatuko da, benetako okupazioa erakusteko plano eta argazkietan.
  • Zohiak kendu eta gordetzeko lanei buruzko txostena.

–Ingurumenaren jarraipenari buruzko txostenak, lanak bukatu ondoren aurkeztu beharrekoak:

  • Lurra lehengoratzeari eta zohiak berrezartzeari buruzko txostena.
  • Hurrengo hiru sasoietan, txosten bat prestatuko da, lehengoratzearen arrakastaren inguruko argazkiak dakartzana.

–Konpentsazio neurriak.

–Zundaketak egin aurretik, sustatzaileak 21.000 euroko berme bat utziko du, 3. puntuan ezarritakoaren osagarria, Aldude ZBEan garatu beharreko konpentsazio neurriak hartuko dituela bermatzeko, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren onespenarekin eta harekin koordinatuz. Neurri horiek ZBE hori erabili eta kudeatzeko planean ezarritakoarekin bat egin behar dute (abuztuaren 22ko 105/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsia). Proposamen zehatza 6 hilabeteko epean aurkeztu beharko da baimen honetatik aurrera, eta gauzatuko da aurreko epigrafeko epeetan baimendutako zundaketa proiektuko lehengoratze neurrien arrakastaren arabera, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin ondoan.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 21.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Industria Segurtasunerako Zerbitzuari, Erroibarko eta Aurizko udalei, Aurizberriko Kontzejuari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko abuztuaren 14an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Eranskina

Aurizberriko (Erroibar) La Blanca 35870 ikerketa baimenaren eskaeraren jendaurreko aldian jasotako alegazioen laburpena

Ondoko alegazio idazkiak jaso dira:

–Mikel Joseba Landabere Villanueva eta Miren Nekane Nuño Iturri (Herria hautagaitza).

–Martín Jesús Saragüeta González.

–Erroibarko Udala.

–Gabriel Mari Ernaga (Bildu-Erroibar) eta M.ª Roncesvalles Martínez (Por un Desarrollo Sostenible, Etorkizuna).

–Seo Birdlife eta Asociación Coordinadora Monte Alduide.

–Aurizko Udala.

–Aurizberriko Kontzejua.

–Baztango Udala.

Mikel Joseba Landabere Villanuevak eta Miren Nekane Nuño Iturrik, Herria hautagaitzako kideek, aurkeztutako alegazioak.

–1. alegazioa.

Konkordantziarik ez dago proiektuko planoen eta testuaren artean. Zuzentzeko eskatzen da.

Erantzuna:

Blanca ikerketa proiektuko planoen eranskineko 6. planoan dago berrikusita.

–2. alegazioa.

Aurizberriko Kontzejuak eta Sílice de Navarra, SL enpresak sinatutako hitzarmenari dagokionez (dokumentazioan dago erantsita), adierazi da hura sinatu aurretik enpresak jakinarazi zuela atera beharreko materiala kalitate handikoa zela eta asmo zuela industria sare bat eratzeko, 40-60 lanpostu zuzen eta zeharkako beste 135 sortuko lituzkeena. Hitzarmen hori sinatu zen, alegatzaileen arabera, enpresaren asmoen deklarazioan oinarrituta, ezein proiektu ezagutu eta baloratu gabe. Eskatu da hitzarmeneko testua espedientetik kentzeko.

Erantzuna:

Hitzarmenak ez dauka inolako ondoriorik tramitazio honen xedea den espedientearen gainean.

–3. alegazioa.

Eskatu da Arkeologia Atalaren txostenak aintzat hartzeko.

Erantzuna:

Blanca ikerketa proiektua prestatu zenean, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuari galdetu zitzaion (Arkeologia Atala), eta horrek berretsi zuen ez dagoela aztarna arkeologiko aipagarririk Nafarroako Gobernuko artxiboetan gaurdaino jasota daudenen artean. Ukipenen azterlanean zehazten da beste txosten bat eskatuko dela lanak hasi aurretik.

–4. alegazioa.

Ez da behar bezala zehaztu, alegatzaileen irudikoz, sarbideek noraino eragiten dioten pagadiari.

Erantzuna:

Zuhaitzen gaineko eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen, lanak hasi aurretik jarduteko eremuaren zuinketa eginen da, zuhaitzen gaineko eraginak saihestuz.

–5. alegazioa.

Eskatu da abeltzaintzako erabilera kontuan hartzeko ikerketa epea ezartzean.

Erantzuna:

Abeltzaintzako erabilera kontuan hartu da proposamena prestatzean; nolanahi ere, hainbat arrazoi direla-eta, ezin da hartan aritu udatik eta udazkenetik kanpo. Edonola ere, jarduketek ez diote abereei zertan trabarik egin, soilik toki zehatz batzuetan egonen baitira, asots berezirik sortuko ez baitute eta langile gutxi egonen baita. Zundaketak egiteko lekuetara, ziur aski, bazkatara eraman daitezke animaliak ikerketa jarduketak hasi baino lehenago.

–6. alegazioa.

Dokumentazioan ez dira agertzen kokaleku eta sarbide alternatiboak, proiektuaren testuan jasotzen direnak.

Erantzuna:

Bestelako kokalekuei dagokienez, alegazioei erantzutean, sustatzaileak dokumentazio osagarria aurkeztu du bere proiekturako interesgarriak diren balizko meatoki geologikoetan egindako azterlanei buruz.

Sílice Navarra, S.L.ko teknikariek egindako azterketa geologiko eta meategikotik ondotik laburbiltzen diren ondorioak atera dira:

La Blanca meatokiko baliabidea Aldudeko kuartzitak izeneko formazio geologikokoa da. Hura beheko siegeniar-emsiar garaiko hareharriek, kuartzita zuriek eta eskistoek nahastuta osatzen dute. Nafarroako Mapa Geologikoaren arabera, formazio geologiko hori orodoviziarreko eta devoniarreko materialen artean dago soilik, batez ere Aldude-Kintoa mendigunean. Material horien eremu geografikoa oso urria da, soilik azaleratuta baitaude Baztanen eta Kintoren arteko mendigune paleozoikoetan, oso sakabanatuta azalera txikietan, jaso duten tektonizazio sendoa dela eta.

Aldude-Kintoa mendigune paleozoikoan dauden azaleratzeen zabalera eta hareharrien mailen lodiera behar bezalako neurrikoak dira baliabide horren ustiapen arrazionala egiteko. Halaber, eremu horrek ezaugarri hoberenak dauzka oxidoei eta silize edukiei dagokienez.

Hortaz, ikerketa teorikoaren kanpaina baten ondoren, sustatzaileak uste du ustiapen arrazionaleko eredu bat eskaini zuela, bideragarria industriaren ikuspuntutik, eta irizten du bestelako kokalekurik ez dagoela ustiapenerako, meatokia bakarra delako hango mineralaren kantitatearengatik eta kalitatearengatik Nafarroako Foru Komunitatean.

Alegazioei erantzuteko agirian, sustatzaileak beste 4 kokaleku aztertzen ditu ikertu gogo diren materialekin parekatu daitezkeen materialetarako (kuartzitak eta hareharriak) Natura 2000 Saretik kanpo. Lau kokaleku horiek baztertzen dira, funtsean aztertutako laginek silize gutxi eta aluminio asko daukatelako, eta, orobat, berezko irizpide teknikoak eta ingurumenekoak oinarri izanda. Hortaz, ez da bermatzen meategiko baliabide bat eskura daitekeela behar bezalako irisgarritasun, kalitate eta bideragarritasun baldintzekin. Hain zuzen, ezinbestekoa da eskatutako baimenaren xede diren zundaketak egitea alderdi horiek behar bezala aztertzeko hautatzen den alternatiban.

Sustatzaileak, alegazioei erantzuteko, dokumentazioa aurkeztu du, argiagoak izan daitezen ikerketa proiektua egiteko eremura sartzeko alternatibak. Lau aukera aztertu dira.

0. aukera: Blanca ikerketa ez egitea; 1. aukera: Aurizko sarbidea, Mendiaundiko iparraldeko hegala; 2. aukera: Aurizberrikoko sarbidea, Mendiaundiko mendebaldeko hegala; 3. aukera: Aurizberriko sarbidea, Mendiaundiko harrobi zaharra-prospekzio eremua.

1. aukeran, ikerketa lanak egiteko behar diren makinak oztopo handirik gabe sar daitezke Mendiaundiko ipar-ekialdeko hegaleraino, baina urrun gelditzen dira laginak ateraz zundaketak egitea proiektatzen den eremutik. Puntu horretaraino ez da beharrezkoa izanen lur mugimendu aipagarririk egitea.

Halaber, pagadi zerrenda sarri bat zeharkatu behar da. Horrek zenbait puntu korapilatsu dakartza zirkulaziorako, baina konpondu daitezke. Zenbait puntutan bidea desegiten da eta larre zabalak gurutzatu behar dira makineria erabiliz, horrek lehentasunezko habitati dakarkion kaltearekin.

Aukera horri heltzeak ekarriko du Mendiaundiko gailurra zeharkatu behar izatea, nekazaritzako erabilerarako alanbradaren ibilbideari jarraituz, hori baita trazadura posible bakarra ikerketa eremura ailegatzeko. Izan ere, gainerako norabideetan erreka-zulo handiak egonda, baztertzekoa da beste edozein trazadura. Prospekzio makinek malda pikoko eremuak gurutzatu behar dituzte, eta zenbait puntutan ailegatzea galarazten dute. Horrenbestez, Blanca proiektuan aurreikusitako helburu teknikoak lortzeko, ingurumenaren gaineko eragina handia izanen litzateke, bai ikuspegiari dagokionez bai habitatak suntsitzeari dagokionez, behar bezala lehengoratzeko aukerarik izan gabe.

2. aukerarekin, beharrezko makinak Mendiaundiko mendebaldeko hegaleraino igo daitezke, pistarik zabaldu gabe.

Ia bide osoa egoeran onean dago eta beharrezko zabalera dauka makinen joan-etorrietarako.

Zundaketa puntuetara ailegatzeko gainditu beharreko topografia askoz apalagoa da 1. aukeraren aldean, sestra-kurben trazadurari jarraitzen baitzaio. Hartara, lur mugimenduak eta ezpondak gutxiagotuko dira, baita lehentasunezko habitaten gaineko eraginak eta bistarako eragin txarrak ere. Ireki beharreko sarbideko plataformaren gainetik bertatik eginen dira zundaketak.

2. aukeran, abeltzaintzakoa da erabilera nagusia bidearen eta ikerketa zundaketen eraginpeko lur zerrendan, eta bigarrena, berriz, oihanekoa. Eragina laburra da, 2 hilabetekoa, eta eraginaren maila bateragarritzat jotzen da, lehengoratzeko neurriak aplikatzen ahal baitira. Irizten da 2. aukera egokiena dela ingurumenaren ikuspuntutik, eta bideragarria den bakarra, ikuspuntu tekniko eta ekonomikotik.

Hirugarren aukera bat aztertu da zundaketa eremuetara iristeko, bigarren aukeraren aldaera bat. Izan ere, 2. aukerako landabidea erabiltzen da harrobiko lehengo plazara ailegatu arte. Handik aurrera, Mendiaundiko hegala gailurreko eskuineko ertzetik joanez ikerketa eremura iristeko aukera aztertu zen.

Aukera horrek 1. aukeraren problema berak dakartza, ondoriozko maldei dagokienez.

Hura egiteko, lur asko mugitu beharko litzateke lehentasunezko habitatetan.

Halaber, makinekin oso pagadi sarri bat zeharkatu beharko litzateke, eta horrek ekarriko luke zuhaitz ugari moztu behar izatea. Aukera horrek bistarako ekarriko lukeen eragina guztietan handiena litzateke.

Arrazoi horiek direla-eta baztertzen da 3. aukera.

–7. alegazioa.

Nabarmentzen da toki berean baimena ukatu zaiola Emilio ikerketa proiektuari, oinarri hartuta proiektuak Aldude mendia ZBErekin duen erlazioa.

Erantzuna:

Bai. Emilio ikerketa proiektuari baimena ukatzeko ingurumeneko alderdiak mantentzen dira proiektu honi dagokionez.

Sustatzaileak eskatu du kontuan hartzeko bi proiektuek helburu desberdinak dituztela. Izan ere, adierazi du Emilio ikerketa proiektuak meategiko ustiapen bat planteatzen zuela, eraikuntzan erabiltzeko agregakinak fabrikatzeko. Eraikuntzako agregakinak oso estandarrak dira eta ez dute ezaugarri fisiko eta kimiko berezirik, bai, ordea, oraingoan ikertu gogo direnek.

Orobat, Sílice Navarrak adierazi du interes publikoko arrazoiak daudela proposatutako erauzketa-jardueraren ekimena aurrera eramateko.

Besteak beste zehaztu dutenaren arabera, mineral hori bakarra da Nafarroan, ez baitago bideragarria den beste kokalekurik, bai teknikaren bai ekonomiaren aldetik. Mineralaren ezaugarriek ez dute parekorik, eta industria erabilera berezietarako baliatuko da.

Egun, Nafarroako industriek material hori EAEtik, Burgostik, Segoviatik eta Frantziatik ekartzen dute. Hornidura alternatiboak lehiakortasun handiagoa ekarriko luke, baita karbonoaren arrastoa murriztea ere garraioan eta erregai fosilen kontsumoan (etab.). Meategiko eta industriako proiektu honi esker, Nafarroako Foru Komunitateak bere burua hornitzea lortuko luke, eta erakargarriagoa izanen litzateke produkzio prozesuetan mineral berezi horretaz baliatzen diren enpresa berriak kokatzeko.

Halaber, adierazi bezala, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenak, Europako meatzaritza ez-energetikoari buruzkoak (2009/C27/19) eta otsailaren 3ko Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratuak, nabarmentzen du garrantzizkoa dela ingurumeneko sinergiak sustatzea, esate baterako, tokian tokikoa produzituz garraio arazoak saihesteko. Hartara, meategiko ustiategiak kontsumo zentroetatik gertu egotearen printzipioaren alde egiten da, kutsadura eta garraioaren ondoriozko kostuak apaltzeko.

Martín Jesús Saragüeta Gonzálezek aurkeztutako alegazioak.

–1. alegazioa.

Lehenagotik ukatutako Emilio ikerketa proiektuaren birformulazioa da proiektua. Soilik aldatzen da Meategiei buruzko Legearen C atalari atxikitzen zaiola. Alegatzailearen irudikoz, C atal hori ez dago justifikaturik, erabilerako eta merkaturatzeko industria plana ez baitago behar bezala dokumentatuta.

Erantzuna:

Mikel Joseba Landabere Villanuevak eta Miren Nekane Nuño Iturrik aurkeztutako 7. alegazioan erantzuten zaio.

–2. alegazioa.

Antzeko materialaren meatokiari buruzko aipamenik ez da egiten; hortaz, eskatu da baimena ukatzeko.

Erantzuna:

Mikel Joseba Landabere Villanuevak eta Miren Nekane Nuño Iturrik (Herria hautagaitzako kideak) aurkeztutako alegazioaren erantzunean jaso da puntu honen erantzuna.

–3. alegazioa.

Alegatzailearen aburuz, baimena ukatu behar da enpresak eta Aurizberriko Kontzejuak sinatutako hitzarmenaren birformulazioa aurkeztu arte, oso informazio eskasa izanda sinatu baitzen hitzarmen hori. Zehazki, adierazi da dudak daudela enpresak aldez aurretik egindako materialen azterlanaren inguruan eta Kontzejuak ez zuela proiektua ezagutzen.

Erantzuna:

Hitzarmen horrek ez du eraginik orain tramitatzen den espedientearen gainean.

Gabriel Mari Ernaga Esnozezk, Bildu-Erroibar udal taldea ordezkatuz, eta M.ª Roncesvalles Martínez Sagardia, Por un desarrollo sostenible, Etorkizuna udal taldea ordezkatuz, aurkeztutako alegazioak.

–1. eta 2. alegazioak.

Baztango Udalak aurkeztutako alegazioak berak.

–3. alegazioa.

Azaldu da meategiko beste proiektu bat dagoela (MAGNA, Zilbeti) Aldude mendia ZBE berean kokatua, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain dagoena. Badaude maila goragoko beste auzialdi batzuk, zeinek ebatziko baitute, hala balegokie, proiektua bateragarria ote den Natura 2000 Sareari buruzko araudiarekin.

Erantzuna:

Tramitazio honen helburua ez da beste harrobi bat irekitzea. Ikerketa baimen baterako jarduketak tramitatzen dira soilik.

Seo Birdlifek eta Asociación Coordinadora Monte Alduidek aurkeztutako alegazioa.

Alegatzaileen iritziz, proiektua ez da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen ingurumen ukipenetarako baimenaren araubidearen mende jarri behar; horren beharrean, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onesteko urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako prozedura aplikatu behar da, eta, hori dela eta, lehenik, zehaztu behar da eraginaren ebaluazioaren mende jarri behar den, 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideen arabera.

Tramitazio horretarako arrazoiak honetan oinarritzen dira:

–Proiektua ez dago I. eranskinean eta ZBE batean eginen da.

–Zulaketa sakonak, II. eranskineko 3. taldekoak.

Azpimarratu da 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua ingurumena babesteko oinarrizko araudia dela, erkidegoaren araudia baino lerrun goragokoa (4/2005 Foru Legea).

Erantzuna:

Nafarroan aplikatu beharreko araudia Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua da.

2C eranskinean (Ingurumen ukipenen baimenaren mende dauden jarduerak eta proiektuak), P) epigrafeak honela dio: "Erregelamendu honen eranskinetan sartu ez den obra, lan edo aprobetxamendu proiektu oro, Nafarroako Gobernuak onetsitako Natura 2000 Sarean edo babes bereziko eremuetan dauden tokietan garatzen dena eta tokiak erabili eta kudeatzeko plan gidarietan ageri ez dena, edozein plan sektorialetatik etorri zein ez."

Bestalde, 3. eranskinean (Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe soilik dauden jarduera eta proiektuak, hautapen irizpideen aplikazioaren arabera, B) epigrafea, Erauzpen industria, 2) puntua), zulaketa sakonak ere jasotzen ditu, lurren egonkortasuna ikertzeko zulaketak izan ezik.

Proiektuak 3. eranskin horretan aipatutako moten zulaketa sakonik ekartzen ez duenez, soilik 2C eranskinean xedatua gelditzen da aplikagarri.

Alegatzaileen aipatzen duten Espainiako araudia da Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Hura Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina (urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) aldatzen duen martxoaren 24ko 6/2010 Legeak eguneratu zuen.

Arau horren arabera, I. eranskineko proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren tramitearen mende jarri behar dira. Ikerketa proiektua ez dago eranskin horretakoen artean; hau da, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren tramitea ez du behar.

II. eranskineko proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren mende jarriko dira baldin eta ingurumeneko organoak hala erabakitzen badu kasu bakoitzean. II. eranskin horretan (3. artikuluko 2. ataleko proiektuak, Erauzpen industria, a epigrafea, 3. taldea), zulaketa sakonak jasotzen dira, lurren egonkortasuna ikertzeko zulaketak izan ezik. Esan bezala, hura ez da hemengo kasua, planteatutako zulaketen sakonera urria dela eta.

Badago hirugarren aukera bat proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren mende jartzeko, I. eranskinean sartuta ez badaude ere. Natura 2000 Sareko eremuak zuzenean edo zeharka ukitzen ahal dituzten proiektuak dira. Kasu horretan, ikerketa proiektua II. eranskinekoa balitz bezala geratuko litzateke; hau da, ingurumeneko organoak dauka erabakitzea. Kasu honetan, bidea eta zundaketak biltzen dituen proiektuaren tamaina dela-eta, ez da bidezkotzat jo ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura egitea, eta, hortaz, ingurumen ukipenetarako baimenaren tramitazioa egiten da.

Aurizko Udalak aurkeztutako alegazioak.

–1. eta 3. alegazioak.

Meatzaritzaren Zerbitzuari eskatu zaio zehatz dezala Aurizberriko mugapean lortutako emaitzak Auritzera estrapolatu ote daitezkeen. Halaber, eskatu da zundaketak egoki daitezela horrenbesteko eragina ez duen meategiko ustiapen metodo batera Mendiaundiko gailurrean.

Enpresak eta Aurizberriko Udalak sinatutako hitzarmenari dagokionez, nabarmendu da Aurizko Udalak ez duela bere iritzia agertu informazio urriagatik. Eskatu da, baimena emanez gero, zundaketen diseinua aldatzeko, gailurrean ukipenik izan ez dadin.

Erantzuna:

Sustatzaileak zehazten du zulagailurako sarbideak egiteko premiak guztiz baldintzatzen dituela zundaketak, kasu jakin honetan. Hobetsi da zundaketak toki bertsuan biltzea, modu horretan ahal den lur mugimendu txikiena egiteko eta sortzen diren ingurumeneko eraginak gutxiagotzeko.

Hautatutako kokapenarekin, halaber, aztertu beharreko meatoki osoaren emaitza adierazgarriak eskuratzen ahal dira. Planteatutako alternatibarekin, zundaketak lauki bakar batean eginen dira, eta, meatokiaren osaera geologikoagatik eta toki jakin bateko zundaketaren emaitzak estrapolatzeagatik (kasu honetan, lauki bateko emaitzak), emaitzak gainerako tokietara estrapolatzen ahal dira. Tomografiaren profilak eskatutako lau laukien gainean eginen dira, gehiago edo gutxiago (ikus planoetako agiria). Proiekturako ezarritako faseak:

1. fasea. Tomografia elektrikoa.–Lurrazpikoaren profil litologikoa zehaztea ekarriko du, eta hasieran planteatutako zundaketen sakonera definituko du.

2. fasea. Zundaketak.–Tomografia elektrikoan lortutako emaitzen arabera zehaztuko da haien sakonera. Hainbat tokitan eta hainbat sakoneratan dauden mineralen laginak ateratzea ekarriko du, geroago laborategian aztertzeko.

3. fasea. Georradarra.–Horrekin batera, georradarraren kanpaina bat eginen da, mineralizazio eremuetako estaldurak hobeki ezagutzeko asmoz.

–2. alegazioa.

Galdetu da kontzesioa bertan behera geldituko ote den C ataleko erabileretarako baliatzen ez badira produktuak.

Erantzuna:

Espediente honetan ikerketa baimenaren ingurumen ukipenetarako baimena tramitatzen da soilik.

–4. alegazioa.

Ikerketa proiektuko 2. planoan, sestra-kurba batek Aurizko udal mugapeari dagokion aldean trazadura lodiagoa dauka, baina ez da azaltzen horren arrazoia planoko argigarrietan. Eskatu da aipatutako planoa eta haren informazioa deuseztatzeko, horren arrazoia argitu arte. Eskatu da plano horiek deuseztatzeko.

Erantzuna:

Alegazioak aipatzen duen marka hori, trazadura lodiagoa duena, sestra-kurba bati dagokio, besterik gabe. Akats tipografiko bat da marren lodieran, planoko trazadura egitean sortua Autocad sofwarearekin. Sílice Navarrak akatsa deitoratzen du, bai eta Blanca ikerketa proiektuaren irakurlearengan nahasmenduren bat sortu izana ere.

Aurizko herriko lurretan, aurkeztutako proiektuaren arabera, ez da lur mugimendurik eginen.

–5. alegazioa.

Azterlanetan ez dago behar bezala justifikaturik zein diren dokumentazioan jasotako interes publikoko arrazoiak, bereziki mineralaren edo meatokiaren kalitateari eta bereizgarritasunari dagokionez eta lanpostuak sortzeari dagokionez.

Erantzuna:

Zundaketak egiteko proiektu aurkeztuak segurtasunez jakin nahi du zein diren mea baliabidearen kalitatea eta eskuragarritasuna.

–6. alegazioa.

Aurkeztutako lehengoratze proiektuak ukitzen duen eremuak ikerketa baimenaren zundaketena gainditzen du, eta ustiapen proiektu batek ukitutako lurrari eragiten dio, nahiz eta haren tramitazioa ez den espediente honen xedea. Eskatu da atal hori eta haren eranskinak kentzeko.

Erantzuna:

Bai, tramitatzen den proiektuari ez dagokion ingurumeneko dokumentazioa sartu da espedientean. Hura aldez aurreko kontsulten tramite baterako prestatu zen, harrobirako proiektu posible baten ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduran.

–7. alegazioa.

Eskatu da kontuan hartzeko Camino Jaso León biologoak gizartearen eta ingurumen aldetik egindako iradokizunak.

3. eranskinean alegazio eta azterketa agiri bat sartu da, La Blanca silize ustiapenerako aldez aurreko kontsulten prozedurari lotua (ez ikerketa baimenaren espediente honi). Ondokoa alegatu da:

1. Proiektuaren ondorioak ez daude behar bezala baloraturik, arrazoi hauek direla eta:

  • Sustatzaileak behar bezala frogatu behar du proiektuaren inguruneko bideragarritasuna.
  • Meategiko jarduera gauzatu behar da lurrarekin onargarria den eragin maila batekin.
  • Europar mailako balio ekosistemikoak jartzen dira arriskuan.
  • Eremu horretan premiazkoa da lurraldeko erabilerak eta paisaia zaintzea.
  • 92/43CE Zuzentarauko habitaten gaineko eragina ez dago behar bezala baloraturik.
  • Zalantzak daude paisaiaren gaineko eraginari buruz, ez baitago aldez aurreko prospekziorik.
  • Bada aurrekari bat eremu berean prospekzioak ukatu zituena.

2. Zenbait alderdi garatzen dira, behar bezala baloratu ez direnak: ZBEren gaineko eraginak, zero aukera, eragin sinergikoak, habitatak, mikrohabitatak, herpetofaunak, okil gibelnabarra, amuarraina, arraina ez den ur fauna, larreen gaineko eraginak, paisaiaren eta kulturaren balioaren gaineko eraginak. ZBEren gaineko eraginaren atalean, habitaten eta espezieen gaineko eraginez gainera, zehazten da paisaiak garrantzia duela, jarduera ekonomikoari lotutako baliabidea baita, eta ukiturik gera daitezke eskualdeko turismo baliabideak eta ehiza gisako jarduerak.

Erantzuna:

Tramitazio honetan aurkeztutako proiektua ez dagokio alegazioak aipatzen duen erauzketa jarduerari, zundaketak egiteari baizik, helburua baita dagoen mea baliabidearen kalitatea eta eskuragarritasuna segurtasunez ezagutzea.

Aurizberriko Kontzejuak aurkeztutako alegazioak.

Erroibarko eta Aurizko udal mugapetako La Blanca ikerketa baimenari lotutako ingurumen ukipenen tramitazioari buruzko txostena, Prolesogal S.L. enpresak sinatua, aurkeztu da. Agiri horretan ondorioztatzen da eskatzaileari eskatu behar zaiola ondoko alderdi hauek biltzen dituen dokumentazio osagarria aurkezteko:

–Antzeko meatokiak identifikatzea, babestu beharreko eremuetatik kanpo daudenei lehentasuna emanez.

–Hautaketa justifikatzea irizpide ugariko balorazioan oinarrituta.

–Ikerketa geofisikoa zehazki definitzea.

–Ikerketa faseka diseinatzea.

–Lehengoratzeko abala ezartzea.

Erantzuna:

Alegazioei erantzuteko agirian, sustatzaileak beste 4 kokaleku aztertzen ditu ikertu gogo diren materialekin parekatu daitezkeen materialetarako (kuartzitak eta hareharriak) Natura 2000 Saretik kanpo. Lau kokaleku horiek baztertzen dira, funtsean aztertutako laginek silize gutxi eta aluminio asko daukatelako, eta, orobat, berezko irizpide teknikoak eta ingurumenekoak oinarri izanda. Hortaz, ez da bermatzen meategiko baliabide bat eskura daitekeela behar bezalako irisgarritasun, kalitate eta bideragarritasun baldintzekin. Hain zuzen, ezinbestekoa da eskatutako baimenaren xede diren zundaketak egitea alderdi horiek behar bezala aztertzeko hautatzen den alternatiban.

Baimenean ezarritako neurriek eta egindako ebaluazioak alegatutako zenbait alderdi begiesten dituzte.

Erroibarko Udalak aurkeztutako alegazioak.

Eskatu da interes berezia jartzeko lehengoratzeko planean, den-dena bete dadin eta segituan eta agudo gauzatu dadin.

Baztango Udalak aurkeztutako alegazioak.

–1. alegazioa.

Baimena Aldude mendia Zaintza Bereziko Eremuan kokatzen da, eta hori da, hain zuzen, Emilio ikerketa baimenarena, zeini uko egin baitzitzaion urtarrilaren 29ko 28/2007 Ebazpenaren bidez, Natura 2000 Sareko habitatei ekartzen zien kaltearengatik, ZBErekin erlazio ezagatik eta balizko kokaleku alternatiboengatik.

Erantzuna:

Mikel Joseba Landabere Villanuevak eta Miren Nekane Nuño Iturrik aurkeztutako 7. alegazioan erantzuten zaio.

–2. alegazioa.

Frantziako Gobernuarekin dagoen nazioarteko itun indardunaren bidez, Kintoko Mankomunitateak zenbait diru-sarrera eskuratzen ditu eremu horretako larreen erabilera lagatzearen truke. Itun horretan zehazten da debekatuta dagoela lur mugimendurik egitea, eta, horrenbestez, proiektua ezin da onetsi.

Erantzuna:

Ingurumeneko alderdiak ebaluatzeko prozedurak ez du erlaziorik alegazioan planteatutakoarekin, horrek ez baitu zerikusirik ingurumenarekin. Hura ebatzi beharko da hari dagokion auzialdi eskudunean.

Iragarkiaren kodea: F1311871